POZA TA NEGARRA
Gernikan eusko aldunak
agurtutako egunean oldoztua
Gernikan nago. Irrintzi, oju,
deadar, zantzo, dantza bulartsu
alde danean.
Eusko semeen abenda odola
argi ikusten da pozik dagola
gaurko egunean.
Pozez beteta daukat biotza!
Entzuten det nik gudari otsa...
Ez naiz bildurtzen!
Gaurko egunean, nola bildurtu
Euskadi amak badit ikutu
biotz barrenen?
Gure Aberri maite, laztana,
luzaro apal bizitu dana,
garai onetan
zoriontsua, aske ta arro
jarri bidean, oraintxen dago
bene-benetan.
Mendigoizale bulartsu, gogor;
neskatil lirain, zoli, maitekor;
aupa gogoak!
Oraintxen dezu dantza garaia,
egizu gogor oju alaia,
zantzo beroa.
Pozikan nabil, anai zintzoak,
zuekin batez nere gogoak
ase naiean!
Bañan oroipen itun bat daukat
ezin azturik, beti orobat
bar-barrenean.
Alai negarra, negar nekean
dagit nik oroiz, malko batean
biak batuta.
Itxaropena ta ituntasuna;
eguzki argi ta illuntasuna
alkar nastuta.
Oroitza bat det negargarria,
itxu Ugarritza, Aranburu illa,
beti gutarrak!
Aupa! alai bat egin da gero
illari otoitz zintzo ta bero
egin bearra.
Ez ikaratu odol beldurrez!
Gure Aberria bere biarrez
badago beti.
Eman zaiogun odola pozez
barrutik gogor oju egiñez:
Gora Euskadi!!
1931-7-26
|