XIII. EZTAIETAN
Gaua luzatzen ari, nabarmentzen otza,
goizean ote, ez ote, zokoan izotza.
Orman ipurdiz gora euli lepa-motza:
negua urbil dalazko siñale zorrotza.
—Arriturik ikusi dut uda-betean
eulia buruz bera beti sukaldean.
Ez zan gari aundirik bildu larraiñean,
erdoiak jan baitzitun denak alorrean—.
Gau-loan ordurarte, astun maindirea;
urratzen da ametsetan, naiz esna, ogea.
Gaurgero otzikarak du gorputza gordea;
negua ainbat nai litza maindire luzea.
Eun kana ta geigoren jabe da Garazi,
zortzialdia baitu azal eta larri.
Bosna kana bakoitza, luzetan bi t'erdi;
erdian josi eta zabalez metro bi.
Burko, oazal, atorra, okozpeko, zamau
egiteko, bearrak ainbat negu ta gau.
Amaren eunak ere etxean ba dirau:
otzari iges egiten ez da sorgin-arau.
Nexkak urtez amaika zituen ezkero,
aitak eman-baxtarra lantzen zun urtero.
Negu-uda ba zekien, tartea zunero,
beatz, ortzak dantzatzen ezkontzeko bero.
Urte artan izan zun argi-iten laguna,
bekaiñetik uxatuz loaren astuna.
Biotzak etzun senti gauaren illuna;
illunagorik da maiz Abendu-eguna.
Irun, garbi ta josi, azpildu barrena;
—atsegiñenik zaio lanetan azkena—:
ari gorriz bordatu bi maiteen izena,
fedea bezin nekez urra ditekena.
Milla ta milla zizta ainbeste kanetan,
maite ez-ezagunari opak ametsetan.
Azken urteko aiek, baten ederretan,
ez ziran loz, alperrez, naasten arratsetan.
Lastailla'ren leenetik, pestaburuz beela,
irun-lan asi zuten leendanez bestela.
Artean ez zan nexka langille motela;
maitetasunak dio, orde, ziztu ez epela.
Naiko zuritasuna berak orni baitu,
Azpiroz'ko Mattoloz ezin iñola aaztu.
Eskale gaixo onek bost illaun iretsi du
lio-jotzen! Garazi'k oge bat agindu.
Aren ezkon-ornian zenbat da arek joa!
Erruki-okelaz bat lan-galdezka doa.
Etxekal ibil, ez du galdu lan-gogoa;
gai da aal duna atxitzeko Matoolo zintzoa.
Etxe oneko seme, oge-zuriduna,
suak kixkali zion, gau batean, zuna;
ikulluko bizidun, ogeko laguna
galdu zituaneko gauaren illuna.
Irurtzun'a zan bera; Latasa'n gau egin,
zekorra bidez anbat lermatu ez dedin.
Biamonez zekorrak anketan naiko min.
Artean Azpiroz'ko negarrik ez zekin.
Ez zan neurri-bearra beste eskaleen neurri
merezi zun oge bat langillez ta garbiz.
Garazi'k berak dio, irunez ta josiz,
oge zuria gaitu leengo aren aldiz.
ARREOA ERAKUSTEA
Etorri zan eguna. Irri ta ateraldi,
Sutegi'ko Josepe, Martin Burruntzali,
arreoa zabaltzen biak ziran beti.
Ola mintzatzen ziran asiz aurreneti:
«Aurren-aurren oazala,
ederra eta zabala,
ba dakizue zer amoreri
egiñen dion itzala.
Garazi'k irun egiña,
Mikel'ek argi egiña,
bien biotzak negu miñean
luze-zabal eragiña.
Elur biurtuz kabitzen dizu
amar ardiren illea;
Garazi'k ongi kendu ditio
altxirri eta koipea.
Burko motzez zortzikoa,
lumatu bearko oilloa;
burko luzeetan, lumazkoetan,
lugun dagoke lepoa.
Zortzialdia larria,
lio beti-iraungarria,
neguan bero, udan atsegin,
naiz izan gerri lodia.
Zortzialdi izara axala,
Erregen diñako oiala;
aren tartean leagun dagoke
neka dan ezur-azala.
Azpirako lastaidea,
artazuritzen betea,
kozkor ta bizar garbitua da
zearo txurikin mea.
Zortzi zapi, illa jazteko;
aurpegia estaltzeko;
Jauna azken-aldiz artzerakoan
oitura dan okozpeko.
Oazal ainbat atorra
neskak mutillari zorra;
senar-emazte berri oentzat
or zuritasun jatorra!».
Sukal ta maai-orniak jantzien urrena:
pertz ori, tupiki, suik, danbolin, gerrena,
eltze, gopor, katillu eta abar tresena
zabal ditute zintzo aurrenik azkena.
Burruntzalietara eldu diralarik.
Sutegi'k lagunari diotsa beraizik:
—«Burruntzaliz, or zortzi, zillarrez landurik
ai beratzigarrena, eltzean sarturik»—.
Neskatxa bere etxera ezkontzen zanean,
oge bat ekartzen zun mutillak dotean;
ergia, artaz gaiñera, ume-bearrean,
beor ernaria ta zillarra aal aiñean.
Mikel'ek azi zuen guri bere ergia,
illea gorrikara, betondo zuria.
Ordurarte etzekien zer zan uztarria.
Etzion ere moztu adarren gia.
Bi adarren artean orraztuz kalpatsa,
ergiak, esker-onez, luza mingain latza.
Eskuz bizkarra legun —ua zun txarrantxa—
bei eder, oarkabe egin zan bigantxa.
Beor gazte beltzurdin, kopetan izarra,
ez zun oraiño suma mindua bizkarra.
Orraztu gabe dirdai zedukan kalparra,
eskuz eman baitzion noizbein garagarra.
Berreun ezkutu berak egiñak basoan,
aitak utzi zition beretzat osoan.
Aiekin etzedukan lotsarik auzoan:
bere burua ere naiko dote zuan.
Gazte-jendea asi zan atsegin-pozetan,
—euskeraz esateko, «eztai-eztaietan»—
jan, edanean, dantzan, maite-leloetan.
Andik egun bitara loa begietan.
EZTAI AURRE-EGUNA
Bezperatik mutillek artu senargaia,
gau-erdian zioten oilloen eztaia.
Jan, edan, eta kanta, biltzerako maaia,
mutillaren begira zegon andregaia.
Neskatx aialdekoak —ez iñor ergela—
senargaiaren billa egun-xintaz beela.
Mutillarengandik bereiz erdian dutela,
andregaiarengana; ark ustua du gela.
Neska batek karraisi; gonetan du larra;
ikustean besteek egin dute parra;
ark ere, goiz berandu, izanen senarra;
baiñan, ipuiak dio, alargun ta zaarra.
Besteek ere ba dute barrenean kezka;
egun artan, ordea, poza da gaiñezka.
Laister, dakusanean Gerrieder neska,
batek ezin izkuta malkoa saieska.
Senargaiak ez ditu betondoak illun,
oillo-eztaiak ez du utzi buru-astun.
Oiñez dioa, baiña ba laiteke zaldun.
Beela agertuko zaio merezi dun lagun.
Basakaitz'en gaiñean artizarraa dago;
Andere Eguzki ere ez izkuta luzaro.
Garbi dago zerua, egurats otzaro,
lats-ondoan izotza, belar dena garo.
Garazi'ren atetan geldirik multzoa,
neskak oro dute emen leenengo leloa.
Danboliñen alabak du bakarrekoa
aitonari bezperan ikasitakoa.
«Andre nobia, ille-oria,
zabal zazu ataria;
emen eldu da senargai jauna
dirudila eguzkia.
»Kantak "illea oria", baiña
Andre-bearrak "gaztaiña",
elur-arteko pagoa baiño
beltzagoa du bekaiña.
»Gizongaiari "eguzki" esan...
ez aal-du naiko "izarra"?
Etxe ontatik atera-zai da
Andre Eguzkiaren garra.
»Gizongai jaunak ontzat artzen
atera zaite, Eguzkia;
erakutsozu Eleder oni
aurpegi zuri-gorria.
»Zeru goien garbi dago, ta
errekondoan izotza;
antzigar ori urtzeko gai da
ezkon-bearren biotza.
»Oin-otsa dugu, andre-gaia da;
irauli du maratilla;
txangak negarra, ezpaiñak parra,
biotzak usu pil-pilla.
»Aurpegiaren zoragarria,
soin beltzean nabarmena!
Zerua bera lilluratzeko
malko bat luke ederrena.
»Belarritako zuri dirdaitsu;
lauso lezake begia;
izotz-tanta bat eguzkik jo-ta
ez ua bezin argia.
»Apeza jauna begira dago;
ezkillak jo du Mezara;
beiñere baiño legunago da
Elizarako galtzara.
»Poztu zaitezte, esku emanez
aldarearen aurrean;
bizi zaitezte pake-pakean
mende guzien mendean».
EZKONTZA
Jainkoaren bidea gora —ala deritza—,
kolkoan deramate ongi gordez itza.
Ezpaiñetara zuzen jalkiko balitza...
Gaur bildurrik ez, baiña beti dardariza.
Muno'k egin-berri zun ardi bat apustu
apezaren aurrean baietz neska ukatu.
Bein ta berriz apezak: —«Neska maite duzu?».
Bein ta berriz: —«Ez, jauna»—. Guziak larritu.
Irugarrenez: —«Maite aal duzu Maria?»—
—«Bai ta nai ta maita, ta... neretzat ardia».
Orduz geroz baitipar, nexka bildurtia
azkenak entzun arte ez dago geldia.
Ezkon-itza baiño leen apezak agertzen
ezkontzak ezkondua zertara beartzen.
Adan'en saietsetik Eba sort omen-zen,
emaztea lagun, ez mendeko izan diten.
Aundiagoa, Kristo'k Eliza bezala
batak bestea maite lurrean zezala
Erio jasan arte, ez neurri makala!
—Lurra zeru litzake bizi bagiña ala—.
Mikel'engana dala, dio galdegiten
emaztetzat Garazi ezagutzen duen.
—«Bai, Jauna». Galde bera berriz irugarren.
«Bai»— dio, dandararen otsa bezain ozen.
Garazi'gana leenik galdera berean;
«baietz» bipil, ez orde mintzo ber-berean...
Neguan ezkilla ala elurra denean,
edo-ta ardi-txintxina irastor-tartean.
Aialdekoren batek ez begiak legor;
izanen aal-da noizpait arentzat beste nor.
Au ikusiz, beste bat ez da biotz-gogor...
zorion-egun ua lenbaileen baletor.
Apezak eraztuna senar berriari;
senarrak orobat sar Andre gazteari.
Eskuak elkar lotuz, elduz aienari,
barnera sartzen dira, Apeza aurrelari.
Meza, bedeikua, ta aholku zuzena;
gaurgoiti ditezela bata besterena.
Andre-eskua Mikeli emanez azkena,
andik aldegin dute, ez asarre barrena.
Etxera diraneko, palanka atalean
Sukuntza'k landatu du aurrena goizean;
kantan ua aiñakorik ez baita saillean;
Danbolin garaitu zun leengo eztaietan.
Lau ordu t'erdiz gora eman zuten bertsoz,
roduan agertu zan gaztea aurrenekoz.
Arritzen ziran oro ark asmatutakoz.
Danbolin asia zan maskaltzen ordukoz.
Guzia-bearreko ziteken Sukuntza;
deituetan an baitu Salditse'ko Beltxa.
Alakorik oraiño nekez garai leza.
Aiekin ez dute gaur afaria geza.
Sataia landatu du toberak jo naiez
ta afal-bertsolaria Sukuntza da legez.
Nor geigo dan saillean, takela aundirik ez:
Onek garaitzen ditu beste denak errez.
Ezkonberriek pozik diote baimena;
afarian aientzat izanen da aamena.
Salda gorria ba da Anton Koko'rena
berotzeko bere ta lagunen barrena.
Gendulain'dik ekarri sei zagi (bi mando)
igazkotik; ua da ardorik bada, ardo.
Artatik edan eta, edozein bixardo
bertsotan asi eta usaez Beñat Mardo.
Usaiera bildu da Xastian Lesaka;
ez gizon, iduri du agotzezko saka.
Afal ta ken leikio sabeletik laka,
eztarrian sar bage beatz ez zuztaka.
An bear, nai ta nai ez, Mikela Antoneko,
maai'tar ez baa, bederen sukalde-atzeko.
An dago ondar guziak txaro garbitzeko;
zakua beteko du bi iru eguneko.
Beleak sarraskira aurrena baitoaz,
ijito azal-beltzak an dira denboraz.
Eskaleak urrena umil ate-joaz.
Zakur eta katua poz dira gaurkoaz.
Aialdeko ta lagun, gegi-uts dabiltza
ospatzen ezin asmaz gazteen bizitza:
—«Au esku-lan ederra! au oial portitza!»—
Beti bat biurtzen da ezpaiñetan itza.
Ezkon-gurdia apaintzen ez da bear asi;
etxean geldi baita ezkontzaz Garazi.
Itzai-morroia nola, beiak nola jantzi,
itz bitan esanen dut nai baduzu ikasi.
Andregaiak emanak abarka ta bartan,
goraitiz biltzen ditu txukun gurutzetan.
Beiek, zintzilikari berriak kopetan,
Koka-aala zintzarri ustai bakoitzean.
Gurdi-erdian kutxa, aurrean ardatza,
ta liñai-muturrean amuko-mataza.
Gurdi-atzean suilla ta tupiki-pertza;
ogekoz edertzen da gurdiaren ertza.
Gurdiari koketan emanez olio,
negar alaigarria eragiten dio.
«Aida», alper ugari, iñork entzunen balio;
gurtardatza ainbat legun lepoa dario.
Aialdeko ta lagun, urbillen aideak,
egin ttute gosari-bazkari-legeak.
Elkarrekin labur du adarra atsaldeak;
an dira illuntzerako afaldar jendeak.
Ezkonberri ta deitu maaiean daudela
tobera jotzaleak an dira bereela.
Koplak eman ondoren, sartu ditezela.
Tarteen palanka joaz zioten onela:
TOBERAK
«Oles, ezkonberriak;
Jaungoikoak gabon!
Toberaketan gatoz
bost edo sei lagun;
zuen baimenarekin
kantatu dezagun.
Kopla dezagun leenik
emazte berria;
etxeak dion eran
"eder" du "gerria";
artazuriketan du
izena jarria.
Lelo, eztaiak, lelo
Birjin Amarekin,
toberak jo detzagun
ordu onarekin;
ordu onarekin ta
Birjiña Amarekin.
Lore-baratzan eder
arrosa gorria;
gari-meta-gaiñean
eder da txoria;
bil dezake eraztaunak
gaur zure gerria.
Lelo...
Lerden atal-ondoan
erastor-zugatza;
gaztain lerdenak goien
gaztaiña-morkotsa...
ez du nornaik arkitzen
olako bikotza.
Lelo...
Etxe onek goien du
goien sapailloa;
aren alde banetan
gorago leioa;
bekokia, begia,
zuk orrelakoa.
Lelo...
Sei gazta berri daude
erdiko leioan
zuriz eta berdiñaz
ederki lerroan;
zurigo, berdiñago
zuk ortzak agoan.
Lelo...
Beste leio batean
tomate gorria,
Gendulain'go Kokoak
atzo ekarria;
oi-ezpain-kolorea
zuk ainbat gorria.
Lelo...
Bee-sarreran bi atal,
arri-jatai mako:
bat ardi sarrera ta
beste beiendako;
egoki iduri zute
bi bekaiñendako.
Lelo...
Etxe onek ba digu
Andreak bezala
aurpegi zuri eta
bekoki zabala;
elkarrentzat egiñak
dirudi dirala.
Lelo...
Oiturak ala baitu
ematen kirtena,
Gizona kopla zagun
Andreaan urrena:
egun aitortu dira
bata besterena.
Lelo...
Aurten pagoak ba du
ausarki ezkurra;
Nagusi berri onek
baitu buru zuurra,
etxe ontan ba daite
neguan egurra.
Lelo...
Olako etxe onak
onelako Jauna;
olako Emaztaak
olako Gizona:
ba dirudi zeruak
eman-ondasuna.
Lelo...
Onela ari zirala, biek atalera,
afaritara sartu ditezen barnera.
Sukuntza'k ontan eman zion bukaera;
lagunek ondoretik azken-kopla bera.
EZKON-APARIA
Aiek sartu-begira afaltzen asteko;
Xastian ogi-jaten ari zan orduko,
atera begiraka jana noiz elduko;
etortzerako ba du baso bat ustuko.
Ba dator eztai-zopa begi-lausogarri;
biak zorrotz ditio Xastian'ek ari;
katurik aragira ez da ain iratzarri;
eske bizian ditu lixtu ta eztarri.
Bein bete ta bein ustu, bigarren aldian
nork nai dun galdeari luza Xabastian;
irugarrenez ere ondarren tirrian;
gerta litiokenik orduun ez zekian.
Urrenik, eltzaria guriñaz ondurik,
—etxean egunero ez da olakorik—;
artatik ere jñan du bitan mukururik;
ezpaiñak garbiketan ba du naiko lanik.
Ogia galdu bage ezker-eskutikan,
puska puskaren urren jaten ditu ozkan,
sandanigurtzikan, naiz legor-legorrean;
tarterik ez, urrena etorri artean.
Aragi egosia; usaia ere berri;
—orain urrena noz jan zun ezin igarri—;
artatik sartu ditu lau libra giberri;
galtzak estutu, eta lasa bear gerri.
Urrena zekorkia, egoski, erreki;
Xastian'ek zer jan dun sukal-pertzak leki.
Edan erruz egin du bultzatzeko obeki;
nai baiño leen ez balu andik bear jeiki...
Urrenik egaztia; Xastian'ek arnas;
izardia arentzeko jarri da buru-has.
Jarraitzeko, barnean tokia du eskas;
zer asperen egin zun ez dakinak ikas:
«Gurdi-sesto nai nuke tripa, sasoi ontan.
Mami, gozoki ta abar, onenik, ezin jan»...
Negar egiten zizun itzook esatean;
baiñan jarri zioten egaztia aurrean...
Usaiak gaitz egiten; barrena bigurri;
gora-naiak eman ta gaindu zaio neurri.
Maaietik altxa eta ikullura korri;
bota artean izan du leertu-bear gorri.
Itzuli da maaiera, aurpegia zurbil;
berriz ere nai luke afarian murgil.
Labur arnasa artu-ta ezkerrean opil,
berriz asi da bero ondarrak ezin bil.
Mikela borda an dago sukaldean alai;
ongi bete danetik ez du geigo jan nai.
Maizago bear luke aste-egunean jai;
Igandean ere ez du gaiñez betea maai.
Bertso bat ikasi du; bota naiez dago,
oilloaren arrautza baiño bearrago;
kopla bat —ez baitaki andik aurrerago—;
tabernan asmatzen da bat-bat okerrago.
«Artoa eskas, ta kalabaza jaki,
gu nola bizi geran Jaungoikoak daki.
Urtean bein or ortxe ziztor ta tripaki;
ezur bearko dugu berriz lepatzaki».
Urduri zan orduko, Sukuntza, maaiean,
bertsotan etorria erakus-naiean;
itzal aundiko Beltxa zeukan saietsean,
ta leengoan autsi zun Danbolin, bestean.
Ez du gaiñez egin nai leen autsiarekin;
nai arren, ez da ausartzen, orde, Beltxarekin.
Itz onak jalki ditu ondoko biekin:
eder ez da burruka kide ez diranakin.
Gogoan zun, norbaitek erantzun ziona:
«Idi ta ari antzeko ez uste gizona;
aul duk ukatuari keiñatzen diona.
Etorriko zaik, guri etorri zaiguna».
Bere leengo kontuak alaitzen du zaarra,
artatik artu nai du Sukuntzak adarra:
«Irri-bertso asmatzen zu ziñan bakarra.
Esazu Petiri'ren bizitza bearra».
Aurrenik ez-keiñu —kantari danena—;
ustu-naiean zeukan, bestetik, barrena.
Ain zuzen kantatzeko eska ziotena,
zan, bein ere egin zuen bertsu ederrena.
«Ni naiz Petiri Danbolin.
Gosea dakart nerekin.
Nik jotzen diet goserik ere
Denari soiñua berdin.
Nik ba dut estamu-miña,
ez jan-edanak egiña;
ala dirudi nere gorputzak
gazitutako sardiña.
Nik ez dut ortzean miñik,
ez dut ere eskas agiñik;
oraindik urrak austeko dauzkat
osorik eta zorrotzik.
Ikusi nere sudurra,
larrua doi dun ezurra;
bean okotza okozpe-bage
iduriz golde-muturra.
Ikusi neren esku-gaiña
pagopearen lur-gaiña;
azal-tartean kabitzen ez-ta
gaiñera atera da zaiña.
Izkutu daukat sabela
gorputza bezain zimela;
il naizelarik arrek kabirik
ez didate egiñen beela.
Ez dut atzean ipurdi
eseritzeko bururdi,
okela-apur bat bearrenean,
larru guzia zimurdi.
Koskarik gabe gerria
galtzarik ezin geldia;
jantzita ere gerrikatzeko
bi eskuz ezin balia.
Ortakoz iztarrak estu,
bat bestez gurutzeratu;
alare larri, galtzik ez diten
ipurdiraiño beratu.
Gosari, bazkari, aula,
baratzuri ta tipula;
oriek janez kutsu-gaitzik ez,
Jainkoak indar digula.
Ni naiz Petiri Santz Arin
eztai orotan danbolin;
eztaietako bete-aldiak
ez dit onik beiñiere egin».
Bat edo bat ari zan, oi danez, azpitik
ark kanta-aala aurrea artuz leen buruz jakiñik.
Bukatzean, «Ori duk!» guztien aotik.
Gazte-egunak tiete berritzen oraindik.
Ezin-egonez zeuden Beltxa'ren begira,
eder mintzatzen baitzan gaiaren arira.
Zer kirten artu, labur ixillik geldi da;
eztai-kanta au eman zun burutik mihira.
«Goizeon ikusi dut dantza bat portitza;
soka-dantza antolatzen ari izan da Apaiza.
Berak, danbolin alai, ezpaiñetan itza...
Olako biko aunitz betiko balitza!...
»Bein batez joan zaio Eleder men-mena
Meza nausi ondoan eskatuz baimena,
atera bear dula dantzik ederrena;
par-irriz eman dio, ezin uka dena.
»Adierazi dio zer ordu, zer egun...
berak ba dakiela zein dun dantza-lagun.
Aurretik opa dio grazi ta osasun
lokarri berri ori ez dakien astun.
»Etorri zaie eguna. Apezak neskari
diotsa: "Nai aal duzu andere Garazi,
Mikel Igarabide lagun izan beti?".
"Bai jauna" biz, irutan bipil du jardetsi.
»Urrena mutillari: "Orobat, il arte,
emazte nai aal duzu Garazi Iriarte?".
"Bai jauna" biz, irutan. "Eliza bitarte,
on artzen dut; esku ook elkar etzazute".
»Aldarera deramaz, esku-dardar pozik;
dantza santu orretan ez da zapikorik,
eraztun bana dute lokarrikoberik,
bietan bat il arte ezin utz eritik.
»Neska ta mutil lagun, biko onen atzeko,
ezin asmatu dute dantza au jarraitzeko.
Olastem aro arrem dagokieneko,
ordurarte ez ikasten; ez baita besteko.
»Ai, ori da dantza, garu ikusi duguna:
bien eskuei elduz buru Apez Jauna;
urren, bata besteran betiko laguna;
ondarrean, mordoan, gazteri ikastuana.
»Eraztun ori-gorriz ein dute katea;
ezin daite gaurgero erditik austea.
Gerta baledi ere eskutik galtzea,
biotzen lokarria estugo daukea.
»Luza bedi kate au maitez eta maitez,
elkar erauntsitako alabaz ta semez.
Iñoiz Euskalerrian ikusi dugunez,
antola bedi dantza etxekoz bakarrez».
«Ori duk», ago batez diote Beltxari.
Xastian'ek isollik eldu maats-morkari.
Dantza aipatu du Beltxa'k; an ba da dantzari.
Maaietik altxa dira bukatuz afari.
Sukuntzak, deneri par arazten diela,
dantza-lagun billa du Borda'ko Mikela;
ezetz aurrena; baiña etsi du bereela;
oinbestetzat etzuten artu, gazte zela.
Ur bedeikatu-arri dirudin ezpaiña
aurrenik ezatu du ibilliz mingaiña: ;
beatzak an bustita jasoz anka-zaiña,
agerian jarri du gorputz ez liraiña.
Ez ain koloka aateak ibiltzen ipurdi,
ba dirudi iraultzera doan belar-gurdi;
zintzo dagoan arren, iduri du ordi,
ark bakarrik betetzen du mandio-erdi.
Lurra dardar darabil, airean besoak,
adar bi bekokian bailitu jaioak;
luze, zurrun, aurrera elkarri lotuak;
belarri-begi-sudur an izkutatuak.
Beatzekin kriskitin, noiz-bein ezpaiñera;
artan, ukondoz norbait jo ta luza aurrera.
Mokorrez berez ba du naiko zabalera;
ez diteke geiegi lasa aldamenera.
Oiñak beti batean, ziztu gogorrean,
puntu askoz darama danboliña atzean;
ala ardiak sasia duela ankartean,
zizta sumatzen baitu errape miñean.
Parrez leertu-zorian daduzka begira;
ezpaiñak ezin bilduz Danbolin ari da;
oraindi ez dirade dantzaren erdira,
baiña an bukatu bear parraren neurrira.
Eztai-eguna baita jarik alaiena,
anka jaso bage ez da gelditzen gai dena.
An da Buztin, dantzari zenik ederrena;
kakotzen asia arren, dantzan bai lerdena!
Danboliña atertu da, zaldabaiak ekin;
Teresa Kaskazuri'k jotzen ongi zekin.
«Amalau kaskabillo lau bara zintekin;
ederki dantzatzen da gustokoarekin».
Bikoak aukeratzen ez neke aundirik;
Mikela'rentzat ere ez iñork muziñik.
Elkar billatzen zuten Peru'k eta Mari'k,
Urrena aien eztaiak zirala jakiñik.
|