I
Kirrinkada latza egiñaz, dendako ate biak ertsi zituan mutil batek. Arratsaldeko bostak ziran, ordea, eta an kalean zear zioaztenak, arriduraz beatu zuten, ezordu artaz konturaturik.
Gaztea zan ateok ertsi zituan mutilla, ongi jantzia, arpegi borobil, bizkar sendoa, ille gorrizta, begi urdin.
Berealaxen, ate bien arteko orman, arrizkoa bera, paper zuri bat itsatsi zuten. Papertxo bat, lau aldetik berdin sarnarra, eta inguru biran lerro beltz gizena zuana. Mutil koxkor batzuek zeuden begira, geldi; gizonezko batzuek ere, begiraldia egiñaz, aurrera ekin zioten.
Neskatxa gazte bi geldi lotu ziran ; liraiñak, metalezko takoiak orpoetan; saku-marrazko jantziaz bata; bestea gerri estu medarra. Begi aundiak biak, ertzak illunez beteak. Emakume zaarrago bat, koipetsua bera, antxen beeari josia bezela, begiak zabal eta aoa zabalago zegoan, itz egin bearrez larri:
—Andertxo, nor il zaizu? Aitona? Denda onelan bapatean izteko...
—Bai.
—Noiz, ordea?
—Ordu beterik ezta.
—Ta nola ba, atzo bertan nik ikusi nuan-ta?
—Baliteke. Gaur goizean ere, kalean eta emen ere egon da-ta...
Neskatxak alkarri begiratu zioten, eta andra gizen arek noiz aldegingo ote zuan, urduri zeuden.
—Orain nor izango dugu emen dendari buru. Andertxo? —atsoak, bere matraka atertu nai ezta.
—Gure amak esan bearko du ori.
—Amarena al da denda au, bada?
—Andretxoa, aski da galdekizunik, ereti ezegoki ontan.
Neskatxak berriro alkarri keiñu-zolia. Atsokote arek sudurrak astindu zituan, ustegabeko erantzuna irabazi zuanean. Orduan, bira egin eta an joan zan zazpi kaleetan barruna.
Neskatxak itz egiteko abagune aukerakoa ote zanentz, zalantzaz bezela agiri ziran. Andertxo-k, ostera, itsumustu antzean, aldegin zuan andik. Arkupe luze artako jende artean naastu zan, eta lendabiziko filobusa artu ta abiatu zan.
—Zergatik ez diozu itzegin, mamala orrek?
—Zagoz isilik, Karmele, zuk naastatu bait nauzu.
—Nik naastatu, Marga? Ez zazula orrelakorik asmatu ere egin. Zu beti lzango zera lotsorra, eta ez duzu nai duzunik iritxiko santa sekula.
—Bai, lotsatia naiz, eta naiago dut, lotsagabea izan baiño.
—Tira, tira, Marga. Ikusi ere egin zaituala uste dut nik gero, Andertxo-k. Eta zuk, ezertxo ere esateko ausarkuntzarik ez izatea... Eztakit, eztakit...
—Aren amak ongi ezagutzen nau ni, eta... ezin dizut orain ezer geiago esan.
—Ezer geiago? Entzun, zu gauza ez baldin ba zera Ander-ekin mintzatzeko, nik neonek asiko dizut urrengoan jarduna.
—Orrenbesterako ez ote naiz ni ere, ba?
—Baietz uste nuan, baiñan gaurkoa ikusita gero...
—Ander larri ta esturaz zegoala antzeman diot eta... Aitonaren eriotze-unean bertan ez nintzan beste zer ortaz jardunean asiko, noski.
—Ereti ederra galdu duzu bada, xamur-xamur zegoala uste dut nik eta...
Jendea pasatzen zan kalean beera, eta an orman, atxikia, isil eta esale zegoan papertxo beltz txuri ura, pikaraza bezelakoa.
«Martin Usategi ta Astepe
Gaur il da 68 urte dituala.
Gorpu-lorra biar, igandean,
eguerdiko amabietan.
Eriotzetxe: Alzola kalean, "Ene Kaiola"».
Duela 50 urte inguru, bere aita zanak utzi zion denda ori. Gauza ugari egon oi zan bertan. Salgei diranak eta egoki arean. Baiñan baita salgei izatea egoki ez diranak ere izaten zituzten bertan garabeerak. Eskaparate ta erakus-leio zabal eta edatsuak zituan. Batez ere, jazteko zerak saltzen zituzten, gizonezkoentzat eta emakumeentzat.
Kanpotik ez zuan ate zabal bat eta beste estuago bat baizik. Barruan, ordea toki edatsua zuan, sail bitan banandua. Barrentxoan, goirako eskaillera polita ere ba zegoan. Bereala ordaintzen zutenak, oiek erosi, ordaindu, gaiak artu eta beingoan aldegiten zuten. Epeka edo aldizka pagatu nai zutenak, ostera, txarteltxo bat eraman oi zuten, zorraren agiritzat.
Aitaren ondarea izan zan denda ortan eman zituan, beraz, 50 urte edo, Martin Usategi eta Astepe-k, orain il berria zanak.
Laneko orduetan, geienbat, izaten zan ori, iñoiz denda-orduetaz kanpo ere antxen egoten zekian arren. Jazteko gaietan zala tratulari irakurri dugu. Baiñan, ba zuan andik gaiñerako arazu, zaletasun eta zeregiñik ere.
Goirako zurubian zear igonik, nai zutenak antxen proatzen zituzten soiñeko berriak. Gela bat, gonadunentzakoa zan; beste bat, gizasemeentzakoa, eta bien erdian, errolde ta kontuak erabilteko gela. Etxeko eskailleretara zedukan beste atetxo bat, lenengo oiñean edo pisoan. Orrela, denda aura, beti bai beti, bere ordu-orduan izten zuten; gero, goian, kontabilidade arazuak eta beste batzuek ere egiteko, edonoiz izaten zuten beta, legepean zeazki jardunaz.
Asko ta asko saldu izan zuten aldi batean saltoki artan. Azken urteetan, ordea, ez zedukan sartu-irten geiegizkorik jendeak, Martin Usategi-ren tegian. Gaiak, alabaiñan, beti izaten zituan modakoak, politak, bitxiak; denporen joan-etorrian ordea, nork-merkeagoka edo konpetentzia izugarrizkoa sortu zitzaion. Ala ta guztiz ere, ez zan, noski, ori bakarrik, oraintsu aldian denda orrek beerantza aundia egin zuanaren zio bakarra.
Zer esan makalak ez ziran izan iñoiz! eta inguru artako erritar elizarakoiak, apurka apurka, denda artara ez joateari amore-emanik ari ziran.
Batez ere, «Seiko»-ren bildur betean bizi ziranak.
Beste askoren artean —asko, amar omen dira—, bat zan «Seiko» orren begiko zamarra, zikiña, lastoa. Alderdi artako elizan, ba ziran bost apaiz. Oietariko bi, gazteak ziran. Bata musikaria; bestea gazteen aolkaria, mutil gazteena. Beste bat sasoikoa; au neskatxen arduraduna zan. Gero, parroku jauna, gizon jatorra, asko ikusia; eta azkenez, apaizetarik zaarrena, baiñan andre zaar, sasoiko ta gizon eldu-elduen artean, aldeko geien zedukana, begikoen zana. Oneri zeritzaten ain zuzen ere, «Seiko».
Gaitz-izen ori, mutillak ezarria zedukan. Iganderoko gauza zan, onetariko solas-aldia:
—Mezatan izan al zera?
—Bai ba, goizekoan izan naiz, zazpiretan, gero mendirantz bizkor joateko.
—Nork egin du sermoia?
—Zaarrak, beti bezela.
—Erabilliko zuan ba, ark gaur, gai berriren bat, ezta?
—Bai ta zera ere! Aren gaurko gaia, zuk igarri ezetz alegia!
—Ja, ja, ja! Nik uste dut... seigarrenekoa izango zala.
—Juxto! Zer ortaz jardun izan du.
—Eta, beste bederatziak noizko uzten ote ditu ba orrek?
—Iztun bakoitzak bere jita ta kera ta esanbearra omen dituala, esan oi du ark, eta orra ba.
—Eta olan izango da, dudarik gabe, ark dionean. Baiñan... ez al dago beste milla zer, ara dioaztenai eta ez dioaztenai adierazteko?
—Baliteke izatea. Arek, ordea..., ortik galtzen dirala erruz gazteak eta...
—Baiñan gazte gutxi joaten bait-dira goizeko mezatara!
—Ori ez da «Seiko»-ren errua. Gurasoak joaten dira, bai, eta batez ere, amonak. Eta amonak asko jakin oi dute.
—Isilik egoten beintzat, ez dute jakiten.
Eta Seiko orrek egin omen zion kalterik ugari, Usategi zanaren dendako bezeria leen aski barreatua zanari.
Gazteen esanak gorabeera, ez ote zukean arrazoi mamirik, «Seiko» apaiz jator arek? Seigarren agindua eta bere aizpatxo bederatzigarrena, a zer nolako bikote urduria!..
Usategi zanaren ilberriak, askoren mingaiñak eta matel-ezurrak dantza dantzari jarri zituan. Goizeko mezatan izan ziran atsoak errosarioa, parra parra alare, meza bitartean errezatu ondorean, gertakizun eta saio egokiak egiñik zetozten atadirakoan, gizartekoen solasak asteko. Etxadone artan, errosarioa, bai; baiñan, gero, atadian, gizarteari buruzko mingain-saioa.
Ez zuten naikoa tokirik izan izango goiz artan agertuko ziran egunkari biak, biografi lan guzti aiek argitaratzeko, jakiña, takigrafu egoki ta azkarrak an izan ezkero beintzat.
—Arrazoi izan du beti ere, Seiko-k.
—Nor da Seiko ori? —galdetu zuan birramona zimel batek.
—Nor izango da ba? Gazteen kontua, Deograzi. Don Tomas-i deritzate orrela gazte txoroak.
—Eztaki gutxi Don Tomas-ek. Usategi defuntu ederrak baiño geiago bai noski.
—Berdin esango nuke. Ta orra ba... Usategirenak ere egin du!
—Amaika emakume ezagutu du orrek gero!
—Denda zedukan, eta, ezta arritzeko.
—Dendan eta kalean ere, begi ona zedukan orrek.
—Begia ezezik, sudurra ere bai.
—Sudurra ez ain zuzen, Deograzi, surmotxa zan-ta.
—Sudurmotx guztiak dira okerrak.
—Beintzat, alaba bat eta iru illoba eder utzi ditu-ta...
—Oiek, ezagutzen ditugunak, eta ez dakizkigunak? Jainkoa lagun...
Orduan, atso urduriak isillagotu zuten beuren mintzoa, eta aien artean batek, eman zien besteai ofiziozko aitorkuntza.
—Oietaz gaiñera, errion berton, bizirik omen dagoz gutxienaz seme-alaba bi; esan nai nuke, semea eta alaba. Irugarren bat, kanpoetara bidali zuan eta laugarrena, il ote zanekoa edo.
—Eta lau oiek, bigarren andrearenak izango ziran ezta?
—Bai, zereko bigarrenarenak! Aur bakoitzat bere ama bereixia zuan.
—Kontxo! Beraz, Bizar-Urdin-en parekoa izan zan ia, gure Usategi geraka.
—Bai, alakoxe uso nabarra irten ere, zazpikaletar orixe.
Baiñan, Usategi-k, bilbotar jatorra baitzan, ez zuan bere denpora guztia eman gona-kontu oietan. Lanbide ta ondasun-arazuetan ere sartua izan zan, eta azartua ere bai.
Garatz batzuek ongi irten zitzaizkion ; beste negozio batzuek, ez erdu ez merdu. Irabazpidearen sena, beiñipein, ba zuan, eta ara-ona zebillenetan, ez zituan aragiaren ertz politak eta bidaste irritsazkoak soillik somatzen; ondasun-iturriaren usmoa ere zaiñetan zeraman.
Oiñarria, aitak utzi ziona izan zala, begien bistakoa zan. Orraitio, aren aitak ez zuan izan bere bizitza osoan, diruaren balio urritze ondarrik gabekoak gogoan izanik ere, Martin seme bakarrak, urteren batean eralgi eta sakabanatu zuan aiña dirurik.
Alde aundia zegoan, aitak utzi zion bizimodu bakar artatik, geroago Martin-ek lortu zituanetara.
Diruok, ordea, sarri askotan, sakristauarenak bezelako martxan zebiltzan. Errez etorri, beste ainbestean joan.
Emazte zlntzoa artu zuan eta ondo gaztea zala artu ere. Andre borobil biurtu zitzaion, ostera, denpora laburrean. Lendabiziko alaba izan zuanean, gaizki xamar egon zan, eta geiago aurrik izaterik ez zuala noski izango, aipatu ere egin zuten osagilleak. Alaba au, Balbiñe zan, amaren antzekoa. Onen seme-alabak Andertxo, Libe ta Jone, irurok ziran Usategi-ren oiñordeko, legezkoak eta osoro agirikoak, bederik, eta ondarearen jabe izango zirala uste zutenak.
Denda, beti ere, Martin-ek berak zuzendu oi zuan. Morroe bi zituan menpeko eta iru neskatxa. Azken aldian, orraitio, Balbiñe maiz agertzen zan dendara eta Andertxo ere bai. Alabak, Libe eta Jone, alegia, iñoiz bertara agertzen ba ziran agertu, amak berealakoan biali egiten zituan, bere alabak dendari txoil izateari gutxi iritzita noski.
Bilbotar errotuen artean, beraz, oso ezaguna izan zan Usategi. Ezaupide ugari zuan arek, zabal eta sakon, Nervion ertzeko uritzarrean. Azken-urteetan sortu izan ziran ekonomi-baltsuetan, gutxi edo asko, ba zuan arek ezarririk bere diru-ornia.
Lenengo gerrate nagusian irabazi izan zituanak gorde izan ba litu, gorde! Ez ordea, iñungo gizonek aldiz aurretik gerokoaren berri jakin... Aro artan naizu-naizu ibili zan, eta geroago, bere txanponak ezarri zituan bazkuna batzuek, molokot egin zuten, eta Usategi-k, beste askok bezela, berriro jarraitu bear izan zuan bere bidezidor ezagunetik. Aren diruak, beste euskaldun anitzenak iduri, Bilboko diruetxe bik zart-egin zutenean, orduan geienbat urrundu ta galdutzat etsiak izan ziran
Alzola kale bazterrean parrastaka agiri zan laguna. Jende dotorea erruz, buruan betiere kapela ta ginbail arroa darabillen oietakoa. Txapeldunak ere ez gutxiago, aspaldiko urte auetan lagunik asko buru-as ibilten dan arren.
Martin Usategi-ren adiskide barrukoak, ortxe, barruan zeuzkaten ainbat eta ainbat oroipen. Irian edonork zekizkianak batzuek; agiriko gertaerak, gauza jakiñak eta amaika bider gizartean kontatuak. Besteak ordea, gazteak beintzat, iñundik iñora ere ez zekizkitenak. Iraganiko denboretakoak baitziran, ordukoen eta idekoen oroimenean zeudenak, eta alaz ere, ez guztien adimenetan errotuak.
Gizon ongi elduen solasak ala adiarazten zuan.
—Zenbat seme-alaba utzi ditu Martin-ek?
—Auskalo! Dendan alaba egoten da, alaba ezaguna. Onentzat utziko zuala, uste dut, denda; orixe adierazi bait zidan arestian Martin-ek niri.
—Denda bakarrik ezta izango, ordea?
—Jakiña ba! Denda eta zuan gein-geiena onentzat izango da, auxe baita mundu ontan utzi duan Usategi bakarra-ta!
—Eta besteak?
—Besteak, bakoitzak bere amaren abizena daramate. Eta oiek, leen gaztetan poliki aziak izan baitziran, Martiñ-ek utzitako edo emandako diruz, noski, oraingoan... eztute, nik uste e? —ez niri jaramon aundirik egin baiñan...— oraingoan, bidezko antzekoa da, ezer gabe utziko dituana.
—Beraz, ez deitura ta ez ezkur.
—Eta ezagutzen al dituzu zuk? —galdegin zuan irugarren batek.
—Ezagutzen nuan mutikoa zanean. Orain... aztarrena galdu dut. Aren abizena, zera... Insua zala deritzat, nonbait ere, eta geroztik...
—Eta neskak ere ba ziran, ezta?
—Neskak, orra-ara sakabanatu zituala uste dut, aurren laguntzailleentzat diru-mordoxkak zabalduaz.
—Erkabatzat edo jaio ote zanekoa zuan arek, nunbait, susmoa bere barruan. Alarik ere, guztietaz inguraturik bizitzerik ez zitzaion gogoko ta atsegin, agiri danez.
—Ez orixe! Bulko apartak zituan, buruera bereixiak. Mairutarren setako maiz eta sarri zirudian arren, emazteak edota beretzat gura zituan emakumeak urrun eta barreaturik nai izaten zituan. Eta beste teoria ere, ba zuan arek.
—Zein, ordea?
—Beretzat, emakume bakoitza, ama izan baiño leen...
—Milika zan egitan ura, e? Milika eta litxarra.
—Baita. Limuritu gabeko gauzen zalea, nolanai ere. Arraiopola!
|