17. Beste mendi-zulo batera
Bartolome Aitak onela idatzi zuen: «Goizeko ordu bietan atera giñan mendizulotik atxilo guziok lapurren erdian beste leku seguruago batera joateko noski. Ura ibilketa neketsu eta iluna! Iltzera generamaztela begitandu zitzaigun. Ixiltasun itzala! Nagusien aginduz etzuen iñork itzik egiten. Guk bakarrik egiten genuen itzen bat edo beste gure aurrean gertatzen ziranak gora-beratuz. Mamuak zaldi gaiñetan eta sorgin-prozesio bat ikusten genuela zeritzaigun. Mando ta astoen gaiñean emakume asko ere bazijoazela iduritu zitzaigun eta elkarri esan genion: «Auek ederki zuzendu dituzte beren gauzak, beren familia ere berekin dakarte ta». Alako zoritxarreko zama bizkarrean zeramaten amando aien artean gure iru mando ere ezagutu genituen. Uraxe mingarria: guk alako arduraz ta maitasunez zaindutako abere aiek ortara bear!
Nere mandotxo kilikabera ta bixia ez genuen ikusten ala ere. «Iges egin ote du?» esan genion elkarri. Baiña ez, an zegoen, beste nausi batek zeraman, etzan ordea ausartzen gaiñera igotzen; ain asarre zegoen mando gaxoa berak nai gabe nausi berria eman ziotelako.
|