|
X
Lanean asi baiño leen, Serafin, goizeko nagiak eta geldi-egoatearen zerak astindu orduko zearo, egunerokoa irakurtzen asi zan. Gaiñeko albista borobil eta karraixigilleak irakurri ondorean, barruko orrialdeetarantz zuzendu zuan bere ikusmiña eta jakinmiña.
Berealakoan zerbaitengan kokatu zan aren arreta, eta berriro irakurtzen ekin zion, ikusten zuana obeto aditzeko bezela, begiak lazkiro igortziaz.
Auxe zan berri ura.
«Gau erdi inguruan edo, Portugaleteko trenak azpian artu zuan neskatilla bat, Mazarredotik moillara bideko zearkuntzan. Alik laisterren geldiarazi zuten trena, laburra baitzan, eta berealakoan zauritua jaso eta Basurtoko Eritegira eraman zuten bertatik. Andik ordu batzuetara il zan, iztar biak ebakita. Loli Mena zeritzan eta 21 urtekoa zan. Uste danez, berberak jarri zuan bere burua trenbidean, eriotz-eske. Epaitegikoak asi dute beuren arloa, gertaturikoa argituarazteko».
Besoak beerantz egin zioten Serafin-i, eta zeatz abaildurik, nola-ala eseri zan bere aulki zabalean.
Andik laisterrera, norbaitek oles-egin zuan ofizinako atean. Apaiz bat zan, eta Araibar zaldunaren galdea egin zuan. Serafin-ek lendabizikoan, berari laguntzeko ere egoki zetorrela uste izan zuan apaiz ura, ain zan aundia barruan sentitzen zuan larritasuna.
Serafin-en belarrietan durundi baten oiartzuna besterik ez zebillen.
—Zortzi eguneko epea ematen diot Araibar-i, pakea egiteko, adiskidetutzeko.
Oiartzunak orixe zion Serafin-en entzumenean. Bai, Loliren itzak, «Arizona»-ko azken-egiune antzukor artan.
—Eman du bai erantzuna, Jainko laztana! —agertu zion bere buruari Manu-ren arduradun nagusiak.
Apaiza, an zegoan geldi eta zutik, Gezala jaunaren erdi-toteltasuna oartuaz. Bere baitan somatu zuan Serafin-ek elizgizonaren agerraldi aura. Ez zuan, anartean apaizekin batere artuemanik, aspaldi ere, Araibar zaldunak. Agian, larregi da azalpen au, aren bizitzak zerbait iragarten baitzuan; alaz ere bestetariko arraiak ere ba dira-ta, bego oar ori.
—Laister eldu bide da, onezkero, gure nagusi jauna.
—Iraduz nago eta, ola ba-litz...
Apaiza gaztea zan, ogetazortzi urte inguru izango zituan. Ez zan luzea, bai ordea trinkoa. Arpegia beltzeran, begiak pizkor antxa, izkera nare ta ozena zuan.
Agertu zan Manu geroxeago. Arritu ere bai, bere landolan janzkera artakoa ikusiaz. Beingoan jakiñerazi zion Gezala-k noren galde joana zan.
—Ona emen Araibar jauna.
—Kaixo, nola zabiltz orain? —lasa lasa apaiz xaloak.
—Ongi, eta... berori?
—Ni ere bai, ustez beintzat. Zera, argi esan dezagun: zurekin bakarrean itz egin bearra dut, Araibar zalduna.
Onek, aitaren egin orduko, auxe pentsatu zuan berekiko: «Apaiza, eta iñoren etxera? Diru billa, noski». Uste ustela, ain zuzen.
—Zeren billa zatoz, bada, elizgizon ori?
—Labur azaltzeko auxe: lotsa billa nentorren, zigor-billa ere norbait ibilli zitekean, baiña.
—Lotsa?... Galdu egin ote da ba?
—Bai, gizon, ikusten duguna eta are entzuten duguna gezurra ez baldin ba da.
—Zuk esango duzu, ba.
—Ikusi al duzu egunkaria gaur?
—Oraindiño ez. Zer dakar ba, teatruko iragarki nabarmentxoren bat?
—Ez dakit ortaz ezer. Eriotza baten berri ematen du; ona emen, baiña laburrago esango dizut. Loli Mena il da; trenak azpian artuta il ere. Berak il du bere burua.
—Kontxo! Noiz eta nola?
—Bart, Portugaleteko trenak azpian artu zuan; bera jarri zalako, noski. Trena eltzeko zegoalarik, batbatean damutu zitzaion eta jaso eta trenbidetik ateratzeko alegiñak egin bide zituan. Beranduegi ordea; iztar biak ebakita an gel-ditu zan. Gel-arazi zuten noizbait orgategi aura, eta neska, bizirik eraman zuten Basurto-ra. An, aitortu eta nirekin izketalditxoa egin ondorean il zan, gaixoa, odol usturik. Osagilleen zazpi alegiñak ez ziran aski izan. Pixkanaka pixkanaka zurbil eta jausia, apaldu eta aitu zan aren bizitza aragizkoa. Azken orduko itz aietan zuregatiko zer batzuek adierazi zizkidan. Orregatik eldu naiz zuregana, aren borondatea egiteko.
—Niretzat amorruz izango zan, noski, neskatxa aura.
—Ez uste. Jaunaren izenean eta aren otsein apalena ta duiñezena bezala barkamena eman nionean, arek ere, neskatxa zoratu arek ere, barkamenezko itzak baizik etzituan nornairentzat. Zuretzat bereziki. Parkatu egiten zizula zure doillorkeria. Loli ezurberri zegoan eta lotsakizun ori eraman eziñik, orregatik beraganatu zuan, erabaki zentzugabeko eta doakabe aura.
Gizon biak isilik gelditu ziran, eta isillune ori Manu-rentzat urrakorra zan. Naiago zukean apaizaren itz gogorrak ere entzun, isilik egon baiño.
—Ni jarri al nau errudun bakartzat? —galdetu zion Manu-k paketu guraz.
—Ez. Alarik ere, lendabiziko makurkeria zuregandik asi zala agertu zidan, autorkuntzatik aparte. Lendabiziko urratsak oker eta biurriki egin ondorean, neskatxa gajo arek nola ez zekiala, azken-aldian ama izateko bidean jarri zala oartu zuan, goizetik gabera. Ez zuan orren azalpenik iritxi, eta orrelan bere burua gero ta beroago, amai zorigaitzekora urbildu zan. Siñismen otza izatetik datorzkigun kalte ezin-esan alakoak ditugu, Araibar jauna! Gure inguru, orixe zabaltzen asi zaigu: axolagabekeria, oztasuna, guztiak katoliku izan naia eta bakoitzaren seta azke izan bearra. Eta ori, eziña da. Baiñan, gauza bat esan bear dizut azkentzat, eta Loli zanak esan zidan ederrena, agian: bere bizitza, gazterik alegia, 21 urte mami baizik ezpait zituan, zure bizitza obetutzearren eskeintzen zuala, zure ibillera makurrak zuzendu zitezen uzten ziola zeruko Aita errukiorrari.
Alaxen amaitu zan, ba, Loli-ren estura, txoraketa, ta erabaki oker eta lazgarria.
—Zer egin nezake nik aren alde? —ziotsan xamur xamur Manu-k elizgizon zintzo ari. Dirua ere eman nai izan nion, azken-erru larria nirea ez zala argi ta garbi siñistarazita gero. Ez zuan artu gura izan.
—Orra nola jakin zenezaketen negozio-gizonok, guztia ez dala diruz neurtzen. Andiak dira onen indarrak; ez dira sarri askotan bear aiñakoak, edota nai aiñakoak. Aren alde zer egin orain? Bai!... egintza onak eta opariak eskeiñi zenitzake. Baiñan batipat, eta aren esana egia dala uste izanik, zure alde egin dezakezu, zure anima zulatuaren alde.
—Eta auzitegian ezer izango al da?
—Bai edo. Medikuak parte eman zuan eta gero ere autopsia egin izango diote. Ez dakit, ordea, alde ontako gorabeerarik. Alaz ere, eriotzako erabakia berak bere kabuz artu eta bete zuala agertu zion medikuari ere.
—Zer egin bear dut nik ba, labur esan?
—Aren esan ona aintzat artu: zure bizitza, baldin oker xamar ba darabiltzu, arteztu ta zuzendu bertatik. Oitura txarrak utzi; lagun gaiztoak bertan beera laga, elizara urbildu.
—Ezagutzen ditut nik, egunero ere elizazulo diranak eta...
—Eta aien bizitzak guztia-bearrekoak dirala, alegia? Baliteke. Alaz ere, apaldu egiten dira maiz, aitortutzeko, belaunbiko jartzeko. Ba dira aberatsen artean ere, garatz onak eta garatz txarrak dituztenak; auengandik aldegitearren ez ditu iñortxok ere, garatz guztiak or konpon uzten, ez. Garatz txarra egin ostean, garatz ona ugariagotzen alegindu oi dira. Janaria ona da beti, iñoiz guri kalte egin arren. Gugan dago, ba, okerra, eria eta makalaldia.
—Azturik ditut nik esan oiek.
—Beiñere ez da berandu zer oiek ikasteko eta birtuteak irabazteko. Tira, ba, Araibar jauna, ez dut zertan geiago zuri lan-ordurik debekatu. Loli zanak eman dizu lezio odoltsua. Zuk duzu orain eretia joko garbiz jarduteko. Agur, ba, eta txarto esanak barkatu.
—Agur, jauna.
|
|