FIRI-FIRI I
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
GAUZEA FIRI-FIRI ZELAN JAUSTEN DAN
Badakizu, irakurla maitea, gauzea firi-firi zelan jausten dan.
Zarata gitxigaz, bada-ezpadako zaratatxu bategaz, edo zaratarik bapere barik, eta jarrayan.
Aolantxe jausten da edurra, firi-firi jausten danean.
* * *
Beste zertxu bat be eukiten dau gauzeak firi-firi jausten dan bakotxean: metasuna edo meaztasuna.
Edurrak berak, firi-firi jausten dala entzun gura badau, me edo meatz jausi bear dau.
Ba lodi edo zarratu jausten bada, berak ez beste guztiok, auxe esaten dogu euskeraz, berari begira: Ona emen edurra fara-fara jausten!
* * *
—Orrek guztiok egiak izango dira, baiña...
Et! Batabatek berbara urten deust urrean, ta ia zer diñoskun ikusi beur dogu.
—Zer diñozu, adizkidea?
—Orrek guztiok egiak izango direala, baiña...
—Zelango baiña?
—Euskeraz eztagoala efe-rik.
—Eztagoala efe-rik euskeraz? Aor berton berba bi bakotxa efe bigaz. Ta arro egon be!
—Nik, firi-firi barik, piri-piri esango neunke.
—Ez zaituez eroango orregaitik Batara. Baiña neu banintz agindu bear dodana...
—Zer?
—Batara bialdu barik, bata ulertutea gura badozu, bestea eztagizula esan aginduko neuskizu. Piri-piri edurrak eztau egiten, adizkidea. Txoriak eta egiten dabe piri-piri, orretarako umorea daukienean.
* * *
Irribarre gozo bat ezpan-ertzetan erakusten deuskula, alde egin deusku berbara urten deuskun lagun ezezaunak, neure firi-firi polit onen alde erakutsi neinkezan arrazoi guztiak entzun barik.
Eta olan, polito polito, nekerik bape barik, amaitu dogu geure eztabaidatxua.
* * *
Auxe da gauzea txiri-txiri egitea.
Txiri-tik txori-ra alde andirik egon be eztago ta, Txorierrin zarri esaten da nekerik bapere barik egiten direan gauzakaitik... txiri-txiri egiten direala.
* * *
Olantxe, txiri-txiri, egin gura neunkez neuk, neure GACETA DEL NORTE maite maiterako, gaurtik aurrera, Jainkoa lagun dodala, egingo dodazan Firi-Firi izeneko lantxu guztiak.
Eta baita bere gura neunke berton agertu deitezan guztiak, gaurko onen antzera, zatika, apurka, firi-firi, irakurleak txiri-txiri irakurri dagizan.
* * *
Gaurko lantxuau, berau egiten, nekatu barik egiteko, naikoa lanik euki dot eta, neure ordez, neure ixillzain (secretario) txorierritar zintzoak firmauko dau.
Neure ixillzain txorierritar zintzo au badakizue nor dan, ezta? Ezpadakizue, oraintxe esango yatzue: Txitxu.
Tirok, Txitxu, Txitxu ona, entxufea erderaz ez euskeraz zer dan jakin baño lenagotik, papu bietatik barre egiten ta batetik bakarrik jaten mutilla azan Txitxu maitegarria; mezede egiten doan bakotxean, biotza pozez dantzari erabilten doan, neure ixillzain dubariko txalogarria, egin egistak oraintxe gaurko lenengo mezedea!
Botaik ementxe eure firmea!
Txitxu
(1932-ko Zemendiaren 20'an argitaratu zan)
|