www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso guztiak
Bilintx
(-1876)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bilintx. Indalecio Bizkarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak, Bilintx (Antonio Zavalaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1978

 

aurrekoa hurrengoa

Potajiarena

 

          1

Egunaren izena

ez dakit nola zan,

baño señalagarri

partidu bat bazan,

pelotan jokatzeko

Oiartzun'go plazan;

nai det nere orduko

gertaera esan,

urrenguan beste bat

eskarmenta dezan.

 

          2

Partiduba jokatzez

bukatu zanian,

ostatura juan nintzan

zuzen-zuzenian;

maiera jana ekartzen

asi ziranian,

apaiz bat serbitzen zan

aurren-aurrenian,

makiña bat sartu zan

arren barrenian.

 

          3

Zintzur ona zubela

klaro siñaliak

eman zituen apaiz

barbantzu zaliak;

dozenaka tragatzen

zituen aliak,

maskatu ere gabe

tripazai jaliak,

alako aixa nola

antxua baliak.

 

          4

Tragatutzen zituen

igar da eziak,

etziran aren diña

zetozen klasiak;

ekarri orduko zeuzkan

tripara pasiak

kortesia gabeko

txapela guziak;

arrek naikua jan ta

ni berriz gosiak.

 

          5

Nere ditxa guziak

badute ajia,

noski naiz Jaungoikoak

aztutzat lajia;

gosiak egin nuben

ango biajia,

kulpa duenarentzat

daukat korajia,

apaiz batek jan zuben

nere potajia.

 

          6

Geroztik ostatuan

sartu ordurako,

galdia egin bage

ez det nik lajako

egun artan apaizik

ote dan arako;

ez apaiz jaun guziyak

igual diralako,

baizik batek bildurra

sartu ziralako.

 

aurrekoa hurrengoa