GURUZBIDEA
Guruzbidea, bai, guruzbidea!
Euskal guruzbidearen luzea!
Guruzbidean ninjoanean bizinaian,
Bela beltzak kua-kua beti bitartean.
(«Alostorrea, bai...»ri iruzkiña)
Sarrera
«... ut sequamur vestigia ejus»
Bidelagun oñaze:
ekatzan eskua,
naraman Jesugana
gurutzez lortua.
Erakus jarrai zadan
Gurutziltzatua,
ta Arekin bat merezi
Piztea, Zerua!
Lenengo egonaldia
JESUS ILTZEKO EPAITZEN DUTE
O mors, ubi est victoria tua?
Atzo ta gaurko ardail gaiztoa
alperrik dago aierrez
zure eriotza eske ta eske...
Jainko zera! Zu iltzerik ez!...
Gu ere ez ilko, Zuri jarraituz,
Zugan jainkotzen geranez.
O gure Jesus!, lagun iguzu
Zuganako guruzbidez.
Zureganako guruzbideak
Berbizte dakar ondorez.
Erriak:
Agur, dolorezko Ama larritua,
gure errukarriak errukiz urtua;
Ar zazu semetzat Erri nekaldua!
Bigarren egonaldia
JESU GURUTZEZ...
O crux, ave, spes unica!...
Erri ilezkorrak nun egin diran
irakurtzen dan liburu,
oñaze zaleen biotz ederra
zure aztunak neurtzen du.
Jesu-k laztanduz biurtu ziñun
gizonaren Erosgallu.
Agur, Gurutze santua, atozkit
besarka zaitzadan estu!
Zuregan soilki gizadi itxuak
itxaropena agiri du.
Erriak:
Kalbario gallen, bel-beltzik zutia,
Gurutzea; bertan Jesus ilzoria;
ta barrenean Zu, oazez josia...
Irugarren egonaldia
JESUS LENENGO ALDIZ ERORTZEN DA
Si tamen compatimur, ut et glorificemur. (2 Tim. 3,12)
Bein berriz jauzi, bein berriz jeiki
pekatuen zamapean,
urratsik urrats or garraizkizu
Nekaldia arin naiean.
Zorionzale zeraten danok
—zenion Zuk bein batean—
eldu Nigana, Nigan arkiko
dezute gura ainbatean.
Zorionena: neketan jarrai
Zurekin piztu gaitean!
Erriak:
O Kalbarioko Ama gurgarria!
Ona atsekabetan gizadi zauria
Ama bat bear ta Zugana jarria...
Laugarren egonaldia
JESUK NEKALDI BIDEAN AMA JARRUGITEN DU
Eja Mater, fons amoris,
me sentire vim doloris
fac, ut tecum lugeam...
Gure Edestiak, mendeak zear,
bere Ama topatu du.
Zeuk, Birjin orrek autu zenigun
gure Kalbario leku.
Euskal gizaldi etengabeak,
Iñigo degula buru,
burni lazgarriz, gurutzez, nekez...
igo ta igo gatozkizu.
Euskal nekaldi onen Amatzat
zaude, bai, or Arantzan zu!
Erriak:
O Arantzazuko Ama Andre Maria!
Gure Golgotako Ama berezia!;
Ona emen zure seme Euskalerria!
Bosgarren egonaldia
ZIRENEKOA JESURI GURUTZ ERAMATEN LAGUNTZEN
...tollat crucem suam et sequatur me.
Oñaze degu gizakumeok
Adan ta Eben ondare;
Aren menpeko gera ordutik
aur ta gizon, zar ta gazte...
Jainkoarekin aixkidetzerik
ez odol ixurtza gabe;
ta ala, Semeak zun oro ixuriz
Gurutzetik gure alde,
«Sitio» —zion, denok gindezen
bere miñen zorikide...
Erriak:
Gurutza lorrean, odola jarioz,
gizaldiz gizaldi zure lagun gatoz,
zure Nekaldia osatzeko gogoz.
Seigarren egonaldia
BERONIKAK JESURI ARPEGIA ZAPIZ GARBITZEN DIO
Beati qui lugent.
O Euskalerri, gure Euskalerri,
ezbearretan zaildua;
orra bein berriz zure izen ona
arerioek loitua...
Poztu, alare, Jesurenakin
opalduz zure iltamua!
Izango dezu Beronikan bat
arpegi nork garbitua...
Negar egiten dakitenentzat
dago Zerua agindua.
Erriak:
Negar erbestea amaitu ondoren
Zure magalean Jesukin atseden!:
beste pozik, Ama!, ez degu eskatzen...
Zazpigarren egonaldia
JESUS BIGARRENGOZ ERORTZEN DA
Adimpleo ea quae desunt passionum Xti.
(Col. I,24).
Berriz ta berriz erori ala
Ama on orrek gu jaso,
Gurutzetik bein Seme illa altzoan
artu bezin maitekiro...
Jesus aretxek eriotz bidez
atzetikan utzitako
zauri puxketak gaituzu,
Ama!aren gorpuzki ta ataltxo...
Zure errukiak gure gauzeza
jaso beza Mugaraño!
Erriak:
Jesusen ta gure Ama bioz bera:
Kristoren apurok atoz jasotzera,
iguzu besoa biziko bagera...
Zortzigarren egonaldia
JESUK JERUSALENGO ALABEI BEGIRATZEN, ITZEGITEN, DIE...
Nolite fere super me, sed super vos ipsas
flete et super filios vestros...
—Ez neri negar, Jerusalengo
emakume urrikaldunak;
Begira zeuon buru ta seme...
zuek, bai, errukizunak!
Irutan eman zidan negarrak;
bein, zuen etorkizunak:
bai, Jerusalen errudunaren
erraustu bear itunak...
Soil-soilki iraungo, Gurutz ondoan
zutik Nerekin dagonak!
Erriak:
Bai aundi Zurekin zut jasan bearra!
Oñazeak badu itxaro ortzadarra.
Jesuk donetsi zun kristauen negarra.
Bederatzigarren egonaldia
IRUGARRENGOZ JESUK LURRA JOTZEN DU
Sanguis martyrum, semen christianorum.
Oraindik ere entzuten gaude
Delenda est... —deadarra
Txerren indarrei eske ta eske
euskaldunen iñularra...
Erroma azpitik lurpea utzita
len martirien Biltzarra
mundu guzira zabaldu zenun,
ezilkor, gazte, azkarra...;
Inka ontatik jeiki gaitezen,
Kristo orrek, iguzu indarra.
Erriak:
Etzan ala berriz Jesukin jeikirik,
gurutz barrenean, Zu bezela, zutik
gaduzkazu, Ama!, aunaldi gaberik...
Amargarren egonaldia
JESU BILLOTZIK
Nega te ipsum
«Orra Gizona!», listukatua
jainko begien dirdaia,
aragi litsez zauri gorritan,
giza itxurik ez ia-ia...
Ona Erria! Lurbira-aurrean
ain gabe, lander, deslaia...
Gu ain gabe ta zotz eginda arro
gure soñekoz etsaia...
Onen bilotzik nai al gaituzu?
Egin bedi zure naia!
Erriak:
Zure graziz jantzi gure lur ta mendi,
Aberri osoa, baserri ta sendi;
Zu baño ontasunik gurean ez bedi!
Amaikagarren egonaldia
JESU GURUTZEAN JOSIA
Xto confixus sum cruci...
Gure asmoa ez da besterik:
Ez gu, Zu gu baitan bizi,
iltze oietxez, zeure gogaiez
gu ere esku ta oin josi...
Barkaziozko zure itz azkenak
baño auak ez oguzi,
ta ala ixi-ixilik saiets zauritik
betiko muña edoski...
Zer oberikan? Zuretzat, Jauna,
degun eta geran guzi!
Erriak:
Soma ditzagula minki gere baitan
zure oazeak gorputz eta ariman!,
Zurekin erosle gu ere gaitezan!
Amabigarren egonaldia
JESU GURUTZEAN ILTZEN
Operatus est salutem in medio terrae.
Cum exaltatus fuero, omnia ad me traham...
Bizi naieko Erri indargeak,
guziak ona etorri.
Orra Zeru ta lurrak alkartuz
ondasun danen iturri!
Gure eusgarritzat or Osasuna
lurbiraren erdiz-erdi.
Tinki eutsirik gizaldi danen
zugaitz abe santu orri,
Saiets ontatik soilki aseko
zuen ezilkor egarri!...
Erriak:
Jainko Gurutzean gugatik josia,
gurtzen zaitugu or, Jesus ilzoria!
Zuk gaizkatzen dezu lurbira guzia!
Amairugarren egonaldia
JESU AMAREN BESOTAN GORPUTZ...
Fili, ecce Mater tua.
Mulier, ecce filius tuus...
Eskari bera gere-gerekin
daramazu ta daramat:
—Idazu, Jauna!, lagun bat. Are
idazu arren Ama bat!
—Euskadi orrek, orra or Ama;
Andre: artzazu semetzat...
Ordutik dago Arantz artean,
euskotarren leungarritzat,
zauri izerdiak kentzen ta kentzen
gaxook ez mereziren bat.
Erriak:
Agur, dolorezko Ama Larritua,
gure errukarriak errukiz urtua:
Ona zure seme Erri nekaldua!
Amalaugarren egonaldia
JESU ILLOBIAN
Vita mea abscondita est cum Xto.
Aundinai oro besterentzako;
etxe epela guk atsegin!
Atzerritarrak gure zorion
berri ez bezate jakin.
Baserritxo bat, txuri. Oztiña
an goien, pake usoekin.
Naikoa degu onekintxe ta
naikoa... Ama-Semeokin!
Zuei txertatuz Berbizte urena
nai kuk obion erehin!
Erriak:
Ona zure seme Erri nekaldua!,
Kristokin ilduraz gurutziltzatua,
Kristokin pizteko ustez lurpetua...!
BERBIZTEA
Qui mortem nostram moriendo destruxit,
et vitam resurgendo reparavit.
Surrexit: Piztu zaigu
Jesus bat-batean!
Praecedet vos...: orra non
doakun aurrean
Erriaren gidari,
Pizkunde bidean...!
—Jeiki ta abil, Euskadi,
Jesukin batean,
gurutz bidaroz letxe
Gurenda igandean!
(...Kua-kua bitartean
Bela beltzak oraindik
erloju zarrean...)
Arantzazu, VIII-30 1943
AZKENA
Apaiz egingo naizen urte ontan,
Arantzazuko Andre Mariaren urte ontan,
Euskalerriaren itxaro urte ontan,
Abertzale guztioi,
euskaldun guztioi,
euskotar guztioi,
PAKE TA ON!! PAKE TA ON!!,
Kristogan gorpuzkide urre-urreko
zaituztedanez,
Iñurritzak
1943
|