 |
ARTZAI-NESKA
Argiaren 1927an sariketan saritutakoa
I
Eguzkia badoa
mendi-tartera:
mendi goiak gorritzen
ta illuna, beera.
Dilin-dala artaldea
ibartik gora...
atzetikan artzaiak
eta artzañora...
Or datoz artzai-nausi
ta morroitxoa;
nagusia galdezka
mutillai doa:
«T'ez al dek beserri bat
bertan ikusi...?»
—«Ura bai baserria,
ziñez, nagusi.
Ibaiaren alboan
antxe be-beeran,
ura edaten dagon
ardian eran.
Ango baratz, sagardi,
baso ta lurrak...!
Ango bei eta idiak
t'eize-zakurrak...!
—«T'ez ote dek ikusi
antxe larrean
artzai-neska eder bat
ardi-tartean?
Auxe zeru artako
izar argia,
auxe neretzako dan
ezti-ontzia.
Laister nere erregiña
izango dana,
nere biotz barrengo
kutun laztana...»
Itzok entzunda ixilik
morroi zintzoa;
mara-mara dario
negar-malkoa.
Gero zotinka dio:
«Ene nausia...
itzali da ango zure
izar argia.
Neonek atzo bertan
ikusi nuan...
Artzai beltzez jantziak
bere inguruan.
Bera... zuriz jantzita
an, atarian...
Antxe illotzik, zerraldo
zuri-zurian...!
Aingeru-arpegia
eta irri-parrez...
Artzaiak inguruan
berriz, negarrez...»
II
Baserrira ariñ-ariñ
doa nausia...
Nork itxi biotzean
daukan zauria?
Dilin-dala artaldea
ibartik gora...
atzetik illun morroi
eta artzañora...
Eguzkia sartu da
mendi-tartean;
Odei eta mendiak
odol-antzean...
|
 |