ZURI, SABIN
Odei illunak zeru aldean,
itun minkorra euskal lurrean
jausita zegon garaian,
sortaldeko izar goiztarra bezin
argi ta ameskor, zu, gure Sabin
agertu ziñan ortzean.
Anai arteko gudu zantzuak,
Euskadiko odol tanto beruak
artean berri zaudezten.
Negarra nun nai... Sendi orotan,
bazegon norbait betiko lotan
Aberri zorra ordaintzen.
Eusko erria iruzurtuta,
beraren buru zala aztuta,
oinpez zapaldu nai zuten...
Gure lurgaña oro illotzez
estali arren, zure abotsez
guziak jaiki ziraden.
Itxuak zeuden euskotar danak...
Agian itxu, besteren lanak
berak zuzendu naiean.
Euskal begiko estak lausoak,
berriz argituz beren gogoak,
ausi zinduzun artean.
Ordutik onuntz zer aldaketa!
Gizon eta andre zartuak eta,
oraindik gazte daudenak,
guziok batez, zure naiean,
alkartuz gaude oroi batean.
Amets bat daukagu denak!
Gaur Euskadiko erle urduria
zugatik dabill ezti guriya
loratik artu naiean...
Uxo bikoitza, maitetasunez,
zure eriotza abestu naiez
berengo urrumatzean...
Mendietako oiartzun orok
zure izena dabilte danok
betiko oroimenduaz.
Erreka ibaien urtxo garbiak
zugaz, abesti pozkun alaiak
esanaz, pizkor, dijuaz.
Ortzeder margo, eguzki izpia,
itxas orua, lora isaikia.
Aberriko gauz guzia,
goraltzen dabill zure izena,
biotz barrendik maite duena:
Sabin!! zure izen eztia.
Eusko semien arnasa ere
zugana dua, ezin beñere
iñundik uka naiean.
Sukarrietako illobi itunak
eusko semien muxu kutunak
agertzen ditu gañean.
Gauza guzien gaindik dagona,
gure egille Jaungoiko ona,
guk ere maitatzen degu;
bañan, gerogo, zure oroitzak
betetzen ditu gure biotzak
ta ziñez maite zaitugu!
Gure Aberri laztan, gaixoa,
zugatik pixten orain dijoa
ta laixter jaiki liteke!
Zure miñ garratz, zure malkoak,
ausiaz bere kate sendoak,
ona nun dan betiko aske!!
Ill ziñan, Sabiñ gure irakasle,
gazte maitekor, gizon maitale...
ill ziñan zori txarrean!
Bañan gorputza ill bazan ere
gogoa dabill egazka bere
Aberriaren gañean.
Euskadi zarra ez zaigu ilko,
zuk pixtu zendun beti-betiko
aske dedin ludi ontan...
Zu ere, Sabiñ, biziko zera,
eusko semeak bizi bagera,
euskaldun biotz denotan...!
1931-10-25
|