XV. AMONAREN ILLETAK
Ongi zekian Garazik leenik
illeta-jantzia zer zan;
jantzi orretan, pozenik zala,
Elizara joan baitzan.
Zerimoni au bearra zuten
Naparroako oituretan,
il-obietan etxeandretzen
baitzan egunean bertan.
Euskal-errian, urren igandez
ziran, agiz, etxe-jabe:
etxandretzerik ez baitzeukaten
illenik eskaiñi bage.
Oraiño oiturak ala diraute,
galduz ba dioaz ere.
Iri nagusi galgarrietan
jun dira zuzenez beste.
Emaztegaia an, usapal zuri,
bildots erru bagekoa,
birjin-koroia buruan eta
atzetik isats arroa.
Aberats dala, garbi du, nonbait,
bataioko soiñekoa.
Illen oroitzez nola illundu
egun aretan gogoa?
Garazi, ezkon-meza ondoan,
il-obietan eskaiñiz,
goienik barren, denetan koka
apaizarenetik asiz.
Pater bakoitzaz, zortzikoa du;
etxekoan, bein ta berriz.
Ez bedi geldi etxekorik an
lurreko otoitzaren premiz.
Etsairik ez zun; izanik ere,
illen bitartez aiskide,
biotz zabalez lurperaturik
gorroto eta asper-bide.
«Euskalerrian illek agintzen»
egia ez balitz ere,
egun ontako jardun-bideak
goitik ematen du fede.
Obi bakoitzak gogora dio
pamilien gora-beera:
batzuek galdu, besteak etor,
zulo berean billera.
Etxeak bere baitu, naiz alda
esku batetik bestera.
Leengoek saldu nai ez dutela
arriskua du galtzera.
Etxeak are iraun lezake
sortu zutenez urrena;
odol-aldatuz ala galtzen da
leenengoen aztarrena.
Etxeak ere, naiz alda dezan
leenengo aren izena,
obia an dauka barrenagorik,
artan leku dutenena.
Izen bat oso itzali-ta ere,
nork otoitz egiñik ba du.
Obia galduz, illen oiua
entzun lezakenik ez lu.
Olakorik ez dedin, etxe ta
obiak oi dira saldu.
Anima aazturik Euskalerrian
ez daiteke errez gertatu.
Ain zuzen ere, Irurte etxea,
aren maiztar Errekalde;
—pamilietan zer aldaketa
aldiak ekar lezake!—
Etxea saldu, il-obirik ez,
Munoa zitzaion jabe.
Ortaz elizan gelditua da
azken-biztegia bage.
Beste etxe baten obira doa,
eziñez maiztar egiña;
sua galdu ta eragin-berri
zuten il-ezki samiña.
An dago, ordea, galdu bagerik
illen etxe-txoko miña:
urren jabeak isil dezake
otoitzez ango intziriña.
Euskaldunari min dio, aiten
etxea galdu bearrak;
illak, ordea, etxe beretik
jarraitzen ditu negarrak.
Beiñere ez dizu etxerik galtzen
dirauten arte su-garrak.
Lur ontan, etxe ain iraunkorrik
ez dute nausi-maiztarrak.
Etxe batean, bi, iru sukalde,
izan ez ta odolkide,
illen animak, zenbanai gorputz,
oro dirade senide.
Ez etsaigorik, ez gorrotorik,
gauza bearean gogaide:
oben-ordaiñak atera eta
egin zeruraiño bide.
Maite-egun artan beste eragiñik
ez balu ere Garazik,
biotza maitez gaiñezka dio
egurats goxook obitik.
Etxeandre da, emazte da: au du
poza poz denen gaiñetik.
Geitua alaare, esan diteke,
zirura andi igoengandik.
Aialdekoek lagun zioten
erdi-illetaz Elizara,
soiñean mantoi nabar beltz banaz,
oroitz aurreko legera.
Elizkizuna buka ezkero,
zeramatela etxera,
kentzen zituten. Etxe berria,
illetaz andrea bera...
Gerriederren etxe aretan
Erio zebillen urbil;
aize zorrotza bial aurretik,
bera atzetik mozorroz bil.
Eztaiondotik itzultzerako,
amatxi ogean umil
anderrai-miñez, atzeman zuten,
burua zuur, ez il, bai il.
AMONAREN ERIOTZA
Matiste Elbarren, amandre zizun,
amaren ama, Garazik.
Sei urtez geroz ez zun ezagun
etxean beste amarik.
Ogean ez zun egun bat egin,
erditzekotan besterik.
Igarri zion ordukoan, ba
zoala mundu ontatik.
As-nekez, itzik ezin egin ta
indarka aziaz bularra,
atera nai du gazte aientzat
aholku denen ondarra:
«Zaitezte zintzo, gorde zazute
gurasoen fede zaarra;
pakean bizi, lanean jardun.
Au dut esan nai bakarra».
Il-ta bezala, burua makur,
egiñik indarraldia,
arnasik ote, urbil zaizkio, ote
biotz-pilpira geldia.
Gero, begi itxiz, esnai ta ametsen
tarteko dan marmaria.
Azkenik, «oiñik ez dut sumatzen»;
anima zun gora asia.
Apeza an zeukan ondoan, Jesus
esanez bein eta berriz.
Elizakoak emana zan ta
erne zegoan belarriz.
Alako batez, dardaraldi bat;
Jesus emanik azken-itz,
aurpegia alai geldi zitzaion,
bi ezpaiñetan par-murriz.
Bi malko oikorik ez zun aurtiki;
bi, Garazik, aren ordez,
isil isillak, barnean zuen
biotz-min aundia gordez.
Amarik bage geldia baitzan,
aski ba zekian miñez.
Orduz geroztik, aren begiek
beiñere ez zuten gaiñez.
Eleder, isil, atsekabean
Gerriederri laguntzen,
itsas-ertzean zegonen baiño
barrenagotik pentsatzen;
gaueko beilan zer bertsu egin
bere gogoan iraultzen...
Illaren egin aipagarriak
bertsuz baitziran ematen.
Aide ta aiskide, lagun, ezagun,
illari elkarren leian
gorputz-aurrean esan oi zion
bakoitzak aal zun neurrian
asma zuena; zitela, azkenik,
gertatu zeru-erdian.
Ez da aunitz urte galdua dela
oitura au Euskalerrian.
Gaua zan, itsa; jende-mordoa
bildu zan aipuetara;
leenik, agopez, otoitz onen bat
ba dute zeruetara.
Etxekorik ez gauza beste iñor
agertzeko bertsuz ara,
ta Mikel asi denen aurretik
mintzatzen arau ontara:
ILLETA-SOIÑU
«Ezkonduaren pozaz batean
ildakoaren samiña
gaur agertzea neri dagokit,
ene emazteari aiña.
Siñes dezake nornaik, ba dala
zure iltzean bi oon miña,
bi ook elkarri bear diogun
maitasuna bezain ziña».
«Illoba onen aurreko ziñan
aurpegiaren eitean:
begiak legun, ezpaiñak biguin,
gorputza taiu berean;
biotza, berriz, gorderik arren,
berdiña, ager oi danean:
min izateko ba dut biderik
amandre onen iltzean».
«Elbarrendarren jatorrikoa,
mihiz labur, luze egitez;
besteen izenik ez zinun beztu,
zurerik ere besteek ez;
auzoko obenik ez zinun aipa,
artako bide eman, naiz ez;
biderik ere zuk ez besteeri,
kristau onari dagonez».
«Jeki, su egin, —besteak lotan—,
aitzurra artuz baratzera,
bide-nabarrez aamen goxorik
ote-liteken eltzera;
etxe-baztarrak zillar iduki
goiz goizetik arratsera;
gizonezkoak, lanak egin ta
lotara; zu, ardatzera».
«Lio-lan latza, lanik maiteena,
urte guziko arloa;
egunezko lan denen artean
artu-utziz jarraitzekoa;
negu-erdian berotzen zinun
artzai otzaren zangoa,
galtzerdi, bartan, bi aldagarriz;
bi soiñez gorputz osoa».
«Ez zinun utsik bein ere bial
eskalea ate-ondotik;
sukal-barnera bai sartu, eta
eman ere maaiekotik;
etzauntza garbiz irastorra ta
bi maindira, zeuk egiñik;
bizi zaraiño ez zaie aaztu
etxe ontara biderik».
«Esku-lanari bezain gogorik
ezpaiñei isil eragin,
egun guzian atertu bage
ari ziñan Jaunarekin,
etxekoentzat grazi ugari
erditsiz otoitz arekin,
zeuretzat, berriz, santutasuna
egungo zeruarekin».
«Maaia bedeika-ondoren, beti
ildakoentzat erregu;
Elizan ere ez zenien iñoiz
zor zitzaienik ukatu.
Oiñazetatik zuk atereak,
ala, bidera zaizkitzu:
ez da arrigarri egun ontatik
zeruan arkitzea zu».
«Santa Garazik artu zaitzala
zenion jaiera beroz;
Aspelats'en dun Elizatxora
izan oi ziñan urteroz:
urterik utsik ez zinun egin
oiñak jaso aal ezkeroz;
"Aita Gure" bat esan zenion
Errosarioan gaueroz».
«Aingeru Aundi Aralarkoak
orobat artu zaitzala,
atsekabean billa baitzinun
aren egarte zabala.
Ama Birjiñak edatzen dizu
bere errukizko magala;
denen artean zabaltzen dute
zuretzat zeru-atala».
«Zeruan goien Irutasuna,
Jaungoiko aundi ta maite,
besoak zabal, zuri begira
atsegin ederrez daite;
ori baitzinun mundu onetan
izan guzien izaite.
Beso aietan menderen mende
zorionez gerta zaite».
Mikelek bertsu oek esanik,
aaideek aren urrena
asmatu zuten gorputz-aurrean
biotzak eman ziena.
Aipatu zuten odeiak gora
amandrearen izena;
otoitz egiñez gorago jaso
anima, berez zuzena.
ILKIZUNA
Ehortz-eguna, biamonean;
etziramon, ilkizuna,
aaide jendeai otsegin arte
iñoiz luza bear duna.
Pesta —ala da ta— naiz ekar beza
esanak itsustasuna:
zenbat sabelkoi egoten dira
noiz etor elizkizuna!
Ehortzikoan, eramailleek,
slillik dute gosaria;
ilkizunetan, gosaria ta
bai bazkari ta afaria.
Erri guziko nausi ta aaideek
egiten dute eguerdia;
maiztarrek, berriz, guziek, naski,
arratseko janaldia.
Eramaileak ezartzen dira
aaideak berak baiño leen;
il-ogea nork eraman, odrtaz,
ez da nekezko billatzen...
Ez aaide, ez nausi, ez maiztar-buru
izanik, zenbait da sartzen!
Otordukoan etxetik kanpo
lan da alakoak botatzen.
Illaren bizkar ase nai eta
Apezpikuak gaiztetsi;
eskomikuaz keiñatuta are
sabelak ezin siñetsi.
Naiz Bataioan, naiz Eztaietan,
ez ainbat ardo ta zitzi...
Ezkurrarraren kontu bitxia
esanik nai dizut utzi:
Gizagaiso bat iltzear zegon.
Semeak koko-erritik
illetarako ardoa dakar,
—oiñak zaizkion artatik—.
—«Aita, diotsa, illetarako
ekar dut Peraltakotik».
—«Ikusi, seme, nolakoa dan»...
Txurrupa artzen du basotik...
—«Ai, seme, seme, ba lego ontatik,
are bizi nindekezu».
—«Ez, aita, biar, bizirik, illik,
Requiem entzun beazu»...
An egiten dan sabelkeririk
adirazten ez noazu.
Zenbait oitura gogoangarri
buruan zuur ar etzazu.
Illa lurpera duten egunez,
ardiaren bi bizkarrak,
ogiz lau libra, iru pinta ardo,
—bakaillo-azal bi, maiztarrak—.
Iru urtez jaunek, biz mendekoek
argi-olaren sugarrak;
ogi ta txanpon, nausiek beti;
bi urtez, jende bearrak.
Ilkizunetan aari bizkor bat
bizirik Eliz-barnean
Domine Iesu Christe entzun arte
daukate Eliz-atalean.
Orduan sartzen, operarako.
Eskaiñia dutenean,
bereela atera, aragi egin,
apaizentzat bazkaltzean.
Iñoiz gertatzen izu samarra;
argiek dute lausotzen;
apaiz kantari aien orroek
geiago oraindi ikaratzen...
Adar ta kalpar eldu ta artzaiak
ba du lan aurrera sartzen:
atzera tira egiten baitu,
ta arri-losan irristatzen.
Ortakoz, aari otzan bat, agiz,
iduki oi dute errian,
zalapartarik egin ez dezan
orduan Eliz-erdian.
Meza denetan au erakutsi,
ta andikan sar artegian...
Aren ordea, zenbait izu dan,
baretzen dute maaiean.
Ba zun aari bat, eskurakoia,
Garaziren aite Petrik;
lau urte ditun aur bati ere
zintzo jarraitzen atzetik.
Mutiko bati egotzi dio
eraman dezan eskutik.
Uki bearrik etzun izandu
adar eta kalparretik.
Garai zalarik, atea zabal,
arin pasaz atal-arri,
andre-tartetik Apaizagana
sartzen dira mutil ta aari.
Mutillak, bildur, mun egin dio
Apaizaren estolari;
aariak usai, erdi-bildurrez,
aren soiñeko ertzari.
Apaizak ala Bildots otzana,
eskuan artuz Ostia,
Mezerdikoan Kristo ber-bera
biur dalarik ogia.
Guziak isil, geroxe kanta,
Meza buka da guzia...
Itzaltzekoan, usaiez dago
erre dan argizagia.
Goiz bazkaldu ta, gizon, emazte,
Absolve-elizkizunera;
moxkortu bage geldi diranak
oro doaz Elizera.
Larraun guziko amasei Apez,
errikoa bat gaiñera,
gero pilota dutela eta,
ez dira arloan atzera.
Elizan sartu; illobietan
usaika da argizagia.
Obi-gain oro dan ool-itxeak
iduri du erlauntzia.
Aren barnean dan argi-oolak
eztiaren orrazia;
erlategi bat zin izateko,
bakarrik palta an eztia.
Erleak asi dira, beltx beltxik,
billatuz beren tegia.
Apaizek, Pater noster-ka sortu
erle-furrunda bizia.
Goizean Mezan eskaiñi ziten
oituraz zor dan ogia;
orain zortziko txanpona bota,
Pater bakoitzen saria.
Artean, gizon-saillak bereela
bukatu du legez dana:
estolari mun, bikoa bota,
erreza "Aitagure" bana,
Eliz-atea billatu dute,
—ez nekatu nai belauna—.
Atsoek are, mun eta diru,
luzeago dute lana.
Ateratzean Josepe Motz'ek,
—sakristau izana baitzen—
begi-zearka Pater-zaleai
gaiztoz die begiratzen.
«Or ari dituk, dio kanpoan,
Pater noster lardaskatzen.
Olako otoitzik ez diat uste
Jainkoak dunik onartzen».
«Testamenta nik garbi ipiñiko,
aberasten naizenean;
errespontsurik ez dezatela
bota nere eriotzean.
Mezetarako bitez guziak.
Mezerdi-itzak esatean,
zintzoak dituk; gure Jauna an duk
batean aiña bestean».
Errekalde'ko illobia zan
umez zegoen erlea:
ara zan biltzen, ara zabaltzen
andre ezpain-eragillea...
Furrunda aundia moteldua da,
isildua apaiz-jendea.
Pilotarako presaka dabil,
laburra baita atsaldea.
Apez gizaiso Iribaskoa
geldi da erle bakarra.
Aren otoitzaz batean il da
argi-oolen azken-garra.
Gizonek ere xurga nai dute
ilkizunaren ondarra.
Aiek plazatik irteterako,
gaiñean illun-abarra.
APEZEN PILOTA JOKUA
Aldatz, Errazkin, Albisu, Uitzi,
Astitz, Arruitz, Madotz, Alli:
leenengo lauen apezek, beste
lautakoen apezeri.
Iruk iruri joka diteke;
baita bostek ere bosti.
Ontan apezak adiñekorik
Naparroan ez da, naski.
Non sortua dan esaten lan da
Erromarrek zuten pila.
Norbait gure au paume royal'dik
dala, zabaltzen dabilla.
Itzak arrotzak ditugula, bai;
baiña, ontaz zer-nai dedilla,
guzien gaindik euskalduna da
pelote basque'en abilla.
Europan, Txinan, Ameriketan,
munduaren zabalean,
gure mutillak ezaunak dira
gerri-biguintasunean.
Eunka, berreunka, pilotarekin
dabiltza bizi-bidean.
Joku eder au besteren bada,
nausi gu besterenean.
Ilkizunetan, gazte giñala,
egun guzian onen zai:
ikuskarririk, gauza atsegiñik,
jairik balin bada, au da jai.
Beso biguinez, begi zorrotzez,
apeza adin ez iñor gai.
Gizonak plazan ertzetan daude
noiz asiko diran erpai.
Astitz eta Alli, alde batetik
sar dirade eskas tartean;
Aldatz, Albisu beste sailletik;
gaiñerakoak ertzean.
Eskuan larru-zorroa sartu,
lotu esku-muturrean
itzul-iraulkan: andreek alaxe
ari naasia biltzean.
Lau apez jarri dira gaiñeko,
on ala zul esateko.
Amabi gizon jantzi beltzekin
ba dira aski itzal eiteko.
Mutur batean botarria da
sakean bote egiteko;
bi saietsetan bi zizku ditu,
pilotak an gordetzeko.
Aitorle Jaunek ez dute ziñik
egin: aski da apez-itza.
Elkar ederki artuko dute,
besteek beste baderitza.
Galtzadun utsek Gurutz aurrean
eman oi zuten zin-itza.
Nausi zedilla begi zorrotza,
beso ta gerri zumitza.
Etxarri'k leenik bota du, goitik;
erdikoek ezin eldu;
Alli'k erantzun goitik aidean;
botean Uitzi'k galdu.
Sei jokutara leenen-kintzea
merke samar dute saldu.
Erdin daudenak an on dabiltza,
pilota noiz arrapatu.
Ertzetakoen keiñu-aldiro,
lepo-begiak biurkoi;
zakurrak ala ogi-puskari
erne erne begiratu oi.
Onetan, Alli'k bee samarretik,
bote okerra arturik doi,
Aldatz'ek gutxiz ez du gelditu:
ez da leen bezain luzakoi.
Uste ez dun arren, —zaarren ustea—
kakotzen asi gorputza;
irurogeitik gora doa, ta
leen ainbat nai luke luza.
Inguruetan ordura arteo
ez zitzaion iñor gauza;
orain Astitz'en nagusia du:
gazteek aurrera bultza.
Buru-gaiñetik ez da luzaro
bi aldetara pilota;
laister Astitz'ek geldirazi du,
eskas-inguruan jo-ta.
Ba zirudien katagorri bat
intxaur-gaiñean igota,
beso batetik zintzilik, eta
oiñak ezin iñon bota.
Gogoan daukat, bi aizkolarik
zugatza lurrera nai ta,
goi-galdorrean ikus zutela
katagorri bat jarrita.
Jetsi nai ez ta, urren intxaurra
ezin iritxi jauzita:
balankaldi bat bide ba zegon
biak ondotik neurtu-ta.
Alderditu da zugatza eta
lurrera asi da geldiro;
intxaur-adarrik urbillenera
salto egin du biziro...
Astitz onela pilotagana
bidera atera neurkiro.
Eskuetara derakarrela
norbaitek asmatu liro.
Artan, Albisu lurrean luza,
—igerilariak ala—.
Ez du gelditu, bote biurriz.
Zutitu da bereala,
gaiñetik jausi-ta, katagorri
intxaur-zalea bezala.
Juez Jauneri eskua jaso,
eskasa erre duala.
Marmari gutxi, artean; baiña
orduan isil-aldia.
Dudako baitzen, ez jakin nora
eroriko dan auzia.
Eskas aretan dago begira
Errazkin begi-argia;
ark geienetan, bere aldera
iraultzen erabakia.
Gorputza luze, besoa zaintsu,
igar aurpegi, sudurra;
karta-jokuan etzun ikasi,
ez zekin zer zan gezurra;
makar aundirik etzun gizona,
jan-edanean txit xuurra...
griña bat zizun, alarik ere:
eskupeta ta zakurra.
Udazkenean, argia baiño
ordu betez leen zun Meza,
esku-ikusitzat basoillo, oillagor,
usorik atxi baleza.
Egunik utsik ez, eta alaare
berak bazkaria geza...
Artu liteke lurrean, ainbat
aitzaki duen apeza.
Zer begi-zizta! Berreun oiñera
poxpolo bat irazeki
tiroz buruan jota; besteaz,
berbertan joaz, itzali.
Basurdeari begiak itsu
bala alderenduz bateti:
alako begik, botea non zun
pilotak, bear ikusi.
Beste Jueza Mugiro dugu:
garbi-garbi ikus ez omen,
baiñan arraia pasa bezala
iduri zaiola, aitortzen.
Bote-lekura jun dira biak.
Errazkiñ'ek adirazten,
arraian dagon belar-izpia
ikus dula dardaratzen.
Ortaz pilota erori baita
zut ez baiño oker-antzean,
kintze Astitz'ek egiña dula
diote bien artean.
Sake errestoak lekuz aldatu,
erdikoak barrenean.
Alako pranko egin dezake
Astitz'koak atsaldean.
Aurrera ari da, egan doala
pilota, geldi ta geldi;
zirauna bezain biguin besoa,
sugea ainbat biguin gerri.
Bost joku egin ark lagunekin;
Aldatz'en aldekoek bi.
Usu partida bukatua da;
etxera aldegiñen andi.
Xaldi gaiñean Baraibar'koa,
—aurrera baitzoan urtez—
etxera asi da. Esku zabala,
dirudik ark ezertan ez.
Meza a'ri denek lagundu nai ta
gelbiltzan ito-bearrez:
amar sos eman zizkidan bein, ta,
ez ni etxera negarrez.
Etxean, berriz, atsekabea,
dirua ostu nuela.
Orduan negar. Emana nunik
ez adirazi bereela.
Luzaro bage siñetsi zuten
ark emana zitekela.
Oinbeste bage itzuliko zan
Baraibarraa aren sakela.
Aren xaldiak topa baleza
gizaki xarpil-jantzirik,
eskale zala oartu eta,
aren parean geldirik.
Ala zedukan gizagaisoak
aspaldi erakutsirik.
Apeza, azkenik, itsutu zan. Bai
aal du zeruan argirik!
Astitz'ek egin tu sei jokuak;
besteak bitan gelditu.
Illunabarra gaiñera zaie;
egun on dute pasatu.
Baita besteri atsegin eman,
pilotan bizkor jokatu.
Partida, guziz eder deitzeko,
oiko gauza bat palta du.
Meza Nagusi ondoan asiz,
etortzen zaie eguerdia;
—ikuskarri au ongi ikusteko,
geienean eguzkia—.
Geroenean ezkilla jo du;
jokua betan geldia:
eskua jaso, txapela arrotu,
denek lurrera begia.
Lasta-illaren azken-aldera
pagadietan usoak
ikaraturik, ezkur-jatetik
arrotzen ditute egoak.
Egaldi aundi bat egin eta
billatzen berriro ostoak:
era berean ikusi ditut
nik begiraile zintzoak.
Jaunaren Itzak jauzi egin zun,
aragia artuz, mundura;
gure gizon ook otoitzarekin
egaz ein dute zerura.
Eztarri legun batek aurretik,
—apeza an bada, ark oitura—
Angelus esan, besteek erantzun;
mintzo ark aizeak urra.
Batak aldegin, besteek aldegin,
ba dator illun-abarra.
Gero ezkillak Angelus-ekin
il gaisoen deadarra.
Errekalde-etxeen, urte osoan,
malko bageko negarra.
Urren asteen Pestaburu da:
moztu du urteak adarra...
AZKENA
Bertsolariak oitura baitu
esaten urtegarrena,
bertsu-lan ono jakin, zer urtez
eman diodan azkena:
Kristo jaiorik emeretzireun
ogei ta amalaugarrena...
Ederrik badu, Arena du, ta
txarrik badu, neronena.
Doxa Theo
|