EUTSI ESIARI
Nere adiskide Etxegaraitar Bonifazio jaunari
Nere arrizko mendi-txabola barreneraño
eldu zan zure irrintzia:
pakezko irrintzi, dei maitetsua, euskaldun-biotz
on baten oiu bizia.
Ai!, nik al banu zure dei ori nere asnasez
bertso auetan indartu,
t'odol biurtu, t'euskaldun danon biotz-barruan
garra dariola sartu...!
Euskal-semeak...! Euskerik gabe nola liteke,
noletan Euskal-erria?
Zertako degu gure basoko zugaitz-gañean
txoririk ez dun kabia?
Ez al da izkuntza geren aitonak joan baño len
eman ziguten musua,
ta aiekin beti alkartu eta lotutzen gaitun
maitasun-laztan estua?
Geren aitonak ta gure Erria maite ditugu
nolaz, ba, maite ez euskera...?
Gerok, gure eskuz ustekabean gure illobia
ai!, egiten ari gera.
Euskera ill-eta, gure izatea ta izen garbia
eroiko dira illundira;
arrizko esi-gañeko lorak, arrek lur jota,
lorak be, lur jota dira.
Euskaldun danok, alkar artuta, eutsi daiogun
esiai eroi baño len...
Euskaltzaleak...! Jun atez-ate euskaldun danoi
beren biotzak eskatzen;
ta egin dezagun danon biotzez biotz aundi bat,
euskal-biotz bat lenbailen...
Ta alare esia eroitzen bada, bere azpian
danok pozez il gaitezen.
Altzo, 1928
|