IZIARTXORI
Uso polita, euskal-mendiko
usotxo zuri-garbia...
Noletan, ai!, or mirotz-artean
jarri zenduan kabia?
Negarrez zaude...! Ez or arkitu
uste zendun zorionik?
Mirotzak ez du usoarentzat
maitasun-laztan gozorik.
Autsi lenbaitlen kezkaz t'oñazez
lotzen zaituzten kateak;
utzi betiko zorigaiztoan
artu zenitun bideak.
Atoz, mirotzak lotan daudela,
atoz, laixterka mendira,
oraindik ere beroa dagon
zure baserri-kabira.
Iturritxoan antxe dauzkatzu
zure zai beste usoak,
zuzen zerurontz egan-eiteko
zabal-zabalik egoak.
|