FIRI-FIRI V
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
KANPOAMOR DIPUTADU NESKATILEA TA BOTOAK
Kanpoamor Klara diputadu neskatilleak bere gogaide (correlijionario) radikalai agur ta or konpon esan deutsie.
Eurokaz ondo konponduten izan eztalako, antza.
Ia eurok alkarregaz konponduten direan beragaz egin direan baiño obeto.
* * *
Martinez Barriosek...
—Martinez Barriootzek... esan gurako dau berorrek. «Barrios» ori, jatorriz, «Barriootz» da, nire eritxian.
—Ago ixillik, Txitxu!
—Ezta ala? Nik bayetz uste dot. Eta nire ustea sendotuteko, orra or «Barriobero».
—Etxoat ikusten emen Barrioberorik, eu Barrioberotu ezpaaz.
—Barriobero bera ikusten ezpadau be, «Barriobero» izena ikusi edo... entzun egin dau beintzat. Eta, zer deritxo? «Barriobero» izenak berak eztau eskatuten «Barriootz» izena be egotea, olantxe, euskera garbian?
—Nik neuk auxe esan neinkek: etxaukadala orain burua «Barriootz» eta «Barriobero» izenok aztertuten berotuteko.
—Urrengo baten izango da orduan, jauna.
—Urrengoan itxi ez deuat egingo emen sartuten egun onak emon barik.
* * *
Gatozan Txitxuk etenda itxi deuskun lengo arira.
Martinez Barriosek,... edo Martinez Barriootzek,... Txitxuk gura daun lez esateko,... konpondu gura izan dau gauzea, esanik Kanpoamor Klara neskatilla orrek prisa andia daukola.
—Ezkonduteko ala?
—Txitxu! Ara gero!
—Oraindiño ez el da ezkondu ta...
—Ezkonduta balegok, eleitikek izango neskatillea.
* * *
Kanpoamor diputadu neskatilleak daukon prisea beste gauza baterako da.
Neskatillak eta neskatillak eztiran emakume botodun guztiak botoa emoten ikusteko.
Ta orretarako prisarik ezta artu bear, Martinez Barriootzen eritxian.
Lerrousen erlojuak orretarako ordua eztau markau oraindiño.
Azañaren boltsan daola erloju ori diñost Txitxu barrabanak.
* * *
Doña Klara diputadu neskatilleak gura dauna egiteari ondo deritxo Martinez orrek, baña prisaka ori egitea ez yako ain atsegin.
Botoa euki dagiela emakumeak.
Orretarako emon yakie: eukiteko.
Eukiteko! Onetan badago bera be.
Ta euki dagiela urte askotan, osasun-bakeaz.
Baña,... kontxo!,... euki dagiela, berak edo Lerrousek... edo Azañak esan artean, iñori emon barik, ondo gordeta.
(1932-ko Abenduaren 18'an argiratu zan)
|