www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poema solteak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1925-1937, 1974

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

ORRILLA

 

Gaur deitu dabe aize usaintsuak leyo isietan

Jaunaren irri gozoa agertu yaku loretan.

 

Itxaropena dirudi goiko zeru zabalak,

Oteun ontziak legez dakuskuz larrosa aiztak.

 

Ortzitar intzez bustirik, lorez sagar-onduak

apaindu dira, eta leka soildun erramuak.

 

Etorri yakuz bular zuridun elai illunak

udabarrien alaba azkarrak, gazteen kutunak.

 

Orril-aratza bere loretan nigana dator

neure erritxuko eleiz zurian orok maitekor.

 

Oyukatuten eben kantuen usain gozoa.

Zelan abesti arek poztuten eusten gogoa!

 

Artzaiñen izar gorria ikusten dogun aldian

aingeru otsak zabaltzen dira ortxe be beian.

 

Zelan orduan baserritarrak lana amaiturik

Josun Amari agur esaten eutsien pozik!

 

Zelan biotzak Jaunan etxean billauten eban

barruko miñak ixuri nairik otoi batean.

 

Argiz dirdizka zegon Marijan oindi bikaiña

eta eleiza oro izaten zan larrosa usaiña.

 

Zaleki orok, eskuak apal bular ganean,

otoi samurra esaten eben oindi aurrean.

 

—«Agur Marija, gure bizitza eta zoruna;

Zu zara gure negar ta miñen gozotasuna.

 

«Begi eztitsu orreik biurtu eizuz gugana,

t'erbestetuok eroan gaizuz, Miren, zeugana.

 

«O biotz bigun! O errukior! Ama gozoa!

Josun aurrean edertu eizu gure gogoa»—.

 

Orduan Jaunan onespen deuna biotz ganian

baketsu jausten zan, intza legez lore zurian.

 

Itxaropenan lili urdintsu bat erneten zan,

griñan arantzak labakituta euken gogoan.

 

Ta ataira orok urten eben, dirdir izarra

legez barruan, Aman irudi donokitarra.

 

Orain, ostera, sarri dakusgu semetxu barik

Amaren oindi lorez yantzia, bakar-bakarrik!

 

Goazen berriz ba, Marijaren eleiz zurira,

gozotasunez gure biotzak beteko dira.

 

Lore artean bizitza iturri gozoa dago;

bertan dario ura, inon baño be legunago.

 

Aman aurrean ez da entzuten ludi abotsa,

Jaunaren itzak ordea poztu daro biotza.

 

Eleiz maiteak zeruan antza dauko distiraz,

«Agur Marija» diñoen oyuz argi ta loraz.

 

Lore bakotzan usaiñak otoitz bat daro ortzira,

begi guztitan malko samurrak agiri dira.

 

Loreillan zugatz orleitsu bat da ludi guztija;

ta zugatz orren lore ederrena da Andra Marija...

 

                        (J. B. D., 1927, 123'garren zenbakia, 154 or.)

 

aurrekoa hurrengoa