|
FIRI-FIRI XII
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
AGERTU YATAZ TXITXU TA TXURI
Gaur eldu dira ona, euron etxera, Madril aldetik izaniko geure Txitxu ona ta bere katu Txuri zintzoa.
Txitxu agertu yat lenengo.
Ta Txuri... gero. Txitxun kolkotik urten daunean.
Nire poza, biok neure aurrean ikusi dodazan orduan!
Areñegura ezkero, euron barririk ainbeste egunean eztaukadala konturaturik, galdutzat euki dodaz, ta esan be egin deutsat Txitxuri, katua nagiak ataraten ibili dan artean:
—Galdu azala ta egon nok ba, Txitxu.
—Ni galdu? Igarla txarra izango zan berori, jauna, galdu izan banintz. Ba bein baño geyagotan esan deust berorrek: I ez az legorrez galduko.
—Bai, egia dok ori. Ta i, oraingoan, ez az yoan Madrillera itxasoz.
—Ai, ugazaba, itxasoz ibilteko ez gara gauza Gantxo Pantza ta ni!
—Ik eztakik Gantxo Pantza gauza dan ala ez.
—Bai, jauna. Dakianak daki nor dan Gantxo Pantza; ta nik ondo dakit bein, Primo Riberan txakurrakandik itxasoz iges egin gura izan eban baten, zelan ibilli zan. Itxasoko zerak ez eban bera ondo artu, lodiegia dalako edo, ta bide erditik atzera etorri bear izan eban Bilbora... Ta gero legorrez egin eban iges, bapere zer barik, praille yantzita.
—Ikusteko mutilla egongo zoan bera praille yantzita, bere buru murri (kalbo) ta bera-begirako begitxu biakaz. Baña itxi yayogun orain bakean...
—Jauna, itxi dagioela berak eta bere lagunak bakean prailleai. Ezteritxo kontua daukola, berak beintzat, prailleai bakean itxiteaz? Prailleak Españatik kanpora bota ta gero, iges egin bear daunean, eztau gauza izango praille-yantzia iges egiteko.
ZELAN IBILLI DIREAN
Gantxo Pantzak urrengoan, iges egiteko, zelan yantzi bear daun yakitea Gantxo Pantzaren bururako itxita, andik, Madril aldetik, eurok zelan ibilli direan osan dagistala eskatu deutsat neuk, olango baten, Txitxuri.
Ba auxe ez geunke yakingo, Gantxo Pantzari beti ekinda.
—Ibilli ondo egin gara, jauna, diñost berak, baña eztogu ezer egin.
—Eztozuela ezer egin?
—Egin bei kontu eztogula ezer egin; ba ez nik emon al izan dot, E.A.J. Zazpiterdi-ren bitartez, berorreri agindu neuntsan konperentzia, ez Txurik jaditxi al izan dau Otxorio Gariartoren katu ospetsuagaz berba egitea. Neure konperentzi panparroya emon barik geratutea, ugazaba, orreri Txuri barraban orreri zor yako. Berbaz asteko yesarri nazanaz, batera, yesarkeran, kili-kili neuk gura eztodala egin deutsadalako, edo berau, non gagozan begiratu barik, biderako eroan daun Kili-Kili liburua irakurten egon dalako, barre-santzo bat egin dau, ta... agur gure konperentzia. Burlezar nabillela uste izan dau bertako ugazabak edo dana dalakoak; eta onek barraban onek ez, baña neuk anka egin bear izan dot. Eta pozik, neure ankarik ez beste neure gauzarik galdu barik, au osorik eta estarian dodala, atea atrapau dodanean. Ta begiratu begio barrabantxu oneri. Barreka dago oraintxe be.
—Orain ez yaukok ba Kili-kili-rik.
—Ez; orain, Zaparradak eta. Egin deuskun bear txarra eragiteko liburu bietatik bata naikoa dala, biak eroan dituz barrabantxu onek.
—Eta, Otxorio Gariartoren katu ospetsuagaz orrek berba ez egitea zegaitik izan dok?
—Ezbear andi orren errurik eztauko iñok, jauna. Igon dau onek ganoraz Otxorio ganorabakoaren etxeko teillatura, ta marramiau egokiak egin be bai zelanbestean; baña, katu ospetsuaren ordez, bere atezaiñaren katuak urten deutso, ta emon deutso ulertuten, katu-euskera garbian, bere ugazaba nagusi ganorabakoaren katu ospetsu ori gaixorik dagoala, gripeagaz,... ta eztagoala iñogaz berba egiteko tayuan; ba, ugazaba nagusi ganorabakoaren antzera, burutik egiten daula...
—Osatu dala yakin dagizuenean barriro atzera yoatekoan geratu zarie?
—Ez neu ortan ortan! Doala berau bakarrik, berbarik emon badau.
—Yoango nintzakek neu ba, astia ta modua baneunkozak. Eta bertan geratu be...
—Ez beite yoan, ta ara be gitxiago bertan geratu... Entzun bei or zoro batek zer diñoan kanta-soñuan.
—Ixillik orain, katua! Entzun zuk be, Txuri, zoroak diñoana!
* * *
Ai, ene Jaungoikoa!
Zeruan banengo,
ez nintzake geyago
mundura etorriko!
* * *
—Eztok zorakeria ori esatea, Txitxu.
—Zorakeria bai izango litzake, ugazaba, berorren aboan, gauzak aldatu artean beintzat, auxe esatea:
Ai, ene Jaungoikoa!
Madrillen banengo,
ez nintzake geyago
Asura etorriko!
—Asue aitatu deustak, Txitxu barrabana? Badakik barrabantxu orrek, neure biotzari entzunda edo, Asura geyago ez etorteko promesik egin ezin nayeikena neuk... ez Madrillen, ez Murtzien.
(1933-ko Epaillaren 26-an argitaratu zan)
|
|