www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (1)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEBITIKOKO LIBURUA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Eta otsegin zion Jaunak Moisesi, eta itz egin zion testimonioko tabernakulotik, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: zuetako gizona eskeintzen diona Jaunari doaia aberetatik, au da, eskeintzen dizkiona doaiak beietatik edo ardietatik;

        3. Bere eskeñia balitz guzia erretzen dana, eta bei taldekoa, eskeñiko du ar errenkura gabe bat testimonioko tabernakuloko atean emaatzeko beretzat Jauna:

        4. Eta jarriko du eskua doaiaren buruaren gañean, eta izango da Jaunaren gogokoa eta mesedegarria bera garbitzeko.

        5. Eta illko du txal bat Jaunaren aurrean, eta Aaronen seme apaizak eskeñiko dute bere odola, isurtzen dutela, tabernakuloaren atearen aurrean dagoan aldarearen inguruan.

        6. Eta kendurik larrua abrillari, ebakiko dituzte zatietan bizakaiak.

        7. Eta jarriko dute sua aldarearen azpian, ipiñita lendanaz egur montoia.

        8. Eta jarririk gañean errenkan, ebakiak izan diraden gorputz zatiak, au da, burua eta gibelari itsasita dauden gauza guztiak.

        9. Garbiturik urarekin esteak eta oñak, eta erreko ditu apaizak aldarearen gañean, egiteko Jaunari usai gozoko eskeñia.

        10. Baña eskeintza balitz giberrietakoa, ardietakoa edo auntzetakoa, eskeñiko du mantxa gabeko arra:

        11. Eta illko du Ifarrerontz begira dagoan aldarearen aldean, eta Aaronen semeak isuriko dute bere odola inguruan aldarearen gañean:

        12. Eta ebakiko dituzte gorputz zatiak, burua, eta gibelari itsasia dagoan guztia, eta jarriko dute egurraren gañean, zeñi azpian sua ipiñiko zaio:

        13. Eta urarekin garbituko dituzte esteak eta oñak. Eta apaizak erreko du eskeñi guztia aldarearen gañean, egiteko Jaunari usai txit gozoko eskeintzari bat.

        14. Baña Jaunari egindako guztia erretako eskeintzaria balitz egaztiena, usatortolena, edo usakumeena,

        15. Eskeñiko du apaizak aldarearen gañean eta txit biurturik burua lepora, eta idikirik zauriaren tokia, korrika joan eraziko dio odolari aldarearen ertzera:

        16. Baña aurtikiko ditu zintzurreko bisigatxoa, lumak aldarearen aldean sartaldeko aldamenean, autsak bota oi diraden tokian,

        17. Eta autsiko diozka bere egoak, baña ez du ebakiko, ez eta ere berezituko ganibetarekin, eta erreko du aldarearen gañean, jarririk sua egurren azpian. Da au, guztia erretzen dan eskeintza, usai txit gozokoa Jaunarentzat.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Anima batek egiten dionean Jaunari eskeintzaren doaia, bere emaitza izango da iriñ lorea, eta isuriko du bere gañean olioa, eta ipiñiko du inzensoa,

        2. Eta eramango du Aaronen seme apaizakgana, zeñatatik batek artuko du eskua bete iriñ lora, eta inzenso guztia, eta ipiñiko du oroipengarritzat aldarearen gañean, eta izan dedin usai txit gozoa Jaunarentzat.

        3. Eta sakrifiziotik sobratzen dana, izango da Aaron eta bere semeena, gauza txit santua Jaunaren doaietatik.

        4. Baña eskeintzen dezunean labean egositako gauzaren baten doaia, iriñlorea, au da, ogi legamigabeak, olioarekin orratuak, lasaña legamigabeak olioarekin gantzutuak,

        5. Zure eskeintzaria balitz zartagikoa, iriñ lora olioarekin orratua, eta legami gabea,

        6. Puskatuko dezu txeero, eta isuriko dezu olioa bere gañean.

        7. Eta baldin eskeintzaria balitza trillakoa, berebat orratuko da iriñ lorea olioarekin:

        8. Zeñ eskeintzen diozula Jaunari, jarriko dezu apaizaren eskuetan.

        9. Zeñak eskeñi ezkero bera, artuko du eskeintzaritik oroipengarritzat, eta erreko du aldarearen gañean Jaunak usai gozoa izan dezan:

        10. Eta sobratzen dan guztia izango da Aaronena eta bere semeena, Jaunaren eskeintzetatik gauza txit santua.

        11. Jaunari eskeintzen zaion doai guztia, egingo da legami gabe, etzaio ere erreko eskeintzarian Jaunari legamiaren eta eztiaren kemetzik.

        12. Gauza oien primiziak bakarrik eskeñiko dituzute, eta doaiak, ez dirade ordea ipiñiko aldarearen gañean usai gozoa botatzeko.

        13. Doaitzat eskeintzen dezun guztiari, gatza emango diozu, eta ez dezu kenduko zure Jaungoikoaren elkartasuneko gatza, zure doaietik. Zure emaitz guztian eskeñiko dezu gatza.

        14. Eta baldin eskeñiko baziñio Jaunari zure lenbiziko frutuen doaia, oraindikan berdeak dauden galburuetatik, txigortuko dituzu suan, eta txeatuko dezu galtxuriaren gisara, eta onela eskeñiko diozkatzu Jaunari zure lenbiziak,

        15. Isuririk beren gañean olioa, eta ipiñirik inzensoa, Jaunaren eskeintzaria dalako.

        16. Zeñatatik erreko du apaizak doaiaren oroipengarritzat ale txeatuaren, eta olioaren zati bat eta inzenso guztia.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta baldin bere eskeintzaria balitza paketsuen doaia, eta naiko balu eskeñi, idiar aberetatik, eskeñiko du Jaunaren aurrean, ar edo eme mantxa gabea.

        2. Eta jarriko du eskua bere eskeintzaren buruaren gañean, zeñ illa izango da testimonioko tabernakuloaren sarreran, eta Aaronen seme apaizak isuriko dute odola aldarearen inguruan.

        3. Eta eskeñiko dute paketsuen doaitik ofrendatzat Jaunarentzat, erraiak estaltzen dituen seboa, eta barrenen dan gantz guztia:

        4. Guntzurrun biak, saiespeak estaltzen dituen seboarekin, eta gibelaren saretxoa guntzurrutxoakin.

        5. Eta erreko dituzte guztiz aldarearen gañean, ipiñirik sua egurren azpian, usai txit gozoaren doaitzat Jaunarentzat.

        6. Baña baldin bere eskeñtzari eta paketsuen doaña balitz ardietatikoa, naiz eskeñi dezala arra, naiz emea, mantxa gabeak izango dirade.

        7. Eskeñiko baldin balu arkume bat Jaunaren aurrean,

        8. Jarriko du bere eskua bere eskeintzaren buruaren gañean, zeñ izango da illa testimonioko tabernakuloaren sarreran, eta Aaronen semeak isuriko dute bere odola aldarearen inguruan.

        9. Eta eskeñiko diote doaitzat Jaunari paketsuen ofrendatik, seboa eta bustan guztia.

        10. Guntzurrunakin, eta sabela eta errai guztiak estaltzen dituen baresarearekin, eta guntzurruntxo biak saiespearen aurrean dagoan seboarekin, eta gibelaren saretxoa guntzurruntxoakin.

        11. Eta erreko ditu apaizak aldarearen gañean suaren gaitzat, eta Jaunaren eskeintzaritzat.

        12. Bere eskeintzaria baldin balitz auntza, eta eskeñiko balio Jaunari,

        13. Jarriko du bere eskua bere buruaren gañean, eta illko du testimonioko tabernakuloko sarreran. Eta Aaronen semeak isuriko dute bere odola aldarearen inguruan.

        14. Eta artuko dute bertatik Jaunaren suaren gaitzat, sabela estaltzen duen seboa, eta errai guztiak estaltzen dituena:

        15. Guntzurrun biak saiespeen aldean beren gañean dagoen eutxoarekin, eta gibeleko seboa guntzurruntxoakin:

        16. Eta erreko ditu apaizak aldarearen gañean, suaren, eta usai txit gozoaren gaitzat. Sebo guztia izango da Jaunarena.

        17. Betiko legez zuen jatorri, eta bizitoki guztietan, ez dezute ere jango odolaren, ez seboaren kemetzik.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai: Ez jakiñez pekatu egiten duen anima, eta egiten duena, Jaunak ez egiteko agindu zuen aginte guztietatik, zerbait:

        3. Pekatu egingo baldin balu unjitua dagoan apaizak, pekatu egin erazirik erriari, eskeñiko dio Jaunari bere pekatua gatik mantxa gabeko txal bat:

        4. Eta eramango du testimonioko tabernakuloko atera Jaunaren aurrera, eta jarriko du eskua bere buruaren gañean, eta eskeñiko dio Jaunari.

        5. Artuko ere du txalaren odoletik, sartzen duela testimonioko tabernakuloan.

        6. Eta busti ezkero beatza, odolean intzatuko du berarekin zazpi aldiz Jaunaren aurrean santuarioko estalkirontz.

        7. Eta ipiñiko du odol artatik bertatik lurrinkaiaren aldarearen, Jaunarentzat txit gogokoaren punten gañean, zeñ dagoan testimonioko tabernakuloan. Eta sobratzen dan odol guztia isuriko du eskeintzariaren aldarearen ondapean tabernakuloaren sarreran.

        8. Eta kenduko du txalaren seboa bekatua gatik, bai erraiak estaltzen dituena, eta bai barrenen dauden gauza guztiak:

        9. Guntzurruntxo biak, eta beren gañean saiespeen aldean dan eutxoa, eta gibeleko seboa guntzurruntxoakin,

        10. Kentzen dan bezela paketsuen eskeintzariaren txaletik: eta erreko ditu eskeintzariaren aldarearen gañean.

        11. Baña larrua eta aragi guztiak, buru, eta oñ, eta este, eta zimaur,

        12. Eta gorputzaren gañerakoarekin, aterako du etzauntzetatikan kanpora toki garbi batera, non botatzen diraden autsak, eta su emango dizkio egur montoi baten gañean, zeñak izango dirade erreak auts botatuen tokian.

        13. Eta baldin Israelko talde guztiak pekatu egingo balu ezjakiñez, eta oarkabe egingo balu, Jaunaren aginduaren kontra dana,

        14. Eta gero ezagutuko balu bere pekatua, eskeñiko du bere pekatua gatik txal bat, eta eramango du tabernakuloaren atera.

        15. Eta erriko zarrak jarriko dituzte eskuak bere buruaren gañean Jaunaren aurrean. Eta illik txala Jaunaren aurrean,

        16. Unjiturik dagoan apaizak sartuko du bere odoletik testimonioko tabernakuloan,

        17. Intzatzen duela zazpi alditan belorontz beatz buztiarekin.

        18. Eta ipiñiko du odol artatik bertatik aldarean Jaunaren aurrean testimonioko tabernakuloan dagoanaren puntetan, eta sobratzen dan odola isuriko du eskeintzarien aldarearen, testimonioko tabernakuloko sarreran dagoanaren ondapearen aldean.

        19. Eta kenduko du bere sebo guztia, eta erreko du aldarearen gañean:

        20. Ala egiten duela txal onekin ere, nola egin zuen leen ere, eta erreguturik apaizak berakgaitik, Jaunak barkatuko diozkate.

        21. Eta txala bera aterako du etzauntzetatik kanpora, eta erreko du lenbiziko txala bezela, erriaren pekatua gatik dalako.

        22. Pekatu egingo baldin balu Prinzipeak, eta egingo baldin balu ezjakiñez Jaunaren legean galerazita dauden gauza askotakoren bat,

        23. Eta gero ezagutuko balu bere pekatua, eskeñiko dio doaia Jaunari, auntz ar mantxa gabeko bat.

        24. Eta jarriko du bere eskua bere buruaren gañean, eta ill ezkero doaia ill oi dan tokian Jaunaren aurrean, pekatua gatik dalako,

        25. Bustiko du apaizak beatza doaiaren odolean pekatuagatik, ukitzen diotela doaieko aldarearen puntai, eta gañearakoa isurtzen duela bere ondapean.

        26. Baña seboa erreko du gañean, egin oi dan bezela paketsuen eskeintzetan, eta erregutuko du apaizak bera gatik, eta bere pekatua gatik, eta barkatua izango zaio.

        27. Eta pekatu egingo baldin balu ezjakiñez lurreko erriko animaren batek, egiten duela Jaunaren legean galerazitzen diraden gauza aietakoren bat, eta pekatu egingo balu,

        28. Eta ezagutuko balu bere pekatua, eskeñiko du mantxa gabeko auntz bat.

        29. Eta jarriko du eskua, pekatua gatik dan doaiaren buruaren gañean, eta illko du eskeintzariaren tokian.

        30. Eta artuko du apaizak odoletik bere beatzean, eta ukiturik doaiaren aldarearen puntak, gañerakoa isuriko du bere ondapean.

        31. Eta sebo guztia kendurik, kendu oi dan bezela paketsuen doaietatik Jaunarentzat usai gozoa zabaltzeko, eta erregutuko du beragatik, eta barkatua izango zaio.

        32. Baña baldin eskeñiko balu pekatua gatik doaien bat giberrietatik, au da, ardi mantxa gabekoren bat;

        33. Jarriko du eskua bere buruaren gañean, eta illko du, doaien eskeintzak ill oi diraden tokian.

        34. Eta artuko du apaizak bere odoletik bere beatzarekin, eta ukiturik doaiaren aldarearen puntak, gañerakoa isuriko du bere ondapean.

        35. Eta kendurik sebo guztia, kendu oi dan bezela paketsuak gatik illtzen dan ariaren seboa, erreko du aldarearen gañean Jaunarentzat eskeñitako inzenso bat bezela eta erregutuko du beragatik, eta bere pekatua gatik, eta barkatua izango zaio.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Pekatu egingo baldin balu norbaitek, eta adituko balu juramentu egiten duenaren boza, eta testigu izango balitz, naiz berak ikusi duelako, edo dakialako, adirazten ez baldin badu pagatuko du bere pekatuaren pena.

        2. Norbaitek ukituko balio gauza loiren bati, naiz pistiak illa izan danari, naiz berez illari, naiz edozeiñ abere arrastakarik, eta aztuko balitz bere loikeriarekin, obendun da, eta pekatu egin du:

        3. Berebat ukituko baldin balio gizonen baten loikeriari, edozeñ loikerietan, zeñarekin mantxatu oi dan, eta oartu gabe; baña gero konturatuko baldin balitz, pekatuaren obendun izango da.

        4. Juramentu egiten duenak, eta esaten duenak bere ezpañakin, egingo duela zerbait ongi, edo gaizki, eta sendotuko balu au bera juramentuarekin edo itzarekin, eta azturik ezagutuko baldin balu gero bere pekatua,

        5. Penitenzia egin beza bere pekatuagatik,

        6. Eta eskeñi beza abere taldeetatik arkume eme bat edo auntz bat, eta erregutuko du apaizak bera gatik, eta bere pekatua gatik:

        7. Baña ezin eskeñi balu abere bat, eskeñi bizazkio Jaunari bi usatortola, edo usoen bi ume, bat pekatua gatik, eta bestea eskeintzaritzat,

        8. Eta emango diozka apaizari, zeñak eskeñirik lenbizikoa pekatua gatik, txit biurtuko du bere burua egotxoetarontz, lepoari itsasia geldituko dan, eta osoz urratuko ez dan eran.

        9. Eta intzatuko du bere odolarekin, aldareko paretea. Eta sobratzen dan guztiari jario eraziko dio bere ondapera, pekatua gatik dalako.

        10. Bestea berriz erreko du eskeñitzat, egin oi dan bezela, eta erregutuko du apaizak beragatik eta bere pekatua gatik, eta barkatua izango zaio.

        11. Baña ezin eskeñi baldin balitu bi usatortola, edo usokume bi, eskeñiko du bere pekatua gatik iriñ loraren ephi baten amargarren partea. Ez du botako oliorik bere gañean, ez du ere ipiñiko inzensorik bere gañean, pekatua gatik dalako.

        12. Eta emango dio apaizari, zeñak arturik bertatik eskua bete, erreko du aldarearen gañean, eskeñi duenaren oroipengarrirako,

        13. Erregututzen duela bera gatik, eta garbitzen duela, eta gañerako zatia berak idukiko du doaitzat.

        14. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        15. Norbaitek, pekatu egingo baldin balu, utsegitez, faltatzen duela Jaunari konsagratuta dauden gauzetako zeremonietan, eskeñiko du bere pekatua gatik aitzakia gabeko ari bat, siklo bian erosi dezakean artaldetatik, santuarioko pisuaren araura:

        16. Eta osotuko du egin duen kaltea, eta gañera ipiñiko du bosgarren partea, ematen diola apaizari, zeñak erregutuko duen bera gatik, eskeintzen duela ari bat, eta barkatua izango zaio.

        17. Norbaitek pekatu egingo balu ezjakinez, eta egingo baldin balu Jaunaren legean galerazitzen diraden gauzaren bat, eta jarririk pekatuaren obendun ezagutuko baldin balu bere gaiztakeria,

        18. Eskeñiko dio apaizari errenkura gabeko ari bat, pekatuaren neurri ta anditasunaren araura, zeñak erregutuko duen bera gatik, ezjakiñean egin zuelako, eta barkatua izango zaio,

        19. Zeren oker ustean pekatu egin zuen Jaunaren kontra.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Pekatu egiten duenak, eta, mezpreziaturik Jauna, ukatzen dionak lagun urkoari bere leialtasuna gatik gordetzeko eman zitzaion gauza, edo indarrez zerbait kenduko baldin balio, edo gezurra asmatuko balio,

        3. Edo gauza galduren bat arkituko balu, eta ukaturik, gañera gezurrarekin juramentu egingo balu, eta egingo balu beste askotatik gauzaren bat, zeñatan gizonak pekatu egin oi duten,

        4. Ezaguturik pekatu egin duela, biurtuko du.

        5. Osoz, engañuz beretu nai zuen guztia, eta gañera bosgarren partea, kaltea egin zion jabeari.

        6. Eta bere pekatua gatik eskeñiko du ari mantxa gabe bat artaldetik, eta emango dio apaizari, pekatuaren anditasunaren eta neurriaren araura:

        7. Zeñak erregutuko du bera gatik Jaunaren aurrean, eta barkatuko zaio pekatu egiñarekin egin zituen gauza bakoitza gatik.

        8. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        9. Agindu zaiezu Aaroni eta bere semeai: Au da holokaustoaren legea. Errea izango da aldarean gau guztian goizeraño, sua izango da aldarekoa beretakoa.

        10. Apaiza jantziko da tunikarekin eta liñozko galtxuriakin, eta artuko ditu autsak, zeñatara su jaleak biurtu izango duen, eta ipiñirik aldarearen aldean,

        11. Utziko ditu lenbiziko soñekoak, eta jantzirik beste batzuekin, eramango ditu autsak etzauntzetatik kanpora, eta toki txit garbi batean desegin eraziko ditu geldo biurtu ditezen bitartean.

        12. Eta beti egongo da sua irazekia aldarean, zeñ piztuko duen apaizak, ipiñirik azpian egurra goizean egun bakoitzean, eta jarririk holokaustoa gañean, erreko ditu bere gañean paketsuen seboak.

        13. Au da betiko su, iñoiz aldarean faltatuko ez dana.

        14. Au da Aaronen semeak Jaunaren aurrean, eta aldarearen aurrean eskeñiko dituzten sakrifizioaren, eta libazioen legea.

        15. Artuko du apaizak eskua bete iriñ lora olioarekin orraturik dagoena, eta iriñ lorearen gañean jarria izan dan inzenso guztia, eta erreko du aldarean, Jaunaren usai txit gozoaren oroipengarritzat:

        16. Eta sobratzen dan iriñlorearen partea jango du Aaronek bere semeakin, legamirikan gabe, eta jango du tabernakuloko atariko toki santuan.

        17. Eta etzaio legamirikan ipiñiko, zeren bere zati bat eskeintzen da Jaunaren inzensoan. Gauza txit santu bat izango da au, pekatua gatik eta gaiztakeria gatik bezela.

        18. Bakarrik Aaronen jatorriko gizasemeak jango dute. Gauza bidezko eta betikoa izango da zuen gizaldietan Jaunaren eskeintzetan. Gauza oiei ukitzen dion guztia, izango da santutua.

        19. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        20. Au da, Aaronek, eta bere semeak bere unzioaren egunean Jaunari eskeñi bear dioten doaia. Eskeñiko dute betiko doaiean ephi bat iriñloraren amargarren partea, bere erdia goizean, eta bere erdia arratsaldean:

        21. Zeñ orraturik olioarekin frijituko da zartagin batean. Eta eskeñiko du berotan, iduki dezan usai txit gozoa Jaunarentzat.

        22. Aitaren lekuan tokamenez jartzen dan apaizak, eta guztia erreko da aldarean.

        23. Zeren apaizen eskeintza guztia suaz desegiña izango da, eta ez du iñork bertatik jango.

        24. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        25. Itz egin zaiezu Aaroni eta bere semeai: Au da eskeintzaren legea pekatua gatik. Izango da illa Jaunaren aurrean holokaustoa eskeintzen dan tokian. Gauza txit santua da.

        26. Eskeintzen duen apaizak, jango du toki santuan, tabernakuloaren atarian.

        27. Bere aragiai ukitzen dioten guztia, izango da santutua. Baldin bere odolarekin odoliztatua izango balitz soñekoa, izango da garbitua toki santuan.

        28. Eta bera egosia izan dan lurrezko ontzia, autsia izango da, baña baldin ontzia balitz bronzezkoa, izango da igortzia, eta garbituko da urarekin.

        29. Apaizen jatorriko gizaseme guztiak jango ditu bere aragiak, zeren gauza txit santua da.

        30. Zeren pekatua gatik illtzen dan aberea, zeñaen odola sartzen dan testimonioko tabernakuloan garbitzeko santuarioan, ez da jango, baizik suan erreko da.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Au ere da pekatua gatik eskeñitako doaiaren legea, gauza txit santua da,

        2. Argatik guztia erretzeko aberea illtzen dan tokian, illko da pekatua gatik egiten dan doaia ere; bere odola izango da isuria aldarearen inguruan.

        3. Eskeñiko dituzte bertatik bustana eta erraiak estaltzen dituen seboa:

        4. Guntzurruntxo biak, eta saiespeen aldean dan gantza eta gibelaren eutxoa guntzurruntxoakin.

        5. Eta erreko ditu berak aldarearen gañean, Jaunaren inzensoa da pekatua gatik.

        6. Apaizen jatorriko gizaseme guztiak jango ditu aragi oiek toki santuan, zeren da gauza txit santua.

        7. Nola pekatua gatik eskeintzen dan doaia, ala gaiztakeria gatik ere doai bien legea bat izango da, eskeintzen duen apaizari egokiko zaio.

        8. Doaia eskeintzen duen apaizak idukiko du bere larrua ere.

        9. Eta labean egosten dan iriñlorazko doai guztia, eta trillan edo zartagiñean prestatzen dan guztia, izango da apaiz hurarena, zeñak eskeñia dan:

        10. Naiz izan dedilla olioarekin orratua, naiz idorra, partituko da Aaronen seme guztien artean neurri berdiñean bakoitzarentzat.

        11. Au da, Jaunari eskeintzen zaion paketsuen doaiaren legea.

        12. Doaia baldin balitz eskerrak emateko, eskeñiko dituzte legami gabeko ogi olioarekin orratuak, eta lasaña legami gabeak olioarekin gantzutuak, eta iriñlora egosia, eta orra ostoak naasi eta orratuak olioarekin.

        13. Eta legamidun ogiak ere eskerrak emateko doaiarekin, zeñ illtzen dan paketsuak gatik:

        14. Zeñatatik bat eskeñiko zaio Jaunari lenbiziak gatik, eta izango da eskeintzan abere illaren odola isurtzen duen apaizarena,

        15. Zeñaren aragiak jango dirade egun artan bertan, eta ez da geldituko bertatik ezer biaramonerako.

        16. Norbaitek eskeñiko baldin balu doaia botoz, edo borondatez, berebat egun artan jango da, baña biaramonerako zerbait geldituko balitz ere, bidezko bitzate jatea:

        17. Baña irugarren egunerako sobratzen dana, izango da suaz desegiña.

        18. Norbaitek jango baldin balitu irugarren egunean paketsuen doaiaren aragiak, utsa balioko du eskeintzariak, eta ez dio mesederik erakarriko eskeintzen duenari, bestera alako gauzarik jatearekin loitzen dana, fedea austen duenaren obendun izango da.

        19. Gauza loiren bati ukitzen dion aragia, ez da jango, baizik suan erreko da, garbi dagoanak jango du bertatik.

        20. Anima loitu, jaten duena paketsuen doaiaren aragi Jaunari eskeñia izan zaionetik, izango da bere errietatik galdua,

        21. Eta ukitzen diona gizonaren, edo aberearen, edo ezaindu dezakean edozen gauzaren loikeria, eta jaten duena onelako aragietatik, galdua izango da bere errietatik.

        22. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        23. Esango diezu Israelko semeai: Ez dezute jango ardiaren, ta ez beiaren, ta ez auntzaren gantzik.

        24. Baña gorde zenezakete usu askotarako abere illkiaren, edo beste abereren batek arrapatua izan dan pistiaren gantza.

        25. Iñork jango baldin balu Jaunaren eskeintzarian errea izan bear duen seboa, izango da galdua bere erritik.

        26. Ez dezute ere artuko janarian animaliren odolik, ez egaztienik, ez abereenik.

        27. Odola jaten duen anima guztia, izango da galdua bere errietatik.

        28. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi esaten zuela:

        29. Itz egin zaiezu Israelko semeai, esaten diezula: Eskeintzen dionak Jaunari paketsuen doaia, eskeñi beza batean doaia ere, au da, bere emaitzak.

        30. Idukiko ditu eskuetan abere illaren seboa, eta bularra, eta konsagratzen dituenean biak eskeñita Jaunari, emango diozka apaizari,

        31. Zeñak erreko du seboa aldarearen gañean, eta bularra izango da Aaronena eta bere semeena.

        32. Paketsuen abere illen eskuieko besonda ere geldituko da apaizaren lenbizitzat.

        33. Aaronen semeen artean eskeintzen duenak odola eta seboa, idukiko ere du berak eskuieko besonda bere elizanoan.

        34. Zeren Israelko semeen abereill paketsuen aragitik gorde det nere aurrean goratzen dan bularra, eta berezitu dan besonda, eta eman diet Aaron apaizari, eta bere semeai, Israelko erri guztiaren betiko legetzat.

        35. Au da Aaron eta bere semeen unzioa Jaunaren zeremonietan, Moisesek eskeñi zituen egunean, apaiz lanetan aritzeko,

        36. Eta au da Jaungoikoak agindu ziena Israelko semeai, eman zitzaiotela betiko legez beren gizaldietan.

        37. Au da guztia erretzen dan eskeintzariaren legea, eta doaiarena bekatua gatik eta obena gatik, eta konsagrazioa gatik, eta emaitz paketsuak gatik:

        38. Jaunak Moisesi agindu ziona emateko Sinaiko mendian, agindu ziotenean Israelko semeai eskeintzeko beren doaiak Jaunari Sinaiko eremuan.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Ar zazu Aaron bere semeakin, beren soñekoak, eta unzioko olioa, txala pekatua gatik, bi ari, saski bat legami gabeakin,

        3. Eta bilduko dezu erri guztia tabernakuloko atean.

        4. Egin zuen Moisesek Jaunak agindu zuen bezela. Eta bildurik talde guztia tabernakuloaren ateen aurrean,

        5. Esan zuen: Au da Jaunak egiteko agindu duena.

        6. Eta bereala presentatu zituen Aaron eta bere semeak. Eta garbitu zituenean, berak,

        7. Jantzi zuen Apaiznagusia liñozko alkandorarekin, lotzen ziola gerria uztoidearekin eta jantzitzen zuela jazintozko tunikarekin, eta jarri zion bere gañean efoda.

        8. Zeñ estuturik gerrikoarekin doitu zion Bazionalari, zeñean zegoan irakatsia eta Egia.

        9. Estali ere zion burua apaizkapelarekin, eta bere gañean, kopetaren aurrean, jarri zuen urrezko plantxa konsagratua santutasunean, Jaunak agindu zion bezela.

        10. Artu ere zuen unzioko olioa, zeñarekin untatu zuen tabernakuloa bere tresna guztiakin.

        11. Eta intzatu ezkero aldarea santututzen zuela zazpi aldiz, untatu zuen, baita bere ontzi guztiak ere, eta santutu zuen bañutokia bere ondapearekin olioz.

        12. Eta isuririk Aaronen buruaren gañean, untatu eta konsagratu zuen,

        13. Baita bere semeak ere presentatu ezkero jantzi zituen liñozko tunikakin, eta lotu ziozkaten gerriak uztoideakin, eta jarri ziozkaten apaiz kapelak, Jaunak agindu zuen bezela.

        14. Eskeñi ere zuen txala pekatua gatik. Eta jarririk Aaronek, eta bere semeak beren eskuak bere buruaren gañean,

        15. Ill zuen, eta arturik odola, eta bustirik beatza bertan, ukitu ziozkaten aldarearen puntai inguruan. Zeñ garbitu eta santuturik, isuri zuen gañerako odola beren oñetan.

        16. Eta erre zuen aldarearen gañean erraien gañean zegoan seboa, eta gibelaren eutxoa, eta guntzurruntxo biak beren euakin:

        17. Erretzen zuela etzauntzetatik kanpora txala bere larru, eta aragi, eta gorotzarekin, Jaunak agindu zuen bezela.

        18. Eskeñi ere zuen ari bat doaitzat, zeñaren buruaren gañean jarri ezkero Aaronek eta bere semeak beren eskuak,

        19. Ill zuen, eta isuri bere odola aldarearen inguruan.

        20. Eta aria bera partiturik zatietan, erre zituen suan bere burua, eta bizikaiak, eta seboa,

        21. Garbiturik lendikan esteak eta oñak, eta erre zuen batean ari guztia aldarearen gañean, zalako Jaunarentzat eskeintza usai txit gozokoa, agindu zion bezela.

        22. Eskeñi ere zuen bigarren aria, apaizen konsagrazioan, eta jarri zituzten Aaronek eta bere semeak beren eskuak beren buru gañean:

        23. Zeñ illik Moisesek, arturik bere odoletikan, ukitu zion Aaronen eskuieko belarriaren ertzari, eta bere eskuieko eskuko beatz lodiari, eta orobat oñekoari ere.

        24. Eskeñi ere zituen Aaronen semeak. Eta ukiturik ari illaren odolarekin bakoitzaren eskuieko belarriaren ertza, eta eskuieko eskuaren eta oñaren beatz lodiak, gañerakoa isuri zuen aldarearen gañean inguruan:

        25. Eta berezitu zituen seboa, eta bustana, eta esteak estalitzen dituen gantz guztia, eta gibelaren eutxoa, eta guntzurrun biak beren seboakin, eta eskuieko besondarekin.

        26. Eta arturik Jaunaren aurrean zegoan legamigabeen saskitxotik legami gabeko ogi bat, eta orraosto bat olioarekin orratua, eta lasaña bat, jarri zituen seboen eta eskuieko besondaren gañean,

        27. Ematen ziozkatela guztia batean Aaroni eta bere semeai. Zeñak altxatu ezkero berak Jaunaren aurrean,

        28. Berriz arturik beren eskuetatik, erre zuen eskeintzako aldarearen gañean, zalako konsagrazioko doaia, usai txit gozoko doaia Jaunarentzat.

        29. Eta altxaturik Jaunaren aurrean konsagrazioko ariaren bularra, gorde zuen bere elizanoa bezela, Jaunak agindu zionaren araura.

        30. Eta arturik okendua, eta aldarearen gañean zegoan odola, intzatu zuen Aaronen eta bere soñekoen gañean, eta bere semeen eta beren soñekoen gañean.

        31. Eta santutu zituenean bere soñekoan, agindu zien esaten zuela: Egosi itzatzute aragiak tabernakuloaren ateen aurrean, eta an jan itzazute. Jan itzazute ere, saskitxoan jarririk dauden konsagrazioko ogiak, Jaunak agindu zidan bezela, esaten zuela: Aaronek eta bere semeak jango dituzte:

        32. Eta sobratzen dan aragi eta ogi guztia, suak desegingo du.

        33. Etzerate ere aterako tabernakuloko atetikan zazpi egunean, zuen konsagrazioko denbora betetzen dan eguneraño. Zeren zazpi egunean aitzen da konsagrazioa:

        34. Orain egin dan bezela, sakrifizioko zeremonia betetzeko.

        35. Gau eta egun egongo zerate tabernakuloan, gordetzen dituzutela Jaunaren bellak, il etzaitezten: zeren onela agindua izan zat.

        36. Eta egin zituzten Aaronek eta bere semeak, Jaunak Moisesen eskuz esan ziozkaten gauza guztiak.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Eta allegaturik zortzigarren eguna, ots egin zien Moisesek Aaroni, eta bere semeai, eta Israelko zarrai, eta esan zion Aaroni:

        2. Ar zazu bei taldetikan txal bat pekatua gatik, eta ari bat doaitzat, biak mantxa gabeak, eta eskeñi itzatzu Jaunaren aurrean.

        3. Eta Israelko semeai itz egingo diezu: Ar zazute antxume ar bat pekatua gatik, eta txal bat eta arkume bat biak urte batekoak, eta mantxa gabeak, doaitzat,

        4. Bei bat eta ari bat doai paketsutzat, eta ill itzatzute Jaunaren aurrean, eskeintzen dezutela iriñlora olioarekin orratua bakoitzaren sakrifizioan. Zeren gaur Jauna agertuko zatzute.

        5. Eraman zituzten bada Moisesek agindu zituen gauza guztiak tabernakuloaren atera, non erri guztia aurrean zegoala,

        6. Esan zuen Moisesek: Au da Jaunak agindu duena; egin ezazute, eta agertuko zatzute bere gloria.

        7. Eta esan zion Aaroni: Alderatu zaite aldarera, eta eskeñi ezazu doaia zure pekatua gatik; eskeñi ezazu emaitza, eta erregutu ezazu zugatik eta erriagatik. Eta eskeñi ezkero erriaren doaia, erregutu ezazu beragatik, Jaunak agindu zuen bezela.

        8. Eta bereala Aaron alderaturik aldarera, ill zuen txal bat bere pekatua gatik:

        9. Zeñaen odola eskeñi zioten bere semeak, zeñean bustirik beatza, ukitu zien aldarearen puntai, eta gañerakoa isuri zuen bere ondapean.

        10. Eta seboa, eta guntzurruntxoak, eta gibelaren eutxo, pekatua gatik diradenak, erre zituen aldarearen gañean, Jaunak Moisesi agindu zion bezela:

        11. Aragiak berriz eta bere larrua suarekin erre zituen etzauntzetatik kanpora.

        12. Ill ere zuen abere bat eskeintzan guztia erretzeko, eta bere semeak eskeñi zioten bere odola, zeñ isuri zuen aldarearen inguruan.

        13. Aurrean jarri ere zioten abere illa bera zatietan partitua, buruarekin eta bizikai bakoitzarekin, zeñak guztiak suarekin erre zituen aldarearen gañean,

        14. Garbiturik lendikan urarekin esteak eta oñak.

        15. Eta il zuen antxume ar bat, eskeintzen zuela erriaren pekatua gatik, eta garbiturik aldarea,

        16. Egin zuen eskeintza,

        17. Gañera egiten zituela sakrifizioan libazioak, zeñak batean eskeiñtzen diraden, eta erretzen zituela aldarearen gañean, utzi gabe goizeko eskeintzako zeremoniak.

        18. Berebat ill zituen idi bat eta ari bat, erriaren doai paketsuak, eta bere semeak aurrean jarri zioten odola, zeñ isuri zuen aldarearen gañean inguruan.

        19. Idiaren seboa ordea, eta ariaren bustana, eta guntzurruntxoak beren seboakin, eta gibelaren eutxoa.

        20. Jarri zituzten bularren gañean, eta erre ziraden ezkero seboak aldarearen gañean,

        21. Berezitu zituen Aaronek beren bularrak, eta eskuieko besondak, alkahaturik Jaunaren aurrean, Moisesek agindu zuen bezela.

        22. Eta luzaturik eskuak erria ganontz, bedeinkatu zuen. Eta bukaturik onela eskeintzak pekatua gatik, eta holokaustoak, eta paketsuak, jatxi zan.

        23. Eta sarturik Moises eta Aaron testimonioko tabernakuloan, eta aterarik gero, bedeinkatu zuten erria. Eta agertu zitzaion Jaunaren gloria erri guztiari:

        24. Eta ona non aterarik sua Jauna gandik, iretsi zituen, aldarearen gañean zeuden emaitza, eta seboak. Eta au ikusirik jende taldeak, alabatu zuten Jauna, eroririk beren arpegien gañean.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Baña Nadab eta Abiu Aaronen semeak arturik inzensarioak, ipiñi zuten bertan sua, eta inzensoa, eskeintzen zutela Jaunaren aurrean su arrotza, zeñ zegoten eragotzia.

        2. Eta aterarik sua Jauna gandik, iretsi zituen, eta ill ziraden Jaunaren aurrean.

        3. Eta esan zion Moisesek Aaroni: Au da Jaunak esan duena, Santutua izango naiz, alderatzen zitzazkidanetan, eta gloriaz betea izango naiz erri guztiaren aurrean. Au entzunik ixillik egon zan Aaron.

        4. Eta otsegiñik Moisesek Misael eta Elisafan Ozielen Aaronen osabaren semeai, esan zien: Zoazte, eta kendu itzatzute zuen anaiak santuarioaren aurretik, eta eraman itzatzute etzauntzetatikan kanpora.

        5. Eta berealaxe joanik, eraman zituzten etzunik zeuden bezela, eta aurtiki zituzten kanpora, agindua izan zitzaioten bezela.

        6. Eta itz egin zien Moisesek Aaroni, eta bere seme Eleazar eta Itamarri: Ez itzatzute agertu zuen buruak, eta ez itzatzute urratu zuen soñekoak, ill etzaitezten, eta aserrea zabaldu ez dedin erri guztiaren gañera. Zuen anaiak, eta Israelko erri guztiak negar egin bezate Jaunak erazeki duen suagatik:

        7. Zuek ordea etzerate aterako tabernakuloko atetatik, bestela galduko zerate: zeren unzio santuko olioa da zuen gañean. Zeñak egin zituzten gauza guztiak Moisesen aginduaren araura.

        8. Esan ere zion Jaunak Aaroni:

        9. Ez dezute edango ardorik ta ez beste edari orditu dezakeanik zuk eta zure semeak, testimonioko tabernakuloan sartzen zeratenean, ill etzaitezten, zeren betiko legea da zuen gizaldientzat,

        10. Eta iduki dezazuten jakinduria ezagutzeko zeñ dan gauza ona eta zeñ gaiztoa, zeñ mantxatua eta zeñ garbia:

        11. Eta erakutsi ditzazkietzuten Israelko semeai nere lege guztiak, zeñak eman dizkitedan Moisesen bidez.

        12. Eta itz egin zien Moisesek Aaroni, eta oni gelditu zitzaiozkan seme Eleazar eta Itamarri: Artu itzatzute Jaunaren eskeintzatik sobratu dan sakrifiziotik, eta jan ezazute legamirikan gabe aldarearen aldean, zeren gauza txit santua da.

        13. Eta jango dezute toki santuan, zeren da Jaunaren eskeintzetatik zuri eta zure semeai emandako gauza, agindu zitzadan bezela.

        14. Berebat eskeñia izan dan bularra, eta berezitua izan dan besonda jango dituzute toki txit garbian zu eta zure semeak, eta zure alabak zurekin, zeren zuretzat eta zure semeentzat izan dirade gordeak Israelko semeen eskeintza paketsuetatik:

        15. Zeren altxatu dituzte Jaunaren aurrean besonda eta bularra, eta aldarean erretzen diraden seboak, eta zuri dagozkitzu, eta zure semeai betiko legez, Jaunak agindu zuen bezela.

        16. Gauza oien artean, billatzen zuela Moisesek pekatua gatik eskeñia izan zan antxume arra, arkitu zuen errea, eta aserreturik Eleazar eta Itamar Aaronen seme gelditu ziradenen kontra, esan zuen:

        17. Zergatik ez dezute jan toki santuan pekatua gatik eskeñia izan dan doai txit santua dana, eta emana zuei eraman dezazuten erriaren gaiztakeria, erregutu dezazuten bera gatik Jaunaren aurrean,

        18. Batezere ez dan ezkero izan sartua bere odola santuarioaren barrenen, eta jan bear zenduten ezkero zuek santuarioan, agindua izan zatan bezela?

        19. Erantzun zuen Aaronek: Gaur izan da eskeñia doaia pekatua gatik, eta holokaustoa Jaunaren aurrean, eta niri gertatu zat ikusten dezuna. Nola nik jan nezakean, edo oniritzi Jaunari zeremonietan, gogo larrituarekin?

        20. Aditurik au Moisesek, ontzat artu zuen erantzuera.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zien Jaunak Moisesi eta Aaroni, esaten zuela:

        2. Esan zaiezute Israelko semeai: Lurreko abere guztietatik, oiek dirade jan bear dituzutenak:

        3. Jango dezute beatzala arrakaturik duen guztia, eta ausmartzen duena abereen artean.

        4. Baña ausmar egin, eta beatzala iduki arren, arrakatua ez duen guztia, gamelua eta gañerakoak bezela, ez dezute jango, eta idukiko dezute ezgarbien artean.

        5. Aranzerria ausmar egiten duena, eta beatzala arrakaturik ez duena, ez da garbia.

        6. Ez eta erbia ere, zeren ausmar egiten badu ere, ez du arrakatua beatzala.

        7. Ez da txerria ere, zeñak idukirik beatzala arrakatua, ez du ausmartzen.

        8. Oien aragirik ez dezute jango, ez da ukitu ere beren gorputz illak, zeren ez dirade garbiak zuentzat.

        9. Oiek dirade uretan azitzen diradenak, eta jatea zillegi danak. Isatsak eta ezkatak dituen guztia, naiz itsasoan, naiz ibaietan eta putzuetan, jango dezute.

        10. Baña uretan mugitzen eta bizitu diradenetatik isatsik eta ezkatarik ez duen guztia, izango da zuentzat nagats,

        11. Eta nazkagarria, ez dituzute jango beren aragiak, eta iges egingo dezute beren gorputz illetatikan.

        12. Uretan isatsik eta ezkatarik ez duten guztiak, izango dirade loiak.

        13. Oiek dirade egaztien artean jan bear ez dituzutenak, eta berak gandik iges egin bear dezutenak, Arranoa, eta leoiarranoa, eta miruska,

        14. Eta mirua eta saia beren motakin,

        15. Eta bela mot guztia bere antzekoakin,

        16. Eta saiarrea, eta ontza, eta kaiobeltxa, eta mirotza, beren motakin:

        17. Mozolloa eta murgilgillea, eta mogitaia,

        18. .... beltxargia, eta astorroa, eta ...igorria,

        19. ...rza, eta gautxorioria beren motakin, basollarra ere, eta sagussarra.

        20. Lau oñen gañean dabillan egazti guztia, nazkagarria izango da zuentzat.

        21. Baña oñen gañean ibilli arren, luzeagoak dituen guztia atzeko ankak, zeñakin salto egiten duen lurraren gañean,

        22. Jan bear dezute, nola dan galderna bere motakin, eta beldarra, eta txitxarra, eta langosta, bakoitza bere motakin.

        23. Baña lau oñ bakarrik dituen egazti guztia, nazkagarria izango da zuentzat:

        24. Eta beren aragi illkiai ukitzen dien guztia, geldituko da loitua, eta ez da izango garbia arratsalderarte.

        25. Eta eraman bear baldin balu norbaitek oietako abere illen bat, garbituko ditu bere soñekoak, eta loia egongo da eguzkia sartu artean.

        26. Beatzala iduki arren, arraskaturik ez duen abere guztia, eta ausmartzen ez duena, loia izango da, eta ukitzen diona, loitua izango da.

        27. Lau oñen gañean dabiltzen beste abere guztien artean, eskuen gañean ibiltzen dana, loia izango da, beren aragi ilkiai ukitzen diotena, loitua geldituko da arratsalderarte.

        28. Eta oiek bezelakoen gorputz illak eramaten dituenak, garbituko ditu bere soñekoak, eta loia izango da arratsalderarte, zeren oiek guztiak loiak dirade zuentzat.

        29. Eta lurrean mugitzen diradenetatik oiek ere loitzat idukiko dirade, ogigaztaia, eta arratoia, eta krokodiloa, bakoitza bere motakin,

        30. Trikua, eta sugalinda, eta barakulloa, eta barea, eta satorra:

        31. Oiek guztiak loiak dirade. Ukitzen diotena beren aragi illkiai, izango da loia arratsalderaño:

        32. Eta oien illki gauzaren bat gañera erortzen zaion guztia, loitua izango da, naiz zurezko ontzia, naiz soñekoa, naiz larruak, naiz zilizioak, eta edozeñ gauzatarako bear diradenean, sartuko dirade urean, eta loiak izango dirade arratsalderaño, eta onela izango dirade gero garbituak.

        33. Baña onelako gauzaren bat barrena erortzen zaion lurrezko ontzia, geldituko da loitua, eta argatik izan bear du autsia.

        34. Jaten dezuten jaki guztia, isurtzen baldin bada ura bere gañera, loitua izango da, eta ontzi oietatik edaten dan edari guztia, loia izango da.

        35. Eta bere gañera eroriko baldin balitz onelako illki gauzarik, loitua izango da, naiz labetxoak, naiz irurkoiak, loituak izango dirade, eta desegingo dirade.

        36. Baña iturriak, eta urpetegiak, eta uren biltzarreak garbiak izango dirade. Ango illkiren bati ukitzen diona, loitua geldituko da.

        37. Eroriko baldin balitz azitekoaren gañera, ez du loituko.

        38. Baña baldin norbaitek urarekin intzatuko balu azitekoa, eta gero gauza illen batek ukitua izango baldin balitz, berealaxe loitua geldituko da.

        39. Illko baldin balitz, zuei jatea zillegi zatzuten abereren bat, bere gorputz illari ukitzen diona, izango da loitua arratsalderaño:

        40. Eta bertatik zerbait jaten, edo eramaten duenak, garbituko ditu bere soñekoak, eta izango da loitua arratsalderaño.

        41. Lurraren gañean arrastaka dabillen guztia, nazkagarria izango da, eta ez da atxituko janaritzat.

        42. Bularraren gañean dabillen, edo oñ ase dituen, eta lurrean arrastaka dijoan pataririk, ez dezute jango, nazkagarria dalako.

        43. Ez itzatzute loitu zuen animak, eta etzaiozute ukitu beretako gauzari, loiak gelditu etzaitezten.

        44. Zeren ni naiz zuen Jaun Jaungoikoa, santuak izan zaitezte, zeren ni santua naiz. Ez itzatzute loitu zuen animak, lurraren gañean mugitzen dan arrastakaritan.

        45. Zeren ni naiz, Ejiptoko lurretik atera zinduztedan Jauna, zuen Jaungoikoa izan nendin. Santuak izango zerate, zeren ni santua naiz.

        46. Au da abereen, eta egaztien, eta uretan mugitzen dan, eta lurrean arrastaka dabillen anima bizi guztiaren legea.

        47. Ezagutu ditzatzuten garbiaren eta loiaren desberdintasunak, eta jakin dezazuten zer jan bear dezuten eta zer ez.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: Baldin andreak arturik azia egingo balu semea, izango da loia zazpi egunean, illekoen berezitzearen egunen araura:

        3. Eta zortzigarren egunean izango da zirkunzidatua aur semetxoa.

        4. Bera berriz ogei ta amairu egunean egongo da bere odola garbitzen. Gauza santuri ez dio ukituko, ez da ere sartuko santuarioan, beraren garbituerako egunak bete ditezen bitartean.

        5. Baña egingo baldin balu alaba, izango da loia bi astean, illeko jarioaren oituraren araura, eta irurogeita sei egunean egongo da bere odola garbitzen.

        6. Eta betetzen diradenean bere garbituerako egunak, naiz semea gatik, naiz alaba gatik, eramango du eskeintzatzat urte beteko arkume bat, eta usakume bat edo usatortola bat pekatua gatik, testimonioko tabernakuloko atera, eta emango diozka apaizari,

        7. Zeñak eskeñiko ditu Jaunaren aurrean, eta erregutuko du bera gatik, eta onela izango da garbitua bere odolaren jariotikan. Au da semea, edo alaba egiten duenaren legea.

        8. Baña baldin onetara allegatuko ez balitza, eta ezin eskeñiko balu arkume bat, artuko ditu bi usatortola, edo bi usakume, bata doaitzat, eta bestea pekatua gatik. Eta erregutuko du bera gatik apaizak, eta onela izango da garbitua.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zien Jaunak Moisesi eta Aaroni, esaten zuela:

        2. Gizona, zeñaen larruan, edo aragian agertzen dan beste kolore bat, edo pustillaren bat, edo gauza argitsuren bat, au da, legenarraren gaitza, izango da eramana Aaron apaizagana, edo bere semeetatik edozeñ gana.

        3. Zeñak ikusten duenean legenarra larruan, eta illeak kolore zurira biurtuak, eta legenarraren tokia ondatuago larrua eta gañerako aragia baño, legenarraren gaitza da, eta bere iritzira izango da berezitua.

        4. Baña baldin zuritasun argitsu bat arkituko balitz larruan, eta ez balitz egongo ondatuago gañerako aragia baño, eta illeak balirade lenbiziko kolorekoak, idukiko du zarraturik apaizak zazpi egunean,

        5. Eta begiratuko dio zazpigarren egunean, eta baldin ez balitz geiago zabaldu legenarra, eta irago ez balitu larruan lenbiziko mugak, berriz idukiko du zarraturik beste zazpi egunean.

        6. Eta zazpigarren egunean esamiñatuko du, illunago agertuko baldin balitz legenarra, eta azi ez balitz larruan, garbitzat emango du, zeren sarna da, eta garbituko ditu gizonak bere soñekoak, eta izango da garbia.

        7. Baña baldin apaizak ikusia izan ezkero, eta itzulia garbitasunera, berriz legenarra zabalduko balitz, izango da eramana bera gana,

        8. Eta loitzat emana.

        9. Legenarraren gaitza duen gizona, izango da eramana apaizagana,

        10. Eta ikusiko du. Eta agertzen danean larruan kolore zuri bat, eta aldatu balu illeen kolorea, eta agertuko ere balitz aragi bizia:

        11. Idukiko da legenar txit zar, eta larruari itsasitzat. Eta ala apaizak emango du loitzat, eta ez du idukiko zarraturik, zeren loikeria agirikoa da.

        12. Baña baldin zabaldurik larruan legenarra loratuko balitz, eta estaliko balu larru guztia burutik oñetaraño, begien aurrean dagoen guztia;

        13. Begiratuko dio apaizak, eta adirazoko du, legenarrik garbiena duela, guztia zuritasunera biurtu dalako, eta argatik garbia izango da gizona.

        14. Baña agertzen danean beragan aragi bizia,

        15. Orduan izango da loia apaizaren erabakiz, eta loien artean idukia. Zeren aragi bizia, legenarra uriztatua baldin badago, loia da.

        16. Baña baldin berriz zuritasunera biurtuko balitz, eta gizon guztia estaliko balu,

        17. Esamiñatuko du apaizak, eta garbia dala erabakiko du.

        18. Aragia eta larrua ordea, zeñean zauria jaioa eta sendatua izan dan,

        19. Eta zauriaren lekuan arradiz zuria agertuko balitz, edo zerbait gorria, eramana izango da gizona apaiza gana,

        20. Zeñak ikusten duenean legenarraren tokia ondatuago gañerako aragia baño, eta illeak zuri biurtuak, loitzat emango du, zeren legenarren zauria azi eta barrena sartu da.

        21. Baña baldin illea lenbiziko kolorekoa bada, eta arradiza zerbait illuna, eta aldeko aragia baño ondatuago ez badago, idukiko du zarratuta zazpi egunean:

        22. Eta zabalduko baldin balitz, legenartzat emango du.

        23. Baña egongo baldin balitz bere tokian, zauriaren arradiza da, eta gizona garbia izango da.

        24. Baña suaz erretzen duen aragia, eta larruan, sendatuta agertuko balitz arradiz zuria, edo origorria,

        25. Ezagutuko du apaizak, eta ikusten badu itzuli dala zuritasunean, eta bere tokia ondatuago dagoala gañerako larrua baño, emango du loitzat, zeren legenarraren zauria arradizean agertu da.

        26. Baña ez baldin balitza mudatu illeen kolorea, eta zauria ez baldin balego ondatuago gañerako aragia baño, eta legenarraren irudia bera balitz zerbait illuna, zarratuko du zazpi egunean,

        27. Eta zazpigarrean egunean berriz ikusiko du; baldin legenarra zabaldu balitz larruan, emango du loitzat,

        28. Baña baldin zuritasuna egongo balitz bere tokian ez txit argia, errearen zauria da, eta argatik garbitzat emango du, zeren errearen arradiza da.

        29. Gizasemea, edo emakumea, zeñaen buruan,edo okotzean erne dan legenarra, ikusiko ditu apaizak.

        30. Eta baldin tokia balego ondatuago gañerako aragia baño, eta illea oria, eta oi baño meago, loitzat emango ditu, zeren buruko eta okotzeko legenarra da.

        31. Baña ikusiko baldin balu mantxaren tokia berdiña dagoala aldeko aragiarekin, eta illea beltza, zarratuko du zazpi egunean,

        32. Eta zazpigarren egunean begiratuko dio. Mantxa azi ez baldin bada, eta illea bada bere kolorekoa, eta zauriaren tokia gañerako aragiarekin berdiña:

        33. Moztua izango da gizona, mantxaren tokitik kanpora, eta itxia egongo da beste zazpi egunean.

        34. Zazpigarren egunean ikusiko baldin balitz gelditu dala zauria bere tokian, eta ez dagoela ondatuago gañerako aragia baño, garbitzat emango du, eta garbiturik bere soñekoak, garbia izango da.

        35. Baña baldin garbitu ezkero, berriz zabalduko balitz mantxa larruan,

        36. Ez du geiago billatuko illea kolore orira aldatu dan, ala ez, zeren ziertoro loia da.

        37. Baña baldin mantxa geldirik balego, eta illeak beltzak balirade, jakin beza gizona sendatu dala, eta itxaropenarekin erabaki beza garbia dala.

        38. Gizasemea, edo emakumea, zeñaen larruan agertzen dan zuritasuna,

        39. Ezagutuko ditu apaizak. Arkituko baldin balu zuritasun zerbait illunak argi egiten duela larruan, jakin beza ez dala legenarra, baizik kolore zuriaren mantxa, eta gizona garbia dala.

        40. Gizona, zeñaen burutik erortzen diraden illeak, kalboa eta garbia da:

        41. Eta baldin kopetatik eroriko balitzaiozka illeak, aurrez kalboa eta garbia da:

        42. Baña baldin kalban, edo aurreko kalban agertuko balitza kolore zuria edo gorria,

        43. Eta ikusiko baldin balu apaizak, erabakiko du dudarikan gabe, dala kalban agertu zaion legenarraz loitua.

        44. Ala bada legenarrarekin loitua dagoenak, eta aldendurik arkitzen danak apaizaren naimenera,

        45. Idukiko ditu soñekoak desjosirik, burua utsik, aoa soñekoarekin tapaturik, deadar egingo du ezaindurik eta loiturik dagoala.

        46. Legenartsu eta loi dagoen denbora guztian, bizituko da bakarrik etzauntzetatik kanpora.

        47. Lanazko edo linozko soñeko legenarra duena,

        48. Ari irazkian, eta omenarian, edo ziertoro larrua, edo larruarekin egindako gauzaren bat,

        49. Baldin balitz kutsatua mantxa zuriarekin edo gorriarekin, legenartzat idukiko da, eta erakutsiko zaio apaizari,

        50. Zeñak esaminaturik, idukiko du zarraturik zazpi egunean:

        51. Eta zazpigarren egunean berriz begiraturik, arkituko baldin balu zabaldu dala, legenar itsasia da, loitzat emango du soñekoa, eta bera arkitzen dan toki guztia:

        52. Eta argatik erreko da sugarretan.

        53. Baldin alabaña ikusiko balu ez dala zabaldu,

        54. Aginduko du, eta garbituko dute, legenarra duen gauza ura, eta berriz idukiko du zarratuta beste zazpi egunean.

        55. Eta ikusten duenean ez dala egiazki itzuli lenbiziko irudira, baña alaere ez dala zabaldu legenarra loitzat emango du, eta erreko du suan, zeren legenarra zabaldua dago soñekoaren gañean, edo sarturik bere barren guztian.

        56. Baña baldin garbitu ezkero soñekoa, legenarraren tokia balego illunago, ebakiko du, eta berezituko du osotikan.

        57. Eta baldin gero agertuko balitz len garbiak zeuden tokietan, legenar egakoi eta orrona, suan erre bear da.

        58. Kenduko balitz, bigarren aldiz garbituko ditu urarekin garbi daudenak, eta garbiak izango dirade.

        59. Au da soñeko lanazko eta liñozkoaren, ari irazkiaren, eta omenariaren, eta larruzko tresna guztiaren legenarraren legea, nola erabaki bear dan dala garbia, edo loia.

 

AMALAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Au da egin bear dana legenartiarekin, garbitua izango danean. Izango da eramana apaizagana:

        3. Zeñak aterarik etzauntzetatik, arkitzen duenean legenarra garbitua izan dala,

        4. Aginduko dio garbitzen danari, eskeñi ditzala bera gatik bi txori bizi, zeñetatik jatea zillegi dan, eta zedrozko makilla, eta grana, eta urdingorria.

        5. Eta aginduko du illtzeko txorietatik bat lurrezko ontzi batean, ur bizien gañean:

        6. Eta beste bizia zedrozko makillarekin, eta granarekin, eta urdingorriarekin, bustiko du gañetik illa izan dan txoriaren odolean,

        7. Zeñarekin intzatuko du zazpi aldiz garbitua izango dana, garbitua izan dedin zeremoniaren araura, eta utziko dio joaten txori biziari, egan egin dezan kanpora:

        8. Eta garbitzen dituenean gizonak bere soñekoak, arras ebakiko ditu bere gorputzeko ille guztiak, eta garbituko da urarekin, eta garbiturik, sartuko da etzauntzetan, baña egon bearko du zazpi egunean bere dendatik kanpoan,

        9. Eta zazpigarren egunean arras ebakiko ditu buruko illeak, eta bizarra, eta bezintak, eta gorputz guztiko illeak. Eta berriz garbiturik soñekoak eta gorputza,

        10. Zortzigarren egunean artuko ditu bi arkume mantxa gabeak, eta urte beteko ardi errenkura gabea, eta iriñlora eskintzarako, olioarekin naasia izan danaren amar zatitikan iru, eta berezikiro olioaren sei zatitatik bat.

        11. Eta gizona garbitzen duen apaizak presentatzen duenean gauza guzti oiekin Jaunaren aurrean testimoioko tabernakuloko atean,

        12. Artuko du arkume bat, eta eskeñiko du pekatua gatik, eta olioaren sei zatietatik bat. Eta eskeñirik guztia Jaunaren aurrean,

        13. Illko du arkume bat, pekatua gatik eskeintza illa izan oi dan tokian, eta doai dana errea, au da, toki santuan. Zeren pekatua gatik bezala, ala obena gatik eskeintzen dan doaia ere apaizari dagoka, gauza txit santua da.

        14. Eta arturik apaizak pekatua gatik illa izan dan aberearen odoletik, jarriko du garbitzen danaren eskuieko belarriaren ertzaren gañean, eta eskuieko eskuko eta oñeko beatz lodien gañean.

        15. Eta olioaren sei zatietatik batetik botako du bere ezkerreko eskuaren gañera,

        16. Eta bustiko du beratan bere eskuieko eskuko beatza, eta intzatuko du Jaunaren aurrean zazpi alditan.

        17. Eta ezkerreko eskuan sobratzen dan olioa, isuriko du garbitzen danaren eskuiko belarriaren ertzaren gañean, eta eskuiko eskuko eta oñeko beatz lodien gañean, eta pekatua gatik isuria izan dan odolaren gañean,

        18. Eta bere buruaren gañean.

        19. Eta erregutuko du beragatik Jaunaren aurrean, eta egingo du eskeintza pekatua beragatik. Orduan illko du eskeñiko dan aberea,

        20. Eta jarriko du aldarearen gañean bere libazioakin, eta gizona izango da garbitua zeremoniaren araura.

        21. Baña baldin beartsua balitz, eta bere eskuak ezin arkituko balitu esan diradenenak, artuko du arkume bat eskeintzeko pekatua gatik, erregutu dezan bera gatik apaizak, eta iriñlora eskeintzarako olioarekin naasiaren amar zatitikan bat, eta olioaren sei zatitikan bat,

        22. Eta bi usatortola, edo usoaren bi ume, zeñetatik bat izango da pekatua gatik, eta bestea eskeintzarako.

        23. Eta eskeñiko diozka apaizari bere garbituerako zortzigarren egunean, testimonioko tabernakuloko atean Jaunaren aurrean.

        24. Zeñak arturik arkumea pekatua gatik, eta seiko olioaren sei zatietatikan bat, altxatuko ditu batean.

        25. Eta illik arkumea, jarriko du bere odoletik garbitzen danaren eskuiko belarriaren ertzaren gañean, eta bere eskuiko eskuko eta oñeko beatz lodien gañean:

        26. Eta olioaren zati bat botako du bere ezkerreko eskura,

        27. Zeñean bustirik eskuiko beatza intzatuko du zazpi alditan Jaunaren aurrean:

        28. Eta ukituko dio garbitzen danaren eskuiko belarriko ertzari, eta eskuiko eta oñeko beatz lodiai, pekatua gatik isuria izan zan odolaren tokian:

        29. Eta ezkerreko eskuan dagoan olioaren gañerako zatia, botako du garbituaren buruaren gañean, biguñtzeko beragatik Jauna:

        30. Eta eskeñiko du usatortola, edo usakumea,

        31. Bata pekatua gatik, eta bestea doaitzat beren libazioakin.

        32. Au da legenarti bera garbitzeko bear diran gauza guztiak iduki ezin dituenaren eskeintza.

        33. Eta itz egin zioten Jaunak Moisesi, eta Aaroni, esaten zuela:

        34. Sartzen zeratenean Kanaango lurrean, zeñ emango dizutedan bere jabe izateko, baldin balego legenarraren gaitzik etxeetan,

        35. Joango da etxearen jabea, adirazten apaizari, eta esango du: Legenarraren gaitza bezelakoa deritzat dagoala nere etxean.

        36. Eta berak aginduko du atera ditzatela gauza guztiak etxetikan, bera sartu baño lenago, ikusi dezan legenarturik ote dagoan, loitu ez ditezten etxean dauden gauza guztiak. Eta sartuko da gero, ezagutzeko etxeko legenarra:

        37. Eta ikusiko baldin balitu paretetan zulotxo batzuek, ezainduak kolore orizko, edo gorrizko mantxakin, eta ondatuagoak beste gaña baño,

        38. Aterako da etxeko atetikan kanpora, eta bereala itxiko du zazpi egunean ala idukitzeko.

        39. Eta itzulirik zazpigarren egunean, ikusiko du; arkituko baldin balu zabaldu dala legenarra,

        40. Aginduko du ateratzeko arriak, zeñetan dagoen legenarra, eta aurtikitzeko erritikan kanpora toki loi batera:

        41. Eta etxea bera arraskatzeko barrendikan inguruan, eta zabaltzeko arraskatuaren autsa erritik kanpora toki loi batean,

        42. Eta jartzeko beste arri batzuek kendu diradenen lekuan, eta zuriberritzeko etxeko paretak.

        43. Baña baldin ateratuak izan ziraden ezkero arriak, eta autsa arraskatua, eta zuriberritua etxea,

        44. Sarturik apaiza ikusiko baldin balu itzuli dala legenarra, eta paretak mantxaz beteak daudela, legenar itsasia da, eta etxea loia:

        45. Zeñ bereala desegingo dute, eta botako dituzte erritik kanpora toki loi batera bere arriak, eta zurak, eta auts guztia.

        46. Sartzen dana etxean itxirik dagoanean, loia izango da arratsalderaño:

        47. Eta bertan lo egiten duenak, eta zerbait jaten duenak, garbituko ditu bere soñekoak.

        48. Baña sarturik apaiza ikusiko balu legenarra ez dala zabaldu etxean, zuriberritu dan ezkero, emango du garbitzat:

        49. Eta bera garbitzeko artuko ditu bi txori, eta zedrozko makilla bat, eta grana eta urdingorria:

        50. Eta illik txori bat lurrezko ontzi batean ur bizien gañean,

        51. Artuko du zedrozko makilla, eta urdingorria, eta grana, eta txori bizia, eta bustiko ditu guztiak txori illaren odolean, eta ur bizietan, eta intzatuko du etxea zazpi aldiz.

        52. Eta garbituko du bai txoriaren odolaz, eta bai ur biziaz, eta txori biziaz, eta zedrozko makillaz, eta urdingorriaz, eta granaz.

        53. Eta utzitzen dionean txoriari egaan egin dezan kanpora librekiro, erregutuko du etxea gatik, eta izango da garbitua zeremoniaren araura.

        54. Au da legenar guztiaren, eta zauriaren,

        55. Soñekoen eta etxeen legenarraren,

        56. Arradizaren, eta kanpora ateratzen diraden postillen, mantxa argitsuaren, eta mot askotan aldatutako koloreen legena,

        57. Jakiña izan al dezakean, zer denboratan dan zerbait garbia, edo loia.

 

AMABOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zien Jaunak Moisesi, eta Aaroni, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezute Israelko semeai, eta esan zaiezute : Umekai eria duen gizona, loia izango da.

        3. Eta orduan erabakiko da eritasun onen mendean dagoala, ume bakoitzean ezaki loia itsasten zaionean bere aragiari, eta gogortzen danean.

        4. Lo egiten duen estradu guztia, loia izango da, baita ere esertzen dan toki guztia.

        5. Gizonen batek ukitzen baldin badio bere oeari, garbituko ditu bere soñekoak, eta bera urez garbitua, loia izango da arratsalderaño.

        6. Esertzen baldin bada bera eseria zegoen tokian, berak ere garbituko ditu bere soñekoak, eta urez garbiturik loia izango da arratsalderaño.

        7. Bere aragiari ukitzen dionak, garbituko ditu bere soñekoak, eta bera urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        8. Baldin onelako gizonak istua botako balu, garbia dagoanaren gañera, garbituko ditu bere soñekoak, eta urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        9. Basta, zeñaen gañean esertzen dan, loia izango da:

        10. Umekai eria daukanaren azpian dagoen guztia, loitua izango da arratsalderaño. Gauza oietatik zerbait eramaten duenak, garbituko ditu bere soñekoak, eta bera urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        11. Onelako gizonak ukitzen dion guztia, lendikan eskuak garbitu gabe, eta urez garbitu ezkero, loia izango da arratsalderaño.

        12. Ukitzen dion lurrezko ontzia, autsia izango da, eta zurezko ontzia urez garbitua izango da.

        13. Sendatzen baldin bada onelako gaitza duena, kontatuko ditu bera garbitu ezkeroko zazpi egun, eta garbiturik soñekoak eta gorputz guztia ur bizietan, garbia izango da.

        14. Eta zortzigarren egunean artuko ditu bi usatortola, edo bi usakume, eta etorriko da Jaunaren aurrera testimonioko tabernakuloko atera, eta emango diozka apaizari:

        15. Zeñak eskeñiko ditu bata pekatua gatik, eta bestea doaitzat, eta erregutuko du bera gatik Jaunaren aurrean, garbitua izan dedin bere umekai eritik.

        16. Gizonak, zeñ gandik atera dan naasiko azia, urez garbituko du bere gorputz guztia, eta loia izango da arratsalderaño.

        17. Urez garbituko ditu soñekoa eta duen larrua, eta loia izango da arratsalderaño.

        18. Emakumea, zeñarekin naasitzen dan, urez garbitua izango da, eta izango da loia arratsalderaño.

        19. Illeko odolaren jarioa duen emakumea, berezitua izango da zazpi egunean.

        20. Berari ukitzen dion guztia, loia izango da arratsalderaño:

        21. Eta bera berezitua dagoen egunetan, lo egiten duenean, edo esertzen danean azpian duen guztia, loitua izango da.

        22. Bere oiari ukitzen dion guztiak, garbituko ditu bere soñekoak: eta bera urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        23. Ukitzen dionak, bera gañean eseria dagoan edozeñ ontziri, garbituko ditu bere soñekoak, eta bera urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        24. Baldin senarra naasiko balitz berarekin illeko odolaren denboran, loia izango da zazpi egunean, eta lo egiten duen estradu guztia, izango da loitua.

        25. Odolaren jarioa egun askoan duen emakumea ez illekoen denboraz, edo illeko odolen ondoren, jarioa gelditzen etzaiona, gaitz onekin dagoan bitartean, loia izango da illekoakin balego bezela.

        26. Lo egiten duen estradu guztia, edo ukitzen dion tresna guztia, loia izango da.

        27. Oiei ukitzen dioten guztiak, garbituko dituzte bere soñekoak, eta bera urez garbiturik, loia izango da arratsalderaño.

        28. Geldituko baldin balitz odola, eta utziko balio jarioak, kontatuko ditu zazpi egun bere garbitueraren ondoren:

        29. Eta zortzigarren egunean eskeñiko diozka bera gatik apaizari bi usatortola, edo bi usakume testimonioko tabernakuloko atean:

        30. Zeñak bata eskeñiko du pekatua gatik, eta bestea doaitzat, eta erregutuko du bera gatik Jaunaren aurrean, eta bere loikeriaren jarioa gatik.

        31. Erakutsiko diezute bada Israelko semeai gorde ditezela loikeriatik, eta ez ditezela ill beren ezaintasunetan zikintzen dutenean beren artean dan nere tabernakuloa.

        32. Au da, umekai eria duenaren, eta naasiz loitzen danaren,

        33. Eta illekoen denboran berezitua dagoan emakumearen, edo odol jarioak jarraitzen dionaren, edo berarekin lo egiten duen gizonaren legea.

 

AMASEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi Aaronen bi semeen eriotzaren ondoren, eskeintzen zutela su arrotza illak izan ziradenean:

        2. Eta agindu zion, esaten zuela: itz egin zaiozu zure anaia Aaroni, ez dedilla sartu edozeñ denboratan, propiziatorioaren aurrean, beloaren barrenean dagoen santuarioan, zeñarekin estaltzen dan kutxa, ill ez dedin (zeren odeian agertuko naiz orakuloaren gañean),

        3. Gauza oiek lendikan egiten ez baldin baditu, Eskeñiko du txal bat pekatua gatik, eta ari bat doaitzat.

        4. Jantziko du liñozko tunika, tapatuko ditu lotsariak liñozko frakatxuriakin: lotuko du gerria liñozko batekin, jarriko du buruan liñozko kapela: zeren soñeko oiek santuak dirade, zeñaz guztiakin jantziko da, garbitu ezkero.

        5. Eta artuko ditu Israelko semeen talde guztia gandik bi antxume ar pekatua gatik, eta ari bat doaitzat.

        6. Eta eskeintzen duenean txala, eta erregutzen duenean bera gatik, eta bere etxea gatik,

        7. Presentatuko ditu antxume ar biak Jaunaren aurrean testimonioko tabernakuloaren aurrean:

        8. Eta botarik suertea bien gañean, bata Jaunarentzat, eta bestea auntz ar bidalduko danarentzat:

        9. Eskeñiko du pekatua gatik ura, zeñi irten zaion suertea, Jaunarentzat:

        10. Eta irten zaiona izateko auntz ar bidalduko dana, presentatuko du bizirik Jaunaren aurrean, erreguak egiteko bere gañean, eta botatzeko eremura.

        11. Oiek egiñik zeremonien araura, eskeñiko du txal bat, eta erregututzen duela bera gatik, eta bere etxea gatik, ilko du:

        12. Eta arturik intzentsonarioa, zeñ bete izango duen aldareko txingarraz, eta aterarik eskuaz, intzentsatzeko egindako lurringaia, sartuko da belotik barrena santuarioan:

        13. Jarririk suaren gañean aromak, beren keak, eta lurriñak estali dezan testimonioaren gañean dagoan orakuloa, eta ill ez dedin.

        14. Artuko ere du txalaren odoletik, eta intzatuko du beatzakin zazpi alditan propiziatorioaren aurretik sortaldeko aldean.

        15. Eta illik auntz arra erriko pekatua gatik, sartuko du bere odola beloaren barrenen, txalaren odola gatik agindu zan bezela, intzatu dezan orakuloaren aurretikan,

        16. Eta garbitu dezan santuarioa Israelko semeen loikerietatik, eta fedea ausitzearekin egin dituzten gaiztakerietatik, eta pekatu guztietatik. Zeremonia onen araura egingo du beren bizilekuaren loikerien erdian tinkatua dagoan testimonioko tabernakuloarekin.

        17. Gizonik batere ez bedi egon tabernakuloan apaiz-nagusia sartzen danean santuarioan, erregutzeko bera gatik, eta bere etxea gatik, eta Israelko batzarre guztia gatik, atera dedin artean.

        18. Eta ateratzen danean Jaunaren aurrean dagoan aldaretik, erregutu beza bera gatik, eta arturik txalaren eta auntz arraren odola, isuri beza bere punten gañean inguruan:

        19. Eta intzaturik beatzaz zazpi aldiz, garbitu, eta santutu beza Israelko semeen loikerietatik.

        20. Garbitu ezkero santuarioa, eta tabernakuloa, eta aldarea, orduan eskeñi beza auntz ar bizia:

        21. Eta jarririk esku biak bere buruaren gañean, konfesatu bitza Israelko semeen gaiztakeri guztiak, eta oben guztiak, eta beren pekatuak, zeñak jarririk birauakin bere buruaren gañean, bidalduko du gizon gertutuaren bidez eremura.

        22. Eta eramanik akerrak beren gaiztakeria guztiak lur bakarrera, eta askatua danean eremuan,

        23. Itzuliko da Aaron testimonioko tabernakulora, eta eranzirik, leen santuarioan sartu zanean jantzirik zeuzkan soñekoak, eta utzirik an,

        24. Garbituko du bere aragia leku santuan, eta aterarik kanpora eskeñi ezkero bere doaia eta erriarena, erregutuko du bai bera gatik, eta bai erria gatik:

        25. Eta erreko du aldarearen gañean bekatuak gatik eskeñia izan dan seboa.

        26. Eta aker mandataria bidaldu duenak, garbituko ditu bere soñekoak eta gorputza urez, eta ala etzauntzetan sartuko da.

        27. Eta pekatua gatik illak izan diraden txala eta akerra, eta zeñaen odola sartua izan dan santuarioan barrenen garbituera betetzeko, eramango dituzte etzauntzetatik kanpora, eta suaz erreko dituzte bai beren larruak, bai beren aragiak, eta gorotza:

        28. Eta erretzen dituen edozeñek, garbituko ditu urez bere soñekoak eta aragia, eta ala sartuko da etzauntzetan.

        29. Eta au izango da zuentzat betiko lege bat. Zazpigarren illean, illaren amargarren egunean, penatuko dituzute zuen animak, eta ez dezute lanik egingo, ez errikoak, ez zuen artean bidaztiz dabillan arrotzak.

        30. Egun onetan izango da zuen expiazioa, eta zuen pekatu guztiak garbitzea, Jaunaren aurrean izango zerate garbituak.

        31. Zeren atsedeneko larunbata da, eta penitenzia egingo dezute beti Jaunaren legearen aginduz.

        32. Eta expiazioa egingo du, unjitua izan dan apaizak, eta zeñaen eskuak izan ziraden konsagratuak bere aitaren lekuan apaiz lanetan aritzeko, eta jantziko du liñozko tunikaz eta soñeko santuaz,

        33. Eta garbituko du santuarioa eta testimonioko tabernakuloa, eta aldarea, apaizak ere, eta erri guztia.

        34. Eta au izango da zuentzat betiko lege bat, erregutu dezazutela Israelko semeak gatik, eta bere bekatu guztiak gatik urtean bein. Eta egin zuen Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

 

AMAZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Aaroni, eta bere semeai, eta Israelko seme guztiai, esaten diezula: Au da Jaunak eman duen agintea, zeñak esaten duen:

        3. Israelko etxeko edozeñ gizonek, illko baldin balu idia, edo ardia, edo auntza etzauntzetan, edo etzauntzetatik kanpora,

        4. Eta eskeñiko ez baldin balio tabernakuloaren atean doaitzat Jaunari, odolaren obendun izango da, odola isuri baldin balu bezela, ala izango da galdua bere erriaren erditikan.

        5. Argatik apaizari eskeñi bear diozkate Israelko semeak beren emaitzak, zeñak illko dituzten kanpoan, izan ditezten Jaunari konsagratuak testimonioko tabernakuloaren atean, eta eskeñi dizazkioten Jaunari doai paketsuak bezela.

        6. Eta isuriko du apaizak odola Jaunaren aldarearen gañean testimonioko tabernakuloaren gañean, eta erreko du seboa usai gozoa bota dezan Jaunarentzat:

        7. Eta iñolaere berriz ez ditzazkieten eskeñi beren doaiak demonioai, zeñak adoratu dituzten. Au izango da berentzat eta beren ondorengoentzat betiko lege bat.

        8. Esango ere diezu aiei berai: Israelko etxeko, edo zuen artean bizi diraden arrotzetatik edozeñek, eskeñiko baldin balu doaia edo emaitza,

        9. Eta eramango ez baldin balu testimonioko tabernakuloaren atera, eskeñia izan dizaion Jaunari, galduko da bere erritik.

        10. Israelko etxeko, edo zuen artean bidaztiz dabiltzazan arrotzetatik edozeñ gizonek, baldin jango balu odola, nik jarriko det sendo alakoaren gañean nere arpegi aserretua, eta galduko det bere erritik,

        11. Zeren aragiaren anima odolean dago, eta nik eman dizutet, berarekin pagatu ditzazuten aldarearen gañean zuen animen zorrak, eta odolak balio dezan anima erosteko,

        12. Argatik esan diotet Israelko semeai: Zuen arteko batek ere ez du jango odolik, ez eta ere zuen artean bidaztiz dabiltzazan arrotzek.

        13. Israelko semeetatik, edo zuen artean bidaisariz bizi diraden arrotzetatik edozeñ gizonek, atzituko baldin balu eizean edo egazteizean larrabere edo egazti, beretatik jatea zillegi danen bat, isuri beza bere odola, eta estali beza lurrez.

        14. Zeren aragi guztiaren anima odolean dago: argatik esan diotet Israelko semeai: Abereren odolik ez dezute jango, zeren aragiaren anima odolean dago: eta jaten duen guztia, galdua izango da.

        15. Gauza illki, edo larrabereak arrapatua jaten duen guztiak, naiz errikoa, naiz arrotza, garbituko ditu bere soñekoak eta bera urarekin, eta loitua egongo da arratsalderaño, eta era onetan garbitua izango da.

        16. Eta baldin ez baditu garbitzen bere soñekoak eta gorputza, eramango du beraren gañean bere gaiztakeria.

 

EMEZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiozu Israelko semeai, eta esango diezu: Ni zuen Jaun Jainkoa:

        3. Ez diezute jarraituko Ejiptoko lurreko bizitu izan zerateneko usantzai; ez dituzute ere artuko Kanaango lurreko, nik sartuko zaituztedaneko oiturak; etzerate ere ibilliko beren legeen erara.

        4. Egingo dituzute nere erabakiak, eta gordeko dituzute nere aginteak, eta ibilliko zerate beretan. Ni zuen Jaun Jainkoa.

        5. Gorde itzatzute nere legeak, eta erabakiak; zeñak egiñik gizonak, bizituko da beretan. Ni Jauna.

        6. Gizonik ez bedi alderatu bere odolaren lagun emakume gana agertzeko bere lotsaria. Ni Jauna.

        7. Etzera elkartuko ezkontzaz zure aitarekin, ez zure amarekin, zure ama da; ez dezu beragan ezer agertuko garbitasunaren kaltean izan dezakeanik.

        8. Ez dezu zer ikusirikan izango zure aitaren emaztearekin; zeren zure aitaren emaztea izan da bera.

        9. Ez dezu ere zer ikusirik izango zure arrebarekin aitaren, edo amaren aldetik, naiz izan dedilla jaioa etxean, naiz etxetik kanpoan.

        10. Ez dezu zer ikusirik izango zure semearen alabarekin, ez illobarekin alabaren aldetik: zure odola dalako.

        11. Ez dezu ere zer ikusirik izango zure aitaren emaztearen alabarekin, zeñ egin zuen berak zure aitarentzat, eta da zure arreba.

        12. Ez dezu zer ikusirik izango zure aitaren arrebarekin; zeren da zure aita beraren aragia.

        13. Ez dezu zer ikusirik izango zure amaren aizparekin; zeren da zure amaren aragia.

        14. Ez ezazu desonratu zure osaba aitaren aldekoa, ezkontz itza ematen diozula bere emazteari; zeren zure aidea da eskontzaz.

        15. Ez dezu zer ikusirik izango zure errañarekin; zeren bera da zure semearen emaztea, eta etzaiozu egin alako desonrarik.

        16. Ez dezu zer ikusirik izango zure anaiaren emaztearekin, zure anaiaren aragia dalako.

        17. Etzera ezkonduko bere amarekin, ez bere alabarekin. Ez zure emaztearen semearen, edo alabaren alabarekin, egiten diezula alako desonra: zeren zure emazte beraren aragia dirade, eta alako elkartasuna kutsaidea da.

        18. Ez dezu artuko bigarrengo emaztetzat, zure emaztearen aizpa: ez dezu ere idukiko zer ikusirik berarekin oraindikan au bizirik dagoala.

        19. Etzaite alderatu emazteagana illekoak dituen bitartean, eta ez ezazu berarekin zer ikusirikan izan.

        20. Ez dezu pekaturik egingo zure lagunaren emaztearekin, eta etzera ere loituko alako naasiarekin.

        21. Ez dezu emango zure semerik Molok idoloari konsagratzeko, eta ez dezu ere loituko zure Jaungoikoaren izena. Ni Jauna.

        22. Etzaite naasi aurrarekin eme naasiz, zeren gorrotogarria da.

        23. Abererekin etzera naasiko, ez eta loitu ere berarekin. Ez da ere nahasiko emakumea abererekin: zeren gaiztakeria andia da.

        24. Etzaitezte ere loitu, nik zuek ikusten dezutela botako ditudan jende guztiak naasi diraden gauza guzti oiekin,

        25. Eta zeñakin loitua izan dan lurra, zeñaen gaiztakerien kontu estuak artuko dieztet nik, bota ditzan bera gandik aserrearekin beragan bizi diradenak.

        26. Gorde itzatzute nere legeak, eta erabakiak, eta ez ezazute egin alako gaiztakerietatik bat ere, ez errikoak, ez zuen artean bizi diraden erbestekoak.

        27. Zeren gauza nazkagarri guzti oiek egin dituzte, zuek baño lenago lur artan bizitu izan ziradenak, eta daukate ezaindurik.

        28. Kontu bada, zuek ere bera gandik aserrearekin bota etzaitzaten, zuek baño lenagoko jendea bota zuen bezela, alako gauzarik egiten baldin badezute.

        29. Gaiztakeri oietakoren bat egiten duena, galdua izango da bere erriaren erditik.

        30. Gorde itzatzute nere aginteak. Ez ezazute egin zuek baño lenagokoak egin dutena, eta etzaitezte ere loitu alako egiteakin. Ni zuen Jaun Jainkoa.

 

EMERETZIGARREN KAPITULUA

        1. Itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiozu Israelko semeen batzarre guztiari, eta esango diezu: Santuak izan zaitezte, zeren ni santua naiz, zuen Jaun Jainkoa.

        3. Bakoitza bere aitaren, eta bere amaren beldur izan bedi. Gorde itzatzute nere larunbatak. Ni zuen Jaun Jainkoa.

        4. Etzaitezte itzuli idoloetara, eta ez ezazute ere egin zuentzat menasturtuzko Jaungoikorik. Ni zuen Jaun Jainkoa.

        5. Baldin eskeñiko baziñiokete Jaunari paketsuen doaia, izan dedin ongiroa,

        6. Jango dezute illa izan dan egunean bertan, eta urrengo egunean, baña irugarren egunerako sobratzen dan guztia, suaz erreko dezute.

        7. Baldin iñork jango balu bertatik bi egunen ondoren, gaizkigillea izango da, eta pekatuaren obendun:

        8. Eta eramango du bere gañean bere gaiztakeria, Jaunaren santua loitu zuelako, eta anima ura galdua izango da bere erritik.

        9. Igitaitzen dituzunean zure lurreko uztak, ez dezu ebakiko azpiraño lurraren gaña; ez dituzu ere bilduko gelditzen diraden buruak.

        10. Eta zure mastian ere ez dituzu bilduko mordoak eta erortzen diraden aleak, baizik utziko dituzu, beartuak eta arrotzak bildu ditzaten. Ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        11. Ez dezute ezer ostuko. Ez dezute gezurrikan esango, eta ez du ere iñork engañatuko bere laguna.

        12. Ez dezu gezurrez juramenturik egingo nere izenean, ez dezu ere loituko zure Jaungoikoaren izena. Ni Jauna.

        13. Ez diozu gezurrikan asmatuko zure lagunari, ez dezu ere indarrez mendetuko. Ez da ere gelditurik egongo zugan biarko eguneraño, alogerekoaren lana.

        14. Ez dezu gaizki esango gorra gatik, ez diozu ere jarriko aurrean itsuari beaztoparik, baizik zure Jaun Jaungoikoaren beldur izango zera, zeren ni naiz Jauna.

        15. Ez dezu egingo bidegabea dan gauzarik, ez dezu ere bidegabero juzgatuko. Etzaiozu begiratu beartuaren personari, ez ezazu ere onratu aldunaren arpegia. Bidez juzgatu ezazu zure laguna.

        16. Etzera izango gezur asmatzallea, ez iskiña errian. Etzera presentatuko zure lagunaren biziaren kontra. Ni Jauna.

        17. Ez diozu gorrotorik izango zure anaiari zure biotzean, baizik errierta egin zaiozu agirikiro, bera gatik pekatu egin ez dezazun.

        18. Ez ezazu billatu benganza, etzera ere oroituko zure erritarren irainarekin. Maitatuko dezu zure adiskidea zu zerori bezela. Ni Jauna.

        19. Gorde itzatzute nere legeak. Ez diozu naasi eraziko zure astoari beste abere motarekin. Ez dezu ereingo zure soroan azi mota asko. Ez dezu jantziko, birekin egiña dagoan soñekoa.

        20. Baldin gizon bat naasiko balitz emakume menpeko onezkero ezkongairen batekin, baña oraindikan erreskatatu eta bere autakeran jarri gabearekin, biak izango dirade azotatuak, baña ez illak, zeren emakumea ez zegoan bere autakeran.

        21. Baña gizonak eskeñiko du ari bat bere pekatuagatik testimonioko tabernakuloko sarreran:

        22. Eta apaizak erregutuko du bera gatik, eta bere pekatua gatik Jaunaren aurrean, eta berarekin pakeak egingo ditu, eta barkatua izango zaio pekatua.

        23. Sartzen zeratenean lur eskeñian, eta ipintzen dituzutenean, bertan frutadun zuaitzak, botako dituzute lenbiziko frutuak, eta lenbizi ematen dituzten frutuak, loitzat idukiko dituzute, eta ez dituzute jango.

        24. Baña laugarren urtean beren frutu guztia izango da konsagratua Jaunaren gloriara:

        25. Eta bosgarren urtean jango dituzute frutuak, biltzen dituzutela ematen dituzten guztiak. Ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        26. Ez dezute jango odolarekin. Ez dezute aztiatuko, ez dituzute ere gordeko ametsak.

        27. Ez dezute ere ebakiko illea inguruan, ez dezute ere arras kenduko bizarra.

        28. Eta illa gatik ez dezute epaituko zuen aragia; ez dezute ere egingo zuen gañean irudirik, ez markarik. Ni Jauna.

        29. Ez ezazu arageitu zure alaba, loitu ez dedin lurra, eta gaiztakeriaz bete ez dedin.

        30. Gorde itzatzute nere larunbatak, eta nere Elizaren beldur izan zaitezte. Ni Jauna.

        31. Ez ezazute alderik egin zuen Jaungoikoa gandik mirakindarretara, etzaiezute ere ezer galdetu aztiai, berak gaitik loitu etzaitezten. Ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        32. Jaiki zaite buru urdiñaren aurrean, eta onratu ezazu zarraren persona, eta zure Jaun Jaungoikoaren beldur izan zaite. Ni naiz Jauna.

        33. Baldin arrotzik bizituko balitz zuen lurrean, eta egongo balitz zuen artean, etzaiozute bidegaberik egin.

        34. Baizik egon bedi zuen artean errikoa bezela, eta maitatuko dezute zuen zerok bezela, zeren zuek ere izan ziñaten arrotzak Ejiptoko lurrean. Ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        35. Ez ezazute egin gauza gaiztorik erabakian, kanan, pisuan, neurrian.

        36. Balanza izan bedi justoa, eta pisuak izan bediz berdiñak, lakaria justoa, eta txopiña berdiña: Ni zuen Jaun Jaungoiko, Ejiptoko lurretik aterea zinduztedana.

        37. Gorde itzatzute nere aginte guztiak, eta nere erabaki guztiak, eta bete itzatzute. Ni Jauna.

 

OGEIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Oiek esan zaiezu Israelko semeai: Israelko semeetatik, edo beren artean bizi diran arrotzetatik edozeñek, emango baldin balio bere semeren bat Molok idoloari, illa izango da, lurreko erriak arrika egingo dio.

        3. Eta nik erakutsiko det nere aserrea bere kontra, eta aterako det bere erriaren erditik, eman dizkiolako bere semeak Moloki, eta loitu duelako nere Eliza, eta mezpreziatu nere izen santua.

        4. Baña baldin erriak malmetitu gabe, eta gutxitan idukirik bezela nere agintea, utziko balu kastigatu gabe bere semeren bat Moloki eman dion gizona, eta ez baldin balu nai ill,

        5. Nik erakutsiko det nere aserrea alako gizonaren kontra, eta bere aideen kontra, eta aterako ditut beren erriaren erditik bera, eta Moloken idoloa adoratzea ongitzat eman zuten guztiak:

        6. Ni gandik alde egiten duena joateko zerbait galdetzera mirakindarrai eta aztiai, eta berakin elkartzen dana nik agertuko det nere aserrea bere kontra, eta arroztuko det bere erriaren erditik.

        7. Santutu zaitezte, eta izan zaitezte santuak, zeren ni naiz zuen Jaun Jaungoikoa.

        8. Gorde itzatzute nere aginteak eta bete itzatzute: Ni zuek santutzen zaituztedan Jauna.

        9. Madarikatzen dituena bere aita, edo ama, illa izan bedi, aita eta ama madarikatu zituen, bere odola izan bedi bere gañean.

        10. Baldin norbaitek pekatu egingo balu besteren baten emaztearekin, eta adulterioko pekatuan eroriko balitz bere lagunaren emaztearekin, illak izan bediz adulterioa egin duen gizona, eta andrea.

        11. Bere ugazamarekin bekatu egiten duena, onela desonratzen duela bere aita, biak izan bediz illak, erori bedi beren odola beren gañera.

        12. Baldin iñork pekatu egingo balu bere errañarekin, biak izan bediz illak, pekatu andi bat egin dutelako, beren odola erori bedi beren gañera.

        13. Pekatu egiten duena arrarekin au emea balitz bezela, biak egin dute pekatu txit andia, eta; illak izan bediz, beren odola izan bedi beren gañean.

        14. Idukirik norbaitek emaztetzat alaba, gero onen amarekin ezkontzen danak, egiten du gaiztakeria andi bat, bizirik errea izan bedi berakin, ez bedi gelditu zuen artean pekatu ain andiaren aztarnarik ere.

        15. Pekatu egiten duena abereren batekin, illa izan bedi; ill ezazute aberea ere.

        16. Edozeñ abererekin pekatu egiten duen emakumea, illa izan bedi aberearekin batean; erori bedi beren odola beren gañera.

        17. Iñork egingo baldin balu gauza ezañik bere arrebarekin, bere aitaren edo bere amaren alabarekin, elkar desonratzen dutela, biak egin dute pekatu nazkagarri bat; izango dirade illak erri guztiaren aurrean, batak bestea ezagutu duelako nabarmenkiro eta pagatuko dute beren gaiztakeriaren pena.

        18. Baldin norbait elkartuko balitz emakumearekin illeko jarioaren denboran, eta agertuko balu beragan lotsak estali bear zuena, eta emakumeak berak erakutsiko balu bere loikeria, biak izango dirade beren erritikan botatuak.

        19. Ez dezu zer ikusirik izango zure izebarekin amaren edo aitarenarekin; alakorik egiten duenak, bere aragia lotsatzen du, biak pagatuko dute beren pekatuaren pena.

        20. Pekatu egiten duena aitaren edo amaren aldeko osabaren emaztearekin, begiratu gabe aidetasunaren lotsari, biak artuko dute duiñ diradena, illko dirade semerik gabe.

        21. Ezkontzen danak bere anaiaren emaztearekin, gauza gaizto bat egiten du, loitzen du bere anaiaren onra; semerik gabe geldituko dirade.

        22. Gorde itzatzute nere legeak, eta erabakiak, eta bete itzatzute: sartu eta bizitzera zoazten lurrak bota etzaitzaten izugarriro zuek ere bera gandik.

        23. Etzaiezute jarraitu, nik zuen aurrean bota ditudan erreinuen oiturai, zeren berak gauza guzti oiek egitea gatik, nik gorroto diet.

        24. Eta zuei esaten dizutet: Artu ezazute zuentzat beren lur, nik zuei primeztzat emango dizutedana, esnea eta eztia darion lurra. Ni naiz zuen Jaun Jaungoiko, beste errietatik berezitu zaituztedana.

        25. Berezitu ezazute bada zuek ere abere garbia loia gandik, eta egazti garbia loia gandik; ez itzatzute loitu zuen animak abereak gatik, egaztiak gatik, eta lurraren gañean mugitzen dirade, eta nik loiak bezela erakusi dizkizutedan gauza biziak gatik.

        26. Izango zerate santuak neretzat, zeren ni Jauna santua naiz, eta berezitu zinduztedan beste errietatik, nereak izateko.

        27. Pitonen, edo aztinantzaren espiritua duten gizasemea, edo emakumea, illak izan bediz: arrika illko dituzte: beren odola izan bedi beren gañean.

 

OGEITA BATGARREN KAPITULUA

        1. Esan ere zion Jaunak Moisesi: itz egin zaiezu Aaronen seme apaizai, eta esango diezu: Ez bedi loitu apaiza bere erritarren eriotzan,

        2. Baizik bakarrik aideenean eta aldekoenean, au da, aitarenean, eta amarenean, eta semearenean, eta alabarenean, anaiarenean ere,

        3. Eta arreba birjiña, ezkondua izan ez danarenean:

        4. Baña bere erriko prinzipearenean ere ez da loituko.

        5. Ez dute arras moistuko burua, ez bizarra, eta ez dituzte ere egingo beren aragietan epaiak.

        6. Zeren santuak izango dirade beren Jaungoikoarentzat, eta ez dute loituko bere izena, zeren eskeintzen dituzte Jaunaren intzentsoa, eta beren Jaungoikoaren ogiak, eta argatik santuak izango dirade.

        7. Ez dirade ezkonduko bordionarekin, ez emakume galdu zatarrarekin, ez eta senarrak utzia izan danarekin, zeren beren Jaungoikoari konsagratuak dirade,

        8. Eta proposizioko ogia eskeintzen dituzte. Izan bediz bada santuak, zeren ni ere santua naiz, santutzen ditudan Jauna.

        9. Baldin apaizaren alaba arrapatua balitz pekatuan, onela desonratzen duela bere aitaren izena, bizirik errea izango da.

        10. Aita Santuak, au da, bere anaien artean apaiz nagusiak, zeñaen buruaren gañera izan zan isuria olioa, eta zeñaen eskuak izan ziraden konsagratuak apaiztza artu zuenean, eta jantzia dagoanak soñeko santuakin, ez du agertuko bere burua, ez ditu urratuko soñekoak:

        11. Iñolaere ez da sartuko gorputz illa dagoan tokian. Bere aita gatik eta ama gatik ere ez da loituko.

        12. Ez da ere aterako toki santuetatik, loitu ez dezan Jaunaren Eliza, zeren bere Jaungoikoaren unzio santuaren olioa bere gañean da. Ni Jauna.

        13. Birjiña artuko du emaztetzat:

        14. Eta ez du artuko alargunik, ez utzitakorik, ez desonraturik, ez bordionik, baizik bere erriko birjiña:

        15. Ez beza nastu bere etorkiko odola bere erriko jendallarekin, zeren ni naiz santutzen dedan Jauna.

        16. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        17. Itz egin zaiozu Aaroni. Zure etorkiko familietako gizon mantxaren bat duenak, ez diozka eskeñiko ogiak bere Jaungoikoari,

        18. Ez da ere alderatuko bere lanera; balitz itsua, errena, sudur txiki, andi edo okerrekoa,

        19. Baldin oñ etena, baldin esku txangua,

        20. Balitz korkobatua, baldin bekartsua, balu begian lausoa, atz iraunkorra, baldin balu supitzairik gorputzean, baldin balitz potraminduna.

        21. Aaron apaizaren jatorriko edozeñ gizon mantxa duena, ez da alderatuko eskeintzera Jaunari doaiak, ez eta ere bere Jaungoikoari ogiak:

        22. Baña jango du Elizan eskeintzen diraden ogietatik,

        23. Sartzen ez bada beloaren barrenen, ez alderatu aldarera, zeren mantxa dauka, eta ez du loitu bear nere santuarioa. Ni naiz santutzen ditudan Jauna.

        24. Moisesek bada esan ziozkaten Aaroni, eta bere semeai, eta Israel guztiari, aginduak izan zitzazkion gauza guztiak.

 

OGEITA BIGARREN KAPITULUA

        1. Itz egin ere zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Esan zaiezu Aaroni eta bere semeai, alde dezatela Israelko semeak egiten dizkidaten eskeintzari sagraduetatik, loitu ez ditzaten, nere onran santututako gauzak berak eskeintzen dituztenak.

        3. Esan zaiezu berai eta beren ondokoai: Zuen jatorriko edozeñ gizon, loiturik egonik, alderatzen dana gauza konsagratuetara, eta Israelko semeak Jaunari eskeñi ziozkatenetara, galdua izango da Jaunaren aurrean. Ni naiz Jauna.

        4. Aaronen jatorriko gizon legenartia danak, edo umekai eria duenak, ez ditu jango santutuak izan zitzazkidan gauza aietatik, sendatua jarri dedin bitartean. Ukitzen diona illen bati ukitu diolako loia danari, eta ukitzen diona azisurtea gatik loitua dagoanari,

        5. Eta ukitzen diona arrastakariren bati edo edozeñ gauza likitsi, zeñaen ukitua dan zikiña,

        6. Loia izango da arratsalderaño, eta ez ditu jango santutuak izan diraden gauzak, baña garbitzen duenean urez bere aragia,

        7. Eta eguzkia sartzen danean, orduan garbiturik jango ditu gauza santutuak, zeren bere janaria da.

        8. Ez dute jango gauza illkirik, eta pistiak arrapaturik, ez dirade ere loituko beretan. Ni naiz Jauna.

        9. Gorde bitzate nere aginteak, pekatuaren mendean jarri ez ditezen, eta santuarioan ill ditezen, bera loitu ezkero. Ni santutzen ditudan Jauna.

        10. Arrotzek ez du jango santututako gauzetatik, apaizaren maisterrak, eta alogerekoak ez dute jango beretatik.

        11. Baña apaizak erosten duenak, eta bere etxean jaioa danak, oiek jango dute beretatik.

        12. Baldin apaizaren alaba ezkonduko balitz erriko edozeñekin, ez du jango santutuak izan diraden gauzetatik, ez lenbizietatik.

        13. Baña baldin alargun geldituta, edo senarrak utzita, eta semerik gabe biurtuko balitz bere aitaren etxera, izango da bere aitaren janariakin bazkatua, neskatxa zanean oi zuen bezela. Arrotzek ez du beretatik jateko eskurikan.

        14. Jaten duenak gauza santuetatik ezjakiñean, eratxekiko dio bosgarren partea jan duenari, eta emango dio apaizari santuariorako.

        15. Ez bitzate bada loitu gizonak, Israelko semeak eskeintzen dituzten gauza santutuak,

        16. Artu ez dezaten beren pekatuaren kastigua, gauza santutuak jaten dituztenean. Ni naiz santutzen ditudan Jauna.

        17. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        18. Itz egingo diezu Aaroni, eta bere semeai, eta Israelko seme guztiai, eta esango diezu: Israelko etxeko, edo zuen artean bizi diraden arrotzetako gizon, eskeintzen duenak bere doaia, edo kunplitzen dituela emaitzak, edo eskeintzen dituela borondatez, dana dala Jaunari eskeintzen dion doaia,

        19. Izan dedin eskeñia zuen bitartez, izango da ar mantxa gabea beietatik, edo ardietatik, edo auntzetatik:

        20. Baldin balu mantxarik, ez dezute eskeñiko, ez da ere izango onirizgarria.

        21. Paketsuen doaia Jaunari eskeintzen dion gizonak, naiz promesak kunplitzen dituela, naiz borondatez eskeintzen dituela, naiz beietatik, naiz ardietatik, eskeñiko du mantxa gabea, izan dedin onirizgarria, mantxaren senik ez da beragan izango.

        22. Baldin itsua balitz, edo oñ etena, edo arradiren bat duena, edo karetxak dituena, edo atza, edo supitzaiak, ez diozkazute eskeñiko Jaunari, ez dezute ere erreko beretatik Jaunaren aldarearen gañean.

        23. Bei eta ardi, belarria eta bustana ebakiak, borondatez eskeñi ditzakezu, baña berakin ezin kunplitu lezake promesik.

        24. Ez diozute Jaunari eskeñiko, barrabillak autsiak edo zapalduak, edo ebakiak, edo kenduak dituenik, eta iñolaere ez dezute au egingo zuen errian.

        25. Arrotzaren eskutik ez diozute Jaunari eskeñiko ogirik, ez eman nai lukean beste gauzarik, zeren guztia da loia eta zikiña; ez dituzute artuko.

        26. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        27. Beia, ardia edo auntza jaiotzen diradenean, egongo dirade zazpi egunean bere amaren erroan, baña zortzigarren egunean eta gero Jaunari eskeñiak izan ditzake.

        28. Naiz izan dedilla bera beia, naiz ardia, ez dirade izango illak egun batean beren umeakin.

        29. Baldin illko bazendukete aberea Jaunari eskerrak emateko, izan al dezakean onirizgarria,

        30. Egun bertan jango dezute, ez da ezer geldituko biaramon goizerako. Ni Jauna.

        31. Gorde itzatzute nere aginteak, eta egin itzatzute. Ni Jauna.

        32. Ez ezazute loitu nere izen santua, santutua izan nadin Israelko semeen erdian. Ni santutzen zaituztedan,

        33. Eta Ejiptoko lurretik atera zinduztedan Jauna, izan nendin zuen Jaungoikoa. Ni Jauna.

 

OGEITA IRUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: Oiek dirade Jaunaren jai santuak deituko dieztezutenak.

        3. Sei egunean lanean ariko zerate; zazpigarren eguna, larunbateko atsedena dalako, deitua izango da santua. Lanikan batere ez dezute bertan egingo. Jaunaren larunbata da zuen bizileku guztietan.

        4. Oiek dirade bada Jaunaren jai santu, beren denboretan zelebratu bear dituzutenak.

        5. Lenbiziko illean, illaren amalaugarren egunean arratsaldetik, Jaunaren Paskoa da:

        6. Eta ill onen amabosgarrenean, Jaunaren legamigabeen jai andia da. Zazpi egunean jango dituzute legamigabeak.

        7. Lenbiziko eguna izango da zuentzat txit ospe andikoa, eta santua, ez dezute bertan egingo morroi lanik batere:

        8. Baizikan eskeñiko diozute doaia suaren gañean Jaunari zazpi egunean. Eta zazpigarren eguna izango da ospetsuagoa eta santuagoa, eta morroi lanikan batere ez dezute bertan egingo.

        9. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        10. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: Sartzen zeratenean neronek emango dizutedan lurrean, eta igitaitzen dituzutenean uztak, eramango diozkazute apaizari galburuen eskumenak, zuen uztaren lenbizitzat:

        11. Zeñak jaiaren biaramonean altxatuko du sortatxoa, Jaunaren aurrean, eta santutuko du.

        12. Eta eskumena konsagratzen dan egun artan bertan, illa izango da arkume mantxarik gabeko urtekoa Jaunaren doaitzat.

        13. Eta libazioak izango dirade eskeñiak berarekin, iriñ loraren amartatik bi, olioarekin oratua, errea izango dana usai gozoa bota dezan Jaunarentzat, eta ardoaren libazioa ere, hin baten laugarren partea.

        14. Uztazko ogirik, ez airik, ez mamirik ez dezute jango, beratatik zuen Jaungoikoari eskeiñtzen diozuten eguneraño. Aginte betikoa da zuen gizaldietan, eta bizileku guztietan.

        15. Kontatuko dituzute bada larunbataren biaramoneko egun lenbizien eskumena eskeñi zendutenetik, zazpi aste beteak,

        16. Zazpigarren astea betetzen danetik urrengo eguneraño, au da, berrogei ta amar egun, eta onela eskeñiko diozute Jaunari doai berria.

        17. Zuen bizileku guztietan, iriñ loraren bi amarretatik legamiarekin, zeñak egosiko dituzute Jaunaren lenbizitzat.

        18. Eta eskeñiko dituzute ogiakin zazpi arkume mantxagabeko urte beteko, eta bei taldeko txal bat, eta bi ari, eta izango dirade doaierako beren libazioakin, usai txit gozorako Jaunarentzat.

        19. Eskeñiko ere dezute aker bat pekatua gatik, eta bi arkume urtebeteko paketsuen doaitzat.

        20. Eta berak altxatu ezkero apaizak Jaunaren aurrean primizien ogiakin, utziko dituzte bere usurako.

        21. Eta deituko dezute egun au txitez ospakoi eta santua: morroi lanean batere ez dezute egingo bertan. Erabaki betikoa izango da zuen bizileku, eta jatorri guztietan.

        22. Eta igitaitzen dituzutenean zuen lurreko uztak, ez dituzute ebakiko lurreraño; ez dituzute ere bilduko gelditzen diraden galburuak, baizik utziko dituzute pobre eta arrotzentzat. Ni naiz zuen Jaun Jaungoikoa.

        23. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        24. Itz egin zaiezu Israelko semeai: Zazpigarren illean, illaren lenbiziko egunean, izango da zuentzat larunbata gogoangarria; zelebratuko dezute tronpeta soñuakin, eta izango da deitua santua:

        25. Morroi lanikan batere ez dezute egingo bertan, eta eskeñiko diozute doaia Jaunari.

        26. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        27. Zazpigarren il onen amargarren eguna, izango da barkazioko egun txit ospakoia, eta deitua izango da santua, eta atsekabetuko dituzute bertan zuen animak, eta eskeñiko diozute doaia Jaunari.

        28. Morroi lanik batere ez dezute egingo egun onen denboran, zeren barkazioko eguna da, paketu dedin zuekin zuen Jaun Jaungoikoa.

        29. Egun onetan atsekabetzen ez dan anima guztia, galdua izango da bere errietatik:

        30. Eta lanik batere egiten duena, kenduko det bere erritik.

        31. Ez dezute bada egingo bertan lanik batere; betiko legea izango da zuentzat zuen jatorri eta bizileku guztietan.

        32. Atsedeneko larunbata da, eta atsekabetuko dituzute zuen animak illaren bederatzi garren egunean. Arratsaldetik arratsaldera zelebratuko dituzute zuen larunbatak.

        33. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        34. Itz egin zaiezu Israelko semeai: Zazpigarren ill onen amabosgarren egunean asiko dirade tabernakuloen jaiak, zeñak zelebratuko diraden Jaunaren onran zazpi egunean.

        35. Lenbiziko eguna izango da deitua txit ospakoia eta santua, ez dezute bertan egingo morroi lanik batere.

        36. Eta zazpi egunean eskeñiko diozkazute doaiak Jaunari. Zortzigarren eguna ere izango da txit ospakoia eta santua, eta eskeñiko dezute doaia Jaunaren onran, zeren da jendedi eta batzarre andikoa; ez dezute bertan egingo morroi lanik batere.

        37. Oiek dirade Jaunaren jai, deituko diezutenak txit ospakoiak, eta txit santuak, eta eskeñiko dizkiozute bertan Jaunari emaitzak, doaiak eta libazioak egun bakoitzaren zeremoniaren araura.

        38. Jaunaren larunbaten, eta zuen doaien, eta Jaunari botoz eskeintzen dizkiozutenen, edo borondatez ematen dizkiozutenen gañera.

        39. Ala bada zazpigarren illaren amabosgarren egunetik zuen lurreko frutu guztiak biltzen dituzutenetik, laster zelebratuko dituzute Jaunaren jaiak zazpi egunean; lenbiziko egunean eta zortzigarren egunean izango da larunbata, au da, atsedena.

        40. Eta artuko dituzute zuentzat lenbiziko egunean zuaitzik ederrenaren frutuak, eta palmen maloak, eta zuaitz orritsuen ostoak, eta errekako sarikak, eta poztuko zerate zuen Jaun Jaungoikoaren aurrean.

        41. Eta zelebratuko dezute bere jaia zazpi egunean urte bakoitzean. Betiko legea izango da zuen jatorrietan. Zazpigarren egunean zelebratuko dituzute jaiak,

        42. Eta biziko zerate itzaltokietan zazpi egunean. Israelko etorkikoa dan guztia, biziko da etzauntzetan:

        43. Ikasi dezaten zuen ondokoak etzauntzetan bizierazi niela Israelko semeai, atera nituenean Ejiptoko lurretik. Ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        44. Eta itz egin zioten Moisesek Israelko semeai Jaunaren jai andi oien gañean.

 

OGEITA LAUGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi, esaten zuela:

        2. Agindu zaiezu Israelko semeai ekarri dizazutela olibozko oliorik garbiena eta argiena idukitzeko lanparak beti irazekiak,

        3. Testimonioko beloaren kanpotikan elkartasuneko tabernakuloan. Eta jarriko ditu Aaronek arratsaldetik goizeraño Jaunaren aurrean; au da, zuen ondokoak beti onela gordeko duten zeremonia bat.

        4. Egongo dirade jarriak beti kandelero txit garbiaren gañean Jaunaren aurrean.

        5. Artuko ere dezu iriñlora, eta egosiko dituzu berarekin amabi ogi, zeñatatikan bakoitzak idukiko ditu bi zati amartatik.

        6. Eta jarriko dituzu Jaunaren aurrean mai txit garbi baten gañean sei alde bakoitzean:

        7. Eta jarriko dezu beren gañean inzenso txit argia, izan dedin ogia Jaunaren doaiaren oroipenean.

        8. Larunbat bakoitzean aldatuko dirade Jaunaren aurrean artzen dituztela Israelko semeak gandik betiko elkartasunaz:

        9. Eta izango dirade Aaronenak eta bere semeenak betiko eskubidez, jan ditzaten toki santuan, zeren Jaunaren doaietatik gauza txit santuak dirade.

        10. Bitartean gertatu zan Israeltar andre baten seme, Ejiptoar gizon bat gandik izan zuenak, aterarik Israelko semeen artetik, erriertan egitea etzauntzetan Israeltar gizon batekin.

        11. Eta nola blasfematu zuen Jaunaren izen santua, eta madarikatu zuen, eramana izan zan Moisesgana. (Eta bere amari zeritzan Salumit, Dabriren Dango tribukoaren alaba).

        12. Eta sartu zuten karzelan, ezagutzen zuten artean zer agintzen zuen Jaunak.

        13. Zeñak itz egin zion Moisesi,

        14. Esaten zuela: Atera ezazu blasfemaria etzauntzetatik kanpora, eta aditu zioten guztiak jarri ditzatela beren eskuak beraren buruaren gañean, eta arrika egin bizaio erri guztiak.

        15. Eta itz egingo diezu Israelko semeai: Bere Jaungoikoa madarikatzen duen gizonak, pagatuko du bere pekatuaren pena:

        16. Eta blasfematzen duena Jaunaren izena, illa izan bedi. Erri guztiak arrika kenduko dio bizia, naiz izan dedilla erritarra, naiz erbestekoa. Jaunaren izena blasfematzen duena, illa izan bedi.

        17. Gizona zauritu eta iltzen duena, illa izan bedi.

        18. Aberea zauritzen duenak, itzuliko du bera bezelako beste bat, au da, anima gatik anima.

        19. Mantxatzen duena bere errikoren bat egin duen bezela, ala egingo zaio:

        20. Autsia gatik autsia, begia gatik begia, ortza gatik ortza biurtuko du. Nolakoa dan egin duen gaitza, alakoa irago eraziko zaio.

        21. Zaldia zauritzen duenak, biurtuko du beste bat, gizona zauritzen duena, izango da kastigatua.

        22. Berdiña izan bedi zuen artean justizia, naiz izan erbestekoa, naiz errikoa pekatu egiten duena, zeren ni naiz zuen Jaun Jaungoikoa.

        23. Eta itz egin zioten Moisesek Israelko semeai, eta atera zuten etzauntzetatik kanpora blasfematu zuena, eta arrika ill zuten. Eta egin zuten Israelko semeak Jaunak Moisesi agindu zion bezela.

 

OGEITA BOSGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi Sinaiko mendian, esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai, eta esango diezu: Sartzen zeratenean nik emango dizutedan lurrean, gordeko dezu Jaunaren larunbata.

        3. Sei urtean ereingo dezu zure kanpoa, eta sei urtetan podatuko dezu zure mastia, eta bilduko dituzu bere frutuak:

        4. Baña zazpigarren urtean izango da lurraren larunbata, Jaunaren atsedenarena; kanporikan ez dezu ereingo, eta mastirikan ez dezu podatuko.

        5. Ez dezu igitaituko lurrak berez ematen duenik, eta zure lenbizikoen matsak ez dituzu bilduko mendaina bezela, zeren lurraren atsedeneko urtea da:

        6. Baizik jango dituzute zuk, eta zure menpeko gizasemeak eta emakumeak, eta alogerekoak, eta zurekin bizi diraden arrotzak.

        7. Eta lurrak ematen duen guztiak serbituko du zure zamari eta abereen janaritzat.

        8. Kontatuko ere dituzu zuretzat urteen zazpi aste au da, zazpi alditan zazpi, zeñak batean egiten dituzte berrogei ta bederatzi urte:

        9. Eta zazpigarren egunean, illaren amargarren egunean, barkazioko denboran, joko dezu tronpeta zuen erri guztian.

        10. Eta santutuko dezu berrogei ta amargarren urtea, eta adiraziko dezu barkazioa zure errian bizi diraden guztientzat, zeren au da jubileoa. Itzuliko da bakoitza bere egoerara, eta bakoitza birtuko da anziñako familiara.

        11. Zeren jubileoa da, eta berrogei ta amargarren urtea. Ez dezute ezer ereingo, ez dezute ere igitaituko kanpoan berez ernetzen danik, eta ez dituzute bilduko mendainaren lenbiziak,

        12. Jubileoaren santutasuna gatik, baizikan jango dezute aurrean jartzen zatzuten lenbiziko gauza.

        13. Jubileoko urtean biurtuko dirade gauza guztiak bere jabeetara.

        14. Saltzen diozunean zerbait zure errikoari, edo erosten diozunean, ez ezazu tristetu zure anaia, baizik erosiko diozu jubileoko urteen kontuaren araura,

        15. Eta uzten kontuaren araura salduko dizu.

        16. Zenbat urte geiago gelditzen diraden jubileoaren ondoren, anbat aziko ere da bere balioa, eta zenbat denbora gutxiago kontatzen dezun, anbat gutxiago kostako da erosten dana ere, zeren uzten denbora salduko dizu.

        17. Ez itzatzute premiatu zuen tribukoak, baizik bakoitza bere Jaungoikoaren beldur izan bedi, zeren ni zuen Jaun Jaungoikoa.

        18. Egin itzatzute nere aginteak, eta gorde nere erabakiak, eta bete itzatzute, bizi zaitezken lurrean beldurrik batere gabetanik,

        19. Eta lurrak eman bizazkizuten bere frutuak, zeñak jan ditzazuten ase arteraño, iñoren aserrearen beldurrikan gabe.

        20. Eta esango baldin bazendute: Zer jango degu zazpigarren urtean, baldin ez badegu ereiten, eta biltzen ere ez baditugu gure uztak?

        21. Emango dizutet nere bendizioa seigarren urtean, eta emango ditu iru urteko frutuak:

        22. Eta ereingo dezute zortzigarren urtean, eta jango dituzute uzta zarrak bederatzigarren urteraño, berriak erne artean, jango dituzute zarrak.

        23. Lurra ere ez da salduko betiko, zeren nerea da, eta zuek zerate arrotzak eta nere maisterrak.

        24. Argatik zuek dituzuten lur guziak salduak izango dirade, berriz erosteko kondizioarekin.

        25. Baldin premian arkiturik zure anaia salduko balu bere aziendatxoa, eta bere aideak naiko balu, erosi lezake, ark saldu zuena.

        26. Baña baldin ez balu aide urrekorik, eta berak arkitu al balu erosteko balioa:

        27. Kontatuko dira frutuak saldu zan denboratik, eta sobratzen dana biurtuko dio erosleari, eta onela artuko du bere azienda.

        28. Eta baldin arkituko ez balu bere eskuak balioa biurtzeko, erosleak idukiko du erosi zuena jubileoko urteraño. Zeren onetan saldu guztia biurtuko da anziñako bere nagusi, eta jabea gana.

        29. Saltzen duenak etxe bat erriko murruen barrenen, idukiko du erosteko eskua, urte bat bete artean.

        30. Erosiko ez balu, eta iragoko balitz urtea, eroslea, eta bere primuak izango dirade beti bere jabeak, eta ezin erosiko da, jubileoan ere.

        31. Baña baldin etxea balego murrurik ez duen errian, saldua izango da kanpoko legeen araura, baldin lendikan ez balitz berriz erosia, jubileoan biurtuko da bere jabea gana.

        32. Lebiten etxe errietan daudenak, beti erosiak izan ditezke,

        33. Baldin ez balirade berriz erosiak, jubileoan biurtuko dira jabeetara, zeren Lebiten etxe errietakoak aziendatzat iduki oi dirade Israelko semeen artean.

        34. Baña beren lur errien aldekoak ez bediz iñoiz izan salduak, beti berenak diradelako.

        35. Baldin zure anaia geldituko balitz premiatua, eta indar gabea, eta artuko bazendu arrotza eta erbestekoa bezela, eta zurekin biziko balitz,

        36. Ez ezazu bera gandik artu lukururikan, ez eta ere eman ziñon baño geiago. Izan zaite zure Jaunaren beldur, bizi izan al dedin zure anaia zure etxean.

        37. Ez diozu emango zure dirua lukuruan, eta aleetan ez diozu eskatuko emanaz gañetikorik.

        38. Ni zuen Jaun Jaungoiko, atera zinduztedana Ejiptoko lurretik, emateko zuei Kanaango lurra, eta izateko zuen Jainkoa.

        39. Baldin zure anaia pobrezaz beartuta salduko balitzazu, ez dezu estutuko mendekoen serbizioz,

        40. Baizik idukiko dezu alogerekoa eta maisterra bezela, zure etxean ariko da lanean jubileoko urteraño,

        41. Eta gero aterako da bere semeakin, eta biurtuko da aideetara, eta bere gurasoen aziendara.

        42. Zeren nere serbitzariak dirade, eta neronek atera nituen Ejiptoko lurretik, ez bediz salduak izan mendekoen gisara.

        43. Ez ezazu estutu baliaturik zure almenarekin, baizik zure Jaungoikoaren beldur izan zaite.

        44. Morroi eta neskameak izango dituzute, zuen inguruan dauden erreinoetakoak.

        45. Eta zuen artean bidaztiz dabiltzazan arrotzetatik, edo oietatik zuen errian jaio diradenak, oiek idukiko dituzute mendekotzat:

        46. Eta primutzako legez utziko diozkazute ondorengoai, eta beren jabeak izango zerate beti, baña ez itzatzute estutu almenarekin zuen anai Israelko semeak.

        47. Baldin arrotz eta erbestekoren bat aberastuko balitz zuen artean, eta zure anai bearturen bat salduko balitzaio berari, edo bere jatorrikoren bati:

        48. Saldua izan ezkero erosia izan lezake. Nai duenak bere anaietatik erosiko du,

        49. Naiz osabak, naiz lengusuak, naiz aideak odolez, edo ezkontzaz. Baña baldin berak berez al balu, erosiko da,

        50. Kontaturik bakarrik saldua izan zan bere denboratik jubileoko urterañoko urteak, eta kontuan idukirik saldua izan zan dirua, urteen zenbataren eta alogerekoaren gisakoaren araura.

        51. Baldin asko balirade jubileoraño gelditzen diraden urteak, oien araura ala pagatuko du balioa.

        52. Baldin gutxi balirade, kontuak egingo ditu berarekin urteen zenbataren araura, eta pagatuko dio erosleari urteetan sobratzen dana,

        53. Len alogerean serbitu zituenen kontua egiñik, ez du estutuko bortxaz zure aurrean.

        54. Baldin ezin balizake erosia izan bide oietatik, jubileoko urtean aterako da bere semeakin.

        55. Zeren nere serbitzariak dirade, Israelko semeak, zeñak atera nituen Ejiptoko lurretik.

 

OGEITA SEIGARREN KAPITULUA

        1. Ni zuen Jaun Jaungoikoa: Ez dezute zuentzat egingo idolorik ez tallurik, ez dezute ere altxatuko arroiñik , ez ipiñiko arri izentaturik zuen errian bera adoratzeko. Zeren ni naiz zuen Jaun Jaungoikoa.

        2. Gorde itzatzute nere larunbatak, eta ikaratu zaitezte nere Elizan. Ni Jauna.

        3. Ibilliko baldin baziñate nere aginteetan, eta gordeko baldin baziñituzke nere mandamentuak, eta beteko baziñituzte, emango dizkizutet euriak bere denboretan,

        4. Eta lurrak emango du bere alea, eta zuaitzak frutaz beteak izango dirade.

        5. Uzten jotzeak iraungo du mendaineraño, eta mendainak eragotziko du ereitea, eta jango dezute zuen ogia ase arteraño, eta beldurrik gabe biziko zerate zuen lurrean.

        6. Egingo det pakea izan dedilla zuen inguruetan; lo egingo dezute, eta ez da izango ikaratuko zaituztenik. Kenduko ditut pistia gaiztoak, eta ezpatarik ez da sartuko zuen mugetan.

        7. Persegituko dituzute zuen etsaiak, eta eroriko dirade zuen aurrean.

        8. Zuetako bostek persegituko dituzte eun arrotz, eta zuetako eunek amar milla, eroriko dirade zuen etsaiak ezpatarekin zuen aurrean.

        9. Begiratuko dizutet, eta azi eraziko zaituztet, ugarituak izango zerate, eta sendotuko det nere elkartasuna zuekin.

        10. Jango dezute zarren zarrena, eta berriak etorririk zarrak botako dituzute.

        11. Ipiñiko det nere eliza zuen erdian, eta etzaituzte botako nere animak.

        12. Ibilliko naiz zuen artean, eta izango naiz zuen Jaungoikoa, eta zuek izango zerate nere erria.

        13. Ni zuen Jaun Jaungoikoa, atera zinduztedana ejiptoarren lurretik, serbitu ez ziñiezten, eta autsi nituena zuen lepoetako kateak, zuzen ibilli zindezten.

        14. Baña baldin adituko ez baninduzute, eta egingo ere ez baziñituzte nere aginte guztiak,

        15. Baldin mezpreziatuko bazenduzte nere legeak, eta ez estimatu nere erabakiak, ez egiteko nik aginduta dauzkadan gauzak, eta utsera botako bazendute nere elkartasuna:

        16. Nik ere oiek egingo dizkizutet. Kastigatuko zaituztet txit arin gosearekin, eta begiak erreko dizkizuten, eta zuen biziak bukatuko dituen bero batekin. Alperrik ereingo dituzute aleak, zeren izango dirade etsaiak iretsiak.

        17. Ezarriko dizutet begirakune bat arpegi aserretuarekin, eta eroriko zerate zuen etsaien oñetan, eta geldituko zerate gorrotatzen zaituztenen mendean; iges egingo dezute, iñork persegitu gabe.

        18. Eta baldin onela ere obedituko ez baziñidate, itsasiko diotet zazpi aldiz ainbat zuen kastiguai zuen pekatuak gatik,

        19. Eta autsiko det zuen gogortasunaren arrokeria. Eta emango dizutet zeru bat goian burnia bezelakoa, eta lur bat bronzezkoa.

        20. Alperrik izango da zuen lana, lurrak ez du emango muskillik, eta zuaitzak ere ez dute emango frutarik.

        21. Baldin ibilliko baziñate nerekin leian, eta aditu naiko ez baziñidate, itsasiko diotet zazpi aldiz ainbat zuen kastiguai zuen bekatuak gatik.

        22. Eta bidalduko ditut zuen kontra kanpoko pistiak, iretsi zaitzaten zuek, eta zuen abereak, biurtzen zaituztela gutxi batera, eta jartzen dituztela eremu egiñik zuen bideak.

        23. Eta baldin onela ere ongitu nai ez bazendute, baizik ibilliko baldin baziñate nerekin leian:

        24. Ni ere ibilliko naiz leian zuen kontra, eta kastigatuko zaituztet zazpi aldiz zuen pekatuak gatik.

        25. Eta ekarriko det zuen gañera nere elkartasunaren ezpata bengatzallea. Eta iges egiten dezutenean errietara, bidalduko det izurria zuen erdira, eta izango zerate jarriak etsaien eskuetan,

        26. Utzitzen zaituztedanean zuen ogia gabe gose andiaz, alako moduan, non amar emakumek labe baten erreko dituzten ogiak, eta ematen dituztenean ontzaka, eta jango dezute, eta etzerate aseko.

        27. Eta baldin oiek guztiakin ere ez baninduzute adituko, baizik ibilliko baziñate nere kontra:

        28. Ni ere ibilliko naiz zuen kontra etsaiaren aserreaz, eta kastigatuko zaituztet zazpi izurrirekin zuen pekatuak gatik,

        29. Jango dituzuten eran zuen semeen eta zuen alaben aragiak.

        30. Desegingo ditut zuen goiak, eta autsiko ditut zuen irudiak. Eroriko zerate zuen idoloen zatien artean, eta nere animak gorrotatuko zaituzte,

        31. Alako moduan, non zuen erriak bakartasunera biurtuko ditut, eta zuen elizak jarriko ditut eremu egiñik, eta ez det onezkero ongitzat artuko usai txit gozoa.

        32. Eta galduko det zuen lurra, eta arrituko dirade zuen etsaiak bera ikusiaz, sartzen diradenean bertan bizitzera.

        33. Zuek berriz barreiatuko zaituztet erreinoetatik, eta desmakiatuko det nere ezpata zuen ondoren, eta izango da zuen lurra eremu bat, eta zuen erriak geldituko dirade desegiñik.

        34. Orduan lurra gozatuko da bere larunbatetan, bere bakartasuneko denborak dirauen artean, zuek zaudetenean.

        35. Etsaien errian, desnekatuko da, eta atsedengo du, bere bakartasunaren larunbatean, atseden etzuelako zuen larunbatetan, bertan bizi ziñatenean.

        36. Eta zuetatik gelditzen diradenai, emango diet ikara beren biotzetan etsaien errietan, egaan dijoan osto baten otsak ikaratuko ditu, eta ala iges egingo dute ezpata bat gandik bezela; eroriko dirade iñork persegitu gabe.

        37. Eta eroriko da bakoitza bere anaiaren gañera gudatik igesi dijoazenak bezela, zuetakorik batere ez da azartuko etsaiai zemuitzen.

        38. Galduko zerate jendeen artean, eta lur etsaiak desegingo zaituzte.

        39. Eta baldin oraindikan oietakoren batzuek geldituko balirade, ustelduko dirade beren gaiztakerietan, beren etsaien errian, eta atsekabetuak izango dirade beren gurasoen pekatuak gatik eta berenak gatik.

        40. Aitortu ditzaten bitartean beren gaiztakeriak eta beren gurasoenak, zeñakin autsi zuten nere fedea, eta ibilli ziraden nerekin leian.

        41. Ni ere bada ibilliko naiz beren kontra, eta eramango ditut lur etsaira, aliketa beren biotz gogorra lotsatu dedin artean, orduan izango da noiz eskatuko duten beren gaiztakerien barkazioa.

        42. Eta ni oroituko naiz, Jakobekin, Isaakekin, eta Abrahamekin egin nuen nere elkartasunaz, Lurrarekin ere oroituko naiz,

        43. Zeñ berak utzia danean poztuko da bere larunbatetan, sufritzen duela bakartasuna berak gatik. Baña berak erregutuko dute beren pekatuak gatik bota zituztelako nere erabakiak, eta mezpreziatu nere legeak.

        44. Eta oiekin guziakin etsai lurrean zeudenean ere, ez nituen osoro bota, eta ez nituen utzi desegiñak izateko, eta utsean gelditzeko berakin egiñik nuen nere elkartasuna. Zeren ni naiz beren Jaun Jaungoikoa.

        45. Eta oroituko naiz nere anziñako elkartasunez, atera nituenean Ejiptoko lurretikan jendeak begira zeudela, izateko ni beren Jaungoikoa. Ni Jauna. Oiek dirade erabaki, eta aginte, eta lege Jaunak jarri zituenak, bere eta Israelko semeen artean Sinaiko mendian Moisesen eskuz.

 

OGEITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Eta itz egin zion Jaunak Moisesi esaten zuela:

        2. Itz egin zaiezu Israelko semeai eta esango diezu: Promesa egingo balu gizonak, eta eskeñiko balio Jaungoikoari bere bizia, emango du balio izentatua.

        3. Baldin balitz ogei urtetik irurogeirañoko gizasemea, emango ditu berrogei ta amar ziklo zillarrezko santuarioko neurrian.

        4. Baldin balitz emakumea, ogei ta amar.

        5. Baña bost urtetik ogeiraño, gizasemeak emango ditu ogei siklo, emakumeak amar.

        6. Ill batetik bost urteraño, gizasemea gatik emango dirade bost siklo; emakumea gatik, iru.

        7. Gizaseme irurogei urtekoak, eta andik aurreragokoak emango ditu amabost siklo, emakumeak, amar.

        8. Baldin balitz beartsua, eta ezin eman balu izentatua, joango da apaiza gana, eta oni deritzana, eta ikusten duena eman al lezakeala, ainbat emango du.

        9. Baldin iñork promesaz eskeñiko balu, Jaunari eskeñia izan lezakean aberea, santua izango da,

        10. Eta ezin izan lezake ganbiatua, au da, ez obeagoa gaiztoa gatik, ez gaiztoagoa ona gatik. Baña baldin ganbiatuko balu, ganbiatua izan dana, eta gauza ura zeñagatik ganbiatua izan dan, geldituko da konsagratua Jaunari.

        11. Baldin iñork eskeñiko balu, Jaunari eskeñia izan ezin lezakean abere loia, eramana izango da apaizaren aurrera:

        12. Zeñak erabakirik ona ala gaiztoa dan, izentatuko du balioa.

        13. Eta baldin eman nai balu eskeiñtzen duenak, geituko dio tasari bosgarren zatia.

        14. Baldin gizonak eskeñiko balu bere etxea, eta konsagratuko balio Jaunari, begiratuko du apaizak ona ala txarra dan, eta berak izentatu duen prezioan, saldua izango da:

        15. Baña baldin eskeñi duenak nai balu berriz erosi, emango du bosgarren partea izentatuaz gañera, eta idukiko du etxea.

        16. Eta baldin eskeñiko balu eta Jaunari konsagratuko balio bera jabe dan kanpoa, izentatuko zaio balioa, ereitzen dan alearen araura. Bear baldin badira ogei ta amar imia garagar, saldu bedi berrogei ta amar siklo zillarrezkoan.

        17. Baldin eskeñiko balu kanpoa jubileoko urtea asita bereala, izentatuko zaio balio al lezakeana.

        18. Baña balitz denbora piska bat iragota, apaizak izentatuko du dirua, jubileoraño dauden urteen zenbataren araura, eta gutxituko zaio balioari.

        19. Eta baldin berriz erosi nai balu kanpoa promesaz eskeñi zuenak, geituko dio bosgarren zatia balio izentatuari, eta beraren jabe izango da.

        20. Baña ez baldin balu nai berriz erosi, baizik salduko balio beste edozeñi, eskeñi zuenak ezin erosiko du berriz:

        21. Zeren nola datorren jubileoko eguna, izango da Jaunari konsagratua, eta azienda konsagratua apaizai dagokiote.

        22. Baldin Jaunari konsagratutako kanpoa izan bazan erosia, eta ez balitz gurasoen aziendakoa,

        23. Apaizak ipiñiko dio prezioa jubileora dauden urteen zenbataren araura, eta promesaz eskeñi zuenak, emango dio Jaunari.

        24. Baña jubileoan biurtuko da lenbiziko jabe saldu zuenagana, eta iduki zuena gana bere aziendaren artean.

        25. Izendatzen dan tasa izango da pisatua santuarioko sikloan. Sikloak ogei obolo ditu.

        26. Ezin iñork konsagratuko, ez promesaz eskeñiko ditu Jaunari dagozkion lenbizisortuak; naiz idia, naiz ardia, Jaunarenak dirade.

        27. Baña baldin aberea loia balitz, berriz erosiko du eskeñi zuenak, zure iritziaren araura, eta geituko du balioaren bosgarren partea. Baldin ez balu nai berriz erosi, izango da beste bati saldua, zuk erabaki dezunean.

        28. Jaunari konsagratzen zaion guztia, naiz izan dedilla gizona, naiz aberea, naiz kanpoa, ez da saldua izango; ezin izango ere da berriz erosia. Bein konsagratua dan guztia Jaunari, izango da gauza txit santua.

        29. Eta onela gizon batek eskeñia eta konsagratua dan guztia, ez da izango berriz erosia, baizik illa.

        30. Lurreko amarren guztiak, naiz aleak, naiz zuaitzen frutuak, Jaunarenak dirade, eta berari konsagratzen zaiozka.

        31. Eta baldin iñork naiko balitu berriz erosi bere amarrenak, geituko du beren bosgarren partea.

        32. Artzaiaren zigorraren azpitik igarotzen diraden beien, eta ardien, eta auntzen amarren guztietatik, amargarren datorren guztia, izango da Jaunari konsagratua.

        33. Ez da autatuko ez ona ez txarra, ez da ere izango bestegatik ganbiatua. Baldin iñork mudatuko balu, geldituko da Jaunari konsagratua mudatua izan dana, baita gauza ura, zeña gatik mudatua izan dan, eta ez da izango berriz erosia.

        34. Oiek dirade Jaunak Moisesi Israelko semeentzat Sinaiko mendian eman ziozkan aginteak.

 

aurrekoa hurrengoa