AMA BAT!
(On Antonio Arzac Jauna-ri)
Seiaska pobre baten aurrian
Ama bat makur lenguan
begira eguan, bere umetxoa
lo ala esna ete [e]guan.
Ezaguturik esnatu zala,
arturik bere altzuan,
maitasunezko berba leunian
onela amak ziñuan:
«Semetxo neure biotzekua,
semetxo neure kutuna,
bakar bakarrik zuk bete dozu
nire biotzeko utsuna;
Jaungoiko Altsuak emon daizula
indarra eta osasuna.
Ilgo baziña!... galduko leuke
zure amak bere zentzuna.
Semetxo laztan sortu zarana
neure erraiyen erdian;
semetxo eder bardinbagia
itxasoan ta lurrian,
etzara jaio jauregi baten
aberastasun artian...
Baña zu zagoz, maitia! asko
aberastasun-etxian.
Jauregietan jaio diranak,
errege diranak sortu,
ezingo dira, neure biotza,
bein bere zugaz neurtu.
Izango dira aginpidian
geiago, ezin ukatu;
baña ederrez, maite maitia,
ederragorik ez dozu.
Zure bekoki zabal garbian
begi urdiñ gozuetan
ikusten jatzun argitasuna
ezta ikusten besteetan...
T'urre irudiko ule kiskurra?
Urria ezpada benetan,
urre-zidarrak baño geiago
balio dau nire ustetan
Kutun, laztana, biotzekua,
neure semea zu zara;
zure ondoan aztuten jataz
samiña eta negarra.
Zu, nire poza, nire atsegiña
betiko izango etzara?
Naiko deustazu, maiteko nazu
maite zaitudan gisara?
Ze ao polit zoragarria,
ze samurra ikusten jatzu!
Zure ezpan bigun, orban bagian
irri-barria daukazu.
Benturaz, baietz, aingerutxoa!,
baietz agindu nai dozu?
Gure etxeko lora ederra
indar!, mun bat egidazu.
Euskal Erria 23 (1890) 365-366);
Euskalzale 1(1897) 22;
La Baskonia 25 (1918, 874.zk.) 153;
Boga-Boga (1964, maiatza-ekaina) [10];
Ondarroa (1989) 103;
Ondarrak, 128-130.
|