VI
Ba du bai luzera ederrean txoko polit eta paketsurik Mazarredo kale bakanak. Batez ere illunabar eta jarrai dioazkon orduetan. Pakezale diranak antxen zear oi dute beuren gogarako ibillera eta orobat egotaldi ere. Gazte maitemindurik asko joaten baita arri aietan aurrera, eta gora eta beera. Amaika ametsen kabi epel, eserleku aiek!
Negu leeneko arrats batean, an egin zuten egotalditxoa Loli-k eta Manu-k ere. Artean, auen alkar-joerak mardul iraun-gogo zuan.
Lendabiziko otzaren oxkirriak uzkurtuxe, neguko jantzi lodikoteai deia egiñik ziran bilbotarrak. Batez ere emakumeak. Gizonezkoak, gabardiña zer bat izan ezkero, jo ta aurrera. Eldu zan bada, sorbaldak eta paparra eta bizkar-aldea ere estaldu bearra. Pixu nekagarria egun luzeak eltzean; astuntasun maitagarria berriro aitona Negu makurra kalean eta mendian eta ibai-ertzean somatzean. Eta batean eta bestean, andrazkoen soiñekoak izaten du aldaketarik lurraren axalak aiña. Urak gora, urak beera; batean jasoago, bestean apalago. Eztu paralelo orrek beti marra zeatz, ziur eta tinketza izaten. Orobat andreen soiñekoak ere. Iñoiz, belarrondotik belaun ganeraiño; iñoiz, bular-ingurutik aztal erdiraiño. Iñoiz, eskuturreraiñoko besoak; iñoiz soiñekoak batere besorik gabe; iñoiz, guante luzeak atzaparretatik asi eta besaperaiño eta gero, ezer gutxi gaiñerakoan.
Loli, txukun jantzia zegoan, aundizkeri gabe. Bere diruz egiten al zituan soiñekoak, ala Araibar-en ezkurrak ontzen al zuan aren ziskua? Kobalto koloreko gaiñekoa zuan; eta urdintasun arek ederki egiten omen zion, musuko kolorea zertuaz.
—Beiñere ez naiz alderdi ontan egon, Manu.
—Ni bai sarri egon naiz, ordea. Batez ere emendixek urbil bizi izan nintzanean.
—Orain nun bizi zera? Ain zuzen gaur da eguna orixe jakiteko betarik izan ez dudana.
Eta Manu-k isilari eutsi, ori aditu arren.
—Emendik urre bizi nintzanean... Txikia nintzan ni orduan, gaztetxoa.
—Oraindio ere ez zera zaarra.
—Ez, siñisten dizut, neuk ere orixe uste baitut. Bestela galduta nengoke.
—Galduta, zergatik?
—Oraindio bizitza ontan asegarri asko, atsegin ugari gozartu nai nukealako.
—Ez al duzu asiera izan nirekin ere?
—Asiera bai, baiñan, badakizu gizon baten zera asetzeko emakume bat naikoa eztana. Atsegiña! Orretxegatik eldu nintzan zuregana, eta zuk, nik nai aiñean eman ez didazuna.
—Ez dizut ulertzen. Ez al dizut nire maitetasuna eta neskatasuna zuri eman?
—Eta zer da ortan arrigarririk? Jakin bear zenduke ortarako ditugula munduan neskatxak.
—Bere denpora danean, agian...
—Beti da denpora, gazte geran bitartean. Berriketa utsaz, gizonak aspertu egiten dira. Berriketa ezta gorua!...
—Aspertu egiten al zera nirekin?
—Ez dizut orrelakorik aipatu. Gaur ez nuan beste iñoiz bezin gogo berorik, eta, utz dezagun solas ori.
Isilaldiñoa izan zan kale paketsu eta bakarti artan.
—Ikusten al duzu orain orko etxe berri aundi ori, artean amaitugabe dagoana? Ortxen, leenago, jardin polita zegoan, eta barruan txalet txanbeliña. Bazter batean beste etxe tipiagoa zegoan.
—Orrelakoxea gustatzen zait niri gu biok bizitzeko —esan zion lilluraz Loli atzipetuak.
Manu-k xistu egin zuan agiñartean, au esan nairik bezela: «ortarakoxe zegok egon, Manu-ren larrua, irekin ezkontzeko; zuntzuna ez bestena».
Ez zuan jaso neskatxak xistuketa destaiñazkoaren esanai ta iragarpena.
—Etxe txiki ortan —jarraitu zuan mutillak— bizi izan nintzan ni. Emengo aldean zegoan jardiñerako ate zabala eta beste txikerrago bat. Eta beste aldean beste ateño bat, jardiñerako eta gure etxetxorako. Aitarik, enuan ezagutu, eta ama doi doi. Zazpi urte nituala il baitzan; alborengo batek garbitu zuan. Alaz ere ni bizi nintzan ango andreak, gure ama penaz, bai, il zala esaten zuan.
—Gaztetxotik zera, beraz, umezurtza zu!
—Bai.
—Eta, zuen ama etxeño artan bizi izan zala esan al duzu?
—Ez. Aura or bizi, ez. Aura il zanean, ni ekarri ninduten orraxe. Or, senar-emazteak bizi ziran, eta aiek seme-alaba gabeak ziran. Orko ortulau bezela zan, eta iñoiz neskameak eta, txaletean bakarrik bildurrik izan ez zezaten, senar-emazte biak zituzten zaitzaille ta lagun bezela.
—Orregatik zera zu ernaia ta pizkorra gai askotan.
—Eskerrik asko. Emakumeak bear bezela ezitzen ez dut ikasi ordea oraindio. Ez duzute zuek gure guraria eta jitea ezagutzen maiz.
—Gaur nire kontra al zagoz?
—Bai, egon bearko. Eskatzen dizudana orrenbestean zuk uka ezkero, ezin gure artean batasun mamitsurik egon.
—Manu! Zuri ta beste iñori ez diot ba nik askatasunik eman. Batzuetan bildurrak artzen nau, eta urrutiegi joan gerala uste izaten dut. Manu, ez nuan ongi egin illuntze artan denpora baiño leen zuri utziaz...
—Loli! Asarretu egingo al zera orain? Norentzat dituzu begitxo oiek, norentzat? Eta masail politok eta aotxo eze ori, norentzat? Eta beste loretxo geiago ere...?
—Zuretzat, noski, zu lapur biurturik, nire zeron ebasle izan baitzera!
—Musutxu bat, Loli.
Batera eta bestera zioazten bidaztiak, bakartiak, biñakoak, saldozkoak, etzioten geienbat jaramonik egiten an eserlekuetan gauero maitaketan aritzen ziran bikote pinpirrinduai. Izadiaren legeak berez oi dute indar sarkorra eta zabalkorra.
—Ez duzu ezeren bildur izan bear, Loli! Esango dizut egunen batean. Ni ez naiz, nornai bezelakoa gauz oietan. Ez duzu zertan izurik izan laztantxo!
Neguko gauak oi duten izerdi jarioa, intz otz eta ezoa izan oi da; eta aren igesi, jaiki ziran eserlekutik, eta bar dotore batera eraman zuan Loli bere xalantak.
Bar artan sartzeko unean bertan, andik neskatxa eder batek kanporako bidea artu zuan. Manu-k nai bai ta nai ez, aren begietara so egin zuan, eta ezin ba esan zer ikusi uste zuan. Baiñan, bapatean, zalantzaz josia geratu zan Manu, eta ez barrura bai barrura, azkenean ere kanporantz egin zuan, atera zan neskatxari oles egin bearrez.
Artean neskatxa eder aura, lurrak edo irentsi zuan, an iñun ezpaitzan agiri, Manuren damu aundiz. Loli konturatu zan egitada ortaz, eta Manu-ri besotik eta solapetatik ere eldu nai izan zion. Belarrondokoa jaso zuan, ostera, Loli izutu-berriak. Eta Manu, ari izan zan ara ona beatu ta beatu. Alperrik ordea.
Bizkitartean, Loli, miñez eta amurruz beterik, negar batean asi zan bar apain artan barruan. Ez zuan erraz igarten ordu erdian gauzak egin zuan aldaketa. Teatru bateko bigarren ekitaldia zirudian, kaleko egoerak eta bar argitsu artako jokaerak. Maite-musu beroa eskaiñi zion mutillak, andik ordu erdigarrenean, beste irudi eme bat ikusi zuaneko, saltoka ta goragoraka jardun baitzuan, izurda bokarta sail gizenaren inguru bezela. «Zer ote zedukan emakume arek, berak ez zedukanik?», —galdetzen zion bere buruari Loli atsekabetuak.
An zeuden bezeruak, batzuek berriketan asi ziran, ikusitakoaz, jakiña. Beste batzuek, irakurtzen edo edaten jarraitu zuten.
Manu-k norbait ikusi uste zuan. «Kolombine» alegia.
—Bai, bera izan da —ziotsan bere buruari—. Ene andre eder orrek esku-artetik iges egingo al dit bigarrerez ere? Lendabiziko aldian baiñon zertuago nauka bere misterioz eta zador-itxuraz. Nora sartu ote da? Atadiren batean? Kotxeren bat izango zuan, agian, maitariren batekin. Sorgindutako andre begi berdea!...
Itzaldi orrek ez zion, ordea, batere onurarik ez emaitzik sortu.
Arako emakume ura ez zan iñondik iñora agiri. Kale erdian, ez kale ertzean, ez zegoan iñor. Ez zegoan bada; begitandua ote? ardorik ezpait zuan egun artan edan, ez beste edaririk, bazkal-ostetik kanpo.
Etsita, leengo bideratzea erabaki zuan. «Obe da ezagutua eta eskuarki duguna, alegia, ederra eta urruti duguna baiño» —zion, nonbait, berekiko.
An, eserita maitxo baten gaiñean besoak zabal, makur eta negarrez zegoan Loli. Teatru artako ikusle ez zan, soillik; egille ere, jardulea ere bera baitzan doakabeki.
Gazte bat, mutil jator bat urreratu zan Loli-rengana.
—Zer gertatu zaizu, neska? —galdetu zion adiguritsu—. Bakarrik utzi al zaitu bezeru batek? Orain, libre baldin ba zaude, besteren bat izango duzu aldameneko ta lagun. Nai al duzu, ederra, gaur nirekin adiskide ta maikide izan?
Azken itz oiek entzuteko une-unean eldu zan Manu barrura, neskaren ondora.
—Zuri nork eskatu dizu ezer? —bota zion ausarki itza arpegira Manu-k gazte ari—. Zoaz emendik urrun, zeure bidean, gaiñerontzean gozo-gozo bat emango dizut «lau» esan baiño leen.
—Gozo bat nori? Besteok besamotxak gerala uste izanik bizi al zera?
—Naikoa da arrokeririk!
—Arrokeria, e? Zurea izan da ori, eta iraiña ere bai. Emen ez dugu papaukeririk bear eta... Eutsok!
Eta ori esanaz, egundoko muturretakoa irabazi zuan Manu-ren «kodastak». Zan giñoan lurrera erori arteraiñokoa.
Iskanbilla sortu zan inguruan. Loli-k karraixi egin zuan, eta barmana an zebillen, bakeak nola egin asmatu eziñik. Andik eta emendik bildu ziran baranoan bezeru guztiak, eta gizonok banandu guraz ekin ere bai. Manu, lurretik jaso zuten, eta koipe gorriak, aspaldi ezta, ikusteko aukera bitxia izan zuan. Bestea, zartatzaillea, an zeukaten atxikia, lau lagunen artean. Ontan, Manu-ren ezagun bat izan zan, gauzak beuren lekura eraman nairik asi zana; pake egoerara, alegia.
—Manu, Manu! —esan zion adiskide ark—. Baiña zertan sartzen zera zu naaste auetan?
—Nor da ori? Apurtu egin bear dut, birrindu!
—Geldi, lagun zarra, geldi. Aski duzu oraingoz zure odol-kolpe orrekin-eta. Zorioneko gonak orain ere, Manu? Noiz arte, baiña, noiz arte? Ba al dakizu nor dan ori? Borrokariak saioketan jartzen dituana duzu-ta? Pakea, obe. Zoazte emendik; tira, nik lagun egingo dizut, eta ari zerbait zuriketa esan bearko diot.
Loli, anartean, txuri txuri eginda zegoan, ez negar ez itz. Bere erriko mutil esgot eta traketsak bezela alkarrekin ikusi zituan, muturketan eta gogor gaiñera, iri aundiko zalduntxoak!
—Zuk duzu erru guztia, Loli! —jaiki zion zorrotz eta beazunez, Manu-k.
Orduan, katuak bezela zapart egin eta, an joan zan kalera Loli, bere senetik irtenda. Aguro joan ere aren jarraian, Manu; eta eskuturretik oratu zion gogor baiño gogorrago.
—Nora zoaz niregandik igesi?
—Ez dakit! Edonora! Ezin dut jasan geiagorik!...
—Edonora? Ez, etxera, eta oraintxen bertan, edota... neuk nai dudanean.
—Oraintxe berton; bai.
—Gezurra aterako zaizu itz ori.
—Oiu egingo dut.
—Ito egingo zaitut, ito, ulertzen?
—Ba, gaiztoa izango zera, erale bat, gaizkin zakar bat!
Orduan, beragana teink-egin zion mutillak eta besapean sartu neskatxaren burua. Biguin antzez, esan zion Manu-k:
—Ez dakit zer gertatu zaidan, Loli. Emakume ori ikusi nuan bein, nirekin dantzan egin zuan, eta gero, bapatean aldendu zan. Iñauteriak ziran, eta berak, antifaz txuria zeukan. Eta erdian, zuloetan begi berde batzuek, gaur ikusi ditudanak. Geroago, karta bat egin zidan; ederra nintzala esaten zidan, baiña ni enintzala gai aren gorputzari atsegiña emateko. Irain orrek min eman zidan, eta...
—Alare, gaur, aren atzetik joan nai izan duzu, ni utzita...
—Zu utziaz, ez. Nora ote zioan jakin nai nuan. Kezka bat sartu zidan barnean eta batzuetan, gabetan bakarrik nagoenean, oian izaten ditut gogoeta beltzak, zazkarrak, latzak.
—Ni, orain, sobre banengo, esaidazu lenbailen!
—Ez, Loli. Joan zait aldi txar ori. Nik uste dut... sorgiña dala edo. Begi berde aiek! Ez al dakizu iñoiz sorgiñak andre zaar eta urrengoan andre eder eta urrengoan katu ere biurtzen diranik? Beiñola, katu bati arrikada itzala eman zioten, eta urrengo egunean sorgiña esaten zioten atso bat, erren eta erren zebillen oiñeko miña zuala ta...
—Eta nire begiak ez al dizute ezer esaten oraindik? Gizon aldakorrak!
—Entzun, txiki, ezta berdin. Arekin ez dut besterik egin, bein itz baizik. Zurekin, itz eta geiago. Ura baiño geiago zera gaur zu niretzat, Loli. Ura, utsa da, lillura. Zu, aragia zera.
—Aragia bakarrik, Manu? Eta besterik ezer ez al dut?
* * *
Urtearen azkeneko astea eldu zanean, bere erritxora joan zan Loli, kanpoko edertasun eta bikaintasunik ikusi ostean; eta auek eman oi duten atsegin, gogobetetze eta buru-azkartasuna somatu ondorean, berriro eldu zan bere sorleku apalera, Bilbon lendabiziko egadak egindako txori leen bakun eta gurbilla. Ez zan itzuli bere kabi aldera, andik atera zan bestean, oso eta ukigabe; ez. Egada nabar eta nabarmenak egiña zan ordurako, iri aundian aurkitu zuan gabirai aura zala-ta.
«Sibilia, Granada,
Madril, Toledo...
Kanpoak ikusi ta
etxera gero»...
Erriko jende apal eta jatorrak ez zion ezer somatu ere egin, iri aundian urte bete inguru bizi izan zan neskatxa ari. Apaiñago zegoala, jantziago, dotoreago, besterik ez.
Neskatxak, beuren eta aren aldea, aundia eta nabarigarri zala esaten zuten. Andereño biurturik itzuli zala errixkara; señorita egiñik, alegia. Aren idurira egingo zituzten soiñekoak, aurrerantzean. Obeki esan, ark berak egingo zizkien modako jaztura panpoxak; gerria gorago, gerria beerago; batean luze, bestean motxago. Ez zuten izango erbestera joan bearrik. Errirako mesedea zan. Neskatxentzat gogo betetzea.
Mutillak, ordea, beste iritzi bateko ziran, batez ere, soldaduzka egiñik etxera biurtutakoak. Eta oien artean, lege ori Bilbon bete bear izan zuten batzuk. Oietarikoak, bein baiño sarriago ikusi izan zuten Loli gazte txairo baten besondotik; beste batzuetan, belbillean sartuta; orduan ere gazte bera izaten zuan lagun. Iñoiz, bakarrik ere bai; baiñan orduan erriko mutil ezagunai Loli-k jaramon askorik ez, kasu gutxi eta aurrera. Beste neska batzuekin aurkitzen zutenean, orduan bai izan oi zan Loli atsegiñago, xaloago ta amultsuago bere erriko eta auzoko mutil soldaduekin. Baiñan, osterantzean...
Eta orain, Loli arroxko ura errian zegoan. Zer egin bear zuten? Nork egingo zion itz lendabizi? Jai eguneko dantzaldian, nork aterako ote zuan dantzaketara, bestek orduko? Eta zeiñek lagun egingo ote zion gabaz neskatxari, etxera joan zediñean, musika ostean?
Ordurik atsegiñena izaten baita, mutil gazteentzat, gabeko illuntasunpean neska-laguntzen egitea.
Joango ote zan dantzaketara? Egingo ote zuan bere erritarrekin, leen bezela balseo saiorik? Edota, Bilboko zalduntxoari gordeko ote zion bere bakartadeko aldia, bestez laketik izan gabe, dantzaketan aritu gabe?
|