|
XI
Diruaren egarriaz ere jarduten zuten aldi artakoak, iñoiz baiño sutsuago. Araibar-en arazu batzuk ez zebiltzan osoro gustora, hotel eta antzokiko bazkune artakoak beuren eztabai eta asmo bedegarrak bai zituzten. Irabaziak eta moral-arauak alkarri muturrak ausi bearrean ziranetan, orduan izaten ziran iskanbillik politenak. Batzuen iritziz, diruaren iturri guztiak ur gardena eta emankorra zuten. Irabazi ezkero, beste kontuak bakoitzaren lepo uztekoak ziran. Ur ona edan eta zindoro bizi edota ur likindua iretsi eta pozoiturik geratu, or konpon. Norberak daki zer gauza erosi; komeni zaiona; kaltegarriaz jabetu baldin ba da, eta dakiala, norena izango errua? Ez zan, gaiñera leenago bezela. Bai egunerokoetan eta bai elizako-ateetan ere, nai zuanak, ikus zezakean jaialdi bakoitzaren iritzia, zindotasunari buruz.
Batzarrera dei egin zuten igande batean.
Iñork ez zedukan hotelera joan bearrik; nai zuana joan zitekean, uraxe baiño garestiagorik eta merkeagorik ere ba zalako irian.
Eta teatrura, berdintsu zan. Ara zioana, bere gogoz ziran, iñolarez bearturik eta lotuta. Eta an, izan ere, berdin ematen zituzten monjen teatru-lanak, naiz «Las Leandras» doiñudun zarzuela ere; Calderon ospatsuaren lanen bat edota azken-soiñu ta baillet ariñez ornitutako dantzari zailuen varietés diralakoak, beti ere soiñekoz urri ta murritz, eragozpen baitira Madame Pompadour-en aldiko gona zabal, borobil eta anpatuak.
Eta filmen eztabaida aura berriz! Emen ere alde bitan bananduak ziran baltsu artako lagunak. Batzuek, modatik joandako gizon egiñak eta emakume elizkoi ta jaieratsuak geienbat, 2 baiño lumeru jasoagoko filmik ez zala, —zioten—, areto artan pasatu bear; erakutsarazpen orren erantzupenik ez zutela beuren barruak jasan nai. Oien iritziok, ordea, beste saillekoak irrika eta parreka artzen zituzten. Bai zera erantzupenik! Diruaren pozak isilaraz zezakean kezka txikerrenaren oiu motela.
Jakiña ba! Ez-ta alderatzekorik ere!!...
Kristo-ren pasioa ta santuen bizitzak edota erri-oidurazko teatru-kutsuzko pelikulak baiño mamitsuago, emankorrago ta aitorrago ziran, tokitan ere, Rebeka, Aizeak eraman zuana eta Eguzkipean alkar-iltzen, esaterako... Oiek ematen zuten dirua, oiek! Eta zertarako sortua zan ba baltsu aura, dirua irabaztearren baizik?
—Garatzak, ortarako sortuak dira, sakelak gizentzeko geienbat —ziotsen Araibar-ek, arduradun edo gerente bezela—. Urtearen buruan, kontu-garbitasuna eta bidezko dan korbona nai duzute, eta nola banandu, eralgitakoak jasotakoak baiño murritzago izan ezik, edo obeki esan, irabaziak ereindakoak baiño zati aundiaz gizenagoak ez baldin ba dira? Kezka ta zimikoz jardun bearra baldin ba dugu, gure aldetik uzteko gertu gaude. Talde bi oiek ba, erabaki batera jo bearra dute. Edota batzuek artu edota besteak jabetuaz, bazkune au dirutan zertu, eta bakoitzari berea emanaz, aurrera egingo dutenak guztia ordaindu dezatela. Orixe da alde batekoak, nire aldekoak uste dutena. Garatza, garatza da, eta ez txatxukeria.
—Ainbesterik zertan esan ez duzu, Araibar jauna —jardetsi zion Andertxo-k beste taldekoen izenean. Gure amaren mordoxkak ere nai luke bere bidezko irabazpena lortu, baiña, mailla zindoko zera ez baldin ba da, aurrerantzean garatz au uzteko gertu dagola adierazteko zuei, esan dit.
—Ederki itz egin du —zion adurra zeriola Martolo Fraille zeritzan gizon, bola antzekoak—. Emen agiri danez, aburu bitan banandu gindezke pertsonak. Bata: naiz eta diru eskasago etxeratu, barrua pake-pakean zaitu. Bestea: nola edo ala, urreaz jabetu; etzaio axola, erriko ta erbesteko nabarmenkeria guztiak jendearen belarri-begietan jarri, eta barruko kontu oiek inpernuko Txomin-ek erabaki ditzala.
—Bai, olaxen da —gaiñeratu zion Andertxo-k, Usategiren billobak—. Guztiok batean jarraitzea eziña dala ikusi dugun ezkero, egin dezatela eskeintza eta onartzen ba da, baldintza eta zeetasun guztiekin, geratu ditezela, bai hotel eta bai teatruarekin. Guk, gure aldetik, artuko dugu abiadura zintzoagoa beste bidetik.
—Noiztik ona orrenbeste zintzotasun... Usategitarrak!
—Noiztik onera, ez dakit, Araibar, baiñan ain zuzen zuri, edo zurekin naastu bidean zioanari eman nion nire emaztegeiaren bitartez, irakaspen txiki bat. Eta ez zaio damutu animadun ari, gure oarkizun egokia.
—Noiz, alegia?
—Buru txarra ez baldin ba duzu, gomuta ezazu arako Dorote bat eta aski da, au ezpaita biren arteko zeaztasunak auzipe jartzeko tokia... Orra argi esan.
—A, zu izan al ziñan? Nire bizitzan sartzeko eskubideak ere ba al dituzu?
—Zurean, zuk nai ez baldin ba duzu, ez. Neskatxa arenean, bai.
—Tira, jaunak, naikoa da —gaiñeratu zioten gizon sudur luze ta begi aundi batek—. Eztugu emen bear asarrerik ez astia alperrik galtzerik ere.
—Bukatzeko, ba, ona emen nirekin daudenen eskeintza: nireak —zion Araibar-ek— zio batzuk eta diru-neurri bat burutan artua dute. Zazpi milloe ta erdi emango ditugu, etxe ta beste zeren eskubideak gure esku geldi ba ditez. Bost urteren buruan, diru orren zorra garbitua izango da, osoro zuritua; bizkitartean euneko sei ordainduko dizuegu zintzillik dagoanaren emaitz bezala. Alegia, bost urteak bete orduko zearo ordaiñi al ba geneza, eskubidea ere izango genduke, une artararteko korria soillik emanaz, irabazi bezela; diru-adarraren berezko etekiña. Zuek pentsa ezazute, ba, eta urrengo batzarrerako gertu izan erabakia artzeko.
—Ori ez da gaizki esana. Guk gure dirua jasoko dugu, eta negozio zikiñetan jardun nai duanak, ikus beza bere adua, eta or konpon.
Etxeratu zanean, pozez zegoala zirudian Araibar zaldunak.
Etxerik ez zeukan euki berak; apopillo zegoan alargun baten etxean, eta ostatu artan ba zeramazkian pare bat urte baiño geiago. Ez zegoan, esan oi danez, seme bat bezela, ez; semea izateak menpeko izatea esan nai baitu maiz. Zaldun bat bezela zegoan, pagatzen zuan, eta ori egin ezkero, bere eskubideak zituan eta... beste egin bearrik gutxi edo baterez. Aren bizimodua bere gisakoa zanta, ugazabandre arek ez zuan besterik egiten etortzen zanean: jaten eman, eta osterontzean, aren gela apaiñik eta beti orniturik eduki, betiere txukun, ori bai, eta aren soiñekoak eta beste zerak ongi begiratu ta zaitu.
Ortaz gaiñera, Araibar-ek etxean edo ostatutzakoan, itz egiteko gogoa izaten zuanetan, egoki izaten zitzaion ugazabandreari, zaldunari arretaz entzutea. Bestelan ez zion arek asarrebide makala sortzen. Eta berriz, Manu-k kontu esateko aizerik ez zuanetan, ai orduan, alperrekoak izaten ziran etxekandrearen sudurra sartzeko gurariak eta erreguak. Alperreko ezezik, kaltegarri ere bai, zaldunak ezpait zuan beiñere ontzat ematen berari galdekizunik egiterik, berberak aurretiaz baimen tertziokoa eman gabe.
Etxera zanean, ba, eguerdiko orduak iraganik ziran, eta alarik ere ez zuan gertu aurkitu maia, bazkaritarako agur txeratsua egiñaz.
—Igandetako bazkaria lauretan al da beti? —galdetu zion amarruki eta destaiñez Araibar-ek etxekandreari.
Mezatan izan ote zan ba etxekandrea, eta belukoan atan ere!, bazkaria gertu ez egoteko? Bai zera beluko mezatan! Eguna zabaldu baiño leenago zekian arek elizako ateak igarotzen, eta pare bat meza ere gutxienaz beti entzun.
Geroago zuan, geroago, andretxo arek bere seta edo detua, edonork oi duan bezela. Eguneroko papera, asi aurretik eta azkeneraiño irakurri oi zuan, batez ere emakumeentzat irakurgarriena oi dan arian: ilberriak, ezkontzak, jaiotzak, esku eskatzeak, karrera-bukaerak, joan-etorriak, eun eta bost urteko atso baten bizimodua, orniketa-bazkunaren aginduak olloaren berriekin-eta, moden irudiak, zineetako gorabeerak, elizako albistak ere bai, eta sal-erosian zebiltzanen iragarki bakanak. Politika, ekonomi eta esport-konturik, ez asko. Radiotik ere entzuten eta jarraitzen zituan adi-adi entzunarazten zituzten sailleri guztiak, lapurrenak eta, amodiozkoak eta, eriotzaz beterikoak eta...
Baiñan, eta arratsaldeko ordubiak eta geiago izanik, Manu geien aztoratzen zuan zergatia eta amorrazioz jarten zuana, beste aura zan: andre arek, asteko erropak eta, igandeetan garbitu bearreko seta, astelenari itxedon gabe. Manu-ren alkandorak egunero garbitzen zituan, eta beste zerbait ere bai noski. Etxeko bukata nagusia, aurreko belaunaldikoak astelenetan egin oi zutena, ugazabandre elizarakoi arek, iganderako gertatzen zuan eta asi eta bukatu ere bai. Eta ori ezin jasan zuan Manu maitaketari ibiltaun arek.
—Atso barrabanaren jai-egunetarako jita biurria! Norengandik ikasi ote du onek orrelako gauza berririk, beiñere irizulo ontatik atera ez da-ta!
Eta bein berriro, adierazi ere egin zion andre Filo-ri, auxe baitzan aren izen borobilla.
—Igandeetan egin bear al duzu lanik geien, andre Filo?
—Ez, besterik egitea ez dugu ta, ezin ezer egin gabe besoak antxumaturik egon, ba. Gaiñera lanik geien ez da egiten, orixe ez, Araibar jauna!
—Nik baietz uste dut ba. Mezarik ez al duzu entzun gaur?
—Bai, Jainkoa lagun, iru ere.
—Eta gero, nola saindutzen duzu zuk eguna? esku-lan zakar oietan aritu izanik, atergabe, gelditu eziñik?
—Etxeko lanak ez dute amairik iñoiz, eta...
—Nai duzulako. Dana dala, jakin ezazu ori ere pekatu dala.
—Ni, pekatu egiten? Ona emen sermolari berria.
—Bai, nai duzuna esan ezazu. Txikitan ikasia dut, beste aazturiko zer askoren artean arako esaera: «irugarrena, jai-egunak jai-egitea». Eta zuk, andre Filo, ez duzu agindu ori be-te-tzen...!
—Arrigarri da, zera, zu bezelako bergante-xamar batek ni bezelako bati irakaspenak aurpegira jaurtikitzea!
—Bai, andre Filo, gauzak nola diran! Eta zorionen bategatik, ara, an beeko Peru Beltzaren sutegira joan gabe ateratzen ba zera, amaika bukata eta lexiba jo bearko duzu zeruan sartu baiño leen, ain zuzen ere zerean, garbitokian! Nun leku egokiagorik bukata-giñean jarduteko antxen baiño!... Ja, ja, jai!
—Errekontxo! Oroipenean dituzu, alegia, betiko egia eder oiek, zu beti ortik-emendiko bizi modu narratsean ibilli arren!
—Bearko gomutan izan, andre Filo. Ez duzu beti zillegi iñoren pekatuak aztertzen eta astintzen ibiltzerik. Bakoitzak ditugu gureak, noski ba, eta... atso mezajale eta jai-zapaltzaille diranak ere bai, dudarik gabe.
Isilik geratu zan, isilik, andre Filo, Manu-k sartu zion zirikada zala ta etzala. Ba zegoan bear-izanik ere. Baiñan, esanok gorabeera, jai-arratsean, barlan, an isekiko zituan atsoak, leiorik leio zedukan lokarri luzean, egundoko bukatadaren emaitzak: maindire, buruko, zapi, atorra ta alkandora, barruko miesak, oerako jantziak, kortinak, eta beste zerik ugari.
Manu-ri seigarren eta bederatzigarren aginduai buruzko jardunak egiten zizkionak, galdua zuan irugarrenaren jatorri eta esan-naia. Eta bakoitzak, leengo lepotik zuan burua.
* * *
Manu-k atsegiñez asi zuan maitakeri-bide berria, ta jarraitu zuan, arako donostiar Nini-rekin. Emen, ordea, gauza bakana jazo zan.
Sarritan joan oi zan, beraz, giputz iri nagosian atera zitzazkion garatzetara. An ez zegoan batere arriskurik, eta etorkizunak ez zion ezertariko buruausterik ematen. Izadiaren legeak, baiña, batzuetan paradoxadun eta itzulelezko dirudite. Biak makurbideak izanik, neskatxa gazte doakabe arek eskatu ez zuana iritxi zuan, azalez aren ondamendirako. Nini gibelandiak, ordea, nai eta bear zuan emaitz guri, aur borobilxko bat izaterik, ez zuan lortu.
Asiera loretsua izandakoa, egunak joan egunak etorri, gogaikarri itzuli izan zitzaien biai, bai Manu-ri eta bai Nini-ri, laketak bere neurria medar eta mergatza dualako.
Eta orrelaxen zioan ibituaz ibituaz, makalduaz makalduaz ezkonga eta ezkondu saltzaille aien artean, kalean bertan ustekabean izetu zan griña-txinparta.
Gero ta ugariagoak izan ziran alkar-ikusi bitarte egunak, eta egoera arek ez zekarren beste ondorenik, beti oi dana baizik. Aaztutzen aaztutzen, noizbait gogoa epeldu, geiago batu ez, eta bakoitza bere aldetik antolatu. Nini-ren senar tentelak susmoa edo norbaiten salakuntza jaso zuanean, ordurako joana zan aren emaztearen Manu-rengako jita leratsua. Ez zuan aurrik izan, eta Nini ren asmoak utsaren pare geratu ziran.
Ortik ez da ateratzen Manu-ren bide oneratzerik. Onek lendabizikoak zituan eskuarki aiengana urbildu ezkero; bikote erregarriak ba zuan artean zima gaiztorako joera donga aura: alegia, Mimex eta Ani lilitxoak, bargastak, beti lausengurako gertu, prakadunai dirua zirin-zirin biltzeko eta lan zintzoren batean jardun orde, alperkerian eta likiskerian bizitzako urterik onenak emateko.
Araibar-en neska-saillean, Kolombine eta Dorote geratu ziran garbi ta goragarrien. Onek batzuetan zer pentsatu eman oi zion Araibar-i. Emakumeak, ordea, ona ta txarra batean omen zeuzkaten —aren iritzi berekoian. Azken aldikoak bakarrik azterturik, berbarako: Loli, zintzoa izan zan, baiñan xinplea, erritxoko nexka, zuntzun-samarra agian; eta ona zalakoan... bere burua ez zuan il ba? Dorote ere, jasekoa, itxurazkoa zan, maita-erreza, polita; baiñan... barru gogorrekoa, biotz legorrekoa, ezker gaiztokoa, eta aren izterbegia? Saldukeria egin omen zion arek Manu-ri: alegia, denpora eldu baiño leen aldegin, bertzeak erori ziran jokoan irristatu gabe igesegin; eta ori ez zan barkakizun.
Eta Nini ere, zer ba? Emankor eta eskariberaa izan zan; baiñan asper-miñak jo zuan luzaroegi baiño leen. Xarmanta zan izan, amorante ona, batasun-asmoz biak ibilli ziran artean; bizi aundiko emakumea nolanai, ere. Iraupenik gabea, ordea.
Ainbat ezagutu ostean, ugariegi izan ondorean, soil izatea, bakarrik bizitzea ez zitzaion, egunetik egunera, ordurarte bezin bizigarri. Adiña, edota aragiaren nekea... Beste zerbaiten susmoa edo gurari-zimikoa sortzen zitzaion biozpean.
|
|