ZARA'KO LOREA
I
Madalenatxo Larraldekoa,
Saran sortu dan lorea,
noraiño zoaz ain goiz t'apaiña,
ain eder eta gaztea,
gerra-denpora bildurgarrian?
Nora, bakarrik, maitea?
—Bera-rontz noa bilatu naian
arimarentzat pakea.
—Bainan etzera, Malen, bildurtzen
bakarrik, gazte eder ori?
—Nere bidean ni bildurtzeko
zer egin diot iñori?
—Zer egin dezun? Zer egin dio
arkumeak otsoari?
Zer egin dio txori gaixoak
mirotz erpe sendoari?
Ai! Bildur zait, Madalenatxo,
Sararen edergarria!
Mirotz guziak t'otsoak baino
txarrago da gerraria:
bere legea da gorrotoa
t'amesa odol-egarria
laguntzat dauka bandera beltzdun
eriotz negargarria.
II
Pinet gogorra da Sara aldean
prantses martitzen burua,
betosko illun, begirada txar
t'itz garratzean maisua.
Gudari askok egin bear du
martitz orren agindua.
O! Jaungoikoak egin dezala
biotz samur t'onekua!
III
Or dator Malen... Arpegia du
gozo, biribil, leuna;
maitasunezko begiak dauzka,
begirada txit biguna,
gorputz lirain ta ondo betea,
sasoiko azkartasuna.
O zein eder ta zoragarria
dan Madalena txukuna!
—Nondikan zatoz? —galdetzen dio
gerrari batek zorrotzik.
—Beratik, jauna, —erantzuten du
Malen gureak—, Bera'tik.
—Zer egin dezu gaur Beran? —Jauna,
autortutzea bakarrik.
—Eztet sinisten, salari zera:
lotua zaude bertatik.
IV
Ai! Badarame gaizkile-gisan
euskal mendiko usua.
Gezur txiki bat esan nai ezik
galtzen du bere burua.
Gazte zera ta, bizitzagatik!
gezur bat, Malen gajua!
—Salbe Rejina. Gaztea banaiz,
gazterik nai det zerua.
O mingarria! Men egin zaio
Pineten aginduari.
Zer egin dio txori gaisoak
mirotz erpe sendoari?
Zer egin dio arkumetxoak
otsoko amorratuari?...
Euskalzale 1 (1897) 43;
Ondarrak, 130-132.
|