|
XV
Lau egun barru, illargi berria zan. Ori ongi zekian Manu-k, eta ereti ori galtzerik ez zuan iñolaz ere.
Lau egun, bitarte; eta zerzelada batzuek antolatu gabe zituan. Batzuek Bilbon egitekoak ziran; besteak erritxoan bertan. Ez zuan nai azkeneraiño iñortxok ere jakiterik, komeni ere ez zitzaion-eta.
Martzel-ekin bide ta mendixka-ikusketa egin ostean, ur-ertzetarantz joan zan bustialdi laketezkoaz atsegindu nairik. Martzel, an inguruko taska batean amaiketako litxarra eginda, lasai joan zan erri-alderantz.
Bezpera gauaz, trumoe ta tximista ugari izan zan arren, plai ingurua atsegingarri agiri zan. Uiñak saltokari ziarduten etorri ta etorri, ta legor-mugan urak ondarra astinduaz, zikin eta gogor-antza ematen ba zuan ere, an itsas-barrurago, sekulako giroa zegoan igari egiteko, edota oraingo aize-koltxa malgu gaiñean luze luze, gustora jolasean aritzeko.
Ura, epela zegoan, amatxo artatsuak etxeko ezkotegian maneatu oi duana bezin arotsua.
Manu-k Agurne-rengana jo zuan, zuzen jo ere. Garatz askoren artean, garatz burua zerabillen orduan besteen gain.
Agurne-k, oi zuanez, irriño legunez artu zuan aren agurritza. Erantzunaren eske zebillen mutilla.
—Zer esan ba neki —jardetsi zion Agurne-k— ez nintzake zalantzaz ta durduziaz egongo. Zure zintzotasunak uts eman dit aurtemein eta...
—Baldin, ergela ta xoroa izan ba naiz ere, sinista zazu, Agurne, errotu ta lotu nai dudala ene buru au. Emazte on baten bear-izana sentitu izan dut oraintsu, eta badakizu nor aukeratu nai izan dudan. Alik laisterren bear dut jakin zure jita. Biar, berandu liteke...
* * *
Iru egun geiago iragan ziran, eta itsasoak nare, apal ta bare zirauan.
Azken-orduko udazaleak zeru-tipi aurkitu zuten Kantauriko txoko kriket artan. Eguzkia ta kresala, aizegarbi ta epela, inguruak urre kolorez beteak, gai zoragarriak ziran larrazken-kuadru artan. Eder ta xarmant agiri zan benetan Euskalerria, literatu atzerritarrak azaldu ta irakatsi diguten bezela.
Agurne-ren baietza eldukatxa zan, agian; idorteak jo duan artotza mengelaren iduri;ra. Eltzaurrondoak ba zuten frutu alerik aski adarretan, baiñan, artean, oskol berdea zuten gaiñeko jantzitzat; eta barruko emaitzaren berri, mardo ala erkin, zindo ala iro, iñork ez zekian. Buruera auek zituan Manu-k ere, bere neskatxa autatuari buruz. Au, berez, gizon artetsua zan, baiñan arterik artu eziñik zegoan. Bilbo aldeko gorabeerak egoki atondurik zituan.
Eskurakoi ta atzeman erraz uste zuan neskatxa panpoxaren gogoa, zut zegoan; amor-eman nai ez duanaren dorre ardatz eta abea iduri.
Itxaroten zuan egunaren argia zabaldu zan, legorrean eta itsasoan. «Borobiltxo»-neko ardandegian, atetik ez urruti, gosaltzen ari zan eiztari bat. Ez zuan zakurrik, baiña eskopeta ederra bai. Gerogarrenean eldu zan beste eiztari bat ere, txapel aundia buruan, sorbaldan zizpa dirdaria.
Berealakoan, etxeko alaba gaztena, kalera irten eta eskui aldeko kantoian gora joan zan. Andik luzarora gabe, ba zetorren etorri, itzuli, ta irugarren eiztaria atzetik.
Manu, Martzel eta beste bilbotar gazte bat ziran eiztariok. Manu-k atera zuan gordagutik bere Opel ariña. Eta txipirri txaparra joan zan beingoan, ekaldeko bidean zear. Zeru aldean, odei zoranga ta lokak ari ziran arantz onantz. Uiñak naastuago zebiltzan, iragan egunetan baiño. Ur-ertzean, azken-lerroetan biurri samar jokatzen zuten bagak, eta azpiko ondarrak irauliaz, bits eta apar eta ondar naasmen itsusi ta arrisku-antzekoan, itsasoaren eraso gogorberaa agerrarazten zuten.
Agarrebasora ziran eiztariak. Piñu errenkada luzeak dira barrenean, eta gorago beste zuaitz muetak ba dira, eta azkenez, eukaliptu tantai luze ta burduntziak. Antxen zuten autetsia usotarako lekua. Sekulako umore onez zeuden irurak eta eiztarien kontagai izugarriak esateko aukera oberik ez zuten, eizatu-uste zutena ager zekien arte. Noizean bein, zintzur nekatuari ezoaldi samurra emanaz, alegia.
Egubendirarte ez zuten ikusi batere usorik. An goienean, gabirai bat edo beste ta bele batzuek nabari izan zituzten. Itsasalderago, kalatxori ta antxetaren batzuk sumatu ere bai. Ontzi batzuek iragan ziran, arrantzale atunzaleenak.
Bazkal-ordua eldu zanean, Manu joan zan errira, jateko ongi maneatua ontzitxo egokietan zertu eta eiztarientzat eramateko. Kotxearen atzekaldean poliki ezarri murkoak eta abiatu zan basorantz.
Goiz artan Agurne-k, ondartzan, alako utsunea oartu zuan. Tomas, maite-eskale berria, auzo-errietara joana zan bere anaiarekin, Ameriketatik ekarritako zerak, angoen emengo senideai banatzera joana, ain zuzen. Eta Manu ere, orduak aurrera, eta ez zitzaion beste egun askotan bezela agertu ara, ondartzaldera, goiz-agurra egitera, eta galankiro itz goxo ta limurtzailleak belarri-ertzera esatera. Eta bazekian erritxoan zegoana, bai. Biotz-eskatzaille biak zeuden oporretan eta egun guztian bata ere, berarengana agertu ez!... Gizonen sentipena ta beroaldia aldartetsuak ziran, nunbait ere, ta ez zintzo, trinko ta atxikiak.
Egun aura ez zitzaion gozo ta bare izan. Itsasoaren egun artako begitartea ta itxura bezela, asaldaz oretua zedukan kolko-barruko giroa.
Eguzkiak bildu zituan bere izpiak, beste arratsaldetan baño goizago.
Pasa-usoen zai zeuden eiztariak bota zituzten errekara egun artako azkenengo itxaropen-bizarrak. Alperreko eguna eizaketarako. Eta gaiñeratzeko, laiño ziriña asi zan inguruko utsuneak betetzen. Itsasaldean, gurma lanbroa loditzenago eta gauaren maindire meeak zabaltzenago.
—Laiño madarikatua! —zion berekiko Manu-k—. Eta itsaso naastua ere bai. Guztiak batean jarriko zaizkigu biurriago gure egingoa zaillago izan dakigun. Baiñan agian, obe izango dugu.
Eta berealakoan, basoan, zugatz luze aien pean zeuzkan lagun biai esan ere bai, aots sendoz:
—Mutillak: gaur ez dugu girorik gaua emen emateko. Laiño likin onek, ezotasun eta busti-antza besterik ez digu emango. Alaz ere, pentsatu bezela, afaria emen jango dugu, ta ni ostatura, billa nioan artean, zuek, gertu ezazute or egur-meta borobil bat, eta ni natorrenean sua egingo dugu, afaria, eiztari-afaria antolatzeko. Eta gero, giro zatar au dala-ta, joan egingo gera bakoitzaren oe biguiñean lo gozo gozo egitera.
Araibar-en beribillak laister aguro egin zituan erritxorako bideak. Enparantza aldetik, porturantz egin zuan eta an, txalupetxe batean sartu zan. Erloiuari beatu ta ordu egokia zala-ta, eseri zan lasai, eta arrantzale jatorren araura, pitxar zuri bete ardo beltz aterarazi zuan. Zazpi ta erdiak inguru izan arren, laiño zarratu arek gau-leenari goizako dei-egin ziola esan zitekean.
Geroxeago eldu zan «Zarbasta» zeritzan arrantzalea, ta ondoren aren seme «Zarbasta» gaztea, igarian oso aipatua, urpetia itsasoan, uraren barruan luzaroan ibiltzen erriko gazteen artean buru zana; mutil bizkar zabala, bekoki illun, begi aundia.
—Manu jauna —ziotsan «Zarbasta» zaarrak, ez gogara antzean—, egundoko gurma zitalak inguratu gaitu.
—Bildurrik? —galdetu zien ausarki Manu-k, aita-semne bipil aiei.
—Nik ez.
—Ezta nik ere.
—Orduan, gertu?
—Bai.
—Entzun ba. Emen ditut linterna indar aundiko bi. Ar itzazute. Ongi gorde; sartu atabakan. Aletxo oni muturrerantz eragiñik, izetu egiten dira. Tutu-alderantz eraginda, berriz, itzali. Beti ere, itasaldean, ateko bandan, legorrari bizkar esan nai dut, bear dituzute isiotu eta itzali ere bai. Batek brankaldean, besteak popan, lau bidar piztu-itzali. Guk egingo dugu sua, amarrak aldetik aurrera. Amabiak orduko bukatua bego guztion lana. Zuek, lanbro zikiñ ori dala-ta, ez duzute ikusi al izango. Berdin da; orduariari kontu. Arrasteko ontzia, amaikak baiño leen izan bear du zuen inguru, laiño ta ez laiño. Luze bi ta lau soiñukada labur egingo ditu arek bakoitzean. Aren fokua edo soiñua, bost minutu bitarteka. Agurritza, badakizute: «erregarri ugari» ta «iparreko alderantz» aien erantzuna. Oien ondorean, aldamenera; eta botako dizkizute lau paketeak, elkarri lotuak, kortxozko azalez jantziak. Eta ba dakizute... habanuak, txokorrak edo andoillak dirana! Ederki. Egin al duzute goiz-afari? Orain bete ardoz zuen garrafotxoa, eta... txipiroitara!! Gazte, badakizu nun utzi zerak: arako artzulo artan. Goizalderako, ez dira an egongo, urrutiago baizik. Tira ba! Zori egokia... eta biar arte.
—Bai,egingo dugu alegin.
—Saria ere alakoxea izango dugu guztiok.
Arrantzaleak, andik laisterrera irten ziran kaletik. Txipiroiak artu oi zituzten sasoia zan. Illuntzero jarduten zuten lanbide ortan udaran. Eta lanbro ta guzti ere, urrundu gabe egiten dan zeregiña baita, euren oiturazko lanetara zioazten «Zarbasta» zaarra ta gaztea.
Gau-leen artako jarduna, berezia zan, ordea. Tresnak eraman arren, gau artan ez zuten jardungo ortan bakarrik, bestetako garrez; erloiuari adi-adi egon bearra izango zuten, ontzitik ontzirako arrantzu bedegarra egiteko ustetan, itsasoa bitarte zala. Eta txipiroi asko jasotzea gertatu ezkero, ainbat obe!
Agurne, bere barruan xirixiri zebilkion ar egonezin ta xume batek aizaturik, Manu egon oi zan ostaturantz joan zan; aura nun ikusiko, edota zerbait jakiteko asmo kilikagarriaz. Leentxoago aldegiña zala adierazi zioten, afari ta guzti, alegia.
—Afari ta guzti?
—Bai, ba. Ez al dakizu gaur eta biar beintzat, pasako usoen eiztariketan jardun bear dutena?
—Eta, nortzuek?
—Araibar jauna, onen adiskide bilbotar bat eta Martzel, emakumea!
—Aaaa...!
Baretu zan zertxobait Agurne-ren gogoaren larri-tanta. Eta oartu ere bai Manu biotz ximurreko gizona ez zana ere, Martzel-entzat goganbear-seta izan ordez, adiskidearen esku lasaia zualako. Alkarrekin zeuden eta! Eizan, ta bazkaltzen eta afaltzen...!
Manu, biotz onekoa zan. Agian, iñork ezi gabea, neurri ta era egokian, beintzat. Egun bi aietan ez zuan ikusi Agurne-k, eta mingotsaren zera nabari izan zuan, nai eta naiez. Manu... atsegin zitzaion; aren itza beti aditu izan zuan lotsadun, begirunetsu, samur. Zaldun asko-ibillia omen zan: baiñan ari berari egundo itz egokiezik ez zion jaso Agurne-k. Zergatik agertu ote zan Tomas egun aietan, irudia artzen zioan lerroa, dardarati ta durduziatsu biurtzeko?
Ez zekian Agurne-k. Tomas, begiko zitzaion betidanik, ezaguna ta eskola-lagun adiñez. Manu, irudi atsegin samarra aspalditxo.
Agarrebaso barrenean, bide zabala baiño urrats batzuek gorago, adar igerrak xir-xor ziarduten su ta gar. Inguruan iru eiztari zeuden, murko ta erratilluak zaitzen eta berotzen; afari-gordaillu aitorrak ziralako. Erretura arek ingurua argitzen zuan galanki, eta ontzietako jatekoak ere pilpil jartzen zituan. Txipiroi erratillukada orixe zuten lendabiziko jakia. Eta urrenik txopetekoa, au da, gisadu usaitsua. Txuleta dotoreak ere bai, erre-ala jateko. Gero, gozokiak ere bai eta udare urtsu ta maats mordo borobillak. Ardo ta edaria, eskatu-alean.
Amarrak inguru ziran.
Geroago, noizean bein, Martzel bidezabalera joaten zan. Laiñoa leen baiño zarratuago zetorren. Ekitaldi ederra egin zioten afariari eta gazte arek zigarro lodia izetu zuan. Zigarroaren pindarra, begibakar gorria, ara ta ona zebillen pizti erensugearen ikuskaillu izugarriaren antzekoa zan.
Toki jakin baterantz alkarrekin joan oi diran karabiñeru parea bidean gora zioan, izketan izketan. Sartu-berriak ziran, zaiketa-orduak betetzeko.
—Gau beltzagorik, dagoan baiño...! —ziotsan batak besteari.
—Zer bi oiek alkarri eskua eman diote: gaua illargi berri eta gero lanbro ezo zikin au. Biar oean geldituko naiz birika-aldeak ertsirik!
—Ez litzake giro txarra lotaldi mamia egiteko bigarren etxolan!
—Ori esan, ba.
—Ene, ikusten al duzu zer gorri ori? Txirrindulariren bat izango da, noski. Argi motel orrekin ikusiko du bai, arraiopola! bideko bazter-txuloren bat, auzpez erortzeko!
—Txirringutsa? Ez dirudi.
Ez, izan ere ez zan; Martzel-en zigarro lodiaren sua edo garra baizik. Andik lau urratsera alkar bat egin zuten. Eta egundoko solasean asi zan gazte aura aiekin. Afaria erdi bukatua zuten arren, azkenaldiko gozagarriak eskiñi zizkien, gauaren jenda-giro eskasa nolabait zertu gurarik. Ezetz ba, erantzun zioten, serbitzuan ari zirala eta ordu aietan ez zutela janaldirik egin bear. Piztugarria ez zala, ordea, kaltegarri, esna iraun-bear zuanarentzat; eta, erretura baranoan, tantaipean, eta bidetik urbil, laiñotzan laiñoa atera zioten goxokiai eta batez ere bostak bateratsu mama gozoari ta edari fiñai. Eguneroko aukera ezpait zan alako kopako markakoak edatea!...
Gauerdi alderantz, itzaliaz zioan Agarrebasoan egin zuten sutzarra, erretura. Karabiñeru on-uts bi aien urdailletan egundoko berotasun eta garra isiotu zuten botilla fiñ aietako edari likurtak. Martzel, Manu ta onen adiskide Panta, aiei agur-agurka urrundu ziran beribil ariñean, bigaramonerarte oe biguiñetan lo bare ta lasaia egitera zioaztela jakin-erazirik...
Errira eldu, eta Martzel bai, beingoan lotaratu zan, aldean legatz ederra zuala. Ez ordea Manu ta Panta. Auek Opel-ean joan ziran, zati batean beintzat, etorritako bidetik berriro, atzerantz. Urertzerako bide zabala utzi ta laisterrean basobide illunbezu batean barna sartu zuten beribilla. Eskopetak gorde, ateak giltzez ertsi eta oiñez joan ziran zidor berezi batez aurrera beti beerantz, aztamuka ta alkarri ukutuka. Aurretiaz, zapata lodiak erantzi zituzten eta abarketa azpi latz zakar batzuek oiñetaratu.
Gaua, illuna zan, illargi berri. Zerua estalia zegoan gaiñera; odeien oztopoaz, izarrak ez zuten jotas-eskeintzarik mundutarrentzat. Laiñoa zerbait meatzago zegoan.
Manuk orduariari beatu zion. Dirdai urdiñezko zifrak ikuzkizun zituan. Esan ere bai, Panta bere adiskideari:
—Adu onik izan baldin ba da, lau zerak emen ditugu urbil, eta onezkero «Zarbasta» biak, maindire zuri artean sartzeko gertu, etxekandreari txipiroien batzuek eman ondorean...
Zidorrean, or oztopo ta emen tostor, ba zioazten adiskide bilbotarrak.
—Bertan al gaude? —ziotsan aspertuta ta beatz muturrak minberatuta, Panta-k bere lagun biderakusleari.
—Bai. Ixi! Oraintxen dugu emen jatsialdi pike ta pendiza, garriko miña astintzeko bezelakoa. Eta gero, bereala dana eroso ta erraz.
Jatsi ziran eztarria bezelako toki medar ta kiribildu artan; urak bere narran idikia duan erorbide estu artan. Legorraren muga zan, urrena itsasoaren ezponda-aitzak ziran, urondoko arrokak. Oiñak lurrari atxikiak, eskuak inguruko belar, ira ta oteabarrai eltzeko gertu, larrari ta arriai igurtzika. Panta-k sekulako irristada egin zuan, eta atzazalen bat urratu ere bai, zerbaiteri oratu bearrez.
—Ementxen utziko al ditugu ezurrak, Manu?
—Ixi, ba, Panta. Lapak isillago dakite aitzari atxikitzen.
—Noski. Baiñan ni ez izan lapa...!
Egin zuten geiagoko okerrik gabe ibillaldi estu aura. Beste jatsialdi bat, erosoagoa eta lau-lau samarra zegoan, arbela bezala, eta urrena ondartza koxkor batzuek. Manu-ren orpoz orpo zioan Panta , eta lantzean lantzean bizkarrean ukitzen zion. Itsu-mutilla ta itsua ziruditen. Alaxen ibilli oi dira lapurrak gau beltzetan. Alaxen gudariak, gerraldia danean, burruka-su inguruko mendi maldetan gora edo beera, argi gabe, zigarrotxoena ere arreta aundiz itzalierazoaz.
An zegoan artzuloa, Pantak ez ikusten ez igarten ez zuan arren. Itsas-mingaiñak laztankiro ta gogor milizkatzen zituzten, alderatxoago zeuden aitz erpin eta luzangak. Ura gorantz zetorren, urteko ur bizienak ziran sasoian. Aizatu xamarrik zegoan orduan, gurma edo itsaslaiñoa. Bapatean ziotsan Manu-k:
—Ikusten, Panta! Emen ditugu lau paketeok. Ona!! «Drogaz» beterik daude. Diru asko balio dute. Egin dezagun bada, lendabizikoa ta azkena, arrisku aundiko zera da-ta. Etzait gogoko niri toxiko-tratu au. Obe neskatxa gazteak ezitzen, jardun ontan baiño...! Je, je, je!
Argi xume bat izetarazi zuan Manu-k, esku barru. Artzuloan zeuden lau loturak eskuetaratu zituzten, bakoitzak biña. Ez ziran txikiegiak bide makur artarako. Lo karri bakarra eten zuten. Kortxozkoak ziran. Barruan zuten izatekoa, gutapertxaz azaleztaturik.
—Orain, azkar gorantz. Zidorra galdu gabe, leengoa bera; baiñan geroago, beste bat aukeratuko dugu. Eta zu an geldituko zera, ta nik aterako dut beribilla gordelekutik. Gero ostatura, eta biar, raka! emendik urruti azterrenik gabe. Beti ez dira ibilliko latin-itsaso aldean naaspil oiek!
Gorde zuan argitxoa. Kortxozko atabaka zapal zapal aiek artu eta aurrera asi ziran, bideak gora. Berriro une biur ta medar artan zear, eta besapean bakoitzak zati zabal aiek. Izugarrizko marruz, jardun zakarrean ari zan itsasoa atergabe. Gizonak leen baiño zarrada aundiago zuten gorputzean, pisu edentsu ta legez kanpoko zerak ematen duan barneko artegatasun sor-gorrez. Eta kontrabandista-ikasle aiek, lendabiziko arrisku-ibilleran, dardare ta kilima sentitzen zuten bizi-biziro.
—Onelakorik ez dugu gure denporan amestu ere!
—Izango dugu gure aurren aurrai zer kontatu, Manu!...
Illunaldi artako itsas burrunbak taupaka jarri zituan aien biotzak azkar, eta aldapa ikusiezin arek, areago.
—Nun egongo ote dira karabiñeruak?
—Or goitian, etxola inguruan, emendik 100 metrora edo! Lo egongo al dira!
Oiñetakotzat abarketak izan arren, zipirri zaparra entzun zitezkean gazte bien urratsak, noizean bein arri koxkor lokak maldan beera birinbolaka erortzen ziran-ta. Ontan izugarrizko irristada egin zuan Manu-k txoko malkartsuan, eta gorputz osoaz jo zuan lurra. Ai! —esan zuan agiñartean, oiu latzez, min artu bai luan.
—Min artu dut, Panta.
—Nun?
—Belaunetan. Baiñan ezkerreko eskumuturrean artzen dut geiago. Arraio arraioa...! Orain ez genduan ba, orrelakorik bear! Utz itzazu loturak, Panta, eta neuri lagundu.
—Emen gaizki gaude, Manu.
—Bai, ba dakit. Nork esango zigun onelakorik...!
Panta-k lagunduta eseri zan Manu aldapa malkor artan. Belaunak igurtzi zizkion lagunak, eta osorik zeudela ziruditen. Tira!... Ibilli al izan ezkero, ez zeuden galduak; baiñan osterantzean...
Ezkerreko besoak ematen zion lorra. Geroago ta min aundiago nabaitzen zuan eskuturrean. Bizkar aldean ere bai. Ez zuten, ordea, astirik galtzeko. Miñak min, beingoan ibilli bearra zuten. Orduak euren martxa izango zuten noski, nagirik gabe. Izerdi larriak irtetzen zion Manu-ri, naaspil aren azkena urruti ta beltz ikusten zualako. Tankateko artaz, erloiua lo ta geldi zegoala oartu zuan.
—Aupa, Panta, aurrera adoretsu; —ziotsan, barruko makaleria itz suarrez txurikatu naiean—. Zuk ar itzazu iru pakete, ta nik jasoko dut laugarrena, ezkerreko beso ontan indarrik ez dut sumatzen-eta.
Nola edo ala burutu zuten zidorraren une pike ta biur aura. Manu-k poz aundia bereganatu zuan, oiñen gaiñean ibilteko gauza zala igarri zuanean, gorputzean miña ta izua somatu arren. Ez zuten lipar bat ere alperrik galduko. Ekin zioten bada, euren borondatez asitako kontrabandutzeari; irabazpen-arioko kalbario xume arritsu ari. Zerua bezin illunbezu zegoan ezponda-belartegi ta larre antzeko aura. Sasi-adar eta iratze garaien soiñak, noizean bein, trabagarri zitzazkien, eta unean unean, anima aora eltzen zitzaien, edariz ezoturiko karabiñeruen atzapar zintzoak zirala uste izaten zutelarik.
Panta usatu zan sator-ibillera artaz, eta Manu-ri, kemen-ziztakadak egiten zizkion, ebainduta zituan gorputz eta gogoan. Bide-zatia egin oudorean, Araibar-ek gero ta minberago zuan bere besoa, eta larrituta, erortzear zegoala adierazi zion Panta-ri.
—Ez larritu orain, Manu, ez orain. Gaiñerontzean, ondatuta gaude-ta...
—Ezin, baiña, geiago ibilli... Etzin nazazu, apurtxo batean, bederik. Orrelaxe. Ezurren bat autsi zaidala esango nuke. Illuntasuna datorkit, Panta; ia kordegabe nago... Eta karabiñeruak zuzpertu orduko...
Isildu zan Manu. Panta-ren kolkoan ikaragarrizko ikotikan asi zan biotz-kuskua. Lapurren ipui aiek! Gezurra zirudian, baiñan... Nork agindu ote zion, ustez zerik errazena zan ezkutuketa artan, ez atzera ez aurrera ganorarik gabe, esi-barrutian bezela, kasik atxilloturik gelditzeko? Ura zan egoera! Bide biurri aiek ez zekizkialarik, baso txikerrean naastua bezela; eta laguna, berriz, kordegabe, konorta utzia. Zer egin hear ote zuan? Kartzelako leio-burnien irudi otz ta zorrotza zetorkion gogora, ta ezur-gunetaraiño asten zitzaion, bildur-dardakada. Benetan ere, ez batere opagarri arrisku-urren zan egoera.
Zorionez aizatu zan Manu, ta batbatez, itzartu. Beingoan, ezagun ezagunean berpizi zan Araibar. Panta-ren laguntasunaz jaiki ere egin zan, eta ekin zioten berriro bidezidorrari. Gaitzaldiaren ostean, oi dan bezela maizenik, adoretu zan, eta aguro asko eldu ziran bidezabalaren ezpaiñetara.
—Emen poliki gaude, Panta —ziotsan ernagarri Manu-k—. Ni ez naiz gei, Opel-a erabiltzeko. Ar itzazu giltzok. Emendik eun metro inguru, alde artarantz eta eskubitara, aurkituko duzu basobidea, aitz arre erpin batzuek igarota laister. Zoaz eta ekar idazu popoa. Beerako argietarik bat bakarra isiotu ezazu, soil soillik, entzun? Andik onera, lau biurgune dituzu, txandaka onelatsu: ezkerretara, eskubitara, ezkerretara, eskubitara. Zu sumatzean, ni irtengo naiz bide erdira, ta linternatxo au izetuko dizut, bi ta bi, ta orrela beti.
Giltzak artu eta abiatu zan illunzulo artako sabel beltzean zear Panta, kontrabandista ustegabekoa. Ezin zitekean an argi gabe ezer ikusi, baiñan Panta-k lau aldeetan ikusten zituan, ikusteko etsai izugarriak. Bide zabalak ez zuan, egunez oi duan txuritasunik ez arre-kolorerik. Eltze zikiñaren ipurdiaren pare, geienbat ere.
Panta-k bere burua, sateliteren batetik eroria zala-edo, uste zuan berekiko. Ura zan bakartadearen erraiagabekeria! Eta bearrik!... Are xumeenik gabe eta giltz tatan batzuek sakelean, orrela zioan kristau zantzurik ez zan bide lakar beltz artan zear. Orraitio, eldu zan aitz erpin eskerga-samar aien ondora. Urrats batzuk geiago eta basobidea; eta bertan, isilleko lo asean, Opel apala. Eskuaz aztamuka idoro zuan ateko giltz-xuloa.
Idiki zuan atea ta barruan sartu. Ta balazta kendu edo biguinduaz, gozoki eraman zuan atze-atzeka basobidean beerantz. Bidezabalera eldu zanean, motelkiro, jarri zuan igikunez motorra, eta beerako argi-begiñoa izetuaz, abiatu zan poliki. Eskuetan zedukan volante gurpillari, muiñ-egin zion, barruko pozaren pozez. Geldi geldia zioan errialderantz. Lau okerguneak iragan bezin laister, itzali zuan argitxoa, lagunaren biñako disdira-keiñuak sumatzeko. Baita!... Alkarrekin zeuden berriro, ta kotxe ta guzti. Orduan biotzak, bira egin zion atsegiñaren aundiz. Lotu zan burtariña. Manu miñez zegoan, baiñan zoraturik, giro onak zeiñu garaitzaillea egin bai zien, ostera ere.
Sartu zituzten atzeko zerean lau loturak, eta Panta erabiltzaille ta Manu aren aldamenean, ariñak arin eta motorra isilkiro oso, abiatu ziran erritxorantz. Ostatuko argiak erdi itzaliak zeuden; ateko maillan aurkitu zuten nagusia. Manu-k bigaramon goizean, arazu gora aundikoa zuala ta, lo egiten araxe joango zirala adierazi zioten, eta baita egin ere. Bertatik irten ziran Bilborantz. Ez Manu-ren ezur-autsia izan ez ba litz...
Bilbo-ra baiño leen, Ibaizabal-en uraz gora, ba dira erritxo batzuek. Bizkor bai bizkor egin zituan Opel ariñak arunzko bideak. Luzea izan, alarik ere, Manurentzat une aura. Goian aipaturiko erritxoetarik batean, botika bat idikia zegoan. Bide ertzean, gaiñera. Geldiarazi zuten popoa. Besoko miñaren aringarritzat zerbait eskatuko zuten. Eta ordez, beste zer aiek utzi. Lan biok ziran egiteko. Botikarioak laister igarri zuan bigarren eginbearra, baiñan lenbizikoaz ez zuan arretarik izan txantxetan zalakoan... Baiñan, ez, bere eskuz aztatu zuan eta oartu ezur autsi-aterea zana. Kortxozko atabaka baliosak axolatsu ezkutatuta gero, botikarioak bere anai sendagilleari ots egin zion urrutizkiñez, ezurkonponketa aura berealakoan antolatzeko. Erraz ulertu zuten bakoitzaren guraria.
Klinikara bidean joango zan Manu, eta bestalde, osagillea oetik jaikita. Ikusi zion besoa ta gorputz osoko ezurrak ere igurtzi ta arakatu. Bai. Besobarreneko ezurretarik bat, grak-eginda zeukan, autsia alegia. Raioetatik ere beatu zuan ta ikertu gorputz osoa. Beste ausiurraturik ez zegoan, zorionez. Igeltsoa ezarri zion. Asti laburreko koxka zan; beingoan gogortu ta osatuko zan ezur zertua. Ukalondotik asi eta atzaparrak izan ezik, burduntzia bezin txut eta ormatuak jarri zizkion beso ta eskuturra. Miña ibitzen zioakion eta Manu-k andik ordubetera lo gozoa bereganatu zuan, iru-lau ordu leenago alako naasmendu ta izu-lauorrian ibilli arren. Belaun inguruko miña, eroraldiko tankatekoa besterik ez zan izan.
Loak artu orduko, bere etxekandreaz oroitu zan, aura ere beste klinika batean bai zegoan; arako igandeetako zorioneko bukata urduriak zirala medio. Etxekandre ta apopillo, bide berezietatik ibilliaz, —biak zuzenaren kalteko jardunean alegia— azken berdintsura jo zuten: erori ta min artu, eta osatetxera joan bearrez aurkitu.
Panta-k agur laztankorra egin zion Manu-ri, au lo jarri orduko. Aren Opel-a garagean utzi zuan. Bere «Lau-Lau» polita artu, ta etxerantz aldegin. Bigaramon goizean, lo llabur egin ostean, kuku-loa, sartu bere gurditxoan eta simpathina arturik, bezperan egon zan erritxorantz abiatu zan, gauzari kanpo eder emateko, gertaturikoa itxura apaiñez ezarteko asmoz. Berriro ere, eizan joan bear zuten, errian zabaldu bezela eta karabiñeruai adierazi zioten arauz. Iritxora eldu, eta Martzel lo zegoan bitartean, Panta, Manu-ren aginduak beteaz, «Kezulo»-neko ardandegian zegoan goizeko bederatziak aldean. An agertu ziran, txintxo, «Zarbasta» biak ere, zaarra ta gaztea, alegia. Manu-ren ez-bearraz tamal aundia agertu zuten. Gau artan, txipiroi-jana egingo zuten irurak, laugarrenaren utsa bestek bete eziñik. Manu-ren utsa argi esan.
Alakoren batean, azaldu zan Martzel plaza-ondora. Ta beribillean sarturik, eraman zuan Panta-k itxaropen eskasa zuten uso-eizaketara, Agarrebaso aldera. An bazkaldu zuten, bezperan bezela, baiñan, illuntzean, errira urreratu ziran; eta an bukatu zan aien eiztari-biltzarra, urrengo aldikada bat arte.
«Kezulo»-nean egin zuten afariaren gozoa! Panta eztitan zegoan, arrantzaleak, gizon ala emakume, maneatu oi duten janariaren zeraz. Ez zan an Frantziako koziña elerik bear!... «Zarbasta» bien auzo-lana ez omen zan oso zailla izan. Kontatu zioten bai, lasai asko ta irri eta parre ugariz, basokada ardau beltzari muiñ ederrak egin bitartean.
Gurma zarratua, itsas-laiñoa izan zuten etsairik okerrena. Ordua eldurik, legorretik milla bat inguru, esan bezela, agertu omen zitzaien arrasteko ontzia. Lanbroa gero bat batean meaztu zan eta ontziaren aldekaleko argi orlegi-gorriak eta topeko txuria, ezagungarriro nabari izan zituzten. Linterna bien keiñukadak egin ostean, alkarren barri berealakoan jakin zuten, eta agurraldiko eta erantzuneko itzak, irakurleak dakizkianak izan ziran.
Orduan, ontzitik bota zizkieten «Zarbasta» biai, lau fardotxoak, eta beingoan joan ziran bakoitza bere zerean. Bai geroago gogotsu kantatu ere mariñel gazteak itsasoaren illuntasunean, ta aren marruak lagundurik:
Udazkeneko illargi berri,
itsasura gaur dantzari:
batzuek artu, besteak utzi;
ba dugu erregai aski...
Ez ziran, ordea, erregaiak, ez; ez zegoan an tabakurik. Toxikoak ziran. Opio ta aren alaba morfina ta abar. Gai auen zaleak ugari baitira, eri egon ezarren, aien bidez ametsezko zeruan sartu nai dutenak; lillura-giroaren egarri diran jende leratsu ta kutsatuak.
Bereala utzi zioten txipiroketari, eta ontzia erriko bandan ezarri zuten. Agarrebaso alderantz begira. Ez zuten ikusi an besteak egin zuten sua, laiñoak galerazi bait zioten. Ur ertzetik urbil zeudenean, «Zarbasta» gaztea, soiñean galtza motxak bakarrik zituala, gertu zan uretara zapart egiteko. Araibar-ek, «gizon-igelen» tresnak utzi nai izan zizkion aldiz aurretik, baiñan arrantzale gazte azkar arek, uretan ibiltzeko, igari-egiteko besterik ezer ez zuala bear, siñistarazi zion. Soil soilik, oiñetan jartzen dituzten gomazko egaxka oiek erabilli zituan.
lllargiberri gau batean naikoa zan orrenbestez, an goiko bidetik iñork ez ikusi al izateko. Ta gaiñera, erabakirik zuten bezela, zaitzailleai afari ta edari ta berriketa ugari ematea lortu ezkero... Legorretik eun metro ingurura geratu zan potiña, arrantzale zaarraren arraunen pentzura. Gaztea, esandako jantzi urriz, uretara bezin laister, zaarrak eman zizkion lau loturak, eta laurak ur-axalean baiñan elkarri loturik, bular inguru atxiki zituan, eta an joan zan gazte zangarra lau zeren eramaille bakan.
Ur-zingo eskasera eltzean, zutitu zan; eta oiñez, jo zuan beti aurrera, arkaitzetaraiño; eta an, leku jakiñean zegoan artzuloaren babespe, utzi zituan lau paketeak. «Aitaren» egin, berriro uretaratu, igari egin eta aitaren potiñera eldu zan. Bereala jantzi, eta beste txipiroi batzuek artu, eta andik ordubetera edo, apurka apurka kai ingururantz zioazten, arraitxo txuri-beltz aiek batuta; portura jo, Borobiltxuneko taskan mama gozoa zarra-zarra edan, eta etxera ta lotara joateko.
Panta-k egundoko barreak egin zituan, aita-seme arrantzaleen jardun gozoa aditzean. Aien lana erreza izan omen zan. Gero, beste zeregin bakarra baiño ez zuten: eskaiñiriko sari mordoxka jasotzea, Manu osatu zediñean. Gau illun artako istorio laburra ondo gorderik izango zuten urte askotan; bai arraiopola!
Txipiroketa dirutsuagorik ez zuten egin beuren bizian. Baiñan ezta nai ere, «Zarbasta» zaarrak zionez;
—Txiroa izateko, ezpait dago kontrabandista zeretan jardun bearrik!...
Agurne-k (etxetik atera zanean, eguberdiko eguneroko belbillerako asmoz, ta Manu Bilbon ikusteko uste osoz —Panta-k goizean goizetik adierazi-ta zekialako—) kalean bertan Tomas aurkitu zuan. Onek pozez egin zion agur txeratsua, baiñan beste aldetik galdetu ere bai, ain apain jantzita zioala oartzean.
Neskatxak egia esan zion, baiñan ez osoa. Bilborako asmotan zegoala; alegia, eskubide batzuen gorabeerako baimena lortzekotan edo, araxe joan bearra zuala. Orduan, Tomas-ek eskeiñi zion kunplimentu gabe bere popoa, alkarrekin pozik eta gogara joan zitezkela-ta. Agurne-ren barrua artegatu zan, zegoan baiño areago, Tomas ikusi zuanetik. Demorriozko aurkitze aura! Eta Tomas-ek, ekin eta ekin, jo ta jo untze berbera, matraka astuna egitan ere, Agurne-ri, kotxea zala ta osterea zala.
Agian, onelako egoeretan gizonak emakumeak baiño burugogorrago dira, biotz zanbuluaren joera norantz dioa sumatzeko. Orixe ziotzan bere baitan, itzetan ebaki gabe, neskatxak Tomas-i: «Ez al duzu ulertzen, maitemindu-zale, nire barruko jita norenganantz dagoan?».
Mutillaren ekiñari, ez zion gaiñetiko gezur-mintzo ipuirik siñistarazi nai. Esatea erabaki zuan, eta esan ere egin zion, bai.
Ortan zintzoa zan Agurne. Emakumeak geroago oi diran bezelakoa, urteak gizentzen asten diranean. Enuxu-banuxu jokoari, argi ta garbi bukaera ematen diotenean. Tomas arri ta zur geratu zan. Ez zuan uste alakorik, Agurneren ibillaldi asmoaz. «Beste mutilla» ikustera zioan. Uso-eizatik itzultzean min arturik, klinikan zegoan beste mutilla ikustera... Aren maite-zistuak, urrunetik ere, dardare eragiten zion nunbait neskatilla pertxentari. Pausoa egiñik zuan, antza, orrela erbesteraiño joateko.
Larri ta goibel jarri zan Tomas-en barrua. Bere kolko-loretegian ukan uste zuan landarerik ximenena, ametsik bikaiñena, izotzak bapatean jo ta eriotzurren jarriko zala igarri zuanean.
Asparen egin zion bularrak mutillari. Ameriketatik eldu ta lendabizi burua txorabildurik jarri zion irudi maitagarria, ez zegoan arentzat. Alaz ere, berealakoan orrenbesteko dolu-miñez bizi nai ez-ta, itxedopen-arnastxoa bederik eskatu zion Agurne-ri. Onek, irriparre biguiña eskaiñi zion, esker onaren agergarri arintzat.
Tamalez eta penaz beterik estutu zion eskua Tomas-ek, maitatzen asitako neskatxa ederrari. Laburreko agurra egin nai zion, itzuli artekoa. Luzarorako agurra ezpaitzan egoki, neska ta mutil gazte bi, iñoiz baiño sarriago, alkarri begira isillik eta eztitan egonik geroz.
Azkar joan zan neskatxa autobusera. Ori gorabeera, ba zuan bere kezka Manu-zaz. Artaz entzundakoa, auntzaren gaberdiko eztula ez zalako.
Bazkal-osteko ordu paketsuan, Klinikan, agerraldia izan zuan Manu-k. Bere apoderadu Serafin eta emaztegeia, Matilde, antxen agertu zitzazkion.
Laneko atzera-aurrerak argitu ondorean, gaiñean zuten ezkontza-elea azaldu zion Serafin-ek bere ugazabari. Aita-amabitxien korapilloa zutik zegoan, erabaki gabe, gordin. Araibar jauna izango zan bata, eta... bestea? Matilde-k ez zuan seniderik urrutietan baizik, eta orregatik alde batekoak izanik ere, ez zegoan axolik, ez asarrebiderik. Ez zegoan an, olakoetan aaideen aldetik oi diran seta ta targokeririk.
Jardun betean ari zirala, norbaitek ots egin zuan atean. Matilde joan zan aterantz. Idiki, eta aurrez aurre neskatxa gazte erakusgarria topatu zuan; kolorez ta osasunez egokia zirudian.
—Ene, barkatu, —esan zuan elduberriak— ez al da ementxe Araibar jauna?
Onek, Matilde-k ezer erantzuteko astirik gabe, aots samur aura laister bai laister ezagutu zuan eta, zetzan oetik oiu egin zion:
—Bai, bat. Aurrera, Agurne!
Ingurukoak, arrituta eta garbi ezer jakin gabe, isilik lotu ziran, zer ikusiko ta zer entzungo. Agurne-k zirtizarta, aurrerantz egin zituan bere pausuak, zalantzarik gabe, sendoro antzean.
—Arratsaldeon guztioi!
—Agurne: zer esan bear diet nik auei zuri buruz? Nire apoderatu Gezala duzu zaldun au, ta ori bere emaztegei Matilde. Urrengo illean izango dute, J. L., euren ezkontza. Nik neuk, nai nuke, minki nai ere, joan oien eztegura. Zuk, nai izango al duzu, Agurne, nirekin batean joan?
—Nik ere bai. Ezkonberrien inguru emandako eguna, beti izan oi da, geroetan ere, gogoangarri.
—Beraz... —jarraitu zuan Manu-k—, auek amabitxi baten bearrizanean daude ta, ni aitabitxi izanik, zeu izango... amabitxi?
—Ba... bai.
—Eskerrik asko, Agurne. Zure erabaki biotz-zabal orregatik, nire esker ona izango duzu betiko.
Orduan, Serafin-ek eta Matilde-k, une xamur artan oztopo egiten zutela oarturik, bertatik aldegiteko zera egin zuten. Baiñan ez zuten beingoan ori iritxi, lau lagunak, gizonezkoak batetik eta emakumeak bestetik, elkarrekin jardun labur egin gabe.
Gaiñera, Matilde ere, Agurne bezela, euskalduna zan. Gurasoengandik ikasi zuten bi biak asabengandiko izkera zaar, eder ta maitagarria. Eta edonork daki euskaldunak alkar-soiñuko txori dirala somatzen dutenaz batera, izaten duten barru-isuri ta zabaltasuna, sentipen arrunta, erdikitza, batasun-arnasa ta alkar-poza. Ta euskal-alaba biak alakoxe berriketa bero ta eztitsua asi zuten alkarren artean, ordurarte ezagunak izan ezarren.
Ziñez ere, euskal-semeen artean, egungo egunean guztiak izkuntza berberaz ez mintzatzetik, egundoko leze sakon ta galgarria eratu zaio euskaldunen erriari. Ta euskaldungoak, jakiña ba, jasan bear izan du bere bular-bizkarretan, ondamendiaren zauri odolusgarria. Euskera izan dan lokarria ta euskarria urratu ta deus eztutzean, barneko giroak betiere bi izango dira, edo iru.
Jatorrizko mintzaira galurren dan belaunaldikoen barru-giroa, naasmendu-kabia izan oi dalako. Artegatasuna, goragalea ta larria ditu ezaugarri.
* * *
Klinikan, gauza bear bezela erabaki baiño leen, Serafin eta laister aren emazte izango zanarekin topo-egitea eta esandakoa era artan esatea, ez zitzaion osoro gogoko izan Agurne-ri. Alabaiña, nonbaiten sartzen edo jartzen geranean, olaxen jazo oi da: ez da geldi-aldirik izaten. Are gutxiago, atzerakadarik. Aurrera ekin bear izaten da, alak eta lerrak egin, burrukatu, eta garaitu edota garaitua izan, menperatua ta ondatua.
Bapatean, zimiko biurri batek zulatzen zion barrua Agurne-ri. Manu-ren elizarako joerarik eza. Leendik ere entzunik zeukan ori. Baiñan apaiz arekin ondartzan izan zuan izketaldi luzeaz konturaturik, eta solas aren mamiak zuan garrantzia gogoan arturik, Agurne-ren ametsak borobiltzen asiak izan ziran.
Egunak joan, egunak etorri, an or emen galdekizunak egiten zituan neskatxak, Araibar-en jokaerari buruz: gizon zintzo biurtutzear zegoanentz, ala leen bezin gonadun ugarizale jarraitzen zuan, eta, noski, bizimodu askatuegian. Eta egia esan, mutilla, zer ortan, asko artezturik eta gizondurik omen zebillen. Goizeko lauretan nexka frantses lirain aiekin musuketan berberak ikusi zuanaz aparte...
Orregatik, Gezala ta aren saieski-gela aienatzean, eta bakarrik gelditu Manu-rekin, berebiziko eretia zuala antzeman zion, Agurne-k, puntu ortaz jarduteko. Eta argi ta garbi itz egin zion zalduntxoari. Ezkontzeko itza eskeiñi zion ezkero, ezkontza ori ta ezkon-bizitza ere batipat, berak nai zuan bezela, kristau-arabera bearko ziran izan. Eta elizatik aparte zebillen gizonak, zer asmo ote zuan gerorako?
Agurne-ren azalpen-eskaria borobilla zan, zeatza, bipilla. Ez zuan nai sasi-ezkontzarik. Ez zuan opa, siñismen bageko bizitzarik, senar-emazte berri izango ziranentzat, beraientzat.
Neskatxa, bide zuzenez zioan, ustez eta agiriko zanez. Eta Araibar? Zein izan zan onen siñismen-bizitza? Utsa? Utzia? Etsaigoko jarduna?
Maitetasuna egiazkoa ba zan, arek aitortu zion bezela, leenagoko txorakeriak eta maitakeriak bein betiko utzi eta gaiztetsiaz, bide zindo ta onoimentsuan zear abiatu bearra zuan Manu-k. Ez zegoan norarik. Agurne-k ez zuan, guztia-bearreko ezkontza-iradurik. Beste aldekoak zedukan, beraz, bere asmo ta gurariak zeeki ta larrugorri agertu bearra.
—Agurne —jaiki zion ipi-apan Manu-k—. Zureganako maite-lera xamurra sentitzen asi nintzala aitortu nizunean, ez nizun gerurrik esan. Ondorengo asteetan, lendabiziko nire aizekai edo begitandua noski zitekeana, mardultzen, gizentzen eta kozkontzen ikusi dut, nire erraietako poz aundiaz. Eskabidea egin nizun, eta egun batzuetan —leen luze ta mingots zitzazkidanak, orain lahur eta bigun iruditzen zaizkit— itxedon eta itxedon nai ta ez egon naiz: ta ikusi dut, eta egia dala siñisten dut, zure erantzupen zintzoa. Bai, Agur; emakume asko ezagutu izan ditut, agian geiegi zarigaitzez. Zertarako oroitu!... Baiña, auxe bai aldakuntza: zuri, oraindaiño, musutxo bat ere ez dizut eskatu. Nai nuke nire bizitza arteztu, eta osoro beranduegi danik, ez dut uste. Nire okerrak, alegiñean, zuzendu nai nituke, guztiak egitea eziña izango dan arren... Orra ba, nire asmoak. Zuk nai ba duzu, zure erriko elizan ezkonduko gera; osterontzean, emen Begoiñako Amaren oiñetan. Biar edo etzi, klinika ontatik irtetzean, lendabizi, eliza maitagarri ortara joango naiz, eta nire zerok zertzen asiko naiz, ziñez.
Ortan amaitu zan Manu-ren itzaldia.
Buruena, mardulena ulertu zion Agurne-k eta atsegiñezko zarrada nabaritu zuan barru-barruan. Antxen, ipurtargia bezela distira xee ta ñoz zedukan argibizarra, geroago ta pindartsuago ta txuriago ta ikusgarriago itzuli zitzaion.
Ez zuan, ordea, neskatxak, aski ezaguerarik, arek esan zizkion itz guztien esan-nai betea bereganatzeko.
Geroago, agian, izango zuan ereti beregarra, adierazpen zeatz-meatza errotik ezagutzeko. Baiñan, utz dezagun geroa, Jaunaren eskuetan...
|
|