FIRI-FIRI VI
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
GAURKO AIZE FIRI AU TA ALOTERIA
Gaurko aize firi onek (olangoxe aize me otzari esaten deutsie Txori-errin aize firia), gaurko aize firi onek, adizkidea, neurtitzak atarateko zera emoten deust.
Ataraten dodazan neurtitzok... paperean ezarten itxiten badeust, ez naz aserre.
Beti emongo deust orregaz, aloteriak bere suerte ganorabakoagaz emon deustan baño geyago.
Egunak joan eta
egunak etorri,
egunak jarraituten
deutsie egunari,
ta joan doazanak
an doaz kantari,
argiro diñotsela
etzun nai daunari
ikastea ondo yaokon
zerbait jakingarri.
—Egi andia!
—Emen ago i be, Txitxu?
—Bai, jauna. Egun on asko euki dagiala, Jainkoak emonda.
—Baita euk be. Baña ez az etorri orain sasoi onean. Ezteustak itxi txirlorea amaituten.
—Zelango txirlorea?
—Egiten asi noana.
—Eztot ulertuten.
—Naikoa dok txirloretan eurotan yiñoatana ulertutea.
—Txirloratzako zer orretan esanikoa ulertu dodalakoa daukot.
—Orregaitik esan izango dok: Egi andia!
—Bai, ba, alantxe da izan be ta!
—Ta, mira egiten deutsak nik egi bat esateari? Guzurrik entzun deustak iñoiz ba?
* * *
—Aloteriak ez yeustak urten...; baña urten baleyeustak, entzungo endun beste egi bat be.
—Ze egi?
—Aloteriak urten yeustala.
* * *
—Neuri be ezteust urten aloteriak, jauna, ta bardin gagoz.
—Jokatu egin dok gero?
—Ez, ba.
* * *
Txitxuk neure ezpanetan irribarre bat ikusi dau.
Ta irribarre onek poztuta, zerbait geyago be esan deust.
Iñor baño urrago ibilli dalako edo, Urren abizena daukon bateri ukutu deutsala premio nagusiak, eta Lerrouseri be zeozer yausi yakola, ta... olango... aloteri-kontuko kontuak.
* * *
—Itxi yayogun orreri, Txitxu... Ta entzun eidak beste egi bat. Baña lenago... esaik bene-benetan: eztok jokatu aloterian?
—Ez, jauna.
—Baña aorretxegaitik berorregaitik urtengo deualako amesik be ez enduan eukiko.
—Ez ba. Yokatu barik zelan urtengo eustan!
—Aiko or ba! Asko yaozak mundu zabalean zeruko aloteri nagusian jokatu barik... zeruko aloteri-premioak urtengo yeutsiela edo ikutuko yeutsiela uste yoenak.
—Zoroak dira orrek.
—Bai, zoroak dozak. Jainkoa aloteri orretarako txantel-opaka dubarik, eta txantel bedinkatu orretariko batxu be artuteko alegiñik egin ez...! Zer zorakeri andiagorik...! Ez adi izan eu... orren artekoa!
(1932-ko Abenduaren 25'an argitaratu zan)
|