III. GAZTAIÑARO
Biamonago Mikel dei dute
neskaren gaztaiñadira.
Onen anaia lege gogorrak
eramana da atzerrira.
Etxean indar urri dutela,
norbaiten bear maiz dira:
gazteai beren maitea azteko
etorri zaie egokira.
Mutil maizterra etxe-lan urriz,
irabazirako dago.
Zenbait egunez (asko ba lira!)
etxe artan du lan naiko.
Lansari ona, otordu guri,
ta sarien saritako,
Gerriederren biotza arentzat,
ua Garazirendako.
Urtaro artan artantzu, bildots,
eiten dute zilipurdi,
gaztain ezkurren indar berriaz
iñarrausirik zintzarri.
Zozo-bikote datorrenean
ez dira negu-bildurti;
udaleenean ernal ba dira,
azi dezate axuri.
Esnetan urtu ziraden amak
ordura artean begi-illun;
burua zuti, jasez dabiltza,
laister daitezke zintzardun.
Gaztaiña janez muturra laztu
ta bizkarrezurra legun;
antzu naiz ernal ote zitezken
artzaiak ezin ezagun.
Larre-zerriek, ezkur ta gaztain,
artzen dute ere aragi;
zerramak esne-irai usuaz
saldo guri guria azi.
Basurde, muxar, satagin, sagu,
lur ta lurpe diran pizti,
otordu onik aurten ba dute:
asarre ez dago eiztari.
Garazi, Mikeli, arlora doaz
argizirrintaz apustu.
Loa aiza dute (—ez baita ain astun
elkarnaia zanez sortu—).
Mutillak aga bi sorburuan,
neskatxak saski ta zaku;
lakatz-biltzeko matxarda dizu
Garazik etxean aaztu.
Zangoa baiño miia ariñago,
garai-zantzua gal dute:
Bide-erdi bage, biligarroek
xinta ñabarra jo dite.
Ark zirika ta, leiatzen dira,
ez andik luzaro arte.
Aiek baiño leen gaztaiñadian
langilleren bat ba daite.
Aurre-egunetik gaztaiña-pilla
aitak orbelez estali,
zarbaz ta sasiz, abar lodiaz,
ausar ez daiten ortzuri.
Gure gazte ook eldu orduko,
ari zan jalki ta jalki.
Zumez bizkarra berotu arte
ez du nai andik igesi.
Basurde izua jeki-berri da,
bero dago oraiño ogea;
orbel dario, ez da iñarrausi,
ez da joan urrutira.
Txoriak, aldiz, nabari dira,
zabaliz dioa argia.
Egoaizeak ez du lo egin:
alper bakar eguzkia.
Gure Elederrek eseri eta
oiñetakoak askatu;
basakaturik ain arin ez da
abarrez abar goratu.
Garazik beetik: —«Matxarda aaztu zait,
bat egin bear didazu»—.
—«Leenik lurreko ale jalkiak
magalean bil etzatzu.
»Agoxabalik orrako or dagon
mitxirrika goiztarrari
iñarrausi bat emanen diot,
bertan baititake jalki.
Magal-magalka bete zazuke
dakartzun zakuto xuri,
afaltzen gogoz nik jan detzadan
datozela zure eskuti»—.
Abarrez abar, suge bailitzan,
jetsi da zugatz-gerrira:
ala maiteren burutik dator
biotzeraiño zirrara.
—«Begira jausi!»—. «Ez bildur, maite».
Itz oriek esan-aala,
eskuei listu, oin biak berdin,
egin du jauzi lurrera.
Gaztain-urtume urtxilarekin
egiten dio matxarda;
neskatxa maitez minduarentzat
alako zurgiñik aal da?
Zugaz-gaiñera igo baiño leen
bekie zillegi itz alda,
batak «begira» besteak «erne»,
aizatuz maitasun-galda.
Mutillak: «Etzait oraindik aazten
Begibakar'en patua,
gaztaiñapean ari zalarik
baitzuen begi galdua.
Gora begira, morkotsa jausi,
zori txarreko ukitua!
negar ta negar, oiñaze ta min,
geldi zitzaion urtua».
Neskak: «Nik ere berritzen dizut
Galartza'ren eroria:
adarra zarrat, buruz erori,
beean arki du arria.
Bi eskuz aga tinkatu eta
egin du oldar aundia:
beste adarrik ora aal baiño leen
aizean barrena dia».
Mutillak: «Eder, ibilli zaite
gaztain batez urrenean,
oarkabe ere sar etzaitela
ari naizanaren pean.
Lanera noa, guk nai baiño leen
aita eldu ez daitean.
Gurdia bete genukenetik
ba gaudeke itxedonean».
Berriz igo da Mikel Eleder
leengo ondoaren gaiñera;
Gerriederrek ezin etsi du
argandik begi-kentzera.
Esku bakarrez adarretikan
dilindan atzera aurrera,
naiz buruz beera zintzilikatzen
zango biak gurutzera.
Artan, Garazik burua itzuli
barne-zirrara aundirekin;
mutil bizkorrak sar nai lioke
maitea bildurrarekin.
Noizik bein zear-begiratu bat
alare neskak duke egin.
Alako batez bien begiak
billatzen dire elkarrekin.
Aize naasiak andik emendik
gogor dardaratzen bailu,
amar erroko gaztain mardula
mutillak gutxiz muskildu.
Biek, isillik, aldi luze bat:
egin bailute apustu.
Ale jalkiak bildu ta bildu,
nexkak zakua bete du.
Lau gaztain moztu ditu mutillak,
neskak iru biltzerako.
Gurdi-otsa da. Ba datorkie
aita eguzki orduko.
Txondar-zulora pillatu dute
morkotsa bizar zutiko,
saskia bete, saskia irauli,
gurdia mukurutzeko.
Saskia bete eskuarez neskak,
mutillak gurdian ustu;
gurdira igota oin bien bidez
berdinkaratuz zalkatu.
Neskak lasago dauka biotza,
—ez goien ikusten balu—;
urrenerako deus esan baiño
isillik utzi naigo du.
Aitak, etxera gurdi-gaztaiña,
gazte ook, ekin lanari.
An ari dira, lanez elkarren
ederra nola irabazi.
Mikelek aita jaunaren naia
nai luke limurrarazi.
Alabarena egintxea du:
besteren ez da Garazi.
Gaztaiñondoa muskildu-aala
jeisten da neskarengana.
Itz laburño bat esanarekin
borobiltzen dio lana.
Urrena aita jaun etortzerako
egiñen lana bikaiña:
aren agotik entzun nai lute
langille on aipu bana.
Gosal-ondoan gogoak dio
muxarrak arrapatzea:
esku-ekusi bereizi batez
saritu nai du maitea.
Afaritako, leenez gain dute
giar goxo ta koipea.
Etxean dagon amona ez da
nonaiko jan-ontzallea.
Etorri da aita. Beste gurdia
ezpaiñeraiño beterik,
abarrez, ostoz, estaltzen dute
goroitez ongi loturik.
Gazteak, gosal-legea egin,
ta aita etxera dalarik,
lanak aurrera ditutela ta,
bai ote dagon muxarrik.
Ezkur-urte da, baita arto-urte,
ardientzat belaxaka:
muxarrak uzta joria dute,
eiztaria ba da sailka.
Pago, zaar, gaztain, zulo dutenak
daitezke pozik araka;
kabi oietan eskua sartuz
aterako da atzaparka.
Gaztain arteko pagoa duzu
aberatsa muxarretan;
egurretako, gerri gaiñetik
moztua baitzan gaztetan.
Aizkoraz ongi berdindu bagez
ura sar zaio euritan:
andik asten da galtzen, zulatzen,
muxarzaleen pozetan.
Gaztain goiaren adar goietan
eizean zuen ikasi,
baiña lurretik maiteri lio
nola dan nai erakutsi.
Poz ar-emanak ezin lezake
maitetasuna galetsi:
tantak adarra baiño barnago
biotza deza soatsi.
Pago legun bat gazte zaartua
aizkora ankerraren bidez
arakatzen du eskua sartuz,
—maitea ikaraz ta parrez—.
Leenik muxar bat gizen gizena,
beste bat, giarra koipez,
iru ba ditu. Ziri ta ziri,
laugarrenik ageri ez.
Etsitzen ez ta, kakoa sartuz
orbela du ateratzen:
«Ogerik bage —maiteri dio—
iñor etzaigu etzaten.
Muxarrak ere biguiña nai du,
iñor ain bage ez gelditzen,
—eskaleren bat, gau epelean;
neguz, barnera aalegiten—».
Beatzez autsi lepezurra ta
gordetzen ditu zapelan.
Aurrera doaz eskua sartuz
or, an, zulo jakiñetan.
Neskak zugatz bat begiz jo dizu,
an muxarrik ote litzan;
Mikel maiteri galdegin dio
zergatik billatzen ez an.
Mutillak irriz: «Ba dakit, maite,
or ez dagola bizirik;
etxe orretan ez da gaur sartu
jan ta lotara muxarrik.
Ez dakusagu amaun sarea
dagola urratu bagerik?
Orrek atzitu zaitun bezala
atzitu nai zinduket nik».
Zulo au, ori, ezagun ditu
etxeko leioen gisan:
aen yaiorik etxe-billatzen
ez dabil uri aundian.
Sal-erosleak agurtzen baitu
jende ezaguna perian?
ala Mikelek pago bakoitza
derabil bere begian.
Andi igaz zenbat muxar atzeman,
igaz-leen zenbat besteti...
pago guzien, gaztain guzien
istorioa ba daki.
Bakoitza zeatz jalkitzen dio
Gerrieder maiteari;
baiña ondo batek besteen aldean
ba du zerbait jakingarri.
Bost ume ta ama zituen igaz
zulo artatik atera;
eskuz ez kakoz iristen ez da
zuloaren ondarrera.
Goizago norbait ibilli ote,
usu doa jakitera:
zakurrari ots, ark igarriko,
galdu ez badu usaikera.
Intzirinetik ezagutu du
zuloan zerbait ba dela:
isats lepoak geldi daduzka,
an da du nonbait okela.
Nagusiari milika dio
aretan saia daitela;
lardai piztua eskuan du, ta
lanean asi da beela.
Beko zuloak goikoarekin
ba du iñolaz ar-emana;
baiña kakoek elkar ez jotzen,
erabat ez baita jana.
Goitik okillak zula-adarra da,
beetik aizkoraren lana:
tarte, zirriku, bide, bidexka
keak billa deza dana.
Goiko zuloa arkoskoz ertsi,
beekotik eman dio su;
barnean diran loti biziak
keaz esna ta zoratu.
Ataka-billa, gora ta beera,
beekoan daite zirriku:
Mikel Eleder ez dabil nagi,
ernerik begi ta esku.
Atzeman ditu bi muxar eder,
bat arra ta bat emea;
itxedoten du bi «Kredo» tarte:
jende txeerik ote dea?
Sua itzali du, ta alarik ere
ez da beela atertu kea;
berriz muxarrak sartu ditezen,
zabali du goi-atea.
Zortzi muxar, ta naiko gizenak,
beteko dute zartari;
aiekin gaztain errez esnea,
ba dute naiko afari.
Mutillak, ortaz, ekarri dio
mokadu eder neskari
berak ere bai, itxaro duke
bein ez bezalako sari.
Berriz arlorantz dirala, neskak
esker on dio Mikeli:
aren antzea gora nai luke
ta iztxurikatzen ez daki.
Izketan ere eiztari den ark
itz erdiño bat du aski;
gaiñerakoa Gerriederrek
uste ezik dezake jalki.
Mutillak, aldiz, oroitzen dio
Anbulute'ko zokoa,
Urli igandetan baxaran-biltzen
neska ari izan zanekoa.
Magala zabal, eskaini zion
bere lanaren ondoa;
esker egiñez artu baitzion
beterik eskuzuloa.
Artean, Maitek etzitun uki,
soillik zuten gazte-lege.
Emai arek au berdin dezanik
Garazik, bidez, ez du uste.
Emaiarekin gogoa barnen
argi nabari daiteke.
«Au besterik da» bildurti dio;
mintzoak sala dezake.
Ardi sarkoia esi-inguruka
dabilla argigune billa;
ibilli, itzuli, begira, geldi,
ez daki nondikan zila.
Alako batez erabaki du,
—ala da gure mutilla—
itzez neskaren barnera bide
oraintxe du uste dakila.
«Zer dirudizu artazuritzez
egin zuten bikotea?»
Par murritza du erantzun-orde.
—«Al ba zinduket nerea!»—
Ezpaiñik ez du neskak zabaltzen,
aski du begitartea.
—«Baiña maizter naiz».— «Zer dio? baita
beso langillen jabea».
Itz onek dardar eragin dio:
entzun du gogo zuena.
Ataka zabal sartu daiteke
aren biotza barrena.
Isilgune bat egin ondoren
berritu dute lan leena.
Maiteak berak ematen die
bear duten iraupena.
Bizkor-belarra jan dute, nonbait:
sartu zaie lan azkura.
Batak lurrera besoak luza,
besteak jaso zerura.
Eskuak bezain biotzak bizkor
ari diraden itxura.
Gaztaiñak moztu, morkotsak bildu,
bazkal-garaia da ingura.
Neskaren aitak bazkaria du
itzai dalarik eraman.
Neskak bereela saskia jaso,
zabaldu maaia lurrean.
Bazkaritara otsegin dio
leen bai leen jetsi daitean.
Belarriz erne, zangoz ez nagi,
ez du dei bigarrenean.
Lanaldi gaitza egin dutela
ta aitak ditu goraipatu.
Neskak, tarteko muxar-eizea;
barnean ezin gorde du.
Mutillak, eskuz beiari legun,
esertokia autatu du.
Bazkal-artean maitea nai lu
legunago begiztatu.
Gurasoen itzalak, orde,
aldez dezake eragotzi;
baiña noizik bein begirune bat
lapurtze ez aal da zillegi?
Ain zuzen ere, basora doa
ikazkin Erramun Mari:
nagusi jaunak eserazten du,
bai baitu gaiñez eltzari.
—«Onenbesterik artua nauzu,
—dio— ni zure basoan.
Artzai nintzala, ikazkin-baba
biok jana dut gogoan».
Kutxarez, orde, bat gutxiago.
Estubiderik etzuan:
lantegin bertan ikasi baitzun
ogiz ta artoz zurgingoan.
Ogi-ertzari mamia kenduz
egin dio zorrotena;
jan-aala bustiz beratzen da ta
beura jaten dizu urrena.
Berriz ta berriz xalinko berri
eiteko ba du aalmena.
Eltzeko ondarrak bukatu arte
axalak ba du iraupena.
Oi danez, jana on aipatu du
ikazkin Erramun Marik:
babak ederrak, gazta garaia,
Larraunen ez da alakorik.
—«Bordako belar, Lizardiko ote,
jan zuten etxeko ardik.
Negu-buruan, bildur giñan ta
eman genien aletik».
Gaztaiñaroa, ikazkintzara,
irauli dute jarduna.
Naiz baterako, naiz besterako
ez dago aro lizuna.
Oinbeste gaztain, bestenbat egur,
bakoitzak gogara duna:
solas aretan oarkaberik
gautuko litzaie eguna.
Neska mutillak ez dira asarre,
ez ere keiñu-debeku.
Bata besteren leiaka dira
nork leunago begiratu.
Itzik ez dute zillegi, baiña
biotzez dira mintzatu.
Aien barnean Maitasun, zenbat
ari dan, zeiñek asmatu?
Bart arratsean larratz garbia,
gaur goizean ziza zuri;
artzaik, eiztarik, asmatzen ez du
zer indarrez diran azi.
Negu-gau batez, lurmen dagola,
jekitzean elur lodi:
Maiteak ere istillu bage
lanak egiten ba daki.
Gurdia betez aita bidali,
iardausi ta alea bildu;
langille izena ez galtzearren
ez dira lanean auldu.
Baiña mutillak neskari esan
ele bi ondora nai du:
abagunea billa ta billa,
iñondik ezin arkitu.
Etxerakoan, elkarrekilan
etor bezala jun ezin;
etxera aurretik neska bear du
ta amonari lagun egin.
Bazkal-saskia buruan artu,
—an barnean muxarraakin—,
ondarrak biltzen gelditzen dala
Mikel-bakarrek luke min.
Lana atertu ta bi itz esatea
zerbait iduritzen zaio.
Atsalde-erdiko puska jatean
labur itzegin lezaio;
baiña oraindik ez itza nabarmen,
naiz ez dan mutil soraio;
kantak itzalpe geigo dula ta
gaztain-gaiñetik au dio:
«Itz gutxiz ezin esan nolako
dan ene maite Garazi.
Itz askoz ere nork adirazo
nolako ditun bi begi?
Beso ta zango, gerri ta galtzar
txeetzea bada zillegi,
mingain motel au mintzatu-aala
biotza mintzatu bedi.
»Mendi gaiñetik ikusi ditut
elkarren albo larrain bi:
baba beltzaren eultzia dute,
garbitu baitzuten gari.
Larrain-erdian losa garbia,
bueltaka an beor-gidari:
eraztun beltxantz orren barnean
dirudila begi-nini.
»Orren begien larrain bietan
nindeke beor-gidari:
begizulo oien erdi erdian
nindeke betiko nini!
Eguzki beroz eultzitu niro
maitetasunaren gari;
orren biotzak irindu leza
biurturik eiara-arri.
»Itza zillegi bedi; galtzarrez
neska au ez da Uitziko:
ez ditu serail, ez ditu tontor,
gorderik dauzka lotsaro.
Iduri dute gazur-pertzean
leer-berri diran maskulo;
euri-ondoko eguzki-zizak
eguna bete ez duteño.
»Labainak ditu meakak, baiña
saskittoa tinkatzeko
naiko nabari.
Nekez ikusi
ditiot beso ta zango.
Uretan iñoiz luze, biribil,
oiala baiño zurigo;
zenbaitez ere belarrekoan
larrak odolduta gero.
»Gerria berriz... artatik ditu
Gerrieder izenondo.
Aren mintzoa zein biguin ote?
Oso bakan zaigu mintzo.
Oilloai deika goizean goizik
noiz baiño noiz nik entzungo;
ta nere saiets igarotzean
agur doi doi bat esango.
»Begiak beti bereganantza
goizean Jauna artu bailu,
ta Aren oroitzak biotz-erdian
auznar egiñez balirau.
Itzalkera bat —ez dakit zer dan—
munduan iñoiz agertu bada,
Garazi bai dala aingeru!».
Au entzun eta, gaztain-bilketan
gordetzenago du buru.
Bazkal-ondotik kanta-aurreraiño
morkots-aldiro jaso du.
Orain ordea, lana bukatuz,
okotzez jo belaunburu:
oillo egarri bazan leenago,
orain izai gose dugu.
Mutillak, itzez ezin esana
leertu du kantaren bidez:
mingain-motelak alaxe dira,
itzez naasi ta kantuz ez.
Maitetasunak bizkortuko du
aurrera ausardi emanez;
moteltzen bada, mintxotuko da
leengoa berriz esanez.
Atsaldekora deitzen du neskak
lanaldi egin ondoren;
zer esan ezin asma dutela
diote elkarri beiratzen.
Gerriederrek muxar-eizea
atsegiñez dio oroitzen;
aiek saskian, etxera doa
afari-gaia antolatzen.
«Gaztain zaar ori muskildu, bildu,
zaborrez estal ezazu,
larre-zerri naiz ezkur-basurdek
ez dezaten muturkatu.
Amonak bai poz, muxar oetxek
ikus detzan bezain usu!
Zu an orduko, afari goxo
etxean antola dugu».
Mutillak begiz jarraitzen dio,
basoan izkuta deño;
andik irtenik, aize biguiñak
loetan jo du maiteño.
Artzai goiztarra, errian zuri
ikus dezanean laiño,
ez da pozago, listua kurkaz,
gure Garazi dan baiño.
Oraindik an du belarrietan
maite-kantaren zantzua:
«Munduan iñoiz agertu bada,
bera omen aingerua».
Orduko lotsa poz biur zaio,
orain zuti du burua;
ekaitz-ondoko eguzkipetik
ala lore zutitua.
Etxera sar ta poza gaintzen da
neska-amonen biotzetan,
neskak zearo jalkitzen dio
ziradela muxarretan.
«Ez uste, naski, —aurreratzen du—
egun-lanaren kaltetan:
Mikelek biren kemena ba du
bakarrik gaztain-mozketan».
«Gizenak zeudin —dio amonak—
ezkurrak il din gosea;
nere ezur oek igurtzitzeko
bildu duzute koipea».
Ezueria zuen amonak,
tinkin zebillan bernea,
gerria mako, saiets bat labur,
sudurra soillik luzea.
Sendabide au ikasia zun
aitaren aitonengandik;
saiets osoan barreiatzen zun
beatz-txikarra bustirik.
Ezur guziak aska lezazke
igurtziz lodiagorik;
tanta bat utsez zula dezake
solairua alden aldenik.
Muxar-gurin au urre-ordaiñez
saldu oi da Naparroan;
aiton amonak gantzugaillutzat
darabilte zaartzaroan.
Aralarren zan apaiz nagusi
Larraun guziren gogoan:
bere gaitzaren sendagarria
billatzen zuen pagoan.
Amandreari burura zaio,
damurik burura ere,
koipe orretan mutillak bestek
ez dizula eskubide.
Garazik kezka uxatzen dio,
—egin baitu denen jabe—:
«Ortik urtzen dan muxar-guriña
amandrearentzat gorde».
Zerri basurdeen zati berberak
ditu muxarrak barnean:
eizeko oriek zerri-antz dute
gantzean ta gizenean.
Eiztari-poza zein aundia dan
sumatu dute goizean.
Zer eztai-aurre duten bereela
bi gazte ook afaltzean!
Illunabarrez, Migel ageri
Anbulute'ko egira;
leenik begia zuzen zizta du
Gerriederren kabira.
Goizgorri baiño maitego du
arrasgorriren diztira:
onek, arean, baitakarkio
biamon on idurira.
Mendizaleak, errira agertuz,
kantarako du gogaldi.
Gure Elederrek gogoan duna
kantetan azaldu legi.
Miian oztopo bat jarri zaio,
—ez nai oraiño nabari—
gaztain-gaiñeko goizeko kanta
biur du kanta-marmari.
Josemendi'tik beera ardiekin
Gorritxo dator oiuka;
oraindik ere buruan dizu
egin Garaziri kuka.
Siñeskeri bat ustel irtenik,
beste bat dabil asmuka.
Au ere oker irten baledi,
onekin dezake buka.
Mikelek kanta au gogora dizu
artako doi doi jarria,
ikazkin Daldai Xuberokori
txikidanik ikasia.
An eman zizun marmari bage
dardatuz eztarri, miia,
oi dan bezala, bere asmura
erriko izkuntzaz naasia:
«Ba nabilazu karriketan
ene paseiu onetan.
Etsai bekaitza begira daukat
non sarturen ote nizan:
eupa bizkor bat eginen diot
maite, zu zauden lekuan».
Atean sartuz, muxar-usaia
zartarian du sumatu;
amona illobak —ama illa baitzun—
aroan atzeman ditu.
Oles jakiña, aurpegi ona,
afaria laister gertu:
muxarrak eta gaztain erreak,
esnea dutela atzesku.
Lizar-arbaren galda zuria
danboliñak du eskatzen;
besoaldi bat sutara dute,
baiña ke gorri emaiten.
Itotepean egonak ziran
ango euri maizak artzen.
Bustigunea listuka aizatuz
isillik dira gelditzen.
Danboliñari itzul-iraulka
bakan asten dira aurrenik;
gordin-soiñua moteldu-aala
eragiñez usugorik.
Arbaztak bildu, arbaztak eman,
ez utzi galda atertzerik;
txigor-soiñua entzun danetik
eskuak ez du pakerik.
Tiroek ere bana banaka
ematen dute gaztigu,
aurrena bakan eizeko gisan,
gero, gerra-antzera, usu.
Oriek oso isil dirala
gaztaiñak dira xigortu.
Ataka zabal, erreak diran
noiz nai ditezke aztertu.
Zenbaitek, azal gorriantzatxo
oraindik ageri dute;
txanpon-giteko mailluz jotzean
agian, itsas litezke.
Azal-xigorrak eskuan geldi
nai lukete lanik bage;
beste galdaldi labur batekin
aski beztuko dirade.
Gaztain-azala ikazten zaigu;
mamia, aldiz, gogortzen ez:
euzkiak ala loia gogortzen,
urtzen, orde, ezkoa berez.
berdin-galdaren ondorea du
lagundurik esku-lanez.
Danboliñeko gaztaiñik ez ba-
duzu jan, isil gaztaiñez.
Saskira atera ditu Garazik
eta oialez estali;
an aogoxo artuko dute
jan arte zuku ta jaki.
Lanak egiñik, gauzak gaiturik,
astera doaz afari.
Eguerdiz ainbat begira ai lio
maite batak besteari!
Ortzak zorrotzik, su-atzean da
Mikela-Borda baldana.
Amaika baba ta artopil bero
ango sukaldean jana.
Etxeko andre zabalak ba du
zabala bear-izana:
otordu batez errez jan leza
lau egunetako lana.
Arta-jalkitzen aria duzu
bazkaltzetik afaltzera;
arek jalkia zamari batek
ba deramake eiotzera.
Etxe-orde dun baztar artara
laister datorke atzera,
egun ta iguzki egin ez dizun
artzekoa lakatzera.
Okotzaundia, begi-ezkela,
galbaia aiñeko ezpaiña;
ortzez ederra, agoz betea,
gaiñez dario mingaiña.
Oiñak igesi, besoak zintzil,
koloka du buzkar-gaiña;
ipurdia, aldiz, galdu-einean:
orra neskazar liraiña.
Gazte-jendeak ba du parraldi,
esanaraziz ipui bi.
Azpikoaz gain esan oi ditu,
bat bera zuzen ez daki.
Kantetan ere saiatua da,
naiz leena kantatu beti.
Aretxengandik ikasi nizun
leen eta azken-ahapaldi:
«Nik zartaria,
zuk burruntzalia:
sutegiko lana
bi ook erdi bana.
Besteek eman jana
ta poltsan bear dana,
aisa bizi diteke
bera nor dana».
Gure Elederrek zirikatzen du,
besteren bat kanta dezan.
Begiak itxi, burua argi nai,
zimurra ateraz kopetan,
eskuz okotza estu dularik
gogora du bat batetan:
«ara beste bat oso polita,
ez dakit asma dezadan»:
«Arrosa eder baratzean
loratzen da maiatzean:
amodiorik ez duenak
ez du miñik biotzean».
Lelo orrek maiteen biotzari
egin dio ozki samurra,
—basurde-eiztarik atsegin baitu
aipa dezaten elurra—;
min, orde, biek kanta polit au
izan dedin ain laburra.
Mikelak, aldiz, afari-min du,
ez dauka pake sudurra.
Afalondoan konta dezake,
—ori du kontu betiko—
zer ta nola ta nondikan nora
bizi zan Mari Muiroko.
Jan deza, artean, gazte ook ainbat
soillik zartari-ondoko;
igurtzi igurtziz lanik ez galtzen
gurin-kutsua kentzeko.
Afalondoa luzatzen dute
oi dan baiño berantago;
gure gazte ook kux-mux ditugu
irauliz zerbait gogoko.
Pizgarrigorik ba dute naski
neska aren ipuia baiño.
Artaz aazturik, zail ez da asmatzen
zertaz ote diran mintzo.
Gazteari aitak atzeman die
zenbait aieruzko keiñu,
orotaz gaindi luze ta samur
isilkako begiratu.
—Ala sugeak aize-egaztia
lurretik du lilluratu—.
Bien erdian beurea artetuz
maite ook ditu banatu.
|