www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (1)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

EXODOKO LIBURUA

 

LELENGO KAPITULUA

        1. Oiek dirade Jakobekin Ejipton sartu ziraden Israelko semeen izenak; bakoitza sartu zan bere etxekoakin,

        2. Ruben, Simeon, Lebi, Judas,

        3. Issakar, Zabulon, eta Benjamin,

        4. Dan, eta Neptali, Gad, eta Asser.

        5. Ziraden bada irurogeita amar, Jakoben etorkiko anima guztiak: Jose alabaña zegoan Ejipton.

        6. Illik au, eta bere anai guztiak, eta jatorri guzti hura,

        7. Israelko semeak azi ziraden, eta ugaritu belarra bezala, eta txit geiturik, bete zuten lurra.

        8. Bitartean jaiki zan Ejipton Errege berri bat, Jose ezagutzen etzuena.

        9. Eta esan zion bere erriari: Ona, Israelko semeen erria txit ugaria da, eta gu baño sendoagoa.

        10. Atozte, estutu dezagun ezarian, noaski, ugaritu ez dedin: eta izango baldin balitza gerraren bat gure kontra, elkartu ez dedin gure etsaiakin, eta garaiturik gu, atera ez dedin lur onetatikan.

        11. Argatik jarri ziezten lanarizaiak, atsekabetu zitzaten zamakin, eta egin ziozkatzen Faraoni dendaen erriak Phiton, eta Ramesses.

        12. Eta zenbat geiago atsekabetzen zituzten, anbat geiago ugaritzen, eta azitzen ziraden:

        13. Eta ijitoarrak gorroto zieztzen Israelko semeai, eta atsekabetzen zituzten iñakintzen zituztela,

        14. Eta irago erazitzen ziezten bizitza mingoitz bat neke andiakin karoraia eta adrilluak egiten, eta morroitza mot guztiarekin, zeñarekin ziran estutuak kanpoko lanetan.

        15. Esan ere zien Ejiptoko Erregek Hebreotarren emagiñai, zeñatatik bati zeritzan Sefora, besteari Phua,

        16. Agintzen ziela: Laguntzen diezutenean emagintzan Hebreotar emakumeai, eta aurgitzeko denbora allegatzen danean, baldin bada aur semea, il ezazute, baldin bada aur alaba, gorde ezazute.

        17. Baña emagiñak Jaungoikoaren beldur izan ziran, eta etzuten egin Ejiptoko erregearen agintearen araura, baizik bizirik utziten zituzten aur semeak.

        18. Zeñak beragana otsegiñik, erregek esan zuen: Zer egitea nai izan dezute, utzirik bizirik aur semeak?

        19. Zeñak erantzun zuten: Hebreotar emakumeak ez dirade Ejiptoko emakumeak bezelakoak, zeren berak badute emagintzako jakinduria, eta berakgana allegatzen geran baño lenago, aurregiten dute.

        20. Jaungoikoak bada ongi egin zioten emagiñai, eta azi zan erria, eta txit sendatu.

        21. Eta Jaungoikoaren beldur izan ziradelako emagiñak, egin ziozkaten etxeak.

        22. Agindu zion bada Faraonek bere erri guztiari, esaten zuela: Jaiotzen dan aur seme guztia bota ezazute ibaiera; aur alaba guztiari utzi zaiozute bizirik.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Oien ondoan atera zan Lebiko etxeko gizaseme bat, eta artu zuen bere jatorriko emaztea.

        2. Zeñak sortu zuen, eta aurregin zuen seme bat; eta ikusirik zala ederra, ezkutatu zuen iru illabetean.

        3. Eta ezin onezkero ezkutatu zuenean, artu zuen izko saskitxo bat, eta kalafateatu zuen betunez eta pikez, eta jarri zuen barrenen aur semetxoa, eta utzi zuen ibai ertzeko kañaberadian,

        4. Zegoala zutik urrutian bere arreba bat, eta gauza onen gertaeraren zelatan.

        5. Eta ona non jatxitzen zan Faraonen alaba bat garbitua izatera ibaiean: eta bere damak zebiltzan ibaiearen ertzean. Zeñak ikusi zueneko saskitxoa kañaberadian, bidaldu zuen bere neskameetatikan bat, eta erakarririk,

        6. Idikirik, eta ikusirik an aur seme bat negarrez, kupiturik berarekin esan zuen: Hebreotarren aurren bat da au.

        7. Zeñi aurraren arrebak esan zion: Nai dezu joan nadin, eta otsegin dizazudan Hebreotar iñude bat, azi dezakeana aurtxo au?

        8. Erantzun zuen: Zoaz. Joan zan neskatxa, eta otsegin zuen bere ama.

        9. Zeñi itz egin zion Faraonen alabak, esaten ziola: Ar zazu aurseme au, eta azi zadazu; nik neronek emango dizut zure saria. Artu zuen andreak aurra, eta azi zuen, eta andi egin zanean, eman zion Faraonen alabari.

        10. Zeñ berak artu zuen semearen lekuan, eta deitu zuen bere izena Moises, esaten zuela: Uretikan atera nuelako.

        11. Egun batean Moises andi egin zanean, atera zan bere senideetara, eta ikusi zuen beren estutasuna eta ijitotar batek jotzen zuela bere anaia Hebreotar bat.

        12. Eta begiraturik aldamen guztietara, eta ikusirik etzala iñor agiri, ill zuen ijitoa, eta ezkutatu zuen ondarrean.

        13. Eta aterarik biaramonean, ikusi zituen bi Hebreotar despitan, eta esan zion iraiña egiten zionari: Zergatik jotzen dezu zure lagun urkoa?

        14. Berak erantzun zuen: Nork jarri au prinzipe eta jueztzat gure gañean? ik ill nai al nauk, atzo ill enduan bezela ijitoa? Beldurtu zan Moises, eta esan zuen: Nola zabaldu ote da gertaera au?

        15. Eta aditu zuen Faraonek itz au, eta ill nai zuen Moises, zeñak iges egiñik bere aurretik, bizitu izan zan Madiango lurrean, eta eseri zan putzu baten aldean.

        16. Eta Madiango apaizak zituen zazpi alaba, zeñak etorri ziran ura ateratzera, eta beterik olaskak, edaten eman nai zioten beren aitaren abereai.

        17. Ondoren etorri ziraden artzai batzuek, eta bota zituzten neskatxak, eta jaiki zan Moises, eta jarririk neskatxen alde, eman zioten edaten beren ardiai.

        18. Zeñak itzulirik beren aita Ragelgana, esan zioten neskatxai: Zergatik zatozte oi baño lasterrago?

        19. Erantzun zuten: Gizon ijito batek libratu gaitu artzaien eskutik; gañera atera ere du ura gurekin, eta eman diote edaten ardiai.

        20. Eta berak esan zuen: Non da? Zergatik utzi diozute joaten gizon orri? Deitu zaiozute ogia jan dezan.

        21. Eta juramentu egin zuen Moisesek, berarekin biziko zala. Eta artu zuen emaztetzat bere alaba Sefora,

        22. Zeñak egin zion aur seme bat, zeñi deitu zion Jersan, esaten zuela: Arrotza izan naiz besteren lurrean. Eta beste aur bat egin zion, zeñi deitu zion Eliezer, esaten zuela: Zeren nere aitaren Jaungoikoak, nere laguntzalleak, atera ninduen Faraonen eskutikan.

        23. Eta denbora askoren buruan ill zan Ejiptoko erregea, eta Israelko semeak negarrez beren lanak gatik, deadar egin zuten, eta beren deadarra igo zan Jaungoikoagana beren lanetatik.

        24. Eta aditu zuen beren negarra eta oroitu zan Abraham, Isaak, eta Jakobekin egin zuen elkartasunarekin.

        25. Eta begiratu zien Jaunak Israelko semeai, eta ezagutu zituen.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta Moisesek bazkatzen zituen bere aitagiarraba Jetro Madiango apaizaren ardiak, eta eramanik abere taldea basomortuaren barrenera, etorri zan Horeb Jaungoikoaren mendira.

        2. Eta agertu zitzaion Jauna suzko garrean sasiaren erditikan, eta ikusten zuen sasiari zitzekala, eta erretzen etzala.

        3. Esan zuen bada Moisesek: Joango naiz, eta ikusiko det ikusketa andi au, zergatik erretzen ez dan sasia.

        4. Eta ikusirik Jaunak bazijoala ikustera, deitu zion sasiaren erditik, eta esan zuen: Moises, Moises. Zeñak erantzun zuen: Emen naiz.

        5. Eta berak esan zuen: Ez urreratu onara: kendu itzatzu zure oñetakoak, zeren zauden lekua, lur santua da.

        6. Eta esan zuen: Ni naiz zure aitaren Jaungoikoa, Abrahamen Jaungoikoa, Isaaken Jaungoikoa, eta Jakoben Jaungoikoa. Estali zuen Moisesek bere arpegia, zeren etzan benturatzen Jaungoikoa ganontz begiratzen.

        7. Zeñi esan zion Jaunak: ikusi det nere erriaren estutasuna Ejipton, eta aditu det bere deadarra langillazaien gogortasuna gatik:

        8. Eta jakiñik bere pena, jatxi naiz, libratzera ijitoen eskuetatikan, eta ateratzera lur artatikan lur on, eta zabalera, eznea eta eztia darian lurrera, kanantarraren, eta hettarren, eta amorreotarren, eta fereztarren, eta hebetarren, eta jebustarren lekuetara.

        9. Israelko semeen deadarra bada allegatu da nigana, eta ikusi det beren estutasuna, zeñarekin diraden ijitoak menderatuak.

        10. Baña atoz, eta bialduko zaitut Faraon gana, atera dezazun Ejiptotikan nere erria, Israelko semeak.

        11. Eta esan zion Moisesek Jaungoikoari: Nor naiz ni joateko Faraon gana, eta ateratzeko Israelko semeak Ejiptotikan?

        12. Zeñak esan zion: Ni egongo naiz zurekin, eta au izango dezu nik bidaldu zaitudan señaletzat. Ateratzen dezunean nere erria Ejiptotikan, egingo diozu Jaungoikoari eskeñtzaria mendi onen gañean.

        13. Esan zion Moisesek Jaungoikoari: Ona non ni joango naizan Israelko semeak gana, eta esango diotedan: Zuen gurasoen Jaungoikoak bidaldu nau zuek gana. Esango baldin balidate, zeñ da bere izena? Zer esango diet?

        14. Esan zion Jaungoikoak Moisesi: Ni naiz naizana. Esan zuen: Onela esango diezu Israelko semeai: Danak, bidaldu nau zuek gana.

        15. Eta esan zion berriz Jaungoikoak Moisesi: Oiek esango diezu Israelko semeai: Zuen gurasoen Jaun Jaungoikoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak, eta Jakoben Jainkoak bidaldu nau zuek gana, au da nere izena betiko, eta au da nere oroikarria gizaldien gizaldian.

        16. Zoaz, eta bildu itzatzu Israelko zarrak, eta esango diezu: Zuen gurasoen Jaun Jaungoikoa, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa, agertu zitzadan, esaten zidala: Ni etorri naiz zuek bisitatzera, eta ikusi ditut Ejipton gertatu zitzatzuten gauza guztiak:

        17. Eta esan det aterako zaituztedala Ejiptoko estutasunetikan, kanantarren, eta hettarren, eta amorreotarren, eta ferezetarren, eta hebetarren, eta jebusetarren lurrera, eznea eta eztia darion lurrera.

        18. Eta adituko dute zure itza, eta sartuko zera zu, eta Israelko zarrak, Ejiptoko errege gana, eta esango diozu: hebreotarren Jaun Jaungoikoak otsegin digu, joango gera iru eguneko bidean basomortura, egitera gure Jaun Jaungoikoari eskeñtzaria.

        19. Baña nik badakit ez dizutela utziko joaten Ejiptoko erregeak, esku sendoaren bitartez baizikan.

        20. Zeren nik luzatuko det nere eskua, eta zaurituko det Ejipto, beren erdian egingo ditudan mirari guztiakin. Oien ondoan utziko dizute joaten.

        21. Egingo ere det erri orrek arkitu dezala grazia ejiptotarren begietan, ateratzen zeratenean irten etzaitezen utsik:

        22. Baizik emakume bakoitzak eskatuko diozka bere auzoko emakumeari, eta bere ostatuemalleari, zillarrezko eta urrezko ontziak, eta soñekoak, eta jarriko dituzute zuen semeen eta alabaen gañean, eta ustuko dezute Ejipto.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Erantzunaz Moisesek, esan zuen: Ez didate sinistuko, ez dute ere adituko nere itza, baizikan esango dute: Ez zatzu agertu Jauna.

        2. Esan zion bada: Zer da zure eskuan dezuna? Erantzun zuen: Zigor bat.

        3. Eta esan zuen Jaunak: Egotzi ezazu lurrera. Egotzi zuen, eta suga biurtu zan, alako moduan non iges egiten zuen Moisesek.

        4. Eta esan zuen Jaunak: Luzatu ezazu zure eskua, eta eldu zaiozu bere isasetikan. Luzatu zuen, eta eldu zion, eta zigor itzuli zan.

        5. Sinistu dezaten, esan zuen, agertu zatzula beren gurasoen Jaun Jaungoikoa, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa, eta Jakoben Jainkoa.

        6. Eta esan zion Jaunak berriz: Sar zazu zure eskua zure kolkora. Zeñ sarturik kolkoan, atera zuen legenez beterik elurra bezela.

        7. Berriz sartu ezazu, esan zion, zure eskua zure kolkoan. Berriz sartu zuen, eta atera bigarren aldiz, eta zan beste aragiaren antzekoa.

        8. Ez baldin badizute sinisten, esan zuen, eta ez baldin balute adituko lendabiziko señalearen bozera, sinistuko dute bigarren señalearenera.

        9. Eta ez baldin balute sinistuko señale bi oiekin ere, eta ez balute adituko zure itza, ar zazu ibaieko ura, eta isuri ezazu lurraren gañean, eta ibaietikan ateratzen dezun guztia odol biurtuko da.

        10. Esan zuen Moisesek: Jauna, erregututzen dizut, oroitu zaitezela ez naizala iñoiz izan iztun ona, eta zure serbitzari oni itz egiten diozun ezkero ere arkitzen naiz motelago eta mingaiñ astunagoarekin.

        11. Esan zuen onetara Jaunak: Nork egin zuen gizonaren aoa? Edo nork moldatu zuen mutua, eta gorra, ikusten duena, eta itsua? Ez al naiz izan ni?

        12. Zoaz bada , eta ni izango naiz zure aoan, eta irakatsiko dizut zer itz egingo dezun.

        13. Eta berak: Erregututzen dizut, Jauna, arren bidaldu dizazula bidalduko dezuna.

        14. Aserreturik Jauna Moisesekin, esan zuen: Aaron zure anaia Lebiko semeak, badakit izketan ongi egiten duela; begira, bera badatorrela zuri bidera irtetzera, eta ikusten zaituenean, biotzez poztuko da.

        15. Itz egin zaiozu, eta jarri itzatzu nere itzak bere aoan; eta ni izango naiz zure aoan, eta huraren aoan, eta erakutsiko dizutet, zer egin bear dezuten.

        16. Berak itz egingo dio zugatik erriari, eta izango da zure aoa, eta zu izango zera beretzat Jaungoikoari dagozkion gauzetan.

        17. Artu ere ezazu zure eskuan zigor au, zeñean egingo dituzu mirariak.

        18. Joan zan Moises, eta itzuli zan Jetro bere aitagiarraba gana, eta esan zion: Joango naiz , eta itzuliko naiz nere anaiak gana Ejiptora, ikusi dezadan oraindikan bizi ote diran. Zeñi esan zion Jetrok: zoaz ordu onean.

        19. Esan zion bada Jaunak Moisesi Madianen: Zoaz, eta itzuli zaite Ejiptora, zeren illak dirade zuri bizia kendu nai zizuten guztiak.

        20. Artu zuen bada Moisesek bere emaztea, eta bere semeak, eta jarri zituen asto baten gañean, eta biurtu zan Ejiptora, zeramala Jaungoikoaren zigorra bere eskuan.

        21. Eta esan zion Jaunak, itzultzen zanean Ejiptora: Begira, egin ditzatzula Faraonen aurrean, zure eskuan jarri ditudan izukari guztiak; nik gogortuko det bere biotza, eta ez dio utziko erriari joaten,

        22. Eta esango diozu: Au esaten du Jaunak: Israel da nere seme lenbizisortua.

        23. Esan dizut: Utzi zaiozu nere semeari serbitu natzan; eta etziñon utzi nai izan; ona emen non nik illko dedan zure lenbizisortua.

        24. Eta zegoala bidean, atera zitzaion Jauna bidera ostatuan, eta ill nai zuen.

        25. Bereala Seforak artu zuen arri txit zorrotz bat, eta zirkunzidatu zuen bere semea, eta ukiturik Moisesen oñak, esan zion: Zu zera neretzat odolezko senar bat.

        26. Eta utzi zion, esan zuenean: Odolen senarra, zirkunzisioa gatik.

        27. Eta esan zion Jaunak Aaroni: Zoaz Moisesi bidera irtetzera baso mortura; eta joan zan berari bidera irtetzera Jaungoikoaren mendira, eta musu eman zion.

        28. Eta kontatu zion Moisesek Aaroni, Jaunak esan zion guztia bidaltzean, eta nolako mirariak egiteko agindu zion.

        29. Eta etorri ziraden elkarrekin, eta bildu zituzten Israelko semeen zar guztiak.

        30. Eta Aaronek esan zituen, Jaunak Moisesi esan ziozkan itz guztiak, eta egin zituen mirariak erriaren aurrean,

        31. Eta sinistu zuen erriak. Eta aditu zuten Jaunak bisitatu zituela Israelko semeak, eta begiratu ziola beren estutasunari, eta auzpezturik adoratu zuten.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Oien ondoan sartu ziraden Moises eta Aaron, eta esan zioten Faraoni: Oiek esaten ditu Israelko Jaun Jaungoikoak: Utzi zaiozu nere erriari sakrifikatu dizadan baso mortuan.

        2. Baña berak erantzun zuen: Zeñ da Jauna, aditu dizadan bere boza, eta utzi dizaiodan joaten Israeli? Ez det ezagutzen Jauna, eta ez diot utziko joaten Israeli.

        3. Eta berak esan zuten: hebreotarren Jaungoikoak ots egin digu, joan gaitezen iru eguneko bidean baso mortura, eta egin dizaiogula eskeñtzaria gure Jaun Jaungoikoari, etorri ez dedin gure gañera izurria, edo gerra.

        4. Esan zien Ejiptoko erregeak: Zergatik Moises eta Aaron, alde erazitzen diozute erriari beren lanetatik? Zoazte zuen eginkizunetara.

        5. Eta esan zuen Faraonek: Erri au txit ugaritu da toki onetan; ikusten dezute nola azi dan jendedia, zenbat geiago utziten baldin badiozute aisian eta lanik egin gabe?

        6. Agindu zioten bada egun artan langillezaiai, eta erriko eskaleai, esaten zuela:

        7. Iñolaere berriz ez diozute emango erriari lastorik adrilluak egiteko len bezela, baizik bijoazte berak, eta bildu bezate galondoa.

        8. Eta eskatuko diezute oraindaño egiten izan duten adrilluen neurria, ezertxo ere gutxitu gabe, zeren alperkerian daude, eta argatik deadar egiten dute, diotela: Goazen, eta egin dizaiogun eskeñtzaria gure Jaungoikoari.

        9. Izan bitez lanez lertuak, eta bukatu bitzate, sinisterik eman ez dizaieten gezurrezko itzai.

        10. Aterarik bada langillezaiak, eta eskaleak, esan zioten erriari: Onela esaten du Faraonek, ez dizutet ematen lastorik;

        11. Zoazte, eta bildu ezazute baldin iñon arkitu al badezakezute, ez zatzute ere gutxituko ezer zuen lanetikan.

        12. Eta barraiatu zan erria Ejiptoko lur guztitikan lastoa biltzera.

        13. Eta langillen zaiak estututzen zituzten, esaten zutela: Bukatu ezazute zuen egunoroko lana, len egin oi zenduten bezela, ematen zatzutenean lastoa.

        14. Eta Faraonen eskaleak azotatu zituzten Israelko semeen langillezaiak esaten ziotela: Zergatik ez dezute betetzen adrilluen neurria, len bezela, ez atzo ez gaur?

        15. Eta etorri ziraden Israelko semeen langillezaiak, eta deadar egin zioten Faraoni, esaten zutela: Zergatik onela gaizki darabilzkizu zure serbitzariak?

        16. Ez digute ematen lastorik, eta agintzen digute egiteko adrilluak len bezela, begira ezazu azotatuak gerala zure serbitzariak, eta gaizki egiten dute zure erriaren kontra.

        17. Zeñek esan zuen: Alperkerian zaudete, eta argatik diozute: Goazen, eta egin dizaiogun eskeñtzaria Jaunari.

        18. Zoazte bada, eta lanean ari zaitezte, lastorik etzatzute emango, eta egingo dezute, oraindaño oi zenduten beste adrillu.

        19. Eta Israelko semeen langillezaiak ikusten ziraden larri, esaten zitzaiotelako: Ez da ezer ere gutxituko egunoroko adrilluetatik.

        20. Eta bidera irten zion Moisesi eta Aaroni aurkez zeudenai, Faraon gandikan ateratzen ziranean:

        21. Eta esan zioten: Jaunak ikusi, eta juzgatu beza; zeren zuek jarri gaituzute Faraonen, eta bere serbitzarien gorrotoan, eta eman diozute ganibita, gu illtzeko.

        22. Eta itzuli zan Moises Jauna gana, eta esan zuen: Jauna, zergatik estutu dezu erri au? zergatik bidaldu nazu?

        23. Zeren sartu nintzan ezkero Faraon gana, zure izenean itz egiteko, estutu du zure erria, eta ez dituzu libratu.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Orain ikusiko dezu zer egingo diodan Faraoni, zeren esku sendo baten bitartez utziko diote joaten, eta esku indartsuan botako ditu bere erritikan.

        2. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela: Ni naiz Jauna,

        3. Agertu nintzaiona Abrahami, Isaaki, eta Jakobi Jaungoiko guztia dezakeanagan, eta nere izen Adonai ez nien agertu.

        4. Eta egin nuen elkartasuna berakin, emango niela Kanaango lurra berak arrozturik ibilli ziraden lurra, zeñean egon ziraden erdaldunak bezela.

        5. Nik aditu det Israelko semeen negarra, zeñarekin ejiptoarrak estutu dituzten, eta oroitu naiz nere elkartasunarekin.

        6. Argatik esan zaiezu Israelko semeai: Ni Jauna aterako zaituztedana Ejiptoko ziegatikan, eta libratuko zaituztet katiberiotik, eta erreskatatuko zaituztet emanik ots andiak nere beso altxatuarekin.

        7. Nik artuko zaituztet nere erritzat, eta izango naiz zuen Jaungoikoa, eta jakingo dezute ni naizala ejiptoarren ziegatik atera zinduztedan zuen Jaun Jaungoikoa:

        8. Eta sartu zinduztedana arako lurrera, zeñaen gañera jaso nuen nere eskua, emateko bera Abraham, Isaak, eta Jakobi, eta emango dizutet bera bere jabe izateko, ni Jauna.

        9. Kontatu zizkioten bada Moisesek gauza guzti oiek Israelko semeai, zeñak etzioten sinisterik eman, zeuden estutasun eta larria gatik neke geiegiakin.

        10. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        11. Sartu zaite, eta esan zaiozu Faraon Ejiptoko erregeari utzi dizaiotela Israelko semeai joaten lur onetatikan.

        12. Erantzun zuen Moisesek Jaunaren aurrean: Ona non Israelko semeak ez nauten aditzen, eta, nola adituko nau Faraonek, batezere izanik ni motela?

        13. Itz egin zien Jaunak Moisesi eta Aaroni, eta agindu zien joateko Israelko semeen, eta Faraon Ejiptoko erregearen billa, ateratzeko Israelko semeak Ejiptoko lurretik.

        14. Oiek dirade etxeetako buruak beren familien araura. Ruben Israelen lenbizisortuaren semeak: Henok eta Falu, Hesron eta Karmi,

        15. Oiek Rubenen senideak. Simeonen semeak: Jamuel eta Jamin, eta Ahod, eta Jatxin, eta Soar, eta Saul kanaantar emakume baten semea. Oiek Simeonen jatorriak.

        16. Eta oiek Lebien semeen izenak beren senitartetatik. Jerson, eta Kaath,eta Merari. Eta Lebiren bizitzako urteak izan ziran eun eta ogeita amazazpi.

        17. Jersonen semeak: Lobni eta Semei, bere senitartetatik.

        18. Kaathen semeak: Amran, eta issaar, eta Hebron, eta Oziel. Eta Kaathen bizitzako urteak eun eta ogeita amairu.

        19. Merarien semeak: Moholi, eta Musi. Oiek Lebiren senitarteak beren familietatik.

        20. Eta Amramek artu zuen emaztetzat Jokabed bere lengusua, zeñak egin ziozkan bi aur Aaron eta Moises. Eta Amramen bizitzako urteak izan ziraden eun eta ogeita amazazpi.

        21. Eta Isaarren semeak: Kore, eta Nepheg, eta Zetxri.

        22. Eta Ozielen semeak: Misael, eta Elisafan, eta Setri.

        23. Eta Aaronek artu zuen emaztetzat Elisabet, Aminadaben alaba, Nahassonen arreba, zeñak egin ziozkan Nadab, eta Abiu, eta Eleazar, eta Ithamar.

        24. Eta Koreren semeak: Aser, eta Elkana, eta Abiasaf. Oiek dirade koritarren senitarteak.

        25. Baña Eleazar Aaronen semeak artu zuen emaztea Futielen alabetatik, zeñak egin zion Finees. Oiek dirade Lebitar familien buruak beren senitartetik.

        26. Au da, Aaron eta Moises, zeñai agindu zien Jaunak ateratzeko Israelko semeak Ejiptoko lurretik zabaldurik taldeetan.

        27. Oiek dirade itz egiten diotenak Faraon Ejiptoko erregeari, ateratzeko Israelko semeak Ejiptotikan, au da, Moises eta Aaron,

        28. Jaunak Moisesi Ejiptoko lurrean itz egin zion egunean.

        29. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela: Ni Jauna: esan zazkiozu Faraon Ejiptoko erregeari nik esaten dizkizudan gauza guztiak.

        30. Eta esan zuen Moisesek Jaunaren aurrean: ikusten dezu motela naizala, nola adituko nau Faraonek?

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Ona non egin zaitudan Faraonen Jaungoiko, eta Aaron zure anaia izango da zure Profeta.

        2. Zuk esango diozu, nik esaten dizudan guztia, eta ark itz egingo dio Faraoni, utzi dizaiela joaten Israelko semeai bere erritik.

        3. Baña nik gogortuko det bere biotza eta ugarituko ditut nere mirari eta izukariak Ejiptoko lurrean,

        4. Eta etzaituzte adituko. Baña nik luzatuko det nere eskua Ejiptoren gañera, eta aterako det nere ejerzitu eta erria, Israelko semeak, kastigu andien bitartez.

        5. Eta adituko dute ejiptoarrak ni naizala Jauna, luzatzen dedanean nere eskua Ejiptoen gañera, eta ateratzen ditudanean Israelko semeak beren erditikan.

        6. Egin zuten bada Moisesek eta Aaronek, Jaungoikoak agindu zuen bezela; ala egin zuten.

        7. Zan berriz Moises larogei urtekoa, eta Aaron larogei ta irukoa, itz egin ziotenean Faraoni.

        8. Eta esan zien Jaunak Moisesi eta Aaroni:

        9. Esaten dizutenean Faraonek: Agertu itzatzute ezagungarriak, esango diozu Aaroni: Ar zazu zure zigorra, eta bota ezazu Faraonen aurrean, eta suga biurtuko da.

        10. Sarturik bada Moises eta Aaron Faraon gana, egin zuten Jaunak agindu zioten bezela. Eta artu zuen Aaronek zigorra Faraonen eta bere serbitzarien aurrean, zeñ suga biurtu zan.

        11. Eta deitu zituen Faraonek jakintsuak eta sorgiñak, eta berak ere orobat egin zuten ejiptotarren sorginkeriakin, eta gauza estali batzuekin.

        12. Eta bota zituzten bakoitzak bere zigorrak, zeñak iransuga biurtu ziran; baña Aaronen zigorrak iretsi zituen beren zigorrak.

        13. Eta gogortu zan Faraonen biotza, eta etzituen aditu, Jaunak agindu zuen bezela.

        14. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Astundu da Faraonen biotza, eztio utzi nai joaten erriari.

        15. Zoaz beragana goizetik, begira, aterako dala uretara, eta egongo zera zai ibai bazterrean, iransuga biurtu zan zigorra eskuan dezula.

        16. Eta esango diozu: Hebreotarren Jaun Jaungoikoak bidaldu nau zugana, esatera: Utzi zaiozu joaten nere erriari egin dizadan eskeñtzaria basomortuan, eta oraindaño ez dezu aditu nai izan.

        17. Oiek bada esaten ditu Jaunak: Onetan jakingo dezu Jauna naizala; begira, joko dedala ibaieko ura nere eskuan dedan zigorrarekin, eta odol biurtuko da.

        18. Ibaiean dauden arraiak ere illko dirade, eta atsituko dirade urak, eta ibaieko ura edaten duten ejiptotarrak naigabetuko dirade.

        19. Esan ere zion Jaunak Moisesi: Esan zaiozu Aaroni: Ar zazu zure zigorra, eta luzatu ezazu zure eskua Ejiptoko uren gañera, eta beren ibaien gañera, eta erreka, eta putzu, eta aintzira guztien gañera, odol biurtu ditezen, eta izan dedin odola Ejiptoko lur guztian, ala zurezko ontzietan, nola arrizkoetan.

        20. Eta egin zuten Moisesek eta Aaronek, Jaunak agindu zioten bezela: eta jasorik zigorra, jo zuen ibaiko ura Faraonen eta bere serbitzarien aurrean: zeñ odol biurtu zan.

        21. Eta ill ziran ibaiean zeuden arraiak, eta usteldu zan ibaia, eta ezin zuten edan ejiptotarrak ibaieko ura, eta izandu zan odola Ejiptoko lur guztian.

        22. Eta orobat egin zuten ejiptotarren sorgiñak beren enkantuakin; eta gogortu zan Faraonen biotza, eta etzituen aditu, Jaunak agindu zuen bezela.

        23. Eta atsea eman zioten, eta sartu zan bere etxean, eta etzan bere biotza bigundu oraingo aldian ere.

        24. Eta ejiptoar guztiak aitzurtu zuten ibaiaren ingurutikan ura edateko; zeren ezin edan zuten ibaiko ura.

        25. Eta zapi egun osoak irago ziraden, Jaunak ibaia jo zuen ezkero.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Esan ere zion Jaunak Moisesi: Sartu zaite Faraon gana, eta esango diozu: Oiek esaten ditu Jaunak: Utzi zaiozu joaten nere erriari, egin dizadan eskeñtzaria:

        2. Eta naiko ez baldin baziñoke utzi, ona non nik kastigatuko ditudan zure alderri guztiak igelakin.

        3. Eta ibaia gelditzaka egongo da igelakin, zeñak igoko dira, eta sartu zure etxean, eta zuk lo egiten dezun gelan, eta zure oian; baita ere zure serbitzarien etxeetan, eta zure erri guztiarenean, eta zure labeetan, eta zure janarien gordelekuetan:

        4. Eta igelak sartuko dira zugana, eta zure erria gana, eta zure serbitzari guztiak gana.

        5. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Esan zaiozu Aaroni: Luzatu ezazu zure eskua ibaien gañera eta erreken eta aintziren gañera, eta atera itzatzu igelak Ejiptoko lurraren gañera.

        6. Eta luzatu zuen Aaronek eskua Ejiptoko uren gañera, eta igo zuten igelak, eta estali zuten Ejiptoko lurra.

        7. Eta orobat egin zuten sorgiñak beren enkantuakin, eta atera zituzten igelak Ejiptoko lurraren gañera.

        8. Eta otsegin zioten Faraonek Moisesi eta Aaroni, eta esan zioten: Erregutu zaiozute Jaunari, kendu ditzala igelak nigandik, eta nere erria gandik, eta utziko diot erriari, egin dizaiola eskeñtzaria Jaunari.

        9. Eta esan zion Moisesek Faraoni: izentatu zadazu noiz erregutuko dedan zu gatik, eta zure serbitzariak gatik, eta zure erria gatik, botaak izan ditezen igelak zugandik, eta zure etxetik, eta zure serbitzariak gandik, eta zure erritik, eta bakarrik gelditu ditezen ibaiean.

        10. Zeñak erantzun zuen: Biar. Eta berak: Egingo det, esan zuen, zure itzaren araura, jakin dezazun, ez dala gure Jaun Jaungoikoa bezelakorik.

        11. Eta alde egingo dute igelak zu gandik, eta zure etxetik, eta zure serbitzariak gandik, eta zure erritik, eta bakarrik ibaiean geldituko dirade.

        12. Eta atera ziraden Moises eta Aaron Faraon gandik, eta Moisesek deadarrez erregutu zion Jaunari, Faraoni egin zion eskeñtzariaren betetasuna gatik igelen gañean.

        13. Eta kunplitu zuen Jaunak Moisesen itza, eta ill ziran etxeetako, eta baserrietako, eta kanpoetako igelak.

        14. Eta bildu zituzten muntoi neurri gabeetan, eta usteldu zan lurra.

        15. Baña ikusirik Faraonek bere burua gaitzetik libraturik, astundu zuen bere biotza, eta etzituen aditu, Jaunak agindu zuen bezela.

        16. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Esan zaiozu Aaroni: Luzatu ezazu zure zigorra, eta jo ezazu lurreko autsa, eta jaio bitez eltxoak Ejiptoko alderri guztian.

        17. Eta ala egin zuten. Eta luzatu zuen Aaronek eskuan zuen zigorra, eta jo zuen lurreko autsa , eta gizonak, eta abereak gelditu ziraden eltxoz beterik, eta lurreko auts guztia eltxo biurtu zan Ejiptoko alderri guztian.

        18. Eta orobat egin zuten sorgiñak bere enkantuakin, ateratzeko eltxoak, eta ezin zuten, eta gizonak eta abereak zeuden eltxoz beterik.

        19. Eta esan zioten sorgiñak Faraoni: Au Jaungoikoaren beatza da. Eta gogortu zan Faraonen biotza, eta etzituen aditu, Jaunak agindu zuen bezela.

        20. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Goiz jaiki zaite, eta jarri Faraonen aurrean; zeren aterako da uretara, eta esango diozu: Oiek esaten ditu Jaunak: Utzi zaiozu joaten nere erriari egin dizadan eskeñtzaria.

        21. Zeren utziten ez baldin badiozu joaten, ona non nik bidalduko dedan zure gañera, eta zure serbitzarien gañera, eta zure etxeen gañera euli mota guztia, eta ejiptotarren etxeak beteko dirade mota askotako euliz, eta bizi diraden toki guztiak.

        22. Eta egingo det miragarria egun artan Jessengo lurra, zeñean dagoan nere erria, ez egonik an eulirik, eta jakin dezazun, ni Jauna bizi naizala lur aren erdian.

        23. Eta nik egingo det distinzioa nere erriaren eta zure erriaren artean; biar izango da mirari au.

        24. Eta ala egin zuen Jaunak. Eta euli gogaikarri eta kaltegilla talde andiak etorri ziran Faraonen etxetara eta bere serbitzarienetara, eta Ejiptoko lur guztira, eta izurritu zan lurra onelako euliakin.

        25. Eta otsegin zioten Faraonek Moisesi, eta Aaroni, eta esan zioten: Zoazte, eta egin zaiozute eskeñtzaria zuen Jaungoikoari lur onetan.

        26. Eta esan zuen Moisesek: Ezin lezake ori egin, zeren eskeñiko diozkagu gure Jaun Jainkoari, ejiptotarren artean iltzea sakrilejioko bekatua dan abereak. Eta baldin beren begien aurrean illko bagenduzke berak adoratzen dituzten abereak arrika egingo lizkigute.

        27. Ibilliko gera iru eguneko bidean basomortura, eta egingo diogu eskeñtzaria gure Jaun Jainkoari, agindu zigun bezela.

        28. Esan zion Faraonek: Nik utziko dizutet joaten egin dizaiozuten eskeñtzaria zuen Jaun Jaungoikoari basomortuan; baña etzaitezte urrutiago joan, erregutu ezazute ni gatik.

        29. Eta esan zuen Moisesek: Ateratzen naizenean zu gandikan, erregutuko diot Jaunari, eta biar aldeko dute euliak Faraon gandik, eta bere serbitzariak gandik, eta bere erritik; baña ez nazazu engañatu berriz utziten ez diozula joaten erriari, Jaunari eskeñtzaria egitera.

        30. Eta aterarik Moises Faraon gandik, erregutu zion Jaungoikoari.

        31. Zeñak egin zuen Moisesen itzaren araura, eta kendu zituen euliak Faraon gandik, eta bere serbitzariak gandik, eta bere erritik; etzan gelditu ez da batere.

        32. Eta astundu zan Faraonen biotza, alako moduan non etzion utzi erriari joaten oraingo aldian ere.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Sartu zaite Faraon gana, eta esan zaiozu: Oiek esaten ditu hebreotarren Jaun Jaungoikoak: Utzi zaiozu joaten nere erriari, egin dizadan eskeñtzaria.

        2. Zeren baldin oraindikan ez badezu nai, eta gelditzen badituzu:

        3. Ona non nere eskua izango dan zure kanpoen gañean, eta bidalduko det zaldien, eta astoen, eta gameluen, eta idien, eta ardien gañera izurrite txit andi bat.

        4. Eta egingo du Jaunak mirari bat Israelko gauzen, eta ejiptoen gauzen artean, ez dala galduko ezertxo ere Israelko semeai dagotenik.

        5. Eta Jaunak izentatu zuen epea, esaten zuela: Biar egingo du Jaunak mirari au lurrean.

        6. Ala egin zuen Jaunak biaramonean, eta ill ziran ejiptotarren abere guztiak, baña Israelko semeen abereetatik bat ere etzan galdu.

        7. Eta bidaldu zuen Faraonek ikustera, eta arkitu zan etzala il Israelena zan gauzarik batere. Eta astundu zan Faraonen biotza, eta etzion utzi joaten erriari.

        8. Eta esan zioten Jaunak Moisesi eta Aaroni: Artu itzatzute eskuak bete auts labe batetikan, eta zabaldu beza Moisesek zerurontz Faraonen aurrean.

        9. Eta zabaldu bedi auts au Ejiptoko lur guztitik, eta izango dira gizonetan, eta abereetan zauriak, eta bisiga andituak Ejiptoko lur guztian.

        10. Eta artu zuten autsa labe batetik, eta jarri ziraden Faraonen aurrean, eta zabaldu zuen Moiesek zerurontz, eta agertu ziraden bisiga andituen zauriak gizonetan, eta abereetan:

        11. Eta sorgiñak ezin agertu ziran Moisesen aurrean, berak eta Ejiptoko lur guztikoak zeuzkaten zauriak gatik.

        12. Eta gogortu zuen Jaunak Faraonen biotza, eta etzituen aditu, Jaunak Moisesi esan zion bezela.

        13. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Goiz jaiki eta jarri zaite Faraonen aurrean, eta esango diozu: Oiek esaten ditu hebreotarren Jaun Jaungoikoak: Utzi zaiozu joaten nere erriari, egin dizadan eskeñtzaria.

        14. Zeren oraingo aldian bidalduko ditut nere gaitz guztiak zure biotzaren gañera, eta zure serbitzarien gañera, eta zure erriaren gañera, jakin dezazun ez dala nere antzekorik mundu guztian.

        15. Zeren orain luzaturik eskua zaurituko zaitut zu, eta zure erria izurritearekin, eta galduko zera lurretikan.

        16. Onetarako gorde zaitut bizirik, agertzeko zugan nere sendotasuna, eta alabatua izan dedin nere izena mundu guztian.

        17. Oraindikan gelditurik daukak nere erria, eta ez diok utzi nai joaten?

        18. Ona non nik biar ordu ordu onetan egingo dikat arri txit ugari bat, nolakoa izan ez dan Ejipton, egiña izan zan egunetik, gaurko eguneraño.

        19. Bidaldu itzak bada oraindandik, eta bildu ire zamariak, eta kanpoan dauzkan gauza guztiak, zeren gizonak, eta abereak, eta kanpoan arkitzen ditukan gauza guztiak, eta kanpotik bilduak izan ez ditukanak, illak izango dituk, erortzen baldin badek beren gañera arria.

        20. Faraonen serbitzarietatikan Jaunaren itzaren beldur izandu zanak, bilduerazi zituen bere mirabeak, eta abereak etxeetara;

        21. Baña mezpreziatu zuenak Jaunaren itza, utzi zituen bere mirabeak, eta abereak kanpoetan.

        22. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Luzatu ezazu zure eskua zerurontz, erori dedin arria Ejiptoko lur guztian, gizonen gañera, eta abereen gañera, eta kanpoko belar guztiaren gañera Ejiptoko lurrean.

        23. Eta luzatu zuen Moisesek zigorra zerurontz, eta Jaunak egin zituen turmoiak, eta arria eta tximista batetikan bestera zebiltzanak, eta egin zuen Jaunak arria Ejiptoko lurraren gañean.

        24. Eta arria eta sua erortzen ziran naasiak beren artean, eta ain andia izan zan, non etzan len iñoiz alakorik ikusi Ejiptoko lur guztian, erreinu hura egiña izan zanetik.

        25. Eta arriak zauritu zituen Ejiptoko lur guztian, kanpoetan zeuden gauza guztiak, gizona gandik abereraño, eta kanpoko belar guztia zauritu zuen arriak, eta alderriko zuaitz guztia autsi zuen.

        26. Bakarrik Jessengo lurrean, non zeuden Israelko semeak, etzan erori arririkan.

        27. Eta bidaldu zuen Faraonek, eta deitu zituen Moises eta Aaron, esaten ziela: Bekatu egin det orain ere, Jauna justoa da, ni eta nere erria, gaiztoak.

        28. Erregutu zaiozute Jaunari gelditu ditezela Jaungoikoaren turmoiak, eta arria; joaten utzi dizazutedan, eta iñolaere geiago etzaitezen gelditu emen.

        29. Esan zuen Moisesek: Erritik ateratzen naizenean, luzatuko ditut nere eskuak Jaunagana, eta geldituko dira turmoiak, eta ez da izango arririk; jakin dezazun Jaunarena dala lurra;

        30. Baña badakust ez zuk, ez zure serbitzariak ez dezutela Jaun Jaungoikoaren beldurrik.

        31. Liñoak bada, eta garagarrak izan zituzten kalteak, garagarra berdetzen zegoelako, eta liñoa lekatxoetan moteatzen zan, onezkero;

        32. Baña garian eta galtxurian etzuen kalterik egin ziradelako berankorrak.

        33. Eta aterarik Moises Faraon gandik erritik, luzatu zituen eskuak Jauna ganontz, eta gelditu ziran turmoiak eta arria, eta etzan berriz erori euriaren tantorik lurraren gañean.

        34. Eta ikusirik Faraonek gelditu zirala euria, eta arria, eta turmoiak, geitu zituen bekatuak;

        35. Eta astundu zan bere biotza, eta bere serbitzariena, eta txit gogortu zan, eta etzioten utzi joaten Israelko semeai, Jaunak agindu zuen bezela Moisesen eskuz.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Sartu zaite Faraon gana, zeren nik gogortu det bere biotza, eta bere serbitzariena, egin ditzadan nere mirari oiek beragan,

        2. Eta kontatu dezazun zure semeen, eta zure illoben belarrietan, zenbat aldiz zeatu nituen ejiptoarrak, eta egin nere mirariak berakgan, eta jakin dezazuten ni naizala Jauna.

        3. Sartu ziran bada Moises eta Aaron Faraon gana, eta esan zioten: Oiek esaten ditu hebreotarren Jaun Jaungoikoak, Noiz arteraño nai dezu egon nere mendean jarri gabe? Utzi zaiozu joaten nere erriari,egin dizadan eskeñtzaria.

        4. Baña baldin oraindikan aurkaratzen bazatzaio, eta ez bazinioke utzi nai joaten, ona non nik sartuko dedan biar langosta zure alderrietan:

        5. Zeñak estaliko duen lurraren gaña, beraren piskarik agertu ez dedin, baizik izan dedin jana, arriak utzi duen guztia. Zeren ortxikatuko ditu, kanpoetan moteatzen diraden zuhaitz guztiak.

        6. Eta beteko dituzte zure etxeak, eta zure serbitzarienak, eta Ejiptoko guztienak; ainbeste, non ikusi ez duten zure gurasoak, eta aitonak, lurraren gañean jaio ziradenetik, gaurko eguneraño. Eta alde egin zuen, eta atera zan Faraon gandik.

        7. Esan zioten bada Faraoni bere serbitzariak: Noizarteraño sufrituko degu galtzepen au? Utzi zaiezu joaten gizon oiei egiten eskeñtzaria beren Jaun Jaungoikoari. Ez al dezu ikusten galdu dala Ejipto?

        8. Eta berriz otsegin zioten Moisesi, eta Aaroni Faraon gana, zeñak esan zien: Zoazte, egin zaiozute eskeñtzaria zuen Jaun Jaungoikoari, zeñ dira joango diranak?

        9. Esan zuen Moisesek: Joango gera gure aurrakin, eta zarrakin, semeakin eta alabakin, ardiakin eta eleakin, zeren gure Jaun Jaungoikoaren jaia da.

        10. Eta erantzun zuen Faraonek: Ala izan bedi Jauna zuekin, nola utziko dizutedan joaten zuei, eta zuen aurrai. Nor jarri dezake zalanza txit gaizki pensatzen dezutela?

        11. Ez da ala izango, baizik zoazte gizonak bakarrik, eta egin zaiozute eskeñtzaria Jaunari, zeren au da zuek zerok eskatu zendutena ere. Eta bereala izan ziraden aurtikiak Faraonen aurretik.

        12. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Luzatu ezazu zure eskua Ejiptoko lurraren gañera langostara, igo dedin bere gañera, eta iretsi dezan, arriak utzi duen belar guztia.

        13. Eta luzatu zuen Moisesek zigorra Ejiptoko lurraren gañera, eta Jaunak bidaldu zuen aize erretzalle bat egun guzti artan, eta gauean, eta etorririk goiza, aize erretzalleak jaso zituen langostak,

        14. Zeñak igo ziran Ejiptoko lur guztiaren gañera, eta jarri ziraden Ejiptoko alderri guztietan ezinkontatualak, nolakoak izan etziran denbora hura baño lenago, eta izango ere ez diran gero.

        15. Eta estali zuten lurraren gañ guztia, ondatzen zutela guztia. Iretsia izan zan bada lurreko belarra, eta zuaitzetan zan arriak utzitako fruta guztia, eta gauza berdearen deusik ere etzan gelditu zuaitzetan, eta lurreko belarretan, Ejipto guztian.

        16. Argatik Faraonek txit agudo otsegin zioten Moisesi eta Aaroni, eta esan zioten: Bekatu egin det zuen Jaun Jaungoikoaren, eta zuen kontra.

        17. Baña orain barka zadazute bekatua oraingo aldian ere, eta erregutu zaiozute zuen Jaun Jaungoikoari kendu dezala ni gandikan eriotza au.

        18. Eta aterarik Moises Faraonen aurretik, erregutu zion Jaunari.

        19. Zeñak atera zuen aize txit andi bat sartaldetikan, eta arturik langostak bota zuen itsaso Gorrira, etzan gelditu bat bakarra ere Ejiptoko alderri guztietan.

        20. Eta gogortu zuen Jaunak Faraonen biotza, eta etzien utzi joaten Israelko semeai.

        21. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Luzatu ezazu zure eskua zerurontz, eta egon bitez illuntasun ain trinkoak Ejiptoko lurraren gañean, non ukituak izan ditezkean.

        22. Eta luzatu zuen Moisesek eskua zerurontz, eta egiñak izan ziraden illuntasun izugarriak Ejiptoko lur guztian iru egunean.

        23. Etzuen ikusten batak bestea, etzan ere iñor mugitu zegoan tokitik, baña Israelko semeak zeuden edozeñ tokitan, argi zegoan.

        24. Eta otsegin zioten Faraonek Moisesi eta Aaroni, eta esan zioten: Zoazte, egin zaiozute eskeñtzaria Jaunari; bakarrik gelditu bitez zuen ardiak, ata eleak, zuen aurrak bijoaz zuekin.

        25. Esan zuen Moisesek: Ostiak eta holokaustoak ere emango dizkiguzu eskeñi dizazkiogun gure Jaun Jaungoikoari.

        26. Abere guztiak joango dirade gurekin, ez da geldituko beretatik beatzalik ere, zeñak premiazkoak dirade gure Jaun Jaungoikoaren adoraziorako; batezere ez dakigun ezkero zer izan bear duen eskeñia, toki beratara allegatu gaitezen bitartean.

        27. Gogortu zuen bada Jaunak Faraonen biotza, eta etzioten utzi nai joaten.

        28. Eta esan zion Faraonek Moisesi: Alde ezak nigandikan, eta gorde adi ikusi ez dezakan berriz nere arpegia; nere aurrean jartzen aizan edozeñere egunean, illko aiz.

        29. Erantzun zuen Moisesek: Ala izango da, itz egin dezun bezela, ez det ikusiko berriz zure arpegia.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Oraindikan zaurituko ditut Faraon eta Ejipto gaitz batekin, eta oien ondoan bidalduko zaituzte, eta estutuko zaituzte ateratzeko.

        2. Esango diozu bada erri guztiari, eskatu dizaiola gizaseme bakoitzak bere adiskideari, eta emakume bakoitzak auzoko emakumeari, zillarrezko, eta urrezko gauzak.

        3. Eta Jaunak emango dio grazia bere erriari ejiptoarren aurrean. Eta Moises izan zan gizon txit andia Ejiptoko lurrean, Faraonen serbitzarien, eta erri guztiaren aurrean.

        4. Eta esan zuen: Oiek esaten ditu Jaunak: Gauaren erdian aterako naiz Ejiptotikan ibiltzera.

        5. Eta illko da lenbizisortu guztia Ejiptoko lurrean, Faraonen lenbizisortu, bere tronuan eserita dagoanetik, errotarria darabillan neskame mendekoaren lenbizisorturaño, eta abereen lenbizisortu guztiak.

        6. Eta izango da Ejiptoko lur guztian deadar andia, nolakoa izan ez dan len, eta gero ere izango ez dan.

        7. Israelko seme guztien artean berriz gizona gandik abereetara ez du txistatuko txakur batek bederik, jakin dezazuten nolako mirariarekin berezitzen dituen Jaunak Ejipto eta Israel.

        8. Eta zure serbitzari guzti oiek etorriko dirade nigana, eta belauniko erregutuko didate, esaten dutela: Atera zaite zu, eta zure mendean dan erri guztia, oien ondoren aterako gera.

        9. Eta atera zan Faraon gandik txit aserretua. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Etzaituzte adituko Faraonek, egin ditezen asko mirari Ejiptoko lurrean.

        10. Eta Moisesek eta Aaronek egin zituzten Faraonen aurrean, eskribituak gelditzen diraden mirari guztiak. Eta gogortu zuen Jaunak Faraonen biotza, eta etzioten utzi joaten Israelko semeai bere lurretikan.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Esan ere zioten Jaunak Moisesi eta Aaroni Ejiptoko lurrean:

        2. Ill au, zuentzat illen asiera, izango da lendabizikoa urtearen illetan.

        3. Itz egin zaiozute Israelko semeen batzarre guztiari, eta esan zaiozute: ill onen amargarren egunean artu beza bakoitzak arkume bat familia bakoitzarentzat eta etxe bakoitzarentzat.

        4. Baldin etxeren bateko lagunak ez balirade, arkume bat jateko asko izan lezakean beste, artuko ditu bere etxearen alderengo dagoan auzotik, arkumea jateko bear dan beste lagun.

        5. Eta arkumea izango da mantxa gabea, aria, urte barrukoa, zeremonia onen araura artuko dezute antxumea ere.

        6. Eta gordeko dezute ill onen amalau garren eguneraño, eta illik eskeñiko du Israelko semeen talde guztiak arratsaldetik.

        7. Eta artuko dute bere odoletikan, eta jarriko dute abe bien gañean, eta jango duten etxeen ataburuetan.

        8. Eta gau artan jango dituzte aragi suan erreak, eta ogi legami gabeak baso urrazakin.

        9. Ez dezute beretatik jango jauza gordiñik, ez urean egosirik, baizikan suan errea bakarrik, jango dezute burua bere oñakin eta esteakin.

        10. Ez da geldituko beretatikan ezer biaramonerako, ezer sobratzen baldin bada, sutan erreko dezute.

        11. Eta onela jango dezute. Lotuko dituzute zuen gerriak, eta idukiko dituzute zapatak oñetan, eta makillak eskuetan, eta agudo jango dezute, dalako Jaunaren Phasoa (au da iragoera).

        12. Eta igaroko naiz Ejiptoko lurretik gau artan, eta eriotzaz zaurituko det lenbizisortu guztia barkatu gabe gizasemeri, ez abereri: eta kastigatuko ditut Ejiptoko jaungoiko guztiak, nik, Jaunak.

        13. Eta odola izango da zuentzat señalea zaudeten etxeetan, eta ikusiko det odola, eta iragoko zaituztet, eta ez da izango zuekgan gaitz ondatzallerik zauritzen dedanean Ejiptoko lurra.

        14. Eta idukiko dezute egun au gogoangarritzat, eta zelebratuko diozute beti beti Jaunari elizkizunakin jai andia bezela zuen gizaldietan.

        15. Zazpi egunean jango dezute legami gabeko ogia; lenengo egunetik ez da izango zuen etxeetan legamirik, legamidun ogia jaten duen guztia, lenengo egunetik zazpigarreneraño, anima ura izango da ebakia Israeltik.

        16. Lenengo eguna izango da santua, eta jaia, eta zazpigarren eguna jai eta elizkizun berdiñakin beneragarria; ez dezute egingo beretan lanikan batere, salbu janariari dagoztenak.

        17. Eta gordeko dezute legamigabeen jaia, zeren egun huratan beratan aterako det zuen erria Ejiptoko lurretik, eta gordeko dezute egun au beti beti zuen gizaldietan elizkizunakin.

        18. Lenbiziko illean, illaren amalaugarren egunean, arratsaldetik jango dituzute legamigabeak, il aren beraren ogeita bat garren eguneraño arratsaldetik.

        19. Zazpi egunean ez da arkituko zuen etxeetan legamirik, jaten duena legamitua, galdua izango da bere anima Israelko batzarretik, naiz izan arrotza, naiz berez errikoa.

        20. Ez dezute jango gauza legamiturik, zuen bizileku guztietan jango dituzute legamigabeak.

        21. Eta otsegin zioten Moisesek Israelko semeen zar guztiai, eta esan zioten: Zoazte, artzen dezutela aberea zuen familia bakoitzarentzat, eta egin ezazute Pazkoa.

        22. Eta urdingorriaren txortatxo bat busti ezazute atearen azpian dagoan odolean, eta berarekin odoliztatu itzatzute ataburua, eta abe biak, ez bedi atera zuetatik iñor bere etxeko atetik goizeraño.

        23. Zeren iragoko da Jauna ejiptotarrak zaurituaz, eta ikusten duenean odola ataburuan, eta abe bietan, iragoko da etxearen atetik, eta ez dio utziko zauritzalleari zuen etxeetan sartzen, eta kalte egiten.

        24. Gorde ezazu aginte au izango dana lege bat bezela zuretzat eta zure semeentzat beti betiko.

        25. Eta sartzen zeratenean Jaunak emango dizuten lurrera eskeñi zuen bezela, gordeko dituzute zeremonia oiek.

        26. Eta galdetzen dizutenean zuen semeak: Zer esan nai du elizkizun onek?

        27. Erantzungo diezute: Jaunaren iragoerako eskeñtzaria da, irago zanean Israelko semeen etxeetatik Ejipton, zaurituaz ejiptotarrak, eta gure etxeai kalterik egin gabe. Eta makurturik erria, adoratu zuen.

        28. Eta aterarik Israelko semeak, egin zuten Jaunak Moisesi eta Aaroni agindu zioten bezela.

        29. Eta gertatu zan gauaren erdian, zauritu zituen Jaunak lenbizi sortu guztiak Ejiptoko lurrean, Faraonen lenbizisortu, bere tronuan eserita zegoanetik, presoindegian zegoan andre mendekoaren lenbizisorturaño, eta abereen lenbizisortu guztiak.

        30. Eta jaiki zan, Faraon gauaz eta bere serbitzari guztiak, eta Ejipto guztia, eta atera zan garrasi andi bat Ejipton, zeren ez zan etxerik, zeñean ez zegoan illen bat etzanik.

        31. Eta otsegiñik Faraonek Moisesi eta Aaroni gauaz, esan zioten: Jaiki eta atera zaitezte nere erritik, zuek eta Israelko semeak, zoazte, egin zaiozute eskeñtzaria Jaunari, esaten dezuten bezela.

        32. Artu itzatzute zuen ardiak eta eleak eskatu dezuten bezela, eta zoaztenean bedeinkatu nazazute.

        33. Eta ejiptotarrak estututzen zuten erria ateratzeko agudo beren lurretik, esaten zutela: Guztiok il bear degu.

        34. Erriak bada artu zuen iriñ orratua, legamia jarri zitzaion baño lenago, eta loturik burusietan, ipiñi zuen bere solbarden gañean.

        35. Eta egin zuten Israelko semeak Moisesek agindu zioten bezela, eta eskatu ziezten ejiptotarrai zillarrezko eta urrezko ontziak, eta soñeko txit asko.

        36. Eta Jaunak eman zion grazia erriari ejiptotarren aurrean prestatu zitzaiezteen, eta aingabe utzi zituzten ejiptotarrak.

        37. Eta joan ziraden Israelko semeak Ramessestik Sokotera, sei eun milla gizon oñezko bezelatsu aurrak kontatu gabe.

        38. Baitaere atera zan berekin naasirik erriko jende talde neurri gabe bat, ardiak, eta abere andiak, eta asko motako pisti txit ugaria.

        39. Eta egosi zuten arestian Ejiptotik atera zuten iriñ orratua, eta egin zituzten sutauspeko ogi legami gabeak, zeren ezin izan zioten bota legamirik, ejiptotarrak obligatzen zituztelako ateratzera, eta gelditutxo bat ere egin gabe ibiltzera, ez zitzaioten ere gogoratu janariaren piska bat prestatzea.

        40. Eta Israelko semeak Ejipton bizi izan ziran denbora da, lareun eta ogei ta amar urtekoa.

        41. Zeñak beterik, egun bat batean atera zan Ejiptoko lurretik Jaunaren ejerzitu guztia.

        42. Gau au diña da iragotzeko Jaunaren izenean, zeñean atera zituen Ejiptoko lurretik Israelko semeak, eta zelebratu bear dute emendikan aurrera beti Israelko seme guztiak.

        43. Eta esan zioten Jaunak Moisesi eta Aaroni: Au da Pazkoa zelebratzeko modua. Ez du arrotzek jango beretatikan.

        44. Eta mendeko erosi guztia izango da zirkunzidatua, eta ala jango du.

        45. Arrotzak eta alogerekoa ez dute jango beretatikan.

        46. Etxe batean jango da, eta ez dituzute eramango kanpora bere aragiak, ez dezute ere autsiko bere ezurrik.

        47. Israelko semeen batzarre guztiak zelebratuko du Pazkoa.

        48. Eta baldin arrotzen batek nai balu biurtu zuen federa, eta zelebratu Jaunaren pazkoa, lendikan izango dirade zirkunzidatuak gizaseme guztiak, eta orduan zelebratuko du legearaukiro; eta izango da errian jaioa balitza bezela; baña zirkunzidatua ez danak, ez du pazkoa jango.

        49. Lege bat gordeko du zuen artean bizi dan erritarrak, eta arrotzak.

        50. Eta egin zuten Israelko seme guztiak, Jaunak Moisesi eta Aaroni agindu zioten bezela.

        51. Eta egun haratan berean atera zituen Jaunak Ejiptoko lurretik Israelko semeak beren taldeetan.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Eskeñi zadazu bere amaren sabela idikitzen duen lenbizisortu guztia, Israelko semeen artean, bai gizonetatik eta bai abereetatik, zeren guztiak dirade nereak.

        3. Eta Moisesek esan zion erriari: Oroitu zaitezte egun onekin, zeñean atera ziñaten Ejiptotik eta katiberioko etxetik, zeren esku sendoarekin atera zinduzten Jaunak toki onetatik, ez dezazuten jan legamidun ogia.

        4. Gaur ateraten zerate uzta berrien illean.

        5. Eta sartzen zaituenean Jaunak kanaantarren, eta hettarren, eta amorreotarren, eta hebeotarren, eta jebustarren lurrera juramentuarekin eskeñi ziotenera zure gurasoai emango zizula zuri, eznea eta eztia darion lurra, zelebratuko dezu zeremonia santu au ill onetan.

        6. Zazpi egunean jango dituzu legamigabeak, eta zazpigarren egunean izango da Jaunaren egun andia.

        7. Jango dituzute legamigabeak zazpi egunean, ez da agertuko zugan legamidun gauzarik; ez eta zure aldamen guztietan.

        8. Eta kontatuko diozu zure semeari egun artan, eta esango diozu: Au da Jaunak egin zidana Ejiptotik atera nintzanean.

        9. Eta izango da señalea bezela zure eskuan, eta oroipena bezela zure begien aurrean, eta Jaunaren legea beti izan dedin zure aoan, zeren esku sendoarekin atera zinduzen Jaunak Ejiptotik.

        10. Gordeko dezu zeremonia au denbora izentatuan egunetatik egunetara.

        11. Eta sartzen zaituenean Jaunak kanaantarren lurrean, juramentu egin zuen bezela zuri eta zure gurasoai, eta ematen dizunean:

        12. Berezituko diozu Jaunari lenbizisortu guztia, eta zure abereetan lenenjaioa, dezun arki guztia, eskeñiko diozu Jaunari.

        13. Astoaren lenbizisortua ganbiatuko dezu ardi batekin; erreskatatzen ez baldin bedezu, illko dezu. Baña zure seme lenbizisortu guztiak erreskatatuko dituzu diruarekin.

        14. Eta galdetzen dizunean zure semeak biar, esaten duela: Zer da au? Erantzungo diozu: Esku sendoarekin atera ginduen Jaunak Ejiptoko lurretik, katibutasuneko etxetik.

        15. Zeren nola gogortu zan Faraon, eta ez utzi nairik guri joaten, ill zuen Jaunak lenbizisortu guztia Ejiptoko lurrean, gizonaren lenbizisortutik abereen lenbizisoturaño: argatik eskeñtzen diot nik Jaunari lenengo jaiotzen dan ar gauza guztia, eta nere semeen lenbizisortuak erreskatatzen ditut.

        16. Izango da bada señale bat bezela zure eskuan, eta zinzili bat bezela zure begien aurrean, oroipengarritzat; esku sendoarekin atera ginduelako Jaunak Epiptotik.

        17. Utzirik bada irtetzen Faraonek erriari, etzituen zuzendu Jaungoikoak Filistotarren lur aldean dagoanetik, damutu etzekion beldurrez, baldin ikusten bazuen gerrak jaikitzen ziradela bere kontra, eta itzuli etzedin Ejiptora.

        18. Baizikan zuzendu zuen basamortuko bide, itsaso gorriaren aldean dagoanaren txirkuetatikan, eta Israeleko semeak igo ziran Ejiptoko lurretik armakin.

        19. Eraman ere zituen Moisesek berekin Joseren ezurrak; zeñak juramentuarekin eskeñi erazi zioten Israelko semeai, esaten ziotela: Jaungoikoak bisitatuko zaituzte, eraman itzatzu emendikan nere ezurrak zuekin.

        20. Eta berak joanik Sokotikan jarri zituzten etzauntzak Ethamen basomortuaren atzenengo mugetan.

        21. Eta Jauna zijoan beren aurretikan erakusteko bidea, egunaz odeizko abe batean, eta gauaz suzko abe batean, izateko bideko zuzentzallea denbora bietan.

        22. Etzan iñoiz faltatu odeizko abea egunaz, ez eta suzko abea gauaz, erriaren aurrean.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Esan zaiezu Israelko semeai: itzuli ditezela, eta jarri ditzatela etzauntzak Fihahiroten aurrean, zeñ dagoan Magdaloren eta itsasoaren bitartean, Beelsefonen aurrean, bere aurrean jarriko dituzute etzauntzak itsasoaren aldean.

        3. Eta esango du Faraonek Israelko semeak gatik: Estutuak daude lurtartean, eta basomortuak ingurutu ditu.

        4. Eta gogortuko det bere biotza, eta persegituko zaituzte, eta izango naiz gloriaz betea Faraongan, eta bere ejerzitu guztiagan. Eta jakingo dute ejiptoarrak ni naizala Jauna. Eta ala egin zuten.

        5. Eta adirazi zioten ejiptoarren erregeari iges zuela erriak, eta aldatu zan Faraonen, eta bere serbitzarien biotza erriagatik, eta esan zuten: Zer egitea nai izan degu Israeli joaten utzitearekin, serbitu ez gengizkan?

        6. Uztartu zituen bada zaldiak, itsatsi kotxeari, eta artu zuen berekin bere erri guztia.

        7. Eta eraman zituen sei eun kotxe autatu, eta Ejipton arkitu ziraden kotxe guztiak: eta ejerzitu guztiko agintariak.

        8. Eta gogortu zuen Jaunak Faraon Ejiptoko erregearen biotza, eta persegitu zituen Israelko semeak, baña berak atera ziran esku indartsu baten laguntasunarekin.

        9. Eta jarraiturik ejiptoarrak aurretik zijoazenen aztarnak, arkitu zituzten etzauntzetan itsasoaren aldean, Faraonen zaldizko guztiak, eta kotxeak, eta ejerzitu guztia zeuden Fihahirothen Beelsefonen aurrean.

        10. Eta alderatu zanean Faraon, Israelko semeak altxaturik begiak, ikusi zituzten ejiptoarrak beren ondoren, eta txit beldurtu ziraden, eta deadarrez asi ziran Jaunari erregututzen,

        11. Eta esan zioten Moisesi: Noski etzan Ejipton obirik, argatik ekarri gaituzu ill gindezen basamortuan: Zer egin nai zenduen Ejiptotik gu ateratzearekin?

        12. Ez al giñizun esaten oraindikan Ejipton geundela: Alde ezazu gu gandik, serbitu ditzagun ejiptoarrak? Zeren askoz obeago zan berak serbitzea, basomortuan iltzea baño.

        13. Eta esan zion Moisesek erriari: Etzaitezte beldur izan, zaudete sendo, eta ikusiko dituzute Jaunak gaur egingo dituen mirariak; zeren ikusten dituzuten ejiptoarrak, iñolaere berriz ez dituzute ikusiko sekula geiago.

        14. Jaunak gudatuko du zuek gatik, eta zuek issilik egongo zerate.

        15. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Zergatik deadar egiten didazu? Esan zaiezu Israelko semeai dijoazela.

        16. Eta zuk altxatu ezazu zure zigorra, eta luzatu ezazu zure eskua itsasoaren gañera, eta berezitu ezazu, joan ditezen Israelko semeak itsasoaren erditik leorrean.

        17. Eta nik gogortuko det ejiptoarren biotza, persegitu zaitzateen, eta izango naiz gloriaz betea Faraongan, eta bere ejerzitu guztiagan, eta beraren kotxeetan, eta zaldidian.

        18. Eta jakingo dute ejiptoarrak ni naizala Jauna, gloriaz betea naizanean Faraongan, eta bere kotxeetan eta zaldidian.

        19. Eta jaikirik Israelko ejerzituaren aurretik zijoan Jaungoikoaren aingerua, jarri zan beren atzean, eta orobat berarekin odeizko abea, utzirik aurrea,

        20. Jarri zan atzealdetik ejiptoarren ejerzituaren, eta Israelko ejerzituaren bitartean; eta zan odeia illuna, eta argitzen zuen gaua alako moduan, non ezin zitezkean elkargana alderatu.

        21. Eta luzaturik Moisesek eskua itsasoaren gañera, idiki zuen Jaunak erditikan, eta nola zerabillan gau guztian aize sendo eta erretzalle bat, leortu zuen, eta urak gelditu ziran berezituak.

        22. Eta sartu ziraden Israelko semeak itsaso leorraren erditikan, zeren ura zegoan murrua bezela beren eskuietik eta ezkerretik.

        23. Eta persegitzen zieztela ejiptoarrak sartu ziraden beren ondoren, eta Faraonen zaldidi guztia, bere kotxeak eta zaldizkoak, itsasoaren erditik.

        24. Eta allegatua zan onezkero goizeko beilla, eta ona non begiraturik Jaunak ejiptoarren ejerzituaren gañera suzko eta odeizko abetikan, il zuen beren ejerzitua:

        25. Eta autsi zituen gurdien kurpillak eta eramanak ziraden itsasoaren ondora. Esan zuten bada ejiptoarrak: iges dezagun Israelgandik, zeren Jauna ari da gudan beren alde eta gure kontra.

        26. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Luzatu ezazu zure eskua itsasoaren gañera, itzuli ditezen urak ejiptoarrak gana beren gurdien eta zaldien gañera.

        27. Eta luzaturik Moisesek eskua itsasorontz, itzuli zan egunsentian leengo tokira, eta urak bidera atera zitzaiezten igesi zijoazen ejiptoarrai, eta Jaunak ondatu zituen baguen erdian.

        28. Eta itzuli ziraden urak, eta estali zituzten Israeltarren ondoren itsasora sartu ziran Faraonen ejerzituko gurdi eta zaldi guztiak, eta beretatik bat bakarra ere etzan gelditu.

        29. Israelko semeak ordea irago ziraden itsaso leorraren erditikan, eta urak ziraden berentzat murruak bezela eskuietatik, eta ezkerretatik:

        30. Eta Jaunak libratu zuen egun artan Israel ejiptoarren eskutikan.

        31. Eta ikusi zituzten ejiptoarrak illik itsasoaren bazterraren gañean, eta Jaunak berakin egin zuen kastigu andia, eta erria Jaunaren beldur izan zan, eta sinistu zioten Jaunari, eta bere serbitzari Moisesi.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Orduan Moisesek eta Israelko semeak kantatu zioten kanta au Jaunari, eta esan zuten: Kantatu dizaiogun Jaunari, zeren argitu erazi dio bere gloria eta anditasunari, eta aurtiki ditu itsasora zaldia eta zalduna.

        2. Jauna da nere sendotasuna, eta nere alabantzen gaia, zeren bera izan da nere salbagillea; au da nere Jaungoikoa, eta nik zabalduko det bere gloria, nere gurasoen Jaungoikoa, eta goitialtzatuko det.

        3. Jauna da gizon gudari errutsu bat bezelakoa, bere izena guzialduna.

        4. Aurtiki zituen itsasora Faraonen gurdiak; eta bere ejerzitua; bere kapitan autatuak izan ziraden ondatuak itsaso gorrian.

        5. Ossiñak estali zituzten, jatxi ziran ondora arria bezela.

        6. Zure eskuiak, o Jauna, erakutsi du bere sendotasun andia: zure eskuiak, o Jauna, zauritu zuen etsaia.

        7. Eta zure gloriaren ugaritasunarekin botatu dituzu zure etsaiak; bidaldu zenduen zure aserrea, zeñak iretsi zituen lasto bat bezela.

        8. Eta zure aserreko aizearekin montoitu ziraden urak; gelditu zan bazijoan baga, montoitu ziraden ossiñetako urak itsasoaren erdian.

        9. Esan zuen etsaiak: Jarraituko diet, eta arrapatuko ditut, emango dieztet gauza arrapatuak, asetuko da nere anima, biluztuko det nere ezpata, ilko ditu nere eskuak.

        10. Atera zuen zure aizea, eta estali zituen itsasoak; ondatu ziran beruna bezela ur txit andietan.

        11. Zeñ zure antzekoa sendoen artean, Jauna? Zeñ zure antzekoa, ain andia santutasunean, ikaragarria, eta alabagarria, eta mirarien egillea?

        12. Luzatu zenduen zure eskua, eta iretsi zituen lurrak.

        13. Zure urrikaritasunean izan ziñan, erosi zenduan erriaren zuzentzallea, eta eraman zenduen zure sendotasunarekin, bere bizileku santura.

        14. Jaiki ziran erriak, eta aserratu ziran; gelditu ziran miñ andiakin Palestinan bizi ziranak.

        15. Orduan izutu ziran Edomgo prinzipeak, eta ikara jaubetu zan Moabko errutsuakin; illotzik gelditu ziran Kanaanen bizi ziran guztiak.

        16. Erori bedi beren gañera beldurra eta izua, zure besoaren anditasunagatik; gelditu bitez mugitu eziñak arri bat bezela, iragotzen dan artean, o Jauna, zure erria; iragotzen dan artean, zuk irabazi dezun zure erri au.

        17. Eramango dituzu barrena, eta jarriko dituzu zure primezako mendian zure bizileku txit sendo, zuk egin zenduenean, Jauna: zure eskuak sendatu zuten santulekuan, Jauna.

        18. Jaunak erregiñatuko du beti eta geiago.

        19. Zeren Faraon sartu zan zaldiz itsasoan bere gurdiakin eta zaldizkoakin, eta Jaunak botatu zituen beren gañera itsasoko urak; Israelko semeak berriz ibilli ziraden leorretik beraren erdian.

        20. Artu zuen bada Maria emakume profeta, Aaronen arrebak, zaldabaia bat bere eskuan, eta atera ziraden emakume guztiak bere ondoren zaldabaiakin eta dantzakin,

        21. Zeñai asten zitzaioten kantatzen, esaten zuela: Kantatu dizaiogun Jaunari, zeren argitu erazi dio bere gloria eta anditasuna, eta aurtiki ditu itsasora zaldia eta zalduna.

        22. Eta eraman zuen Moisesek Israel itsaso gorritik, eta atera ziraden Surko eremura, eta ibilli ziraden iru egunean eremutikan, eta etzuten arkitzen urik.

        23. Eta etorri ziraden Marara, eta ezin zituzten edan Marako urak ziradelako samiñak; argatik jarri ere zion tokiari izen egokia, deitzen ziola Mara, au da, samintasuna.

        24. Eta gaizki esaka ari zan erria Moisesen kontra, esaten zuela: Zer edango degu?

        25. Baña berak deadar egin zion Jaunari, zeñak erakutsi zion zur bat: zeñ botarik uretara, gozotu ziran. An eman ziozkan Jaunak erriari aginteak, eta legeak, eta an probatu zuen,

        26. Esaten zuela: adituko baldin bazendu zure Jaun Jaungoikoaren boza, eta egingo baldin bazendu bere aurrean ona dana, eta obedituko baldin baziñiozke bere aginteai, eta gordeko bazinduzke bere aginte guztiak, ez det botatuko zure gañera Ejiptoren gañera botatu nituen gaitzik batere, zeren ni naiz zure sendatzalle Jauna.

        27. Eta etorri ziraden Elimera Israelko semeak, non zeuden amabi iturri urezko, eta irurogeita amar palma, eta jarri zituzten etzauntzak uren aldean.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta joan ziraden Elimdik, eta Israelko semeen talde guztia etorri zan Singo eremura, zeñ dagoan Elim eta Sinairen bitartean; bigarren illaren amabosgarren egunean, atera ziraden ezkero Ejiptoko lurretik.

        2. Eta gaizki esan zuen Israelko semeen batzarre guztiak Moises eta Aaron gatik eremuan.

        3. Eta esan zioten Israelko semeak: Arren bada il izan bagiña Jaunaren eskuz Ejiptoko lurrean, esertzen giñanean aragien eltzen gañean, eta jaten genduenean ogia ase arteraño! Zergatik atera ginduzuten baso mortu onetara, il zenezaten talde guztia gosearekin?

        4. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Ona non nik bidalduko dizkizutet ogiak zerutik; atera bedi erria eta bildu beza asko dana egun bakoitzerako; tentatu dezadan ote dabillan nere legean, ala ez.

        5. Baña seigarren egunean prestatu bitzate gordeko dutena, eta izan bedi egunoro bildu oi zutena baño birretan geiago.

        6. Eta esan zioten Israelko seme guztiai Moisesek eta Aaronek: Gaurko arratsaldean jakingo dezute Jaunak atera zinduztela Ejiptoko lurretik:

        7. Eta biar ikusiko dezute Jaunaren eskua, zeren aditu du beragatik kejatzen zeratela; gu berriz zer gera, gure kontra eraunsian aritzeko?

        8. Eta esan zuen Moisesek: Jaunak emango dizkizute arratsaldean aragiak jateko, eta goizean ogia ase arteraño; aditu dituelako zuen gaizki esateak, zeñakin gaizki esan dezuten bere kontra, zeren, zer gera gu? Ez da ere gure kontra zuen gaizki esatea, baizik Jaunaren kontra.

        9. Esan ere zion Moisesek Aaroni: Esan zaiozu Israelko semeen batzarre guztiari: Atozte Jaunaren aurrera, zeren aditu du zuen gaizki esatea.

        10. Eta itz egiten zionean Aaronek Israelko semeen batzarre guztiari, begiratu zuten eremura, eta ona, non Jaunaren anditasuna agertu zan odeiaren erdian.

        11. Eta Jaunak itz egin zion Moisesi, esaten zuela:

        12. Aditu ditut Israelko semeen gaizki esanak, esan zaiezu: Arratsaldean jango dituzute aragiak, eta goizetik aseko zerate ogiz, eta jakingo dezute ni naizala zuen Jaun Jaungoikoa.

        13. Allegatu zan bada arratsaldea, eta igorik galeperrak, estali zituzten etzauntzak: goizetik ere zegoan zabaldurik lurrean intz bat kanpoen inguruan.

        14. Eta estalirik lurraren gaña, agertu zan eremuan gauza txee bat, eta motrairuan matxakatua bezela, inziarraren irudian lurraren gañean.

        15. Zeñ ikusi zutenean Israelko semeak, esan zioten elkarri: Manhu? Zeñak esan nai duen: Zer da au? Zeren etzekiten zer zan. Zeñai esan zioten Moisesek: Au da Jaunak eman dizuten ogia jateko.

        16. Ona Jaunak berak agindu duena: Bildu beza bakoitzak beretatik jateko aski duena; lakari bat buru bakoitzarentzat, etzauntzean bizi diraden zuen animen kopuruaren araura, ala artuko dezute.

        17. Eta ala egin zuten Israelko semeak, eta bildu zuten, batak geiago, besteak gutxiago.

        18. Neurtu zuten gero lakariarekin, geiago bildu zuenak, etzuen argatik geiago iduki; eta gutxiago prestatu zuenak ere, etzuen arkitu gutxiago, baizik bakoitzak bildu zuen jan al zezakeanaren araura.

        19. Eta esan zioten Moisesek: Ez beza iñork beratatik utzi biarko.

        20. Zeñak etzuten aditu, baizikan beretatik batzuek gorde zuten biaramonerako, eta asi zan arrez betetzen, eta usteldu zan, eta aserretu zan Moises beren kontra.

        21. Biltzen zuen bada bakoitzak goizean, jateko aski izan zezakean beste, eta eguzkia berotzen asten zanean, urtutzen zan.

        22. Eta seigarren egunean bildu zuten birretan ainbat janari, au da, bi lakari gizon bakoitzarentzat, eta etorri ziraden erriko buru guztiak, eta kontatu zioten Moisesi.

        23. Zeñak esan zioten: Au da Jaunak esan duena: Biar da larunbateko egunaren atsedena, Jaunari santutua; egingo dan lan guztia, egin ezazute, eta egosiko diraden gauza guztiak, egosi itzatzute, eta sobratzen dan guztia, gorde ezazute biar arte.

        24. Eta egin zuten Moisesek agindu zioten bezela, eta etzan usteldu, eta arrik ere etzan beretan arkitu.

        25. Eta esan zuen Moisesek: Jan ezazute au gaur, zeren Jaunaren larunbata da; ez da arkituko gaur kanpoan.

        26. Sei egunean bildu ezazute, zazpigarren egunean ordea Jaunaren larunbata da, argatik ez da arkituko.

        27. Eta etorri zan zazpigarren eguna, eta aterarik errikoak biltzera, etzuten arkitu.

        28. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Noizarteraño ez dituzute gorde nai nere aginteak, eta nere legea?

        29. Begira ezazute Jaunak eman zizutela larunbata, eta argatik seigarren egunean eman zizuten birretan ainbat janari; bego bakoitza bere etzauntzean, ez bedi iñor atera bere tokitikan zazpigarren egunean.

        30. Eta atseden zuen erriak zazpigarren egunean.

        31. Eta Israelko etxeak deitu zuen bere izena Man: zeñ zuria martorriaren azia bezela, eta bere gustua iriñ lorarena eztiarekin bezela.

        32. Eta esan zuen Moisesek: Au da Jaunak agindu zuen itza: Bete ezazu beratatik lakari bat, eta gorde beti, gero izango diraden gizaldietarako, jakin dezaten zerekin bazkatu zinduztedan eremuan, ateratuak izan ziñatenean Ejiptoko lurretikan.

        33. Eta esan zion Moisesek Aaroni: Ar zazu ontzi bat, eta jarri ezazu an, lakari batek kabitu al dezakean mana, eta ipiñi ezazu Jaunaren aurrean, gordetzeko zuen gizaldietarako,

        34. Jaunak agindu zion bezela Moisesi. Eta jarri zuen Aaronek utxaren tokian gordetzeko.

        35. Eta Israelko semeak jan zuten mana berrogei urtean, etorri ziraden artean lur bizigarrira; janari onekin bazkatuak izan ziraden, ukitu zioten bitartean Kanaango lurraren alderriai

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Joanik bada Israelko semeen talde guztia Singo basomortutik, beren egotaldiakin, Jaunak esan zioten bezela, jarri zituzten etzauntzak Rafidinen, non etzuen erriak urik edateko.

        2. Zeñek asirik deadarrez Moisesen kontra, esan zuen: Eman zaguzu ura, edan dezagun. Zeñai erantzun zioten Moisesek: Zergatik gaizki esaten dezute nere kontra? Zergatik tentatzen dezute Jauna?

        3. Egarritu zan bada erria uraren urritasuna gatik, eta gaizki esan zuen Moises gatik, ziola: Zergatik atera erazi diguzu Ejiptotikan iltzeko gu, eta gure semeak, eta abereak egarriarekin?

        4. Eta deadarrez zuzendu zan Moises Jauna gana, esaten zuela: Zer egingo diot erri oni? Denbora gutxi barru, arrika ere egingo didate.

        5. Eta Jaunak esan zion Moisesi: Jarri zaite erriaren aurrean, eta artu itzatzu zurekin Israelko zarretatik batzuek, eta eraman ezazu zure eskuan zigorra, zeñarekin zauritu zenduen ibaia, eta zoaz.

        6. Ona non ni egongo naizen an zure aurrean, Horebko arriaren gañean, eta joko dezu arria, eta bertatikan aterako da ura, edan dezan erriak. Ala egin zuen Moisesek Israelko zarren aurrean;

        7. Eta toki ari deitu zion, Tentazioa, Israelko semeen erausia gatik, eta Jauna tentatu zutelako, esaten zutela: Jauna gure artean bai al dago, ala ez?

        8. Eta etorri zan Amalek, eta gudatzen zuen Israelen kontra Rafidimen.

        9. Eta esan zion Moisesek Josueri: Autatu itzatzu gizonak, eta aterarik gudatu ezazu Amaleken kontra, biar ni egongo naiz muñoaren tontorrean, nere eskuan Jungoikoaren zigorra dedala.

        10. Egin zuen Josuek Moisesek esan zion bezela, eta gudatu zuen Amaleken kontra, eta Moises, eta Aaron, eta Hur igo ziran muñoaren tontorraren gañera.

        11. Eta jasotzen zituenean Moisesek eskuak, garaitzen zuen Israelek, baña beeratzen zituenean piska bat, garaitzen zuen Amalekek.

        12. Eta Moisesek zituen eskuak nekatuak, artzen zutela bada arri bat, jarri zuten bere azpian zeñean eseri zan, eta Aaronek eta Hurrek sostenitzen zituzten bere eskuak aldamen bietatik. Eta gertatu zan bere eskuak ez nekatzea eguzkia sartu artean.

        13. Eta Josuek iges eragin zion Amaleki, eta bere erriari ezpataren aoz.

        14. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Eskribitu ezazu au oroipengarritzat liburu batean, eta jarri ezazu Josueren belarrietan, zeren arras kenduko det bere oroizkiña zeruaren azpitik.

        15. Eta egin zuen Moisesek aldare bat, eta deitu zion, Jauna nere gloriemallea, esaten zuela:

        16. Zeren Jaunaren jargoiaren eskua, eta Jaunaren gerra izango da Amaleken kontra, gizaldirik gizaldira.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta aditu zituenean Jetrok, Madiango apaizak, Moisesen aideak Jaungoikoak Moisesi, eta Israelko bere erriari egin ziozkan gauza guztiak, eta Jaunak atera zuela Israel Ejiptotikan:

        2. Artu zuen Sefora Moisesen emaztea, zeñ bialdu zion,

        3. Eta bere bi semeak, zeñetatikan bati zeritzan Jersam, esaten zuela aitak: Arrotza izandu nintzan besteren errian.

        4. Besteari berriz Eliezer; zeren, esan zuen, nere aitaren Jaungoikoa izan zan nere laguntzallea, eta libratu ninduen Faraonen ezpatatik.

        5. Etorri zan bada Jetro Moisesen aidea, eta bere semeak, eta bere emaztea, Moises gana eremura, non zegoan jarririk etzauntzak Jaungoikoaren mendiaren aldean.

        6. Eta bidaldu zion mandatua Moisesi, esaten zuela: Ni Jetro zure aidea nator zugana, eta zure emaztea, eta zure bi semeak berarekin.

        7. Zeñ aterarik bidera bere aideari, makurtu zitzaion, eta musu eman zion, eta agurrak egin ziozkaten elkarri itz paketsuakin. Eta sarturik etzauntzera,

        8. Kontatu ziozkan Moisesek bere aideari Jaunak Faraoni, eta ejiptoarrai egin ziozkaten gauza guztiak Israelen amorioa gatik, eta bidean irago bear izan zituzten neke guztiak, eta Jaunak libratu zituela.

        9. Eta poztu zan Jetro Jaunak Israeli egin ziozkan mesede guztiak gatik, atera zuelako ejiptoarren eskutikan,

        10. Eta esan zuen: Bedeinkatua Jauna libratu zinduztena ejiptoarren eskutik, eta Faraonen eskutik, zeñak atera zuen Faraonen eskutik bere erria.

        11. Orain ezagutzen det, andia dala Jauna jaungoiko guztien gañetik; arrokeriarekin jaiki diradelako beren kontra.

        12. Eskeñi ziozkan bada Jetro Moisesen aideak Jaungoikoari emaitzak eta opariak, eta etorri ziraden Aaron eta Israelko zar guztiak ogia jatera berarekin Jaungoikoaren aurrean.

        13. Eta beste egunean eseri zan Moises erria juzgatzeko, zeñ zegoan Moisesen inguruan goizetik arratsalderaño.

        14. Aditu zuenean au bere aideak, au da, errian egiten zituen gauza guztiak, esan zuen: Zer da errian egiten dezuna? Zertarako zaude eserita bakarrik, eta erri guztia dago zai goizetik arratsalderaño?

        15. Zeñi erantzun zion Moisesek: Erria nigana dator Jaungoikoaren erabakia billatzera.

        16. Eta ezpaitaren bat gertatzen zaiotenean, badatoz nigana juzgatu dezadan beren artean, erakutsi dizaieztedan Jaungoikoaren aginteak, eta bere legeak.

        17. Eta berak: Ez da ona, esan zuen, egiten dezun gauza:

        18. Alferrikako lanarekin nekatzen zera bai zu, eta bai zurekin dagoan erria; zure indarrez gañetikoa da naia, bakarrik ezin beteko dezu.

        19. Baizik aditu itzatzu nere itzak eta esan onak, eta Jaungoikoa zurekin izango da. Izan zaite zu erriaren bitartekoa Jaungoikoari dagozkion gauzetan presentatzen diozkazula egiten zaiozkan erreguak.

        20. Eta erakutsi dizaiozkazun erriari zeremoniak, eta nola egin elizkizunak, zeñ bideri jarraitu bear dioten, eta zer dan egin bear dutena.

        21. Gañerakoetarako autatu itzatzu erri guztitik gizon sendo, eta Jaungoikoaren bildurrekoak, egia zaleak, zekentasunaren gorrotokoak, eta beretatik jarri itzatzu errizaitzalleak eta eun gizonen, eta berrogei ta amarren, eta amarren kontua dutenak,

        22. Zeñak juzgatu dezaten erria denbora guztian, gauza astunagoa dan guztia berriz, ekarri dezatela zugana, eta berak juzgatu ditzatela bakarrik balio gutxiko gauzak, eta eramangarriago izan dedin zuretzat, besteen artean partiturik zama.

        23. Au egiten baldin badezu, beteko dezu Jaunaren agindua, eta iduki al izango dituzu oñean bere aginteak, eta erri guzti au itzuliko da bere tokietara pakean:

        24. Zeñak aditurik, Moisesek egin zituen ark adirazi ziozkan gauza guztiak.

        25. Eta autaturik gizon errutsuak Israel guztitik, jarri zituen erriaren burutzat errizaitzalleak, eta eun gizonen, eta berrogeita amarren, eta amarren kontua zeukatenak.

        26. Zeñak juzgatzen zuten erria denbora guztian, eta astunagoa zan guztia, eramaten zioten Moisesi, juzgaturik berak gauza errazagoak bakarrik.

        27. Eta bidaldu zuen bere aidea, zeñ aterarik joan zan bere errira.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Ejiptoko lurretikan Israelen ateraeraren irugarren illean, egun onetan etorri ziraden Sinaiko basomortura.

        2. Zeren joanik Rafidimdik, eta allegaturik Sinaiko basomorturaño, jarri zituzten etzauntzak toki bertan, eta Israelek an ipiñi zituen dendak mendiaren aurrean.

        3. Eta Moises igo zan Jaungoikoa gana, eta Jaunak otsegin zion menditikan, eta esan zuen: Oiek esango diozkazu Jakoben etxeari, eta adiraziko diozkazu Israelko semeai:

        4. Zuek zerok ikusi zenduten zer egin nien ejiptoarrai, nola eraman zinduztedan agilen egoen gañean, eta artu neretzat.

        5. Baldin bada aditzen badezute nere boza, eta gordetzen badezute nere elkartasuna, izango zerate neretzat erri guztien artean zati autatu bat, zeren nerea da lur guztia.

        6. Eta zuek izango zerate neretzat apaizen erreinu bat, eta jende santua. Oiek dirade Israelko semeai esango dieztezun itzak.

        7. Etorri zan Moises, eta bildurik erriko zar guztiak, adirazi ziozkaten Jaunak agindu ziozkan itz guztiak.

        8. Eta erantzun zuen erri guztiak batera: Egingo ditugu Jaunak esan dituen gauza guztiak. Eta adirazirik Moisesek Jaunari erriaren itzak,

        9. Esan zion Jaunak: Oraintxe etorriko naiz zugana odei illun batean, aditu nazan erriak zurekin izketan ari naizala, eta sinistu dezazula betiko. Moisesek bada adirazi ziozkan Jaunari erriaren itzak.

        10. Zeñak esan zion: Zoaz erriagana, eta santutu itzatzu gaur, eta biar, eta garbitu bitzate beren soñekoak.

        11. Eta beude gertutuak irugarren egunerako, zeren irugarren egunean jatxiko da Jauna erri guztiaren aurrean Sinaiko mendiaren gañera.

        12. Eta izentatuko diozkazu mugak erriari inguruan, eta esango dieztezu: Begira ezazute, etzaitezela igo mendira, eta ez ditzazutela ukitu beraren mugai; mendiari ukitzen dion guztia, illko da ziertoro.

        13. Eskuak ez dio ukituko, baizikan izango da arrika, edo saetakin illa, naiz dala aberea, naiz gizona, ez da biziko. Asten danean txaranbela jotzen, orduan igo bitez mendira.

        14. Jatxi zan Moises menditikan errira, eta santutu zuen erria. Eta garbitu zituztenean beren soñekoak,

        15. Esan zioten: Zaudete jertuak irugarren egunerako, eta etzaitezte allegatu zuen emazteetara.

        16. Eta allegatua zan onezkero irugarren eguna, eta goiza arkitua, eta ona non asi ziraden adituak izaten turmoiak, argitzen txismistak, eta odei txit trinko batek estali zuen mendia, eta txaranbelaren soñuak ots egiten zuen gogortasun andiagoarekin, eta etzauntzetan zegoan erria beldurtu zan.

        17. Eta aterarik berak Moisesek etzauntzen tokitik Jaungoikoari bidera irtetzeko, gelditu ziraden mendiaren ondoan.

        18. Eta Sinaiko mendi guztia ketan zegoan, Jauna jatxi zalako bere gañera suan, eta igotzen zalako beratatik kea labe batetikan bezela, eta mendi guztia zegoan ikaragarria.

        19. Eta txaranbelaren otsa geldika geldika azitzen zan andiagora, eta urrutiagora zabaltzen zan, Moisesek itz egiten zuen, eta Jaungoikoak erantzuten zion.

        20. Eta jatxi zan Jauna Sinaiko mendiaren gañera mendiaren gañ gañean, eta ots egin zion Moisesi bere tontorrera. Igorik ara,

        21. Esan zion: Jatxi zaite, eta kontuan ipiñi ezazu erria, ez ditzala irago mugak Jauna ikusteko, eta beretatik talde andiren bat galdu ez dedin.

        22. Santutu bitez, Jauna gana alderatzen diraden apaizak ere, zauritu ez ditzan.

        23. Eta esan zion Moisesek Jaunari: Ezin igoko da erria Sinaiko mendira, zeren zuk adirazi, ta agindu dezu, esaten dezula: izentatu itzatzu mugak mendiaren inguruan, eta santutu ezazu.

        24. Zeñi esan zion Jaunak: Zoaz, jatxi zaite, eta igoko zera zu, eta Aaron zurekin. Baña apaizak eta erriak ez bitzate irago mugak, ez eta ere igo Jaunagana, ill ez ditzan.

        25. Eta jatxi zan Moises erriagana, eta kontatu zieten guztia.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta esan zituen Jaunak itz guzti oiek:

        2. Ni naiz zure Jaun Jaungoiko, atera zindudana Ejiptoko lurretikan, katiberioko etxetikan.

        3. Ez dituzu idukiko besteren Jaungoikoak nere aurrean.

        4. Ez dezu egingo zuretzat arrizko, ez zurezko Jaungoiko irudirik, ez goian zeruan dagoanaren, ez bean lurrean dagoanaren, ez lurraren azpian uretan daudenen irudirik.

        5. Ez dituzu adoratuko, ez elizkizunik egingo; ni naiz zure Jaun Jaungoiko sendoa, zelotsua, kastigatzen dedana gurasoen gaiztakeria semeetan, gorroto didatenen irugarren eta laugarren gizaldian:

        6. Eta egiten dedana urrikalmendua millatan maitatzen nautenakin, eta nere aginteak gordetzen dituztenakin.

        7. Ez dezu artuko alperrikan zure Jaun Jaungoikoaren izena, zeren ez du kastigu gabe utziko Jaunak, bere Jaun Jaungoikoaren izena alperrikan artzen duena.

        8. Oroitu zaite santututzearekin larunbateko eguna.

        9. Sei egunean ariko zera lanean, eta egingo dituzu zure bear guztiak.

        10. Zazpigarren egunean ordea zure Jaun Jaungoikoaren larunbata da; ez dezute egingo lanik bertan, zuk, eta zure semeak, eta zure alabak, zure morroiak, eta zure neskameak, zure abereak, eta zure ateen barrenen dagoen arrotzak.

        11. Zeren sei egunean egin zituen Jaunak zerua, eta lurra, eta itsasoa, eta beretan dauden gauza guztiak, eta atseden zuen zazpigarren egunean; argatik bedeinkatu zuen Jaunak larunbateko eguna, eta santutu zuen.

        12. Honratu itzatzu zure aita eta zure ama, urte askoan bizi zaitezen, zure Jaun Jaungoikoak emango dizun lurraren gañean.

        13. Ez dezu illko.

        14. Ez dezu aragizko pekaturik egingo.

        15. Ez dezu lapurretarik egingo.

        16. Ez dezu esango zure lagun urkoaren kontra gezurrezko asmaziorik.

        17. Ez dezu gutiziatuko zure lagun urkoaren etxea, ez dezu ere opatuko bere emaztea, ez morroia, ez neskamea, ez idia, ez astoa, ez berea dan gauzarikan.

        18. Eta erri guziak aditzen zituen bozak, eta argitasunak, eta txaranbelaren otsa, eta mendia keetan: eta beldurturik eta ikaraturik, egon ziraden urrutian.

        19. Esaten ziotela Moisesi: itz egin zaguzu zuk, eta adituko dizugu, ez digula itz egin Jaunak, il ez gaitezten.

        20. Eta esan zion Moisesek erriari: Etzaitezte beldurtu, zeren Jaungoikoa etorri da zuek probatzera, eta izan dedin zuekgan bere beldurra, eta ez dezazuten bekaturik egin.

        21. Eta egon zan erria urrutian. Moises berriz alderatu zan, Jaungoikoa zegoan illuntasunera.

        22. Gañera esan zion Jaunak Moisesi: Oiek esango diozkazu Israelko semeai: Zuek ikusi dezute zerutikan itz egin dizutedala.

        23. Ez dezute egingo zillarrezko jaungoikorik, ez dezute ere egingo zuentzat urrezko jaungoikorik.

        24. Egingo didazute lurrezko aldarea, eta eskeñiko dituzute bere gañean emaitza eta hostia paketsuak, zuen ardiak, eta idiak, nere izenaren oroitza dan toki guztian; etorriko naiz zugana, eta bedeinkatuko zaitut.

        25. Eta egiten baldin badidazu arrizko aldarea, ez didazu egingo arri landuakin: zeren altxatzen baldin badezu arzirik bere gañean, loitua izango da.

        26. Etzera igoko nere aldarera malletatikan, agertu ez dedin zure billostasuna.

 

OGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Oiek dirade ipiñiko diozkazun juezlegeak.

        2. Erosiko baldin bazendu hebreotar gizaseme mendekoren bat, sei urtean serbituko zaitu, zazpi garrenean aterako da askatua doan.

        3. Nolako soñekoarekin sartu zan, alakoarekin atera bedi, baldin sartu bazan emaztea zuela, emaztea ere aterako da batean.

        4. Baña baldin bere nagusiak emango balio emaztea, eta egingo balitu semeak eta alabak, andrea eta bere semeak izango dirade bere nagusiarenak, bera berriz aterako da bere soñekoarekin.

        5. Eta esango balu gizaseme mendekoak: maitatzen ditut nere nagusia, eta emaztea, eta semeak, ez naiz aterako askatuta:

        6. Nagusiak eramango du jaungoikoak gana, eta jarriko du atearen eta abeen kontra, eta zulatuko du bere belarria eztenarekin, eta izango da mendekoa nagusiarentzat gizaldi baterako.

        7. Iñork salduko baldin balu bere alaba mendekotzat, ez da aterako beste neskatxa menpekoak atera oi diran bezela.

        8. Ez baldin baderitza ongi emana izan zaion nagusiari bere begietan, utziko dio joaten, baña ez du eskubiderik izango saltzeko erri arrotzi, mezpreziatuko baldin balu.

        9. Baña baldin bere semearekin ezkontzitzatuko baldin balu, alaben oituraren araura egingo dio.

        10. Baña ezkonduko baldin balu bere semea beste batekin, emango dio neskatxari senarra, eta soñekoak, eta ez dio ukatuko onestaren balioa.

        11. Iru gauza oiek egingo ez baldin balitu, aterako da doan dirurikan gabe.

        12. Zauritzen duenak gizona iltzeko gogoarekin illa izan bedi.

        13. Baña zelatak jarri ez diozkana, baizik Jaungoikoak bere eskuetan paratu duena, izentatuko dizut tokia, zeñara iges egin bearko duen.

        14. Baldin iñork illko balu bere lagun urkoa berariaz eta zelatakin, aterako dezu nere aldaretik, illa izan dedin.

        15. Zauritzen duena bere aita edo ama, illa izan bedi.

        16. Gizonen bat ostu, eta saltzen duena, egiazturik gaiztakeria, illa izan bedi.

        17. Madarikatzen duena bere aita, edo ama, illa izan bedi.

        18. Aserratzen baldin badira bi gizon, eta batak zauritzen badu lagun urkoa arriarekin edo ukabillarekin, eta au illtzen ez baldin bada, baizik egongo balitza oian etzanik:

        19. Jaikiko baldin balitz, eta ibilli kanpoan bere makillaren gañean, ez da kastigatua izango zauritu duena, ematen baldin baditu bere alogerak, eta pagatu sendagillen kastuak.

        20. Zauritzen duena bere menpeko gizaseme edo emakumea makillarekin, eta illko baldin balirade bere eskuetan, izango da gaiztakeriaren obendun.

        21. Baña biziko baldin balitz gero egun batean, edo bian, ez da kastigatua izango, zeren bere dirua da.

        22. Gizonak despitan ariko baldin balirade, eta beretarikoren batek zaurituko balu andre aurduna, eta aurra galduko balu, eta bera bizirik geldituko balitz, pagatuko du kaltea gatik andrearen senarrak eskatzen duena, eta erabakitzalleak juzgatzen dutena.

        23. Baña andrea illko balitz, pagatuko du anima gatik anima,

        24. Begia gatik begia, ortza gatik ortza, eskua gatik eskua, oña gatik oña,

        25. Errakia gatik errakia, zauria gatik zauria, otsa gatik otsa.

        26. Baldin norbaitek zaurituko balu bere mendeko gizaseme edo emakumearen begia, eta okerrak jarriko baliozka, utziko diozkate joaten atera dion begia gatik.

        27. Orobat aterako badin balio ortz bat bere mendeko gizaseme edo emakumeari, askatuta utziko ere die joaten.

        28. Baldin beiren batek zaurituko balu adarrarekin gizasemea, edo emakumea, eta illko balirade izango da arrika illa, eta ez dirade jango bere aragiak, eta beiaren jabea ez da kastigatua izango.

        29. Baña baldin beia balitza adarkaria lendikan, eta gaztigatua izan balitza bere jabea, eta idukiko ez balu toki itxian, eta ilko balu gizaseme edo emakumeren bat, ez bakarrik izango da beia arrika illa, baita bere jabea ere izango da illa.

        30. Ipiñiko baliote kastigutzat dirua pagatzea, emango du bere bizia gatik eskatzen zaion guztia.

        31. Eta zaurituko baldin balu adarrarekin semea, edo alaba, erabaki berdiñaren mendean egongo da.

        32. Baldin jotzera egingo balio mendeko gizaseme edo emakumeari, emango diozka nagusiari ogeita amar siklo zillarrezko, eta beia izango da arrika illa.

        33. Baldin iñork idikiko balu urpetegiren bat, eta aitzurtuko balu, eta ez balu estaliko, eta eroriko baldin balitza ara bei edo astoren bat,

        34. Pagatuko du urpetegiaren jabeak abereen balioa, baña ill dana, berea izango da.

        35. Norbaiten beiak zaurituko balu besteren beia eta ura illko balitz: salduko dute bei bizia, eta partituko dute balioa, eta illaren aragia beren artean partituko dute.

        36. Baña baldin bekian adarkaria zala beia atzo eta orainegundikan, eta iduki ez baldin balu bere jabeak toki itxian, itzuliko du beiagatik beia, eta artuko du osorik bei illa.

 

OGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Baldin norbaitek ostuko balu beiren bat, edo ardiren bat eta ill edo salduko balu, biurtuko ditu bost bei, bei bat gatik, eta lau ardi, ardi bat gatik.

        2. Baldin arkituko balitz lapurren bat bortxatzen edo lurrean aitzurtzen ari dala, eta arturik zauriren bat illko balitz, zauritu duena ez da izango odolaren obendun.

        3. Baña au egingo baldin balu eguzkia atera ezkero, gaizki ill du gizona, eta bera ere illa izango da. Ez baldin baleuka zer biurtu lapurreta gatik, bera izango da saldua.

        4. Arkitu balitz beragan bizirik ostu duena, naiz beia, naiz astoa, naiz ardia; itzuliko du birretan ainbat.

        5. Baldin iñork kalterik egiten badu kanpoan, edo mastian, eta utziten badio joaten bere abereari bazkatzen besterenak itzuliko du bere kanpoan, edo mastian duen gauzarik onen guztia, kaltearen araura.

        6. Aterarik sua arkitu balitu arantzak, eta suak artuko balitu frutuen gabillak, edo kanpoetan zutik dauden uztak, pagatuko du kaltea su eman dionak.

        7. Baldin iñork emango balio dirua edo ontzia adiskideari gordetzeko, eta ostuko baldin baliozkate artu dituenari, lapurra arkitzen baldin bada, biurtu beza birretan ainbat.

        8. Ezkutuan baldin badago lapurra, etxeko nagusia izango da jarria jaungoikoen aurrean, eta juramentu egingo du ez duela luzatu eskua bere lagun urkoaren gauzara,

        9. Ez zer ikusirik izan lapurretan, naiz beiarenean naiz astoarenean, naiz ardiarenean, naiz soñekoarenean, naiz kalte egin dezakeen edozeñ gauzarenean; bien auzia eramango da jaungoikoak gana, eta baldin oiek erabakitzen badute, birretan ainbat itzuliko dio bere lagun urkoari.

        10. Baldin norbaitek emango balio bere lagun urkoari astoa, beia, ardia, edo edozeñ abere gordetzeko, eta illko balitza, edo elbarritu, edo izango balitza etsaiak arrapatua, eta iñork au ikusiko ez baldin balu:

        11. Juramentu egingo du, ez diola luzatu eskua bere lagun urkoaren gauzari, eta jabeak juramentu artuko du, eta bestea ez da beartua izango kaltea osotzera.

        12. Baña ostu baldin baliote, osotuko dio kaltea jabeari,

        13. Izan baldin balitza pistiak jana, eraman beza jabea gana, illa izan dana, eta ez du biurtuko.

        14. Eskatzen dionak bere lagun urkoari prestamenean oietatiko edozeñ gauza, eta elbarritu edo illko balitza, jabea aurrean ez dala, beartua izango da itzultzera.

        15. Baña jabea aurrean baldin balego, ez du itzuliko, batezere alkilatua balitza bere lanaren saria gatik.

        16. Baldin iñork engañatuko balu birjiña bat, ezkontzaz itztu gabea, eta lo egingo balu berarekin, emango dio dotea, eta artuko du emaztetzat.

        17. Baldin birjiñaren aitak ez balio eman nai, pagatuko du dirua, bijiñak artu oi izan duten dotearen neurriaren araura.

        18. Ez dezu permitituko bizi ditezela sorgiñak.

        19. Aberearekin naasitzen dana, illa izan bedi.

        20. Egiten diozkana eskeñtzariak Jaunari bakarrik baño besteri, illa izango da.

        21. Ez dezu naigabetu, eta estutuko arrotza, zeren zuek ere arrotzak izan ziñaten Ejiptoko lurrean.

        22. Eztiezute kalterikan egingo alargunari eta umezurtzari.

        23. Kalterikan egiten baldin badiezute, deadar egingo dute nigana, eta nik adituko det beren deadarra:

        24. Eta piztuko da nere aserrea, eta zaurituko zaituztet ezpatarekin, eta izango dirade zuen emazteak alargunak, eta zuen semeak umezurtzak.

        25. Ematen baldin badiozu dirua prestamenean nere erri beartsu zurekin bizi danari, ez dezu premiatuko kobratzalleak bezela, ez eta ere estutu lukuruakin.

        26. Artuko baldin bazendu zure lagun urkoa gandik soñekoa prendan, itzuliko diozu eguzkia sartu baño lenago.

        27. Zeren orixe bera da soñeko bakarra, zeñekin estalitzen duen bere aragia, eta ez du besterik, zeñarekin lo egin; nigana deadarrez zuzentzen baldin bada, adituko det, zeren urrikaltsua naiz.

        28. Ez dezu gaizki esango jaungoikoak gatik, eta ez dezu madarikatuko zure erriko prinzipea.

        29. Ez dezu luzatuko pagatzea amarrenak eta lenbiziak, zure semeen lenbizisortua emango didazu.

        30. Eta berdin egingo dezu idiakin, eta ardiakin, zazpi egunean bego bere amarekin eta zortzigarren egunean itzuliko didazu.

        31. Gizon santuak izango zerate neretzat; abereak lendikan probatua izan dan aragia, ez dezute jango, baizikan aurtikiko diezute txakurrai.

 

OGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Etzaite egon jezur asmatzalleai aditzen, ez dezu ere elkartuko zure eskua esateko gezurrezko asmazioa gaiztoaren alde.

        2. Ez diozu jarraituko taldeari gaizki egiteko, eta batzarrean ere; ez diozu jarraituko askoren iritziari, aldegiteko egiatik.

        3. Pobrearekin ere etzera urrikal izango erabakia ematean.

        4. Arkituko baldin bazendu zure etsaiaren bei, edo asto galdua, itzuli zaiozu.

        5. Ikusiko baldin bazendu gorroto dizunaren astoa etzinik zamaren azpian, etzera aurrera iragoko, baizik lagunduko diozu altxatzen.

        6. Etzera zearkatuko emateko erabakia pobrearen gaitzean.

        7. Igesko dezu gezurragandik. Obengabe eta justua ez dezu illko, zeren gorroto diot gaiztoari.

        8. Ez dituzu ere artuko emaitzak, zeñak itsututzen dituzten begiratuak ere, eta biurritzen justoen erabakiak.

        9. Arrotzari ez diozute gogait eragingo. Zeren badakizute zer dan arrotz izatea, zeren zuek ere arrotz egon ziñaten Ejiptoko lurrean.

        10. Sei urtean ereiñgo dezu zure lurra, eta bilduko dituzu bere frutuak.

        11. Baña zazpigarren urtean utziko diozu, eta atseden eraziko diozu, jan dezaten zure erriko pobreak, eta gelditzen dan guztia, jan bezate kanpoko pistiak, ala egingo dezu zure mastian, eta zure olibadian.

        12. Sei egunean ariko zera lanean, zazpigarren egunean jostatuko zera, atseden dezan zure beiak, eta zure astoak, eta gozatu dedin zure mendeko andrearen semea, eta arrotza.

        13. Gorde itzatzute esan dizutedan gauza guztiak. Eta ez dezute juramenturik egingo jangoiko arrotzen izenean, eta ez da aditua ere izango zuen aotikan.

        14. Iru alditan urte bakoitzean zelebratuko dizkidazute jaiak.

        15. Gordeko dezu legamigabeen jaia. Zazpi egunean jango dituzu legamigabeak, agindu nizun bezela, frutu berrien denboran, atera ziñanean Ejiptotik, etzera agertuko nere aurrean utsik.

        16. Beste jaia izango da zure lanen lenbiziko frutuak ebakitzean, kanpoan ereiñ dezun guztiena. Irugarren jaia izango da kanpoko frutu guztiak biltzean, urtearen bukaeran.

        17. Iru aldiz urtean agertuko da zure gizaseme guztia zure Jaun Jaungoikoaren aurrean.

        18. Ez dezu eskeñiko legamiaren gañean nere emaitzaren odola; ez da ere geldituko nere jai andiko gantza biar arte.

        19. Zure lurreko frutuen lenbiziak eramango dituzu zure Jaun Jaungoikoaren etxera. Ez dezu egosiko antxumea bere amaren eznean.

        20. Ona non nik bidalduko dedan nere aingerua, joango dana zure aurretik, eta gorde zaitzan bidean, eta sartu zaitzan prestatu dedan tokian.

        21. Erreberenziatu ezazu, eta aditu bere boza, ez ezazu uste izan mezpreziatzekoa dala, zeren bekatu egiten dezunean etzaitu utziko, eta beragan da nere izena.

        22. Baña baldin adituko bazendu bere boza, eta egingo baziñitu esaten ditudan gauza guztiak, izango naiz zure etsaien etsaia, eta naigabetuko ditut naigabetzen zaituztenak.

        23. Eta joango da zure aurretik nere aingerua, eta sartuko zaitu amorreoen, eta heteoen, eta ferezeoen, eta kananeoen, eta hebeoen, eta jebuseoen, nik puskatuko ditudanen lurrean.

        24. Ez dituzu adoratuko beren jangoikoak, eta ez diezu ere egingo elizkizunik: ez dezu egingo beren lanik, baizik arrasatuko dituzu, eta autsiko dituzu beren talluak.

        25. Eta serbituko dezute zuen Jaun Jaungoikoa, bedeinkatu ditzadan zure ogiak eta urak, eta kendu dezadan eritasuna zure erditikan.

        26. Ez da izango zure lurrean aurra galduko duen andrerik, ez soillik; beteko det zure egunen neurria.

        27. Bidalduko det nere izua zure aurretikan, eta illko det zu sartzen zeran erri guztia, eta eragingo diet iges zure aurretikan zure etsai guztiai:

        28. Bidaldurik eultzarrak aurretik, zeñak igeseraziko dioten hebeoai, eta kanaaneoai, eta heteoai, sartu zaitezten baño lenago.

        29. Ez ditut botatuko zure aurretik urte batean, lurra eremu itzuli ez dedin, eta ugaritu ez ditezten pistiak zure kontra.

        30. Geldika geldika botako ditut zure aurretik, alik eta ugaritu, eta lurrarekin jabetu zaitezten bitartean.

        31. Eta jarriko ditut zure mugak itsaso Gorritik palestinatarren itsasoraño, eta eremutik ibairaño; ipiñiko ditut zuen eskuetan lurrean bizi diradenak, eta botako ditut zuen aurretik.

        32. Ez dezu egingo elkartasunik berakin, eztaere beren jaungoikoakin.

        33. Ez bitez bizi zure lurrean, pekatu eragin ez dizazun, serbituko baldin baziñitu beren jaungoikoak, zeñ egiazki izango litzakean zure galmena.

 

OGEITALAU GARREN KAPITULUA

        1. Moisesi ere esan zion: igo zaite Jauna gana zu, eta Aaron, Nadab eta Abiu, eta Israelko irurogeita amar zarrak eta adoratuko dezute urrutitikan.

        2. Eta Moises bakarrik igoko da Jauna gana, eta aiek ez dirade alderatuko; eta erria ere ez da berarekin igoko.

        3. Etorri zan bada Moises, eta kontatu ziozkan erriari Jaunaren itz, eta erabaki guziak, eta erantzun zuen erri guztiak itz batean: Egingo ditugu Jaunak esan dituen itz guztiak.

        4. Eta eskribatu zituen Moisesek Jaunaren itz guztiak, eta goiz jaikirik egin zuen aldare bat mendiaren ondoan, eta amabi arri Israelko amabi arrien araura.

        5. Eta bidaldu zituen Israelko semeetatik gazte batzuek, eta egin zituzten emaitzak, eta illik txal paketsuak, eskeñi ziozkaten Jaunari.

        6. Eta artu zuen Moisesek odolaren erdia, eta botatu zuen ontzietara, eta gañerakoa isuri zuen aldarearen gañean.

        7. Eta arturik elkartasuneko liburua, irakurri zuen erriak aditzen zuela: zeñak esan zuten: Egingo ditugu, Jaunak esan dituen gauza guztiak, eta izango gera obedigilleak.

        8. Berak berriz arturik odola odoliztatu zuen erriaren gañean, eta esan zuen: Au da Jaunak zuekin itz guzti oien gañean egin duen elkartasunaren odola.

        9. Eta igo ziran Moises, eta Aaron, Nadab eta Abiu, eta Israelko zarretatik irurogei ta amar.

        10. Eta ikusi zuten Israelko Jaungoikoa, eta bere oñen azpian safirozko arriz egindako lan bat bezelakoa, eta zerua bezelakoa, osgarbi dagoenean.

        11. Etzuen ere luzatu bere eskua, urrutira alde egin zuten Israelko semeen gañera, eta ikusi zuten Jaungoikoa, eta jan zuten, eta edan zuten.

        12. Eta esan zion Jaunak Moisesi: igo zaite nigana mendira, eta zaude an, eta emango dizkizut arrizko olak, eta eskribatu ditudan legea eta aginteak, erakutsi dizaieztezun.

        13. Jaiki ziraden Moises eta Josue bere serbitzaria, eta igorik Moises Jaungoikoaren mendira,

        14. Esan zioten zarrai: itxedon ezazute emen alik eta itzuli gaitezten bitartean zuekgana. Badituzute zuekin Aaron eta Hur, izango baldin balitza ezpaitik, eramango dezute berak gana.

        15. Eta igorik Moises, odei batek estali zuen mendia,

        16. Eta Jaunaren gloria agertu zan Sinairen gañean, estaltzen zuela odeiak sei egunean, eta zazpigarren egunean ots egin zion illuntasunaren erditikan.

        17. Eta zan Jaunaren gloriaren irudia, mendiaren tontorraren gañean irazekita dagoan sua bezelakoa, Israelko semeen aurrean.

        18. Eta sarturik Moises lañoaren erdira, igo zan mendira, eta egon zan an berrogei egunean eta berrogei gauean.

 

OGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Esan zaiezu Israelko semeai, artu ditzatela neretzat lenbiziak; artuko dizkiozute bere naiz eskintzen dituen gizon guztiari.

        3. Oiek dirade berriz artu bear dituzutenak: urrea, eta zillarra, eta kobrea,

        4. Jazintoa eta purpura, eta grana bi aldiz ganbusia, eta liño fiña, auntzen illeak,

        5. Eta arien larru lugorrituak, eta larru morauak, eta Setimgo zurak:

        6. Olioa adreztzeko lanparak, aromak okenduarentzat, eta usai oneko lurrinkaiak:

        7. Onixko arriak eta arri baliotsuak apaintzeko efhod, eta razionala.

        8. Eta egingo didate eliza bat, eta bizituko naiz beren erdian

        9. Erakutsiko dizudan elizaren irudi guztiaren araura, eta bear dituen ontzi guztienera: eta onela egingo dezute.

        10. Egin ezazute Setimgo zurakin kutxa bat, luzeran beso bi, eta erdi dituena, zabaleran beso bat eta erdi, orobat goibean beso: bat eta erdi.

        11. Eta estaliko dezu barrendik eta kanpotik urre txit garbiarekin, eta egingo dezu bere gañean, urrezko arpain bat inguruan,

        12. Eta urrezko lau eraztun; zeñak ipiñiko dituzun kutxaren lau egiyetan; bi eraztun egon bitez aldamen batean eta bi bestean.

        13. Egingo ere dituzu zigor batzuek Setimgo zurakin, eta estaliko dituzu urrez.

        14. Eta sartuko dituzu kutxaren aldamenetan dauden eraztunetatik, eramateko beretan:

        15. Zeñak egongo diraden beti eraztunetan, eta ez dirade iñoiz aterako bertatik.

        16. Eta jarriko dezu kutxan, emango dizudan sinisgaia.

        17. Egingo ere dezu estalkia urre txit garbiarekin; idukiko ditu luzeeran beso bi eta erdi, eta zabaleran beso bat eta erdi.

        18. Egingo ere dituzu, bi Kerubin urrezkoak, eta malluz landuak, estalkiaren aldamen batetikan eta bestetikan.

        19. Kerubin bata bego aldamen batean, eta bestea bestean.

        20. Estali bitzate estalkiaren aldamen biak, zabaldurik egoak, eta estalirik itzlekua eta beude elkarri begira itzulirik arpegiak estalkira, zeñarekin estaldua izango da kutxa,

        21. Zeñean jarriko dezu emango dizudan sinisgarria.

        22. Andikan emango dizkizut aginteak, eta itz egingo dizut estalkiaren gañean, eta bi Kerubinen sinisgarriko kutxaren gañean egongo diradenen erditik, zure bitartez Israelko semeai aginduko dieztedan gauza guztiak.

        23. Egingo ere dezu mai bat Setimgo zurakin dituena bi beso luzeeran, eta beso bat zabaleran, eta beso bat eta erdi goibean.

        24. Eta estaliko dezu urre txit garbiarekin, eta egingo diozu urrezko borde bat inguruan,

        25. Eta bordeari berari arpain otallartetu bat, alturan lau beatzekoa, eta beraren gañean, beste urrezko arpaintxo bat.

        26. Gertutuko ere dituzu lau eraztun urrezko, eta ipiñiko dituzu maiaren beraren lau egiyetan oñ bakoitzean.

        27. Urrezko eraztunak egongo dirade arpañaren azpian, zigorrak sartu ditezten beretatik, eta maia izan dezakean eramana.

        28. Egingo ere dituzu zigor oiek Setimgo zurakin, eta inguratuko dezu urrezko plantxakin maia eramateko.

        29. Gertutuko ere dituzu urrerik garbienarekin katilluak, eta basoak, eta inzensuonziak, eta kopak, zeñean eskeñiak izango diraden doaiñak.

        30. Eta jarriko dituzu maiaren gañean proposizioko ogiak nere aurrean beti.

        31. Egingo ere dezu urrerik garbienarekin kandelero bat malluz landua, bere kirtena, eta besangak, basoak, eta bolatxoak, eta lirioak beratatikan ateratzen diradenak.

        32. Sei besanga aterako dirade aldamenetatik, iru aldamen batetik, eta iru bestetik.

        33. Besanga bakoitzean egongo dirade iru baso intxaurraren gisara, eta batean bolatxoak, eta lirio bat. Au izango da kirtenetik aterako diraden sei besangen lana:

        34. Eta kandeleroan berean egongo dirade lau baso intxaurraren gisara, eta bakoitzean bolatxoak, eta lirioak.

        35. Egongo dirade bolatxo batzuek bi besangen azpian iru tokitan, zeñak batean diraden sei kirten batetikan ateratzen diradenak.

        36. Bolatxoak bada, eta besangak aterako dirade beratatikan, guztiak malluz urrerik garbienarekin egiñak.

        37. Egingo ere dituzu zazpi lanparatxo, eta jarriko dituzu kandeleroaren gañean, argi egin dezaten aurretikan.

        38. Despabillakaiak ere, eta babillak itzalitzeko tokiak, egingo dirade urrerik garbienarekin.

        39. Kandeleroaren pisu guztia bere ontzi guztiakin izango da urre txit garbizko talento bat urre txit garbia.

        40. Begira, eta egiñ ezazu, mendian erakutsi zitzazun modeloaren araura.

 

OGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Tabernakuloa berriz onela egingo dezu: Egingo dituzu amar kortina liño fiñ biurtuzkoak, eta jazintozkoak, eta purpurazkoak, eta grana bi aldiz bustitakoak, bordatu mot askorekin.

        2. Kortina bakoitzaren luzeerak idukiko ditu ogei eta zortzi beso; zabalera, lau besokoa izango da. Neurri batekoak izango dirade kortina guztiak.

        3. Bost kortina itsatsiko zaizka elkarri, eta beste bostak itsatsiko dirade modu bertan.

        4. Egingo dituzu jazintozko eutskarriak kortinen aldamenetan eta goietan, elkarri itsatsi daitezkean.

        5. Kortina bakoitzak idukiko ditu berrogei ta amar eutskarri aldamen bakoitzean, alako moduan maneatuak, non bata besteari doitu dezakean .

        6. Egingo ere dituzu berrogeita amar erraztun urrezko, zeñakin bituko diraden kortinen beloak, tabernakulo bat egin dedin.

        7. Egingo ere dituzu auntzen illezko amaika pañu tabernakuloaren tellatua estalitzeko.

        8. Pañu baten luzeerak idukiko ditu ogei ta amar beso, eta zabalerak lau; berdiña izango da oial guztien neurria.

        9. Zeñatatikan elkartuko dituzu bost berezian, eta itsatsiko dituzu sei bata besteari, alako moduan, non seigarren oiala tolestuko dezun tellatuaren aurretikan.

        10. Egingo ere dituzu berrogei ta amar euskarri oial baten egalean, bitu dedin bestearekin, eta berrogei ta amar euskarri beste oialaren egalean, bestearekin itsatsi dedin.

        11. Egingo ere dituzu berrogei ta amar ebilla bronzesko, zeñakin elkartu ditezen euskarriak, guztietatik estalki bat egin dedin.

        12. Baña nola tellaturako dauden estalkietatik bat sobratzen dan, onen erdiarekin estaliko dezu tabernakuloaren osteko aldea.

        13. Eta beso bat geldituko da zinzilika aldamen batetikan, eta beste bat bestetikan, zeñ sobratzen dan estalkien luzeeran, tabernakuloaren bi aldamenak estaltzen dituela.

        14. Egingo ere diozu tabernakuloari beste estalki bat arien larru lugorrituakin, eta onen gañean beste estalki bat larru morauakin.

        15. Egingo ere dituzu Setimgo zurakin tabernakuloaren zur, zutik zuzen daudenak.

        16. Zeñak guztiak idukiko dituzten amarna beso luzeeran, eta zabaleran bana eta erdi.

        17. Ol bakoitzaren aldamenetan egingo dirade bi akats, katigatzeko ol bata bestearekin, eta era onetan ipiñiko dirade beste ol guztiak.

        18. Zeñatatik ogei egongo dirade eguerdiaren aldamen egoera begira dagoanean.

        19. Zeñaentzat urtu eta egingo dituzu berrogei ondape zillarrezko, alako moduan non, bi ondape egon ditezen ol bakoitzaren azpian egi bietan.

        20. Nortera begira dagoan, tabernakuloaren beste aldamenean ere, ogei ol egongo dirade,

        21. Dauzkatenak berrogei ondape zillarrezko, bi ondape ipiñiko dirade ol bakoitzaren azpian.

        22. Tabernakuloaren sartaldeko aldamenean berriz egingo dituzu sei ol,

        23. Eta berriz beste bi, zeñak altxatuko diraden egietan tabernakuloaren ostean.

        24. Eta egongo dirade elkarturik beetik goraño, eta lokarri batek idukiko ditu guztiak. Eta elkartasun berdiña gordeko da, egiyetan ipiñiko diraden ol bietan.

        25. Eta guztietan izango dirade zortzi ol beren ondape zillarrezkoak amasei, kontaturik bi ondape ol bakoitza gatik.

        26. Egingo ere dituzu bost zearkai Setingo zurakin, sendatzeko, olak tabernakuloaren aldamen batean.

        27. Eta beste bost bestean, eta sartaldeko aldamenean beste ainbeste:

        28. Zeñak zearkatuko dituzte olak aldamen batetik bestera.

        29. Baita estaliko dituzu urrez zurak berak, eta urtu eta egingo dituzu berentzat urrezko arraskak, zeñaen bitartez zearkaiak iduki ditzaten olak; zeñak estaliko dituzu urrezko baldiakin.

        30. Eta altxatuko dezu tabernakuloa, mendian erakutsia izan zatzun irudiaren araura:

        31. Egingo ere dezu estalkia jazintozkoa, eta purpurazkoa, eta bi aldiz ganbusitako granazkoa, eta liño fiñ biurtuzkoa lan bordaduakin, eta nabarde ederrarekin eoa:

        32. Zeñ esekiko dezu Setingo zurezko lau abeen aurrean, zeñak ere egongo dirade urrez estalirik, eta idukiko dituzte urrezko erpiñak, baña ondape zillarrezkoak.

        33. Eta estalkia geldituko da zinzilika eraztunen bitartez, eta beraren barrenen ipiñiko dezu testimonioko kutxa, eta zeñarekin berezituak geldituko dirade Santua, eta Santuen Santua.

        34. Ipiñiko ere dezu propiziatorioa testimonioko kutxaren gañean Santuen Santuan:

        35. Eta maia estalkitik kanpora, eta maiaren aurrean kandeleroa tabernakuloaren eguerdiruntzko aldamenean, zeren maia egongo da Ifarreko aldean.

        36. Egingo ere dezu tabernakuloaren sarreran kortiña bat jazintozkoa, eta purpurazkoa, eta bi aldiz ganbusitako granazkoa, eta liño fiñ biurtuzkoa, bordatokiko lanaz.

        37. Eta urrez estaliko dituzu Setimgo zurezko bost abeak, zeñaen aurrean esekiko dezu kortiña, zeñaen erpiñak izango dirade urrezkoak, eta ondapeak brontzezkoak.

 

OGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Egingo ere dezu Setingo zurakin aldare bat, zeñak idukiko dituen luzeeran bost beso, eta beste ainbeste zabaleran, au da, laukia, eta iru beso alturan.

        2. Eta bertatik aterako dirade mutur batzuek lau egitikan, eta kobrez estaliko dezu.

        3. Eta egingo dituzu aldarearen bearretarako pertz batzuek autsak biltzeko, eta kurrikak eta iruortzak, eta brasaontziak; ontzi guzti oiek kobrearekin egingo dituzu.

        4. Eta sareztatu bat brontzezko sarearen gisara, zeñaen lau egietan egongo dirade lau arraska brontzezko,

        5. Zeñak ipiñiko dituzu aldarearen sutegiaren azpian, eta sareztatua allegatuko da aldarearen erdiraño.

        6. Egingo ere dituzu aldarerako bi zigor Setimgo zurakin, zeñak estaliko dituzu kobrezko plantxakin:

        7. Eta sartuko dituzu arrasketatikan, eta egongo dirade aldarearen aldamen bietatik eramateko.

        8. Ez dezu egingo utsgabea, baizik utsa eta zakona barrendikan, mendian erakutsi zatzun bezela.

        9. Egingo ere dezu tabernakuloaren ataria, zeñaen egoeko aldamenean eguerdiaren aurkez egongo dirade liño fiñ biurtuzko kortiñak; aldamen batak idukiko ditu luzeeran eun beso.

        10. Eta ogei abe beste ainbeste brontzezko ondapekin, zeñak idukiko dituzte zillarrezko erpiñak beren moldeerakin.

        11. Eta berdin norteko aldamenean luzeeran egongo dirade eun besoko kortiñak, ogei abe, eta beste ainbeste brontzezko ondape, eta beren erpiñak beren moldaerakin zillarrezkoak.

        15. Eta beste aldamenean egongo dirade kortiña batzuek, allegatzen diradenak amabost besora, iru abe, eta beste ainbeste ondape.

        16. Eta atariaren sarreran egingo da ogei besoko etzauntz bat jazintozkoa, eta purpurazkoa, eta bi aldiz ganbusitako granazkoa, eta liño biurtuzkoa, bordatokiko lana; idukiko ditu lau abe, beste ainbeste ondaperekin.

        17. Atariko abe guztiak egongo dirade jantziak inguruan zillarrezko plantxakin orriz, zillarrezko erpiñakin, eta brontzezko ondapeakin.

        18. Atariak idukiko ditu luzeeran eun beso, zabaleran berrogei ta amar, goibeeran bost besokoa izango da, eta egingo da liño fiñ bi alditan biurtuarekin, eta idukiko ditu brontzezko ondapeak.

        19. Tabernakuloko ontzi guztiak bere premia eta zeremonia guztietarako, naiz bere estakak, naiz atarikoak, egingo dituzu brontzezkoak.

        20. Agindu zaiezu Israelko semeai ekarri dizazutela oliboen zuaitzetatik oliorik garbiena, motrairuan aterea irazekia egon dedin beti lanpara.

        21. Testimonioko tabernakuloan, testimonioko kutxaren aurrean esekita dagoan estalkitik kanpora. Eta ipiñiko dute Aaronek eta bere semeak, argi egin dezan goizeraño Jaunaren aurrean. Izango da Israelko semeak beren jatorrietan beti emango duten adorazio bat.

 

OGEITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Alderatu ere ezazu zugana Aaron zure anaia bere semeakin, Israelko semeen erditikan, ari ditezten neretzat apaizlanetan: Aaron, Nadab, eta Abiu, Eleazar, eta Itamar.

        2. Eta egingo diozkazu zure anai Aaroni soñeko sagraduak gloria eta edertasunerako.

        3. Zeñaen gaiñean itz egingo diezu gizon jakintsu guztiai, zeñak bete ditudan nik argitasunez, egin ditzaten Aaronen soñekoak, zeñakin santuturik ari dedin apaizen lanetan.

        4. Eta oiek izango dirade egingo dituzten soñekoak. Bularrekoa eta sorbalden gañekoa, tunika eta liñozko estua, burukoa eta gerrikoa. Egingo diozkate soñeko santuak zure anai Aaroni, eta bere semeai, apaizen lanetan ari ditezen neretzat.

        5. Eta artuko dute urrea, eta jazintoa, eta purpura, eta bi alditan ganbusitako grana, eta liño fiña.

        6. Eta egingo dute sorbalda gañeko jantzia urrearekin, eta jazintoarekin, eta purpurarekin, eta bi alditan ganbusitako granarekin, eta liño biurtuarekin.

        7. Idukiko ditu bi ertz elkarturik goienen aldamen bietatikan, batera itzuli ditezten.

        8. Eoa bera eta lan mota guztiak urrezkoak, eta jazintozkoak, eta purpurazkoak, eta bi alditan ganbusitako granazkoak, eta liño biurtuzkoak.

        9. Eta artuko dituzu bi esmeralda arri, eta jarriko dituzu beretan Israelko semeen izenak:

        10. Sei izen arri batean, eta sei gañerakoak bestean, beren jaiotzako denboraren araura.

        11. Otallugillearen lanarekin, eta artizjakintsuaren eskuz jarriko dituzu beretan Israelko semeen izenak, sarturik eta inguruturik urrez.

        12. Eta ipiñiko ditu sorbalda gañeko jantziaren aldamen bietan oroipengarritzat Israelko semeentzat. Eta eramango ditu Aaronek beren izenak Jaunaren aurrean sorbalda bien gañean, oroipenerako.

        13. Egingo ere dituzu urrezko kortxeta batzuek,

        14. Eta urre txit garbizko bi katetxo elkarri bata bestea baturik, zeñak sartuko dituzu kortxetetan.

        15. Egingo ere dezu zentzuneko bularjantzia lan nabarrarekin sorbalda gañeko jantziaren eoaren araura, urrez, jazintoz, eta purpuraz, eta bi alditan ganbusitako granaz, eta liño biurtuz.

        16. Izango da laukia eta bitan anbata; idukiko du arra baten neurria, bai luzeeran eta bai zabaleran.

        17. Eta jarriko dituzu bertan lau errenkada arrizko: lendabiziko errenkadan egongo da sardioa, eta topazioa, eta esmeragdoa:

        18. Bigarrenean karbunkloa, zafiroa, eta jaspea:

        19. Irugarrenean ligurioa, agata, eta ametistoa:

        20. Laugarrenean krisolitoa, onisa eta beriloa. Urretan sarturik egongo dirade beren errenkadetan.

        21. Eta idukiko dituzte Israelko semeen izenak; amabi izenak egongo dirade itsatsiak, arri bakoitzak berea amabi tribuen araura.

        22. Egingo dituzu bularjantzirako urre txit garbizko katetxo bi elkarri ditxekanak:

        23. Eta urrezko eraztun bi, zeñak ipiñiko dituzu bularjantziaren goiko aldamen bietan,

        24. Eta batuko dituzu urrezko kateak, bere ertzetan dauden eraztunakin:

        25. Eta kateen beren atzenak elkartuko dituzu bi kortxetarekin bularjantzira begira dagozten sorbaldagañekoaren aldamen bietan.

        26. Egingo ere dituzu urrezko eraztun bi, zeñak jarriko dituzu bularjantziaren goenetan, sorbaldagañekoaren aurkez dauden ertzetan, eta begiratuten dute bere osteetara.

        27. Baitaere urrezko beste bi eraztun, jarriko diradenak berezian sorbalda gañekoaren aldamen bietan, zeñak begiratzen duen berengo giltzaren arpegirontz, lotzeko sorbalda gañekoarekin.

        28. Eta estutu dedin bularreko jantzia bere eraztunakin, eta sorbalda gañeko jantziaren eraztunakin jazintozko kordoi batekin, giltza manearekin egiña geldituko dan eran, eta bularreko eta sorbaldagañeko soñekoa elkargandik bata bestea berezitu ezin ditezken moduan.

        29. Eta eramango ditu Aaronek Israelko semeen izenak zentzuneko bularjantzian, bere bularraren gañean, sartzen danean santuarioan, betiko oroipengarritzat Jaunaren aurrean.

        30. Eta ipiñiko dituzu zentzuneko bularjantzian, ikasikizuna eta Egia, egongo diradenak Aaronen bularraren gañean, sartzen danean Jaunaren aurrera, eta eramango du beti bere bularraren gañean Israelko semeen zentzuna, Jaunaren aurrean.

        31. Egingo ere dezu sorbaldaren gañeko tunika, guztia jazintozkoa,

        32. Zeñaren erdian goialdetikan egongo da zulo bat burua ateratzeko, eta ertz apaindu bat bere inguruan eoa, egin oi dan bezela soñekoen ertzetan, aisa urratu ez dedin.

        33. Eta bean, tunikaren beraren oñetan, inguruan, egingo dituzu granada batzuek bezelakoak, jazintozkoak, eta purpurazkoak, eta bi alditan ganbusitako granazkoak, naasirik erdian arteetan eskillatxoak:

        34. Alako moduan non, egon dedilla urrezko eskillatxo bat, eta granada bat, eta berriz beste urrezko eskillatxo bat, eta granada bat.

        35. Eta berarekin jantzita egongo da Aaron bere ekintzako lanean, aditua izan dedin otsa santuarioan sartzen, eta ateratzen danean Jaunaren aurrean, eta ill ez dedin.

        36. Egingo ere dezu urre txit garbizko plantxa bat, zeñean itsatsiko dezu otallugillearen lanaz, Santutasuna Jaunarentzat.

        37. Eta lotuko dezu jazintozko kordoi batekin, eta egongo da burukiaren gañean,

        38. Erortzen dala apaiznagusiaren kopetaren gañera. Eta Aaronek eramango ditu Israelko semeak egin dituzten pekatuak eskeñi eta santutu dituzten emaitz eta doaiñ guztietan. Beti egongo da plantxa au bere kopetaren gañean, Jauna bere alde iduki dezaten.

        39. Eta egingo dezu liño fiñezko tunika estu bat, eta buruki bat ere liño fiñezkoa, eta gerriko nabar bat.

        40. Baña Aaronen semeentzat prestatuko dituzu liñozko tunikak, eta gerrikoak eta burukiak, gloria eta edertasunerako,

        41. Eta oiek guztiakin jantziko dezu Aaron zure anaia, eta bere semeak berarekin. Eta guztien eskuak konsagratu, eta santutuko dituzu, ari ditezen neretzat apaizen lanetan.

        42. Egingo ere dituzu liñozko galtxuriak, estali dezaten bere lotsazko aragia, gerritik istarretaraño:

        43. Eta erabilliko dituzte berak Aaronek eta bere semeak, sartzen diradenean testimonioko tabernakuloan, edo alderatzen diradenean aldarera santuarioko lanetan aritzeko, gaiztakeriaren obendun egiñik ill ez ditezen. Aginte betikoa izango da Aaronentzat, eta bere ondoren bere jatorriarentzat.

 

OGEITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Au ere egingo dezu ari ditezen neretzat apaizen lanetan. Artu ezazu aberetaldetikan txal bat: eta bi ari aitzakigabeak;

        2. Eta ipiñiko dituzu legamigabeak, eta opill bat legamirikan gabe orraturik dagoana olioarekin; lasaña legamigabeakin ere, gantzutuak olioarekin; guztia egingo dezu gari iriñaren lorarekin.

        3. Eta ipiñirik saskitxo batean eskeñiko dezu, txala ere eta ari biak.

        4. Eta alderatuko dituzu Aaron, eta bere semeak testimonioko tabernakuloaren sarrerara. Eta garbitzen dituzunean urarekin aita bere semeakin,

        5. Jantziko dezu Aaron bere jantziakin, au da, liñozkoarekin, eta tunikarekin, eta sorbaldagañekoarekin, eta bularrekoarekin, zeñ doituko dezun gerrikoarekin.

        6. Eta jarriko dezu burukia bere buruaren gañean, eta plantxa santua burukiaren gañean.

        7. Eta isuriko dezu bere buruaren gañera unzioko olioa, eta zermonia onekin izango da konsagratua.

        8. Bere semeak ere alderatuko dituzu, eta jantziko dituzu liñozko tunikakin, eta lotu gerrikoarekin,

        9. Au da, Aaron eta bere semeak, eta ipiñiko diezu mitrak, eta izango dirade neretzat apaizak jatorriz betiko. Eta konsagratu ezkero bere eskuak,

        10. Alderatuko dezu txala ere testimonioko tabernakuloaren aurrera. Eta Aaronek eta bere semeak jarriko dituzte eskuak bere buruaren gañean,

        11. Eta illko dezu Jaunaren aurrean, testimonioko tabernakuloaren atearen aldean.

        12. Eta arturik txalaren odoletik, ipiñiko dezu aldarearen egien gañean zure beatzarekin, eta gañerako odola isuriko dezu bere ondapearen aldean.

        13. Artuko ere dezu esteak estalitzen dituen sebo guztia, eta gibelaren eutxoa, eta guntzurrun biak, eta beren gañean dagoan seboa, eta eskeñiko dezu inzensoa aldarearen gañean:

        14. Baña txalaren aragiak, eta larrua eta gorotza erreko dituzu etzauntzetik kanpora, zeren pekatuagatik da.

        15. Artuko ere dezu ari bat, zeñaen buruaren gañean jarriko dituzte eskuak Aaronek eta bere semeak.

        16. Zeñ ill ezkero artuko dezu bere odoletik, eta isuriko dezu aldarearen inguruan.

        17. Baña aria bera ebakiko dezu zatietan, eta garbiturik bere esteak eta oñak, ipiñiko dituzu aragi zatituen gañean, eta bere buruaren gañean.

        18. Eta eskeñiko dezu ari guztia errerik aldarearen gañean, da Jaunari egiten zaion emaitza, Jaunaren eskeñtzariaren usai txit gozoa.

        19. Artuko ere dezu beste aria, zeñaen buruaren gañean jarriko dituzte eskuak Aaronek eta bere semeak.

        20. Zeñ ill ezkero artuko dezu bere odoletik, eta ipiñiko dezu Aaron eta bere semeen eskuieko belarriaren atzean, eta beren eskuaren, eta eskuieko oñaren beatz lodien gañean, eta isuriko dezu odola aldarearen gañean inguruan.

        21. Eta arturik aldarearen gañean dagoan odoletik, eta unzioko oliotik, intzatuko dituzu Aaron eta bere soñekoak, semeak eta beren soñekoak. Eta konsagraturik berak eta soñekoak,

        22. Artuko dezu ariaren gantza, eta bustana, eta erraiak estalitzen dituen seboa, eta gibelaren eutxoa, eta guntzurrun biak, eta beren gañean dagoan seboa, eta eskuieko besonda, dalako konsagrazioko aria:

        23. Eta ogizko opill bat, pasta mee, olioarekin orratu bat, eta legamigabeen saskitxoko lasaña bat, ipiñita dagoana Jaunaren aurrean:

        24. Eta ipiñiko dituzu guztiak Aaron eta bere semeen eskuen gañean, eta santutuko dituzu, altxaturik Jaunaren aurrean.

        25. Eta artuko dituzu guztiak beren eskuetatik, eta erreko dezu aldarearen gañean eskeñtzaria egiteko, usai txit gozoa Jaunaren aurrean, zeren bere eskeñtzaria da.

        26. Artuko ere dezu ariaren bularra, zeñarekin konsagratua izan zan Aaron, eta santutuko dezu, altxaturik Jaunaren aurrean, eta izango da zure elizanoa.

        27. Eta santutuko ere dezu bular konsagratua, eta aritik berezitu zenduen besonda,

        28. Zeñarekin konsagratuak izan ziraden Aaron eta bere semeak, eta izango dirade Aaronen eta bere semeen elizanoak betiko tokamenez Israelko semeen eskeñtzarietan, zeren dirade beren doaiñ paketsu, Jaunari eskeñtzen diozkatenen lenbiziak, eta asierak.

        29. Eta Aaronek darabillan soñeko santua, idukiko dute bere semeak bere ondoan berak, jantzita daudela unjituak izan ditezten, eta konsagratuak beren eskuak.

        30. Zazpi egunean erabilliko du, bere semeetatikan apaiznagusi bere lekuan jarria izan danak, eta sartzen danak testimonioko tabernakulora, santuarioan lanean aritzeko.

        31. Eta artuko dezu konsagrazioko aria, eta egosiko dituzu bere aragiak toki santuan:

        32. Zeñak jango dituzten Aaronek eta bere semeak. Jango ere dituzte testimonioko tabernakuloaren sarreran saskitxoan dauden ogiak,

        33. Izan dedin biguñgarria eskeñtzaria, eta santutuak izan ditezen eskeñtzalleen eskuak. Arrotzak ez du jango beretatik, zeren santuak dirade.

        34. Eta geldituko baldin balitz aragi, edo ogi konsagratuetatik zerbait goizeraño, erreko dituzu kondoak suan, ez dirade jango, zeren dirade gauza santuak.

        35. Agindu dizkizudan gauza guztiak, egingo dituzu Aaron eta bere semeen gañean. Zazpi egunean konsagratuko dituzu beren eskuak:

        36. Eta eskeñiko dezu egunero txal bat pekatua garbitua izan dedin. Eta garbituko dezu aldarea, egiten dezunean pekatua, garbitua izateko eskeñtzaria, eta untatuko dezu santutzeko.

        37. Zazpi egunean garbitu, eta santutuko dezu aldarea, eta izango da Santuen Santua; ukitzen dion guztia, izango da santutua.

        38. Au da aldaran egingo dezuna. Urte beteko arkume bi egunoro beti,

        39. Arkume bat goizean, eta bestea arratsaldean,

        40. Iriñ lora olio zapalduarekin intzatu, neurritzat hinaren laugarren partea duenaren, amargarren partea, eta berebat ardo eskeñtzarietarako, arkume bakoitzarekin.

        41. Eta arratsaldetik eskeñiko dezu beste arkumea goizeko eskeñtzariaren zeremoniaren araura, eta esan degun bezela, usai gozorako:

        42. Jaunari beti zuen gizaldietan egingo zaion eskeñtzaria, testimonioko tabernakuloaren sarreran, Jaunaren aurrean, zeñ dan zuri itz egitea erabaki dedan tokia.

        43. Eta an emango dieztet nere aginteak Israelko semeai, eta aldarea izango da santutua nere gloriarekin.

        44. Santutuko ere det testimonioko tabernakuloa aldarearekin, eta Aaron bere semeakin, apaizen lanetan ari ditezen neretzat.

        45. Eta biziko naiz Israelko semeen erdian, eta izango naiz beren Jaungoikoa.

        46. Eta jakingo dute ni naizala beren Jaun Jaungoiko, atera nituena Ejiptoko lurretikan, beren artean gelditzeko, ni beren Jaun Jaungoikoa.

 

OGEITA AMARGARREN KAPITULUA

        1. Egingo ere dezu aldare bat Setimgo zurakin erretzeko lurrinkaiak,

        2. Duena luzeeran beso bat, eta zabaleran beste bat, au da, laukia, eta bi beso alturan. Punta batzuek aterako dirade bertatikan.

        3. Eta estaliko dezu urrerik garbienarekin, bai bere sareztatua, eta bai paretak inguruan, eta puntak. Eta egingo diozu urrezko koroi bat inguruan,

        4. Eta urrezko eraztun bi koroiaren azpian aldamen bakoitzetik, sartzeko beretatik zigor batzuek, eta eramana izan dedin aldarea.

        5. Eta egingo ere dituzu zigorrak berak Setimgo zurakin, eta urrez estaliko dituzu.

        6. Eta ipiñiko dezu aldarea estalkiaren aurrean, zeñ dagoan esekita propiziatorioaren aurrean, zeñarekin estalitzen dan testimonioa, non itz egingo dizudan.

        7. Eta Aaronek erreko du bere gañean usai gozoko inzensoa, goizetik. Adereztzen dituenean lanparak, erazekiko du.

        8. Eta piztzen dituenean illuntzean, erreko du lurrinkai betikoa Jaunaren aurrean zuen gizaldietarako.

        9. Ez dezute eskeñiko bere gañean beste gairekin egindako lurrinkairik, ez eskintzaririk, ez doaiñik, ez emaitzik.

        10. Eta erregutuko du Aaronek bere punten gañean urtean bein, pekatuagatik eskeñia, izan zan odolean, eta onekin bigunduko du zuen gizaldietan. Santuen santua izango da Jaunarentzat.

        11. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        12. Ateratzen dezunean Israelko semeen kontua beren zenbataren araura, bakoitzak emango dio Jaunari zerbait bere anima gatik, eta ez da beretan izango zorigaitzik, aitezarriak diradenean.

        13. Eta kontatua dan guztiak emango du, siklo baten erdia elizako neurriaren araura. Siklo batek ogei ardit dauzka. Siklo baten erdia izango zaio eskeñia Jaunari.

        14. Arkitzen danak zenbatean, ogei urtez gora emango du prezioa.

        15. Aberatzak ez dio ezer geituko sikloaren erdiari, eta beartsuak ez du ezer gutxituko.

        16. Eta arturik Israelko semeak eman duten dirua, emango dezu testimonioko tabernakuloko premietarako, izan dedin beren oroipengarri bat Jaunaren aurrean, eta urrikaritu dedin beren animakin.

        17. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        18. Egingo ere dezu brontzezko urontzi bat bere ondopearekin garbitzeko, eta ipiñiko dezu testimonioko tabernakuloaren, eta aldarearen bitartean. Eta botarik ura,

        19. Garbituko dituzte bertan Aaronek eta bere semeak beren eskuak eta oñak,

        20. Sartuko diradenean testimonioko tabernakuloan, eta allegatuko diradenean aldarera, eskeñtzera bertan Jaunari lurrinkaiak,

        21. Noaski ill ez ditezen. Betiko lege bat izango da au beretzat, eta bere jatorriarentzat gizaldietatik.

        22. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi,

        23. Esaten zuela: Artu itzatzu lurrinkaiak, mirrarik obenen, eta autatuaren bost eun siklo, eta zinamomoaren erdia, au da, berreun eta berrogei ta amar siklo, eta berebat kañabera usaitsuaren berreun eta berrogei ta amar,

        24. Eta kanelaren bosteun siklo elizako neurrian, oliboen oliotik hinen neurria:

        25. Eta egingo dezu unzioko olio santua, okendu lurrinkaigillearen lanaren araura egiña,

        26. Eta untatuko dezu berarekin testimonioko tabernakuloa, eta testamentuko kutxa,

        27. Eta maia bere ontziakin, kandeleroa, eta bere usubearrak, lurrinkaien aldareak,

        28. Eta holokaustoarena, eta beren premietarako bear dituzten gauza guztiak.

        29. Eta gauza guzti oiek santutuko dituzu, eta izango dirade txit santuak; ukitzen diena, santutua izango da.

        30. Unjituko dituzu Aaron eta bere semeak, ari ditezen neretzat apaizen lanetan.

        31. Israelko semeai ere esango diezu: Unzioko olio au santua izango da neretzat zuen gizaldietan.

        32. Gizonaren aragirik ez da berarekin unjitua izango, eta bera egin oi dan erara ez dezute besterik egingo, zeren santutua dago, eta santua izango da zuentzat.

        33. Alakorik egiten duen edozeñ gizon, eta bertatik ematen diona erdaldunari, arroztua izango da bere erritik.

        34. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Artu itzatzu zuretzat lurrinkaiak, mirralika, beltxurika, usai oneko galbanoa, eta inzensorik goaitargiena, pisu berdiñekoak izango dirade guztiak:

        35. Eta egingo dezu lurrinkai bat lurringillearen lanaren araura egiña, txit ongi naasia, eta garbia eta neri eskeñia izateko txit diña.

        36. Eta guztia auts txit txean eotu ezkero, jarriko dezu bertatik testimonioko tabernakuloaren aurrean, zeñ tokitan agertuko natzatzun. Txit santua izango da zuentzat lurrinkaia.

        37. Alakorik ez dezute egingo zuen usantzetarako, zeren Jaunari konsagratutako gauza da.

        38. Berdiñik egiten duen edozeñ gizon, berari usai egiteko, galdua izango da bere errietatikan.

 

OGEITA AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Ona non, autatuta dedan bere izenez Beseleel, Urien semea, Hurren illoba, Judako tribukoa,

        3. Eta bete det Jaungoikoaren espirituz, jakinduriaz, eta adieraz, eta jakindez eskulan guztirako,

        4. Asmatzeko egin al dezakean lan guztia urrearekin, eta zillarrarekin, eta kobrearekin,

        5. Marmolarekin, eta arri baliotsuarekin, eta zur askorekin.

        6. Eta eman zion laguntzat Ooliab Akisamet Dango tribukoaren semea. Eta jarri det jakinduria jakinti guztiaren biotzean, egin ditzaten agindu dizkizudan gauza guztiak,

        7. Elkartasuneko tabernakuloa, eta testimonioko kutxa, eta bere gañean dagoan propiziatorioa, eta tabernakuloko ontzi guztiak,

        8. Eta maia, eta bere ontziak, kandelero txit garbia bere ontziakin, eta lurrinkaiaren aldareak,

        9. Eta holokaustoarena, eta bere ontzi guztiak, urontzia bere ondapearekin,

        10. Soñeko santuak Aaron apaiz eta bere semeentzat lanean, beren lanetan ari ditezen gauza santuetan,

        11. Unzioaren olioa, eta aromaen lurrinkaiak santuarioan, egingo dituzte agindu dizkizudan gauza guztiak.

        12. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        13. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: Begira, gorde dezazutela nere larunbata, zeren da nere, eta zuen arteko señalea zuen gizaldietan; jakin dezazuten ni naizala santutzen zaituztedan Jauna.

        14. Gorde ezazute nere larunbata, zeren santua da zuentzat; gaizki iragotzen duena, eriotzarekin kastigatua izango da, lanik bertan egiten duena, bere anima galduko da bere erriaren erditik.

        15. Sei egunean ariko zerate lanean, zazpigarren egunean larunbata da, atseden santua Jaunarentzat, egun onetan lanik egiten duen guztia, illko da.

        16. Gorde bezate Israelko semeak larunbata, eta zelebratu bezate beren gizaldietan. Erabaki au betikoa da.

        17. Nere, eta Israelko semeen artean, eta señale iraunkorra, zeren sei egunean egin zituen Jaunak zerua eta lurra, eta zazpigarrenean etzuen lanik egin.

        18. Eta bukaturik onelako itzaldiak Sinaiko mendian eman ziozkan Jaunak Moisesi testimonioko bi olarrizkoak, eskribatuak Jaungoikoaren beatzarekin.

 

OGEITA AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Baña ikusirik erriak berantzen zitzaiola Moisesi menditikan jatxitzea, bildurik Aaronen kontra, esan zuen: Jaiki zaite, egin zazkiguzu, gure aurretik joango diraden jaungoikoak, zeren ez dakigu zer gertatu zaion Moisesi Ejiptoko lurretik atera giñituen gizon orri.

        2. Eta esan zien Aaronek: Artu itzatzute urrezko zirzilluak zuen emazteen, eta semeen, eta alaben belarrietatik, eta ekarri zazkidazute.

        3. Eta egin zituen erriak agindu zitzazkion gauzak, eramanik zirzilluak Aarongana.

        4. Zeñak arturik berak, urtuerazi zituen, eta ustu molde baten, eta egin zuen berakin urrezko txal bat. Eta esan zuten: Israel, oiek dirade zure jaungoiko, atera zinduztenak Ejiptoko lurretik.

        5. Ikusi zuenean au Aaronek, egin zuen aldare bat bere aurrean, eta deadar egin zuen pregoilariaren bozarekin esaten zuela: Biar Jaunaren jai andia da.

        6. Eta goiz jaikitzen ziradela, eskeñi zituzten emaitzak, eta doaiñ paketsuak, eta eseri zan erria jateko, eta edateko, eta jaiki ziraden jostatzera.

        7. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela: Zoaz, jaiki zaite; pekatu egin du, Ejiptoko lurretik atera zenduen zure erriak.

        8. Laster alde egin dute, erakutsi ziñioten bidetik, eta egin dute txal bat gei urtuaz, eta adoratu dute, eta eskeñtzen diozkatela doaiñak, esan zuten: Oiek dirade Israel, zure Jaungoiko, atera zinduztenak Ejiptoko lurretik.

        9. Eta berriz esan zion Jaunak Moisesi: ikusten det erri au lepo gogorrekoa dala:

        10. Utzi zadazu, aserratu dedin nere sumindura beren kontra, eta desegin ditzadan, eta egingo zaitut erri andi baten zuzentzalle.

        11. Baña Moisesek erregututzen zion bere Jaun Jainkoari, esaten zuela: Zergatik aserretzen da zure sumindura, sendotasun andiarekin, eta esku indartsuarekin Ejiptoko lurretik atera zenduen zure erriaren kontra?

        12. Ez dezatela esan, erregututzen dizut, ejiptoarrak, Marroz atera ditu illtzeko mendietan, eta arras kentzeko lurretik; bigundu bedi zure aserrea, eta barka ezazu zure erriaren gaiztakeria.

        13. Oroitu zaite zure serbitzari Abraham; Isaak, eta Israelekin, zeñai juramentu egin ziñien zu zerori gatik, esaten zenduela: Ugarituko det zuen jatorria zeruko izarrak bezela, eta emango diot zuen jatorriari lur guzti au, zeñ gatik itz egin dedan, eta izango da beti zuena.

        14. Onenbesterekin bigundu zan Jauna, eta etzion eman bere erriari, esan zuen kastigua.

        15. Eta itzuli zan Moises menditik, zeramazkiela bere eskuan testimonioko ol biak, eskribatuak aldamen bietatik,

        16. Eta egiñak Jaungoikoaren lanaz, eta Jaungoikoaren eskritura zegoan itsatsia oletan.

        17. Eta aditurik Josuek erriaren deadarra ari zanaren iskanbilla, esan zion Moisesi: Gudaren alaraua aditzen da etzauntzetan.

        18. Zeñak erantzun zuen: Ez da gudara elkar zirikatzen duten jendeen deadarra, ez iges erazitzen dutenen deadardia, baizik nik aditzen det kantarien boza.

        19. Eta alderaturik etzauntzetara, ikusi zuen txala, eta dantzak, eta txit aserraturik, aurtiki zituen eskutik olak, eta zatitu zituen mendiaren ondoan.

        20. Eta arrapaturik egin zuten txala, erre, eta puskatu zuen autseraño, zeñ zabaldu zuen urean, eta beratatik eman zien edaten Israelko semeai.

        21. Eta esan zion Aaroni: Zer egin dizu erri onek, erakartzeko bere gañera pekatu txit andi bat?

        22. Zeñi berak erantzun zion: Ez bedi aserratu nere Jauna, zeren zuk ezagutzen dezu erri au, nola dan griñatua gaitzera.

        23. Esan zidaten: Egin zazkiguzu, gure aurretik joango diraden jaungoikoak, zeren ez dakigu zer gertatu zaion, Ejiptoko lurretik atera ginduzen Moises oni.

        24. Zeñai nik esan nien: Zuetako zeñek du urrea? Ekarri zuten, eta eman zidaten, eta bota nuen sutara, eta atera zan txal au.

        25. Ikusirik bada Moisesek billosik zegoala erria (zeren Aaronek utzi zuen ezer gabe loikeriaren lotsaria gatik, eta ipiñi zuen billosik etsaien artean),

        26. Eta zegoala etzauntzetako atean, esan zuen: iñor baldin bada Jaunarena, bildu bedi nerekin. Eta bildu ziraden berarekin Lebiren seme guztiak:

        27. Zeñai esan zien: Oiek esaten ditu Israelko Jaun Jaungoikoak: Jarri beza bakoitzak ezpata bere aldamenean, zoazte, eta itzuli zaitezte aterik ate etzauntzen erditik, eta ill beza bakoitzak bere anaia, eta adiskidea, eta lagun urkoa.

        28. Eta egin zuten Lebiren semeak Moisesen itzaren araura, eta ill ziran egun artan ogeita iru milla gizon bezelaxe.

        29. Eta esan zuen Moisesek: Gaur konsagratu diozkazute Jaunari zuen eskuak, bakoitzak bere semean eta anaian, argatik izango zerate bedeinkatuak.

        30. Urrengo egunean esan zion Moisesek erriari: Egin dezute pekatu txit andi bat; igoko naiz Jaunagana, baldin nolabait ekarri al badezaket Jauna zuekin errukitutzera.

        31. Eta itzulirik Jaunagana, esan zuen: Aditu nazazu, erri onek egin du pekatu txit andi bat, eta egin dituzte berentzat urrezko jaungoikoak, edo barkatu zaiezu erru au,

        32. Edo, egiten ez baldin badezu, borratu nazazu eskribatu dezun liburutikan.

        33. Zeñi erantzun zion Jaunak: Bekatu egiten duena nere kontra, borratuko det nere liburutik:

        34. Baña zu zoaz, eta eraman ezazu erri au, esan dizudan tokira, nere aingerua joango da zure aurretikan. Eta neronek bengantzako egunean kastigatuko det oraindikan, egin duten pekatu au.

        35. Kastigatu zuen bada Jaunak erria, Aaronek egin zuen txalaren pekatua gatik.

 

OGEITA AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela: Zoaz, igo zaitezte toki onetatik zu, eta zure erri, Ejiptoko lurretikan atera zenduena, Abrahami, Isaaki, eta Jakobi juramentuarekin eskeñi nien lurrera, esaten nuela: Zure jatorriari emango diot:

        2. Eta bidalduko det zure aurretikan aingeru bat, botatzeko neronek kananeoa, eta amorreoa, eta heteoa, eta ferezeoa, eta hebeoa, eta jebuseoa,

        3. Eta sartu zaitezen, eznea, eta eztia darion lurrean, bada ez naiz igoko zurekin, zeren lepo gogorreko erria zera, ikusi ez nadin, zu bidean galtzeko premian.

        4. Eta aditurik erriak izketa txit garratz au, negar egin zuen: eta etzituen iñork jantzi, oi zituen apaingarriak.

        5. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Esan zaiezu Israelko semeai: Lepo gogorreko erria zera, bein agertzen banaiz zure erdian, desengingo zaitut. Orain utzi itzatzu zure apainduriak, jakin dezadan zer egingo dizudan.

        6. Utzi zituzten bada Israelko semeak beren apainduriak Horebko menditikan.

        7. Eta Moisesek kendurik tabernakuloa, zabaldu zuen urrutian etzauntzetatik kanpora, eta deitu zuen. Elkartasuneko Tabernakuloa; eta zerbaiten gañean ituntzeko premian arkitzen ziraden erriko guztiak, ateratzen ziraden Elkartasuneko Tabernakulora, etzauntzetatik kanpora.

        8. Eta ateratzen zanean Moises tabernakulora, jaikitzen zan erri guztia, eta bakoitza zegoan zutik bere etzauntzaren atean, eta begiratzen zioten Moisesen bizkarrari etzauntzean sartzen zan arteraño.

        9. Eta sartzen zaneko bera elkartasuneko Tabernakuloan, jatxitzen zan odeizko abe bat, eta gelditzen zan atean, eta itz egiten zuen Moisesekin,

        10. Ikusten zutela guztiak nola odeizko abea zegoan Tabernakuloaren atean. Eta berak zeuden zutik, eta adoratzen zuten beren etzauntzen atetatik.

        11. Eta itz egiten zion Jaunak Moisesi arpegiz arpegi, gizon batek itz egin oi dion bezela bere adiskideari.

        Eta itzultzen zanean bera etzauntzetara, bere serbitzari Josue gazteak Nunen semeak etzuen alderik egiten etzauntzetik.

        12. Eta esan zion Moisesek Jaunari: Agintzen didazu atera dezadala erri au, eta ez didazu erakusten zeñ bidalduko dezun nerekin batezere zuk esan zenduan ezkero. Ezagutzen zaitut izenetik, eta arkitu dezu grazia nere aurrean.

        13. Baldin bada arkitu badet grazia zure aurrean, erakutsi zadazu zure arpegia, ezagutu zaitzadan, eta arkitu dezadan grazia zure begien aurrean, begiratu zaiozu zure erria dan erreñu oni.

        14. Eta esan zuen Jaunak: Ni nerau joango naiz zure aurretik, eta emango dizut atsedena.

        15. Eta esan zuen Moisesek: Zu zerori joaten ez baldin bazera aurretik, ez gaitzatzu atera toki onetatik.

        16. Zeren zertan jakin dezakegu nik eta nere erriak arkitu degula guk grazia zure aurrean, ibiltzen ez baldin bazera gurekin, lurraren gañean bizi diraden erri guztiak onratuak izan gaitezen?

        17. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Esan dezun itz ori ere egingo det, zeren arkitu dezu grazia nere aurrean, eta zu zerori ezagutzen zaitut zure izenetik.

        18. Zeñak esan zuen: Erakutsi zadazu zure gloria.

        19. Erantzun zuen: Nik erakutsiko dizut on guzia, eta esango det Jaunaren izena zure aurrean, eta errukituko naiz nai dedanarekin, eta izango naiz biguña neri deritzadanarekin.

        20. Eta berriz esan zuen: Ezin ikusiko dezu nere arpegia, zeren ez nau ikusiko gizonek, ill gabe.

        21. Eta beste aldi baten: Ona, esan zuen, toki bat bada nere aldean, eta egongo zera arriaren gañean.

        22. Eta iragotzen danean nere gloria, ipiñiko zaitut arriaren zuloan, eta estaliko det nere eskuiarekin, igaro nadin bitartean.

        23. Eta kenduko det nere eskua, eta ikusiko dituzu nere bizkarrak, nere arpegia ordea ezin ikusiko dezu.

 

OGEITA AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta gero esan zuen: Ebaki itzatzu arrizko bi ol lenbizikoak bezelakoak, eta eskribatuko ditut beren gañean, autsi ziñituen olak zituzten itzak.

        2. Zaude gertua biarko, igo zaitezen bereala Sinaiko mendira, eta egongo zera nerekin mendiaren erpiñaren gañean.

        3. Ez bedi iñor igo zurekin; ez bedi ere iñor ikusi mendi guztitik, beirik eta ardirik ere ez bedi bazkatu bere aurrean.

        4. Ebaki zituen bada arrizko ol bi nolakoak, leen izan ziran, eta jaikirik gauaz igo zan Sinaiko mendira Jaunak agindu zion bezela, zeramazkiala berarekin olak.

        5. Eta jatxirik Jauna odei batean, egon zan Moises berarekin, deitzen ziola Jaunaren izenari.

        6. Zeñ iragotzen zala bere aurretik, esan zuen: Jaun Jaungoiko Agintzallea, errukiorra eta biotzbera, sufritzallea, eta erruki askokoa, eta egitia.

        7. Gordetzen dezuna errukia millentzat, kentzen dituzuna gaiztakeria, eta biurrikeriak, eta pekatuak, eta zeñen aurrean ez dagoan berez obengaberik. Kastigatzen dezuna gurasoen gaiztakeria semeetan, eta illobetan irugarren eta laugarren jatorriraño.

        8. Eta arin Moises, makurtu zan lurrera begira, eta adoratzen zuela.

        9. Esan zuen: Jauna, arkitu baldin badet grazia zure aurrean, erregutzen dizut, ibilli zaitezela gurekin (zeren lepo gogorreko erria da) eta barkatu ditzatzula gure gaiztakeriak eta pekatuak, eta gurekin jabetu zaitezela.

        10. Erantzun zuen Jaunak: Nik egingo det elkartasuna guztien aurrean, egingo ditut, lurraren gañean, ez erreñu baten ere iñoiz egin ez diraden mirariak; ikusi dezan erri onek, zeñaen erdian zauden, egingo dedan, Jaunaren lan ikaragarria.

        11. Gorde itzatzu gaur agintzen dizkizudan gauza guztiak. Nik neronek aurtikiko ditut zure aurretikan amorreoa, eta kananeoa, eta heteoa, ferezeoa ere, eta hebeoa, eta jebuseoa.

        12. Begira ezazu ez dezazula iñoiz iduki lur artan bizi diradenakin adiskidetasunik, zeren izango da zure galmenerako:

        13. Baizik desegin itzatzu beren aldareak, urratu irudiak, ebaki basoak:

        14. Ez ezazu adoratu besteren Jaungoikorik. Jaunaren izena da zelotsua; Jaungoikoa da zelotsua.

        15. Etzaite elkartu alderri artako gizonakin, beren Jaungoikoakin usteldu, eta beren irudiak adoratu ezkero, norbaitek konbidatu etzaitzan gauza eskeñiak jatera.

        16. Ez dezu ere artuko beren alabetatik emazterik zure semeentzat; berak adoraturik gezurrezko jaungoikoak, gertatu ez dedin ekartzea zure semeak ere gezurrezko jaungoikoak adoratzera.

        17. Ez dezu egingo gauza urtuzko jaungoikorik.

        18. Gordeko dezu legami gabeen jai andia. Zazpi egunean jango dituzu, legami gabeak, agindu dizudan bezela, frutu berrien illaren denboran, zeren udaberriko illean atera ziñan Ejiptotik.

        19. Emasabela idikitzen duen ar guztia, nerea izango da; abere guztietatikoa, naiz beietatikoa, naiz ardietatikoa, nerea izango da.

        20. Astoaren lenbizisortua erosiko dezu ardi batekin, eta ematen ez baldin badezu beragatik balioa, illa izango da. Zure semeen lenbizisortua erosiko dezu; etzara ere agertuko utsik nere aurrean.

        21. Sei egunean ariko zera lanean, zazpigarren egunean ez dezu goldeatuko, ez igitaituko.

        22. Zelebratuko dezu Pentekostesko jaia, zure gari ebakiaren lenbiziakin, eta beste jaia, urtearen bukaeran guzia biltzen danean.

        23. Urtearen iru denboratan presentatuko dirade zure gizaar guztiak, Israelko Jaun Jaungoiko guzialaren aurrean.

        24. Zeren kentzen ditudanean zure aurretik erreinuak, eta zabaldu zure mugak, ez diozka iñork ipiñiko zelatak zure lurrari, igotzen zerala zu, eta agertzen zure Jaun Jaungoikoaren aurrean urtean iru aldiz.

        25. Ez dezu eskeñiko legamiarekin nere doaiñaren odola; ez da ere Paskoako emaitz ospetsuarenik geldituko biaramonerako.

        26. Zure lurreko frutuen lenbiziak eskeñiko dituzu zure Jaun Jaungoikoaren etxean. Ez dezu egosiko antxumea bere amaren eznean.

        27. Eta esan zion Jaunak Moisesi: Eskribatu itzatzu zuretzat itz oiek, zeñakin egin det elkartasuna zurekin, eta Israelekin.

        28. Egon zan bada an Jaunarekin berrogei egunean, eta berrogei gautan, etzuen jan ogirik, eta etzuen edan urik, eta eskribatu zituen oletan elkartasuneko amar itzak.

        29. Eta jatxitzen zala Moises Sinaiko menditik, zeramazkien testimonioko ol biak, eta etzekien argitua zegoela bere arpegia Jaunaren itzaldiaren laguntasunarekin.

        30. Eta ikusirik Aaronek eta Israelko semeak Moisesen arpegia argitua, beldur ziran gertura alderatzen.

        31. Baña izanik beronek deituak, itzuli ziraden, bai Aaron, eta bai sinagogako lenenak. Eta berai itz egin ezkero,

        32. Etorri ziraden beregana Israelko seme guztiak ere, zeñai agindu ziezten, Sinaiko mendian Jaunari aditu ziozkan gauza guztiak.

        33. Eta bukaturik itzaldiak, jarri zuen estalki bat bere arpegiaren gañean.

        34. Zeñ, sartzen zanean Jaunagana, eta berarekin izketan ari zanean, kentzen zuen atera artean, eta orduan esaten ziezten Israelko semeai, aginduak izan zitzaiozkan gauza guztiak.

        35. Zeñak ikusten zuten argitua zegoala Moisesen arpegia ateratzen zanean, baña berak berriz estaltzen zuen bere arpegia, berai itz egiten zioten guztian.

 

OGEITA AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Bildurik bada Israelko semeen talde guztia, esan zien: Oiek dirade Jaunak egiteko agindu dituen gauzak.

        2. Sei egunean ariko zerate lanean, zazpigarren eguna izango da zuentzat santua, larunbata, eta Jaunaren atsedena, beretan lanik egiten duena, illa izango da.

        3. Ez dezute irazekiko surik zuen bizitoki guztietan larunbateko egunean.

        4. Eta esan zion Moisesek Israelko semeen gizaldi guztiari: Au da Jaunak agindu duen itza, esaten duela:

        5. Berezitu itzatzute zuen artean lenbiziak Jaunarentzat. Bakoitzak eskeñi bitzazkio Jaunari borondatez eta gogo onarekin: urrea eta zillarra, eta kobrea.

        6. Jazintoa eta purpura, eta grana bi alditan ganbusia, eta liño fiña, eta auntzen illeak,

        7. Eta arien larru lugorrituak, eta jazinto kolorezkoak, Setimgo zurak.

        8. Eta olioa lanparak adereztzeko, eta okendua egiteko, eta lurrinkai txit gozoak,

        9. Arri beltxurikak, eta beste arri baliotsuak sorbalda gañekoa eta bularrekoa apaintzeko.

        10. Zuen artean jakintsua dan guztia, betor; eta egin beza Jaunak agindu duena:

        11. Au da, tabernakuloa, eta bere tellatua, eta estalkia, arraskak, eta oltzarrak zearkaiakin, estakak, eta ondapeak.

        12. Kutxa eta bere zigorrak, propiziatorioa, eta bere aurrean zabaltzen dan estalkia:

        13. Maia bere zigorrakin eta ontziakin, eta proposizioko ogiak:

        14. Kandeleroa lanparak sostentzeko, bere ontziak, eta kriselutxoak, eta olioa argiak iraun dezaten:

        15. Lurrinkaiaren aldarea, eta bere zigorrak, eta unzioko olioa, eta aromazko lurrinkaia, estalkia tabernakuloaren atean,

        16. Eskeñtzariaren aldarea, eta bere brontzezko saretxoa bere zigor eta pegarrarekin, urontzia eta bere ondopea.

        17. Atariko kortiñak abe eta ondopeakin, estalkia atariaren atean,

        18. Tabernakuloko eta atariko estakak beren sokakin:

        19. Santuariko eliz lanetan erabilli oi diraden soñekoak, Aaron apaiz nagusiaren eta bere semeen jantziak, apaizen lanetan ari ditezten neretzat.

        20. Eta aterarik Israelko semeen talde guztia Moisesen aurretik,

        21. Eskeñi ziozkaten Jaunari, borondate txit arin eta onarekin lenbiziak, testimonioko tabernakuloko lana egiteko. Eliz lan eta soñeko santuetarako bear zan guztia.

        22. Gizasemeak emakumeakin eman zituzten arraskak, eta zirzilluak, eraztunak eta eskuturkiak, urrezko ontzi guztiak ipiñiak izan ziraden berezian Jaunari eskeñtzeko.

        23. Iñork baldin bazuen jazintorik, eta purpurarik eta bi alditan ganbusitako granarik, liño fiñik, eta auntzen illerik, arien larru lugorriturik, eta jazintozkorik,

        24. Zillarrezko eta kobrezko metalik, eskeñi ziozkaten Jaunari, eta Setimgo zurak usu askotarako.

        25. Baita ere iruñ zuten emakume jakintsuak, eman zituzten jazintoa, purpura, eta eskarlata, eta liño fiña,

        26. Eta auntzen illeak, beren borondatez ematen zutela guztia.

        27. Eta Prinzipeak eskeñi zituzten beltxurien arriak eta beste arri baliotsuak sorbalda gañeko, eta bularrerako,

        28. Eta aromak, eta olioa lanparak adereztzeko, eta okendua prestatzeko, eta egiteko usai txit gozozko lurrinkaia.

        29. Gizaseme eta emakume guztiak gogo onarekin eskeñi zituzten doaiñak egiteko Moisesen eskuz Jaunak agindu zituen lanak Israelko seme guztiak konsagratu ziozkaten Jaunari borondatezko gauzak.

        30. Eta esan zien Moisesek Israelko semeai: Begira, nola otsegin dion Jaunak bere izenez Beseleel Urien Hurren semearen seme, Judako tribukoari.

        31. Eta bete du Jaungoikoaren espirituz, jakindeaz, adieraz zintzoeraz, eta gaikera guztiaz,

        32. Asmatu eta egiteko lanak urrean, eta zillarrean, eta brontzean,

        33. Eta otallutzeko arrietan , eta arozkintzako lanetan artez asmatu al dezakean guztia,

        34. Jarri du bere biotzean, eta berebat Ooliab Akisameken semea Dango tribukoa:

        35. Biak argitu zituen jakinduriaz, egiteko lanak zurean, kolore askotako oialetan, jazintozko, eta purpurazko, eta bi alditan ganbusitako grana, eta liño fiñezko bordatuetan, eta eo ditzaten gauza guztiak, eta asmatu edozeñ berri.

 

OGEITA AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Egin zituzten bada Beseleelek, eta Ooliabek, eta Jaunak jakinduria eta adimentua eman zion gizon jakintsu guztiak, jakiteko artez lanean premiazkoak diraden gauzak santuarioko usuetarako eta Jaunak agindu zituenak.

        2. Eta otsegiñik Moisesek berai, eta Jaunak jakinduria eman zion gizon aditu guztiari, eta beren borondatez eskeñi ziradenai lana egiteko,

        3. Eman ziozkaten Israelko semeen eskeñtzari guztiak. Zeñak ari ziradela gogotikan lanean, erriak eskeñtzen zituen egunero goizetik doaiñak.

        4. Argatik langilleak etortzera bearturik,

        5. Esan zioten Moisesi: Erriak eskeñtzen du bear dan baño geiago.

        6. Agindu zuen bada Moisesek adirazteko pregoiaren bitartez. Ez gizasemek, ez emakumek eskeñi dezala ezer emendikan aurrera santuarioko lanerako. Eta onela utzi zitzaioten doaiñak eskeñtzeari,

        7. Eskeñiak asko eta geiegi ziradelako.

        8. Tabernakuloko lanetarako gizon gai eta jakintsu guztiak bada, egin zituzten amar errezel liño fiñ biurtuzko, eta jazintozko, eta purpurazko, eta bi alditan ganbusitako granazko, lan, eta bordatu mot askorekin.

        9. Beretako bakoitzak zeuzkan luzeeran ogei ta zortzi beso, eta zabaleran lau. Bat bera zan errezel guztien neurria.

        10. Eta batu zituen bost errezel bata besteari, eta beste bostak ere elkartu zituen beren artean.

        11. Egin ere zituen euskarri jazintozkoak errezel bataren ertzean aldamen bietatik, eta berebat beste errezelaren ertzean,

        12. Euskarriak etorri zitezen bata bestearen aurrean, eta itsasteko elkarri.

        13. Artarako egin zituen berrogeita amar eraztun urrezko, beretan katigatzeko errezelen euskarriak, eta onela gelditu zedin egiñik etzauntz bakar bat.

        14. Egin ere zituen amaika estalki auntzen illezko, etzauntzaren tellatua estalitzeko.

        15. Estalki bakoitzak zituen luzeeran ogei ta amar beso, eta zabaleran lau beso, neurri batekoak ziraden estalki guztiak:

        16. Zeñatatik bost elkartu zituen apartean, eta beste seiak berezian.

        17. Eta egin zituen berrogei ta amar euskarri estalki bataren ertzean, eta berrogei ta amar beste estalkiaren ertzean, bata besteari elkartzeko.

        18. Eta berrogei ta amar ebilla brontzezko berakin itsasteko tellatua, estalki guztiakin bat egiteko.

        19. Egin ere zuen etzauntzaren estalkia arien larru lugorrituakin, eta gañean beste estalki bat jazintozko larruakin.

        20. Berebat egin zituen Setimgo zurakin tabernakuloko ol zuzenak.

        21. Amar besokoa zan ol bakoitzaren luzeera, eta beso bat eta erdi zituen zabalerak.

        22. Bi lotugarri zeuden ol bakoitzean bata bestarekin katigatzeko. Eta berebat egin zuen tabernakuloko ol guztietan.

        23. Oietatik ogei zeuden eguerdi aldamen, egoera begira dagoanean,

        24. Berrogei urrezko ondaperekin. Jartzen ziraden bi ondape ol bakoitzaren azpian beren egi bietan, non bukatzen diran aldamenetako lotugarriak egietan.

        25. Eta Ifarrera begira dagoen tabernakuloaren aldamenera ere, egin zituen ogei ol,

        26. Berrogei urrezko ondaperekin, bi ondape ol bakoitzarentzat.

        27. Eta sartalderontz, au da, itsasora begira dagoan tabernakuloaren aldamenerontz, egin zituen sei ol,

        28. Eta beste bi, tabernakuloaren osteko eskina bakoitzarentzat:

        29. Zeñak zeuden elkarturik beetik gora, eta elkarturik zetoztzen gorputz bat egitera. Ala egin zuen eskiñetan aldamen bietatik:

        30. Alako moduan non, guztiak elkarturik ziran zortzi ol, eta zeuzkaten amasei urrezko ondape, au da, bi ondape ol bakoitzaren azpian.

        31. Egin ere zituen zearkaiak Setimgo zurakin, bost idukitzeko sendo elkarturik olak tabernakuloaren aldamen batean,

        32. Eta beste bost idukitzeko sendo elkarturik beste aldamenekoak, eta oiez gañera beste bost zearkai tabernakuloaren sartaldeko aldamenean itsasorontz.

        33. Egin ere zuen beste zearkai bat, olen erditik eskiña batetik bestera allegatzen zana.

        34. Olezko pareta oiek berok estali zituen urrezko plantxakin, urtuta egiñik bere zillarrezko ondapeak. Egin ere zituen bere arraskak urrezkoak, zeñatatik zearkaiak irago al zezaten, zeñak ere estali zituen urrezko plantxakin.

        35. Egin ere zuen estalkia jazintozkoa, eta purpurazkoa, granazkoa, eta liño fiñ biurtuzkoa, kolore nabar, eta gainlora askorekin eoa:

        36. Eta lau abe Setimgo zurakin, zeñak beren erpiñakin urrez estali zituen, egiñik beren ondapeak urrearekin.

        37. Egin ere zuen tabernakuloaren sarreran estalki bat jazintozkoa, purpurazkoa, granazkoa, eta liño fiñ biurtuzkoa, bordatulariaren lanaz:

        38. Eta bost abe beren erpiñakin zeñak estali zituen urrez, eta beren ondapeak egin zituen brontzezkoak.

 

OGEITA AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta egin ere zuen Beseleelek kutxa Setimgo zurakin, zituena bi beso eta erdi luzeeran, eta beso bat eta erdi zabaleran, eta altura ere zan beso bat eta erdikoa, eta estali zuen urre txit garbiz barrendik eta kanpotik.

        2. Eta egin zion urrezko koroi bat inguruan,

        3. Eta bere lau eskiñetan ipiñi zituen lau arrazka, urre urtuarekin egiñak.

        4. Berebat egin zituen zigor batzuek Setimgo zurakin, zeñak urrez estali zituen.

        5. Eta zeñak sartu zituen, kutxaren aldamenetan zeuden arrasketatik eramateko kutxa.

        6. Egin ere zuen propiziatorioa, au da, orakuloa, urre txit garbizkoa, bi beso eta erdikoa luzeeran, eta beso bat eta erdikoa zabaleran.

        7. Baitaere bi Kerubin malluz landutako urrearekin, zeñak ipiñi zituen propiziatorioaren aldamen bietan:

        8. Kerubin bat aldamen bataren atzenean, eta beste Kerubiña beste aldamenaren atzenean, Kerubin bi propiziatorioaren atzenik altuen bietan,

        9. Zabaltzen zituztela egoak, eta estaltzen zutela propiziatorioa, eta elkarri eta ari begira.

        10. Egin ere zuen mai bat Setimgo zurakin, luzeeran bi besokoa, eta zabaleran beso batekoa, zeñak zuen alturan beso bat eta erdi:

        11. Eta estali zuen urre txit garbiz, eta egin zion urrezko arpaiñ bat inguruan,

        12. Eta arpaiñari berari urrezko koroi otallutu bat lau beatzekoa, eta beraren gañean, beste urrezko koroi bat.

        13. Urtu eta egin ere zituen urrezko arraskak, zeñak ipiñi zituen lau eskiñetan, maiaren oñ bakoitzean

        14. Koroiaren aurrean, eta sartu zituen beretatik zigorrak, eramana izan zezakean maia.

        15. Zigorrak berak ere egin zituen Setimgo zurakin, eta urrez estali zituen.

        16. Eta ontziak maiko usu askotarako, katilluak, edontziak eta kopak, eta inzensoario urre garbizkoak, zeñetan eskeñiak izango dirade doaiñak.

        17. Egin ere zuen urre txit garbizko kandelero bat malluz landua. Zeñaen kirtenetik ateratzen ziraden besoak, kopak, eta bolatxoak, eta lirioak:

        18. Sei aldamen bietan, iru beso aldamen batetik, eta iru bestetik:

        19. Iru kopa intxaurren gisara beso bakoitzean, eta berebat bolatxoak eta lirioak; eta iru kopa intxaurren gisara beste besoan, eta berebat bolatxoak eta lirioak. Berdiña zan bi besoen lana, zeñak ateratzen ziraden kandeleroaren ondotik.

        20. Eta kirtenean bertan zeuden lau kopa intxaurren gisara, eta berebat bakoitzari laguntzen zioten bolatxoak eta lirioak:

        21. Eta bolatxoak beso bien azpian iru tokitan, zeñak elkarturik dirade sei beso ateratzen ziradenak kirten bakar batetik.

        22. Eta bolatxoak bada, eta besoak beratatik ateratzen ziraden guztiak ziraden urre txit garbizkoak, malluz egiñak.

        23. Egin ere zituen urre txit garbizko zazpi kriselutxo beren desbabillakaiakin, eta ontziak itzaltzeko desbabillatzen dana.

        24. Urrezko talentu bat pisatzen zuen kandeleroak bere ontzi guztiakin.

        25. Egin ere zuen lurrinkaiaren aldarea Setimgo zurakin, zuena laukian beso bat, eta alturan bi zeñen eskiñetatik ateratzen ziraden puntak.

        26. Eta estali zuen urre txit garbiz sare, eta pareta eta puntakin

        27. Eta egin zion urrezko koroi bat inguruan, eta urrezko arraska bi koroiaren azpian aldamen bakoitzetik, sartzeko beretatik zigorrak, eta eramana izan dezakean aldarea.

        28. Eta zigorrak berak egin zituen Setimgo zurakin, eta estali zituen urrezko plantxakin.

        29. Konpondu ere zuen olioa santutasuneko okendurako, eta lurrinkaia usairik gozoenakin, lurringillearen lanaren araura.

 

OGEITA EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Egin ere zuen holokaustoko aldarea Setimgo zurakin, bost besokoa laukian, eta irukoa alturan:

        2. Zeñen puntak ateratzen ziraden eskiñetatik, eta estali zuen brontzezko plantxakin.

        3. Eta bere usuetarako prestatu zituen kobrezko ontzi asko, pertzak, kurrikak, garrangaziak, kakoak, eta brasontziak.

        4. Eta bere erreja sarearen gisara egin zuen brontzezkoa, eta bere azpian aldarearen erdian sutegia,

        5. Egiñik lau arraska errejaren lau altzoetako atzenetan sartzeko zigorrak eta eramateko:

        6. Zeñak berak ere egin zituen Setimgo zurakin, eta estali zituen brontzezko plantxakin:

        7. Eta sartu zituen aldarearen aldamenetan ateratzen ziraden arrasketatik. Aldarea bera berriz etzan barren betea, baizik olezkoa arroa, eta barrendik utsa.

        8. Egin ere zuen brontzezko bañutoki bat bere ondapearekin, tabernakuloaren atean begirian egon oi ziraden emakumeen ispilluakin.

        9. Ataria ere egin zuen, zeñaen egoeko aldamenean zeuden lino fiñ biurtuzko errezelak, eun besokoak,

        10. Ogei abe brontzezko beren ondapeakin, abeeen buruak, eta lanaren moldeera guztia zan zillarrezkoa.

        11. Berebat Ifarraren aldameneko errezelak, abeak eta ondapeak, eta abeen buruak ziran neurri, lan, eta menasta beratakoak.

        12. Sartaldera begiratzen duen aldamenean berriz, baziraden berrogei ta amar besoko kortiñak, amar abe beren brontzezko ondapeakin, eta abeen erpiñak, eta lanaren moldeera guztia, zillarrezkoa.

        13. Gañera sortaldearen aurrean ipiñi zituen berrogei ta amar besoko errezelak.

        14. Zeñakin amabost besoko tokian zegoan beteta aldamen bat iru abe eta beren ondapeakin.

        15. Eta beste aldamenean, (bien artean egin zuelako tabernakuloko sarrera) berebat zeuden errezelak amabost besoko tokian, eta iru abe, eta beste ainbeste ondape.

        16. Atariko errezel guztiak, liño fiñ biurtuarekin zeuden eoak.

        17. Abeen ondapeak izan ziraden brontzezkoak, eta beren erpiñak beren moldeera guztiakin zillarrezkoak: baitaere atariko abeak jantzi zituen zillarrez.

        18. Eta bere sarreran egin zuen estalki bat bordatua jazintoz, purpuraz, eskarlataz, eta liño fiñ biurtuz, zeñak zituen ogei beso luzeeran, altura berriz bost besokoa zan, atariko errezel guztiak zeuzkaten neurriaren araura.

        19. Eta sarreran zeuden lau abe beren ondapeakin, eta beren erpiñak, eta moldaerak zillarrezkoak.

        20. Tabernakuloko eta atariko estakak ere egin zituen brontzezkoak inguruan.

        21. Oiek dirade testimonioko tabernakuloko usubearrak, zeñak izan ziraden kontatuak Moisesek agindu zuen bezela Lebiten lanetarako, Itamar Aaronen seme apaizaren eskuz:

        22. Zeñak bukatu zituen Beseleel Uriren Hurren semearen semeak, Judako tribukoak, Jaunak agintzen ziola Moisesen bitartez.

        23. Arturik beretzat laguntzat Ooliab Akisameken semea Dango tribukoa, zeñ ere izan zan langille txit ederra zuretan, eta bordatuetan, eta gañak loratzen jazintoan, purpuran, eskarlatan, eta liño fiñean.

        24. Santuarioko lanean gastatu zan urre guztia, eta doaiñetan eskeñia izan zana, ogei ta bederatzi talento eta zazpireun eta ogei ta amar siklo izan zan, Satuarioko neurrian.

        25. Eta eskeñi zuten kontatuak izatera irago ziraden ogei urtez gorakoak, seireun eta iru milla, eta bosteun eta berrogei ta amar armako gizonetatik

        26. Egon ziraden gañera eun talento zillar, zeñatatik egiñak izan ziraden santuarioa, eta sarrerako ondapeak, non dagoan esekita estalkia.

        27. Eun ondape egin ziraden eun talenturekin kontaturik, talentu bat ondape bakoitza gatik.

        28. Eta milla zazpieun, eta irurogei ta amabostetik, egin zituen abeen erpiñak, zeñak berak ere zillarrez jantzi zituen.

        29. Eskeñiak ere izan ziraden bi milla eta irurogei ta amar talentu kobrezko, eta gañera laureun siklo,

        30. Zeñakin egin ziraden ondapeak testimonioko tabernakuloko sarreran, eta brontzezko aldarea bere keretarekin, eta bere usuari dagozkion ontzi guztiak,

 

OGEITA EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta jazintoarekin eta purpurarekin, eta eskarlatarekin eta liño fiñarekin egin zituen soñekoak, zeñakin jantziko zan Aaron ari zanean lan santuetan, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        2. Egin zuen bada sorbalda gañekoa urrearekin, jazintoarekin, eta purpurarekin, eta bi alditan ganbusitako granarekin, eta liño fiñ biurtuarekin,

        3. Kolore askoz eoak, eta ebaki zituen urrezko ostoak, eta meetu zituen arietan, biurtu zitzatekean lenbiziko koloreen irazkaiarekin,

        4. Eta bi ertz apaindu bata besteari elkartuak, altuen aldamen bietan,

        5. Eta kolore beretako gerrikoa, agindu zion bezela Jaunak Moisesi.

        6. Prestatu ere zituen bi arri beltxurika, itsatsiak eta sartuak urrean, eta ipiñiak beretan artisjakiñaren lanaren araura, Israelko semeen izenak.

        7. Eta jarri zituen sorbalda gañekoaren aldamenetan Israelko semeen oroipengarritzat, agindu zion bezela Jaunak Moisesi.

        8. Egin ere zuen bularrekoa, kolore askotako lana, sorbalda gañekoaren gisara urrearekin, jazintoarekin, purpurarekin, eta bi alditan ganbusitako granarekin, eta liño fiñ biurtuarekin:

        9. Laukia, birritan ainbat, arra baten neurrikoa.

        10. Eta ipiñi zituen bertan arri baliotsuzko lau errenkada. Lenengo errenkadan zegoan sardioa, topazioa, esmeralda.

        11. Bigarrenean, karbunkloa, zafiroa, eta jaspea.

        12. Irugarrenean, ligurioa, agata, ametistoa.

        13. Laugarrenean, krisolitoa, onixa, eta beriloa, inguruturik eta sarturik urrean beren errenkadetan.

        14. Eta amabi arri beretan zeuden itsatsiak Israelko amabi tribuen izenak, arri bakoitzean bere izena.

        15. Egin ere zituzten bularreko jantzian urre txit garbizko katetxo batzuek, elkar bata bestearekin itsatsiak:

        16. Eta bi kortxeta, eta beste ainbeste urrezko eraztun. Gañera jarri zituzten eraztunak bularreko jantziaren bi aldamenetan,

        17. Zeñatatik egongo ziraden zinzilika isekirik bi urrezko kate, zeñak sartu zituzten, sorbaldagañekoaren egitan ateratzen ziraden kortxetetan.

        18. Gauza oiek aurretik eta ostetik ain egoki zetozten non, sorbalda gañekoa eta bularrekoa elkarri lotzen zitzaiozkan,

        19. Gerrikoari doiturik, eta sendoago baturik eraztunakin, zeñak zeuden lotuta listoi batekin, lasaituta erori etzitezen, eta berezitu zitezen bata besteagandik, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        20. Berebat egin zuten sorbalden gañeko tunika, guztia jazintozkoa,

        21. Eta buruzulo bat goiko aldamenean erdirontz, eta ertz apaindu eo bat buruzuloaren inguruan:

        22. Eta bean oñetarontz granada batzuek jazintozkoak, purpurazkoak, eskarlatazkoak, eta liño fiñ biurtuzkoak:

        23. Eta urre garbizko eskilatxoak, zeñak jarri zituzten granaden artean, tunikaren beeko aldamenaren inguruan,

        24. Urrezko eskillatxo bat, eta granada bat, zeñakin apainduta zebillan apaiznagusia bere lanean ari zanean, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        25. Egin ere zituzten Aaron eta bere semeentzat liño fiñarekin eotako tunikak:

        26. Eta liño fiñezko buru txapelak beren koroitxoakin:

        27. Eta liño fiñezko galtxuriak ere:

        28. Baña gerrikoa liño fiñ biurtuzkoa, jazintozkoa, purpurazkoa, eta bi alditan ganbusitako granazkoa, gainlora askorekin, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        29. Egin ere zuten benerazio sagraduko plantxa urre txit garbizkoa, eta eskribatu zuten bertan artisjakiñaren eskuz, Jaunaren Santutasuna:

        30. Eta estutua jarri zuten buru txapelari jazintozko listoi batekin, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        31. Bukatua izan zan tabernakuloko, eta testimonioko tellatuko lan guztia, eta egin zituzten Israelko semeak, Jaunak Moisesi agindu ziozkan gauza guztiak.

        32. Eta eskeñi zuten tabernakuloa, eta tellatua, eta usubear guztiak, eraztunak, olak, zigorrak, abeak, eta ondapeak,

        33. Estalki ari-larru lugorrituzkoa, eta beste estalki bat jazintozko larruzkoa,

        34. Beloa, kutxa, zigorrak, eta propiziatorioa,

        35. Maia bere ontziakin, eta proposizioko ogiakin:

        36. Kandeleroa, kriselutxoak, eta beren usubearrak olioarekin.

        37. Urrezko aldarea, eta okendua, eta aromazko lurrinkaia:

        38. Eta beloa tabernakuloko sarreran,

        39. Brontzezko aldarea, erreja, zigorrak, eta bere ontzi guztiak; bañutokia bere ondapearekin, atariko errezelak eta abeak beren ondapeakin:

        40. Beloa atariko sarreran, eta bere lokarriak, eta estakak. Etzan faltatu, tabernakuloko lanerako eta elkartasuneko tellaturako egiteko agindu zan ontzirik.

        41. Santuarioan apaizak usatzen dituzten soñekoak ere, au da, Aaronek eta bere semeak,

        42. Eskeñi zituzten Israelko semeak, Jaunak agindu zuen bezela.

        43. Zeñak, ikusi zituenean Moisesek bukaturik guztiak, bedeinkatu zituen.

 

BERROGEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Lenbiziko illean, illaren lenbiziko egunean, altxatuko dezu testimonioko tabernakuloa,

        3. Eta jarriko dezu bertan kutxa, eta utziko diozu erortzen beloari bere aurrean:

        4. Eta sarturik maia, jarriko dituzu bere gañean beren errenkan agindu diraden gauzak.

        5. Eta urrezko aldarea zeñean erretzen dan inzensoa, testimonioko kutxaren aurrean. Jarriko dezu beloa tabernakuloaren sarreran,

        6. Eta bere aurrean holokaustoaren aldarea:

        7. Bañutokia aldarearen eta tabernakuloaren bitartean, zeñ beteko dezun urez.

        8. Eta inguratuko dituzu kortiñakin ataria, eta bere sarrera.

        9. Eta arturik unzioko olioa unjituko dezu tabernakuloa bere ontziakin, santutuak izan ditezen:

        10. Holokaustoaren aldarea eta bere ontzi guztiak:

        11. Bañutokia, bere ondapearekin, guztia konsagratuko dezu unzioko olioarekin, guztia izan dedin gauza txit santua.

        12. Eta alderatuko dituzu Aaron eta bere semeak testimonioko tabernakuloko atetara, eta garbitu ezkero urarekin,

        13. Jantziko dituzu soñeko santuakin, ni serbitu naitzaten, eta beren unzioak balio izan dezan betiko apaiztasunerako.

        14. Eta egin zituen Moisesek, Jaunak agindu ziozkan gauza guztiak.

        15. Ala bada bigarren urteko lenbiziko illean, illaren lenbiziko egunean, izan zan jarria tabernakuloa.

        16. Zeñ altxatu zuen Moisesek ipiñirik olak, eta ondapeak, eta zearkaiak, eta jarririk abeak.

        17. Eta zabaldurik estalkia tabernakuloaren gañean, jarririk gañean beste estalkiak, Jaunak agindua zuen bezela.

        18. Jarri ere zuen testimonioa kutxan, sarturik azpitikan zigorrak, eta goian orakuloa.

        19. Eta sartu zuenean kutxa tabernakuloan, eseki zuen beloa bere aurrean betetzeko Jaunaren agintea.

        20. Jarri ere zuen maia testimonioko tabernakuloan Ifarreko aldamenean belotik kanpora,

        21. Jarririk aurrean errenkan proposizioko ogiak, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        22. Jarri ere zuen kandeleroa testimonioko tabernakuloan, egoeko aldamenean, maiaren aurkez,

        23. Jarririk errenkan lanparak, Jaunaren aginduaren araura.

        24. Jarri ere zuen urrezko aldarea testimonioko estalkiaren aurrean, beloaren aurkez,

        25. Eta erre zuen bere gañean aromaen inzensoa, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        26. Jarri ere zuen beloa testimonioko tabernakuloaren sarreran,

        27. Eta holokaustoko aldarea testimonioko atarian, eskeñtzen zituela bertan holokaustoak, eta emaitzak, Jaunak agindu zuen bezela.

        28. Jarri ere zuen bañutokia testimonioko tabernakuloaren, eta aldarearen bitartean, urez betetzen zuela.

        29. Eta garbitu zituzten Moisesek, eta Aaronek, eta bere semeak beren eskuak eta oñak.

        30. Sartzen ziraden denboran elkartasuneko tabernakuloan, eta alderatzen ziradenean aldarera, Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

        31. Egin ere zuen ataria tabernakuloaren eta aldarearen inguruan, jarririk beloa bere sarreran. Egiñak izan ziraden ezkero gauza guzti oiek,

        32. Estali zuen odei batek testimonioko tabernakuloa, eta Jaunaren gloriak bete zuen.

        33. Eta ezin sartu zezakean Moises elkartasuneko tabernakuloan, odeiak guztia estalitzen zuela, eta Jaunaren anditasunak argi egiten zuela, zeren odeiak guztia estali zuen.

        34. Odeiak tabernakulotik alde egiten zuen guztian eta beti, joaten ziraden Israelko semeak beren taldetan:

        35. Odeia jartzen baldin bazan geldirik gañean, berak ere egoten ziran geldirik leku beratan.

        36. Zeren Jaunaren odeia zegoan tabernakuloaren gañean egunaz, eta gauaz su bat, ikusten zituztela Israelko erri guztiak, beren egotaldi guztietan.

 

aurrekoa hurrengoa