ARALAR
Euskal-Esnaleak 1927gko, sariketan 1. sariz saritutakoa
Naparroako «Euskeraren adiskideak» deritzaion bazkunari
Bizitz-bideko autsez t'odolez josirik dator
olerkaria zugana:
artu, ba, pozez, biotz-negarrez, ai!, bustitako
bere muñ eta laztana.
Negarrez zaude... Biotz-muñean nabaitu dizut
oñazearen eztena,
ta ara, banator, zurekin negar egin naiean
Euskal-Erritik barrena.
Ai! Zaude ixilik... Badakit-eta zergatik negar
dagiten zure begiak;
gure mendien espak aditzen, umetandikan
badaki olerkariak.
Badakit nik noiz agur-dagitzun pozez urturik
zuri Ernio altsuak,
ta noiz negarrez biok zaudezten laño beltz-pean
lotsaz sartuta buruak.
Bai, zaude ixilik... Nik euskaldunei esango diet
zure naigabe zorrotza,
t'orduan noski euskaldun onak adituko du
zure deadar mingotza
Euskal semeak...! Entzun gaur arren, entzun ta aditu
arretaz nere bertsoak...!
Gure Aralar negarrez dago... ta aingeru Migel
lotsaz bildurik egoak...!
Zenbat oroipen alai eta illun piztu oi diran
emen, biotz-barrenean...!
Euskal-Erriko Edesti dana bizirik dago
oraindik zure gañean...
Oraindik ere dirdist-dagite belar-gañean
Goñiren malko gartsuak;
oraindik ere entzun oi dira guda-mutillen
irrintzi ta asnas-estuak...
Ta... nor ote da erritik-erri, basotik-baso
Aralar-mendi-burura,
bide osoan negar ta negar antxe datorren
atso agurgarri ura.
Alarguna lez beltzez jantzia, makil sendoa
bere esku dardaritsuan...
Doi-doiez dabil... bañe almen-garra, sutegian lez,
pizturik dauka barruan.
Bere aurretik, otso-antzeko Baso-jaun beltza
bide osoan alaka...
Bere alboan, elur antzeko ega luzedun
Maitagarriak egaka.
Erregiña da... Bañan ez dauka koroi ederrik
bere buruan gaxoak...
Bazeukan, baña... Kendu diote, ta iñork bestek ez,
ai!, bere seme gaiztoak...!
Oraindik ere bere semeok, beren erritik
bota nai dute gaxoa...
Ta aien igesi, bere jauregi danak utzita,
mendi-goieta dijoa.
Auzpez Migelen aurrean dago goruntz jasoaz
negarrez bere begiak...
Geroztik daude, Migel naigabez, negarrez berriz
Euskal-Erriko mendiak.
«Ama Euskera, ene kutuna, —dio Migelek—
txukatu zure negarra...
Zoaz errira, t'euskaldun onak adituko du
gaurko nere deadarra.
Zoaz errira... Jaunak biotzez maite zaitu-ta,
maite du-ta zure Erria:
berriro zoaz semeengana, ni izango naiz-ta
gaurtik zure Zaindaria».
* * *
Agur eta agur Naparroako anai maiteak:
zuentzat nere txaloak;
Aurrera... ekin, anaiak batzen ta Ama onari
txukatzen negar-malkoak.
Erririk-erri anai guziok batu t'eraman
Euskeraren magalera.
Ez utzi Ama maitasun billa aterik-ate,
eskale batean antzera.
Euskal semeak...! Guziok batu, t'eutsi Euskerai
gaxoa il baño lenago.
Jainkoak nai du...! Ta Aingeru Migel ezpatarekin
gure bazterrean dago.
|