III
Larunbateko lanak egin ondorean (illunduta zegoen zearo ordurako) ba zioan etxerabidean zear Loli Mena.
Alzola kalean barna iragaitea otu zitzaion, an ere, ezagupide berri-berria bai zedukan, eta badaezpadan... Ez zuan ez aurkitu, bezperako mutil gazte eder aura. Etzekian asko neskatxak, mutil arek ordu artan izango zuan lan gozoaren izaterik. Izan ere, anartean, Andertxo-k, larunbatetan zazpikaleetako dendak gaiñean izan oi duten zirriparra ta urduritasuna beregan zuan, emakumerik geienak bat etortzen baitira astearen azkenengo egun ortan guztiak dendarik denda, erosketa izugarri ta zoragarriak egitekotan.
Mostradorean dagoan dirukutxak txilin jotzen asteko gogoa agertzen duanean, dendari-buruak izaten duan gorputz osoko dardare dantzaria, mozkor-antzekoa izan oi da-ta, Andertxo-k ere, su ta gar zituan bere kemen eta kirioak, aitonak utziriko saltoki artan.
Biotzak orduan, oporraldi izan bear, interesak bait zizkion barruko zerak guztiak menperatzen eta lotutzen.
Loli-k, aurrera ekin zion bere bideari. Kolkoan, ordea, alako mingostasun-kerrua nabaritu izan zuan. Baiñan tupustez uxatu nai izan zuan zetorkion buruera.
—Asmatu ere, nola egin dut nik, ordea? —ziotsan bere barruari—. Nire begira egongo al dira Bilboko zalduntxoak? Ergela! Baserritar bat besterik ez naiz eta. Arrazoirik etzaio falta gure jostelekuko «mutxurdiña» deritzanari. Nire begira egongo dira emengo mutiko aberatsak!...
Alarik ere, txairoak, aziera onekoak eta eskuartedunak izatea, atsegiñago zan, dudarik gabe. Bestelako aldea zeukaten bere erritxoko ta inguruetako auzoetan ezagutu zituan mutil traketz, oles eta esgotak. Aien ezpaiñetatik gauza biguin eta samurrik entzun neskatxeri buruz? Tokitan!! Izan ere, eztia ez izaki astoaron aorako egiña.
Eta begi aurrera, urrengo eguna zetorkion.
Igandea; Pumanieska; eta geroago, Manu, maitari berria, lenbiziko xalanta...!
Lapurreta egin zieten tokira eltzen zan bakoitzean, egunero izaten zuan kolkoan zarrada. Ebasle aiek gaizkiñak ere izan ba lira!... Eta tiroz artu izan ba lituzte? Egunkari guztietan agertu izango ziran bere irudia eta Manurena, bizirik edo illik.
—Ai, ez, ez! —zioan berealaxe—; il ez. Oraindaiño ez il. Gazte naiz, eta bizitza bat eta gaztezaro bat baizik ez dugu.
Gero, berriro bildurrak gainditzen zuan, eta bere errian zer esango zutekeen, pentsatzen asten zan.
—Loli, nola baiña mutil batekin, biak bakar ta txoil, beribil batean sartuta, erriko kanpoaldetik, bide ulun eta medarretatik? Ezin zitekean orrelakerik siñistu ere egin. Edota, auzoko errementariaren emazte guztia-zekianak esan oi zuanez: «Josten ikastera joan zala Loli edo Urlia? Ez ote dabil ori urratuak egiten, konponketan ari gabe?... Ai, neska jakiñezak!!».
Onelakoak gogora etortzen zitzazkionean, burura eramaten zituan bere esku txuriak, eta norbaitzuekin bidean topezegitean, burutik arin asko jatsi ere bai, buruko miñez edo zoratuta zegoala zabaldu ez zezaten.
—Eta tiro bana eman izan ba ligute ere, zer ba? Alako alkarrenganako naiak baturik giñoazan, alkarri begira, alkarri... Niregatik sartu zan, dana dala, arrisku artan, eta niregartik izan izango zukean kalte ori Manu-k.
Aste osoan, ez zekian, ordea, aren berririk. Igandean, berriro erriratzean, ez ote zioten ezer egin?
Duda ortaz kutsutua, loak artu zuan neska samurra, igande bezperako gabaz.
Igande goizeko orduak eta alaber arratsaldekoak, idi nagiak bezenbat etzuten aurrerarik egiten. Luze bai luzeak izan ziran Loli-rentzat.
Eta «Pumanieska» dantza-etxean zegoanetik igesi zioazten orduak berriz, laburrak eta ariñak! Eta artean, Manu-rik agertzen ez. Latzikara ematen zion erloiuaren iges egin bearrak. Gaiztoa zan izan ere orduaria!
Gazteak, dantza dantzari ari ziran, beste egunetan bezela. Neska ta mutil, ezkonga, ta ezkondu bakanak ere bai noski. Nola ba dantzan egin gabe egon, emazteak gogorik ez dualako edo, ainbeste lili atsegingarri torika zeuden artean?
Jotaldi batzuetan dantzan egin zuan Loli-k ere, itxaropenaren ilintia izeturik zeukala, artean. Beste batzuetan, an bazterrean egoten zan, nekatua bai legoan. Berriketan asi eta egin nai, eta ezin ezertaz axolapetu.
Ormako orduari begira eta atera begira. Noizean bein areto artatik irten ere bai, eta malladi aldean eta, ikusmiran ibilli. Alperrik. Ez zegoan oraindio mutil arroaren aztarrenik. Aztu egin ote zitzaion? Bai zera! Maitetasunaren kaltezko ogen garratza zitekean. Kanpoan? Agian, orixe bai ziurrago. Eta, bear bada, «Arizona»-n edota nik dakit ba nun, beste neskatxa apaiñagoren batekin, ondasuntsuagoren batekin...?
Beste pentsamenturik ez zebillen Loli-gan. Eta lagunak (auzokoaren samiña, ene atsegiña) ziri ta ziri zebilzkion.
—Nun sartu ote zaizu zure printze urrezko illeduna?
—Bidea aztu ote zaio?
—Zure irudimenak atsedenik ez al du izan, iragan zortzi egunetan guri alako lillurak barneratzeko?
Loli naigabetuak egonarri ta eroapenez jasaiten zituan irain eta arinkerizko ele oiek.
—Ez al dut nik naikoa zerik, zuek niri burutik eragin gabe? Zoazte zerera!
Eta berriro dantzari ekiten zioten; Loli-rekin biñako egiten zuanak ezpait zeukan ez esatea besterik, mutillen aukera gabe zegozten, ura zala ta etzala.
—Zure zera eldu ez dalako, emen egon bear dugu irutatik bein, mutil alaiekin dantzan egin gabe. alargunak bai giñan? A zer nolako...!
—Ondo al derizkiozu, Loli? Urrengorako beste zer bat asmotan artu bear dugu. Au ezta, egitan, igande baterako plana!
—Ez, ez, eta ez! Ez derizkiot ongi onela mintzatzeari. Ez dakit zer diodan ere! —esanaz, erdi negarrez, begiak ezoz disdis, beeko ezpaiñari agiñak ezarri zizkion Loli-k, amurruz—. Zuek ere, ba zerate ba, aialdeko izateko pertsona egokiak, alazaiña, niri pare bat orduan lagun egiteko damuz zaudetenok. Ara, garbi entzun: nai baldin ba duzute, zoazte; utzi nazazute bakarrik, bertanbeera. Baiña jakin ezazute, egun eta eguzki, etzeratela zintzoak, betiere durdurika eta zalantzaz bizi izango zeraten aurrak baizik.
Izutu-xamar egin zituan esanaldi orrekin bere neska-lagunak, eta oiek parkeske antzean egon ziran geroztik. Eta andik laisterrera, zaldun lerdena agertu zan sarrerako ate zabalean.
—Loli, ikusten? Orixe ez al da? —adiarazi zion batek.
—Baita; berbera da. Berritsu alenok —ziotsaten geroxe pozez parrastan—; ez dakit nik zer egingo nizuteken ere...
Esku-gaiñez legortu zituan begietan irten nairik zeduzkan malko lodiak, eta ispillutxoren baten billa asi zan esku-karteratxoan.
Anartean, Manu, batera ta bestera bea ta bea ari zan. Neskatxak, oiñak eta gorputza eta burua zutikago jarriaz, ikusmenarekin, begiekin dei egin nai zion.
—Loli, ezin izan dut oraintxe arte onera eldu. Onik al zagoz?
Ez zekian neskatxak egoera ta asperraldi luze mingotsaz mintzatu, ala pozez bere burua agertu.
—Aspaldi... leentxeago beintzat.
—Eta...?
—Kezkatzen asia nengoan. Zertarako esango dizut gezurrik?
—Jakin ezazu, berankor izaten naizela geinetan... Orra ba, urrengorako.
Ondo zekian Manu-k ze ordu zan, eta Loli-k etxeratzeko ordua gaiñean zuana. Ez zuan izan ezin etorririk. Axari-axariki, bere gizarte-jokabideak oi zituan Araibar zaldunak. Lendabiziko egunean ez zuan neskatxa barru-barru ezagutu; eta erritxoetako emakumetxoak ere, batzuek nolako prendak izan oi diran, ba zekian ark jakin.
Orregatik ba, bere eskolako gaia zuan, emakumeari, geienetan, astapenetik nekea ematea, jasan-bearra, eramanzale biurtzea, jasankor itzultzea; orrelan gero, uztarriaz oituta, asaldatzerik eta goragoraka asterik izan ez zezan.
Etzan zozoa, ez, Araibar zalduna; ernea baizik. Atsegin izaten zitzaion, bertzalde, maitadoiñu ta intziri samurrak, neskatxaren aotik minberati emanak, patxadaz entzutea.
Dantzaldi bat bakarra egin zuten.
—Etxera joan bearko duzu onezkero, Loli? Goazen bada. Urrengoan izango dugu nai aña dantzaketa.
Manu-k sumatu zion negar egin zuana. Ez zion ordea, aipatu ere egin. Isilik gorde zuan, kolkoan, bere oarkizun ori.
Kalera ziranean, neskatxak beatu zuan ingurura, aren beribilla ezagutu nairik. Bost edo sei an zeuden kale-albeniaren ertzean.
—Zein da zurea?
—Adiarazi nizun nire-nirea ez zala. Gaur ezin izan dut ekarri. Ni baiño nagusiago danak eraman du. Oiñez ez al duzu joan nai?
Neskak, baietz erantzun zion buruaz. Bearko! Pozik zeukan barrua, eta leentxoago izandako ito bearreko larritasun aura, ezin esan bestean arindu ta ibitu zitzaion. Eta neska-lagunen arantzazko itz aiek! Eta orduari piperraren zoratu-erazi bearra!
Alaz ere, bere mutil potoloa, iraganiko igandean bezin eztitsu ez zegoala berarekin, iruditu zitzaion. Mingaiñera ere irristatu zitzaion Loli-ri zerbait esateko zera, baiñan une egokian balazta emanaz, ito zuan aitor-asmo ori, ausarkeria ta oieskeria besterik ez zala izango-ta. Manu, eize-zakur azkarra zan. Arduratan egon zan aste osoan, lendabiziko alkarrekin egoteaz geiegi linburtu ote zan-ta.
Beti alkarren ondorik, kaleak iragan zituzten, biak aske ta jarei. Arako lapurren tokira ziranean, Manu-k, besotik sendoro oratu zion eta legunkeri geiegi gabe, esan ere bai neskatxari:
—Ementxen, arriskuan geundela alkar maitatzen asiak gerala oroitzen al zera?
Eta neskatxak berriro lilluraz ta sentimentuz, begiak uxter zituala, gazteari so-egin zion, ezer erantzun gabe.
Manu, poztu zan, aren zintzotasuna oartuaz.
Olaxe, mutillak besotik elduta joan ziran bidealdi luzexkoan. Neskatxak, bere barruko poza irauliaz, asteko kontuak-eta esaten zizkion. Manu-k, egia esan, ez zuan arreta aundirik deusezkeri aietaz. Ba zekian Manu-k bien artean zegoan alde nabaria, gorabera ezagun-ezaguna. Baiñan, ordurartean bezela, kolkopean zeraman irritsak aurrerapidea ematen zion, neska bakun eta malizi aundi gabeko artaz pozaldi ta aragi-asetzeren batzuk izatekotan. Asko zituan ezagunak, emakumeen artean; guztiak ez osasunez gaiñezkakoak. Batzuekandik artu ere izan zuan gorputzean zerbait gaitzeri.
Errekaldeberriko bolatokiaren ondoan dagoan arbolateri inguruan gelditu ziran neska-mutillak. Bazter illunbezu artan aurrez aurre jarri ziran, ez asarre, ori ez.
—Loli, zergatik negar egin duzu?
—Noiz negar nik?
—Gezurrak oiñak labur ditu, edota luzeegi.
—Bai... egin dut.
—Eta zer dala-ta?
—Zuregatik. Ez ditut oraindaiño gizonak ongi ezagutzen.
—Nik ere ez zu. Ez ditugu guk emakumeak beingoan ikasiko.
—Zer dute ba emakumeak?
—Zuek zer? Milla katramilla.
—Eta besterik ezer ez?
—Bai. Auxen, gizonen nekeak arintzeko.
Ta ori esanaz neskatxari irugarren musu luzea ezarri zion ezpain gazte bero aietan.
—Aizu, nire errian ez dute orren errez uzten, musurik egiten.
—Baserrietan, azaletiko itxurak aundiak eta gurbillak izaten dira, agirizko lotsarren. Baiñan an ere, bakartadeak, zabal, luze ta illunak... eta orduan iñor lekuko gabe.
—Nik ez nekian orrelako zerik.
—Utzi itzazu apaizen kontu oiek eta...
—Apaizenak bakarrik al dira, ba?
Ez zion Manu-k erantzun, itzez beintzat. Ez zuan orduan ortarako gogorik. Ezekerian zeuzkan bere zentzuak. Loli ere isildu zan. Bestearen begietan, toki illunbezu artan ere, dirdari bakanak sentitu zituan, eta gizon maiteminduaren egoera zala senak emanik, pozik zegoan, atseginez burutik beatzetaraiño.
—Maite izango nauzun itza ematen al didazu, Loli?
—Bai, nik maite zaitut, zuk ere maite nauzula uste dut eta...
Ostoartean aizeak zinkurin egin zuan, neskatxarenaz bat etorririk.
* * *
Jaieguna berriro eldu zanean, goizean, egoaizea putz eta putz jaiki zan. Neguko egun otzen artean, aize onek gazte ta zaarren gorputzak puxka bat zerbeltzen ditu, zuzpertzen ditu, ardauaren izpirituak egiten dituan antzera.
Oartu zuan Manu-k eguraldiaren tankera, eta pentsaturikoa betebidean jartzea erabaki zuan.
—Zertarako illuntzerarte itxaron, ene usakume orri? —zion berekautan—. Asko itxarotea da. Ark geiegi jakin baiño leen, egingo ditugunak egin eta...
Eguberdi inguruan jaiki zan. Meza, Erroman entzun zuan, ardigaldu askok duten usarioz, eta neskatxari nundik-andik mezua igorriko, Indautxu alderantz joan zan, eta geroago Errekalde ingururantz abiatu.
Bazekian etxea zein zan, numerua zekialako. Bizkitartean, an kalean, atadian, leioan edo agertu zitekean Loli, eta batera-bestera begiraka asi zan.
—Mutikotxo onek, ez dirudi motela. Dei egingo diot.
Eta tebeo zarpil bat irakurtzen ziarduan mutiko mee ta zorrotz bati ots egin zion.
—I, ator onera. Polita al duk kolorezko paper ori?
—Bai, jauna. Polita da.
—Zarra ta zikiña, ordea, ez?
—Baita ori ere, jauna.
—Beste berriagoren bat nai izango ukek, ba, ik?
—Bai, nork emana ba nu.
—Diruak emango dik, diruak.
—Ez dut dirurik ordea, ta...
—Oraintxen izango duk. Baiñan lendabizi niri, mandatu bat egin bear didak. Ara, ikusten an 48-gn. zenbakia, etxe kankail artan?
—Bai, jauna.
—Irugarren etxoiñera igongo aiz, eta iru ate izanik, erdikoan joko duk. Orduan, Loli etxean dan galdetuko duk, eta olan baldin ba da, auxen esango diok: «Manu-k esan du, gaur lauretan, bolatokian itxaroteko». Etxean ezpaldin ba zegok, i etorri adi ezer esan gabe. Ulertzen?
—Bai, jauna.
—Artzak au iretzat. Joan adi azkar. Ni, ementxen egongo nauk.
* * *
Eguzkia, nagi nagia, etziñalderantz joan zan, neguko argialdi motxetan joan oi dan bezela, ibillaldi labur xamarra egin ondorean.
Aren dirdai motelak eman zizkioten azkenengo igurtziak Arnotegi-ko piñadi zarratu eta trinkoari. Lendabiziko izar goiztarrak, keiñuka ziarduten Eretza mendi eskergaren goitian.
Askari gozoa eman zion Manu-k bere neskatxa berriari, janari fiñak, edari goxoak. Ametsezko bizitza baten asieran zegoala uste zuan onek, alako gauza xarmantak beretzat zirala oarturik.
—Erre nai al duzu, kutun? —zerraion bein eta berriro Manu-k.
—Ez dut oiturarik erretzeko.
—Beti du lelo berdiña zure jardespenak: ez dut iñoiz entzun; ez dut iñoiz ikusi; ez dut beiñere proatu; ez dut... Orrela, beti aurtzaroan bizi bearra izango duzu aurki.
Eta parra zabal eta ozenak egiten zituan mutillak. Guenerako, neskak ere, parrari eman zion.
—Sargore dagola dirudi, negua izan arren. Ez al zera bero?
—Bai, puxkat baietz esango nuke.
—Egarri ere ez al zera?
—Bai, egarri ere ba naiz.
—Eta zeren egarri? Emen ez al duzu edari onik?
—Bai, baiñan goxo izanik, egarria ematen dute.
—Zuk ere, goxo zeralarik, orixe ematen didazu niri.
—Nik?
—Nork, ba? Andrakilla lurrezkoa ote zera ba, eta ez emakume gordina? Egarri zeralarik, zergatik ez didazu beste zerbait eskatzen zure egarri ori ase dezazun? Zure ezpain lodi oien beroa arintzeko, ez al didazu ezer galdetzen?
—Lotsatu egiten naiz.
—Zu geldi egon zaite, eta nik lagunduko dizut alperreko lotsa ori uxatzen.
Iri aundian ere, an, or, emen, iñarika asiak ziran millaka ta millaka txingar isioberriak. Maitaketa ordua eldu zitzaien gazte ero aiei, Arnotegiko piñadi zarratu artan. Manu, ordurako maisu bikaiña zan eta...
Afal-aldian, etxean, Loli-k askari astuna egin izan zuala-ta, gabon! esanik bere logelara aldegin zuanean, bere izakera zerbait bereiztua zegoala senti izan zuan eta alako baretasun-falta edo ekurueza oartzen zuan bere baitan. Alare, bere buruaz arrituta, loak artu zuan laister.
Astelenean, Loli, etxetik beti bezela atera zan. Baiñan jostelekura bereala joateko kemenik edo ez izan eta, Parke alderantz joan zan, beste kale batean zear.
Igandetako neska-lagunei azalpen bat zor izanik, zer esan eta nola, gogoetak egiten asi zan, joanaz.
—Ederki! Nire errian eta etxean izan nintzala azalduko diet. Edota nire lengusua eldu zala eta arekin joan nintzala arratsalde guztirako, eta azkenean, bai, ikusi nuela Manu.
Bapatean, ordea, zimikoak zuloa egiten zion barruan. Zertarako gezurrik bota? «Manurekin ibili nintzala eta kitto». Manu-rekin artueman aundiak egin bai zituan igande artan. Arekin jan zuan askari ederra, arek eramanik, eta alkarri iñoiz baiño maite-kontu geiago esan ere bai. Agian, ez esan bakarrik. Eskeiñi ere, eskeiñi zion bere maitetasuna, bere biotza eta bere askatasuna. Ari lotua zegoan jadanik. Ari lotua!... Arena zan, mutil arena!...
Parkean eserita zegoala, goraki mintzatzen zan neskatxa maitemindua. Eta an inguru zebillen garbitzaille batek galdetu ere bai:
—Norena, neska? Nik ez dut bear orain emakumerik. Nireak egin zuan!
Eta neskatxa, zurbil eta izu, jeiki zan bereala eserlekutik, eta aguretzako ari bai esan ere, isilik bederik:
—Agure ezea, ez bestena!...
Igande berria eldu zanean, neska-lagunak alperrik jardun zuten Loli-zaz izketan eta ari itxedoten.
—Leengo jaiegunean ere, berdin egin zigun. Eta gero zer da kontu, eta bere errira joan zala edo norbait etorri zitzaiola eta geroago bere mutil kriket ori arkitu zuala ustekabean eta... nik al dakit zenbat ipui berri.
—Baliteke errira joana izatea; baiñan adierazi genion geiago gurekin etortzerik baldin ba lu: edota toki jakiñera agertu edota adionez jakinerazi guri. Eta bestelan, or konpon.
—Ura gabe ibilten giñan leen ere!
—Bai eta lasai asko gaiñera.
—Neska ona dirudi, baiñan ni neu, ez nau osoro betetzen Loli-k.
—Egia esan, parkatu baiñan, zu egoki betetzeko gauzarik ez dut uste danik ere.
—Bai, morokilla nunbait.
—Orra or beste Tutuluberde. Eztakit nola zatozen gurekin, orrenbeste jakin e ta.
—Neska ! Asarrea artzeko aiñako zerik ez dudala aipatu, esango nuke.
—Bai, zuri errez zaizu nai duzuna esatea. Gero, ordea, oso zailla besteen azalpenak eta bearrezko akarrak irestea.
Pumanieska-ra joan ziranean, aiek ere, beste printze odol urdiñeko edo gorrikoaz izan oi zuten lillura. Alperrik ostera.
Gauza batek arritu zituan baiña. Manu ikusi zuten dantza etxean sartzen eta geroxeago aldegiten ere bai. Ez zan iñondik iñora agertu izan Loli. Eta neska-lagun azkar aiek, ez zuten kopetik izan gazte eder usaigozodun ari, galdekizunik egiteko.
|