X. ARTAJORRA
Azaren orria asi baratzan leguntzen,
arrak zain eta zulo ziriztu baitzuten.
Ardi-baresarea ark jator iduritzen,
—amonak baitarabil odolkia biltzen.
Ertzeko orriak oro erori, naiz kendu,
ondoaren erditi ninikoa agertu.
Nork uste egun laburrez zedin burubildu?
Galdu-ustean erauzi zitunak, damu du.
Artoak zuri-gorri egonik luzaro,
beltz-urdin biurtzeko oraindik urtaro.
Donianek emanez doaiak oparo,
bere goizean ditu pizberrituko oro.
Izpi-muturra gorri dadukan garia
goiz artan izanen da erdoiz erantzia.
Gizonak gorputzean duken ezkabia,
intzetan iraul-aala, gelditzen garbia.
Belar orok usai du Doniane-goizez;
artoa azi daroa begien oarrez.
Zugatz-ostoa ari da zeruei eskerrez;
ardi, bei eta beor, bizkor dira larrez.
Doniane-bezperan errian etxerik
ez zan, leenengo jorra bukatzen eztzunik.
Lan geiegiz bat beste bazegon esturik,
arengana jo oi zuten orok bat egiñik.
Ez zan, orain adinbat gorroto ta marmar:
gazte, naiz ezkonduek artzen zuten elkar.
Aitzurra dantza-artean, ipui lelo ta par;
aiek bukatzeneko, dator illunabar.
Gerriek pakerik ez, mingaiña lanetan,
alorra aiñako sailla deramate betan;
zertan neke geiago? jorratzen? izketan?...
Nekerik suma bage, an dira zakenetan.
Saillean jartzen dira kidea kideekin;
Mikel Eleder bere Gerriederrekin.
Noizik-bein begiratu, noizik-bein itzegin,
aien koska, ala ere, iñork ezin berdin.
Atsaldean itzala, mendien erraiñu;
galdorrik garaienak urratsa aurrera du.
Ala gure gazteook beren lana azaldu,
aldiz-aldi emanez eskuari listu.
Koska aren babesean alditxo bat zutik,
iñork ez die esaten esan ua atzetik.
Atzena doanari auxe diote: —«Ez dik
bear tenk egoteko zeruak aberik».
Ekiñaren ekiñez aitzurren elkar jo,
saria galtzen dala esan zaarrak balio.
Gaur egun-saririk ez, laguntzak balio.
Doniani denentzat sari on dario.
Orok egiten dute lan egiñaalean:
iñork ez nai gelditu bi kosken artean.
Koskak, elkar billatuz, ertsi diranean,
atzenari diote: «auntza baratzean».
Saillean ari zaie Katalin Sutegi:
sorgin biru ote-dan norbait bildurregi.
Agopetik esana gerta balaite egi,
Doniane-goizean galduko du begi.
«Ote-dan, omen-dala», gauza jakiñik ez;
Elizari iru bira zitiola gauez.
Azkeneko birundan, sorgiñek dutenez,
Ekelarre-mendira eraman, esanez:
«Eguna argizkoentzat, gaua gautarrentzat;
Sutegi'ko Katalin gaurgero guretzat».
Odeietan ikusi ote-zuten noizbait...
Biaramon goizean agertuko zerbait.
Aren aurtzai izanak dio maiz auzoan
neskak orein bat dula besape-txokoan...
Ortaz ez daitekela trebe sorgingoan.
Alaare, naiko bildur neskaren alboan.
Arako larunbatez sortu-ekaitzean,
iñork ikus ez omen ostiral-gauean.
Gau artan Akelarren bildu zitekean
Mari Muirokorekin sorgin-batzarrean.
Orraztokiren bat du saklean gordetzen;
arek edozein andre omen-du sorgintzen.
An iduki ezkero, —ipuinak esaten—
leen izan-tokitara bet-betan aldatzen.
Kezkarik aski dire Katalin'ek eman;
burua jaso bage ari da, lan ta lan,
besteen erdi-kide solas eta kantan;
nork igarri lioke sorgin beltz ote-dan?
Aren aurrean, ezin aipa zenbait kontu;
beldur dira, sorgiñei detzala salatu.
Gauaz sutean ezin mintza txutxu-mutxu;
laratzaren kedarra irakurtzen baitu.
Bestela, neska arrunta: jan, lan eta mintzo,
errikoen aurrean agertzen da zintzo.
Elizan makurtzen da aingeruak antzo;
Apaizak, alaare, eztu siñestatzen oso.
Batek asi du kanta, lanak arintzeko,
naiz Katalin Sutegi begiz aztertzeko,
naiz, sorgiña aipatuaz, lotsak emateko...
Aundigorik bear da ua gorritzeko.
«San Joan! San Joan!
ez dut besterik gogoan,
arraultze bi kolkoan,
beste bi altzoan...
Lapurrak erre! Sorgiñak erre!
arto ta gariak gorde!».
«San Joan, Soan Joan eldu da;
sorgin-begia galdu da.
Galdua ba-da, gal bedi,
Sekulan agertu ez baledi!»
Aurpegia alda bage, entzun du leloa;
berak, lotsa bagerik, asi du urrengoa:
zenbat neke-kezkaren seme dan taloa;
beste gauz oetatik aldenduz gogoa.
ARTOAREN NEKEA
«Arto-lanaren nekea
entzuten asi zaitea:
babekin baten ori izan oi-da
gure bazkari-legea.
Orrek iltzen du Euskalerriko
nekazarien gosea.
Taloa talo-burnira,
babak eltzera noiz dira?
Jaten asi-ta... egosi bage.
Urte guziko balira!...
Ukullukoak egon bearko
maiz aski pentsu-erdira.
Erositako aletik
bein ere ez irabazirik
bei-aratxeek egin-dirua
zatitu bear erditik,
erostetxean, alare, ez balu
gelditu bear osorik.
Laiez iraultzen da lurra;
ereiten artoa purra;
bele, zozo ta iskiñasoek
an dute moko lapurra.
Ezagu dute mugan dagoen
mozorroaren gezurra.
An-emenka soik da arloa,
jaio bagerik artoa.
Babarrun gorriz utsak ornitzen
amonak ba du gogoa.
Lupekoentzat, aletan, beintzat,
ez da janari goxoa.
Ostotan ba du eskea,
naiz iguin duten alea;
beste belarki denak utzita
ontara dator barea.
Gizonarentzat eltzaritako
ba dizu nunbait atsea.
Artook ba dakar indarra,
alboan bizkor belarra.
Muri ta lapaitz-orde balekar
axaleko sapelarra,
zurtena mardul, erroa barne,
edatu leza aztaparra.
Eskua artorik ur-urra;
araxegotik aitzurra:
gerria zenbat makurrago dan,
emankorrago da lurra.
Langilleari eskatzen dio
lurrak otoitz eta agurra.
Jorra bat eta jorra bi,
lurra garbitu baledi;
artoak lurra estal duneko,
belarrak bil dio gerri;
artan ogea egingo dute
moxorro, satagin, erbi.
Bere garaiz ba dakarra
buruz batean bizarra.
Ale bakoitzak izpi bat gora,
denen artean kalparra;
urre gorrizko motots ezea,
landaren goizeko parra.
Gau artan ego-aizea,
baztarrean jaun ta jabea,
aiton zaarraren txima biurtuz
atzoko bizar gaztea;
burua esne daiten baño leen,
zimurtzen dio alea.
Amona babarrunetan
zokoka asi da goizetan;
zoko guziak ezagun ditu
erabilliz lau aldetan.
Eltze beteren itxaropenik
ez du biltzen artartetan.
Aizeak barka duana,
izotzak duke erasana.
Ale ta lasto, onduak ditu
denbora bailitz igana:
ainbeste etsairen mendean dago
nekazariaren jana.
Urte on dalarik ere,
aurrera dira ainbat jale;
etxe-ondoan oilloa mokoz,
etxetik urruti bele;
ezkur-aurretik ezkur gorria
jaten asi da basurde.
Azturik inork ez dauka...
errotariaren laka.
Urde gizenak arka azi ditu
urte guziz oartzaka;
kurruska andigoz ei-baztarrean,
gureak meeago kaka.
Aitonak amets guzia,
gertu leen-eiotaldia.
Labean igar, sutean jalki,
—itzarpean su-burnia—...
Ainbat arretaz eiara-arriak
emanen talo guria.
Etxean balitz eztirik
edota sardiña zaaraik,
aundienetik txikienera
listua dario ortzitik.
Taloa lagun, mork egin, aiek
bezain otordu goxorik?
Txigortzen danean zitzi,
zartai-barrenak igurtzi;
koipe naiz ezti, beatza atzetik
xurgatu gabe ezin utzi.
Nekazariak beste langillek
aamen au ez du merezi.
Ale zalarik, xulora,
talo egiñik, agora;
bitarte ontan zenbat alditan
biotza jaso du gora...
Istori dena jalkia dizut
aurrenez azkenekora».
Urrena, agotan dute nekazariena,
—ezin obeki ipini «nekazari» izena,
au baita neke geien egiten duena;
alaare esker-gaizto ta guzien azkena—.
LABORARI GAIXUA
Oi laborari gaxua!
Ihauk jaten dük arthua:
ogi eta ardu eraikitzen, auherren asetzekua:
halere hañ haie, nula artzañak otsua.
Artzaña bada beztitzen,
josler deie gomendatzen
zaragollen gibel-aldia oihal hobez egin dezen.
Halere higatüren, dila aitzinia beno lehen.
Dendarik berant agertzen,
arratsen goizik ützültzen;
eta mündiaren jorratzen arte hartan abüsatzen.
Ezpeitie jaten diena hüllantzeko irabazten.
Egün ürüliak oro
idorrian nahiago.
Hanitx lan agertü beharrez, hari oro txori lepho;
hallikatzen balinbadüzü, zehian lau oropilo.
Ehülia hari galtho,
ukhenik ere han franko;
undar harien ebatsi nahiz, oihal üzten zerratzeko,
hariak gaxto zütiala fornizaliri erraiteko.
Harri'giliren adreta,
harek ba daki zer phentsa:
gaxki egin eta erdiruak lohiz thapa!
Etxia lurtatü denian, harrien gaxtuak falta.
Benüser-maiastüriak
oi! lan güti egiliak!
Dena gaxki egin eta zurak dü estaküria!
Phasta zela adarrondotsü edo beta-bühürria!
Eskalanpu egiliak
ebasten tü materiak.
Zazpia sos balio dina saltzen beitü hamabia:
ostatin edan saria eta etxen gosez familia.
Biñer batek bestiari
estakürü eman nahi.
Zuñi bere kopadüra hobe betzaio üdüri:
aihen gabe nahi datinak hura beza üsü berri.
Ohi taharnari fidela!
jüje ezpalitz igela!
Arrañuak jakile har eta hek hintzakie kundena,
haien etxe lejitimua guri saltzen deikiala.
Errijent bat bada hiltzen,
hark eztü prozesik üzten;
huntarzünak baitütü harek heñ hun batetan ezarten:
züntzürrein kuntrola eta phantxollin ipotekatzen.
Jaun aphezek edsortatzen
karitate egin dezen.
Berek, aldiz, phakatü gabe hitz bat eztie erraiten;
herriko praubik gosez eta haien ürhik erdollatzen.
Ilhaginak aberasten:
arimak hañ untsa galtzen.
Phezian eta khuntietan zer eztie hek ebasten?
Haiekila behar düke Jinkuak aizina astia ükhen.
Kinkillari suñ hütsak
borthaz bortha dabiltza.
Haien prenda ordinaria ixkilinb'era ligeta!
Astin emazter ebatsiak igantian gero jokha.
Oihan-zañak eta guardak
kintzentziazko gizunak!
Xakolak bazaitze fartzitzen, ihesiren tie postak:
lagüner har-eraziren bardin gaizo sinheskorrak!
Sarjanten golde-nabarrak
dirade gizon okherrak.
Haien egitekuetarik egiten dira «Amerikak»;
aisa pergüt izanen dira haier behatzen direnak.
Sarjant eta notariak
oi! arnes nesesariak!
Hain elhe ülhün gezürrek nahasten gaiza txipiak:
ezta lagün segürragorik bertan hüsteko etxiak!
Sail bat eraman beera;urrena bestea;
gorritzen dute, musker zegoen larrea.
Eguzkiak, ergainduz lana du betea;
artoek, indartzeko ba dute bidea.
BOSTETAKO ASKARIA
Bostak: atsal-askari egiteko oitura
Gurutz Maiatzekotik Gurutz Urrikora.
Aitzurrak zutik utzi, buru begi gora,
eseritzera doaz azpiko muñora.
Landan, an-emen, ba da mordoka jorrari,
atorra garbi eta buru-zapi zuri.
Eguzki bero ondoan gozo jaus dan euri
zizetan biurtua, dezaket iduri.
Urdai gazia ba da oraindik etxean,
amonak artarako ondua kutxean.
Ogi zuria ba zan, okiñarenean,
diru-truk ekarria; ez bakan, taiean.
Ango gari-ondarrak, apezarenean
Igande ta Astelenez, animen onean.
Txaal gizena aterako duten egunean,
koska berdin daiteke; baita ardan-etxean.
Gogora dakarte ere nagusi arena,
ta morroi burudunak erantzun ziona.
Aro ontan ipui au da Ederko'k diona;
ark esanera jakin nai baduzu, onaa:
«Zelaieko jendeak ordua zanean,
atsaldeko-gitera eseriak ziran.
Nagusi-morroi batzuk oraindik lanean,
zerbait ematen zuten, ta jakirik ez an.
Nagusi arek lotsaz dio morroiari:
«Gu biook ere deiñuz gaitezen eseri;
uste beze gu ere jaten garala ari»...
Orduan bai zirala listutan ugari!
Eskuak agora ta ukoandoa jaso,
okotzai-eragin ta pitxarrai eraso,
(iturri gorri ordez, ua zan itsaso!):
morroiak etzedukan begia argi oso.
Bi bekaiñen artean, zerbait ba zebillan:
asmatzen aal du nola nagusia atzeman.
Jorran aiña keiñuka asperttutakoan,
jeki ta asi dituzu, ez bero, arloan.
Pello'k aitzurra dabil begirapen bage,
epurditik erauziz an diran landare
Nagusiak, oartuz, dio: «Zer arrane!»
Pello'k: «Jorra dugula uste dezakete».
Olakorik bein ere ez dakion gerta,
nagusi txirtxillenak ba du zeri ozka.
Zaatoko beltz artatik noizean bein kurka,
iturriko zuritik naiz izan lau xorta.
Indarrak berrituta itzala baiño leen
arto-ondarra leenengoz jorratua zuten.
Afari-aurretik, nor bere etxera zuzen:
istillua ba dute San Joan sua gaitzen.
Etxera doazela, laguna lagunaz,
itza berritzen dute artaz eta ontaz.
Mikel eta Garazik sorgin ote-danaz.
Jakitez urbil dago: egun biamonaz.
Mikel'ek: —«Mingarri da, Sutegi-Katalin,
ain neska polit ori, gerta dedin sorgin,
—ark Garazi maiz baitu deitzen itz orrekin—
ta zaartzen asterako biur debru zikin».
—«Ikus bide-diote sorgin-orraztoki:
ala mintza da, beintzat, auzoko Mañazi,
—dio neskak—; ez ote-zan sorgin-buxtarri?»
Mutillak: —«Auzo orrek zer dion eztaki».
«Bein batean neronek artu nizun estu,
olakorik bazanik zezakala aitortu.
Dirdai egin ziola ta artaz lilluratu.
Ote-zan... berekiko zuela pentsatu».
«Betiko "omen", "ote"ak... Ez dut ukatzen nik
izena duen oro zerbait ere ez danik.
Baiña, mundu onetan balitza sorgiñik,
sorgin zoragarria zu zaitut iñondik».
G. «—Bataioan "Credo"a oker esan eta,
besotako gaisoa sorgintzen omen-da.
M. —Aren amabitxia dan mingain-zorrotza,
nabartxo, garbituko zun iñolaz itza».
G. «—Jendeak dionean, ez ote-da zerbait?
Burutapen au neri ezin itzali zait.
M. —Oil itzazu burutik bildur oiek, aalbait:
ez aal-zan sorginduko Katalin, baldinbait».
«Kontu ook utzi eta dezagun lasai lo;
ez naiz ni gauerdian jekiko geiago.
Bein meki nintzan, ustez zerbait ikusteko;
gogoa galdu nizun berriz jekitzeko».
—«Zer bada?». —«Zuri-zuri, etorri ta joan,
atorrutsik zebillan Ilargun'go landan.
Beste munduko bailitz, arrituko ziñan.
Gero... larru gorririk irauliz intzetan.
»Egoten naiz atakan, egun-txintaren zai,
sarnadun ua nor zan ezagun egin nai.
Nor, ta Matxin Erreka, landaren irurai.
Oraindik or du sarna aurpegian etsai.
»Gaurko su-garra aski dut erditikan jauzi,
gorputz ta anima nazan Donianek garbi.
Intz otzez ase bitez belar, arto, gari;
sorgiñik balin bada, galdu beza begi».
DONIANE GAUA
Mutillek eman dute mendian atsalde,
arba, añar, arantz, ote, sugaiaren eske.
Aien poza nork esan, eskolarik bage?
Urtean geixaagotan balitz Doniane!
Atari bakoitzean, gora da txondarra;
mutillak an daude, noiz agertuko garra.
Amonak ekarri du sutetik txinarra;
beela, su ta gar dago erregai igarra.
Galda jeki da bizi, atalburuaz gain;
ez dago oraindik iñork igarotzeko lain.
Indarrik aundiena ematuxe bezain
usu, mutil larriak jaso du aztal-zain.
Mutil ezin-egonek, urreneko jauzi;
ez dute nekatzeko aski bat eta bi.
Galda apaltzen danean, damu-damuz utzi
baztarrean begira dagon amonari.
Eskuz gona jaso du suaren ertzetik,
erdi-isilleko otoitza jalkiz ezpaiñetik,
denen alaigarri, ta ez bera goibelik,
bildu ditun txingarrak ezin itzalirik.
Mutil-sail batek, ba du arazo larria:
arazen du, jarioa zedukan zagia;
ardorik ezin eden, pikez itsatsia,
sorgin igartuaren iduri bizia.
Sabel zimur artatik, sarturik makilla,
—ez diote zulatu, nai orduko, zilla—
mutur banetatikan dabilte zintzilla:
sorgiñik bizi balitz, usu daiten illa.
Donianeren txondar batean izeki;
sorgin beltzak, alaare, ez egin nai argi.
Erre-aala pusketan naigo du erori;
pike-tanta pizua an-emendik dari.
Sorgiñaren odolez jarioko pertza,
biamonez bideetan nonai tanta beltza.
«Sorgiñak erre» esanez, aurrak ez dire ertsa;
gaur bide-dugu sorgin denen eriotza.
Zagia puska-puskaz, eldu da azkenera;
suak jota makilla erditik eten da.
Oraindik dan larrua jausi da lurrera.
Bizi diran sorgiñek deia Akelarrera.
San Joanen bildotsak demaien bildurrez,
lagun beltzen illetan diote negarrez,
—negar-marraska-antzean, ez ote-gezurrez?—
Itzak naaspillatuaz griego ta latiñez:
«Agnôn psychas nepiôn tragô ethysamen.
Abrenuntiamus hirco, Agnum fassae infantem.
Parce peccatis nostris propter tuum sanguinem.
Per saeculorum saecula, tuae sumus. Amen».
Bertso biz besteek, ikus zer esan nai duten:
«Akerra ukatzen dugu, Bildots Aurra aitortzen;
barkatu gure zorrak zure odolarren.
Mende guzien mendez ire gaituk. Amen».
Artean Sutegi'ko Katalin'ek jauzi:
ez du bere burua su-mendean utzi.
Ez da galduko ontatik sorgin beltzen azi.
Aralar'en aurka da Akelarre naasi.
Afariz bildu dira Garazirenera,
berant-axuriaren exur-bereiztera.
Txilindroi egiteko neskak du tankera;
denek aipatzen dute daukan agoera.
Afal-artean dute ori ta au agotan,
bat edo bat gau-erdiz landarako ote-dan.
Izar dago zerua lau aizi-egietan;
belar gariak asi dira ausarki intzetan.
Afal-ondoan, berriz, artajorra-dantza...
jorraren bukaera ospatzekoz, antza.
Sabelean eioko da txaro buzkantza,
bertan asten es bada burruketan saltsa.
Mutillek eske txekal, makilla luzeekin:
ez dute eskatzez aski Olentzaro'rekin.
Zerri il-berririk ez, ta lukainkarik ezin;
arraultzak bilduz geroz, pozik dira aiekin.
Eleder neskarekin egon nai bakarrik,
baiña bereizi bear, bientzat damurik.
Mutil-nagusi zala leen gaude jakiñik,
eta leen-kopla astera jun bear zintzorik.
Leenen-belarra sarri ebakitzeko gai:
orduun mintza diteke euntzetan zenbat-nai.
Elkarri begiratuz, bi begiek dir-dai,
Urrena arte diote asti geigoren zai.
Doniane-goizean erne daude begiz
Katalin'ek berea galdurek ote egiz.
Uste zuten jun zala Akelar'a mendiz;
lapur-Mezan zioten biek eiten diz-diz.
Ateen bi aldetan jartzen dute elorri,
—bedeikatua dala digute erakutsi—
oiñazturik ez daiten udaran erori.
«Elorri bedeikatu»-k mugan du Gorriti.
Bedeikatu ditute gurutzak Mezetan,
ostots-aruka jartzeko alorren mugetan.
Aitonak asi dira dirunda landetan,
uzta alaiak ikusiz begi-ninietan.
Beela bigarren jorra; urrena belarra;
euriz, intzaz, eguzkiz, ba dakar indarra.
Neguuk, legorteek, ez baleza luza adarra,
ganbaran gaiñez daite leen-urteko zaarra.
|