 |
OHORE LABORANTZARI
Munduan oi! zein eder den
Ohorezko bizia,
Guziz laborariaren
Lanak irabazia!
Hark du orai, nola lehen
Hazten mundu guzia.
Laborantza gauza handi
Eta botheretsua!
Hartan da lanean ari
Jainkoaren eskua,
Gizonaren eskuari
Berma dadin lotua.
Ez balitz laboraririk
Hits lagozke bazterrak;
Ez liro gauza handirik
Eman alhor alferrak.
Hiritarra, hik segurik
Zer jan hezaken, errak.
Bizitzeko behar diren
Gauza lehen lehenak,
Bihi, fruitu, zer-nahi den,
Oilo, abre gizenak,
Jendeak laborarien
Eskutik ditu denak.
Orhoit gaiten arno hori,
Aihenaren odola,
Edaterat nork orori
Ematen duen hola.
Jakin gabe ez da sori
Edatea nihola.
Laborari etxetan den
Hauk haur eder lerroa!
Zangar lodi, gorphutz lerden,
Larru garbi sanoa;
Aita ama leialen
Ondorio gozoa.
Laboraria lanean
Egunaz da nekhatzen;
Bainan gero arratsean
Familiaz gozatzen.
Gabaz aise da ohean
Goizeraino lokhartzen.
Igandez, Eskualherrian,
Eder laboraria!
Elizan, kantaz lorian;
Plazan, pilotaria;
Xahartu 'ta, jar-harrian
Juje 'do xaxaria.
Laborantzari ihesi
Hanbat seme alaba,
Ai! ondikotz, baitoazi
Toki arrotzetara;
Alhorrak larre 'ta sasi
Hara han daiten bara.
|
 |