XII. EULTZIA
Gari ontzeaz ari dalarik,
Kandelera mandelera
(itzik-itz dio esan zaar batek)
bost illaute larraiñera,
sei Larraungoa, zazpi ere bai
Uitzikoa. Tankera
ar diokezu zer illabete; ez
Abuztuaren sarrera.
Belar-sartzea mendera zuten,
ostotsa sarri naiz izan.
Andre Mari'tan pesta artu zuten
Ezkurra'n eta Lezeta'n.
Artoak mardul, babak lekazu,
gariak legor txotxetan:
egunik-egun bakantzen ziran
eultzituaz larraiñetan.
Eultzi bat baizik erri osoan
ez zan eiten egunero;
ostots-bildurrez auzoa zai zan
ua altxatzen laguntzeko.
Eultzia zabal, ez zabal, noizpein
egon arren keko meko,
urte aretan lasai zabaltzen
eguzkia agertzeneko.
Belar igartzen lana gaiñez ta
eultzia azken Errekalde'n.
Amandre Eguzkik indar zuaño
garia jalki nai zuten.
Lastoa txigor, alea ageri,
neke gutxi iduki arren,
bildur, eguerdiz laister Arabak
odeia balu bialtzen.
Gauez aizeak geldi; zerua
aldenbeste zegon izar;
Mikel Eleder deitua zuten:
«Eultzia diagu bihar».
Guratz-aldetik zardaia, alaare
atzetik an du sarri ipar.
Biaramonez egueldi dala
aitonak leiotik igar.
Leenengo los egin ondoren
ogean iraulka dabil;
aspertu, jeki, leiora atzera;
iparraizea da pil pil.
Odei-bizar bat ez da ager iñon;
kanpoan, etzean isil.
Belar, gari ta babekin ba du
buruan naiko maratil.
Eultzi-beorra —lanaren pagu,
gauez larrea zaldale—,
biamonean, zer gerta, an doa
urrutia arrapagale.
Lizar gaztean lepoa azkatuz
galdu baleza joale,
biamonean pagadietan
lasago lebilke jale.
Aurre-egunetik Amazkar-gora
jar zituten illuntzean
belarrak zion esana adituz
ez ziran geldi bidean:
«Aurreraxeago dago goxoa»
zeuden sinis-bearrean;
«Bertan goxoa» esanen zuten
Erasote'ko ospeletan.
BEOR BILLA
Argi-zirrinta suma dutela,
lau mutil doaz beor-zun:
Mikel Eleder, Patxiku Ubilots,
Buztin, laisterkari Irurtzun.
Lau beor izu bizkor biltzeko
ba dirade naiko lagun.
Barren-arrak il, biotzak argi,
lauek gozo dute belaun.
Goiko euntzea inguratuaz,
erne begi ta belarri,
aldapa janez atzeman dute
Trintin'go gain zoragarri;
inguru denak begiratuta,
ez an beorrik ageri...
Garrazta'n-barna, malkorrez-malkor
perra-zantzuak igarri.
Mikel Eleder, Patxiku Ubilots
ospelez doaz aurrera;
Buztin, gaiñez gain; Irurtzun, berriz,
artuz bestalde egutera.
Zantzu dutela elkarri die
oiu, batetik bestera.
Beor-sailla arki dezatenean,
bilduko dira batera.
Urruti bage, bikoak an du
beor bat beokarekin;
eultzia beela porrokatzeko
ez da protxurik aeiekin;
ama gaxoori ille zaar dario
negu legorteen adin.
Naiko lan ba du, belarrik belar
umea azitzearekin.
Otadiaren garai-aldean
Irurtzun'ek egoarari;
eskuiñez luza bekokia ta
ezkerrez luza belarri;
soiñu urruna da, naasian dator,
zer dan ezin garbi igarri;
goiz-gurdiaren negarra, ardi, bei,
naiz beorraren zintzarri?
Oizo'n asi ta Elutseta'ko
zelai-zokoen artean,
abere beltzik, zuririk naiko,
ez du sumatzen arean;
arago, Oinbegi'n, pago-tarteko
garo-soilgune batean,
beor ezur-uts, zaar urdindua,
anka jasoz doi-doiean.
Otadiaren mugaratzean
igo zaigu malkorrera;
Buztin'ek eta biek diote
elkarri zenbait galdera.
Eultzirako gai dan beorrik, ez
batak ez besteek aukera.
Bideberrita geroko utzita
biak doaz ospelera.
Iturri bat da ozkar ta goxo,
«Gibeleko» deritzona;
Larraun guzian ur onik bada
ua diteke esan ona.
Loi arten utzi dute beorrek
oiñaren atz zagunaF,
luzaro bage aiengana da
atzeko biko laguna.
Beren esku utzi zituteneko,
mendia bear atzeman;
Iturriaundi'n ez Aldakio'n
etzuten tantarik edan.
Beruta-muga pasako zuten,
jan-aala, joan ta joan.
Lau beortzaleek aurrera doaz,
urrun ez diralakoan.
Mugatik apur onontzaxego
mardul zegon irastortza.
Buru-beorra alboan zutela
an alaitzen zuten ortza.
Garo-tartean motel gelditzen
zintzarri kalaxken otsa.
Birunda arturik, esku-zartaka
arrotzen die mototsa.
Buru-beorrak kopetan izar,
bi begiek ingurura;
sudur-zuloak zorrozten ditu
utsarte dagon lekura.
Beruta-aldeko, gurdi-bidea
utzi Buztin'en kontura;
azpi-aldera Mikel ta Patxi;
Irurtzun, berriz, burura.
Buru-beorrak irrintzi die
ta ari diote jarraitzen;
azpi ta gaiñak artuak ditu;
Beruta-aldea uts arkitzen.
Ara laugainka. An, atzeragoan,
Buztin pagoan gordetzen.
Denak bidera diradeneko,
eskuan makil, da agertzen.
Lepoa biur, gero gorutza,
irrintzi dagi berriro.
Isats-atzetik, bidea beera,
lagun-mordoska dario.
Zalaparta bat aurrera dagi,
ataka arkitu baliro.
Mutil-taldeak begiz galtzeke,
atze ta saiets, darraio.
Bi aldetara zabaldu nai lu
ardi-bidexkeen tartetik;
bidexkak oro buruz dakizte;
guziak artzen aurretiK.
Nai eta nai ez Garrazta'raiño
ez egon alde-egiteraik;
Zalapart ua geldia dute,
Entzelai-bidea ertsiz;
Garrazta-atakan artzai bat dute
zer-egin gogora-nairik;
ataka-aldera jo luteneko,
borda-gaiña artuko berriz.
Buru-beorra, lurrean musu,
kizkurtzen zaie belarriz;
burua jasoz laugainka asten da
oiana astinduz irrintziz.
Buztin ta artzaia naiko dirala,
irurak atakaz aruntz,
aurrea artuta jarri dituzu
eskumakillak arrotuz,
Oiantzarre'tik Elutseta'ra
jun ez ditezen zabalduz:
iñoiz igesi, neketan arren,
ein dutela andik, oroituz.
Ber-bertan dute Txokone-borda;
Trintin-malkorra gaiñean;
aruntza-aldetik orma-barrena,
labakia azpi-aldean,
estarte medar zaindu-erreza
egiñez bien artean.
Buru-beorrak ara artzen badu,
laister ditute mendean.
Zabaldu-nairik gogor asi da
ataka, an emen, non urra;
burrunda ar dezan baiño leen dute
bipil jasotzen egurra.
Oiuz, eskaiñiz, axakatuaz
artzai Petri'ren txakurra,
zalantzan zerbait ibil ondoren,
itzul diote muturra.
Etsi-etsian bordara jo du;
estartean da Petiri;
besteak lerro lerro doakoz
umilduz buru ta begi.
Bost beor dira eultzilariak,
umedun dira beste bi;
indarrik naiko, eguraldia
itxuraz joka baledi.
Ankak ematen dakitela ta
kontuz dabilla an jendea,
ganbelaan gaindi pistu ta ttattar,
artzeko mutur aurrea.
Nabarmenena muturrez lotu,
aren lepotik bestea,
lotu bageai mututu die
irastorrez joalea.
Zintzo doazi azken-eultzira,
ez jakin azkena dela;
azken-aldikoz erri-ikulluan
uts arkituko ganbela.
Negu-elurtez ez da alaiago
malkarrez bete diela;
negura artean larrean, labur,
betelp dite sabeña.
Eguraldiak alda-aldi ote?
Satorrak ari du lurra,
goizean listuz ikusi omen
katua garbiz muturra.
Egun-aurretik ibillia zan
txorroskin anka-makurra;
oiek aztuta, sines dukete
sorgin beltzaren-gezurra.
Erri begian an dakusate
Mezara doan Katalin,
artajorretan esan baikenun
ote-zan ez ote sorgi .
Iruria'ko errekan, ausaz,
orduko lana du egin:
elkar orraztu, mintza ta asmatu
sorgin zaarrago batekin.
Eultzi-beorrak ikullura, ta
umedun biak larrera,
ate ertsiaren barne ta kanpo
bil nai luteke batera.
Irrintziketan biak sartu nai
ta beste bostak atera.
Etsitakoan isillik doaz
berteneko larratzera.
Aien moxalek ez dute edanen
esne, lanez beroturik,
amen arkitu dezaketela
itzalik eta larrerik.
Uda artan bein-bein izan zituten
gatzagiak utsagorik:
edan-ondoan, barrenarentzat
ez deusen ezetasunik.
Gari-karraio gurdika dabil
Garazi'ren aita Petri;
neskak zamatzen laguntzen dio
balak emanaz aitari.
Gurdi-zolean jartzen izara
ara jalki daiten gari.
Bideko oillo ta txorik, aleere,
izanen dute janari.
Artzai zaar onek, jetzi bage, egun
artan utzia artaldea:
Samartolome-biaramuna,
urteoroko legea.
Egunetara bete zaiela
leer-zorian errapea,
jetziko ditu; ur bage garzagi
nekez artzen dun esnea.
Besteek beorrak atzi artean,
gariz bete du larraiña;
—gurdixkaren bat gelditua du
lasta luzetako aiña—.
Eultzi-zabaltzen asi dira aiek
irauliz azpikoz gaiña,
leenen illara buruz barnera,
jarriz inguru apaiña.
Urren-illarak buruz kanpora,
—ez daiteke barra alea—;
buruak, aalbait, gora erdian,
zoztor ta burun naastea.
Eguzkik gaiña dagion arte
ez da on eultzia astea;
ark igar-aala, porrokatuko
beorrak, apar ta kea.
SORGINKERIA
Apaiza jaunak lasai ari du
Meza Santua Elizan;
gure Katalin zokoan dago
aingeru garbi bailitzan.
Erriagana itzuliz, ua
begiz topa duan bezain
usu, burura etorri zaio
nola sorgin arki lezan.
Egun aretan sekulan baiño
Memento luzeagoa;
ari danetik sorgiñagana
maiz alde zaio gogoa.
Andik kanpora zer aize ete-dan
ez daki, ipar ez egoa;
arek nai baiño azkarrago da
buruan dun aize-joa.
Otoitz eta arren, asmo ta damu
noizbait Mezaren ondarra.
Ikus-zai dago egi ote-dan
amonaren ipui zaarra:
azken-otoitzak egindakoan,
irauliz irri ta parra,
zabalik utzi du Liburua
sorgiña sala-bearra.
esana baita, Liburu ori
zabalik utzi baledi,
sorgin biurtu dagon andreak
ez dula aldegiten andi.
Erantzi eta ikus-bearrez
sorgiñagana du begi.
Otoitz zabarrak: ez iritxiko
grazirik Jainkoagandi.
Mutikoari, zabal uzteko
agindu dio, gaurkoan.
Argiak itzal-keiñuak egin,
josta nai, kanpora zoan.
Artan sorgiñak dei egin dio
aren ondora dioan.
Mutillak ez du ipui arenik
entzun neguz sutondoan.
«Apez Jaunari, ez dala sori
zabal uztea Liburu;
letra gorriek dioten eran,
auz barne, kanpora buru
itxi dezala». Goiz guzi artan
egonik aren aiduru,
berri beltz ua entzun duneko,
sorgin dala da seguru.
Ixten du. Gero agur egin ta
ateratzen Elizatik;
atxo berriak, berantu bage,
jarraitzen dio atzetik.
«Apeza Jauna, ez aal ikusten
zeru urdin artan odeirik?
orratz-burua bezain txikirik,
ostots-azi dirudinik?».
—«Ez andrea». —«Gaur etorko dira
zaldizkoak eultzitara».
Apaiz jaunari barnera zaio,
itz ook entzunez, ikara.
Etxean sartu, neskari esan,
ordubitako koskara
zur egoteko bera lo deño,
baldin balitz ostoskara.
Katalin onek, etxera eta,
garbitzen du zartagia,
deabruuk ere ez luke jakiñen
zertaz egin dun basia.
Gatz, piper, ozpin, ardangazi ta
tipula-buruz josia;
soillik palta da —ark baititu
sorgiñak— baratzuria.
Jan-ondorean igurtziko du
aurreguneko taloaz,
ikatz eta kez, kedar eta autsez,
biziro mindutakoaz.
Aizean barna jun bear baitu,
axolik ez du txerloaz:
goizeko orraztu-legea aski du.
Bost zarpillago ba doaz.
Orraztokia berekin baitu,
pentsa-orduko, Txindoki'n.
Sorgin guzien amari aitor
zerk biotzean dion min:
Apeza jaunak agertu dula
Meza-Liburuarekin,
ortaz errian jakiñen dela
zer oillanda dan Katalin.
Arri-jasa bat eskatzen dio
ordubiak alderako,
esku-aal ori duena baita
Mari Aunei Txindoki'ko.
«Ba dun, alaba; baiña Apez jaunak
ez din itzik aterako.
Jendeen aurrean leen bezala adi;
ez au iñork usmatuko».
Sorgiñen ama au, eder; buruan
urre gorrizko orrazea;
ikatza baiño beltzago illea,
zuri-gorri larrupea.
Begiak lauso detzakena da
aren lepoko katea.
Gorputza lerden, eskuak legun,
ez Basa-jauneen andrea.
Seda-mataza ariltzen ari da
aari baten adarretan;
urre-adarrak zitun, azkazal
urre-gorriak anketan.
Bein edo beste naasi-bereizten
arkitzen bazan neketan,
berak, adarrak onera ta ara,
laguntzen zion benetan.
Ola zeudela, Donamarti'ko
atsoa arri-jasa-billa:
Eiheramendi'n Etxegarai'ek
bai omen andre abilla.
Aren mendeko sorgintto bati
autsi baitio orkatrilla,
ostu naiean joan zaiola
seaskan zeukan mutilla.
Emezortzika seme-alaba
emazte kaskoin aundia;
izketa adituz nor-naik usteko
euskaldun dala garbia.
Ark omen-zeukan ate-ondoan
gorderik baratzuria;
andik anka autsi sorgiñak, eta
bial zezola azurria.
Mari Aundiri oiñetan musu
emanez, gure Katalin,
orraztokia sakelan dula
esan baiño leen Uitzin.
Eultzi-lekura joan ta asi da
mintza batekin, bestekin;
nork sumatuko goiz artan beran
izana dala Txindokin?
LARRAIÑEAN
Azken-izpiak orduun zabaltzen
eultzikoek larraiñean;
eguzkia an zan, zearka, baiña
oi ez duan indarrean.
Apur bat egon, eultzi-azala,
igartuz, samur daitean;
sasi-beorrak ukullutikan
irrintziz dira bidean.
Larren urbil diranetatik
eman dute erantzuera;
beor bat, bere moxala atzetik,
arin doa larraiñera.
Bat beste-bage ezin etsi ta
bildu nai lute saillera...
Lotuta barneen dabiltzan aiek
pozik lirake larrera.
Pake eman dezan, eragin eta
Mikelek sar du ukuillura;
kanpoan argi, barnean illun,
begiak zaizko lillura.
Ganbelak utsik arkitzen ditu
datorrenean kontura;
egun artako janaria du...
askan edan duan ura.
Eultzira sartu ta aurrena astiro:
garia lodi baitago;
ertz eta erdi zanpatu arte
laister-giterik ez dago.
Saillean duten beor zaarrenak,
(bearrik ikasiago)
noiz-bein muturra lurrera sartuz
gariz betetzen du ago.
Mikel Eleder, eragilleak,
pausoa balute lasa,
zartailluz, oiuz, aizea jo ta
estutzen die arnnasa.
Geroxe batek, bizkarra makur,
arrotu zerbait isatsa,
este-muturra puzten zaiola
birbil bota du satsa.
Ua biltzeko keiñu egin du;
Buztin sartzen da eultzira.
Esku-beorra Mikel'ek estuz
motzago du urrengo bira.
Bost sei purruxka bildu arteo
dabiltz beorrak erdira,
leengo bidetik ibilli eta
sar ez dezaten azpira.
Bal aundi zenbait urratu eta
zatuka txiki egiten
eultzi-gizonak ari dirade,
errez jo ta jalki daiten.
Lasto artatik lizar-ostoen
zatukak ditute lotzen,
negu luzea datorrenean
beien janari ditezen.
Zear-zutika losak jarriaz
eultziaren inguruan,
garia jotzen asten dirade,
mozorroki bat buruan.
Zanpa ta dardar, bereizten dira
auke ta alea lekuan.
Alde banatan lau-bosna kolpe,
urrena igurtziz eskuan.
Mutil gazte bat leenengo aldiz,
lepoan babeskirik ez,
utzi zatuka ta beazka asi
bizkarrean dun azkurez.
Zatuka gora jaso dunero
ongi dardaratu bagez,
gari-aleak lepoa beera
sartzen zaizkio oarkabez.
Amona an dator luzaro bage
gari alea aztertzera;
eskuan artu, irraran utzi,
argitzen zaio bekera.
«Gari ederra; gixen, betea;
zalkerik ez du; urrekera:
ogi zuria jateko aurten
ba dugu beintzat aukera».
Eultzia apur bat zanpa deneko,
mutil bat beor atzetik;
bi iru birunda eman orduko,
ateratzen da eultzitik.
Aren urrena beste bat doa;
bestea aren ondoretik,
beorlariak zartagailluaz
aizatu ez baletza andik.
Zuri-arre zan garia ari da
oritzen eultzitu-aala;
eguzki-indarrez, beorren lanez
dirdaitu zaio azala.
irauli eta geldituko da
arro ta arre, leen bezala.
Iru-laugarren iraultzaldian
ori txiki ta zapala.
Iru, lau, bost aur, koka-aala baiño
jende geiago gaiñean;
mutil koskor bat, pertz bat eskuan,
aien guzien aurrean.
Beiak, berotuz, asi balitez
nai ez luken bearrean,
Petirik zorrotz agindu dio
egon dedilla erne an.
Leenengo «aida»-n aur geldi-gaitzek
atzera din dute dardar;
bein sartu ez zan txikitxo batek
ikaraz dagi deadar.
—Narra-ertzean taketarik ez,
gerrietan bear indar—;
sartu bagerik gelditu danak,
ez dalako, ba du negar.
Artasiaren aurre-ezpaiñean
multzokatzen da lastoa;
sardea azpitik sartuz, berdintzen,
narra geldituz arroa.
Aldapa-gora-beera, ontzia
uretan bezala doa;
sabel-gaiñean ematen dula
utsaren zirrarakoa.
Txandaren eske kanpotik aurrak;
barrengoek ez utzi nai;
erruki dugu aietaz ere
biotz oneko Petri itzai.
Beietako bart, orduko dabil
geldigunetxo aren zai;
pertz-mutilla aaztu bere lanaz, ta,
aurrengana dabil ernai.
Beiak bizkarra zalkor orduko,
oska asi zaio Petiri:
«Or dik Gorria». Oartzerako
garira egin du usuri.
Arek egiña bukatzerako
pixa-naika asi da zuri.
Bildur da, pertzak gaiñez egin-da
ote-dakion usuri.
«Toz» eta «Gorri» giltz eta bira,
txikitzen ari da agotza;
eun lagun boti, agertu bage:
artasipearen ortza.
Gaiñean ba da eragiteko
kaskaluze, kaskamotza;
aurretik aita, hetara begi,
ibilliz ezten zorrotza.
Gero ta aisego eultzia bira;
urbil daukate eguerdia;
zerua garbi, baiña beroa,
ostots-bero lazkarria.
Bat edo bati gogora zaio
sortu lezaken euria;
ateri onak ematen badu,
goiz bil dezakete eultzia.
ODEI BELTZA
Katalin sorgin, saski bat zatar
garbiketaz iturrira;
arek buruan zer darabillen
eultzikoak jabe ez dira.
Amabietan bazkaritara;
jan eta laister eultzira;
bero zakarrak maiz eraginda
Araba-aldera begira.
Beor-usai ta lizar-itzalak
euliari dio griña;
itxedon ordez nekego dute,
sumaturik ozka miña.
Sudur-furrundaz, buruz, ostikoz,
autsi nai dute larraiña.
Euliengandik alde egiteko
on zaie lasterka ariña.
Ara, kiketan Gorritikotik
odei gorriren adarra;
leenik illargi, gero ateraz
artzakur buru-zakarra ;
luza ta luza, berreun urteko
iñausitako lizarra...
Euri on ordez, ba du barnean
arri edo kazkabarra.
Andik datorren odeia jo oi da
denetan lazkarriena;
arto ta gari, zoztorrik utzi
zituen orain urrena.
Eultziak ere eraman ditu
iñoiz errekan barrena...
Beztu baledi, nekazarien
bildur-ikara ta arrena!
Aizerik bat ez; eultzilariek
nai dute bizkor iparra;
odei borobil tinko bildua
apur-apur lezan barra.
Gero sendogo agertzen ditu
barru, sabel ta bullarra;
arri-zantzurik garbiena da
euzkiak kiskal bearra.
Ordubata da; ez euli-soiñu,
irrintzi, marru, karaka;
lizar-osto bat ez da mugitzen,
ez belar-izpi geraka.
Mingaiña doi-doi Jainkoagana
ustarik ez dezan maka;
odeia geldi, ez-bai onontza,
agertuz beste besaka.
Sabela bezten asi zaio ta,
biotzerago bildurra;
auzotarreri dei egiteko
asmotan da Petiri zuurra;
ainbeste jendek eultzi jasotzen
izan arren lan laburra,
geroko lana nekegarri da,
odeia baledi urra.
Ara aize-xinta: sartu dakie
ezurretan otzikara;
Petri Jaunari biurtu zaio
izardia zaiñetara;
zurrunbilloa ez dator urrun,
aren atzetik dundara;
oraiño, odeia geldi baledi,
eliz-ezkillen dandara.
Auzoa an dute larrain betean,
eskuare ta maindire;
etorri dira Loitete etxea,
Baztarrika ta Txurdane.
Agotza ta auka (larri ta txeea)
erabat jasotzen dute.
Jesus amenez larraiña garbi;
odeiari beha daude.
Ordu bat lan, doi, eultzi txikitzen
egualdiak lagun balu;
beste egun batez naiko naaspilla
jaso ondorean zabaldu;
arri-ondoko egunek, oiez,
ba dakarte euri naiz gandu;
larre-beorrak berriz, neke eman,
mendira bear bialdu.
Sorgiñen amak, ala agindu ta,
ezkilla jotzen Katalin,
neska gaztea sorgindu dala
jenderik oar ez dedin.
Otsa aditzean, aaztua baitzan,
apaiz-neskak usu ta arin
ontzi-garbitze-lanak utzita
nagusiari otsegin.
Loa astuna du; bitan, irutan
otsegin; azkenik: «Zer dun?».
Dandara aditu, leioa zabal,
erri-inguru denak illun.
Eskalapoin bat zeukan oipean,
eskumakilla ainbat lagun;
arri-odeia zetorrelarik,
eskuiñean jantzi oi-zun.
Estu ta larri Elizara da
non dun arao-liburu.
Uda guzian toki jakiña;
alaare ezin du gaur buru.
Kopeta jo ta gogora zaio
gauzak irauliz inguru,
zer gerta ere, lotarakoan
utzi zula oaburu.
Ostotsa ari du, naikoa luze,
—zaldien ezpain-dardara—.
Mari Txindokik edeetatik
naiz utzi beren gogara,
zerbaitek aurrez gelditzen ditu,
—otoitza zeruetara—;
aiton-amonen biotza bero
ta argizagiaren garra.
Aste Santuko aizaroetan
geldi dan kandela gorri,
Apeza Jaunak mutikoekin
larunbat goizez igorri.
Etxekal ua piztu oi dute
odei dalarik etorri;
belauniko otoitz egin-da, arekin
uzten ikara lauorri.
Nexka Garazi, pirra ta purra,
etxe-egazti billa doa;
gogoan baitu gal zitzaiela
leengoz txitaldi osoa;
bi belarrien tartean jo ta,
baita Kokoren mandoa:
arraultza bezain ale aundia
iñoiz jautsi baitaroa.
Apeza ari da zuriz jantzi-ta
eliz-otoitzak iretsiz;
Exurge Christe nonbait-or, baiña
Pater Noster ziztu biziz;
ostotsa berri duan aldiro
begien zuria ageriz,
Katalin sorgin ote-dabillen
Sorgin-Amarekin zaldiz.
Zenbaitek ikus omen-zutela
aitortuko zuten laister
ezkilla-jotzen ari ezpalitz
arnas, izardi ta leher.
Mari ama, leen goizean zuri,
odeiean gorri eder;
orain arekin itsusitu da;
urre dirdairik ez ager.
Ante, post, supra, dextra, sinistra,
zebiltzaten odeierei
«Aldegizute —apaizak die—
utzirik deabrukeri.
Mari Txindoki ta aren neskame
zaraten sorgin beltzeri,
sasi-azpira bil zaiteztela,
diozute guzieri».
Odeiak luza, jendeak itxoin,
etzaio leertzen sabela;
ateratzeko gertua apaizak
eskuin-oiñean txinela.
Otoi guziak bukatu eta
berrizten ditu bereela.
Aren otoitzez iduri zaio
zaldiak geldi daudela.
MariTxindoki'k ezin geiago
bere zaldirik aurrera:
aiton-amonen ezpaiñetatik
alako otoitzak atera...
aien arnasak bultzaten die
ezkillen uinez batera.
Etsi du joan bearko dula
Txindokin daukan lezera.
Odeiak dio: —«Non sartuko naiz?»
Apezak: —«Sar adi emen»;
txinela aitrean botatzen du, ta
odeia sartzen da barneen.
Erdi-odeia suntsitu eta
garbi eguzkia agertzen.
Baztar-odeiak xirpil ta xarpil
iparrak ditu garbitzen.
Itzalia da sorgiñen ama,
jo du Txindoki baztarra;
aaria an dabil leize-alboan
illun, ozkatuz belarra.
Katalin sorgin, ezkildorretik,
apezari joz adarra;
sorgiña dala jende-tartean
ezin baitezake barra.
Eultzi-jendea txunditua da
bat bat argitu duala;
itsumenetik ateratzeko
igurtzi du betazala.
Guziek ago batez: «Berriro
eultzia bedi zabala»...
Bil bezain usu zabali dute,
sartuz beorren aztala.
Gertatu zaien arrigarriaz
luza dute berriketa:
ez bide-dala gezur, neguan
esaten dan ipuiketa.
Txinelarena gogora dute
ta arekin Apaiz Lezeta;
aizean gora botata nola
isildu zuen egeta.
* * *
Illunarekin, lizar-ostora
lekuratu zan eulia;
ekaitz-ondoan ez du leen aiña
ozkaz samintzen zaldia.
Larre-moxalak sabalez gora
artuko oraindik euzkia.
Ordu bik dira: bi itzul-aldi ta
jaso dezaketae eultzia.
Jaso-orduraiño, auzoek alde;
orduan berriz bertara;
azken-eultzia baitute errian,
gazteak larrain-dantzara.
Lanik zaillenak igor ditute
onekin urren udara.
Belar ta gari ta arto, negukoz
beteko zaie ganbara.
Eultzia mee da. Belaun kozkoa
gutxigo jasoz, beorra
geldixe dabil: ez onezkero
suma atzetikan zigorra.
Atzelaria, bide luzego
egin ta, dabil zalkorra;
ezker-joeraz, saiets-aldea
birutu zaio gogorra.
Eultzi-ertzetik dioanean,
noizpeit irrist egiten du;
ark barraa ditun agotz gariak
Garazik isatsez bildu.
Eultze-erdiko maiteak, ua
beorra bezain du lotu:
begi ta biotz, ugalik bage
Mikelek bereganatu.
Amabost egun: andik erabat
bata dira besterena;
geroxagoko dantza dukete
ezkongai dirala azkena.
Urtaro-lanak ari arian
laburtu du luzapena...
Zaar biur bage pozik galduko
gazte ezkongaien izena.
Agotza biltzen asiak dira.
Leenbizi, oi dan izara
apezarentzat, ark oi baititu
arri-odeiak ikara.
Urrena, aroan eguntar duten
bearrarentzat obara.
Gaiñerakoa nonai sartzeko,
zabal etxeko ganbara.
Gari-alea ondarrera, ta
agotza geldi gaiñean;
axal-axalik leenen illara
kendu diote denean.
Berriz beorrak sartzen ditute
auke arrotu ditean.
Bigarren txanda eman ezkero,
asi ditezke txeian.
Orduun beorrak eguzkitara,
ezardia agoar dakien.
Artan, euliren miñik doi dute,
moteldua baitute ezten.
Epur ta bizkar zuritu arte,
eguzki-begi atseden.
Ura auts biurtu bezaletako
gatza doan bezelaxen.
Eskuare, erratz, isats, peaki,
garbitu dute larraiña.
Iparrak bal-bal indarra artu du
garia aizatzeko diña.
Sardea gora, begiak apal,
estu ezpain ta bekaiña,
—garia bera, mintz autsak urrun—
jaso ta tinka aztal-gaiña.
Gari-pilleko txoria baiño
ba da pozago dagonik:
Petiri jaun ta amatxi Matiste
garia garbi ikusirik.
Taiuz ta begiz asmatu baiño
zaku geigo da beterik...
Aiek guziak aiza zetzaken
odei-jasak larraiñetik.
Larraiña zuri, dantzarako gai;
oiñarriz ez baitu lurra;
Errotatzarko arbel leguna,
joskura soillik zimurra;
lur-larraiñetan, urari naasiz
bekorotz apur apurra,
eguzkitara gogor oi dute,
gai dedin isats-muturra.
Gizon arrotz bat dator, beorrak
orrazten ari direla.
Nongoak diran galde dunean,
erantzun beti bezala:
osaba Tomas Etxarrikoak
gogoz eman dizkiela:
Uitzikoan jaten dutenez,
larre-sari dezatela.
Errikoak bi zituten, eta,
jabe-etxera zaldalea,
ez beorrentzat: baitzuten aiek
mendian maiko larrea.
Erabat ara daramatzite;
urtebeteko pakea.
Osasunekin ikus bezate
beor ta jendek bestea.
Ogi, gazta, ardo, jan-eta, dantza
larraiñaren baranoan.
—Giza-dantza andik, ala bestera,
bizi danak ez gogoan—.
Sagarraren ta Tipularen ta
lan-dantza denen pausoan,
danbolin-andreek, zaldabaia artuz,
zion betiko leloan:
LARRAIÑ-DANTZA
«Erdian gari-meta
labean opilla:
ez dira asarre dantzan
neska ta mutilla.
Lararai lararai lai,
lararai lararai lai,
ez dira asarre dantzan
neska ta mutilla.
»Apezak mun eskeiñi,
atxoak olata:
erriko beartsuak
ez du deusik palta.
Lararai lararai lai...
»Apezak otaamena
mezerdian zuri;
arek txaro garbitzen
pekatuak gu'ri.
Lararai lararai lai...
»Eskaleak jo beza
atea gurean;
zakua beteko du
daukagun artean.
Lararai lararai lai...
»Eperrek landan dute
jalki dan alea;
txingurriak egin du
bazkaren bidea.
Lararai lararai lai...
»Beorrak, negurako,
agotz ta malkarra;
ta beiak, ezin janik,
utzi dun belarra.
Lararai lararai lai...
»Eskaleak etzauntza
ganbaran agotza;
izaraz ta burusiz
debekatuko otza.
Lararai lararai lai...
Leenen-eultzia jasotzekoan
ezkil-dorrean Katalin.
Bigarrenean lagundu die,
naiz artu biotzean min:
aundiagoa baitzun bildurra
ezagun zezaten sorgin.
Dantzan ere egin du, lagun dula
Etxeberriko Mil Martin.
|