FIRI-FIRI IV
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
TXITXU, ETIMOLOJIAK ATARATEN
Txitxu, egunokaz, bear barik egon da.
Ta zeozer egin barik bera eztagoala ondo ta, etimolojiak atarateari emon deutso.
Berak uste dau olantxe atarako daula burua.
Koipe andirik etimolojiok berari itxiko ezpadeutsie be, berak bai koipea atara edozeinbere berbari!
Etimoloji-koipea ataraten mutilla da Txitxu.
Onean edo txarrean. Onean emoten eztaun berbeari txarrean atarako deutso.
Ez euki bildurrik.
Berak eztauko.
Dan langoa dala, berak deritxon etimolojia emoten eztaun berbeari badaki zer egin.
Aldatu, aldakuntzarik txikiena berari, alegiñez, emonaz.
Prieto berbeari, esate baterako, oratuten deutso garri-garritik, eta... kenduten deutso bere pri polita, ta pri orregaz egiten dau, iñor mindu barik, berak deritxon guztia.
—Pri-eto... ezin lei esan Pirri-eto dala, jatorriz, euskera garbian? —itandu eustan atzo, oitik jagi nintzaneko.
—Prieto, euskera garbian, Estu dok, adizkidea, neure eritxian. Ta ez nagik prietotu, ez nagik estutu...
—Estutu barik erantzutea gura dot.
—Tirok, ba! Esaik eure eritxia.
—Neure eritxia esateko, neu berorrenaren billa etorrita? Tira, ba! Nire eritxian, esan lei Prieto, jatorriz, Pirrieto dala.
—Defentsa izeneko lege ospatsuak ez yok eragotziko ori esaten.
—Ez! Esan daigun, ba, jatorriz olantxe dala. Ta etimolojiak berez-berez urtengo dau.
—Pirri-pirriak, bai, urteten yok berez-berez. Zarritan, norberak gura yoan baño errezago.
—Eztot gogoan pirri-pirririk. Eta bear bere ez. Pirri bat naikoa dala...
—Naikoa ta lar. Pirririk, bat bere ezautu ez oba... A! Itxi eidak apur baten kristiñauari oitik jagikeran egitea yagokoan otoitzak egiten. Beingoan nok eugaz.
—Baña Prieto eztok euskerazko berbea.
—Aorretantxe dago ba, jauna, nire arrazoyaren indarra. Prieto ezta euskerazko berbea. Ederto esan dau berorrek. Baña euskerazkoak izan bear dau; ta pri-gaz asten dan berbarik euskeraz eztago ta, Prieto berbearen pri ori, jatorriz, pirri dala esan bearko dogu... edo eztago lojika edo lukainka edo dana dalako ori munduan.
—Askok lojikeari baño lukainkeari obeto begiratuten yeutsiek, adizkidea. Eztaukok beste etimolojirik?
—Azaña berbearenak, amabi; zein baño zein obagoak.
—Ikustekoak izango dozak.
—Bai, ba.
—Orduan... urrengo baten ikusiko yoaguz.
* * *
Errukia emoteko moduan egon da Txitxu, egunokaz, bear barik.
Baña errukiago deritxat oraintxe, artu daun bear-modu barri orregaz.
Entxufe onari oratu deutso, arrayetan!
U.G.T. DERITXON ZEREKO ZERAK...
Orrako U.G.T. deritxon zereko zerak ikaragarrian dagoz zertuta.
Erkala (errepublikea) zainduteko ardurea artu dabe.
Badaukie zeri.
Koipe geyago itxiko deutsie euroi erkala zainduteak... Txitxuri etimoloji-atarateak itxiten deutson baño.
* * *
Okerrak dagoz eurok gero!
Errege-zaleai begira, argi ta garbi diñoe erkalari bakean isteko; ze osterantzean, eurok-o...
Kontuz, errege-zaleak, kontuz! Kontuz, diñotsuet!
Ba orretariko askok bildurra emon leye.
Yaten dakien baizen polito yoten badakie...
(1932-ko Abenduaren 11'an argitaratu zan)
|