 |
LARRESIA TA URRETXINDORRA
(Gertirudia)
Mendi-mendian gordea,
o Larresi gurgarria!
Zu kanta nai zaitut eta
zugan kabidun bizi zan
urretxindor kantaria.
Giza urratsek etzizuten
bein zapaldu bakartea;
giza ezpañek etzuten
artean mintza sekula
zure izen orbangabea.
Gerora arte etzuten jakin
zugan gurutze bat zana:
larra ostoz estalia,
kabiaren jarlekutzat
txindorrak aukera zuna.
Zein zoriontsu txindorra,
Larresiko jaun ta jabe,
zure baitako txokoan,
eiztarietatik urrun,
iñori jauntzik zor gabe!...
Ikuspegi mugaz arat
bazun lur gizenagorik;
Zenbatez naiago, ordea,
pake ederrean poz ale
bakanak jaso zugandik!...
Gogarago, bai arean,
Larresiko jaun ta jabe,
kantari eman egunak
jaiotako txoko orleian,
iñoiz iñora alde gabe...!
* * *
Larresi zoragarria,
mundura oro ertsia.
Ura kanta nai det eta
kabidun bertan bizi zan
urretxindor kantaria.
Gabon gabez bai gozoa
etxebarneko apari!;
Sendiko pozaren berri
zer ajola bear die
ateko otso ta auzoeri?
Ezjakiñaren lañotan
mendi-median gordea,
bazirudin Larresiak
Zeru berberak bizi zun
Baseliz pakez betea.
Etzan iñor egokitzen
ara artzai bat iñoiz ezik.
Artzai on buru-zuria
lekuko ondo zintzat zeukan
txindorrak aspaldidanik.
Artzai zarra artaldeakin
aratzen zan bakoitzean,
Txapela eskuan eta
Aitagure bat aboan,
tinka oi zan otoitzean.
Artzai zarrak zekiena:
Larresi artan bazala,
bazala an nonbait gordea
gaztetan ezagundako
zurezko gurutz apala.
Urteen eskergabeak
larraz ito omen zun gero
fede ikur zarra. Ta beraz
beste, ez omen zan, ez omen,
oroi zunik arrezkero...
Ez ba jakin artzai onak,
Larresia zula aberri,
gurutze artan bertantxe
kabia zintzilik zeukan
urretxindorraren berri!
* * *
Gure kantariak, berriz,
goizero ta pozikago
egun berriak agurtzen,
Gurutzadun Larresia
gero ta baizun maitego.
Uda aña negu gogorra,
guzia maite, guzia
goraipatzen kabidunak,
Larresiko gurutza aña
gurutzadun Larresia.
Entzutekoa arratsetan
maizter aren eztarria,
Larresi loak artutik
ilargitara aidatzean
zerurañoko adia!
Ilargi gau zaindaria,
txindorraz liluraturik,
bai ote zegon lurbiran
aren bakar zale ederrik,
aren kantari garairik?...
Zein ilzarrek aletu zun
zorion artaburua
Larresi bazterretsiko
guruzpe zoragarrian?
Abaso bedeinkatua!
Bedeinkatua! —zabesan
urrezko txirula joaz,
lena ta etorkizuna
ordunarekin alkartuz
an bizi-iltzeko asmoaz.
—«Ederra baita bizia
—zion— Larresia maitez!»
A gurutzadun Larresi!
Bertan jaio, bertan bizi,
ene umetxuak!, ez alde, ez...
Ozkorri odoleztuan
kordege eguzki ilzoria
aitzen eta aitzen zijoan...
Ta atertzeke an ari zan
txintaka gure txoria.
(Ai pake lauso gabea,
ordurarteko pakea!
Eldu zaik, ondikotz! orra
or miztoz makur-makurka
ondamenaren sugea!)
Mutil bat, atzetik, arriz
noiz jaurti bear gezia,
txaparro artetik erne
—«Dabesala abes bailion
bere illeta eresia!»
T'eguzki ilzoriari so,
iñoiz ez bezin ameskor,
azkenagur zoliena
eralki zion luzerik,
eriosuar ta atsalkor...
Eguzkiaren goria
goriagotuz biotzan,
joranez paparra arrotuz
—«Zure ozkorria iltzean
oi al baneza!» ziotsan.
* * *
Jaurti arria, beñola,
an doa, eriogarri,
zorrotzik, Larresiaren
biotzenera, txoria
eratxitzeko egarri.
Txindor ta gurutz biak bat
lurrera bertan, autsiak...
Erbeste urrunera igesi
doazan uxatu umeeri
ura agurra ama ilzoriak!:
—«...atzerrian Larresiko
gentza non?... Enetxok!, biur,
biur lenbailen berriro
abasoen gurutzera,
kabiketarako... Agur!...
Agur Larresi ta umeeri,
ta il zan, il erretxiola...
... Larresi alargunduak
miñaren miñez txuka zun
ilak zerion odola!...
...kabia urratu, umegabe...;
ilbero, odolez, txoria...;
ta, gel!, gurutze bat, ondo!,
zurezko mendigurutza,
besamotzik, eroria...!
—«Atzeman aut; ez, ordea,
gurutza ausi gabe lenik!
(damuz amari mutillak:)
Larresia maitez anbat
Gurutza maite huen ik! »...
* * *
Artzai zarra artaldeakin
aratu zan udazkenez:
Zer zan baña —aren tamala!—
Larresiko urretxindorrak
ez kantatzeko oi zuanez?
Txindor ordez, orra bertan
jauntxo berria; arlotea!
Ez txintarik, ez kabirik,
zerk Larresi jabetu du
txolarre lotsagabea?
Gogora zun gaueroko
txindorraren eresia:
ilargi izpien edari,
goraltzen eta goraltzen
gurutzadun Larresia...
Gogora, bakartegian,
ostoz ormatu elizan
asaba ilzarrak gurtutzen
jaupaleme ikusezia
zein zoriontsu bizi zan...
—Zer zaude, artzai, begira
or txindor bat gorabera.
—Atozkidate, mutikook,
gurutz autsi au konpondu
ta zutitzen laguntzera...
Taldea, baña, ajolage
parre ta algaraz urrundu...
Aitonak bakar-bakarrik
gurutz ezpalak banaka
jaso bear eta alkartu...
—Jauna! —zion malkoz, oi zun
Aitagure esan ondoren—
txindorkume aldatuak
datozkeneko bego, otoi,
abaso gurutz au zuzen...!
Iruñan, loraila, 1938.
|
 |