|
XIII
Udaerdiko egun paketsua zetorren, mendiak zear eta itsas zabalean barna. Udazaleak ainbeste atsegin duten aietakoa. Iparraldetiko aize legunak dardarazten zituan, ordurako ondartzan ezarritako toldo txuri, urdin eta beste kolore askotakoak.
Beribil aundi bat eldu zan, beste txiki askoren artean, plai bazterreko bide zabaleraiño. Barrutik, eta gaiñeko tokitik ere, neskatxa sail ugaritsua jatsi zan. Araibar ere antxen zan gustora, jende gaztea ikusi nairik. Gonazabal, galtza-gonak, galtza estuak, guztietarikoak zeuzkaten poxpolin alai aiek. Ez du iñork esango, beribillean gora ta beera ibiltzeko eta, mendian ibiltzeko eta, txirringutsean naiz eta vespetan ibiltzeko ere, galtza-gona oiek egokiago ta zindoago ez diranik; andrak galtzak dituztela beti, zer jakiña baita, sarri askotan agerian izan ezarren.
Apaiz bat ere ba zetorren, aien gidaritzat, noski.
Eldu berri oiek, ba zekiten bai, nora zioazten. Ez ziran ara bestela-baitakoan eldu, ez. Bost minutu baiño leen, neskatxetarik geienak soiñekoz aldatuak agiri ziran. Berogarri zitzaizkien gaiñeko jantziak erantzi; eta arin, zal eta airos, batzuek politak ziran; besteak ez ainbeste, gizonak ere, oro, ederrak ez diran bezelaxe.
Ondartzaleen gisan zeuden beraz: soiñeko bakar bat, eserlekutik galtzarperaiño. Oin eta iztarrak aske, esku ta besoak alatsu. Eta lepondoa batez ere; eguzki goxoaren distirak eta itsasoak duan lurrin xamurraz azalak larru polit, beltzeran, erakusgarri jarri zezazkieten. Nork ukatuko dizkio, bada, xotiltasuna eta eder-ukia ta ximenernamiña dan emakumeari, bere izakera ta kuntza-inguruak txukunagotzeko ta erakusgarriagotzeko egin nai dituan saio ta alegin bitxiak? Erraz da noski, aldikada bateko moden kaltez, lerroak lerro ematea. Alabaiña, nork ez du naiago egungo egunean, neskatxa beltxeran bat aldamenean ikusi, eguzkiak mamitsuki gantzutua, emakume zurbil azaltxuria baiño?
Ondartzan, geroxeago, guztiak ziran antzeko; betiko bezeruak eta eldu berriak, lendabizikoz joanak, eta bertako egiñik bezela, olatuen joan-etorriak, uraren tiraiña, aitzarteetako kresalaren zurrunbilloa eta egun bakoitzean itsas-azal eta barruak, ordurako zeukan seta biurria ala mana barea ezagutu uste zutenak.
An zeuden bada, guztiak barreaturik, sakabanaturik; erriko, erbesteko, kanpoko, eta atzerriko. Asko ta asko, ondar berotuaren gaiñean etziñik, besoak zabal, lotsati itxurarik gabe; beste batzuek uraren ondorago, saltoka, pelota aundi koloretsuekin jolas alai eta liraingarrietan. Atzerritarrak, egia esan, geinetan nabarmentxoago zeuden, jantzi urriago, motxago, atzekaldeetan medarrago ere bai, ipur-mami zatiak ere, eskeiñi guraz bezala iñoiz... Ikasleak ere, erraz biltzen baitira gai oietarako, nai izan zezaketen aiei antzeman, baiña...
Apaiza, aitzartera joan zan; eta an, magurio, lapak eta beste zerbait arrapatzen ote zuan, denpora pasa, ari zan.
Araibar-ek bizkitartean, ara ta ona egiten zituan inguruketa eta ibiltaldiak, batean ondar igarra zegoan aldean; ondar ezea zegoanean, urrena. Ikusgarri zana ikustatu zuan, eta eguneroko aldaketaz jabetua zan. Agurnerengana jo zuan, eta agur gozoaz txeratu ondorean, jende kanpotar aura, nontarra ote zan ea zekian, galdetu ere bai.
—Bilbotarrak dirala, esan dute. Zein eliz-barrutikoak, ezdakit. Ez al duzu iñortxo ere ezagutu?
—Ez. Politak al dira bilbotarrak?
—Zuk jakingo duzu ori, nik baiño obeki.
—Bai, badira an politak; emen ere bai. Gaur ondartza ori, «ninfaz» bete da.
Neskatxak eztul egin zuan, eztul-gaizto, ezer entzun ez bai luan; eta an nunbaitetik otsegin zioten eta, utzi zuan Manu bere zerera.
—Egunon, apaiz jauna, zertan ari gera? —erran zion Manu-k an aitzartean magurioak biltzen ziarduan elizgizon gazteari. Karramarruren bat ere, artuta zeukan, aitzaren zulagune batean utzia, sabelaz gora, eta agiñak ausita.
—Ementxe ba, zertan edo artan. Txikiak dira bildu ditudan zer oiek, eta jateko, ez dakit ezer izango ote duten.
—Berotasuna ere gorputzeratuko zuan ba emen, galanki. Aitzarte ontan beti ere itoago eta kixkalgarriago oi da eguzkiaren sua, aizeak ezpaitu lasai artzen bazter onen kolkoa. Zergatik ez du etorri nai ara, gure toldopera?
—Ez, ba, eskerrik asko; emen ez diot iñori kalterik egiten eta...
—Kalterik, an ere ez. Apaiz batek ez dut uste, iñon ere kalterik egin dezakenik.
Parre samur egin zuan apaiz gazteak ezer erantzun gabe, elizkoi aundiren batekin topo egin zuala uste izanik.
—Gaiñera, beste gauza bat ere bai, apaiz jauna. Zergatik ez du emen bustialdi gozo bat artzen?
—Emen? Jende asko dago-ta.
—Orra ba. Erriko apaizak ordu inguru auetan ez dira etortzen beiñere, ori ez. Oiek, goizean edo illuntzean agertu oi dira murgilaldia egitera, gorputza ur garbi eder ortaz ezotzera. Baiñan erbestetik datozten apaizak, nik ikusten ditut sarri; oiek, beste edonor bezela, gure antzean ibiltzen dira emen. Nai baldin ba du, or baztertxorago eta uretan ere, alde ontarago. Baiñan, batere... keri gabe. Apaizak ere, bere eskubidea du...! Nik diodana! ... An dut gerizpe atsegiña eta etxola erosoa, jazteko eta erazteko. Ur-praka motzik ez baldin ba du, ba ditut nik oietaz beste batzuk, eta utzi dezazkioket.
—O, millesker, jauna. Orren bestean kuturtu nauan ezkero, mustatu bear izango dugu ba, ur garbi ori. Apaizgei nintzanean ez nintzan makalena igarian. An, Saturraran-en egiten genituan gure saio izugarriak. Orain, ez dugu ainbeste aukerarik, ez astirik.
Manu-k eskeiñi zion galtza motza artu, eta sartu zan etxola batean. Aguro gertu zan igarilari soiñekoz, eta agertu berriro, bere laguntzaillearengana.
—Ikusten al dituzu gazte beltzeran bi oiek? —ziotsan Manu-k, leen esandakoaren bermagarri bezela.
—Bai.
—Apezak dituzu. Barkatu, jauna, orain zuka eraso ba diot.
—Barkaturik dago. Beraz, apezak, e?
—Alaxen, jauna. Alemanak gaiñera, illeak beltz xamarrak dituzten arren.
—Eiki.
—Geroago ikusi al izango dituzu beuren apaiz jantziekin. Galtza luzeekin, noski, eta burutsik, beti burutsik, emen beintzat, egun eder auetan. Automobilla ere ekarri dute, norena ez dakit; agian, norbaitek utzia...
—Guk ere ekarri dugu ba, beribil galanta.
—Apaizarena, ez ordea.
—Ori ez. Gure irabaziak ez digute ainbesterako ematen, eta bear ere ez dugu; bear gorririk beintzat.
—Bilbotik elduak, ezta? Jendea erruz etortzen da andik onera. Batzuek, eguzkia artzera edo... Besteak, kresalaz, itsasertzeko uraz soiña bustitzera. Eta ardandegiko ur beltzez barrua bustitzera ere, bai. Guztietarako zaletasunak ditugu-ta. Eta aizu, nai al duzu uraren ezpaiñerago joan gaitezen, emen baiño ozkirriago egon oi da-ta?
Elizgizonak bestearen onua aintzat arturik, joan ziran itsasalderago.
—Ikusten al duzu zeinbat kristau emen, amak emandako jantzia baiño zertxobat geiago dutelarik? Emakumeak ugariago dira, noski; gizonak lanean eta beste zeretan jardun bearra dutelako, nonbait. Baiñan betiere, emakumeak zaleago dira ondartzan ere, euren buruak agertzeko. Gizasemeak, noiznai ta nunai, beti lotsatiago, nik uste.
—Nola dan.
—Bai, ziur asko. Ara: elizan bertan ere, ez al dituzue ikusten? Ni oroitzen naiz beintzat, gazte nintzanean zer gertatzen zitzaidan. Joaten nintzan lenengoetarik jaunartzera, eta ez dakit nundik edo nola, baiñan emakumeak, gaztetxoak ez ainbeste, baiñan zerbait adiñekoak, oiek besteentzat begiramenik gabe, sartzen ziran aurreko aldean, beraiei tokatu gabe. Eta ortarako, bultz emendik, oiñak zapaldu bestetik; eta iñoiz, emen, urdaillean bertan ere, ukalondoz sekulako takatekoak emanaz, niri eta edozeiñi, batere kezka ta zer gabe. Lotsatiak aiek?... Eta emen ere, esan bezela, mutil sasoiko batek lotsa geiago izango du, bat-batean eta oituragabe egonik, galtza motxetan soil geiditzeko, neska batek «jantzen» oietako batez... ikusgarri agertzeko baiño.
—Alarik ere, oraindiño ba dira neurriak zorionez, neskatxa zintzoengan, emakume guztiak ezpaitira aziera berdiñekoak ez aiurri berekoak; eta batez ere, barrubizitza garbia daramatenak, oiek, ba dute beuren antza, beuren zera, alegia, osoro lotsagabe eta nabarmen gorri ez agertzeko.
—Eta zurekin etorri diran neska oriek ongi ezagutzen al dituzu?
—Baietz uste dut.
—Eta ementxen daude, egunero etortzen diranekin batean. Ikusi ditut asko, eta liraiñak ere ba dira, nire iritziz. Aien gogoak ezagutzea...
—Aien gogoak ia osoro ikusten ditut, baztertxoren bat, agian, izan ezik; iñor gutxik agertzen baitu alderenalde gogoa, luze-sakon-zabalean.
—Eta nik, apaiz jauna, nola esango nuke... Nik, emen dauden neskatxen gorputzak ia osoro ikusi ditut, baztertxoren bat izan ezik, zuk esan bezela.
—Gogortxo ez ote duzu itzegin?
—Ez dut uste, ez dan gauzarik esan dudanik.
Apaiza oldozkor jarri zan eta itsasoko uiñen joan-etorrian sortzen zan apar txuria, bits garbia ikusi ta ikusi jardun zuan.
—Apaiz jauna...
—Barkatu. Pentsatzen ari nintzan. Olatu sendo oiek, burrukan ari dirala, alkarrekin, aizearekin, naaspil eta odol-antzeko burruka ortatik zikiña besterik ez luketela sortu bear, iduri du. Eta alaz ere, ekaitzaldi gordiñetan izan ezik, bits txuria, apar gardena eskeintzen digute...
—Jauna, alberdanian esan dizut zirikada ori eta...
—Ez, ez kezkarik izan, esan duzun ezkero, adiskide. Pentsamentu ori gogoan izango dut, ene apaiz gogoan. Alegia, zorrotza baita izan ere... «Anima, ia osorik apaizari erakutsi; eta gorputza, ia osorik, edozein gizoneri». Gogortxoa ezik, gogorra ere ba da.
—Ni, ario ortaz jarraiturik, geiago ere pentsaturik nago. Nik an, Bilbon, teatru baten goi-mallako ardura dut. Eta nire kolkorako esan ere bai: antxen jai eder batzuek emtateko, kanpotik datozten tiple oiek baiño, neskatxa zurbil eta mee eta gosekil antzeko oiek baiño, naiago izango ez ote nitukean, (esaterako, ondartza ontan dauden berrogei edo irurogei neskatxa mardulenak) an, eszenarioan agertu. Jantziak, berdin xamarrak dituzte, eta gaiñera alde aundia: larrua beltz eta eder, eguzkiz betea eta gose itxura gabe.
—Lasaiki mintzatzen zatzait. Dana dala, gezurtia ez dirudizu.
—An, teatruan, minuto laburretan pasatzen dira batetik bestera, aurreko xubinko artatik ere. Gaiñera distiraz beterik, pitxi dirdaiez, eta beti ere, soiñupean edota dantza ariñez; soiñuak eman oi duan eder-giro ta bizitasunez. Emen ordea, or daude ordu luzeetan, gure ondoan ere, metro batera, eta urbillago ere bai, eskuaz ukitzeko moduan, edonoren aurrean; eta urrurik, duan, ikuskariak. Nun oiek baiño vedette jatorragorik?...
—Barkatu, adiskide. Igari egimgo al dugu?
—Bai jauna, kunplimentu gabe.
«Aitaren eta Semearen» egin zuan apaizak, eta Manu-k ere bai, ur txikian eskuak kresalez bustiaz. Onek egin zuan lendabizi zanga, —buruz aurrera urpean sartu—; orrela asierako ozkirri ximikoa bapatean aizatzeko. Apaizak ere pozik egiten zituan bere saioak; gaztetxotan egindakoak, nonbait, atsegin aundiz oroituaz.
Udaran batez ere, itsasertzeko ur garbiak duan erakarpen gozo eta laketez betea, gorputzentzat, guztientzat erabat, eskaiñigarri da izan. Ordea...
«Zuk, animak ikusi ia billoiz; nik, gorputzak, alatsu»...
Esanera onek, durundu egiten zion belarrietan apaiz animazale gartsu ari. Durundu eta kilika, kilika eta imurtxi. Mingarria agian, mingarria...
Uretatik irtetzean, Araibar, apaizari zerbait geiago esateko asmotan zegoan. Apaizaren kolkoan kezka sartu zuan; baiñan bere barnean ere, Manu-k, ba zuan, iñolaz ere, bere arbintasuna,kezka-nekea.
Alkar ezagutzen ote zuteneko zera, agertu edo ez, zalantzan zebillen mutilla. Alaz ere, bere esku ibiltzen oiturik bait zegoan, apaizaren ezagupideak edo adiskidetasunak, askatasun aura urritu eta eskastuko ote zion, bildur-susmoa bezela zuan. Bide zabala estutzea ez zitzaion atsegin. Buruenik ere, mintzatu gogoa agertu zion apaizari. Eta ortarako ez zituan gero jarri, leen ipiñita izan zituan betaurreko beltzak.
—Nik geienetan, ementxen ibiltzen dakit berriro ere, azalean ditugun bustialdiko ur-tantoak legortu arte —ziotsan Manu-k apaiz mazalari—. Atsegingarri izaten da, batez ere otzik ez dagoanean. Orrela, axala gozatu eta beltz-igurtziz jazten da, eta oraingo modako kolore ortaz jabetzen gera, gizonok ere. Beste batzuen ustez, ordea, kaltegarri da orrelakorik egitea. Eguzkiak berebiziko aukera izaten omen du gure azalean jorraketa mamia egiteko, gorri-gorri utzi eta geroago zauritxoak sortuaraziaz. Ta gerri inguruan ere, soiñeko bustiz irauteak, ez omen du batere onik egiten.
—Beraz, beingoan legortzea ta aldatzea izango da egokien, ezta?
—Nai duzun bezela. Ta... gustatu al zaizu emengo ur garbi ederra? Emengo ondartza txukuna, emengo edertasun guztiak?
—Bai, aspaldi ez naiz emen egon, eta orra, gure neskatxak asmo ona izan dute onera etorriaz. Bustialdia ere artu dugu ba, eta ori, zuri eskerrak eta gure Jaunari ere bai. Zenbat zor diogun Berari! Zenbat edertasun eta zenbat onura, sarritan aietaz gaizki baliatzeko!
—Ondartzak buruauste aundia ematen diete elizgizonai Euskalerria-n, ezta?
—Bai, olaxen da. Gauzen neurria, izari egokia aurkitzea ez da beti erraz izaten; eta bizkitartean, izaten dira, bai, oker-ulertze, ezin-aditu eta naasmendu ta asalda biurriak.
—Nik neuk, neurri edo esteri kontu orixe da, egundo zertu ezin izan dudana. Jainkoak gizona libre egin zualarik, gero uztarri oiek... Gaztetxotan ikasia dut, e? Geroztik ez dut batere sakondu gai ori; egia.
—Aske ta bere esku, bai. Eta orain, galerazpenak eta neurriak eta esiak arkitzen dituzu nunai, ezta?
—Bai, nik nai nukean baiño maizago bai beintzat. Eta ori, nik uste, arako teori-buruaz mutur-joka dabil. Ez dakit nik.
—Teoriak gure animaren iduria du, ez du neurrirík sarri askotan. Baiñan gure gorputzak bai, neurria du, eta motxa gaiñera. Eta biok ditugu guk alkarrekin, bata bestean sartua edo iregazia, oraingo ibillaldi ontan.
—Barkatu, apaiz jauna. Zigarrotxo bat orain, atsegarri bezela?
—Ez, gaur ez dut erreko ba. Ori ere, neurri bat dugu, borondatezkoa ordea. Legeak, neurriak eta loturak dituan bezela, borondateak ere, esi eta naiko-espenak ditu.
—Nire borondateak, ateak zabal izaten ditu, geinbat. Ez naiz zale izaten langa estuak ipintzeko, bitarte aundidunak baizik.
—Esaterako...
—Ba, esango dizut. Ni, ezkongei naiz, eta uztarri ori artu bearrak alako narda erakarten dit biozpera.
—Eta, ez al duzu beiñere neskatxen batez maitetasun gorabeerarik izan? Ba dira gizonezko batzuek, lotsor edo lotsatiagatik izanik, emakumeenganako narda edo destaiña-kerrua izaten dutenak. Oraingo gutxiesmen ospatsu orren kutsua edo, dutenak.
—Ai, olakorik ez, Aita. Emakumeak ezagutzen ez ditudalako ez da, eiki. Larregi ere ezagutu ditut, agian. Emakumearen gogoak ez du niretzat misterio ta zador geiegirik, uste dut.
—Orduan,... franku ibillia zera, beraz? Gai sakona artu dugu eta tamala litzake... Zera, barkatu; ze ordu da orain?
—Ordu biak ez dira oraindio, iñolaz ere.
—Ederki. Jantzi egingo naiz beingoan eta... solas orri eutsiko diogu. Nirekin bat al zatoz?
—Bai, jauna.
Etxolan berriro sartu eta izan ere, berealakoan agertu zan apaiza, bere oi-jantziz apaindua. Manu-k ere beste ainbeste egin zuan. Apaizak ez zuan, artean, asitako aririk naastu ez eten.
—Orra ba. Esan nai nizun, emakumeen gogoa ezagutzeko, urte asko ta asko bear dirala entzuna naiz; eta zuk, ez duzu ainbeste urterik.
—Eldu gera ba, zerera. Leentxoago ere agertu nai izan dizut, baiña ez dut egin eta, oraingoan bai. Zera, iñoiz alkarrekin itz egin dugula, gaur baiño leen. Orixe diotsut.
—Baaai? Ez naiz gogoratzen. Ni, ortarako aaztuberaa naiz eta. Gaiñera zenbat gauza entzun, eta beste ainbeste aantzi bearreko baita, apaiza! Barkatu, bada, nire axolagabekeria, ta nire buru txar au.
Eta orduan, Manu-k azaldu zion bere buruaren zera. Bilbon trenbidean il zan edota trenak azpian arturik andik laisterrera garbitu zan neskatxa aura. Apaiz batekin izan zuala, aitorpena eta beste argitasun batzuek esateko aukera doi-doia. Zerbait oroitzen zan apaiza, eta abizena ere Okendo, Ayala, edo...
—Ez, jauna, Mena zan. Loli Mena. Eta aren adiskide lendabiziko izandako aura, ni nintzan; eta nire ofizinan itzegin genduan.
Bizitza aldatu ote zuan, galdetu zion apaizak berealakoan. Eta besteak, orrenbeste ez, baiñan aldatu gogoa ba zuala, erantzun zion. Ez zan egia osoa ori. Ez zuan aren barruan kezka zorrotzak egonezin aundirik sortu. Ordurarteko akuillukadak ez zuten bear ainbateko azku ta indarrik izan. Aldaketa ea komeni ez ote zitzaion uste zuan, galdetu zion apaizak. Agian, aldaketa, izan zitekela osoro ez erraza. Neurriaz eta askatasunaz leen jardunik zeuden. Min ematen zion zaldunari, askatasuna galtzeko susmorik txikerrenak ere.
—Min ematen dizu, ezta? —ziotsan apaizak—. Baiñan beldurrik ez, eztut siñisten. Askatasuna, barkatu baiña, aspaldi galdu zenduan zuk. Bai, zeuk. Griña orrek menpean artu zinduanean. Zeure gogoaren askatasuna. Eta zure nagusia, gogoa ez, baiñan aragi ilkorra izan da.
Jendea bildu zan an arrapatakan uraren ertzean. Betikoa izango zan: norbait uretatik atera erdi-itoan, geienetan erbesteko norbait; edota oiñean min arturik zegoan kristauren bat; alegia, xabiroiak isil isillik ezpia, bere bizar zorrotza, oinpean sartuta miñez zegoanen bat. Manu eta apaiza ere abiatu ziran, an, zurrunbillo artan zerbait ikusteko edo entzuteko ustez. Izan ere, an zegoan mutiko bat, frantsesa bera, oipean zuan miñaren aundiz, negarrez; eta bere oiñari gogor elduaz; ordubete inguru edo izango baitzuan ala espatsu ori. Arrak edo usanak ipintzen zazkie zauri ondoan, edota tintura batez igurtzia eman; oiñazea ibitu eta makalagotu dedin. Arraitxo oiek ur txikian eta ondarpean-edo egoten dakite.
—Min artu du orrek eta urrengoan kontuz jokatuko du toki oietan. Aragian artutako-miñak ematen digun kezka eta nekea! Ori, ikusi bezela egiten dugu, gorputzeko miña; eta ikusten ez duguna, gure gogoaren eria, gure animaren geisoa, gure barruko zauria izan oi da —ziotsan apaizak Manu-ri—. Eman dezagun zuk dirua poliki duzula; gaur bertan kenduko ba lizukete, izango zenduke miña; jakiña ba, gogoan, ez gorputzean. Emazte on bat ba zendu, eta olaxen izango al da luzaro baiño leen! eta bapatean, eriotzak edota gizon gaizto batek eramango ba lizu, nun izango zenduke miña, gorputzean? Ez, zeure sentipenean, barruan. Gurasoak bizi al dituzu?
—Ez. Aitarik ez nuan ezagutu ere egin. Eta ama, nik zazpi urte edo nituala il zan.
—Betikoa !... Ama gabe azia zera zu ere, zorigaitzez; zure bizitzako urterik xamur eta zaillenetan, zure gogoa eder-kimetzez beterik zegoan aro bikain artan. Auxe adierazi nai nizun: aita edo ama batez ere, il zitzaizunean izan zenduan utsa, uts-miña, gabezia, zerbaiten ezunea. Tamalez, erkatze onek ustel irten dit. Labur: zure bizitza zergatik ez duzu aldatu, zer zio duzu, zer eragozpen, edota graziaren eskabiderik ez al duzu bear aiñean egin? Askatasuna izan duzu oraiñarte.
—Ori bai, askatasuna beti.
—Adiskide, leengo arira bertara jo dugu. Zuk ez duzu askatasunik izan. Bizitzak zarama koloregabeko malda arreska batean barruna. Dirua, gonak, edaria... agian? Orixe duzute gizonok, trilogiarik atsegiñen. Laugarren almena, aginpidea, indarra izan oi da. Askatasuna, ustez, norberarentzat; lege estuak, txonilla zutik, inbutua, zabala gure aldera; estua... geidearentzat. Jauntxokeria, itz batean esateko. Zuetarikoen okerrik aundiena ta larriena auxe da: bide soil batez noizbait abiatu izana, eta beste biderik danik ere ez uste izatea. Mundukotarren zidorraz zaletu ta begililluratu, ta gogoak uzi aundien lukean bidea, Jainko bidea ain zuzen, gutxiestea edota iraizean ere, ez ezagutzea.
—Ta nun billatzen dute batzuek bide ori? Nik neuk, ez dut nire ibilaldian besterik aurkitu auxe, nire au baizik.
—Jakiña! Nik ere, gaur arte bezela jarraitzekotan, esaterako... ez dut beiñere txinatarren izkuntzarik jakingo. Ezpaitut ortarako sentimenturik nabari eta ezta zaletasun pitiñik ere. Alarik, ez da berdintze au egokia. Eta, ba al dakizu zergatik? Nik, noski, ez dut izango onezkero —ez jakin ba, agian— txinatarren izkuntza jakin bearrik. Jainkoarekikoa, ordea, luza dezakegu, ez beti, amar urte, ogei, irurogei, eun. Alabaiñan elduko da ordu latza, gure kontuaren garbiketa zeatza eman-bear ordua.
—Ori ere, betiko leloa da.
—Noski, ez atsegingarria alaz ere geien geienentzat. Baiñan, garbi esan: zu ba al zera eriotzaren bildur? Ni neu, bai. Besterik esatea, gezurra zabaltzea litzake.
—Eriotzaren bildur guztiok izan oi gera.
—Orduan, askatasun-zaleak ere, ba dute bildur ori.
—Bai.
—Beraz, bide biok okerrak dirala esango al didazu? Bi biok azken berdiñera jotzen bai dute. Ona emen gure lerro asarreak, non egin duten bat. Bildurra?... Bai zera! Askatasuna duanak ez du iñoren ez ezeren bildurrik. Edota... ez du askatasun ori!
—Bukatu egin zait oraintxe nire gogoetaren aria.
—Ondorena billa dezagun bertatik. Zure esanak nireak aiñean ez baldin ba dira zindo ta tinkoak, zu, galtzaille, nire aldera zaite. Eta azkenean ere, apaiz nauzu; ta apostolugintza ezin dezakegu, ziñez, iñoiz ez iñon aldebatera laga bertanbeera.
—Eta zuek ez al duzute oporraldirik?
—Gaia saiestu nai duzu, adiskide. Ezta axolik ordea, orain. Ba ez; ezdukegu guk oporraldirik, iñoiz atseden egunak izan arren. Medikuak ere, esanera betean, gure idurikoak dira. Aiek ordea, erantzun lezakete iñoiz: «orain ez, ez da ordu; gaba da; berandu da...». Eta apaizak, ez. Anima bat bizirik eta laguntasun eske baldin ba dago; iltamuan dagoenean; ilta gero ere... apaiza an joango da pertsonaren ondora, aldamenera, aura aitortzeko, poza emateko, animarentzako indarra eramateko, barkapena eskeintzeko; ilta gero ere, aren gogoaren alde otoi egiteko. Medikuaren lanak, beraz, muga motxagoak ditu apaizarenak baiño. Ez da munduan agian, iñor zoritxarrekoagorik izango, bere izatea ukatu nai izan duan elizgizon ordenatua baiño. Ain zuzen, ikusi al duzu oraintsu Le défroqué film izugarri ori?
—Bai, eta barruan alako zerbait...
—Zeeer? Zimikoren bat sentitu al zenduan? Zer adierazi zion zure animari apaiz biotz gogor aren jokaerak? Egia esan, ez du edonork alaere, bear litzaken prestaera, orrelako film gordiñak ulertzeko.
—Niri neuri, neke larria, tristea barnera zidan. Eta sarri askotan, orixe berbera somatzen dut katolikoen gauzetan. Alegia, tristezi-bidea dala zuena. Ainbeste galerazpenez, bizitza au nekez betea jartzen duzutela.
—Ai, adiskide, zure bizitza esigabearen azkenean ere, larritasun berdiña aurkitu dugula leen, ez ezazu aaztu. Baiñan, beste zer bat agertuko dizut. Zure itz oietan gauza bat bakarra dakusat argi ta garbi: zure animan aspaldi ez dala graziaren kutsurik batere izan. Bestelan... Ikusi al dituzu, esaterako, bai monja gazteen komenturen bateko barne-bizitzako gorabeerak, eta fraile-etxe askotako gizasemeen bizitzaro, pozez ta gozotasunez beteak? Ez noski, ez duzu ikusi; eta ezta ortaz ezertxo pentsatu ere. Ori, lau orma tartean sartuta daudenetaz. Eta, beste gure gaztedi ederrak, berriz! Nirekin etorri diran neskatilla gazte oiek ere, ez duzu esango, alai, alasoko ta artadunak ez diranik. Oiek ordea, ez dute geientsuak bakartade-bizitzarako deirik izan. Ala ta guztiz ere, ikusi beuren gatza, jasa, tankera. Ez dute oiek memel-itxurarik ez zuntzun-aizerik.
—Zer nai duzu, ba? Nire begietan ala izan oi da.
—Apaizarentzat ere, barruko pakerik gabeko gizonak berdintsu azaltzen dira: irudi triste, azalez koloregorri ta irritsu agertu arren. Gose-egarri, ase-antza eman arren. Griñapetuak edo nekapetuak, jauntxo bete ta bizitza-isurtzaille bezela agertu arren.
«Mobylette» batean eldu zan gazte bat ondartza-ertzeko bidezabalean zear. Jatsi zan. Eta Peru-rengana zuzen joan zan. Norbaiten galde zetorren, enura gabe. Telegrafuetako morroia zan. Peru asi zan batera ta bestera bea ta bea. Ikuskatu zituan inguruak eta bai begiz jo ere billatu nai zutena.
—Araibar jauna, antxen daudenetarik apaiza ez, baiña bestea duzu, gafa belzduna.
Manu-k papertxoa artu, firmatu ta eman zion; eskupekotxoa ere bai. Askatu zuan bildurik zegoana, eta beingoan irakurri ere.
—Ikusten al duzu? Bart nire etxekandrea, min eginda dago. Iztar-ezurra edo puxkatu omen zaio. Jakiña! Ba duzu esaera bat: «Ibillian ibillian...». Zera, andre onek igande arratsaldetan egiten du etxean oi dan asteko bukata, garbitasuna.
—Igandeetan, e?
—Bai jauna, moda berria; igandeetan. Goizean entzungo ditu, ori bai, iru edo lau meza; ortarako kupo zabala du arek betiere. Baiñan, geroago, asiko zaizu, esan bezela, asteko ikuzketan, eta llluntze inguruan, garbitu berri dituan erropa ta oialak guztiak isekiko ditu barlan, alderen alde lokarri luzeak egokiro erabilliaz. Eta orra, atzo, bere karga ta guzti erori da lurrera, sukaldean bertan, zorionez; leiotik kanpora ere izan zitekean eta; min artu du gaixoak, eta eraman dute klinikara. Joan bearko dut bereala. Onek ere ederki santutzen du jai-eguna! ... Esaten diot ba nik! Arraio arraioa!
—Ai, adiskide, aditzen duzu zein errez dan eta zein aise, iñoren begiko zamarra ikustea.
—Tamalez, atsekabe ematen dit egia esan; baiñan, atso langillegi orrek zerbait merezi zuan.
—Guk ere maiz, aundiagorik ez dezagula merezi-erantzun zion apaizak.
Biaramonean, Araibar bere iri nagusira eldu, etxekandrea ikustatu eta bere ofizinara eldu zanean, Serafin, beti bezela ere bai, baiña zerbait erneago ta artatsuago somatu zuan. Lanen gora-beera laburki adierazi zion, eta eguneko korreoa batere atzerapen gabe zegoala. Gai bi edo iru soli soillik ikasteko eta erabakitzeko. Ez zuala nai, alegia, zer asko utzi pillaturik. Oporraldia izango ote zuan, galdetu zion Araibar-ek, leen ere zerbait arturik zuala-ta. Oporraldi luzetxoagoaren ustea, ulertarazi zion nagusiari.
—Jauna, garbi esan, beste zerik dut, eta laisterrean gaiñera.
—Zer gero?
—Ezkondu egingo naizela —erantzun zion Serafin-ek.
—Ezkondu...? Eta norekin?
—Matilde-rekin.
—Aura beste batekin ez al zan ba ezkondu?
—Ez, ba. Alegia, senargeiak ez bear aundia izan du leengoan, eta ezertarako gauza ez dala geratu da. Makiña batek tartean artu zuan, eta nola ez zekiala, oxta oxta bizirik atera zan. Eta burua argi duala, bere zerarekin itz egin du, eta gizarajoa bat etorri da Matilde-rekin, eta ezkontza, utzi egin dute bertanbeera.
Matilde, Bilbon zegoan, aste batzuek leenagotik, Manu-k ori ez jakin arren. Orregatik zirikatu zuan berriro ere, Manu-k bere menpekoa:
—Eta aste betean limurtu al zaitu uztarpean jartzeko? Arrigarria da. Leen amar urtetan egin ez dana, orain amar egunetan...
—Ez, karta batzuek ere egin zizkidan eta...
—Noizko izango dugu ba, zorioneko egunsenti ori? Eta bera pozik al dago? Zure egoneziña ta alaitasuna, begien bistako gauza bai ditut. Ai, ai, ai!
—Bera eldu da nire galde-ta!... Udazkenean edo, belu xamarrean ba da ere.
—Tira ba, ez lo egon. Arek berak gerturik izango ditu zer guztiak. Zuk bear dituzu orain amabost urteko nagiak astindu eta aurrerako urratsa leenbaileen egin. Leen gazteago zanean, eta ziñanean, lo egon. Orain, batbatean dira joan-etorriak. Zaartzako bildurrak jorik bezela.
—Besoetakoak edo aitamabitxiak bear ditut. Gure ama zaarra da, eta, gaiñera, nik auxe nai nuan: aitabitxi, zeu, Araibar jauna; eta amabitxi, zure... ernaztegeia. Neskatxa politen bat ba omen da or itsasaldean, eta...
—Nork esan du ainbesteko berri aurreraturik? Nik oraindiño...
—Ez da, alaz ere, itxedopen-argla iñoiz itzalitzat eman bear. Badakizu; erbiaren ipuia: gutxien uste danean... an ziak!
—Orixe ez nizuke ukatuko.
Araibar-en biozpean beste kezka edo kilima igurtzia sortarazi edo ernarazi zuten Serafin-en itz paketsu baiña esangiñak. Bere barneko zadorra iñork ezagutzen ez zualakoan bizi izana zan, egiazki, beintzat, gogo-jauntxokerian, askatasunean, zer nai eta uraxe, bizimoduan. Orain, ordea, apaizak zer aundiak agerrarazi zizkion. Eta gero, Serafin xaloak ere, nunbait usai artu, antxen izpazterrean omen zegoan neskatxak, bere nagusiari barruan maite-ikutua egin ote zion.
Eta diotenean zerbait izan oi da ta, bere buruaz eta beste norbaitenaz ere pentsatzen asi bide zan Araibar, zaldun jarei eta eragozpen-zale ez zana.
|
|