IV
Iñauteriak egundoko zalaparta ta iskanbilla ta batez ere eziñegona ekarri diete gazteai iri aundira. Ezin uka, ematen duan bizitasun eta kilikilia.
Neguaren gorputz sendo, gordin eta trinkoari bere tristezia antza kenduaz, alako dardarakizuna ematen bait dio giza-soiñari, aragiari. Eta aragia ere, gizonarena baita, izpiritua dan bezelaxe. Biak batean, biak naaste jatorrean, batzuetan. Biok, alkarren kontra, alkar-uxaka, beste batzuetan.
Aratustearen zerak, orraitio, gazte ta zaarrai eman oi die alako askatasun-atximurkada gazigozoa. Batez ere, gizonezkoai.
Egundoko jaia ospatu nai dute «Fenix» hotelean. Iriko irteera batean dago etxe ori, Deusto aldean. Aundia da, ta inguru biran jardin polita du. Gelak ugari ditu, baiñan batez ere, areto zabal eta beste saloe batzuk ere bai aski txukunak. Lorategiak ditu, zatika zatika, arbolapeetan. Eserlekuak ere bai, ezpel eta zedro motxen bizkarrak gordeak. Baztertxu ezkutuak, txoko deigarriak an or emen.
Laguna erruz bilduko omen da. Ez edonor, ordea.
Jende bereixia, baimen apartekoa duena sartu al izango da hotelera. Ostatu eder onen diru-gorabeera nagusiak, Araibar-ek izaten ditu bere mende.
Papertxo bat bearko da, txartel bat, dantzaketara eltzeko, eskuan eramanik. Gaiñera, arpegiak estalduak bearko, mozorrokiz edo maskaraz, alegia. Gutxienaz, muxuazal edo antifaz dalakoa.
Argiak asi dira jaiotzen «Fenix»-ko leioetan. Gaba illunago eta argiak disdiratsuago.
Orra or lendabiziko beribilla. Bere begi zabal bietaz argi-adarrak zorrotz daramazki illunaadian barruna, erraiñuzko zuloak egiñaz. Atertu du bere martxa, eta kanpoko burni-ate aurrean gelditu da. Arrantza makal batzuk egin ditu aren klaxonak, sudur-mintzoaren antzekoak.
Hoteleko morroi bat agertu da beingoan, eta kirrinkarran idiki ditu ate astun aiek.
—Luki! —otsegin dio beribil barrutik gizonezko gazte batek.
—Zer, Araibar jauna? —izan da morroiaren erantzuna—. Laster ezagutu duaneko agiri nabaria, orixe.
—Lenengoak gu?
—Bai, olaxen da.
Ate burdiñazkoak idiki ditu Luki azkarrak, eta jardiñean zear dioa beribilla, etxearen aurreko bost maillen ondoraiño. Ortxen lotu da berriro, eta atetxoak klixka egiñaz, iru zaldun gaztek agertu dituzte beuren buruak. Jantzi bitxiak soiñean, mozorro-jantzi oietakoak, kolorez beteak, beste aldi bateko taiuzkoak.
Bik kanpoan geldi-egin dute, eta geroxeago eskailleran gora igon. Irugarrena berriro ere, bere popora sartu da, eta, ariñak arin, aldegin du. Galdu da illunetan «Dauphine» ariña.
—Luki, soiñulariak ere, ez al dira oraindio agertu onera?
—Ez, bada. Otsegin didate, ordea, telefonoz, beren tegitik ateratzen dirala eta aguro elduko dirala alde ontara.
—Zenbat dira?
—Amalau.
—Amalau? Amairu ez ote ziran etortzekoak?
—Lendabizi bai. Baiña nik gero, zera, lumeru txarra ere ba dala-ta, geixeago etortzeko adierazi diet, eta orra... amalau.
Araibar-ek irrripar leguna egin du bere atezaiaren esakera utsa arreta ariñez arturik bezela. Isillune motxaren atzetik, eraso dio:
—Nire soiñeko au, gustatzen al zaizu, Luki?
—Polita da, noski, baiñan...
—Zer baiñan, gero...?
—Tela orrek beltz geiegi duala deritzat.
—Eta, zer dio ba, orregatik?
—Niri neuri, beltxak, alako ikara-dardare antxa sorrarazten dit emen.
Eta ori esatean, bular-ingurura eraman du eskuiko esku zabala, eta an, zerbait ba dala adierazi nai izan dio bere entzuleari.
Parre gozoago egin du orduan Araibar-ek.
—Eta zuk zeuk, mozorroz jantziko ba ziña, zein jantzi-modu aukeratuko zenduke?
—Nik? Ba, agian, Luis XV arena edo, eragozpen bat izango ezpa nu.
—Eta zein?
—Nire oiñok zatar aundiak ditudalako, eta gaiñera takoi puntetan ibiltzen ez jakiñik, erori egingo nintzakelako, eta min artu ziur ziur.
—Orduan, abarka zabalak oiñetan eta, ikazkin jatorra zu, arraiopola!
—Barkatu, baiñan ori ere ez.
—Zer dala-ta?
—Ikazkiña ere, beltz xamarra dalako!
—Egia. Buru txarra dut benetan. Beraz,... iriña, zuria danez geroz, okin janzteari zer iritziko zenioke?
—Ezta gaizki. Edota, txiribogin ere berdin izango litzakit.
—Tabernari esan al duzu? Ardoa ere, beltza da, ba...!
—Noski. Baiñan... ardoa da.
Zalaparta ta izketa naastua dabtl edarietxe txiki batean. «Inguma Bar» du izen txanbeliña, eta erriko bazter egoki batean dago.
Gizonezkoak sar-irtenka dabiltza eta neskatxa politak ere agiri dira prakadunen artean. Begi inguruak beltx-beltx, ezpaiñak gorrimin, or daude Mimex eta Ani, eserleku txorrotxen puntan kokaturik. Begi keiñu sarkorrak egiten dizkiete aldameneko gazteai. Iru mutil daude aien ondoan.
—Ani, gazte oiek ez dute gogorik ezertarako.
—Goiz da, Mimex. Baiñan, zuri entzun eta gero, oiek ere... besterikoak dirala esango nuke.
—Bai?
—Ez al duzu ikusten irurak dituztela bigotetxoak?
—Bai, ba dakust. Ez dut siñisten, ordea, ikusten dudan guztia.
—Baliteke itxurak egiaren berri ez ematea, iñoiz.
—Goazen, neska. Ea an ezer oberik izaten dugun, berandu ere ba da-ta. Emen ez dugu gaur giro-antzik batere. Esan digutena, berriro ere, irtengo da egia.
—Bai, gure merkatua estutzen ari dala, ezta gero, gezur.
—Noski.
—Eta besteena, zabaltzen ari dala, ere, bai.
—Baita.
—Nork esango zukean, emen ere orrelako emetxoak sortu zitezkeanik?
—Landare batzuentzat, lurrik geienak dira aukerako.
—Puf! Utikan! Leenago, guretarikoai zioten «galduak».
—Errazoi ederrik ba duzu, arean. Orain, berriz, besterik esan bearko: gizon galduak...! Ja jai...!
Otsedakiñak, zirikari edo animadore maritxu baten kanta mengel lirdingak entzun-arazten ditu, eta neskatxak solasean ari bitartean, mutil lerdentxo aiek txoko batean eseri dira, aiei beatu ere egin gabe.
Ani-k eta Mimex-ek zangoak ezezik, belaunak eta abarrak ere, agirian dauzkate, mutil aien begien bistan. Jardun ondoren-gabekoa. Bizkar eder beltzeranetan aizea libre dabil ibili. Baita euli bat edo beste ere.
Aspertu dira, dirudianez, Eva-ren alaba guri ta mardulok. Eta etsita, Mimex eta Ani, beuren beso mamitsu ta lepo-inguru billoizak gaiñeko jantzi apaiñez estaliaz, kanpora dioaz. «Fenix» aldera, nunbait, dantzaketara, akelarrera, gizonezkoen billa.
«Inguma Bar» txukunean ez da orain emakumerik iñor gelditu.
Ez dute, agian, faltarik ere egiten. Gelditu diranak... naikoa baitira.
Doiñu zoliak, burrundu ozenak, jazband orrotxoak dioaz aldean. Zarata oiek «Fenix» hoteletikoak dira. Zarata guztiak musika ez izan ba.
Jendez gaiñezka dago saloi ederra.
Jantzirik parragarrienak, soifieko apaiñenak, antxen agiri dira, dantzarien gorputzai atxikiak. Kapa zabal, praka lasaiak. Gona loratsu, azpilduriz beteak. Aintziñako tankerakoak, mende erdikoak; oraintsuagokoak; gaurkoak ere bai, eta orobat geronei edo futuristak ere.
Gezur-muxu estuak dituzte guztiak; antifazak alegia. Musikariak ere bai.
Asmatu diran koloreak dute an erakusleku. Argi ta illun, beltzeran eta arre; gorri, orlegi, urdin, ubel, orbelkara eta bitarteko litsetaz gogoak eman-ala. Historiako irudi-orri asko alkarren ondoan erkatuak, alkarren aldamenean jarriak dirudite.
Kolore bat dute nabarigarri, ordea. Kolorea ez-pa da ere, distira, suaren distira, griña goriaren ziztada. Araginaikeriaren begirakune likisperaa.
Soinu eta emakume. Emakume ta edari. Edari ta griña; sukia ta sua, eme ta giz.
Durunduaren iturriak zabal daude: rumba ta mambo, samba ta rock and roll.
—Araibar! Ikusi al dituzu aiek?
—Ez oraindaiño, ez dira agertu.
—Zenbat papertxo zabaldu zituzten, ba?
—Emen gaudenok baiño geiago bai beintzat.
Eta gazteak, musikaren doiñu-sarepean, bakoitza bere emakumeari gerri-gerritik estu eldurik, alkarrengandik urrundu egin dira.
Ba du noizpeinka aterrune ta geldialdi, musika ez-samur ta lizun arek.
Orduan, baztertxoetako mai tipien inguruetan biltzen dira dantzariak eta zomorruak, eta kopa garbien leiarrak, edarien lerdeaz zikintzen dituzte. Edari txurizka, ori, sagardo murgil antzeko, gorribizi, piper-kolore eta anitz geiago.
—Kolombine eder, edan ezazu kopako au.
—Ez dut geiagorik nai, Arlekin lerden.
—Dantzan poliki baiño polikiago dakizu, laztana. Edaten, ordea, ez.
—Bai, Arlekin; ez esan niri dagoaneko laztan itzik. Bai, dantzan ez dakizu orren egoki. Niri edariak eskeintzen, ostera, ez zera aspertzen.
—Ez al zera, Kolombine eder, egarri?... Ni neu, bai, ba naiz.
—Baita ni ere! Ain zuzen, ez edari zatar oietaz.
—Nola diozu? Itz ori jaurtikiaz, akuilluaren antzeko ziztada egin didazu barruan.
—Arlekin, zer dala-ta esaten diozu ezagutzen ez duzun emakumeari «laztan» itz goxo ori? Orrelan aritzen al zera zure amaigabeko neskatxa atzipetu oietaz ere?
—Nola dakizu orrenbeste ipui?
—Ni ere emakumea bait-naiz, izan ere.
—Zer duzu zure erranera oietan, Kolombine? Eta zer zure begietan ere?
—Zer nai zenduke zuk, nik izatea begietan, sua ala baretasuna?
—Sua, laztan, sua; soiñean bezela, zaiñetan bezela, odolean...
Eta orduan, neskatxak, zorrotz beatzen dio, eta onen ezpaiñetatik irri emea suntsitu ta atzendu egin da. Arlekin dalakoaren kopeta eta masailla ta sudurra, zurbil ta irritsez daude. Zerk aizatu ote du orrenbestean? Zein zauritan ukitu ote diote alako neska apaiñaren so sistagarriak?
Soiñulariak berriro egin diote musika dorpe ta itsaskorrari.
Giro artan, dantzari bikain izango, txerrentxoren menpeko zoliak ere.
Koparen zurrutadak eman dio barruan zuzperraldi berretua, Arlekin txairoari. Eta Kolombine-rekin berriro saio astean, beste mozorrodun bat eldu zaie baranora eta, gizabide biguiñez, emaztekia eskatu dio Arlekin-i. Ezin ezetzik esan, eta orra or orain gaztea, gutarrez josia, gurariz blei, baiñan... Kolombine gabe. Etorriberriak eraman du aise ta biguin, neskatxa garri liraiña, eta an beste lagun askok osatzen duten notin-itsasoan erretenik utzi gabe joan dira, konpas azkarren kateak lotuak bai lirean.
Matel-ezurrak alkar joaz, asarrearen zeiñua agiri du Arlekin-ek bere betartean.
Urrengo soiñualdian, ordea, arrai labain artaz jabetuko da, noski.
Eta botako diona ezta sarea bakarrik izango, amu biurra ere sartu gogo izango dio, ongi atxikia ta katigatua geldi dedin bere maitakeri-ziskuan.
Orixe izan da Arlekin dotorearen asmoa eta erabakia.
Iritxiko ote, bein berriro, bere lerdeaz, beste aingerutxo garbi bat zikiñaraztea, itz zuri ta amarrutsuak bide?
«Fenix» hoteleko saloi nagusiko orma-arteak ia iñor gabe lotu dira. Ango aize itoan, kirats minkatxak erro luze biur aritsuak edatu ditu.
Soiñu erogarrien oiartzuna ibitzenago eta pakearen iratxoak ernaiago, areto artan sartu bearrez. Artean, satsuñoak aztamuka dabiltz baranoko gelatxo aietan.
Hoteleko otseiñak erdi loak arturik, argiak itzaliak izan dira. Isillak, bere eskubideak galdetuaz, arra beteka ta baratxe baratxe, alderdien jabetasuna ardietsi nai du.
Mefistoren atsak utzi du nonbait, arrasto ta lorratzik; eta hoteleko areto nagusian eta beste batzuetan ere, irazekitako aragi-pindarrak erregaia eskatu izango zutenezkero, su-dei oiek alabearreko azkena ta burutzea izango, ziur asko.
Arlekin-ek, arako neskaren billa jardun ondorean, etsipena iretsia izan bear du, ezpaitu, damurik, geiago aren gerizarik atzeman. Berealakoan aldegiña izan da, arean, Kolombine zoragarria toki artatik. Eta norekin?... Zozoa alakoa!! Zergatik utzi besteren besoetan?
Eta onek min ematen dio, saminki, Arlekin lerdenari. Nor ote zitekean etsai ori, oillar ori? Nor zitekean an, aura baiño pinpiriñago, giarrago, beroago, toago? Nork linburtu ote du neskatxa xarmanta, jai ederra bukatu baiño leen andik aldegiteko eta... Diruagatik baldin ba zan, Arlekin-ek ere dirua ba zuan ba, ortan eralgiteko!
Pentsamentu oietan igari dabillelarik, eldu zaizkio gazte batzuek eta neska pertxenta bi ere. Jendarte artako azkenak, noski; goenengo gau-txori narratsak agian...
Auek ezagunak beintzat: Ani eta Mimex, aragi-bizi saltzailleak.
—Ai emen zaude deslai eta soil, bakarrik, gogoetan ala edariaren losuna nagian, eta Arlekin jantzian? Ai, maite; muxu bat egingo dizut, bi, iru, luze luzeak, zure penak aztuarazteko —diotsa Ani-k, eta ezpain lodi gorrimin aietan txera xamurra eskeiñi dio gazte buruederrari.
—Geldi, Ani, geldi.
—Ez-ordu al da ba, maite? lngumatxo berriren batekin izan al du dagoaneko jostaketa, gure mutil galant onek?
—Nardagarri zera une ontan, orrela ariaz, Ani.
—Zer du gure zalduntto gordin bipillak? Elbi gaiztoren batek eztenka egin al dizu? —diotsa, katemeak bezela, Mimex-ek ere.
Eta beste musu ezo ta pinturatsua ezarri dio aoan Arlekin-eri.
—Urdanga labain ori!
Beste mutillak, edari geiago eskatu dute, eta mai borobil baten biran eserteko zera egin dute.
Otseiñak, mantal txuria aurrean, ba diotsate:
—Aski da, zaldunok, gaurko. Zer guztiak biltzen ari gera, eta guk biar lana izango dugu goizetik eta berandurarte.
—Atera zazute zerbait —dio Mimex-ek lotsagabeki—. Or duzute nagusia, eta alperrik izango duzute ukatzeko gogorik izatea.
—Eta gaiñera, zaldun au gaur, bildur da andreekin egoteko, edaria zurrut artu ezik. Ja, ja, ja...!
—Kanta dezagun, gazteak, kanta —erran du irri gangarrez Ani beroak—. Makaleri ergol batek joak al zaudete?
Beti eta beti jolasa,
gazteriaren ametsa.
Ardo ta andre, andre ta ardo
aragia ere bebil lasa...
Txolkada batzuek edan, besteetakoak maia ta lurra zikindu, gazteen batzarrak amaia bear zuala adierazi die Luki-k gozaro eta garratz, irriz baiñan bultzaraziaz.
—Tira ba, tira. Goazen beste txoko batera.
—Lotara obe.
—Nor norekin? Bost gaude ta... Bi eta iru.
—Nirekin ote? Au poza! —diotsa Ani-k igurtzizko ele amarrutsuaz.
—Zurekin ez! —erantzun dio Arlekin-ek.
—Orduan, maite, nola ez ba nirekin? —Mimex-ek adurretan bezela.
—Ezta!
—Beraz, nun dituzu Loli, eta Kolombine ori...? Ja, ja, ja! Aldegiñak edo ez agertuak baitira gau ontan?
—Alperreko orduak illunpe ontakoak, Arlekin. Gaur, baru eguna izango duzu, barualdi. Ji, ji, ji, ji!...
—-Ja, ja, ja, ja!...
Eta dringili drangulu, albo alboka atera dira hoteleko jardiñeraiño, bai neskatxa gautar aiek eta baita aien adiskide zaldunak ere.
—Ordua zan —esanaz, ertsi du Luki-k poz apurra barneratuaz, kanpoko ate zabal burnizkoa.
Hotelean bertan bizi diranak, ba dukete orainez gero, lo egiteko beta gozoa.
Illargipean kalean zear dioaz bi eta bi. Irugarrenak agur egin die, erdi agur edo ordi agur. Arlekin-en gorputzak, moduren batean, atseden izango du gau ontan. Besteen itzalak, bi eta bi, kale ertzean suntsitu dira. Gauaren isil beteak babespean artzen ditu gaizkiñak ere.
* * *
«—Nolakoa ote da Kolombine-ren arpegia, antifaz dalakoa gabe? Aren begiak ezagutuko ote nituzke, berriro ikusteko zoririk izan ezkero? Musuz musu alkar aurkitu ezkero?
»Aren mintzoa, aren aots garbia bederen, bai, ezaugarri izango litzaidake.
»Nor ote da gero, emakume goxo ori? Emen irian diran neskatxarik asko neuk ezagutzen, eta ori, nor ote dut?».
Orrelako peñtsamentuak dabilzkio bere buruko errotan bira ta bira, «Arlekin» jantzia erantzita, unaturik, nekatuta ta asper-antxa duan Araibar zaldun galant eta emakume-zoratzailleari.
«—Zer ote du neskato arek? Zer, bere kolkoan eta buruan eta begietan? Ez ori, musu berorik, ez irritsa bereixirik eskeiñi didalako, baiña... Aitzitik, esaera mingotsa jaurtiki dit, jaurtiki. Zelako esanaia ote dauka aren ele gogorrak? Loli ere gogoratzen dit, baiñan ura ezta ain ederra, nirea dan arren... Loli gaisoa! Osatu ote da eri iragankor artaz?
»Egarri dala esan dit Kolombine-k. Eta zeren egarri? Ez ote da ikasle oietariko, filosofi edo elertizale ameslariren bat? Eta nork eraman du, nire besoetatik kenduaz? Besoetatik kendu ain zuzen, ez. Aren dantzakera, beste modu batekoa izan da. Aren bularra niregandik aparte ibili da. Ez dit utzi arek bere soiñik marruskatzen, beste edonork bezela. Ezta gerria estutzen utzi ere. Ez aren masaillei igurtzialdirik egin nire bizar puntekin... Aren aoak eztu ezer eskaiñi, ez eskatu. Edaririk ere ez.
»Noren egarri ote da, ba? Nire ez, agian, beste norbaitekin joan baita...
»Eta aren begietan, begi berde eder aietan, ez zegoan alako griña-surik, amodio gar likiñik...
»Eta orduan, zertan eldu izan da onera, dantzaketara esan nai dut, "Fenix"-era aratuste dantza berogarrira?
»Zergatik?
»Eztakit. Ni neu, badakit zergatik joan naizen, eta utsik atera naiz gaur, aspaldi ezta. Mimex-ek eta Ani-k, gaiñera, nire lepotik barreka jardun izan dute lasaiki. Dirutrukeko neska merkeok!... Alaz ere, ez naute menderatu, ez batak eta ez besteak.
»Kolombine-k menderatu nau, garbiki ordea, gogoz, asmoz, gurari apartekoz!
»Nor ote dut nik neska eder ori? Gau berri eman didan unetxo gogoangarria!».
* * *
Araibar zaldunaren gelan, telefonoak axut egin du, isilari bere miesa fiña urratuaz.
Zalduna lozorropean dago oindiño, agian. Alaz ere jaso du urrutizkiñaren zera.
—Nor zaitut?
—Luki naiz, jauna.
—Zergatik deitu didazu, oraindik lo nengoan eta? Ez al zenekian niretzat goiztxo zana?
—Bai, berandu-goiztxo da noski, amaikak or-or dira-ta.
—Naikoa duzu berriketarik. Zer duzu mandatu gai?
—Karta bat utzi dute zuretzat.
—Karta bat?
—Bai, ekarri dute beintzat eta ementxen dago.
—Orixe da itzaren etorria, gizona.
—Nai al du ofizinara bialtzea, ala teatrura ala...
—Ortxen eduki ezazu. Geroago agertuko natzaizu. Besterik ezer?
—Bai ba. Berealakoan emateko adierazi dit ekarleak eta...
—Zertarako ainbeste iraduz? Dantzariren bat ote zan edo, artistaren bat edo?
—Artista! Ez makada ere! Soiñean du ark arte bikain bikaiña.
—Zer diozu?
—Zera, neskatxa bat izan dala ekarri duana.
—Eta nun dago, nolakoa da?
—Nolakoa zan? Ederragorik ez dut ikusi... nire begien aurrean.
—Iparragirren eskolakoa al zera? Aizu, aizu, eta aren begiak nolakoak ziran?
—Zelan azaldu ba neki!.. Auxen bakarrik esango dizut, eta barkatu ni bezelako zaarrak zurekin duan konfiantza xamarra: ura ere txurikatu baldin ba duzu... zorionak! Eta nik, gero, nire urteetan amaika ikusi ditudala kalean eta kamerinoan ere... badakizu!
—Bidali ezadazu arrapatakan gutun ori, Luki.
—Baita.
—Agur, eta gero arte.
—Agur, jauna.
* * *
Araibar-en eskuetara da gutun txuri-urdinkara. Urduri, beingoan urratu du azala.
Barruko orrian agiri diran letrak, ona emen:
«Emen berton, iñauteritan.
Araibar zaldun gazte:
Ba nuan zure entzutea, eta zerbait geiago ere bai, arpegiz eta soiñez ere ezagutzen baitzindudan.
Ezer gutxi esan genion alkarri bart. Etzan komeni agian, geiago zertzerik. Gazte zera eta eder; argi, lilluratzaille ta diru-otsekoa. Doai guzti auek, zuregan ta zure giroan dituzu.
Grazi ta jas bereziz, urrenik urren, zure eskuetan erori dira neskatxa doakabe batzuek. Badakit. Aien ezpaiñetatik, lendabiziko beroaldian, birlora-aroan, eztia bezela ateratzen da zure izena, aipamen xaloz, oroi kutunez, zinkurin epelez gaiñezka.
Zutaz mintzatzen diranean, zurekin amesegiten dutenetan, neskatxak, bupera, jauskor ta malgu izaten dira maiz. Ai, Araibar, atzoko nire Arlekin denpora laburreko!..
Ta zu, arroxko zagoz. Nolatan ez ba? Eta zuk, aragizko jainkotxo egiten duzu zeure burua. Eta neskatxen soiñekopean, odol gazteak, mami beroak dardar egin oi du zuri loturik diranean, zure besoartean, zuri bultzaka dantzaketan ari diranean, alkarmiñez eta zirriketan.
Arrokeri ergela zurea, ordea. Lurrezkoa, autsezkoa baita irudi ori. Biarko autsaren asikiña, utsaren pareko.
Alaz ere, zerana zera: gazte, eder, ondasuntsu.
Nork eman dizkizu oriek guztiak? Baiña, bizitzak muga laisterra du, eta amaia, urbil. Zure ta nire eder-tankera auek maskilduko dira eta zimelduko gera, eta ustelduko ere. Eskuartea? Urbil dugun munduko ondasunen banaketa orrek, aizatuko eta barreatuko eta sakabanatuko ditu zure laukoak eta beste askorenak orobat..
Egarri nintzan eta egarri naiz. Zu etzera gai, ez dut zure gorputza eta ez gogoa gai, egarri au asetzeko, ezta arintzeko ere.
Ez dut, bada, zure gizon-aragirik nai. Ezta bear ere. Urbillekoegiak gera. Ni ere bilbotarra naiz, eta gaur ez dizut besterik esango. Baiñan kanpoan nabil eta berriro kanpora nioa, urrutira. Itsasoz araindira.
Ez zaite, bada, nitaz arduratu.
Arduratu zaite zure biotzaz, zure gogoaz. Orixe bakarrik eskatu nai nizuke. Ezta, orraitio, niretzat. Zure ta nire gain Dagoanarentzat. Betiko Zaldunarentzat. Zaite aren zalduntxo apal.
Europara berriro itzul nadiñean, egiazko zorion-zidorrean zear ikusiko al zaitut.
Ar ezazu nire maitetasunaren agiria eta odolaren dei gozoa,
Kolombine».
Alaz ere, bigaramon goizean, eguzkia azkar igon da bere eguneroko bide sotilletaz goieneko larre urdiñetarantz. Ortziak, itsasoaren antzeko soiña du, eta torre luzeenak ere, itzala, geriza, urri, txiki eta bildua egiten du lurraren bizkarrean.
Iri aundiko kaleetan jendeak, oi duan egonezin ta ibillimiña erakusten du. Aundikiak ere kalera irtetzeko ordua da. Gizon dexenteena, beraz.
—Aizu, —diotsa neskame baldarrari etxekandre beti langilleak, igandetan ere erropa garbiketan jarduten baitu—. Ez al da oraindio jeiki Araibar zalduna?
—Ez, eztut oraindiño ikusi. Ezta sentitu ere.
—Berandu xamar da ba, ta... Ots egiozu!
—Bai, andere.
Alfombra malgu biguiñean zear isil isil doa mandataria, gelarteko iragangoan zear. Zaldunaren logela parera eldurik, atzaparren bizkarraz, exur soiñua atera du, atea kax-kax-kax joaz. Inguru osoan ezta zarata txikerrenik ere.
Berriro ere jo du ba, kax-kax-kax.
—Zaldun jauna!
Oiu alperrekoa, ordea. Ezpaitu batere erantzunik jaso. Orduan, eraso dio ukabil sendoaz, bun-bun-bun!
—Araibar zaldun jauna! Sar al nindeke?
Alperreko deia eta atejoka, ain zuzen. Alako batean, neskame urduriak, atea geldi geldiro idiki, eta berriro ere, zer gerta, adiarazten du:
—Sar al nindeke. zaldun Jauna?
Logelara da serbitzaria, eta begiraldi azkar zeatzez ikusi bide du toki osoa. Eztago iñor. Oatzea ere, oso osorik dago, poliki poliki, ukitu ere gabe. Eztu bertan iñork lorik egin gabaz, eta ezta atzekalderik atsedendu ere.
Oe-maitxo gaiñean dagoan erloiua lo dago, geldi. Amabiak iragarten dituzte aren orratz luxeak. Afaria etxean jan zuan, eta arrezkero irten, eta itzuli ez, nonbait.
Ez zan, ordea, zer bakanegia ori, gela artan bizi zanarentzat. Bein baño sarriago gertatu oi zitzaion, astean.
Ez, izan ere, gaueko Gurketara, adoraziñora alegia, joan oi zalako.
Gorputzeko nekeak izaten dute bare-aLdi. Bai eta animakoak ere. Loli-ren ondoeza, erialdia, onezkero amaitua izango zala uste zuan Manu-k. Eta arako karta sakon eta iraulgarria gorabeera, urak leengo bidetik zioazten. Eguzkialdi eta euri-zaparrada bakar batek ezpaitu uzta mardulik sortzen.
Egun batzuek geroago, eguerdi aldean, Errekaldeberri inguruan, beribil txukun bat zegoan geldi, «Dauphine» bat.
Barruan zegoana, Manu zan, eleberri ontako ardatz-notiña. Zerbait baru aldi egiñik zegoan, arrigarri ba zan ere. Araibar baru-egiten garizumako lendabiziko astetik! Loli makal xamar zegoala jakin zuanean, aste bi leenago edo, berak ere urrutiratzeko beta izan zuan, kanpora joan bearra zuala adierazi bait zion neskatxa menperatuari, garatz eta negozio kontuetara, alegia. Gona-kontuak baiño izan ezarren ere.
Anartean, ordea, emakume begi berde batek egin zuan agerraldi oi eza Manuren bidean, eta zalako Kolombine aren sermoi laztantsuak zulotxoa edo egin zion barruan. Beintzat, zerbait koxka bai. Egun batzuek iragan ostean, ordea, edarian bere sentipena irauli zuan arren, leengo senera urbildu zan, eta leengo adiskide emearengana jo nai zuan. Adimenak baiñon maizago oroipenak agintzen baitu gure zerean, borondatean; bide ikasiak bazter ezagunak, lagun jakiñak...
—Kolombine arraio ori! Begiak besterik ez ditu ederrak... Egia esan, gaiñetikoaren berri eztakit, besoak bai politak zituan arren. Gorputza estaldua, ta nola gaiñera, zedukan eta!... Nire nor izan nai ote zuan orrek? Emaztea ezpada; eta ez da; alaba gutxiago, nik semerik ez alabarik, dakidala, izango ez bait-dut, gauzak aldatzen ez baldin ba zazkit beintzat nire gorputzean... Nire arreba izan nai ote du ba?... Kristo-gan! Ori, ba liteke; orixe adierazten du gutunaren azken-aldean. Nola zan? Ixo!: «zaite Zaldunaren zalduntxo apal!» Ez da gaizki esana. Baiñan, ni neu ere, zalduna naiz, eta ez txo orrek ematen duan zeetasuna, txatxar-antza. Utikan!... Utzi ditzagun kontu auek zaartzarorako. Orduan, siñismen-gabeak ere elizaren babesera, eta dorrearen gerizara eramaten dituzte beuren ezur zimelak. Oroitzen naiz erritxo bateko mediku jaunaz. Ark ere, ba zituan amaika esanaldi apaizen kontra eta gero zer, ba? Bizkarra kako, sudurra luze, dindirri-jario ta malko-errez zegoanean, an dioa apaizen ipui ziranak entzutera, eta pozik gaiñera... Zertan, ordea, ari naiz ni emen agure biguiñen gogoak aipatzen? Kanpora, kanpora ezti-eleak. Eta noiz agertuko ote da Loli ori ere etxerantz?
Kotxean barruan Manu-k, radioak baiño berriketa geiago zerabillen, bera esale ta bera entzule.
Ez zuan asko uste izango inguru artan ezaguntxo bat zuanik. Mutiko batek jo zion beribilleko kristala.
—Egunon, jauna! Ezer nai al du 48-gn. etxerako?
—Arraiopola!—oiu egin zuan Manu-k itzegiten zionaz konturatzean—. Mutiko au, arako ura duk, iñolaz ere. Aur oien begia eta burua, gureak baiño txintxoagoak dituk! Guk gerok aiña oz ote dakite aurrak sarri askotan?...
Idiki zuan kristala nagi nagi.
—Aizak! I nor aiz ba?
—Ni? Beste bein ere eman zidan tebeotarako dirua-ta!
—Eta egingo al zenduke berriz ere...
—Mandatua? Bai pozik!
Eta eman zizkion zeaztasunak, Loli-rekin berarekin itz egiteko aginduaz. Ba zegoan, ongi; ezpa zegoan, ezer ez, eta kitto.
—Eta zer esango diot gero Loli-ri?
—Polita al duk, Loli?
—Bai, orixe esaten dute emengo tasketan gazteak, mutillak.
—Eta i, tasketara joaten al aiz, orren koixkorra izanik, umekondo ori?
—Batzuetan bai, otz dagoenean eta; euria danean eta. An ez baitute eskatzen ez dirurik ez txartelik, sartzeko.
—Aski duk, motell. Ar itzak, eta joan adi, ta beingoan itzuli, e?
—Bai, jauna.
Mandataria eta Loli berdin-xamar agertu ziran, alazaiña, Manu-ren begien bistara. Mutikoa aren etxe-aldetik zetorren, eta neskatxa, jostelekutik etxerantz zioan.
—Loli!! —dei egin zion gozokiro ta alai Manu-k.
—Ene! Manu!... Sasoia zan berriro alkar ikusteko! —ziotsan atsekabe eta poz, biak batean, neskatilla baserritarrak.
Aurreko egunetan, adiskidetxoak, Loli-ri ziri ta ziri ekin zioten, oartu bai zuten, neskatxa, deslai eta bakar zegoala. Orrez gaiñera, garizumako itzaldiak entzuten ere asiak ziran eta, noizean beiñeko bide oneratze-saioak ematen zien emaitza, anima loak-artueri.
—Loli! —ziotsaten emekiro—. Zu, gu bezelako gaztea zera, gure erakoa, gisa onekoa, alaia, eta zintzoa ere bai. Erritar xeeak, jende laua gera. Eta egia esan, Manu ori ezta...
—Manu ori, beti? Zer duzute zer esan nire zaldun ortaz?
—Ene! Zalduna!... Eta gaiñera nire zalduna? Nungo andereño edo dama urdiña zera ba, zu? Ez da naikoa izen politaren jabe izatea, tratamentu biguiñaren arian oitutzea.
—Dirua, eta aziera ona ere ba ditu arek. Eta lanbide emankorrak ere bai.
—Lanbidea, ez dakigu guk oraindiño. Zuk ba al dakizu ziur?
—Ondamua ta bekaitza ta ikusieziña al duzute zuen kolkoetan?
—Zurekin bare-bareki mintzatzea, zer zailla izango zaigu, agiri danez. Baiñan, kezka bat dugula guregan, orixe bai, adierazi nai dizugu, argi ta garbi, orratio. Entzun ezazu, bada, mesedez, e? mesedez, zure onean ari gera-ta. Egonarri eta arretaz, eta gero, itzegingo diguzu.
Arnasaldi sakon betea egin zuan Loli-k, nazkaz eta egoneziñez bezela.
—Itzegin ezazute, bada, baiñan iñor iraindu gabe.
—Ai, ori, Loli... Guk u, egia jakin nai dugu eta egiak iraiña berea baldin ba du, orduan, isilduko gera.
—Utzi itzazu lasto ta orbelak alde batera. Eta jo mamira, giarrera.
—Zuk zer duzu oraiñarte... Manu-rekin?
—Neskak, orixe da zuek jakin nai duzutena. Nik beste berri izango al duzute bada zuek? Ta, ta, ta!
—Ikusten? Zein baiña zurekin...
—Auxe bakarra jakin nai genduke: alkar-gei al zeraten dagoneko. Itzik eman al dizu?
—Zeren itza, ordea?
—Ezkontzeko itza. Orixe da neskatxa batek ezer menpe utzi baiño leen, gizonagandik jaso bear duan itza. Eta ala ta guzti ere...
—Ez, ez dit itzik eman.
—Eskatu egin al diozu, ba?
—Ez..., adiskide barruko bat baizik ezpaita!
—Barrukoegia oz ote da, gero!... Belbillean eta, bide bakarretan eta, biok lasai ibilteko!
—Isilik zu, txatxala ori. Parkatu, Loli, onek beti izaten ditu mintzo aukeragaitzak.
—Ni bakarrik al naiz gazte batekin txoil, popoan dioana? Zuek ezin duzutelako. Ikusi or, aurreko usaitegiko neskatxa beltzeran ura ere; laugarren bizitzako katu-nabarra ura ere; eta zuen porteraren alaba, Kontxi, ura norekin ezta joaten? Eta alaz ere, xaloa da, polita da, begikoa da edonorentzat, nik baiño zango liraiñagoak edo gona motxagoak ditualako. Eztakit nik zergatik...
—Ez, noski, oz zera zu bakarra. Bai zera! Aiek ez digute axolarik ematen, pena ematen digute, orixe. Baiñan, zuk, Loli, gazte ori nor duzun ez dakizu, eta guk ere ez, baiñan ikasiko dugu orren ibillera ta izakera.
—Zuei bost, ardura zaizute!
—Ez diozu egiarik, Loli. Zu zera gure lagun urkoa, urkoena, eta orregatik gabiltz kezkaz, zuk uste ezarren. Edota, zuk ez al duzu nabaritzen zure neskatasunaren zerik?
—Nire neskatasuna? Nire izen onaz al diarduzute? Nork izan du ausarkeriarik aski, zer oietazko elea aizatutzeko?
—Ai, Loli, Loli! Gure izen ona ez diogu geuk gure buruari ematen. Besteak, enparaukoak sortzen dute, eta obetzen edota gutxiesten.
—Zuek ere, Aita jesulagun orrek buru-beroturik al zaudete?
—Ez, maite, arek ez du nai buru berorik; arek buru argiak nai ditu, eta biotz onak, griñak menderatzen dakizkitenak. Zuk ere gurekin etorri bear duzu kontu onak entzutera. Biartik, edo gaurtik obe, nai duzua? Edota, izaten al zera iñoiz elizaren baten Manu-rekin batean?
Ez zuan jakin Loli-k galdera orri zer erantzun, egia esan ala gezurra asmatu.
—Erantzun ezazu, Loli. Gure erako neskatillak orixe egon bear dute, mutil batekin bakarrean asi eta lendabiziko egunetik. Elizarako bidea irakatsi, ez baldin ba daki, edota azturik izanezkero.
—Ni bide onez nioa arekin, asmo onez.
—Eta arek ere gogo orixe al du? Ez dugu guk lendabiziko arririk jaurti nai.
Bakarrik gelditu zanean, negar egin zuan Loli-k. Amorruz edota lotsaz, arrokeriaz edota sentimentuz. Berak jakin zezakean iñork baiño obeki, bere gogoari eta bere gorputzari azterraldia egin ezkero.
Egiña, egiña zegoan, ordea.
|