AITONAK BERE ILLOBATXUARI
Menditik bera errira zoaz...
Gaxoa!
Egan egin nai utzirik kabi
beroa!
Egan egin nai t'oraindik motzak
egoak...
Zelako poza txorien etsai
gaiztoak!
Atoz, Garbiñe, atoz, niganontz,
laztana;
exeri emen t'entzun aitonan
esana.
Errira zoaz... maitasun billa
agian?
Etzera danen erregiña, ba,
mendian?
Udaberriko lore mardula
nun dago
jaiotiko lur gozoan baño
pozago?
Gaztea zera, ez dezu ikusi
ludia
sapelatz beltzez, suge ta piztiz
josia.
Egan bazoaz, sapelatza antxe
gañean,
t'oñez bazoaz, sugeak bide-
ertzean.
Ziñez gogorra dala badakit,
maitea,
barrengo amets jaioberriok
iltzea.
Bañan zuk azten baituzu zure
bularrez,
laister mendira, nigana zera
negarrez.
Iñoiz ez dezu, Garbiñe, ikusi
kaiean
itsas-ontzia sartzen ekaitza-
ostean?
Alaxe dator biotza ekaitz-
ondoan,
miñez josirik, pozarik gabe
gogoan.
Zer da atsegiña? Ordu bateko
eguna.
Ta zoritxarra? Negu-gau luze
t'illuna
Ta edertasuna, zer da, Garbiñe
maitea?
Egun bi diraun udaberriko
lorea.
Orra egia, naiz izan egi
minkorra:
autsa ta kea, gero eriotz
gogorra...
Ori, Garbiñe, ori da gure
bizia...
Zeorrek laister esango dezu:
Egia!
Orain ez, gero zure ametsok
barruan,
zoritxar aize beltzak itzali
orduan.
Amets-tartetik dakusulako
guzia,
orain zuretzat dana zorion ta
argia.
* * *
Zoaz, ba, zoaz, sartu zaiz erri
aundian:
zorion izan, zurea ez dan
kabian.
Zoaz bai, sartu pozez itxaso
nastuan...
Bañan kaierontz ekin, ai!, ekaitz
orduan...
|