RUTHEN LIBURUA
LENBIZIKO KAPITULUA
1. Juez baten egunetan, Juezak gobernatzen zutenean, izan zan gosete andi bat lurrean. Eta joan zan Judako Belengo gizon bat, arrotza bezela bizitera Moabko alderrian bere emaztearekin eta bi semeakin.
2. Gizonari zeritzan Elimelek eta bere emazteari Noemi, eta bi semeai, batari Mahalon eta besteari Txelion Efrateoak Judako Belengoak. Eta sarturik Moabko errian, bizi ziran an.
3. Eta il zan Elimelek Noemiren senarra, eta gelditu zan bera bere semeakin.
4. Zeñak ezkondu ziran Moabko emakumeakin, zeñai zeritzen batari Orfa eta besteari Ruth. Eta egon ziraden an amar urtean,
5. Eta biak il ziran, au da, Mahalon eta Txelion, eta gelditu zan andrea bi semeak eta senar gabe.
6. Eta jaiki zan bere errañ biakin bere errira itzultzeko, aditu zuelako esaten, Jaunak begiratu zuela bere errirontz, eta eman ziotela zer jan.
7. Atera zan bada bere arrotz tokitik bere errañ biakin: eta onezkero zegoala bidean Judako lurrera itzultzeko,
8. Esan zien: Zoazte zuen amaren etxera; Jauna urrikaritu dedilla zuekin, urrikaritu ziñaten bezela illakin eta nerekin.
9. Eman dizazutela arkitzea atsedena, suertez tokatuko ditzatzuten senarren etxeetan. Eta musu eman zien. Berak altxaturik boza, eman zioten negarrari,
10. Eta esaten zuten: Zurekin joango gera zure errira.
11. Zeñai berak erantzun zioten: itzuli zaitezte, ene alabak, zergatik zatozte nerekin? Seme geiago al det nere sabelean, itxedon ditzatzuten nigandik senarrak?
12. Itzuli zaitezte ene alabak, eta zoazte, zeren onezkero ni zarrez aitua nago, eta ez naiz egokia ezkontzarako: eta baldin gaurko gabean semeak sortu eta egin al banituzke ere,
13. Beren zai egon nai baldin bazendukete aliketa azi ditezten bitartean, eta allegatu ezkontzeko edadera, zarrak izango ziñaindezke ezkonduak baño lenago. Ez ezazute bada, ene alabak, onelakorik nai izan, zeren zuen atsekabeak geiago estututzen nau, eta Jaunaren eskua dago altxatua nere kontra.
14. Eta altxaturik boza, berriz asi ziran negar egiten: Orfak musu eman zion amagiarrabari, eta itzuli zan: baña Ruth gelditu zan bere amagiarrabarekin.
15. Zeñi esan zion Noemik: Begira nola zure koñata itzuli dan bere errira eta bere jainkoetara, zoaz berarekin.
16. Ruthek erantzun zion: Ez zatzakit berriz jarki utzi zatzaidan, eta joan nadin, zeren zoazan edozeñ tokitara, joango naiz; eta zu bizi zeran lekuan, biziko naiz ni ere. Zure erria izango da nire erria, eta zure Jaungoikoa izango da nire Jaungoikoa.
17. Zure eriotzan zu artzen zaituen lurrean, artan ilko naiz ni ere, eta an idukiko det nere obiko tokia. Au eta geiago egin dezala nerekin Jaunak, eriotzak baño beste gauzak alde eragiten badit zugandik.
18. Ikusirik bada Noemik Ruthek alako gogoarekin erabaki zuela joatea berarekin, etzitzaion geiago jarki nai, ezta ere esan itzuli zedilla bereetara.
19. Eta joan ziradean batera eta allegatu ziraden Belenera. Sartu ziradenean errian, agudo barreiatu zan guzien artean ospea, eta esaten zuten emakumeak: Au da Noemi hura?
20. Zeñai esan zioten: Etzadazute deitu Noemi (au da, ederra) baizik deitu zadazute Mara (au da, mingoitza) zeren mingoiztasunez txit bete nau Guziadezakeanak.
21. Atera nintzan betea, eta Jaunak biurtu eragin dit utsa. Zergatik bada deitzen didazute Noemi, Jaunak humillatu nauenari, eta Guziadezakeanak atsekabetu nauenari?
22. Etorri zan bada Noemi, Ruth Moabtar bere errañarekin bere arroztasuneko lurretik, eta itzuli zan Belenera, garagarrak igitaitzen azten ziradenean.
BIGARREN KAPITULUA
1. Eta Elimelek bere senarrak zuen aide bat, gizon altsua, eta txit aberatsa, Booz zeritzana.
2. Eta Ruth Moabtarrak esan zion bere amagiarrabari: Baldin agintzen badezu, joango naiz kanpora, eta bilduko ditut igitarien eskuetatik iges egiten duten galburuak, edozeñ toki arkitzen dedanean arrera ona familiako guraso, nerekin urrikaritsua agertzen duanen bategan. Erantzun zion Noemik: Zoaz, ene alaba.
3. Joan zan bada eta asi zan biltzen galburuak igitari batzuen ostean. Eta gertatu zan kanpo hurak idukitzea jabetzat Booz zeritzan bat, zeñ zan Elimeleken aidetakoa.
4. Eta ona non etorri zan bera Belendikan, eta esan zien igitariai: Jauna izan bedi zuekin. Eta berak erantzun zioten: Jaunak bedeikatu zaitzala.
5. Eta esan zion Boozek igitariak zaitzen zituen gazteari: zeñena da neskatx au?
6. Zeñi erantzun zion: Au da arako Moabtar, etorri zana Noemirekin Moabko erritik,
7. Eta erregutu du, utzi ditzaiogula biltzen gelditzen diran galburuak, jarraiturik igitarien aztarnai, eta goizetik orainartean dago kanpoan, eta une baten ere ez da itzuli bere etxera.
8. Eta Boozek esan zion Ruthi: Aditu ezazu, ene alaba, etzaite joan beste kanpotara galburuak biltzera, eta ez ezazu ere alderik egin toki onetatik; baizik bildu zaite nere neskameakin,
9. Eta jarraitu zaiezu igitaitzen duten lekuan. Zeren agindu diet nere morroiai ez dedilla iñor zurekin ezertan sartu, eta egarri zeranean ere, zoaz otamenera, eta edan ezazu nere morroiak ere edaten duten uretikan.
10. Ruthek orduan makurturik arpegia lurreraño, egin zion agurra, eta esan zion: Nondik neri alako zoriona, arkitzeko grazia zure begietan, eta jakiteko nor naizan, izanik ni emakume arrotz bat?
11. Zeñi berak erantzun zion: Esan dizkidate, zure senarra il ezkero zure amagiarrabari egin ziñiozkan gauza guziak, eta utzi dituzula zure aideak, eta jaio ziñan lurra, eta etorri zera, len ezagutzen etzenduen erri batera.
12. Sariztatu zaitzala Jaunak zure egiteen araura, eta artu dezazula ordañ oso bat Israelko Jaun Jainkoagandik, zeñgana etorri zeran eta zeñen mendean jarri zeran.
13. Berak esan zuen: Arkitu det grazia, nere jaun, poztu nazuna, eta itz egin dezu zure serbitzariaren biotzera, zeñ ez dan diña zenbatua izateko zure neskameen artean.
14. Esan zion Boozek: Jateko ordua danean, etorri zaite onara, eta jan ezazu ogia, eta busti ezazu zure mokadua ozpiñean. Eseri zan bada igitarien ondoan, eta artu zuen beretzat galburu erreen zati bat, eta jan zuen, eta ase zan, eta artu zituen kondarrak.
15. Eta jaiki zan andik, biltzeko galburuak oi zuen bezela. Eta agindu zien Boozek bere morroiai, esaten ziela: Berak nai balu ere igitaitu zuekin, etzaiozute galerazi.
16. Eta zuen eskumenetatik aurtiki itzatzute berariaz galburu batzuek, eta utzi itzatzute an, bildu ditzan lotsarikan gabe, eta ez bizaio iñork erriertarik egin biltzen dituanean.
17. Egon zan bada kanpoan galburuak biltzen arratsalderarte; eta astindurik eta jorik zigor batekin bildu zuena, arkitu zuen garagar ephi baten neurria bezela, au da, iru modio.
18. Zeñak arturik itzuli zan errira, eta erakutzi ziozkan bere amagiarrabari, eta gañera atera zituen, eta eman ziozkan bazkariko kondarrak, zeñakin bera ase zan.
19. Eta esan zion amagiarrabak: Non bildu dituzu gaur galburuak, eta non ari zera lanean? Bedeikatua izan dedilla zurekin errukitu dana. Eta esan zion Ruthek zeñen kanpoan bildu zituen galburuak, eta esan ere zion Booz zeritzala gizonari.
20. Zeñi esan zion Noemik: Jaunak bedeikatua izan dedilla, bada bizientzat iduki zuen borondate ona, hura bera du illentzat ere. Eta berriz esan zuen: Gure aidea da gizon ori.
21. Eta esan zuen Ruthek: Agindu ere zidan ibilli nendilla igitariakin, bukatu artean igitaitze guzia.
22. Zeñi esan zion amagiarrabak: Obe da, ene alaba, joan zaitezela bere neskameakin igitaitzera, besteren kanpoan norbait jarki ez dakizun.
23. Bildu zan bada Boozen neskameakin, eta berakin ari zan igitaitzan, aliketa garagarrak eta garia gordeak izan ziraden artean aletegietan.
IRUGARREN KAPITULUA
1. Eta itzuli ezkero bere amagiarrabagana, aditu zuen onegandik: Ene alaba, nik billatuko dizut atsedena, eta saiatuko naiz ongi izan zaitezen,
2. Booz au, zeñaen neskameakin zauden bildua kanpoan, da gure aidea, eta gaurko gabean aizatzen du garagarra bere larrañean.
3. Garbitu zaite bada eta okendutu zaite, eta jantzi itzatzu soñekorik ederrenak eta zoaz larrañera. Etzaitzala gizonek ikusi, bukatu ditzan bitartean jatea eta edatea.
4. Eta lotara dijoanean, ajolaz begiratu ezazu zeñ tokitan lo egiten duen, eta joango zera, eta altxatuko diozu kapa, zeñarekin estalitzen dan oñen aldamenetikan, eta etzingo zera, eta lo egingo dezu, eta berak esango dizu zer egin bear dezun.
5. Erantzun zion Ruthek: Nik egingo det agintzen didazun guztia.
6. Eta joan zan larrañera, eta egin zuen, amagiarrabak agindu zion guzia.
7. Eta Boozek jan zuenean, eta edan zuenean, eta pozago jarri zanean, eta joan zanean lotara eskumen pilla baten aldera, etorri zan Ruth ixiltxorikan, eta altxaturik kapa oñetatik, etzin zan.
8. Eta ona non gaberdian esnaatu zan gizona ikaratu eta arriturik, eta ikusi zuen emakume bat etzinda bere oñetan,
9. Eta esan zion: Nor zera? Eta berak erantzun zuen: Ni naiz Ruth zure serbitzaria, zabaldu ezazu kapa zure serbitzari onen gañean, zeren aidea zaitut.
10. Eta berak esan zion: Ene alaba, Jaunak bedeikatua izan zaitezela, garaitu dezun ori lenbiziko ontasuna oraingoarekin, ez dituzulako billatu gazte beartsu ez aberatsak.
11. Etzaite bada beldur izan, bada nik egingo det zurekin, esaten didazun guzia. Zeren badaki, nere uriko ateen barrenen bizi dan erri guziak, zu zerala emakume birtutetsua.
12. Ez det ere ukatzen zure aidea naizala, baña bada beste bat ni baño alderagokoa dana.
13. Atseden zaite gaurko gabean, eta eguna zabaltzen danean, gelditu nai baldin balu zurekin aidetasunaren eskuz, izan bedi ordu onean, baña baldin berak ez badu nai, Jauna dan bezela, nik dudarikan gabe artuko zaitut. Lo egin ezazu goizeraño.
14. Berak bada lo egin zuen bere oñetan, gaba irago zan bitartean. Eta jaiki zan, gizonak elkar ezagutu al zitezkean baño lenago, eta esan zion Boozek: Kontu, ez dezala iñork jakin onara etorri zerala.
15. Eta berriz: Zabaldu ezazu, esan zuen, mantua, zeñarekin estalitzen zeran, eta eldu zaiozu portizki esku biakin. Ruthek zabaldurik eta berari eldurik, neurtu zituen sei modio garagar, eta jarri zituen bere gañean. Zeñ oiek zeramazkiala sartu zan urian,
16. Eta etorri zan bere amagiarrabagana. Zeñak esan zion: Zer da egin dezuna, ene alaba? Eta kontatu ziozkan, gizonak egin ziozkan gauza guztiak.
17. Eta esan zuen: Ona emen eman dizkidan sei modio garagarrak, eta esan du: Ez det nai itzuli zaitezela esku utsakin zure amagiarrabagana.
18. Eta esan zion Noemik: itxedon ezazu, ene alaba, egiteko onen bukaera ikusi dezagun bitartean. Zeren gizon au ez da geldituko, esan duena bete dezan artean.
LAUGARREN KAPITULUA
1. Igon zan bada Booz atera, eta eseri zan an. Eta ikusirik iragotzen zala aide hura, zeñen gañean len itz egin degun, esan zion: Atoz onara, piska bateko, eta eseri zaite, deitzen ziola bere izenarekin. Zeñ etorri eta eseri zan.
2. Eta arturik Boozek amar gizon erriko zarretatik esan zien: Eseri zaitezte emen.
3. Eta eseri ziradenean esan zion bere aideari: Noemi, itzuli danak Moabko alderritik dauka saltzeko gure anaia Elimeleken kanpoaren zati bat.
4. Nai izan det zuk au aditzea, eta zuri esatea, emen eserita dauden guztien, eta nere erriko zarren aurrean. Nai badezu beraren jabe izan aidetasuneko eskuz; erosi ezazu eta izan zaite beraren jabe. Ez baldin badezu nai, adirazi zadazu au bera, jakin dezadan zer egin bear dedan. Zeren ez dago beste aiderik zu lenbizikoa zerana, eta ni bigarrena naizana baño besterik. Eta berak erantzun zuen: Nik erosiko det kanpoa.
5. Eta Boozek esan zion: Erosten diozunean kanpoa Noemiri, ezkondu ere bear dezu Ruth Moabtar, ill zanaren emaztea izan zanarekin, altxatu dezazun zure aidearen izena bere primezan.
6. Berak erantzun zuen: utziten diot aidetasunaren eskuari, zeren ez det nik desegin bear nere familiaren etorkizuna. Ar zazu zuk nere eskua, zeñi diodan gogotikan utziten diodala.
7. Bazan Israelen anziñako oitura bat aideen artean, eta zan batak utziten zionean besteari bere eskua, utzite onek indarra iduki zezan, kentzen zuen ark bere zapata, eta ematen zion bere aideari. Au zan Israelen utziten zanaren ezagungarria.
8. Esan zion bada Boozek bere aideari: Kendu ezazu zapata. Eta berak bereala kendu zuen bere oñetik.
9. Eta Boozek esan zioten zarrai eta erri guztiari: Zuek zerate gaur lekukoak, ni naizala Elimekek, eta Txelionek eta Mahalonek zituzten gauza guzien jabe, ematen dizkidala Noemik.
10. Eta artzen dedala emaztetzat Ruth Moabtar Mahalonen emaztea izan zana, altxatzeko illa izan zanaren izena bere primezan, izan ez dedin kendua bere izena bere familiatik, anaietatik, eta erritik. Zuek, diot berriz, izango zerate gauza onen lekukoak.
11. Erantzun zuen atean zegoan erri guztiak, eta zarrak: Gu gera lekukoak, Jaunak egin dezala zure etxean sartzen dan andre onekin, Rakelekin eta Liarekin bezela, zeñak egin zuten Israelko etxea: izan dedin Efratan birtutearen irudi bat, eta izan dezan izen ospetsu bat Belenen:
12. Eta izan dedilla zure etxea Faresen etxea bezela, zeñ izan zuen Tamargandik Judarentzat, Jaunak neskatx onegandik emango dizkizun ondorengoak gatik.
13. Artu zuen bada Boozek Ruth, eta ezkondu zan berarekin, eta bizitu izan zan berarekin, eta Jaunak eman zion aurdun gelditzea eta egitea seme bat.
14. Eta esan zioten emakumeak Noemiri: Bedeikatua izan dedilla Jauna, zeñak utzi ez duen egotea zure familia ondorengo baga, bere izenak iraun zezan Israelen.
15. Eta iduki dezazun nork poztu dezan zure anima, eta irozo zure zartza. Zeren jaio da zure errañ, maite zaituena gandik, eta zuretzat asko obekiago da, zazpi seme bazenduzka baño.
16. Eta arturik Noemik aurra, jarri zuen bere altzoan, eta berak egiten zituen iñudearen eta umezaiaren lanak.
17. Eta bere auzoko emakumeak poztzen ziradela berarekin, esaten zioten: Noemiri jaio zaio aurseme bat; eta deitu zioten Obed: au da, Isairen, Dabiden aita izan zanaren, aita.
18. Oiek dirade Faresen ondorengoak. Faresgandik izan zan sortua Esron.
19. Esrongandik izan zan sortua, Aram. Aramgandik izan zan sotua Aminadab,
20. Aminadabgandik izan zan sotua Nahasson, Nahassongandik izan zan sotua Salmon,
21. Salmongandik izan zan sortua Booz, Boozgandik izan zan sortua Obed.
22. Obedgandik izan zan sortua Isai, Isaigandik izan zan sortua Dabid.
|