FIRI-FIRI XV
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
OTXORIO TA BERE SEME POLITA
Bein baño geyagotan esan leyo Otxorio Gariartori, berak ain polito egiten dituzan gauzak ikusirik:
—I az semea!
Baña bere semea ezta bera.
Bere semea Otxorio Polit da, ondradamentean, Gobernuari ta Errepublikeari lagunduteko.
Otxorio Polit esan dot?
Bai, aurki.
Otxorio Florit ei da, baña politago dala ta, Otxorio Polit deituten deutsagu Txitxuk eta nik.
Ta ze polito yarraituten deutson bere aita ganorabakoari!
Edo... onek berari.
Alan nai olan, biak be... eztira txarrak Gobernuaren ta Errepublikearen opillari su egiñagaz euron etxekoari su egiten.
—Jauna, itxi beist niri bertsoan esaten berorrek orrekaz berbokaz esan daun guztia edo geyena...
—Tirok ba! Baña kontuz ibilli adi, eure buruari egurrik batu barik. Eurok etxe-kalte eztozala esaten asi ta, eu etxe-kalte biurtu barik, kontuz ibilli, Txitxu! Etxeres Kiroga ospetsua Españan yagok oindiño.
—Badakit, jauna. Jaungoikoak yagon gaizala, ugazaba! Or doa bolea. Emeretzi egiten ezpadituz be, katxiña aparauko dau urrean.
Otxorio Gariarto
ta Otxorio Polit,
etxe-kalte eztiran
aita-seme bi,
alkarren antzean
su ta gar dabiltz,
Errepublikearen
opil onari
su egiñaz, su egiten
etxekoari.
* * *
Errepublikeak
baukoz lagun bi
orrekaz gaur; baña
biar edo etzi,
ikus dayenean
neskatotxu ori
fi dagola..., biok
eingo deutse fit.
TXITXU, KONPLOT BATEN SARTUTA
Neuri ezer esan barik konplot baten ezta sartu ba Txitxu gurea!
Oraindiño eztoguz ikusteko guztiak ikusi.
Ta, zer ikusi bear ete dogu?
Auxe yakitearren deitu deutsat ointxe Txitxuri berari neure ondora.
Ta itandu bere egin deutsat.
—Esaik bene-benetan: zer darabilk egunokaz?
—Nik, jauna, soñeko jantzia ta lantzean zigarro bat edo beste. Orain fumetan be ikasi dot eta.
—Sasoi onean, arranoetan!
—Oraingoan fumetan yakitea ondo etorriko yat.
—Zetarako?
—Geure triunfo-egunean txapliguak (bolanderak) botateko. Txapliguari zigarroagaz emoten ei yako sua ondoen ondoen.
—Zelango triunfoa dok gogoan?
—Bilbon aste onetan irabaziko doguna.
—Nortzuk?
—Geure eskuz, geure buruz asmauta daukogun bear zaratatsu bat egingo dogun euskalzaleok; eta geure bitartez, berorrek eta beste euskalzale guztiok. Golpea emon bear dogu, ugazaba.
—Emon barik, artu egin ezpazengie gero...
—Ezpei euki bildurrik. Zur gabiltz. Atan be ni. Badaki berorrek ni kaikutzat iñok ez naukana. Ba, geure planak golpe orretarako berbatuta daukodazan lagunai aitatu bear deutsiedazan eskutitzetan, Kaiku iminten dot neure firmatzat. Eta noizik-beiñean, poliziakoak igarten gatxago euki dagien, aolantxe: K.I.Q.
—Asti gitxigaz nayagok eta, esaik arin zer egingo dozuen.
—Berba gitxitan esango deutsadaz geure planak. Lenengo, biñan-biñan, ordu bat-baten, Bilboko liburu-denda guztietan atrako-antzeko bat egin, euskerazkoak edo latiñezkoak eztirean liburu guztiak liburu-denda bakotxaren aurrean eukiko dogun autoan edo kamioyan sartuten doguzala. Gero, euron liburuakaz, autook edo kamioyok Artxandara eroan, liburu-dendariai... ara datozala kobretan esanda. Ta antxe, liburu guztioi, pillo baten imiñita, txapligu otsean, sua emon. Ta erre guzti-guztiok, antxe. Bilbok eta Txorierrik ikusi dagien euskereagaitik zelan geu erreten garean.
—Pillo orretatik erderazkoren batzuk apartauko dozuez, orraitiño, surik eurai emon barik.
—Batxu be ez, ugazaba!
—Euskerea bera irakastekoak be ez, Txitxu?
—Ai, olangoak, bai, jauna! Etxe-kalte ez gaitezan izan. Bear ona egingo geunke geure GRAMATICA VASCA ta erreagaz! Parkatu bei, ugazaba. Ta ixillean euki bei gauzea, berak geure eskuz zarata egin artean.
(1933-ko Loraillaren 14'an argitaratu zan)
|