www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biotz-begietan
Xabier Lizardi
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

PARISKO TXOLARREA

 

Txalarretxo, txolarre,

Paris-erdikoa:

Bourse'ko iskanbilla

(gizon zoro batzarre)

ez ote naikoa

i izutzeko, axolakabe biribilla?

 

Farol itzali baten

txapel-gaillurrera

etorri aiz xuxen

apur ostu bat yaten:

batetik bestera,

txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.

 

Salto banakin, begi

ernaiak lurrera:

ez aiz i makala:

begiraldi luzeegi

gabe, baátor beera:

ez, alearen ordez, yasotzera azala.

 

Kafetxean bainago

astiaren yabe,

zer egin oberik,

(ezer ez gogarago)

muiñak urtu gabe,

zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?

 

Leioak lauso dira,

eguraldiaren

antzo. Barrenean,

giroaren arira,

loxustak egiten

morroi mantal-zuriak daude bazterrean.

 

Begira, beetik gora,

berriz txolarrea.

Keiñuka begiak,

irentsi du, gerora

luzatzeka, alea.

Esku —(?)— peko guri bat boteaz... an'tziak!

 

Paris'ko txolarrea:

zertan aiz berezi

nere erriko batez?

Azalez, soin-arrea;

barrenez, biurri;

kideago zaitezten... eztakik prantzesez!

 

Kanpantorre xaarrean

bata bezin lasai,

bestea da maiztar

Tuileri goitarrean.

Egingo nuke, bai,

angoa lotsa ezetz onuntza banekar.

 

Nun-naitar izan-miñez,

ostera, gizona

bai txori baldarra!

Alegiñak egiñez

bebil andik onaa:

etxez kanpora beti duk baserritarra.

 

Labur: nere burua

Paris'en ikusiz

ain lotu ta arlote,

otoi nizun zerua,

zeatz adiraziz

gizon baiño naiago nukela txolarre.

 

1930

 

aurrekoa hurrengoa