MENDIGOIZALEA
Mendia ta zerua, an, urruñean
alkarganatzen dira naste batean.
Gaueko illuna,
zeken, astuna,
zabaldurikan dago alde denean.
Abertzale zintzoak goiz irten dira,
iñungo beldur gabe, goiko mendira.
Nola doazen
pozik abesten
Aberriko abestiak, gorutz begira...!
Ortzea argiratzen da gau illunean...
gurutzea agiri da mendi gañean...
mendizalea,
pizkor, trebea,
abestutzen ari da abots betean:
«Azkatasun eguzkia
basotik irten da,
bere argia edonun
arin zabaltzen da»
* * *
Mendigoizale maite! Basoko otsa
nasturik entzuten det zure abotsa.
Eta abestia,
nitzaz, eztia
bezin gozoa dator, pozten biotza.
Mendigoizale pizkor, azkar, leiala!
Egizu oju beti Euskadi dala
zure Aberria,
jator garbia.
Zure izkuntza ta abenda berak damala!
Zu zera Aberriaren itxaropena;
berari zor diozu daukazun dena.
Beragatikan,
beti, pozikan,
emango dezu odol tanto azkena.
Jaiki mendigoizale! Gogor besoa!
Jaso kopet argia! Pixtu gogoa!
Zure Aberria,
maitagarria,
iritxi da garaia azkatzekoa!!
1931-9-12
|