MUNDUAREN HASTEA ETA GURE LEHEN BURHASOAK
Zerurik ez lurrik, argirik, egunik,
Ez zen nihun deusik oraino eginik;
Jainkoa bakharrik zen bera lehenik,
Bere baithan bethidanik.
Bere botherea noizbeit du alhatzen;
Ez denari dio badadin manatzen,
zeru lurrak dire orduan agertzen,
Bizia ere da sortzen.
Sei egunez hola Jainkoa zen ari
Izate ematen gauza bakhotxari;
Azkenekotz baita gizonaren aldi,
Berex du hau egin nahi.
Lur garbi puxka bat eskura du hartzen,
Bere itxurarat maiteki orhatzen;
Bere hatsa dio gainera botatzen;
Gizona zaio xutitzen.
Zein eder ahal zen orduan gizona!
Justu eta saindu, oi zein bihotz ona!
Nork erran dezake haren zoriona,
Jainkoak egin ziona?
Gizon idurirat Jauna aphaldurik
Mintzatzen zitzaion, ondorat heldurik.
Ez dela on, zion, gizona, delarik,
Izan dadien bakharrik.
Jainkoak Adami lotarik emeki
Sahetsetik zion hexur bat ebaki.
Eba zen hartarik lehen emazteki
Adamen laguntzat jeiki.
Adam eta Ebak egoitza lehena
Baratze bat zuten, daiten ederrena.
Dena zen heiena hango gozamena,
Salbu fruitu batena.
Sugeak Ebari esondatzen dako
Debeku fruitutik har dezan jateko:
«Jaten baduzue, bizirik bethiko,
Izanen zarete Jainko».
Ebak Adamekin fruitua jaten du:
Beren zoriona hortan zuten galdu.
Geroztik munduan zer kalte ez dugu,
Herio, gaitz eta gudu!
Lehen burhasoek egin bekhatua
Gure odolean dagoku sartua.
Nahiz bathaioan zaikun barkhatua,
Zein den ondoriotsua!
Zu bakharra zare, Birjina Maria,
Notharik deus gabe jajotu garbia.
Sugearen buru ikharagarria
Zuk jorik da eroria.
|