|
AZKEN-MUTUR
Illabete batzuek iragan ziran, eta beiñola, Manu bere despatxuan lanean ari zala, urrutizkiñak ots berezia bezelakoa egin zuan, doiñu alaia edatuaz. Jaso zuan belarri-adarra eta...
—Ez, ez duzu negozio konturik, Araibar; ez. Nik orrelakorik ezpaitakit.
Alastui zan, botikario zaarra; aspaldiko adiskidea. Manu-k konkortuta, txunditurik entzuten zion.
—Eta nolakoa da?
—.....
—Bai?... Emaztea bialaraziko dut arrapaladan. Eduki ezazu or, arren.
—.....
—Laister arte, adiskide, ta eskerrik asko. Aingeru zaitzaillea al zera? Abejondeizula.
Eta solas ori eten, eta bere emazteari deitu zion senarrak. Txoilki auxe esan ere:
—Zoaz bertatik, Alastui-ren botikara. Badakizu. Nirekin mintzatu berri da. Berri pozgarria da. Arek esango dizu geiago. Dana dala, zuk ere dei egikedazu andixek, leenbaileen.
Emaztea, Agurne alegia, zerbait buruera bakanen bat izango ote zalakoan, eta jakinguraz erretzen, gogaro onez, ordu laurden baiño leen, an zan, Alastui-renean.
Onek, begiak arrai, aoan irriparra, erakutsi zion erakustekoa. Aurtxo bat, mantar zaarretan bildua, zikin xamar, egundo ba da. Baiñan aurtxo aren arpegia, betartea, xalo, amultsu ta erakargarria zan. Bost illabete zituan eta mutikoa zan. Zurtzaren pare zegoan, eta aitaren eta amaren eske, ain zuzen.
Alastui-k kontatu zion, llabur.
—Orain ordu bete eldu zait emakumetxo bat, aurra besoetan, negar eta negar ume eder au. Arrenkuraz eta estularriz, aura. Emakume orretxek ekarri du gaur goizean aurtxo au bere sorterritik, itsasaldeko erri polit batetik. Emakume orrek, aurraren amaren ordez, utzi nai izan du «Amatasun-etxean». Baiñan, alperreko guraria. Guraso ezagunak eta jakiñak dituan ezkero, ezin ba an aurrik bertanbeera utzi. Eta orduan etorri da onera. Zer egin bear duala aurrarekin? Ezin berriro amari eraman etxera; ark ezpaitu nai, etxean dituanak baiño besterik. Auxen kontu polita!... Aurra negar eta negar asi zaio; gosez, errukarria! Eta onera sartu da, elikatura eske, janari billa, botikario zaarrak zerbait izango duala-ta... Egin diogu uresnea edo ala, egin diogu! Bai aurrak zanga-zanga edan ere, eta bertatik bukatu ditu negarrak eta irri gozoak eskeiñi dizkigu geroztik. Nola eramango dut berriro? —zion emakumeak—. Eta erabaki du; poliki, alajaiña. Neuri utzi nai izan dit, agure zimel oni... eta nik, orduan, dapa! izan dut buruera jatorrena. Araibar jaunari dei egin, alegia. Zer derizkiozu...?
—Bai ume potoloa! Nik ez dut zalantzarik. Datorrela Manu, eta...
—Bion badetza noraezekoa dugu. Laister biurtuko da emakume aura.
—Lendabizi, garbitu eta jantzi berriz apaindu bear dugu. «Goya»-nera nioa aur-jantzi politen billa. Taxi-an joango naiz. Aurki arte.
Andik aldi laburrean, aurra, txukun, garbi ta ikusgarri zegoan. Leengoa izanik, beste bat zirudian. Buruko illeak arro, muxu kolore gorri, begi aundi ta eder.
Eldu zan emakumetxoa. Ikusten zuana ikusirik, damurik bezela zegoan iñoren ume zoragarri aura, gurasotzako berrien kontura laga bearrez. Eldu zan Manu ere, eta itz egin orduko, tratua amaitu-urren zegoan. Senar-emazteak erdi eroturik, lillurazko jardunean ari ziran begi distiren bidez, eta irriño xamurrak agertuaz. Andretxoak negar egin nai zuan, eta malkoekin naasian, parra egiten zuan. Botikario zaarra, aintziñako gizon zintzo ta zuzenaren irudi berbizia zan.
Manu ta Agurne-ren gogoak aurkitu zuten, bearreko zitzaien eldu-antxa ta dendua.
Zuzen zuzenean aurrik eman ezarren, zeruak egin zien zearka, gurasoak maiteen duten emaitz onetsia. Griñen geiegikeriak galerazitako berezko aragi-bideaz kanpo, errukiz eta maitetasun-tankeran iritxi zuten doai berdingabe ori.
Geroago, asteak aste igatu ondorean, albiste batek egin zuan bide, sendi atsegindu artara. Obeki esan, dei bat izan zan, senide-arteko deia, notario batek egiña.
Agurne, ezer ulertu gabe zegoan, eta senarrari itxedoten. bazkaltzera eldu zedin. Aurtxoak, batean negar, irri bestean, Araibar-tarren egoitza bizi-dardare sarkorrez bete zuan. Manu-k ere, etxera ta besterik gabe, ez zuan ezer ulertu. Orraitio, bere buruko eiaran, aleak eiotzen ta birrintzen asi zan.
—Senideak? Senide-batzarra? Egia, izan ere. Gutxi da munduan, iñor seniderik ez duanik.
Senar-emazteak joan ziran notarioarengana. Onek, beingoan itzegin zien. Aoa zabalik zegoan Manu; zabalago, Agurne. Manu-ren aaideak bizirik zirauten, eta ba zuan bere jatorria, noski. Eta ez ori soillik. Ondasun-banaketa jaia ere, egingo zuten. Zer bi, beraz, egitada batean: alkar ezagutu eta jatorri-errotiko ondarea, arau zeatzez, banatu.
Aien buru-biotzak orrelaxen gerturik, aldameneko gelara eraman zituan poliki poliki eskribau azkarrak.
Emen zeuden norbaitzuek. Barrena jauna, gizon egiña; Alastui botikarioa; «Seiko» apaiz ospatsua. Eta Balbiñe Usategi ta aren seme-alaba Andertxo ta bere emazte Karmele; Jone ta Libe. Eta arako «Kolombine»...
Manu-ren biotza dilindan asi zan, orman zegoan orduariaren isatsa bezela. Ezin zuan siñistu ikusten ari zana. Kolombine ikustean, ez zuan oraikoan iñoizko ziztada suarrik sentitu. Gantzu goxo batek igurtzi ote zion barrua, aita berri atsegin beteari? Pentsamentu bakarra josi zitzaion buruan, arako karta gogoangarria oroiturik. Bai. Kolombine, orduan berberak aitortu bezela, senide zan, iñolaz ere.
Notarioa-k, papera irakurtzen asi orduko, argi ta garbi esan zien, testigu zaar aiek baietsi zezaketena. Manu ta Balbiñe ta «Kolombine» anai-arrebak ziran, aita batengandik eta iru amagandik sortuak. Aita, Martin Usategi eta Astepe izan zan, eta legez abizena, lendabiziko alabari, Balbiñe-ri, eman zion, ala baitzan. Besteak, bakoitzaren amarena artu zuten, eta orrela, Manu Insua Araibar eta Ane Etxabe Subero zeritzaten. Gaztetan, aiek jakin gabe, aitak eman zien, zearka ta azpitik, diru-laguntasuna.
Buruenik, Usategi il zanetik epe jakin batean, arek il-burukoan ezarri bezela, egin zuten senide-ezagutza, neba-arreba ezagutza alegia, eta aitak bakoitzarentzat utzitakoaren banaketa.
Biozkadaz ta barru-pilpiraz besarkatu zuten alkar, aaide zaar-berri guztiak. Ane, kanpotik eratorria izan zan, egikizun artarako. Lekaimea zan, baiñan jende arruntaren araura jantzia, lagun urkoari mesede geiago egiteko asmoz sortuberri diran bazkune oietarikoa baitzan. Agurne-k, etxean zuten aurtxo zoragarriari buruz itzegin zionean, guztien poza nabarigarriagoa izan zan.
Alaz ere, «Seiko» apaiz jatorrak, bota zuan bere jardungai guztietako zirikada zorrotza
—Zenbat naaspil gutxiago ez litzaken mundu ontan izango, seigarren eta bederatzigarren aginduak zintzoago beteko ba genitu! ... Eta zenbat anima ez litzaken zuzenik zeruan sartuko, betiko su garretan ganoragabe ondatu bearrean!...
AMAIA
1958 Udazkena
|
|