AGURE-KANTA
Negu beltzaren beltzenetako
jai arratsalde batean
nere gelaren leyo-zulotik
begira negon pakean;
anima bizi bat bakarra-re
etzan agiri kalean;
etxeko denak festan ziran ta,
bakarrik nintzan etxean.
Esango nuan lotan zeudela
mur-murrak ixill osuan,
senti ezpanu era batera
norbait kantari auzuan,
boz bigun, makal, samurgarrian,
esakera samintsuan...
Gizon zar baten kantua zan ta
ara emen zer esantzuan.
«Jarrita nauka bakartadean
indar-ezaren indarrak,
negar soñuan kantari nago
nere barruko negarrak,
nere barruko negarrak!
Oroimen bizi t'ibilkariak
nere aurrean, nasturik,
a!, zenbat jolas ipintzen dizkan
gozo ziranak mindurik,
gozo ziranak mindurik!
Gaztea nintzan! Gizon sendua,
gogor, indartsu, lerdena:
azkarrak ziran lagunak bañan
ni danetan azkarrena..
Bai!, danetan azkarrena.
Gaur, indar gabe besuak eta
begiak dauzkat lausuak.
burua zuri, belarriak gor
eta txit sorrak pausuak,
eta txit sorrak; pausuak...
Festarik bazan inguruetan
lagunak nituan billa;
juaten nintzan alai ta garbi,
arturik nere makilla,
emen daukatan makilla.
Gaur ere leku bazter ontara
datorkit fest'oyartzuna.
O! Zertarako! Asearentzat
dena da garraztasuna,
den-dena garraztasuna
Festa-oyarzun urrutikoa,
nola zu zatoz nigana?
Ai! Neretzako mingarri zera,
gaztearentzat laztana...
gaztearentzat laztana...
Zoazkit, bada, nere ondotik,
txoratu itzazu gazteak.
Badaukazu lan: oyek zartzean...
Atzetik datoz besteak,
atzetik datoz besteak..
* * *
Nere sasoiko gizon lagunak
il ziran danak, negarrez!
Laster askoan ikusi ditut
ayen senideak farrez,
ayen senideak farrez!
Bakarrik nago goizean eta
arratsaldean bakarrik,
gaurko egunean iñork eztu nai
aldamenean aur zarrik.
iñork eztu nai aur zarrik.
Egur igarra bezala nauke
sutondoan baztertua,
suaren garra daukat laguntzat
ta nere Jaun zerukua,
baitare Jaun zerukua.
Zertarako da egur igarra
len izanarren ezea?
Zertarako da landara zimel
lore ta likurt gabea,
lore ta likurt gabea...?
Nere aurrera iñoiz badator
etxeko gizon gaztea,
galdetutzen dit ajol-antzean:
«Nola dago aiton gurea?
nola dago aiton gurea?
Ai! Ezpaneki berea dala
ajola gezurrezkua!
Ez nuan noski orain jakingo
nola dan gaurko mundua,
nola dan gaurko mundua.
* * *
Ikaraz nago, beti bildurrez;
eztakit ondo zergatik.
Onenbestean gizona aultzeko
badu neguak indarrik?
Nik ikusi det lenago ere
Izarraitz gaña lañotan,
nik ikusi det elur txuria
Ernio mendiñ askotan:
Nik ikusi det zeru goibela
lurrari argia kentzen,
nik ikusi det ekaitz gaiztoa
itxas gizonak ondatzen:
Nik ikusi det olatutzarra
pitsez aitzetan burruka;
ik ikusi det negu-txoria
triste aidean oyuka:
Nik ikusi det egun laburra,
gaua izarrik gabea;
truixu ekaitz ta txingor artean,
eztet nik galdu pakea.
Neguan bertan neretzat beti
alaiak ziran egunak;
nolatan. bada, ikaratzen nau
negu beltzaren illunak?
Zerren orduan, gaztea nintzan!
osasun eder batekin;
zergatik neukan udaberria
beti barruan nerekiñ!
* * *
Negua da ta gogoz euriak
kaleak bustitzen ditu;
nola ni ere negua naizen
malkoak ezin gelditu,
malkoak ezin gelditu!
Aseko dira euriz landarak
eta berdetu kanpoak...
Ni, legorrago geldituko naiz
ixuritzean malkoak,
barren barrengo malkoak!
A! Zeñ otza dan gaurko aizea!
Nola ni nagon ikara!
Leyo-zulotik oyuka dator
gizon illtzaille gisara,
gizon illtzaille gisara.
Legor ta zalla dakat gorputza,
bañan anima samurra;
nere anima da zerurako
gorputzarentzat... or lurra,
gorputzarentzat or lurra.
Biyak nik maita! Baño geiago
anima, nere jabia.
Pensamentuen jayo-tokia,
sentimentuen kabia!
sentimentuen kabia!
Bakartadean billatu nai det
animarako osasuna;
bakartadean billatu bear
malkoen gozotasuna,
malkoen gozotasuna!»
Kantari zarra ixildutzean,
oso samurrik nenguan;
kantua daukat gaurdaño ere
ementxen, belarronduan,
damorrigarri, bigun, tristea,
negargarrizko soiñuan...
Etzait aztuko kantari zarra,
etzait aztuko beinguan!
«Euskal Festak Mondragonen. Oroimengarria»,
Donostia, 1896, 24-28. orr.;
Euskal Erria 35 (1896) 12-14;
Euskalzale 1 (1897) 186;
Baserritarra 7 (1910, 152.zk.) 2;
Olerti 6 (1964, 3-4.zk.) 7 [Zat.];
Redención 40 (1964, 425.zk.) 14;
Ondarrak, 135-141;
Aranzazu (1966) 33a [Zat.].
|