II
Oi zuan ordua zala oartu zuanean, Araibar, bere beribillean sartuta, toki jakiñerako bidean zear abiatu zan.
Egun artarako lanak ondo atereak zirala uste zuan, eta ez zan gutxi, izan ere, ura bezela, beti ondasun-ekintzetan ziarduanarentzat.
Gazte kriket eta txairoa zan, Araibar. Ogetamar urte inguruko gaztea, mutil ederra bera. Begitarte atsegiña. gorputzez lerden, mintzoz gozo. Gizabide-tankera adiguri ta guztizko zera zedukana. Illeak, urrearen pare zituan, ta luze ta koipatsu, beti distiratsu, malgu ta atxiki. Beatzen zuanean, ontzaren gisan, batekotik bestekora bira eragiten zion buruari arrandiro. Izketan oso leguna zan, geientsu. Eta errikoia eta jendakiña ere bai, nai zuanetan.
Jantziak, girgilleri geiegizko gabeak izaten zituan. Baiñan bere txoiltasun artan zedukan gustoaren agerkunde berezia, txairotasun bedegarra, txukun-min nabaria.
Ez zan, bada, arritzekoa, iragaiten zan tokietan neskatxak, aren begirakunak ikertu-ala, zorabiaturik jartzea. Gaiñera bere aldiko urteetan, popo txiker politaren jabe izanik...
Maiteñoaren billa zioan.
Ez zan, noski lendabizikoa neskatxa ura. Izan zituan bai, izateko aintzindari ta aurretikoak. Nolatan bada alako Apolo bat, emakume batekin ase?...
Aren maiteñoa, orduan, aldi artan, Loli zan. Loli Mena. Bizkaiko sartzealdetik eldua, Bilbo iri nagusira. Neskatxa polit xamarra zan Loli. Ogei urte ortxe ortxe izango zituan, eta gau batean Araibar ezagutzeko abagunea izan zuan, zorionez edo zoritxarrez.
Luzea baiño ere, goi-beean bardingoa zan. Arpegia ez luze ez zabal, begietan ba zuan alako xamurtasun-tanta. Taiuz erakoa. gerri inguru zardai, paparpe borobiltxoa. Buruko illea, garikara-garokara, ortxe. Izkeraz, otzana ta isilberaa zirudian.
Orrelakoxea ezagutu zuan Araibar-ek. Onen izena, Manu zan.
Loli, iri eder artara josten ikastera etorri zan. Izebaorde baten etxean zegoan, elduberria baitzan, artean, ostatari bezela zerbait ordainduaz.
Bizi, Errekaldeberrin bizi zan, etxe zaar bateko bizitza txiki ziztrin batean. Josten ikasteko tokia, Kasilla inguruko kale batean aurkitu zioten. Barruko jantziak egiten baiño gaiñekoak egiten geiago irabazi zitekeala-ta, ortan jarduteko asmoz eldu zan Loli, eta pozik asi zuan bere lanbide berria, Pagasarriren oiñean zegoan ibarrean.
Adiskideak ere egin zituan, neskatxa gurbillak. Bat, bera zegoan etxekoen ezaguna zan eta beste biak, alkarrekin josten ari ziranak.
Igandea eldu zanean, ez zuan berez jakin nora joan, eta besteak esaten zutenera jarri zan. Kasilla dalakoan bertan gelditu ziran.
Ango musika soiñuan, dantzaketa izan oi da jaiero. Eta dantza-arora ezkero, gazteak, batez ere ta lendabizi neskatxak, txoriak garitzara bezela joaten dira. Eta nesken usaiean, jakiña ba, mutil anka luzeak an izaten dute biltzar atsegingarrl, eta lanaren ta nekeen aztugarri.
Artean, Bandako mutillak ez ziran lanean asiak, soiñujoten alegia, eta lau neskak, guztiak batean besoz-beso, ara ta ona zebiltzan ibiltzen, paseoan.
Gazte bero ugari agertu zan geroago. Eta musikariak ere, asi zuten beuren jarduna.
Loli Mena ez zan batere arritu dantzaketa artaz, bere errian ere balseoa erro zabalak emana zalako. Galai batzuek ere eldu zitzazkion eta auekin ere, egin zituan dantzaldi batzuek.
Erromeria bukatu zanean, lendabiziko jaia baitzan arentzat, ordu-orduan itzuli zan etxera, eta lagundu ere, iru lagunak egin zioten etxeko atadiraiño.
Igande geiagotan ere, berdintsu egin zuten. Baiñan laister asko, toki artara zioaztenak langille-langille utsak eta jende menuxa besterik ez zirala-ta, lau neskatxak, ao batez erabaki zuten bururatu zitzaiena.
—Naiz eta zerbait ordaindu, obe dugu, alajaiña, dantza-etxeren batera joan.
Eta esan eta egin.
Urrengoan, ba «Pumanieska»-ra joan ziran aipaturiko lau neskatxak.
Mutil batekin eta bestearekin dantzan egin ondorean, an beste guztien artean dotoreago ta oillar-xamarrago zebillen zaldun gaztea eldu zitzaion Loli-ri aldamenera.
—Nirekin egin nai al zenduke dantzatu, soiñuketa au?
—Zergatik ez ba?
—Eskerrik asko.
Orrelaxen izan zuten lendabiziko jardunaren asiera Loli Mena-k eta Araibar zaldunak.
Soiñuketa arek luzaroan iraun zuan, jardun eta isilaldi. Baiña neskatxak ez zuan izan beste beso aldaketarik. Aren neska-adiskideak arrituta zeuden Loli-ren konkista artaz, eta etxerako ordua eldu-urren zala, adierazi nai izan zioten.
—Loli: etxeratzeko aldia duzu eta dugu.
—Laister. Auxen azkena.
Iru ta lau aldiz orixe esan zien. Buruenik, neskatxak etsi zuten eta aldegiteko gertutzen asi ziran.
Gaiñeko soiñekoak artu zituzten gordagutik, eta abiatzeko unean:
—Zein ordutan joan bear duzu etxera, zera, Loli? —galdetu zion Manu-k.
—Ba... bederatzietan agindu didate.
—Eta orain... bost gutxiago dira —gaiñeratu zion Araibar-ek. Nik eramango zaitut. Zer derizkiozu? Esan egiezu zure adiskitxeko urduri oiei.
—Neskak: adi ezazute. Onek eramango... gaituala etxeraiño.
—Ez, esker milla. Gu emen urbiltxo bizi gera ta... Agur, bada, Loli. Zorion... eta biar arte!
—Tira ba, nai duzuten bezela. Biar arte...!
Andik aldegin zutenean, neskatxak bai alkar zirikatu ere:
—Loli-k bai egin digula gaur arratsean, egundoko biotz-lapurreta! Erri koxkor batetik oneratu, eta eman orri!... beribilla duan batek eramango omen du etxeraiño, panpoxa panpoxa!
Barre gazigozo egiñaz banandu ziran iriko iru alabak. Urrengo jaiean, nork jakin ote zezakean alako eskola maltzurrik, beste zaldun galanten baten kolkoan kabia egiteko?
Lillura omen itxaropen-ziztadaz, lotara bidean zioazten iru neskatxa alai aiek.
Utzi zioten bai dantza-egiteari Loli-k eta Araibar-ek ere. Naikoa egin zuten eta ez batek ez besteak ez zuten orduan beintzat, geiagoren bear-izanik.
—Onezkero ordua jota egongo da, ezta?
—Noiz, esan duzu ba, joan bear duzula, Loli?
—Bederatzietan.
—Orren goiz, Loli?
—Ezta goiz, urrun bizi naiz eta.
—Nun, bada?
—Errekaldeberrin.
Itz ori entzuteaz batera, irri emea piztu zan Araibaren begietan. Loli, Bilbon, berria zan. Eta gazte asiberria ere bai, agian.
—Auxen da nire gustoko diranetako zozo txuria. Iñork ukitu gabea.
Eta bera ere, noski, malizirik gabeko zalduntxo maitesamurberaa bezala agertuko zitzaion.
—Bai, Loli. Zuzen-pidean zaude. Ezta ain goiz. Alaz ere, nire automobillean saltu batean joko dugu ara. Ezer edan nai al duzu joan baiño leen? Ez al zera egarri?
—Ez ba, ez naiz egarri.
Kalera irten ziranean, urrats batzuek egin zituzten alkarrekin. Neskatxak, berriro ere orduaria ikusi nai izan zuan.
—Ez dago egon ere argi aundirik emen eta... —esan zion zaldunari, Loli neska pozez gaiñezkatuak.
—Bai, naikoa illunak ditugu emengo kale batzuek. Zuen auzotegi artan ere, eztuzu argi-kontu ortan aukera geiegirik izango.
—Egia esan, beribillean obeto joan liteke, oiñez baiño.
—Ba, gaur beintzat al dut eta, beribillean eramango zaitut.
—Ez al da zurea, popo ori? —galdegin zion neskak, asko amestu nairik eta larregizko lilluraz betetzen asi ote zaneko bildur-zimikoz.
Manu-ren buruan zear, oiñeztua bezela iragan ziran gogoeta bitarikoak. Zer erantzungo zion, baietz ala ezetz? Baietz adiarazi ezkero, bearbada, neskatxari, iñoiz entzundako zaldun likiszaleen konturen bat gogoratzea izan zitekean eta... artean etzion bear ainbatean neska ari zera artu, izakera antzeman.
—Ez ba. Nire nirea, eztut osoro. Baiñan maiz izaten dut aukera, gaur bezela, nik erabilteko.
Neskatxari atsegin izan zitzaion Manuren esanaldi apal ta zintzo-itxurazkoa.
—Orduan, gaur, iñork galerazi gabe noake etxeraiño beribillean. Bai ederto!
—Galerazi... —jardetsi zion amarrukiro orduan mutillak—; galerazi, batek bakarrik egin lezakizuke.
—Nork? —ziotsan arriturik, ta erdi tamalez, Loli-k.
—Zuk zerorrek...! —esanaz, parrari eman zion Manu-k. Eta orduan, neskatxak ere kaleak beteko parre algara ozena jaurtiki zuan.
Idiki zuan Manu-k, sakeletik giltz-mordoa atereaz, kotxearen ateko sarraillea. Isiotu zuan argi motel bat.
—Ez, zu ez emendik. Zu, beste ate ortatik sartuko zera, Loli. Emen neuk joan bear dudalako, gurpil au bear bezela erabiliaz, zuzen abiatu gaitezen. Aizu, ordea: ba al dakizu zuk beribilla zertzen?
—Ez nik; ez dakit.
—Eta ez al duzu iñoiz pentsatu ere egin orrelakorik?
—Egia esan ba... ez, ez dut pentsatu.
—Bestelako neskatxa atzeratua!
Neskak, irriparra egin zion ezertxore erantzun gabe, baiñan sorbaldak jasoteko ziñu egiñaz.
—Nire erritxoan onelakorik gutxi da-ta! —jalki zuan geroxeago.
—Izena esan didazu leen; deitura ez dut, ostera, oraindaiño ikasi.
—Nire abizena Mena duzu.
—Loli Mena... Politak dituzu izen-abizenak. Zerori ere, orrelakoxea zera-ta!
Emakumeak, Ebaren alaba jator bezela, arro-putzez anpaturik jaso zuan atsegiñaren aundiz, gizon gaztearen loisintxa ori.
Asi zan beribilla ibilten eta kale batzuek zear aurrerantz joan zan.
—Nire orduaria geratu egin dalata nago —ziotsan Manu-k—. Nai al duzu zuk zurea ikusi?
Neskatxak, oso-osoan siñistuta, jaso zuan apurtxo bat eskua eta soiñekoaren beso-muturra. Orduan, Manu-k, bigunkiro oratu zion ezkerreko eskubiturretik, eta:
—Jakin ezazu gaur poz aundi-aundia izan dudala zu ezagutu zaitudalako. Noiz berriro alkar ikusi al izango dugu? Ni, astean, kanpoan egongo naiz; igandean, ordea...
Orrelakoxea zan Araibar-en eskola.
Artu-emanetan sakon sartu gabe, betiere bitarteko egunetako askatasuna eskatzen zekiana zan, gauzak bere kabuz ta bere aldera zertuaz. Itaunea, zintzilik bezela utzi zion, ea neskatxaren barrutik nolako sentiera irtetzen zan.
—Igandean... eta ementxe, gaurko lekuan bertan esan nai nuan, —geitu zuan Loli-k.
—Gaurko tokian? Bai ba. Ala ere, bai luzea izango zaidala egun-sorta au... zure irudia zertu gabe!
—Niri, ordea, labur egongo zaizkit egunak eta lanak, igandeaz pentsatzen.
—Igandea dalako, ala... norekin?
—Zurekin —iardetsi zion, erdi lotsati, neska xalo arek.
—Nik ere bai.
Eta ez bat eta ez bi, muin egin zion kopetan mutillak, txito birloratu ari. Isilik eta uzkur antzean jarri zan neskatxa.
—Baiñan, berandu izango da onezkero, eta nun gagoz egon?
—Ementxe. Bide illun madarikatu au igaro eta laister gera Errekalden.
Egunero berratuaz eta aundituaz dioan Errekalde auzotegi zabal ori eta iriko beste zati nagusiak alkartuko zituan zubi luze, mardo ta jasoa egiten ari ziran inguru artan, obra eskerga ta gogorra. Andik igaro bidea zuten eta duten trenbideak, zubipe geldituko ziran aurrerantzean, oztopo, arrisku ta trabarik gabe. Santander-erako, Balmasedarako, Santurtzerako eta La Roblarako ta Oillargan alderakoa ere bai.
Alabaiñan, artean, zearbide ta zirkillu-txior aietan ibilli bearra izan zuten bai notiñak eta bai beribillak ere, eta benetan toki illun eta bildur-ekarkor ziran lan-egite aldiko bazter ezkutu aiek.
Gure neska-mutillak, beuren maitakuntza asierako itz erdi-merdiak alkarri kontaka ari zirala, bapatean, geldi-arazi zieten, kotxea, gizonezko batzuek. Gizon bi, besoak zabal, zut zutik, gelditu ziran, bide estu eta medar aren erdi-erdian, eta gurdia lotu zanean, beste gizon bi urbildu zitzazkien alde banatatik.
—Aizu, adiskide! —oiu egin zuan aietariko batek, Manu-ren aldekoak, leiotxoa idikiaraziaz. Guk ez dugu, ikus dezakezutenez, pake guraria besterik.
—Pakea! Ederki ba. Nik ere bai —erantzun zion Manu-k—. Baiñan, zer nai duzute, beraz?
—Gauza bat bakarra une ontan.
—Eta, jakin liteke zer dan?
—Dirua, adiskide, dirua.
—Lanik ez al duzute aurkitu? —axarikiro ta biguin, Manu-k.
—Lanean ez dugu diru larregirik jasotzen. Baiñan, esan bezela, eztugu guk emen berriketa luze ta solas gozorik nai. Ekatzu bada dirua eta...
—Zenbat zerate?
—Lau emen bertan, eta gureak, besteak, an txabola zikin aietan.
Karterara eraman zuan eskua Manu-k eta ura atereaz, zabaltzen asi zan, barrutik zerbait artzeko asmoz.
—Ez lanik egin alperrik, jauna; ekatzu osorik eta... isilik! —egin zion zemai ta meatxu, lauretarik buruzagi zirudianak.
—Arren, paper ta agiri oiek niri itzultzea nai nuke bada, zuentzat utsaren pare baitdira.
—A, ori bai! —jardetsi zion musubeltz arek. Guk ez dugu bear iñoren paperik ez agiririk. Dirua bai, dirua, adiskide, edonorena da-ta. Duenarena, daukanarena, ez ote?
—Eiki, jaunak, eiki.
Eta lapur-nagusiak ere, itzari eutsirik, karteran zeuden diru-paperak poliki ebatsi ondorean, polikiro itzuli zion ziskua Manu-ri, agiriak barruan zituala.
—Gizonak! —orduan lasaiki, Manu-k. Gauza bat esan bearrean naukazute. Ez al didazute, nunbait ere, berriz onerakoan eskatuko dirurik, dakizutenez sosik gabe utzi nauzute-ta.
—Zaude lasai, iritar ori. Badakigu matrikulen zenbakiak ezagutzen. Eta gaiñera gu ez gera bete eziñeko lapur zekenak, ez. Orain, ordea, aditu ongi: kontuz iñori jakin-arazi, guk emen izan dugun adiskide-biltzar au. Ekin aurrera!
Ekin zion, bai, beribillak aurrera eta Errakaldeberriko eliza-aurrean zear abiada gorrian joan zan, geroxeago bere burrundara makalduaz.
—Auxen da bildurra! Ikaraka nago! —esan zuan neskatxak, izu-lauorri ta dardaganean—. Ene!!
Eta ori aitortu bitartean, besotik eldu zion gogor ta estu Manu-ri.
—Lau-darduan al zagoz, Lolitxo?
Beribilla zearo geldiarazi zuan, eta neskaren burua igurtziaz eta aren arpegia bere bular aldera eramanaz, Manu-k, ausarkiro, musu egin zion ezpaiñetan.
—Bildurra uxatzeko zerik egokiena —esanaz neskatxari. Au, erdi zorabiatua zegoan gau artako jazoerak egin zioten zirkiñaldi bere modukoaz. Mutillak oartu zuan; laister oartu ere.
—Nun da zure etxea?
—Zerbait goraxeago. Baiñan, utzi nazazu ementxe. Ez dut nai...
—Zer ez duzu nai, Loli?
—Ez dut nai niregatik beste lapur batzuek gaizki artu zaitzaten.
—Ez, Loli, ez bildur izan. Arteak artu egizuz. Ni, beste bide ortaz itzuliko naiz, Torre Urizar-etik. Agur egiteko... musutxu bat!
—Leen egin didazu!
—Zuk ez ordea, niri!...
Eta emakumetxoa, otxan, Manu-ren esanera jarri zan.
Loli, ezin sinisturik zegoan, gertaturiko zer guztia. Paris zirudian egitan Bilbok. Edota, pelikuletako gauzak... egia ziruditen. Dantzaldian gazte galai kriket bat agertu; popoan eraman; maite-izketa xamurrak entzun; lapurrak bidean illunetan isil-isilik irten eta dirua ostu maiteñoari; eta geroago, maiteberri ark, goxo-goxo, musu beroaz igurtzi... Eta urrengo iganderarteko amets lillura, eztizko laiñoz eundua, ezotua. Mundu bat ezerezetik sorgin-bizitzaz sortua.
Manu-k, etxera zioala ezker aldeko aldapan gora, bere artean bai esan ere:
—Kristau oiek, nik aldean dudan diru guztia karteran eramaten dudalakoan zeuden. Ederki eman ere! Ez dute, beintzat, kendu didaten diru ortaz oillasko askorik jango!
Irala-barritik zear irirantz jatsi zanean, laister arin egin zituan Komisaritegirako bideak. Ez zioten, egia esan, arentzat kaltegarri astun izan zitekean diru-lapurretarik egin. Baiñan, iñork bortxaz ta zemaiez kentzeak ez zion kilikili atsegingarririk sortu biozpean, beste edonori ainbatean.
Gaiñera, aurrerantzerako, oker zebiltzanen makur-zidorrak eta joera zitalak eragozteari, bidezko ta onuragarri zeritzon.
—Zer nai duzu?
—Gertatu berri zaidana azaldu bearra dizut, Komisari jauna.
—Jalki zazu bada. Baiñan, lendabizi, zure izena eta zerak idatzi bear ditut einen.
Eta betaurreko lodi batzuek sudurgaiñean ezarririk, artu zuan lumatzar bat ertzaiñen mailla jasoagoa zuan arek, eta axotontzian busti ere bai.
—Izen abizenak?
—Manu I. Araibar.
—Bizibidea zer duzu?
—Ekintzagizona naiz.
Urteak, nun bizi eta beste zeetasunak eskatu ondorean, agertu zion, Manu-k, gau artako lapurreta legunaren berri.
—Ezagutuko al zenituke ebasleak?
—Ezta zer erraza lapurrok ezagutzea, toki illunbezu artan katurik ere ezin diteke nabari-ta.
—Ba al duzu lekukorik iñor?
—Bai, andereño bat, nire adiskide berri-berri bat bera.
—Izena?
—Loli Mena.
Loli Mena-k, ordea, ez zuan izan Manu-k aiña adore ta baretasun, lapurren bildurra joan ostean.
Une artazko bildurra, kendurik zedukan. Baiñan beste gorabeera batzuekin naastua zebilkion barrua. Etxekoak, ordurako, afaria jana zuten. Eta izebaordeak atera zion baratxuri-zukua Loli-ri ere.
—Ez al zera gose, Loli? Onezkero ba da ba, izan, gazte bat gosetuteko sasoia. Begira nagokizu, eta ez duzu, oraindio, koillarakada bat edo beste baiño eraman aora.
—Laister jango dut guztia ere. Zera, bero xamarra dago ta...
—Beroa? Ba da ordu laurden edo apika geiago ere, atera dizudala-ta. Zuri, zerbait jazotzen zaizu, eta ez duzu esan nai.
Izebaorde arek ere, ba zuan noski, andreei adiñak eta oarmenak ematen dien zera. Ez zuan asmorik ziur asko Loli-k, are gutxiago gogorik, gau artan gertatu zitzazkionak kontatzeko. Zertan zuan zertan iñork jakin, lendabiziko konkista aren berri? Eta lendabiziko gertaera isildu ezkero, nolatan egoki azaldu ba, bigarren aldikoa?
Alaz ere, izebaordea batetik eta bestetik aztarnak artu nairik zebillela oarturik, zelateko erasoaldi artatik onik irtengo zaneko segurantziarik ez zuan neskatxak.
—Andra sasoikoak sorgiñak ditun! —ziotsan bere buruari—. Zerbait gertatu danekoxe, ba dabiltz or bea, emen usai, an azter. Eztakit, eztakit zer egin... Biak azaldu, ala... bigarrena aipatu soil-soillik, eta ori ere urruntxotik ikusia ta entzuna bezela.
Orixe egin zuan. Eta ziria poliki sartu. Orrelan, azaldua zegoan neskaren izua eta kezka ta arbintasuna, eta jateko gogorik eza. Izan ere, nori ez lioke bildurra barruratuko, gau beltzean ager diteken lapur-talde musu-asarreak?
Bigaramonean, jostelekuan, Loli-ren garaitza zerabilten aotan, ango neska gazteak.
—Eztago emen bestetik! —zion ao larri batek—. Erbestetik etorri eta aise-aise, mutillik apaiñenak eta kriketenak barruna... Gu, bertokuok, ao bete ezurrez utzirik.
—Nik ez nuan ezer apartekorik egin.
—Ez, egin ez! Ongi dakizkigu zerzeladak.
—Eta, noraiño eraman zinduan ark?
—Etxeraiño bai gero? —beste batek, aura zirikatu naiean.
—Etxeraiño, edo beintzat, nik naikoa urbil zala esan nion tokiraiño bai. Errekaldeberriko eliza baiño pixka bat aruntzago jatsi nintzan.
—Mutil dotorea omen zan, neska, ta aberatsa gaiñera! —ziotsan beste batek.
—Itxurak ez dira izanak, enetxuok! —jardetsi zion usai txarra artzen zalea zan joskille zaartxoago batek.
—Gizabide onekoa eta zera danik ez duzu beiñipein ukatuko. Eta galanta, berriz, ezta, Loli?
—Bai, mutil ederra da oso. Nik ez dakit emengo guztien berri, baiña beste orrelako bat ez dut nik oraindaiño ikusi Bilbo osoan.
—Aiba!... Ta, maitemindua dagoala dagoneko, esango nuke. Zer aitortu zizun bada, edota, egin zizun, orrelako ao goxoa uzteko, ark?
—Gutxi al da ba lendabizikoz ikusi eta berealakoan etxeraiño popoan emamatea?
—Ez zinduan eramango noski, mutilla izan ba ziña. Ziur egon.
—Zuk zer dakizu ba orrelakorik ezer? Au bai eztimetxa!
—Ni emen bizi naiz, gero! ta aspaldi ala ere. Ez naiz erritik elduberri.
—Benetan aspaldi! Orrelaxen egin zera mutxurdin putxurdin jatorra ere.
—Eskuan ditudan guraiza auekin ia mingain neurrigabeko ori ebakitzen dizudan, gero! Ummmm!...
—Neurria bakoitzak lendabizi izango ba gendu, ez genduke orrelako naspillik sortzeko biderik emango.
—Ergela, ez bestena! Ezta sekulan mutil jaseko bat aldameneko maiteñotzat izan ezpa gendu ere. Egundo!
—Orixe da emengo iñork ez dakiguna, arean.
—Ez jakin? Zer jakin bear duzute zuek, oraindio sudurretako dindirriak garbitzen ere ez jakin-eta...
Egoki agertu zan jostelekuko ugazabandre lakarra, gaiñerontzean buztan luzea izango zukean, lantokian ernatu zuten zezio arek.
—Tira, tira! Mingaiñak baratxeago, eta jostorratzak dantzariago bear ditugu. Ez al duzute astelen au egiazko bigaramontzat artu zeuek? Eta lana, ugari dugu, aste bitartean jada ere bada-ta.
—Jaia? —esan zuten guztiak ao batez, eta pozik, jakiña.
—Jaia, ez ain zuzen; baiñan nik dut erbestera bearra, eta zuek, zeuen kontura ez dakit noraiño elduko ziñatekean, neu ementxen akuillu zorrotzez gertu egon ezik.
Esanaldi sutsu ori atertu zuanean, berriro aldegin zuan modista irakasleme latzak.
Orduan, azken-epaitzat, entzun-arazi zuan mindutako neskazaarrak:
—Atzoko kontu guzti oiek, utzi ditzagun ezpaian, eta obeki izango da.
Ez zekizkian asko arek, Loli-k kontatu ez zituan zerak.
Urrengo ostiralean, modista azkar arek, gaztigatu zien bezela, erbestera joatea izan zuan, eta joskille-kumak zertxobait goizago irten ziran beuren lantegitik.
Kasilla aldetik Basurtorantz joan ziran, neskak, eta zerbait ibillita gero, banandu ziran eta bakoitzaren etxeetarantz abiatu.
Loli, Alzola kalean zear zioan eta bazkal-ostean dendan erositako eun polita zeraman eskuan, borobildua, paketetxo batean, beretzat lenbizi bere eskuz egin gogo zuan soiñekoarentzako tela merke bat.
Ontan, batbatez eta ustekabean, albora begiraka zioan nunbait eta, norbaitekin topo egin zuan eta neskak eskuan zeraman pardeltxoak, lurrean aurkitu zuan oe zabala, etzantegi erosoa. Bestea, mutil gaztea, egunkaria edo irakurtzen ari zan, alkar ikusi ez, eta orra...
—Barka ezadazu, andereño. Ez jakiñean izan da-ta.
Eta arrapaladan jaso zion lurretik paketea eta eskura eman neskatxari.
—Ni ere saietsera bea nentorren eta...
—Apurtzekorik ezer al zenduan lotura ortan?
—Ez ba, tela bat da soillik.
—Eta, nolako tela? Nik ere ulertzen baitut ortan. Agian, zikindu edo egin izango zan. Nai al duzu ikusi dezagun?
Neskak parra egiten zion, eta erantzunik ez. Buruaz zirkin egiñaz, ezetz edo, adirazi nai zion.
—Nora zoaz orain? Jakin ote nezake? —galdegin zion Andertxo-k, aura baitzan esandako gazte irakurlea.
—Orain? Etxera.
—Etxera onen goiz? Zera, zazpi ta erdiak inguru dira-ta?
Eta mutillak, artaz pena arturik bezela, neskatxaren bidelagun egiteko ziztada nabari izan zuan bere barruan.
—Auxen ere ba da ba, lore polita! —zion berekiko—. Eta nola utziko dut bakarrik bide bakarti oietan?
Eta ez zuan bakarrik utziko, ziur asko, une artan kalean bertan barna, beste pinpilinpauxa arin bat agertu izan ezpalitz. Aura, Karmele zan, eta ba zekian zer nola atondu gorabeerak, bere adiskidetxo Marga lotsatiari gazte apain bat eskuetatik egarazteko.
—Andertxo! Ander! —dei egin zion aots zoli ta biguiñez Karmele-k kaleko beste bazterretik—. Atoz onera unetxo batean!...
Eta maiz oi danez, prakadunak gonadunaren ziztu-otsa bertatik jaso zuan.
—Andertxo! Ori kastigatzen ari al ziñan? Ez al dakizu zuri begira emen nor daukazun aspaldi? Biotzgabea zera, egia diotsut!
—Karmele! Azalduko dizut oraingo gertaera onek izan duan asiera.
—Aski dugu azalpenik. Goazen, maite.
Eta Karmele-k bere besoa eskeiñiaz, an joan zan Ander onen aldamenean, bizkitartean urrutiratzen zioan Loli-ri soaldi lasai bat egiteko betarik gabe.
|