 |
18. Kaputxino parragarria
Ibili ta ibili baginjoazen aurrera eta gure buruai ta gure gauzai egiten zitzaien bidegabeaz itzegiten ari giñan naigabeturik. Beingoan, ikusteko parragarri bat jartzen zaigu begien aurrean; nere irakurleai ere parra eragingo die noski. Lapur aitetako bat, luze ta lodia bera, kaputxino egiñik ageri zan. Nolatan bada? Lapur arek Sanxelipu-n Bartolome Aitak zuen fraile-jantzi bakarra ostu izan zion eta lotsarik gabe jantzi. Baiña Frantziskarren oiturarik ez jakin gizonak eta atzekoz aurrera jantzi zuen gure soiñekoa txotiñoa aurre aldera eta bularrekoa berriz bizkar aldera. Asarratu nintzaion alako itsukeriaz eta batez ere gure soiñekoa jantzi etzuelako gure Aita Frantzisko Sanduak agintzen duen bezela.
Amabien bat kilometro ibili ondoan, goizeko bostak aldera Sintxiwatze izeneko erritxo batera iritxi giñan. An beste mendi-zulo, lengoa bezain otz eta zakar batean sartu ginduzten. Gure zaintzaleak erne begira zegozkigun beti eta gaiñera, gizon armatuak baziran zuloaren sarreran. Lagun asko etorri zitzaizkigun ara ikusmiran batzuek lapurrak ziran, beste batzuek, erriko jendeak. Auek arritu ziran gu ain gaizki erabiltzen ginduztela ikustean; misiolariai, txinatarrai ez bezela, nonnai begirune andia erakusten zaie ta.
|
 |