IX
Filobusean eserlekuak artuak zeuden. Zutik eta nekez zeudenak ez ziran gutxi. Goizeko amarrak inguru ziran eta lozale goiztarrak, asiak ziran batera-bestera.
Zaldun txairo batek bere eserlekua adiguritsu eskeiñi zion andre gazte bati. Andreak, lendabizikoan ezetz, iñolare ezetz, adierazi zion gizonezkoari, arpegira begiratu ere gabe. Bigarrenez jasotzean eskeiñia, orduan bai, alkarri beatu zioten, eta biek alkarri irriparre goxo bana erakutsi ere bai.
—Eskerrik asko, baiñan emen laister jatsi bear dut eta.
—Nik ere bai, laister. Berdintsu gaude, beraz, baiñan orain xalotasun-kanpaiña ontan gauden ezkero, ni pozik, alegia, aziera onaren arauak betetzeko.
Emakumeak atsegin izan zuan, noski, zutik egonaren nekea arintzeko ordua somatzean; gazte aren krinka ta sotiltasuna oartzean, ordea, atsegiñago zegoala zirudian. Artean, eskuak uts eta billoiz zeramazkian emakumeak, baiña ordu artan bertan guanteak, esku-zorroak jantzi zituan. Eseri eta kartera-barrura bea ta bea asi zan. Noizbeinka, gazte txeratsuari beatzen zion, bestela-baitakoan, begi-ertzean zear, eta bereala betazalak nirrotuaz. Iruzpalau aldiz, bi bien ikusmen-dirdaiak topo egin zuten.
—Aizu, barkatu, zalduntxo; emen nun jatsi bear izango nuke Artekalera joateko? —ziotsan andre pertxentak.
—Ez du zertan ezer barkatu, ezpaita emen iraiñik izan. Nik neuk adieraziko diot laister, nik ere araxe...
—Orduan, lasai egon nindeke, ezta?
—Bai, alaxen da; ezin lasaiago. Nire kontu bego, ori.
Zaldun aura Manu zan. Emakumea, Manu-ren adiñeko edo, aren pare ibilliko zan. Jantzi zuriantzekoa zeraman, esnearen gaiñak duan kolore txuri-orixka; baiñan zati bikoa. Gonak, izurreztatuak, plisatuak alegia, zituan, ugariki gaiñera. Eta soiñaren goi-aldekotzat, marra fiñak zituan tela polita. Betartea ikusgarria zuan, agin txuri, begi polit, ille lastokara argia. Garri eta abar, lirain eta ongi zerdaituak eta armatuak, edozein gizonezkoren deigarri.
Urduria izan ba, egoneziña, eta karteratxotik zerbait atereaz, aren azalpean zedukan ispilluan bere bekurundea ikusi ta apaiñagotzen jarduan zuan. Lendabizi, alde batean jarri zuan ispillua, Manu-ri begira bai legoan, baiñan orrelakorik egin gabe. Urrena bizkarrez jarri zan, kalera begira bezela, eta orduan Manu-k ikusi al izan zion aukerara, emakumeak zuan lepondo guri ta bizkargoiti laban eta mardula. Eta oi zuan bezela, bai bere txosten edo diktamena bereala eman ere, bere baitako entzumenari:
—Neskato au ez da ain gaztetxoa, baiñan...
Eta ao barruan mingaiñari zartako eragiton zion, mandoak aizatzeko kemengarri oi dan mami-dardarez.
Emakumeak, berriz, egokera artan, ispillu-jokoz, Manu-ren irudia ikusten zuan, sorbalda gaiñez artaratua. Manu-k, bere aldetik, siñisgabeko otoia bezela egin zuan, jainkotxo biurriei eskerrak emanaz, filobus artan sartu izan zalako.
Santiago-ko elizaren saietsera eldu ziralarik, lurreratzeko eretia zala adierazi zion illetxurizko gonadunari.
—Ementxe gaude kale artatik urbil xamar gaiñera. Zu lendabizi...
—Eskerrik asko.
—Ni ere emen beeratuko naiz, eta zuk ezer atzerapiderik ez ba duzu...
—Batere ez, jauna. Eta gaiñera, zurekin ez naiz galduko edo.
Eztakigu nola, Manu jatsi zan lenengo eta eskua eskeiñi zion ximenkiro andere xalo ari. Onek, aren eskuari eldu zion, eta bapo, biak irriparreka aldendu ziran filobusaren geldilekutik.
—Ez al dituzu kale oiek ezagutzen?
—Iñoiz edo bein eman ditut emen egunen batzuek, baiña...
—Ezta axolarik; nik gogatsu erakutsiko dizkizut emengo zer batzuek, gaur egiteko larririk ere, ain zuzen, ez dut eta. Zera, Artekale esan al duzu?
—Bai, orixe esan dizut leen. Orain ordea, ez dakit ziur zein dan. Ezagun bateri agerraldia egin nai nion; ordea, ez dakit zein ataditan bizi dan.
—Berdin da; kale au ezta luzeegia ere. Izena jakin ezkero, beingoan arki genezake notin ori.
—Izenik ere ez dakit, baiña.
—Gizona ala andrea da, alegia?
—Andrea. Adi ezazu, emen gauden ezkero, ordea, zapatari on bat nun izango ote dugu?
—Ni naiz zapatari ona —jardetsi zion ao larriz Manu-k, abentura berriren batean sartua zala oartu zualako, berak ortarako zuan senaz—. Zer nai duzu, ba, zapatak konpondu, ala berriak erosi?
—Erosi, noski.
—A, bai!... Ba dira emen olako denda batzuek eta...
—Barruko jantzi fin batzuek ere, bear nituzke-ta.
Saltoka saltoka ugarituaz zioan poza Manu-ren kolkoan. Emakume arek, bere izketa lasaiaz ematen baitzion bidea ortarako.
—Orrek zerean... Andertxorenean izango ditugu franku. Andertxo ori ezagutzen dut nik, eta gauza asko izaten ditu beti ere. Araxe joango gera. Nik eztut emazterik, baiñan nire landolako gizonai entzunik dakit.
—Ofizina al duzu? Eta zertaz ari zera?
—Zertaz? Batean batean, bestean bestean, zerbait egiten dugu.
—Beraz lanera joan bear duzu, ezta? Eta ni iñor gabe emen bakarrik... Poza izan dut alkar aurkitzean baiñan, orain, ordea...
—Joan bearko dut, zuk aldamenetik bialtzen ba nauzu.
—Eta... bazkaltzeko ere, ez dakit. Zuk zeiñetara eramango nindukezu?
—Ori ateraldia! Gero ikusiko dugu nola portatzen zeran. Orain, goazen zapatak erostera.
—Ene ba! Eta dirurik naikoa artu ote dut?
—Emengo dendariak, ba dute ustekida beren bezeruengan.
Artesania duan denda txukun batean sartu ziran. Ango neskameak edo otseiñemeak esertokia eskeiñi zien. Eseri zan Manu eta geroxeago, aren aurrez-aurre neskatxa agin txuria. Lotsagabe modua iruditu zitzaion Manuri, andre aren sillan jarkera; gonadunak ordea, ez zuan batere zimikorik. Nai izanik jarria zan, nunbait; aprapos. Manu-k, orduan, ori igarririk, uxatu zuan berealakoan kezka-zimikoa.
—Nundiko arraia ote dut —zion berekiko Araibar-ek— argose dagoan urruxuna au? Adur onak narabil, nik uste. Bata utzi bezin laister, bestea datorkit bidera. Izan ere, zeinbat Ebaren alaba dabiltzan gogait-egiñik, zerbait nai dutelarik! Gizonak, txepelak eta zuntzunak dira, noski, nai dutena eskuarki izan eta artaz baliatzen ez dakitelako!...
Zapata pare bat, bi, iru, zazpi, amar eta geiago ere ikusi, aztertu eta oiñetan zertu zituan. Dendako neskatxak, egonarri oiturazkoz zeuden; Manu, ordea, ez ainbestean.
—Zein gustatzen zaizu, zera?
—Niri? Zapata guzti oiek baiño areago, eroslea dudarik gabe.
—Jendetasunez betea zu beti, laztan. Aizu, neska, ekar itzazu oietakoak, lumeru bat apalago.
Dendari-neskak joatean, izena galdetu zion Manu-ri katigu zedukan zorarazle biurri arek.
—Manu dut izena. Eta zuk nola duzu?
—Nini, zu maitatzeko.
—Zaude isilik, ormak ere belarriak dituzte-ta.
—Txotxolokeriak.
Zapata geiago ekarri zizkioten erosle urduri ari, eta...
—Auetxek. Ipini itzazu kajatxo batean, eta orain, nora eramango ditugu, zera, Manu? Etxean iñor ez dut eta... Agian, zure despatxura, eta illuntzean bialiko dizkidazu ni nagoan etxeraiño, ezta, laztan?
Bere experientziaz gaiñetiko eguna zeukan Araibar-ek goiz artan, eta arriturik eta bezaturik bezela zegoan. «Onetxek eman dizkit ederrak!» zion Manu-k bere baitan.
Dendariak ekarri zuan kajatxoa poliki estalia eta beste eskuan kontu-txartela. Kajatxoa Nini-k jaso zion aguro asko; eta beste zera zaldunari emateko agindu zion arpegiko keiñuz, finkiro, bekaiñak uztai-itxuran jarriaz, eta aldamenera joera emanaz. Manu-k, bada, kokodrilo-larruzko bere kartera atera zuan, eta tasta-tasta zabaldu zituan euneko paper batzuek, txintxo gaiñera.
—Berritan nik pagatuko dizut —zion Manu-k bere kolkorako—; oraiñarte konturik parkatzen ez dut ikasi, ordea. Ai Nini, zure ausardia aundia da, baiñan nik ere ba dut nire ezkerreko eskua. Arduragabe egon!
Kalera ziranean, Araibar isilik zegoan. Besteari eman nai zion asi-eskua. Aurrera ta aurrera zioazten. Ontan arkuperaiño eldu ziran, Erribera kaleraiño. Ez zion emakumeak beatu ere egiten arpegira Manu-ri. Beste denda artara joateko zirala uste zuan Manu-k, baiñan gonaduna isilik zegoan ezkero, bera ere, isildu egingo zan. Aurrera berriz ere biak, ibaia urak beera dioan bidez. Inguru artan izan oi dan iskanbil eta zaratak ez zieten zerik egiten aiei. Agian, zaparrada aien oiartzuna entzun gogo zuan emakumeak.
Manu-ren burua zalantzaz asi zan. Nor ote zan ura? Larrutik bizi ote zanen bat ote zan? Eta orren errazki lilluratu Manu gurizalea, marruskatua zan batek? Ortarako ba zituan aspalditxoko laguntxoak; Ani eta Mimex, esaterako. Aparteko joan-etorriko txori beti aldakor eta berriak kontatu gabe...
Baiñan aren jazteko era eta txukuntasunak ez zuan, noski, orrelako itxurarik. Aren gauzak gusto aundikoak ziran, eta galduak beti oi dute, dirua ugari eralgiaz gauza apaiñak erosi eta aietaz antolatu arren, beuren moduko zer txarra eta orregatik ba... Eta, zergatik ez ote zan irugarren ordenakoa, alegia, Nini... ezkondua ez ote zan, ezkondu jareia, egalaria? Duda auxe, egia biurtzea atsegin izango zitzaion. Egoera berria, jokalege ezautugabea izango zuan. Eskuetara beatu zion, eta jakiña, guanteekin, ezin izan zuan erestunik ikusi. Gaiñera, ori utsaren
pare zan: ba zekian erestuna askok, sakelean gordetzen dutela, bai emakumeak eta bai gizonezkoak. Oietariko adiskide bat ba zuan atzaparra sarri sarri esparadrapoz inguratua erabiltzen zuana. Gizarajoak min artu eta...! Ain zuzen, erestuna izan oi zuan parean bertan!
Misteriozko korapillo orrek azkura ta imurtxi ere egiten zion Manu-ri, bere oiturazko patxada ta mana arbinduaraziaz. Ezin izan zuan luzaroago iraun.
—Aizu, Nini, eta beste arek ikus ba giniza?...
—Gaiztoa zera zu, Manu. Aura, urruti dago.
—Gaur?
—Gaur, eta egun askotan ere bai. Gaiñera berdin da. Entzun nai baldin ba dituzu, gero esango dizkizut kontu asko. Eta orain, nora? Ez dut beste denda ortara joateko zer aundirik. Zuk esan ba!
—Taxi bat artuko dugu, eta garagera joango gera nirea artzera.
—Nolako popoa duzu? Txikia ala...
—Gaur, zabala aterako dut. Ba dut Diplomat bat, oso txairoa.
* * *
Nini ezkondua zan. Ez zuan begi txarra izan Manu-k berriz ere, beingoan sumatu ez arren. Ba zuan arek bere senarra, baiñan erbestean zegoana orduan, itsasgizona zalako. Ez zuten ordurarte semerik ez alabarik izan, eta senar-emazteen arteko poza ta alkar-bearra diran doai bikaiñak, izotzak jo zituan denpora baiño leen, eta zimur eta maskildurik utzi.
Olaxen jakin zuan Manu-k lendabiziko ezagutze egunean Nini-k esanik. Au ere, tamalez, ez zan birtute larregi zituan emakumea. Diruaren faltarik ere ez zuan, zapatak eta bazkaria ere Manu-k pagatu zizkion arren. Ipui ugari zeukan emakume ongi jantzi eta txairo apaindutako arek.
Eta asi ere, asi zuan kate berria egun artarik, Manu aspertu eziñak. Nini gangarrak bigarren senartzakoa zedukan, geroztlk, eta erraz gaiñera, apaizik gabe uztarturikoa. Manu-k, bere ustez, berriro ere zori adurtsua zuan. Zerbait aldatua, ordea. Debekatuzko emaitza deigarriago ta aokotsuagotzat zedukan.
Bakartadean zegoanaren laguntzaille izango zan, noski. Aren legezko lagunak zabarkeriaz utzitakoa, berak zaituko zuan, begiratuko, loisintxaz beteko, bizitzako une lazgarri eta nardatzailleak arindu eta alaitu bearrez. Filantropu egiñik zeukan ia bere burua Manu-k. Ongille bezela agertuko zan, andre gaixoei lagun egiñaz. Ez zuan arek makalean artu, Paul donearen esan gurbilla!
Senar biotz gogorraren ordezkari egin zan; aren utsegiteak gaiñezkatuaz betetzeko; andrearen gustoak egiteko; aren eskabide ta nai ta gurariak aintzat artzeko.
Urrena bildu ziranean, —Donostia-n alegia, an bizi baitzan Nini—, aopeko baten jabe ere egin zan Manu. Ezkontzausle eme arek, txoroki adierazi zion Manu-ri ezagutu zuanetik bertatik, artaz maite-zorabiatua zegoala. Eta geroago, usoen antzera alkar-urrumaz zeudela, bai emakume kaxkarin arek kantatu ere arako bertsu aura, Bilintxena, eta zerbait ukituz aldatua:
«Amodioak nire biotza zureganuntza darama...
............
Aur batek berak izan gaitzala zu aita, eta ni ama...».
Isilpekoz betea zan ordu ezti artan, orrelaxen adierazi zion, mingañean eta kopetan lotsarik aski ez zuan emakumetxo lirain arek bere maitale berriari, gurari donga baten txingarra.
|