
Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977
[liburua osorik RTF formatuan]
[Literaturaren Zubitegia]
Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.
|
 |
 |
MENDIAN ARTZAITXOA
I
Mendian gelditu zan
artzaitxoa bakar,
bere maiterezaz
negar eta negar...
Mendia eta artzaintza
asko maite zitun,
baiña maitea gabe
zitzaizkan alargun.
Ta zurbil ibil oi zan,
arditxoak lagun,
gailurrei galdezka
noiraño ote zan jun.
Gau ezkila ari garaiz
iñular barean,
otoitzka oartu non
bere txabolean:
—«Ezin naiz bizi, Miren,
nere bakarrean,
arekin nai mendian,
arekin batean».
II
Bai eldu're beingoan
mendira maitea!
Bai artzaiari ere
zorion betea!
Alboka eta guzi
gaurko goizaldean,
ardi zai ikusi det
arekin batean;
etzanik zeuden biak
zugaitz itzalpean
aopekotan, nonbait
elkarren naiean...
(Jesu dizut maitea;
nerau, berriz, artzai.
Noiz Berakin batuko
aurtandik negon zai;
ta gaur «Profesa» egunez
izan degun eztai...
Jesukin bat, ordutik
pozik nabil Artzai!).
III
Mendian gelditu zan
artzaitxoa bakar,
nere maitearenaz
negar eta negar...
Bai eldu're, ordea,
mendira maitea!
Bai artzai oni ere
Zorion betea!
Zarautz. 1936 Irailak 14
|
 |
|