|
3.en BURUA Mandresan eraman zuen bizimodua
Damupena ta humilkizunetara oso-oso emateko zeraman asmo sendoa betetzen Manresan bereala kemen andiarekin abiatu zan.
Ala-bada, debekatu zion bere buruari bizitzeko ere bearrenetakoa zuena, lo gitxi egiten zuela, eta oia lurrean, arri edo zur puskaren bat burkotzat zeukala. Denbora asko gabaz igarotzen zuen, zala otoitz txit arretazkoan, zala gogor bere gorputza azotatzen eta zeatzen.
Goizean-goiz bereala meza enzun, eta beste eliza kantu ta erregualdietan jaiera ta poztasun guztizkoarekin ego oi zan. Igandeaz kanpora, aste osoan ogi-uraz barau egiten zuen, ogia bera ere eskean bilduta, beltz eta gogorrena beretzat arturik, onena beste pobre edo beartsuai emanik. Eta bere jantzi edo sakupean zeramazkien gañera zilizioa ta burnizko katea gerrian lotuta, burua berriz orraztu bage eta illea naaspillaturik, eta luze-luze azkazalak.
Gogorrak ziraden alegia gauza oiek guztiyak, eta labur izatearren aitatzen ere ez diran beste asko; baña kemen andiagoarekin oraindik ere eraso zion bere burua ukatzeari, eta griña gaixtoak ilduratzeari; bada gure izate ergel oni aldatzena ta gogorrena egiten zaion hura guzia gogoz laztantzea, lege eziñ-ausikorra bezala beretzat artu zuen, asmaturik eta billaturik gañera bide ta moduak utsean-idukia izan zediñ, eta eresi bete-betean bere odol ospatsu eta noblezarekiko arrotasun eta galaitasuna oso menderatzeko.
Gañerako eguna pasatzen zuen, batean gaixoai egitekorik bajuen eta naigabetsuenetan ere serbitzen da morroitzen, bestean berriz eskean atez-ate; eta asieran limosna edo amoina baño gaizki-esaka eta humillkizun geiago baturik, baña ezagutu zutenean geixeago, iseka ta burlak begiramendu ta errespetoan bereganako biurtu zitzaizkan.
|
|