XII
Goizean, laiñoak, bere miise txuriak zabaltzen jardun zuan, eta itsas-ertzeko lurraldeetan, lanbroz beterik zegoan ortzea lendabiziko orduetan.
Jai eguna zan, eta udaran lanik-ez egunetan oraingo aldian oi dan bezela, jendea ara-ona ibilli-bearreko lera sakonari eutsiaz, beribil, motozikleta, txirringuts eta al zuanak al zuana, bideak betean zetorren kaialde politera, Atxaga erritxora.
Odei sendo biurtzeko almenik ez nonbait eta, goiz artan «frantsesa» (eguzkia, alegia), garaitzaille aterako ote zaneko zantzuak ziran, laiño melgera ta meaxka aura, zirt-zart urratu ta aienaraziaz.
Lendabizi iparraldetik, geroago etziñaldetik, une urdiñak, zeruaren zirrikitu dunduxkak laiñoaren zulo eta urratune bai liran, egun on baten aztarna ukaezin eta siñisgarriak ziran, iñolaz.
Oiñez batzuek, gaiñetikoak leen alpaturiko ibilkiñetan zioazten ondartzetarantz.
Txuri, urdin, ori, orlegi ta bitarteko kolore ugariz jantziak agiri ziran ondartzako itzalgarri ta toldo borobil eta luzanga aiek. Zein baño zein politago, bata baiño bestea zoragarriago. Gai txukun auek, ordea, ezer gutxi ziran, geroago ikusi al izan zitezkenen ondoan.
An zebiltzan batera ta bestera, Makari igarile-zaia eta aren seme Peru ta alaba Agurne. Igande artan zeregiñik naikoa eta lar izango zuten, aurki. Makilla eta taketak zutik jartzen zituzten, gero toldo apaiñen euskarri, ardatz eta abe izateko.
Makil eta taket auei, Makari-k eta aren alaba Agurne-k oratzen zieten; eta mutillak, Peru-k, zurezko mailluka lodi batekin joten zituan goitik beera, erruki gabe jo ere, bigarren danbatekoan ondarrean barruan erroak sartuta txut, sendo ta indartsu geldi zitezen.
—Obe izan genduan atzo, makillok zearo atereaz, bai! —zion Makari-k—. Ez al duzute ikusten noraiño eldu dan bart, itsaso asarre au?
—Ba, gaur berdin litzake atzo bezela ba letor ere, —ziotsan Peru, seme beso ta bizkar sendoak—; taket auek legorrerago egonaz gaiñera, barrurago sartuak daudelako.
Makari, txikia izan arren, aren aurrak egundoko mardul eta airosak azi ziran. Amagana eman zuten, antza, semealabok, amaren aldekoak oi zuten gorputz bete eta trinkoaren jabe bait-ziran. Larregian mardoa baiño ere, ondo egiña, egoki ornitua zedukan bere soiña Agurne-k. Gaztea zan, artean, eta udara artan zegoan lendabizikoz, aitari bere irabazpide-lanetan laguntzen.
Makari eta semea aspaldi ari ziran bearmodu aietan, eta bai erritarrak eta bai kanpotarrak —maiz ara eltzen ziranak, beintzat— ezagun eta konpiantzazko ziran aita-semeengan; trebe, langille ta burutsuak ziralako. Agian, amultsu-usai eta mazaltasunik geiegi ez zuten izango, baiñan tira! Batere papertzar eta liburu gabe erabiltzen zituzten ango etxetxo ta kaixeten gorabeerak; dana buruz, guztia egin ta pasa. Udara artako zer berria, nobedade zirikagarria, askorentzat orixe izan zan ba: Agurneren agertuera; neskatxa polit bat zegoala antxen, askori serbitzeko.
Iñara batek udara ez baldin ba lekar ere, emazteki batek, andrazko batek... ondorengo asko bildu lezake: gonadunak batzuk; bizardunak beste batzuk. Bizardun itz au, esan bat besterik ez da egungo egunean; bearrik, labaiña zorrotz eta elektrika-makiña zailu ta artarakoak ugari baitdira bazterretan.
Agurne-ren agertze ori, zer bakana izan zan. Mutillak pozik txalotu zuten aldakuntza, berrikuntza, edota geitze ori. Baiñan beste bandakoak ere...
Beribil zabal bat eldu zan, eta besteen buru-buruan jarri zan, bide zabalean. Marrubiaren kolorea ala otarraiñarena ote zan, ezin ziurki erabaki. Gazteak atera ziran automobilletik. Neskatoak iru; mutikoak bi. Erabiltzaille, gizon adiñekoa zan, illeak ia zuri, begi txikiak, lepondo gizen.
Neskatoak ez ziran liraiñak oso. Potolo xamarrak ziran, eta kolorez ezezik musu-tankeraz ere, urrutietakoak zirala ziruditen. Jatorriz edo endaz batipat. Bi orrelakoak; irugarrena beste kasta batekoa zan.
Mutiko bi aiek, gaiñeko prakak erantzi, alkandora orobat, eta slip dalakoz, ipi-apan, soiñekoz arin eta txoil gelditu ziran. Neskatxa potoloak galtza urdiñak eta galtza gorriak zituzten, estu-estu, bizkarraren izen donea galtzen dan tokian; belaunperaiño eltzen diran emakume prakatxo medar oiek. Izugarrizko aukeran zeuden, beraz, beuren ponpis guriak nabarmenkiro ikus-ulerrarazteko. Goitiko aldean, ba zituzten alako bermearrak oi zituzten alkandorak, zillaren pareraiñokoak, baiñan gerrian lasai eta aske, galtzetaz kanpo deslai eta jarei. Galtza gorridunak, alkandoratxo beltz. Besteak, ori bizi-bizia.
Irugarrean neskatxak ingelesa zirudian, lendabiziko ikustaldian bertan; aura, beroaren bildur zan, eta beribillaren aldamentxoan zirt-zart erantzirik, jantzi-gose zan zerbaitekin agertu zan, mundu guztiaren aurrera.
Aur-jaioberriaren piz-oiala, baiñuko erropa egokia, nunbait, illegorri arentzat. Alako bikini-kume zazpikirik ez zuten, artean, Makari-ren begiak ikusi. Paradisutik igesitako Eba rubia zirudian! Bai laister esan ere baiñista begi zoliak bere alaba ederrari:
—Agurne!... Zoaz jaioberri orri mantatxoren bat eskeintzera. Zilla osaturik daukala dirudi, baiñan... apaizen bat billatzen dugun artean; toki au egoki-eza baita bataiatzeko!
Joan zan, ba, Agurne beingoan turista elduberriengana eta adierazi ere bai an, orma-kontran letra aundiz idatzirik zegoana:
«Ez bitzate gizonezkoak slip txoillak jantzi. Eta orobat, emakumeak, prenda bi diralakoak».
Neska illegorri arek arrituaren antza artu zuan, eta bereala, arrotz-izketaz kontatzen asi ere bai:
—«One, two, three, four, and five» —esan eta urrengorik urrengo, zapatilla biak, gafak, piz-oiala eta bular-neurritzat inguruka zeukan zinta zabal bat kontatuaz, bost zirala gutxienaz, azaldu nai zuan.
Orduan, Agurne-k, ingeles jakin ezarren, jakiñarazi zion onelan, zeiñuz eta begiz, eskuz eta zirkinkadaz: —Adiskide, auxe jarri nai nizuke begien aurrean; alegia, ni jantzia nagoan bezela egon bear zendukela, beintzat. Txatxukeri geiegizko gabe, noski.
Eta erakutsi zion: an ondartza zabalean agiri ziranak; lokarri bi izan gabe, lokarri batekin ere arako soiñeko... «dexentea» izan litekela-ta. Kremalleratxo batekin, gertu dana, edota «jantzen» tankerakoa, lotura gabe.
Eta orduan, «oh, yes!» erantzun zion atzerritarrak, baiñan ez zuala ekarri-ta. Txanpon batzuen truke arkitzea, erreza zala ba; eta esan ta egin, Agurne-k utzi zion «jantzen» aietariko bat, ain zuzen berak soiñean zedukana une artararte.
Gizon zaarragoari dei egin zioten eta onek eman zuan, bear zan dirua, soiñeko luzeago artaz baliatzeko.
—Emen ez al duzute uretarako jantzirik, uzteko eta gero itzultzeko?
—Bai, —erantzun zion, Agurne-k—; ba ditugu gizonezkoentzat, baiña besteentzat ez.
—Eta zu, barkatu baiña, nor zaitut? —galdetu zion geroago.
—Zera, ni, baiñistaren alaba.
—Eta ez batere itxusia ere. Non dago zuen aita? Itzegin nai nuke berarekin. Edota berdin zait zurekin ere. Aizu, orain lanik ugari izango duzute, eta zein izango
litzake ordurik egokiena gero, bazkal-ondorean edo, itz egiteko?
—Laurak inguruan?
—Ederki.
Mutiko biak ere, beuren slip ariñen ordez, Makari-k utzitako short lasaiak zituzten soiñean, eta pelota aundi batekin jolasean ari ziran uraren ertzerago. Joan zitzaien ingeles neska ere, Agurneren «jantzen» motxarekin, eta geroago arako neska potolo beltzeranak ere bai. Auek, endaz urruti-xamarrekoak ziruditen eta, ez zuten besteak aiña berotasun somatzen ondartza artan, aien antzean larrugorri-antxa jartzeko.
Uiñak eta bagak deigarri ziran nonbait gazte aientzat, eta eguzkiak azala erre orduko, uretarantz joan ziran illegorria zegoan bezela; eta mutillak shortak kendu eta berriro slip-ak jarriaz; uretan barruan eragozpenik ez bait zegoan.
Beste poxpola aiek, toldo baten aldamenean etzin ziran, ondar bero gaiñean luze luze. Aizpak ziruditen. Borobil xamarrak zituzten arpegiak; bekaiñetan illea eskas, ezpaiñak gizentsu aukeran, sudurrak zapal. Ederrak agiñak, baita gerrigaiñak ere. Urrundiko itsasoetan oi diran aien antzekoak. Izkera gozoa zuten, astirotsua, eta eskumuturretan pitxiak eta pitxiak.
Aiengandik ez urruti zegoan soiñeko axala kiskaltzen Araibar begi ederra. Erdilo egon oi zan geienbat, eguzki-galdak ematen zituan izpiak bere gorputzera nairik. Baiñan, geroago jaikitzen zan eta ondartza zabal eta edatsu artan, alderen alde, eta gora ta beera ibilli oi zan, oillarra oillo artean bezala, emakumezko artalde gazte ta gustagarriaren erditik.
Ba zuten ordurako, ondartzako neskatxa gazte eta ez ain gazte guztiak, mutil txairo aren nortasunaren ikuspena, beintzat.
—Ori da galai ederra!
—Eguzkia da!
—Zer ote du begietan?
—Orrek, jainkotxoak emandako gorputza du.
—Dibortzioa eskatzeko ere, ori ezagutu ondorean! —jaiki zuan andre ezkonberri batek.
—Ai, guztia du ederra Araibar-ek!
—Nola dakizu orrenbeste?
—Ikusi eza,... asmatu.
Zana zala, Araibar zalduna ezaguna zan ordurako itsasegi artan, batez ere gonagabeen artean...
Izan ere, mutiko gazte estudianteak izan ezik, astegunetan, ez zan egoten an gizonezkorik asko. Baiñan Manu, berak jakingo zuan nola eta zergatik, udara artan lendabizikoz, sarri ta maiz egoten zan astegunetan ere, egonaldi paketsuak eta etziñaldi luzeak egiteko.
Erdilo nagiak azkar aizatu zituan goiz-erdi artan Araibar-ek. Jende artean, «harem» ikusgarri artan oi zuan arauz, oillarkiro batera-besteraka ibiltzen asi zanean, bai laister arin sumatu ere jende berriaren etorrera. Ba zekian jai egunetakoak zeintzuk oi ziran ere; beraz, oso berria zan arek sumatu zuana.
—Kontxote! —ziotsan bere buruari mutil ernaiak. Totolo bi oiek... bakarrik daude eta praka luzez jantzita eta alkandora ere bai. Gaixoak, otz ote dira? Bakarrik al daude, ala orain somatzen ez dudan norbaitekin?
Eta ondartza osoan beste inguruketa bat egitea otu zitzaion, usakumetxo aiei itsumustuan erasogabe. Beste gizon bat ere lanbide berdiñean ari zan, ordea. Au ez zan, antzik emateko ere, Araibar-en adiñekoa, askozaz zaarrago baiño ; «otsoak otsoari, ostera, laztan», eta orra ba nundik bapatean...
—Araibar jauna! —ots egin zion, automobil marrubi koloreko gizonak.
—Berbera. Eta zu?
Orduan, gizon ia ille zuri arek, eguzkitarako zituan bere gafa zabalak kendu zituanean...
—Ene ba, gure Galdona jauna! Noiztik ondartza mamitsu ontan?
—Gaur etorri naiz, gaur goizeon. Egiazki diozu zuk ondartza mamitsua. Ikusi ditut bai, lkusi ditut, ordu labur batean, emen erakusgarri dauden aragi beltzeran gazteak.
—Ai, Galdona, zu beti leena!
—Zu ere, oker ez baldin ba nago, aspaldi ontan... aspaldi ontakoa.
Eta alkarri, estutze sendoak egin eta bizkarreko biguiñak emanaz, pare-pare asi ziran uraren ertzean batera-besteraka, antxen ozkirriago egoten baita, eta oinpeko ibilgarria gogorrago, ibil-giroago. Atseden luze antzekoaren bearra zuala, adierazi zion Araibar-ek, eta astean, Bilbora ostera bat edo bi egin ezkero, gaiñerontzekoan antxen egoten zala.
—Emengo jendea, beraz, ezagutuko duzu onezkero.
—Asko bai, batez ere onera etortzen diranak. Auen irudiak ba dakizkit gutxi gorabeera. Jende berria ere, nabaritzen dut pizkor xamar. Esaterako, eta ori ingurutxo bat besterik egin ez dudala, ba daude neskato borobiltxo bi, bakar antzean, gaiñera. Alde artan daude, eta... exotiko dirala esaten dute emengoak, oien idurikoak eldu ezkero.
Parra zabala egin zuan une artan Galdona-k.
—Parra, eta zeri?
—Ez ote dira... Ea, ikus ditzagun.
Berberak ziran, Araibar-ek berritzat artu zituanak, alaxe ziran-ta; eta Galdonak berarekin ekarri zituanak. Aziera onekoak ziruditen neskatxa potolo aiek. Bikiak edo bikoitzak ziran.
—Oiek ere...
—Ez, Araibar. Oiek jende ona dituzu. Baiñan emen bero dago eta gaiñera egarri ere ba naiz eta, goazen zerbait edatera.
Andik urruti gabe zegoan bar txiki batera joan ziran gizon biak. Neskatxari ere, eskeintza berdiña egin zien; aiek, ostera, naiago zuten an egon, pozago zeuden maindire beroan etziñik, beuren sorterriko berotasun-miñak ukituak bezela.
—Vermout bi atera itzazu, gazte.
—Aizpak dituzu oiek, nire adiskide min eta barruko baten alabak. Lendabizikoz eldu dira Europara. An, urrutian, ekaldeko lurretan jaioak dira. Australian alegia, bainan ama filipinatarra zan, eta txikitatik antxen bizi dira, amaren alderdi artan.
Araibar-ek irriño gaixto egin zuan.
—Nire asmoak beraz, ezerezean gel bitez.
—Nolako asmoak zenituan, gero?
—Ez da orain beta egokia ainbesterik agertzeko, Galdona.
—Orduan, nik ere, ez dizut esango oraintxen berton bururatu zitzaidan lanbidea.
—Zein, alegia?
—Ikusi al duzu or igarile-zaiak duan alaba liraiña?
—Bai, ikusten dut egun auetan. Eta zer ba?
—Beste zeregin berrietan asi nauzu udara ontan, belu xamar bedere. Urrengorako gertuago aurkituko nau udarak. Emen oraindio emakume-jantzi eredu gutxi darabilte ondartzarako, agiri danez.
—Bai, biko oriek galaziak daude, eta gustatu ere, ez dira egiten emen.
—Zu ere, moral-kume egin al zera orain?
—Ez da ori nire alderdi samurrena, baiña, tira! Zu ere, iñoren alabak zaitzen asi zerala jakiteak, ni ere bide... zuzenagoan jarriko al nau!
—Azeria, illeak galduta ere...
—...beti azeri.
—Erretzen al duzu?
Paper meia urratu gaiñean, eta tabaku fin eta usaitsutiko zigarrotxoa eskeiñi zion zaarragoak.
—Zein marka duzu ori?
—Marka berezia, adiskide. Neskatxa oien aitak bialia da, eta oso atsegin zait; nire aorakoa da, iñolare. Ez du gaiñera, opiorik batere.
Itz au entzun zuanean, Araibar-ek esnaldia bezela izan zuan gorputzean. Gero, artu zuan eskuetan zigarrotxoa, ezpaiñetan jarri eta biak asi ziran, ao ta sudur, keia botatzen.
—Ta?
—Gustatzen zait. Beste alako saiñetea du, ziñez.
Galdonak bere asmo sorberria agertu zion. Modelu aien erakusketa bizia ta egunerokoa egiteko, bai errikoentzat eta bai ara zetoztenai, gorputz lirain ura artu zuan gogotan. Alegia, Agurne jantzi, bere soiñeko-eredu aietaz, eta antxen ibilli zedilla egunero erakusketan bezela, bere lana utzi gabe, eta guztien ikusgarri. Irabazpide izango zan neskatxarentzat, eta egilleentzat ere bai, auek bear izanean zeudenak omen ziran-ta, Galdona-k zionez.
—Zentzatu zerala guztiro, esango nuke —ziotsan narritari Manu-k besteari, azken aldera.
—Danetara, adiskide. Emen jaiki eta or erori, aurrera beti.
—Gizon urduriaren bizitzaldia!...
Gaiñeko egunetan, ondartzara zioazten emakumeak eta bestetarikoak ere, arritu egiten ziran Agurne-ren busti-jantzi apain eta panpoxak ikustean. Arritu eta mingaiñai burrundara eta askatasun izugarria eman.
—Aizu, Katalin, atzo ez nizun ezertxore esan, pentsatu arren. Baiñan, ez al zera konturatu Agurne igarizalemeak irugarren eguna eta irugarren modelua daukanik soiñean?
—Bai, Ketitxo. Ez dagoz lo nire ikusmenaren zerak.
—Zu beti apartekoa gauzak adierazteko.
—Bai, erretolika ikasten asi danetik...
—Or konpon. Auxe da kontua: nundik nora daukan gaur Agurne-k, beste jantzi berri bat. Orrek ez dauka ainbeste dirurik, besteok egiten duguna baiño geiago egiteko.
—Ondamuz al zagoz, Marilin?
—Ez ni, baiña, ez al da egia?
—Ori jakin nai baldin ba duzute, galdetu Agurneri eta kito.
Laugarren egunean, laugarren jantzia eta boskarrenean boskarrena, beti berria agertzean, neskatxen eta neskatx-ostekoen jakin-miña zoldu zan galanki, eta emakumeen mii errukitsuak, axut-intziriak egiten asiak ziran.
—Nundik nora arraio ateratzen ote du neskatxa orrek, ainbeste soiñeko? Bolu onekoa ote da gero, irin ori?...
—Ori esan ba!
—Apurtxo bat atzeratuak bizi zerate —ebaki zien batek.
—Zer ba? Ezer al dakizu zuk?
—Jakin ez, baiña... Ementxen ibiltzen dan norbaiten eskutik jasotzen ote dituan, zerak, neskatxa erakusgarri orrek. Nola du izena?
—Agurne, andrea.
—Beiñere erakusgura izan ez dana ere, badakigu, alegia.
—Oitu arte, guztia izan oi da berria, eta gero...
—Bukatu nai al duzu, andrea, asitako ipui ori?
—Ementxen ibiltzen dan batek ematen omen dizkio.
—Zerbaiten truke izango da, noski.
—Baita zera ere!! —esan zuan aots gogorrez eldu berria zan batek. Diruagaitik, laztanok, diruagaitik jantzi oi ditu modelu berriok Agurne-k.
—Ez dago argi, zer ori!
—Ez dagola argi? Ez al dakizute Bilbotik bialtzen dizkiola, bai, etxe batek eredu oiek, emen lanari uko egin gabe erakutsiaz, zerbait diru irabazi dezan?
—Angela Maria!
—Ori beste konturik da!
—Jakin izan ba gendu!...
Baiñan ezer jakiteke, asiak ziran egundoko fabula iraintsuak asmatzen eta barreatzen. Orain, ba zekiten: eredu bitxia nai zuanak, Agurne-ri esatea baiño ez zedukan. Zein numeru, zein margo, eta andik egun gutxiren buruan, gertu, batez ere neurriak zuzen jasoak izan ezkero.
* * *
Beste egun bateko illuntzea zan. Leentxoago eldu eta geratuta zegoan, Makari-ren txabola gorriaren ondoan, Araibar-en beribil txukuna.
—Agurne, emen dut zuretzat paketetxoa; Bilbotik dakart —ziotsan Manu-k.
—Bai? Geiagorik ez zutela igorriko uste nuan, ba.
—Zenbat eredu erabilli dituzu, zeure sointxo polit ortan, dagoneko?
—Eztakit ziur; katalogua emen dut, ordea. Gutxienaz, ogei bai, eta oraiñarteko guztiak bai politak ere!
—Zeu politagoa, Agurne. Orregatik dira txanbeliñago traje oiek!
Arpegiko koloreak gorri-eske asi zitzaizkion Agurne-ri. Iraganiko asteetan an ikusita ezagutzen zuan Araibar, eta geroago, iruzpalau bider jantzi-pardeltxoak bere eskuz eman zizkiolako.
Neskatxaren asalda biguindu naiean, bestela-baitakoan katalogua ikusten asi zan mutilla, eta neskatxari bizkarra emanaz jardun zuan apur batean.
—Eta zenbat eskari izan dituzu?
—Jendeak jakin duanetik, bi, iru, bost ere bai, egunean. Emen daudenentzat eta inguruko errietatik eltzen diranentzat. Neurriak artzea ere, erreza dirudi ta, oraiñartekoak pozik geratu dira beuren soiñekoa artu eta soiñean ikusita gero.
—Eta zein eratakoak izan dute fleitik geien?
—Ertaiña izenekoak. Gazi-gozo oietakoak ere, poliki, ordea.
—Eta onelakoak?
Eta ori esanik, an liburuan zegoan eredu berezi bat erakusten zion Manu-k.
—«Dernier eri» oietakoak?
—Ez, emen ez oietakorik batere. Gure artean ez dute beiñere exitu ta arrakesta aundirik izango, nik uste.
—Zergatik? —ziotsan Manu-k neskatxari, begiak tinki-tinki zituala aren begietan.
—Oiek... larregi diralako alderdi auetarako, beintzat. Kanpoan, zikinzulo asko dira.
—Niri gustatzen zait, ba.
—Ba, niri ez! —jardetsi zion deplauki neskatxak.
—Ez zaiteala asarratu uskeri orregatik, txantxetan esan dizut-eta.
Agurne-k urrundik entzun zizkion itz oiek, bere lanak bukatzearren txabola barrura sartu zalako. Egun artan alkilaturiko soiñekoak, euren sorbalda-makiltxoetan isekirik zeuden, bigaramonerako legortu zitezen. Alde batean zeuden emakumeenak. Erdi inguruan, gizonezkoen shortak eta beste baztertxoan, eredu berrien tokia zeukan, neskatxa langilleak.
Jantzi berri aiek gora aundia izan zuten inguruetan, eta poliki saltzen asia zan Agurne. Alarik ere, tankera polit aien ardatza, batipat, traje aiei gatza ta jasa eman oi ziena, Agurneren gorputz liraiña zan. Orrela zeritzan Araibar-ek ere. Eta au, asko ibillia zan.
Manu-k eskeiñi zion beribilla Agurne-ri, erriraiño joan nai zuan, esanaz.
Une artan, gizonezko baten geriza eskutatu zan txabola-atzean.
Araibar sartu zan bere popora, eta beingoan abiatu zan, ibiltzen asi eta gero ere, ostera beatuaz, neskatxari agur eta agur egiteko. Onek ere aoz eta eskuaz eta besoaz ere, egin zion agur txeratsua. Suntsitu zan bideukalandoan popoa eta neskatxak zartada bat jaso zuan bere esku gaiñean. Ikara aundiz bira egin zuan eta gazte bat aurkitu zuan, begiak amorruz, eta agiñak estutuaz.
—Zertan ari zera or gozokerietan eta agurka zalduntxo orrekin?
—Ni? Gizarteko legeen aginduz bakarrik ari naiz orrekin izketan.
—Eta orregatik gorritzen al zaizu masailla?
Gazte au Martzel zan, lanik geiegi egin gabe bizi zan aitaren seme kutun bat. Aspaldi asia zan Agurne-ren atzetik, baiñan gauza zerik ez zion beiñere adierazi. Alkarrentzat izango zirala bai, esan zion iñoiz. Makari-k ez zuan atsegin aundirik izaten, aura bere alabaren albotiko ikusten zuanean. Karrera bukatu gabe zegoan Martzel ori, eta egongo ere bai, azterketak bein betiko eragotzi ta baztertzen ez ba zituzten, beintzat.
—Ez al dakizu ori zalduntxoa dana, eta zure begira ez dagona? Eta gaiñera, ba lego ere, zu nire mendekoa zaitut, zuregan eskubideak nik ditut, lendabizikoak oi duan berezko legez. Azkenengo aldiz egin duzu, bada, orrekin itz. Aita joan al da?
—Ez, or dabil aulkiak biltzen.
—Orduan, ba noa bidetxior ontatik. Agiñaundireneko taskan egongo naiz zuri itxedoten, eta andik pasatzen zeranean, oles egingo didazu, joan dan astean bezela.
—Joan dan astean bezela? Orduan, zeu eldu ziñan nire galdez Maritxunera. Nik ez nizun otsik egin.
—Berdin da. Gaurtik aurrera, beti alkarrekin ibilliko gera, eta orrelan ez dut gero lorik galduko, nirea zerana jakingo dut eta.
—Zuk loa galdu? Ez al da izango ikasten aritzen zeralako, gaueko ordu isilletan, ikasle zintzoak bezela!
—Nik ere ikasten dut. Gaiñera, ez du gizonak liburuetan geien ikasten. Bizitzako berri dakit nik. Eta sakon, gaiñera.
—Bai, zaragiaren sakona somatzen jakingo duzu zuk.
—Isilik! —eta ori esanik, eskua jarri zion ao aurrean neskatxari.
—Ez dut zure bildurrik, Martzel. Zu baiño morroskoagoak ikusi ditut nik izeba Martareneko taskan egoten nintzanean, isiltzen eta ospa-egiten ere.
—Joko al zaitut!
—Jo nagizu, eta begi oiek, seguru egon, ez dute geiago izarren argirik ikusiko.
—Katua al zera begiak beuren tokitik erauzteko niri? Emakumeen indarra mingañean. Eta gero, ukitu bezin laister, bai olioa ere franku begietan beera.
—Aizu, aski da. Zer nolako maitari izan nai duzu, orrelako itz zakarrak esanaz, zuk maite duzula adierazi nai diozunari? Aitari dei egingo diot, eta ementxen ikusiko dugu zakur amorratuaren igesia.
—Ez duzu ainbesterik egingo. Neska, esan ezadazu egia: zuk maite duzu mutil dotore ori, ala ni nauzu begikoago?
Esku txuriak iraintzen ez dutela egia baldin ba da, alaxen izango da ; baiñan Martzel-ek irabazi zuan masaillekoaren otsa, an dantzari ari ziran olatuen marrua baiño zoliago izan zan.
Martzel-en agiñak kirriskada latza egin zuten, eta ez zekian zer egin. Batbatean otu zitzaion neskatxak oiuren bat egin ezkero, aita eta Peru ere eldu izango zirala, eta orduan, bere asmoak osoro galduaz batean, egundoko jipoirik mamitsuena gorputzeratu zezakeala. Eta, Agurne-k esan antzean, zakur astindua bezela joan zan Martzel errirantz, apal-apal eta isil.
Azkenik esan zion
—Agurne, Agiñaundiarenean itxedongo dizut.
—Bai, aitarekin eta Perurekin joango naiz araxe. Zaude lasa.
* * *
Luze iritzi zion Araibar-ek Bilbon eman zuan aste osoari. Garagarrilleko egun beroak izugarrizko labe nardagarri biurtzen ditu Bilbo-ko kaleak, eta ezertariko aize ozkirri gabe, zigorpean bizi bearra izaten dute ango biztanleak, urteko egun batzuetan.
Itsasaldearen falta zedukan Araibar-ek, eta adiskideai eta artu-emanetako ezagunai ere orixe esaten zien. Berekiko, geiago ere ba zekian arek. Udarako opera-jaiak, eder eta aundikiro ospatzeko antolapenetan jardun bearrak zeukaten lotua, Bizkaiko iri nagusian, gure zalduna. Beste lotugarriak ere, ba zituan, eta irakurleak ba dakizki sobera ere. Griña jakiñean asi zan ezkero, ez zan aste beteko ez illabeteko zera, bide aski ibillietatik bestelakotzea, nai izan arren. Osiñeko lagunak, batean bestean, dei egiten zioten; bazkari bat zala, afariren bat iñoiz, eta adiskide zaar eta berriei ere, agur malgua egin bearra...
Araibar-ek, ezarian-ezarian aldakuntza gogo-izpia somatu arren, ez zuan aski kemenik, egin gogo zuana, bertatik zirt-zart egiteko.
Bere etsaia ikusten ez zuanean, Martzel ere pozik bizi zan, eta neskatxari pakean uzten zion. Estraperlu-gaietan aritzen zan eta gaberako edari neurri dexentea izan ezkero, naiago izaten zuan, egia esan, gizonezkoen artean eta batez ere ardo bizigarritzan egon, eserita eta berriketari, bere maitetzakoaren atzetik edo ondotik batera ta bestera paseo nekagarrian ibilli baiño. Orregatik esaten zioten Agurneri bere neska lagunak, arekin ezkondu ezkero, beti ere alargun bizi izango zala neskatxa, eta Martzel, berriz, Agurne il arren ere, leen bezin laguntzadun, aren laguna, zaragi gerri gizena baitzan.
Manu-k pakete zabal eta zapal bat man zion Agurne-ri Atxaga-ra eldu eta ondartzako txabolara joan zitzaionean.
—Bestetakoa baiño luzeagoa da au, orratio —jaiki zion Makari-ren alaba liraiñak.
—Bai, ezin ukatu.
Azaleko lokarria guraize dirdaitsuz ebaki eta gaiñeko estalkia jasotzen:
—Enei! —oiuxka egin zuan neskak, karraixi alai bezela. Au ez da, bestetakoen tankerakoa. Zera, Araibar, au ez da uretaratzekoa; kalerakoa da au! Kalerakoa, Araibar jauna!...
—Noiz arte deitu bear duzu «jauna» itz ori? —esan zion gozoro ta labankiro Manu-k neskatxari.
—Aziera gabekoa naizela esatea ez ba duzu nai....
Eta jantzi politari bea eta bea ari zan. Eta ari beste ainbeste egiñaz zegoan zaldun apaiña. Ea gustatzen zitzaion, adierazi zion. Neskak, isilik, artu zuan jantzia eta zintzilik ipiñiaz, bere gorputzaren pare jarri zuan, zutik, sorbalda ingurutik eta beerantz, jantziak berez oi duan erorkera antza emanaz. Soiñean sartuta, egoki izango zuala jakiñerazo zion mutillari.
—Zure neurriak ikasi dituztela esan bearko.
—Olaxen da —erantzun zion. Ezta arritzeko ere, ainbeste egin bai dizkidate, eta auek baiño zaillago diranak, gaiñera. Uretarakoak; estuagoak; neurri betekoak. Arrigarri, ordea. Ez dago emen notatxo bat ere, bestetan bezela.
—Negozio ori aurrera dioaneko agiria duzu. Naiz itsasorako naiz legorrerako jantziak egiten dituztela adierazi nai du orrek.
—Ala dirudi, eta omen ditugu agergarriak; bat beintzat. Emengo modistak ez dute oraindaiño onelako taiu txanbeliñik atera. Zakua ere ezta, eta...
—Soiñekoa izango da beti ere egokiago, gorputzaren liraintasunerako.
—Ez uste, Araibar jau... Ba dira batzuek, zaku-lerro ori soiñeratuta ere, txairo ta ikusgarri agertzen diranak.
—Ba liteke. Baiñan nik neuk B. B.-ren tankera artzen diet, pelikula batean ikusi nuanez.
—Ez dut beiñere ikusi neska modu ori.
—Ezta nik ere bera, baiña film batzuetan bai.
—Ai! Lotsagarria da emakume bat orrenbestean beeratzea, eta edonoren begiak ikusteko aiñean. Entzun ditut orren gainerako kontu batzuek.
—Eta oneratzen diran atzerritarrak?
—Oiek ez dute jazteko guk bezelako gustorik. Ondartzara, geienak, motx motx agertzen dira; alaz ere, galerazia dagola jakiñarazi ezkero, bereala ulertzen dute eta ez dute naasterik eta asarrerik nai izaten.
—Eta, noiz jantziko duzu soiñeko berri ori, Agurne?
—Igandean, mezatarako, eta illuntzean, plazarako. Onelan apain jantzita ea norbait xuritzen eta kuturtzen dudan.
—Ori jantzi aurretik, ba duzu zuk bat baiño geiago xuriturik.
—Egia adierazi bear dizut. Beste askoren artean, bat da niri aspaldion paketan utzi nai ez didana. Martzel du izena, eta sarri askotan ibiltzen zait atzetik, maite-eskean eta zemaika, meatxuka. Ez zait batere atsegin mutil ori. Ez du lana maite; edaria bai, ordea. Aren aita ez dago egokera txarrean, diruari buruz; baiñan Martzel-ek, etorkizun beltza izango du, bapatean aldaketa izugarriren bat egin ezik. Eta ezta uste izatekoa.
—Ezagutzen al dut nik?
—Ez dakit, baiñan arek zu bai. Leengoan ere ementxe agertu zitzaidan illun-abarrean, zuk emendik niri aldegiteko agurra egin ondoan. Orduan ere, ni bildurrarazi guraz zetorren; ez zuan ardietsi, ordea.
—Zer egin zenion ba?
—Masailleko gozo bat eman!... Gaiñera, gure aitak ere, ez du orrelako mutillik nai niretzat. Alpenra, azkena da izan ere, zerbait esku-artea izan arren. Kendu eta ipiñi ez, guenerako baterez.
—Eta nolakoa nai luke, ba?
Neskatillak ez zion erantzun. Ez zekian zen esan ere. Jenderik ez zegoan ordurako, ondartzan. Eguzkiaren erraiñuak galduak ziran, eta gau leeneko arre koloreko giroak, bere illun-miña bazterretan barreatzen ziarduan. Peru ta aren aita Makari, azkeneko zerak biltzen ari ziran, etxe-alderantz berealakoan joateko.
—Eta zuk, ba, nolakoa nai zenduke, Agurne?
Neskatxa konkorturik zegoan, eta une artan, Manu-k biguinkiro eldu zion aren eskuari. Arek, eskua libre uzteko indar egin zuan, eta baita utzi ere aske mutil apaiñak.
—Min egiten al dizu nire eskuak, Agurne?
—Miñik ez, baiñan...
Utziko al didazu berriro zure eskuak igorzten? Zerbait esan nai nizuke eta orregatik nago gaur emen oraindiño. Zuk ez al duzu iñoiz senti izan mundu ontan, ainbat lagunen artean egon arren, bakartadearen estura, larri-antxa, barrenean? Agian, ez, gazte xamarra zeralako. Nik ere ez nuan leen somatzen, eta orregatik leku batean eta bestean, eta lagun batzuekin eta beste batzuekin ere lasa ta pozez ibiltzen nintzan. Lasaiegi ere bai, ibillia naiz; egia aundia da, eta... agian nire konturen batzuk entzuna zera.
—Gizonak beti izaten dute zer kontatu. Sarritan iñori ikasitakoa ematen digute beurak bizitakoa bai litzan. Ba dira emen orrelakoak, eta nik iñoiz, an izebaren ardandegian nengoanetan, gertakari berdin berdiña entzunik nuan bein baiño maizago, eta arrigarria! kontatzen zutenak, bakoitzari jazotzat botatzen zuten, eta alkarrekin zer ikusi gabeak ziran. Ba dira neskatxak, historio aundien jabe diran mutillekin ibilli naiago dutenak; ez dakit zergatik.
—Zuk ez dakizu, agian, nolakoa aukeratu.
—Ai, gure esku ba lego! Ba ditut nik begi-aurre ta gogoan zenbaitzuk. Dantza orduan eta, guztiak izaten dira atsegin eta adiguritsuak. Jolastutzeko gogoa oi dutenean; gero...
—Zure iduria, Agurne, atsegin zait niri ere. Beste asko ere izan zazkit. Orregatik jardun dut, loka ta zoroxka baten antzean. Zentzatu nai nuke, eta neure bidea arkitu. Bai, txiki; ulertuko duzu nik ez ditudala ogei ta bi urte, maitetasun-itz beroak esateko. Baiñan, gure bigarren gazte-aldian, barruko zer oiek, beste baretasun bat naiago dute. Eta zuregan, Agurne, egiten ditut zenbait amets, eta ez dakit lillura utsa ez ote diran. Ez al zera konturatu, txiki, zurekin nagoenetan beste zer guztiak alde batera uzten ditudanik?
Mutillak, malguki, libre utzi zizkion eskuak artu bezin askar. Neska, bere gauzak gordetzen ari zan, aguro.
—Zer diozu, Agurne?
—Zure itzok naasturik utzi naute.
—Ez al zera nire adiskide orain? Leen bezenbat, ala... geixeago?
—Leen bezenbat.
—Ez, gutxi da, Agurne. Gizon batek emakume bati bere barruko sentipen gordeak esatean, aien artean ezin diteke geroztik gauza, leengo zerean gelditu. Edota asarratu egingo dira; edota sakonago, atxikiago ta tinkoago izango da, biak bietara duten gogo edo susmo arrunta; erkide izango dira eta beraz, leen baiño adiskideago. Eta bestelan, erritxoetako neskatxak, arroak, buru-iritziak eta... eskergabeak dirala esan bear izango dut.
—Arroak, ez, Manu; eta eskergabeak, are gutxiago.
Bakarrik zeuden une artan txabola barruan. Araibar-ek amaika aldiz bere-bereak izan oi zituan amarrukeri ta loixintxak neskatxak biotz-xamurtzeko, ez zituan une aukerako artan baliagarri izan. Saio alek, ainbeste bider egindakoak, ez zuten eretirik izan une artan, azari-joko ezagunak zituan arren.
Araibar-en kolkoan indar berri baten aztarnak zebiltzan, iñolaz ere. Odolaren lendabiziko beroaldia joatean, zaiñak tinkotasunaz aspertuta nare ta bare dan giroaz zaletzen asten diranean, sortu oi dan egoera malgua, biguiñagoa. Eta ori zala-ta, Agurne-k ez zion, nunbait, beste ainbeste neskatxa gordiñek bezela, alako leratasunik eta griña-pindarrik piztuarazten. Aldakuntza artaz, arrimenez zegoan. Bere bizitzako mailla ez-ezagunera igoa zan, eta maitetasunaren lendabiziko zimikoak eta sentipenak ote ziran, galdetzen zion bere buruari.
Gurari berri baten ernamin lotsatia; nai ardiesgarria zitzaion barruko arnas-zabaltzearen kilima uxterra bezela.
«Araibar maitemindurik?» —ziotsan bere barruko beste anima-zatiari—. Eta orrela, lagun bat bakarra soil-izketan ez baiña elkarrizketan ari zan. Berberak esan eta berberak entzun eta erantzun.
Eta zergatik ez ba, biotzak, iñoiz edo bein uzta mardul eta aitorrik erakarri ez, bizitzaldi soil ontan? Ba dira, loriazki, belar txarrak, lupetza zikiñetik erraldaturik, betiko bizitzazko emaitz zoragarriak eman dituztenak.
Gaiñera, Agurne-ri beatzen zion bakoitzean, arako «Kolomnbine»-zaz oroitzen zan; izkutu-guna zuan «Kolombine»-zaz; misteriozko emakume eder, begi berde artaz...
|