48. Ur-ketan
Gure nagusiak lanik astun eta gogorrenak guri ematen zizkiguten, berak nekerik txikiena ere artu gabe. Guk ekarri bear genituen menditik egurrak eta oeak berotzeko abarrak eta errekatik ura.
Lapur-tegi artara bezain laster, komentu batean bezelaxe nagusi gogor errukigabe baten mendean bizi bear nuela etsi nuen eta aren esanak itsurik, bereala ta alaiki egiteko asmoa artu nuen (Jainko-legearen kontrako zerbait agintzen ezpazidan, ori jakiña!). Zein zintzo ta osoki bete nuen nere asmo ori, aitor dezakete Singtsao tenienteak eta nerekin ibili ziran beste zenbaitzuk. Nere nagusien naikariak asmatu nai nituen bereala egiteko. Erlijioso gutxi izan dira noski ni komunisten artean nintzan bezain esangile zintzo.
Alde ortatik beintzat sandu bat nirudien. Singtsao tenienteak berak, nere aldaketa ortaz arriturik, auxe esan zidan: «orain etzera lengoa bera; len ain asarre-samur, arroputz ta mutiria ziñan; orain berriz onen gozo, apal ta esangilea.Orain eztuzu akatsik bat ere, ez andi ta ez txikirik».
Singtsao orrek misiolari asko ezagutzen ditu ta aiekin ibili izan da noski eta aien irakatsiak ulertzen ditu gutxi edo asko. Orretxek aditzen ninduen ongiena. Urketara bidaltzen ninduten ta joaten nintzan bereala; eieran (errotan) lan egiteko agintzen zidaten eta eieran lan egiten nuen.
|