II. ARTAZURIKETA
Agiz Samigeletako artoak ebaki;
alorrean an-emenka txoxetan eraiki...
tokika nekazariak zer egin ba daki;
ta ala beranduko ordez ereiten goiz asi.
Janaririk bearrena —naiz lurmen, naiz elur—
artoa da; artatik beintzat ez luke bear xur.
Orduan, bai, «elur melur, ez nauk ire bildur;
etxean ba ditiat arto eta egur».
Urte artan, izotzaren ikiturik ozta,
ale gorri-gorri du eguzkiak jota;
lastoa zuritu bage itaiak du bota...
Beiek afal ondoan ba dute zer-ozka.
Ego-aize atsegiña mandioan, pil-pil,
an diranak legortzeko sar-atera dabil;
arta-korda, lizar-osto, belar eta agotz-pil,
kalerik gordeena bein berriz derabil.
Eiotaldi bat gaitu nai igartuz labean;
eguzki ona dalarik, baita larraiñean,
batez ere ezin-biziko maiztarrik danean
urte-zorra ateratzen beela asi daitean.
Arta-zuriketa zuten gauez Errekalde'n...
neska-mutillek bikoka asiak ziraden.
Urtean zer zurru-murru jaso onen ta aren,
arta-zuritzekoan zituten iraultzen.
Gerogo ta beroago bikoen asmaki;
nor norengana dagoan bat batek ba daki.
Biko-gaiak oro dira begi ta belarri.
bakoitzen griña asmatzen; ez aal da arrigarri.
Mikel'en etsai Gorri'ri goizean abarka
ongi lotua dun arren, ibillian, aska.
Ipui ergel batek biotz emanik, ez kezka,
berea dula, dantzan ken zioten neska.
Gauean ara bilduta jarduna ba dute:
eguraldi-asmakari, ipui ta bikote.
Irri-karkara ta kantu, loa aiza dezate;
gaueko lo-bildua biamonez ase.
Oi bezala, aurten ez dute jardunik asiko,
izotzak uki-artorik ez baita arkituko.
Urte banaka. Ta alare, zenbait ba dira artxo.
Noiz-bein ez da arrigarri mutur-uts eta aiño.
Oilloek ere, goiz-goizik, amonaren iges,
baratzean ari izanak moko lotsagabez.
Urruti dagon alorra iskisuz ta belez;
oian-baztarrekoa joa da basurdez.
Zimurrio bat ba ginun goizero landetan
artaburuak urratuz oraindik esnetan;
—lasarik uzten zituen beti beazketan;
agerian beste iñoiz txorien pozetan—.
Jo-ta-ke ari ziraden: Joanes eiztari
erdi-bearrean dago egin zun einkari:
«Onako buru au —dio— basurde-ortzari
nik kendua diteke... aurten il nunari».
Adierazten du luze nondik dan ibilli;
goizean goiz jeki, eta mendiak irauli...
balin-bada, alper gaiztoan ditu erabilli:
azkenik, basurde-zai, artotan estali.
Egun eta biaramon ara dala sartzen
artzai adiskide batek dio erakusten...
esian, urratutako zuloa ageri zen;
zantzu berririk, orde, lurrean ez azaltzen.
«Etorriko dala noizpait ezkurdi artara,
barnean izkutaturik nago nere erara;
—lizar-abar eta lasto egoak dardara,
eiztaririk an danik asmatzen lana da—.
»Orduan uzkur nengoen zulora begira.
Alakoan basurdea zuzenik esira;
ataka-aurrean, aieruz, lipar bat geldi da...
iñor sumatzen ez-ta sar-nai artadira.
»Argigunetik barnera ager du muturra,
—leenagokoan ain errez esirik ez urra—;
gorputza sartu baiño leen, arbi-azi xurra
tiroa jalki eta jaurti diot purra.
»Begiak itsutu zaizko; egin du atzera;
zororik alditxo batez geldi tinkatu da.
Berriro —ez nai-orduko— ernaldu dut arma,
balaz bota naiean amar umen ama:
»—Beruete'ko mendian ikusia bainun
gure mugatik bereela, zirala bost egun—;
artzulora sartua zan —an kabia baitzun—:
ez nik orduan gizonik ez zakurrik lagun!
»Aren atzetik nik ere larratzera salto;
an-emengo lizarretan itsu ark oztopo;
bat buruz indarka jota gelditzen da zoro,
—tiroz menderatzeko ezin eskurago—.
»Berun-ezkurra sar diot bi biriketatik,
—denaren jabe nerau naiz; ez dut ein zantzurik—.
Odol-usten ari zaigu arnasa galdurik...
urte erdirako ba dut naiko giarrerik.
»Umeak oraino ogean; nork arki letzake?
Asiak dira kozkortzen janez esne ta ale.
Kabi atsegiña non-nai orbelean dute;
gizon-otsa aditzeko belarriak erne.
»Urren-urterako ere eizea bear dik,
azia gelditua duk balitz eiztaririk...».
Itz arro oiek entzutean, «Bekain» zokondotik
erasoka asten zaio: «Potea ba duk ik»;
«Uste-ez-usteko eizea: besterik zer esan?
Erbi anka-mei bat ez duk il eure denboran;
untxi gorri bat mendira zorroan eraman...
erbi biurtu bear andik onakoan».
Ba du «Bekain»ek, ark ez dun eiztari-adoia,
begiak nora ditun, an du zizta doi-doia;
—eper, oillagor, naiz erbi— danean aldia,
etxean ba du sarri mokadu guria.
Itza bestera da... Aurtengo mandio betea.
Berriro olakorik biltzen bai gauza nekea!
Banabarrez bildur bage bete daite eltzea:
ez baitzan leengo jorran nabarmen barea.
Gogoan da an, ongi, igazko gauaren illuna,
bare gorrik eltzaria dena galdu zuna,
—egunez aurretik zeukan ostoa leguna;
biamonean... zoztor: zer kontakizuna!—.
Onelako jardunetan aldi bat egiñik
asmakari bitxitara jo zuten urrenik.
Baba beltxarena soillik esanen dizut nik,
—taiu berau baitute bestelako guzik—:
Alakok, erregu batño erein zuen babaz.
Aleak ondo bat eman; ondoak, leka bat;
lekak, aleño bat; ortaz zer eman zun Uztak?
—Erein aiñaxe naski. —Ta galdu ziranak?
Bakarra zan atxomotxa kontu-eder-kontari.
Gazteek aixuka dute bat dezan ekarri.
Uka-muka aundirik bage lotu da lanari,
zerbait asma baleza gazteen pozkarri.
Jakiña, gazte-jendeak bi amets ook ditu:
andre eder aundiki ta kutxa bete diru;
ba daki nondik asi ta non bear bukatu.
Begi-belarri ditula, beragana lotu.
* * *
«Errege baten alaba bein batez eri zen;
—meriku, sorgin— iñortxok senda etzezaken.
Aren inguru, zoratuz, alperrik zebiltzen:
neska gaixoarentzat sendagairik etzen.
Gerogo begi-illunago, ez irri sekulan:
zer egin etzekitela akituaz zoan.
Senda nai dunari, oiu Erregeak ontan,
pozik lezaiokela emaztetzat eman.
Txabol aul batean, iru anai ziran bizi
Erregearen agintza zutenak ikasi.
Ba-ez-bada, asmatu dute beiñik bein ikusi
alaba ari nolatan par egiñarazi.
Zaarrena ba doa bidez —besoan saskia,
ondotik ezpaiñeraño sagarrez gorria—;
sorgin-zuloan atso bat dakus eroria...
andik ateratzeko ezin zan balia.
Oiuka asi mutillari, arren laguntzeko;
—betarik etzedukala saietseratzeko...
Aurrera doa zuzenik garaiez eltzeko,
Andre Erregin alaba, aalbait, ez galtzeko—.
Jauregian sartu dute eriaren aurrera;
sagarreri begira ta begiak atzera...
bi eskuz —atsegin ez ta— ditu baztarrera:
leen baiñon illunago gelditu da bera.
Bigarren anaia, lore politekin doa...
sorgin-zulo ber-berean ikusten atsoa...
Oiuari kasurik ez, zuzen-zuzen doa
irriz zabaldu-asmoz nexkaren gogoa.
Jauregiko alaba arek, leenari bezala,
bi eskuz keiñatzen dio xorta ken dezala.
—Ezkoa bezain ori zun aurpegi-azala.
Sartua zirudion betikoz itzala—.
Irugarrena ba doa —eskuan ezer ez—...
sorgiña zuloan zegon laguntzaren galdez.
Eskua luzatu dio, ta, alako mesedez,
pozik galdetzen dio zer nai dun ordaiñez.
—Nik emanen dizut, seme, nai duzun zoria.
—Ain zuzen, aren billa naiz etxetik jauzia...
Erregearen alaba ain omen-eria,
betiko gal omen-du ortzetan irria.
—Tori, bada, bildotx beltx au; ar zazu zurekin;
etzazula deusik ere trukatu onekin;
ez utzi besotik ere... Au eitearekin
ezkonduko zara zu Erregiñarekin.
Besoetan bildotxa, ta ba doa mutilla,
atxoaren agindua egiñez ixilla...
Erregearen erria ikusten du urbilla...
Ua an, eta bereala aingeru-ezkilla.
Ostatu batean sartu; gau-lekua galde:
bientzat an etzauntzarik ez dala diote:
—Apez-etxera zoaz, ta naikoa ba dute...
Mutillak ara jo du beta galdu bage.
Neskamea atera zaio —aurpegian irri—:
ba dula bildotxa goxo-goxo non iñaurri:
oge biguin bat emanen diola berari...
—Ez dezaket —diotsa— eskutik igorri.
Arritzen dira Apeza ta neskame Mikela;
mutilla temaz ari da utz ez dezakela...
Egoki ez baita arekin etzateko gela,
artegian, dio, lo egiñen dutela.
—Utikan! Egizute lo gaur oge goxoan—
esaten diote, zoro dagoelakoan;
afal ere egin dezala bildotxa-besoan...
Eseriak dituzu biak sutilloan.
Mutillak, etxean baiño afari obea
—«txikia baiña goxoa Apezaan eltzea»—;
bildotxak ere bein ez du ala bete estea:
aurrenik esku bat gatz, urrenik, alea.
Lotara doazi denak nor bere xokora.
Biamonez aurrena aiek bildotxa gogora...
Apezak begia zorrotz giltzaren zulora.
Susmorik ez, ta nai du sartu een ondora.
Poliki sartzen da gelan... bi arrotz aiek lo.
Esnaraziko ote-ditun alditxo bat dago.
Isil-isilla joan da oge-ondorago:
esnarazi bage ezin egon luzeago.
Belarri batetik eltzen dio bildotxari;
ikaraturik gaixoa asten marrakari.
Besoan daukala, artzaia artan iratzarri...
komeria an asten da guziz urragarri.
Ba duk oberik! Apeza itsatsi gelditzen;
eskua bereizi nai ta alperrik nekatzen;
oiu du neskameari, datorren leenbaileen...
Orduan da lotatik doi-doirik esnatzen.
Erdi-jantziz, ille-arro, atera gelatik;
soiñekoa, sartzekoan, urra du atzetik.
Nagusiari laguntzen an da, arnas-esturik;
eldu dio beltxari beste belarritik.
Loturik gelditua da Apeza bezala;
bat eta besteek tiraka ustu dute gela;
irurak tarrapataka ba doaz kalera...
atzeko zuloa-arren lotsa da Mikela.
Baratzan igarotzean, azaren ostoa
beste eskuz erauzi, ta itxi du zuloa.
Komerilarien sailla Jauregirantz doa,
—oraindik au, dantzaren leenen-Zortzikoa—.
Bide-ertzetik iru auntz osto aren gura...
ezpaiñez uki-orduko ba dute lokura.
Mutiko, bildotx, Apez ta neskaren bilkura,
zilipurdika an doa eriaren kura.
Oraindik arago, okiña, —jeki-berri baitzen—
leiotik so dagola lagun dute eskatzen.
Okiña atzetik asten da katea bereizten...
besteak bezala antxe lotu-bearra zen.
Araxeago, sutegian arotza dakuste:
karraxiz, lagun diela eskatzen diote.
Badoa gizon bizkorra uste bezain uste...
loturik gelditzen da denen isats-orde.
Arago, bi emazteki —erratzak eskuan—
atal-aurrea garbitzen elkar-apustuan...
ikusiz, irri dagite leertzeko moduan;
asarre, neskamea mintzatzen orduan:
—Irri baiño obe zinute guri lagun-egin...
—Or bada— aiengana dira beren erratzekin.
Joka asita, leen-kolpean lotu ziran berdin,
—erratzen kirtenetik eskurik alde ezin.
Bide-ukondo batean txakurrari lotua,
belauna geitxo jasoaz zetorren itxua.
Zakurra, aiek pasatzean zaunka amorratua,
gona bati elduta an lotu da gaixoa.
Zilipurdiz urbildurik Errege-jauregira,
alabaren gelaraiño noizbait sartzen dira.
—Lorik etzitzaion eldu aspaldi begira,
ez jangalerik, ez ta parrik aurpegira—.
Leio eder bateen, bekoz an zegon jekia,
—beso-alki biguiñean lepo-eroria—.
Zalaparta sumatzean, jaso du begia:
leenik mutil bat dakus aurreskularia...
...Axuri, Apez, neskame, azosto eta auntzak,
okin, arotz, emazte bi erratzei josiak:
soka-dantzaren azkena txakur-itsu biak...
alabak ager ditu ortz era begiak.
Errege Jauna ba dator saillaren karraxiz...
aspaldiko ordez alaba ikusi zun irriz.
Orain ere lanak ziran leengo alderantziz:
alaba, txoro-txoro, parra ezin geldiz.
Ikaratu da aita, artantxe geldituko ote-dan;
—Jauregi-ate-aurrean sailla an ari baitzan—,
zimizta baiño leen an da asarre beroan:
denak illarazteko oiu-egin zuan.
Soldaduak ba zoazin eek iltzeko asmoz;
bereela mutil gaztea gelditu da mokoz.
Aren atzetik laisterka guziak oztopoz;
artan bereizi ziran andik aurrerakoz.
Mutillak oiu aundi bat Errege-alabari:
—«Aski ola!; bildotx beltxa, berriz, marrakari.
Irria atertu zitzaion gaitzen sendagarri...
Neskarentzat mutilla maite maitagarri.
»Illabete bage, biak ezkondu ziraden...
dantza-soka ateratzeko aiña aur izan zuten.
Axuri beltx artaz ere aaztu ez gaitezen:
Erregiñak eskutik azi zuen gizen».
* * *
Olako lau ipui arin jalki dituneko,
etorri zaio noribait Mari Bekaineko...
Kantuak balio dizu loak uxatzeko;
gazteek jakin nai ere nor dun uztartzeko.
Zintzurra leundu artean leenik zenbait kantu.
Pitiri Trakets'ek ez du goxoona aukeratu:
neska zaar baten antza bertsuz emaiten du;
alakorik, ala are, ondoan ez baitu.
«Ikusi nuanean
zure ille latza,
iruditu zitzaidan
sorgiñen erratza.
Ikusi nuanean
zure bekokia,
iruditu zitzaidan
zartagi-ipurdia.
Ikusi nuanean
nik zure bekaiña,
iruditu zitzaidan
gauaren kamaiña.
Ikusi nuanean
nik zure begia,
iruditu zitzaidan
anpolai gorria.
Ikusi nuanean
zure belarria
iruditu zitzaidan
azaren orria.
Ikusi nuanean
nik zure sudurra,
iruditu zitzaidan
lukainka-muturra.
Ikusi nuanean
nik zure agoa,
iruditu zitzaidan
karobi-zuloa.
Ikusi nuanean
nik zure okotza,
iruditu zitzaidan
gaztaiña-morkotsa.
Ikusi nuanean
nik zure bularra,
iruditu zitzaidan
basoan txondarra.
Ikusi nuanean
nik zure mokorra,
iruditu zitzaidan
Azpiroz-malkorra.
Ikusi nuanean
nik zure zangoa,
iruditu zitzaidan
auntzadar-makoa».
Ba ditute kantatuak zenbait maite-eresi...
neketan gazte zoroak bestez dezake etsi;
maiteentzat eziñik ez dala adierazi...
ama-alaben lelo au dute gogorazi:
—«Ama, ezkondu! ama, ezkondu
gazte geraden artean.
Ene alaba, etzeukanagu
ogi ta ardorik etxean.
Galburutxo bat bereizi nizun
garia ondu zanean;
eun erregu kendu nition
igurtzi-aldi batean.
—Ama, ezkondu! ama, ezkondu
gazte geraden artean.
—Ene alaba, etzeukanagu
ardo-xortarik etxean...
—Maats-mordotxo bat bereizi nizun
maastia ondu zanean;
eun kantaro kendu nition
igurtzi-aldi batean.
—Ama, ezkondu! ama, ezkondu
gazte geraden artean.
Ene alaba, etzeukanagu
aragirikan etxean.
—Txantxangorri bat etor zitzaidan
josten ari nintzanean;
eun arroba kendu nition
igurtzi-aldi batean.
—Ama, ezkondu! ama, ezkondu
gazte geraden artean.
Ene alaba, etzeukanagu
zuritasunik etxean.
—Lio-izpi bat bereizi nizun
lioa ondu zanean;
eun larri ta azal kendu nition
igurtzi-aldi batean».
Bikoak egin-garai da... biotzen bat dar-dar,
berak nai luken maiteaz ote-duten uztar.
Gorritxo kezkati dago —begi biak baztar—,
batera jakin nai, ta bestera luza adar.
Laisterra asteko otsaren zai zuiñean bi mutil...
Uste-erdi bakar duena buru-loka dabil,
betilleak dar-dar eta bulartea pil-pil...
Era artantxe Gorritxo'k gogoa du zintzil.
Neskatxa tontor-garai bat dutela sail-buru,
bi aldeetatik kuxmuxa belarrira ba du.
Beren eskuinetik ara egiñez inguru,
Mikel Eleder'gana dira noizbait eldu.
«Gerrieder» sukaldean —ernerik belarri—;
amonarekin batean aski lanik ari.
Egun artan ardi zaarra dute egin aragi;
artaz egin diteke, bai, sorgin-afari.
Irri-karkara ba zuten emanik leloa,
aukeratuz bakoitzari bere kidekoa.
Ixillaldi osoa da andik urrengoa...
Ez dago lasa-lasa Gorri'ren kolkoa.
Ekaitza datorrelarik —eguerdia geldi—
belarri-ertzean dabil furrundakan euli...
Gorri'k inguruan suma zain gaiztoko berri;
leloa asi orduko, aize, ostots, arri.
«Larre berrian eperrak dira, pagadietan usoak...».
Neskatxa gazte pinpiriña da Garazi Errekaldekoa.
Orrek maite bat bear omen-du bera dan bezalakoa;
bera ona da ta obea luke Mikel Muno-Txikikoa.
Artzaia arnaska ardi-billa mendi-garaiean
noizean bein gelditzen da txintxarri-zurrean.
Biotzean pilpira ta ziztu belarrian
besterik ez entzuten ingurumarian.
Alako zirrara Gorri'k artu du bi bider.
Buru-begiak lurrera; zulorik ez da ager.
Goizeko abarkarena siñeskeri alper...
besteri diote eman aren Gerrieder.
Ezin asmatu du lotsa ankapean sartzen;
bi lagunek aiña lan du bakarrik egiten.
Leenengo siñiskeria ustel irten arren,
ba du beste bat ere auziaren azken.
Biko-egiten, aurrera bero diardute;
neskazar uste-galduak orain billa dute.
An danik iñor ez bedi uztarkide-gabe.
An asmatu guziak egi balirade!...
Artapillaren gaiñean dagoen saskira
usoak bezala artoak egan ari dira,
—sapaietik ain usu, ez dira atarira
alea sumaturik eskutikan irra—.
Saski-aldaketa ari dan mutil gizaixoa,
uso oriek orai-gero diote mokoa.
Saski beteaz pilla du bestea aiñakoa.
Au gelditzen da azkenik aiituz leenengoa.
Baztarrean ari dira iruzpalau andre,
arta-kordaketan ba da nai ainbat naigabe.
Artoak ega-lodisko lardaska ditute;
irugarren eskutzat ortza bear luke.
Orpo-gaiñean jarririk ipurdi-mazala,
—bat edo besterenean ezpalitz azala—
gerri-mako, lepa-kupi, minbera azkazala;
gero zutik jartzean txingurrika aztala.
Aien artean, Danbolin zaarraren emazte;
mihiz arrotuko ditu ango zaar ta gazte,
komeri zaar baten bidez emanik ikaste,
naiz beste bat asmatzen, zaar ta berri, naaste.
Ezker-eskua arek ere lotua luzeko,
irubiur egitean noizbein askatzeko;
aren sabeleko miña ez baitu aazteko;
amandreak ematen noizbait gonapeko.
Orduan korda lotzen du lastoz eta lezkaz
bekoki-erditik begi biak izartuaz.
Eztarria berotzen du ukondoa goraz:
irrintzi ta kantari asiko denboraz.
Amona, lastairendako orri bereiztera;
Garazi sutean utziz aldi bat atera.
Eskute bat arta-bizar du leenik aukera
gernua garbitzeko sendagai bedera.
Bazterrera lekutzen du gain-zurikin latza,
an ustez gordetzen baita lizunaren atsa:
«Alde —dio— lizunkeri, debruen kiratsa!
Emen etziten denak beza loa lasa».
Txurtenak orobat sartu dioke bildurra,
«izugarriak» an gorde oi, bait da susmurra.
Sarritan esan dun arren dirala gezurra,
aiza beintzat, mindu ez dezaten ezurra.
Bildur-ametsentzat ba du arao jakiña,
siñisten ez ba du ere aren indar ziña.
Siñiskerien gaiñetik kristauen dotriña.
Otoitz au da gauero isildu-eziña:
«Ene Ama Santa Ines, bart egin dut amets.
Bart egin badut gaiztoz, gaur egin zadan onez».
Larraiñean eguzkia balu biaramonez,
egurastu lezake txurikiña sardez.
Sukaldean da Garazi, ixildurik ago.
Sorgin-afaria dator geroz urbillago.
Biko-laguna nor dizun entzun du ta, an dago
Baztan-pertz ua baiño pozez gaiñezago.
Odolkia aaztu zulatzen, leertu zaio galtza;
osorik zegoan beintzat erdian buzkantza.
Bildur gorriz billatzean paparreko orratza,
beatza ziztatuta xurgatu beatza.
Orduan bai eder zala Mikel'en Garazi!
Txurikiña bereiztetik etorri da Amatxi,
ardiaren Baztan-pertza ote-dan egosi...
leertu zaien estea ez dezake josi.
Zubipeko sorgin-batzar-garai zan orduko;
iraulixe gau-erdia lana bukatzeko;
—izena «sorgin-afari» orregatik edo...—
Jan zuten, edan zuten; zenbat, nola, bego.
Afal-artean jo zuten kantatik ugari.
Dakiguna bakarrik, zan biotzetik larri.
Uitzi'ko ta Larraun'go gaitzizenen berri
etxez-etxe eman zuten, eman erriz-erri.
LECTIO EPISTOLAE LARRAUN'GO:
Aldatz,
ipurdi-latz.
Etxarri,
lepoa bete zintzarri.
Lekunberri,
zakur-erri.
Uitzi,
ez arto ta ez zitzi.
Gorriti,
ardoa darik begiti,
ardan-zopa sudurreti,
biba Gorriti!
Azpirotz,
elurra danean, aize otz;
eguzkia danean bero,
azpiroztarra beti ero.
Lezeta,
sardin-zarra erreta.
Albisu,
sasi-ardi betizu.
Errazkin,
deabru kazkin.
Baraibar,
laiñoa bar-bar.
Iribes,
geos eta bees.
Alli,
erre ta kiskailli.
Mugiro,
ez da an beti giro.
Arruitz,
gezur-itz.
Astiz,
ogi gutxi ta aur agitz.
Odorritz;
ez esne ta ez oritz.
Madotz,
ez saski ta ez agotz.
LECTIO EPISTOLAE UITZI'KO:
Zelatari, Txonkoeneko.
Pitxera Moxkolo, Joanteneko.
Mokordo polit, Buztineko.
Alkia bai ta ipurdirik ez, Joandineko.
Serbilleta zikin, Aizarreneko.
Mauka txar, Garatxoneko.
Krisaillu-mutur-zikin, Etxeberriko.
Ankamei lokaio, purrustari soraio, Loiteteko.
Dragon aundia, Txurdaneko.
Oskilla tente, Baztarrikako.
Artopil zabal, Errekaldeko.
Izbeste, loiez gaztanbera, Apezeneko.
Atorra lepo-zikin, Munoko.
Gazura berde, Perutxeneko.
Eztela-badela, Garazineko.
Illargi-zabal, Marieneko.
Tirrit, Etxetxikiko.
Tarrat, Etxeaundiko.
Zakurra bai ta ardirik ez, Legarreko.
Zatazar, Mikeleneko.
Asi ta pirris-purrust, Ubillosko.
Ezkilla jotzaille burutxuri, Joaneteko.
Labea bai ta ogirik ez, Goikoetxeko.
Andre gona-gorri, Martipereneko.
Andre gerri-eder, Otsanbelako.
Bi azken oriek dute «ederrez» izena
—Larraun-errian bakantxo arkituko dena—.
Bear bada aldatu zuten leenengo gaitzizena;
ederki dagokie orain deriztena.
Mikela Otsanbelako bai Andre zabala!
—bete dezakenik ez da ark utzi zun itzala—.
Maisuari agin zion erakus nindezala...
Jaunak oinbestegatik zeruan dezala.
Beste Epistola ba dute —onekin azkenak—
gizonen gaitzizenik ez; bai, orde, neskenak.
Arta-zuriketakoan asma ziran denak.
Gezur diran eztakit; or bakoitzarenak:
«Mami-jaleak dira Errazkingoak.
Zapata orpo-makurrak, Albisukoak.
Gazurontzi zikiñak, Baraibarkoak.
Sardiña-jantzaleak, Iribaskoak.
Saskigille-kumeak dira Allikoak.
Baba-txior-jaleak dira Aztizkoak.
Beti enbotto dira Oderizkoak.
Gona nabartxoakin or Madozkoak.
Neskatxa beltxeranak or Mugirokoak.
Oei dagozkienak or Arruitzkoak.
Galtza-gorriak dira Aldazkoak.
Gona petral-luzeak, Etxarrikoak.
Neskatxa luzituak, Lekunberrikoak.
Titi-aundiak dira Uitzikoak.
Beti amorez daude Gorritikoak.
Beti-alargun dira Azpirozkoak.
Lezaetan dago kaxkail-erria.
Antxen akabatzen da kanta guzia».
Errando egitekoan langilleai laister
danbolin-atxoak die erainen par eder.
Alabarekin komeri bitxi au dula ager,
batzuek bildur dira egin dezaten leer.
Andre urragarria mozorroz bete-ta,
alaba saski gaiñean eseri iraul-eta,
batzuen irri-karkara, besteen kux-muxketa,
onelatsu jalki zan bien berriketa:
—Aurten ba diñagu arto,
alaba Katalin;
ekarko jaki goxo ta
ttantta bizia arekin.
—Ama, nere soiñekoa
aipatzea aaztu zaizu;
ainbat aldiz agindu ta
zarpil bearko nauzu.
—Denetarako ta gaiñez
Jainkoak eman zigun;
pinpirin jantziko aunat
oialik balitz iñun.
—Nere kideko guziek
arki dute senargai;
lagunen artean lotsaz
ez dut nik agertu nai.
—Oraingoan, alabatxo,
zalduna agertuko zain,
leen eta gurasoak ere
ongi bizitzeko lain.
—Igaz orixe zenion;
alperrik itxaron dut;
leengo lepotik burua
datorren urtean zuk.
—Naiko txurikiña ba dun
lastairak betetzeko;
lioa ere ugari
zuritasun-eiteko.
—Zer alderdi dago oiekin?
etorri ta ala joan.
Bildur naiz, laister diraden
ardandegi-zokoan.
—Katalin, noiz ikusi naun
ardandegi-bidean?
Ama, leengoan azkena
leen-artoa igartzean.
Amar artaburu aiek
eldu baiño leenago
ekar ziñuzen etxera,
nik ba dakit zertako.
Aien muturra urratzean,
leertu zitzaizun irri.
Alabaren aurpegia
ez baita ain alaigarri.
Orritxoak eraztean,
egin zenien maite;
neskaren tontorrarentzat
alakorik ez daite.
Elkarrekin kordatuta
ertokian zintzilik;
ekeak beztu baiño leen
alde egin zuten andik.
Jalkitzen ari ziñala
oartu nintzaizun ni,
gordeka begira zinun
goragoko leioti.
Ankak arin joan ziñan
Txonko'ren tabernara,
ekaitzean oillorik ez
aen arin kotara.
Arakoan ipur-lodi,
onakoan sabela;
norbaitek esan zezaken
amon au aurdun zela.
Gelan sartu ziñan gero
berotuaz zintzurra;
oia bertan zegoen ta an
egos zinun moskorra.
—Ixil ago, lotsagabe;
ez esan olakorik.
Oinbesteneko moskorra
noiz atxitu diñat nik?
Iñoiz bai lagun-artean
bertsotako birbiztu;
tartean oiu ta irrintzi
egin, ez den pekatu.
Umore onak ez aal din
arto ta urre balio?
Dagon artean edagun
maats onaren jario.
—Ori duzu buruzpide:
«Dagon artean bon-bon,
esaera dan bezala;
ez dagonean egon».
Orrela beti daiteke
arlote gure etxea,
zikiña, atza, zolda, partza,
ta beste jendaki txeea.
Oraino okerrago dana,
bazter guzitan zorra;
tabernan ere baituran
senarraren atorra.
—Noiz ikusi dun etxean
zorririk eta partzik?
—Aldegiñak oek ere
edari-kiratsetik.
—Ixil adi, mutur-gaizto;
non entzun den izketa au?
—Asarre zeratenean,
aitak esaten dizu.
Erratza artuta asten zaio il bear dula bertan,
albotik eltzen diote tanta bat artu dezan.
Beraalaxe sortu zaio tantaren eztula;
beste bat edan eta aldegiñen dula.
Irrara-deia. Danbolin-andere ta senarra,
bata soiñu-jotzera, bestea dantzara.
Arta-pil txuri inguruan alkiak illara,
bata besteaangandik aski tarte dala.
Esia gainbiurrituz utsartez-utsarte,
sugea belar-tartean bezala ari dire.
Ez da ala, baiñan, oi danez soiñu-dantza naaste
iru puntuko dantza tajuz daramate.
«Neure senar tontozko
arto-jale aundizko;
zazpi talo bear ditu
otorduan jateko.
—Neure emazte belendin,
kata-usaia deragin,
ortzak galdu ditun eta
ire pertzak egin din.
—Neure senar baldarko
laister ez da deustako;
alorrean landa zagun
txoriak aizatzeko.
Neure emazte ankarin,
ttotta non dan ba dakin.
Bi begi gorri oiekin
deabrua dirudin.
—Zu senar, ni emazte;
elkarrekin il arte;
dantzan autsak arrotzeko
oraindi naiko gazte.
Txingo, txango, rai ta rau,
umore ona duk au!
iraun beza gaur ta biar,
iraun egun eta gau».
Bikotan aukeratuak dantzan elkarrekin;
batean baiño geiagotan kantak ez du utsegin.
Ez badute lotu norbait nai lukenarekin,
urren-artazuritzetan kenduko bere min.
|